Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

KONPROMISO HUTSA

 

      Batzuetan —gehiegitan nire gusturako— konpromiso hutsa da lan eszeniko batera joatea. Iparraldean engaiamendu esaten diote kausa batekin konprometitua —engaiatua— egoteari, frantsesetik hartutako engager aditzetik eratorrita, baina kasu honetarako konpromiso dut nahiago. Izan ere, gurean konpromiso hitzak bi adiera ditu. Bata engaiamendu-ren parekoa da eta bestearen esangura hauxe izango litzateke: zure burua nahi izango ez zenukeen egoera batean aurkitzea. Harira: niretzat batzuetan konpromiso hutsa da lan eszeniko batera joatea.

      Ez dakit zein artista, zer konpainia, zure atzetik dabil aspalditik, esanez ondo legokeela beren lanari buruzko zure kritika agertzea… Edo, beharbada, ez datoz zure atzetik, baina oihartzuna ari dira hartzen, eta zuk badakizu oraindik ez daudela helduta, eta hasiberri guztiek bezala —kontuz, denok izan gara hasiberriak— bat-bateko arrakasta bilatzen dutela… Eta hara goaz, askotan kilometro asko eginda eta beste batzuetan gure bizilekutik —Bilbo— irten barik, eta hara non hor aurkitzen dugunak eskasiaren marka guztiak gainditzen dituen. Batzuetan, gainera, triunfalismo handiz aurkeztu dute beren produktua hedabideen aurrean.

      Zer egin orduan? Halako emanaldietan ni beti nabil pentsatzen zer salba nezakeen proposamenetik, nola esan esan beharrekoa inor mindu gabe, eta batzuetan zaila da, benetan, oso zaila. Hain da zaila batzuetan, non erabakitzen baitut ezer ere ez esatea, isilik geratzea, moldeko letrak min handia egin dezakeelako, batez ere intentzio oneko gazte hasiberriengan.

      Halakoetan ere sentitzen dut nire presentzia soilarekin nolabaiteko zilegitasuna ematen diodala produktu kaxkar horri. Nahigabeko efektu hori inoiz bilatu ez badut ere, baten batek pentsa lezake: “Begiratu, hori agertu bada, gaurko hau interesgarria izatearen seinale”. Eta bereziki, konpainiek badakite beren emanaldira bertaratu naizela. Horrek espektatiba bat sortzen die, eta gero oso zaila da esatea ez duzula beren lanari buruz idatziko, gai ez zarela sentitzen, salbatzeko moduko ezer ez duzula aurkitu…

      Gaur horrelako emanaldi bat zegoen Arriaga antzokian, eta erabaki dut nahiago nuela ez joan, lerrootan azaldutako guztia saihestearren. Batzuetan lan bera bitan ere ikusten dut, ea beste begi batzuekin so egiten diodan. Baina gehienetan, kea! Alferrik galdu ditut denbora eta bidaia ostera ere, eta proposamenak jaiotzatikako malformazio berberekin jarraitzen du. Ahal dela, horrelako kasuetan artistekin edo sortzaileekin hitz egiten saiatzen naiz, ahozko hitzak letra idatziak baino samurragoak izaten direlako, eta, dena esan behar bada, gehienetan gogo onez eskertu didate ekarpena.