Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Eako Poesia Egunetan hainbat harribitxi eszeniko ikusi ditugu ekimenak iraun zuen hamabost urteetan, eta udako arratsalde hartako emanaldiak erabateko osotasun artistikoaren ahalmena erakutsi zigun.

 

Poesiaz birjabetuta

 

2012ko uztailaren 17a

 

—ANTZERKIA—

MUNDUAN BESTE

Antolatzailea: Eako poesia egunak. Konpainia: Labea laborategia. Testua: Iņigo Aranbarri. Parte hartzaileak: Ainhoa Alberdi, Idoia Beratarbide, Corine Cella, Amaia Corral, Iraia Elias, Imanol Epelde, Ander Fernandez, Oier Guillan, Iņigo Ortega, Joseba Roldan, Asier Sarasola, Noemi Viana. Lekua: Eako Eguzki-jaia etxea. Eguna: Uztailak 14.

 

      Eako Eguzki-jaia etxeaz birjabetzera etorriak omen ziren ametsetako tropa hartako kide sailkaezinak. Garai bateko aristokraziaren itxura zaharkitu osoarekin zetozen, idazkari, bankari, militar eta abadearen segizioak lagunduta, ezinbestean. Baina Adan de Yarza bizkaitar leinu zaharreko ondorengoen etxeak ez zien pasatzen utzi izan, haren ustezko jabe onartuek euren titulu, giltza, bedeinkapen eta mehatxu guztiak eraikinaren lau aldeetatik baliatu arren.

      Etxea bera izan zen, ordea, bertaratuta geundenoi aldez eta moldez hitz egin ziguna, eta barregarri utzi zituen ustezko jabe dirudunen ekinaldi guztiak. Hango leiho eta balkoiak bata bestearen atzetik ireki ziren, maiestate handiz, eta haietatik agertu ziren musika inguratzailea eta berbaldi esanguratsuak igorri zituzten lagunak. Etxe barruko pertsonaiak batere protagonismorik gabe aritu ziren, ordea, denen artean osatzen zutelako eraikinaren izpiritu bakarra, eta denak agertu ziren gorriz jantzita, leihoetatik eskegi zituzten oihal luzeen antzera. Bide batez esanda, karga metaforiko handikoa izan zen etxearen irekidurei aho itxura ematea, oihal gorriak mingainak balira bezala erabiliz edo, agian, boteretsuen kontura isuritako hainbeste jenderen odola sinbolizatuz.

      Anartean, Iņigo Aranbarrik sortutako testuek hainbat kontu aletu zituzten Euskal Herriaren historia eta nortasunaren inguruan, eta, batzuk aipatzearren, indar handikoak izan ziren burdinaren gainean eratutako goi burgesiari buruzkoak, Hego Amerikan sortutako euskal izeneko diktadore odoltsuen aipamena, etxearen —edozein etxeren— barne funtsaren analisia, lehenagoko eta oraingo immigrazioaren azterketa eta, zelan ez, Gabriel Arestiren eta beste zenbaiten aipu mamitsuak.

      Emankizunaren erritmo lasaiak, espazioaren erabilera ezin egokiagoak, zuzenean jotako musikak, airetiko akrobazia leunek eta testu mamitsuen deklamazio perfektuak are aberasgarriago bihurtu zuten berez bakana zen esperientzia. Pribilegio hutsa izan zen etxalde miresgarri hartan egotea, eta sentipen berezi hura areagotu egin zen gu guztiok konturatzean poesiaz birjabetuta irtengo ginela Eatik.