Ura jaten
Ura jaten
Maddi Goikoetxea Juanena
Azaleko irudia: Sara Galan Alonso
Diseinua: Metrokoadroka
2023, antzerkia
246 orrialde
978-84-19570-07-9
Maddi Goikoetxea Juanena
1994, Donostia
 
 

 

Sarrera gisa

 

Maddi Goikoetxea Juanena

 

      2021eko urtarril eta otsail bitartean, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen (ehaze) ekimenez, euskal antzerki eskolen inguruko ikerketa bat burutu nuen, euskarazko antzerki formakuntza eskaintzen zuten eskolak identifikatu eta datu horiekin direktorio bat osatzeko asmoz. Elkarteko lan-ildo edo ardatzei jarraiki, proiektu horrek antzerkia ezagutzera ematea, hura zaintzea eta antzerkizaleak saretzea izan zuen xede.

      Euskal antzerki eskolen direktorioak Euskal Herri osoko hogeita hemezortzi kultur eragile bildu zituen guztira: eskola “formalek” ez ezik antzerki konpainiek, sorguneek edota irakasle autonomoek hartu zuten parte, esperientzia eta ibilbide ezberdinen jabe guztiak. Galdetegi baten bitartez bakoitzaren egoeraren inguruko datu orokorrak jaso nituen. Haien arteko aniztasuna agerikoa izanik, atentzioa deitu zidaten —kasuan kasuko ezaugarriak alde batera utzita— elkarrekin konpartitzen zituzten zailtasunek. Alor horretan, denek antzeko gauzak errepikatzen baitzituzten.

      Hasteko eta behin, dirulaguntza publikoei dagokienez, parte hartzaile gehienek (% 77k) laguntzaren bat jasotzen zuten; jasotzen ez zutenen artean, batzuek (% 5,7k) eskatu izan zituzten noizbait. Laguntza horiek eskasak zirela azpimarratzen zuten askok, ez zirela nahikoa duin lan egiteko eta nekagarria zela urtero horiek eskatzen ibiltzea, ziurgabetasun edo ezegonkortasun egoera batean mantentzen zituelako. Administrazioak laguntza horiek kudeatzeko modua ere kritikatzen zuten. Bestetik, gehienek ez zuten lanerako espazio egokirik, eta oztopoak topatzen zituzten espazio publikoetarako sarbidean. Antzerki konpainia batzuek, berriz, haien herrietan egoiliar izateko eskubidea aldarrikatzen zuten, eta hori bermatu ezinik zebiltzan. Zentzu legal batean, antzerki arloan ez da hitzarmenik existitzen. Hortaz, ez dago lan-baldintzak ezartzen dituen erreferentziarik. Azkenik, ikerketa egin nuen momentuan pandemiaren eragina oraindik ere agerikoa zen: antzerki eskoletan ikasleak asko gutxitu ziren eta, zenbait kasutan, ezin izan zen talderik sortu. Egoera horren aurrean antzerki eskolek ez zuten inolako laguntzarik jaso.

      Jakina da antzerkiarena sektore prekario bat dela, beste sektore asko bezala. Denok entzun izan dugu ez dela erraza antzerkitik bizi ahal izatea eta zu, irakurle, mundu honetan bazabiltza, seguruena antzeko esperientzia propioak biziko zenituen. Ikerketa egin bitartean neure buruari etengabe galdetu nion: zergatik oztopo hauek?

      Batzuetan prekaritate hori berezkotzat ematen den sentsazioa daukat, zerutik erori izan balitzaigu bezala: alegia, ez dela egoerarik idealena, baina “hala dela” barneratua dugula. Egia esan, ekonomiaz ezer gutxi dakit. Nik, antzerkiaz gain, Gizarte Antropologia ikasi nuen eta, seguruena, nire galderek horregatik heltzen diote etengabe beste ikuspuntu baten beharrari. Nire joera existitzen den giza fenomeno oro guk, gizakiok, sortua dela pentsatzea da. Eta sortua den heinean, eraldagarria dela. Hori dela eta, antzerkiaren kasuan susmoa daukat bizi garen gizarteak ez diola balio edo garrantzi handirik aitortzen, eta horrexegatik dagoela egoera pobretu batean. Aditzak ondo adierazten du: “pobretua”, eta ez berez “pobrea”. Niri diziplina artistiko bezala zinez aberatsa iruditzen zait, ongizate indibidual eta sozialean eragin nabarmena duena; baina, beharbada, gure gizartean balio eta lehentasunen bigarren, hirugarren edo laugarren maila batean dago. Kultura, oro har, dagoen bezala. Beste modu batean esanda, ez du “prestigio sozialik”. Deskonexio moduko bat dagoen sentsazioa nagusitu zait, funtsean: kulturari titularrak aitortzen zaizkio, baina nork daki nola funtzionatzen duen benetan kulturak, zer behar dituen eta jendartean zer behar asetzen dituen? Ez ote zaio bizirautearren ogi beharrean denari ura ematen jateko, gose dela ulertu beharrean egarriz dela pentsatuta? Ez ote diote sortzaileek berauek ura ematen jateko bere buruari, gurpil zoroa bilakatu den kulturaren eta jendartearen arteko deskonexio horretan?

      Funtsean, nire hipotesia ondorengoa da: “Antzerkiak prestigio sozialik ez duen artean, prekaritatera kondenatuta dago”.

      Hipotesi hori baieztatu edo ukatzeko, eta batez ere, gai honen bueltan hausnartu eta gehiago jakiteko helburuarekin, direktorioan parte hartu zuten hamahiru eragile elkarrizketatu ditut. Jakin badakit egindako aukeraketa, ezinbestean, hankamotz geratuko dela, orrialde hauetatik at asko dela galdetu, elkarrizketatu, kontrastatu gabe geratuko dena. Horregatik liburu hau balizko eztabaida sozialean pauso bat izatea nahiko nuke, ekarpen bat, erretratu total bat baino gehiago. Bertako elkarrizketatu askok esperientzia pilatu dute, modu batean edo bestean, sorkuntzan edo sorkuntzaren hedapenean, eta momentu jakin batean hezkuntzarekiko, transmisioarekiko eta kultura sostengatzen duen oinarrizko lanarekiko kezka bat sentitu dute, beste proiektu mota batzuetan inplikatzera eraman dituena. Hutsune bat asetzeko beharrak, seguruenik. Baina, zer hutsune? Zergatik hutsune?

      Esku artean duzun elkarrizketa-liburu hau haien esperientzia eta bizipenetara modu sakonagoan iristeko ahalegina da.