Hiru geltoki lurrun
Hiru geltoki lurrun
Galder Perez
Azaleko irudia: Gontzal Gutierrez
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
122 orrialde
978-84-17051-44-0
Galder Perez
1975, Bilbo
 
Hiru geltoki lurrun
Galder Perez
Azaleko irudia: Gontzal Gutierrez
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
122 orrialde
978-84-17051-44-0
aurkibidea
 

 

LURRUN MINEZ

 

 

2020ko udaberrian zen estreinatzekoa, baina koronabirusaren krisialdiaren ondorioz, beste hainbeste antzezlan bezala, bertan behera geratu zen. Aldez aurretik, Zinegoak jaialdiaren egitarauan lana guztiz bukatu gabe partekatu zen ikusle talde batekin, 2020ko martxoaren 6an, Bilboko La Fundición aretoan.

 

Lantaldea

Testua: Galder Perez.

Zuzendaritza: Olatz Gorrotxategi.

Musika: Joseba B. Lenoir.

Antzezleak: Pelayo Serrano, Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez.

Zuzeneko zaratak, musikak eta hitzak: Joseba B. Lenoir.

Argiztapen diseinua: Paco Trujillo.

Eszenografia diseinua: Olatz Gorrotxategi.

Eszenografia egileak: Gorlan.

Ekoizpen laguntzaileak: Loraldia, Zinegoak eta La Fundición Aretoa.

Ekoizleak: Gaizka Chamizo eta Jon Koldo Vázquez.

Argazkiak: Klaus Ambruster.

 

 

 

Pertsonaiak

Alex: 30 urte inguru

Jesus: 19 urte inguru

Oskar: 44 urte inguru

 

 

 

 

(Akzioa “Daviden Erreinua” izeneko gizonezkoen sauna batean gertatuko da. Eszenatokiaren barneko aldean azuleju zuridun horma handi bat. Hormaren kontra bankua. Idulki baten gainean, Michelangeloren David estatuaren erreplika. Giro lurruntsua.

alex sartzen da kaleko arroparekin jantzita.)

 

alex (Daviden estatuari zuzentzen zaio): Kuku! Hau ustekabea, e? Gaur ez ninduzun espero? Hemen naukazu, bada… Gau berezi honetan behar nauzulako eta nik ere behar zaitudalako... (David-i musu ematen dio) Ez nuen bakarrik egon nahi. (Goiko arropa eranzten hasiko da) Gure amari hots egitekotan izan naiz. Baina, zertarako? Ez neukan bere erretolikaren osteko depresioa jasateko inongo gogorik. (Goxo) Beraz, bakarrik gaude, bakar-bakarrik, zu eta biok. Beti gaude bakarrik. Egon! Berehala naiz hemen, laztana. Zaude hor tente-tente eta lekutik mugitu barik…

 

(alex irteten da. Bueltan datorrenean bularra biluzik dakar. Pozik antzean dator, Gabon kantari. Kopa bat eta xanpain botila bat ekarri ditu.)

 

alex (estatuari): Irribarre egingo bazenit, sikiera, edo begirada txiki bat bota behintzat… (Hitz egiten duen bitartean zapatak eta galtzak erantziko ditu) Ixo! Hitz bat ere ez, bai, bai, badakit zer esango lukeen amak! (Amarena imitatuz) Ondo al zaude, seme? (Ironiko) Bai, ezin hobeto, ama. (Ama imitatuz berriro) Eta noiz etorriko zara bisita egitera, bihotza? Ondo jaten duzu? Zaindu zaitez, arren. Maite zaitut, maite zaitut! Zaitugu! (Asper eginda) Nik ere maite zaitut, zaituztet, ama… (Estatuari begira) Tira! Xanpaina lez, zeu zara nire atsegin iturri bakarra, maitea. (Erlaxatzeko asmotan edaten du eta etzaten da. Baina ez du bere burua baretzea lortzen. Zutik jarriko da presaka berriz ere) Detaile txiki-txikia falta da! Zeuretzat sorpresatxoa. Stop! Zaude hor, maitea, tente-tente eta lekutik mugitu barik!

 

(alex irten eta jarraian sartuko da, gorbata gorria janzten ari dela.)

 

alex (gorbata erakutsiz): Gustuko duzu, polita? Egoerarako aproposena. Merezi duzu! Horixe eta askoz gehiago ere bai. Hain zara fidela… Eta neu, horren larru-merkea! (Etzango da, apurka lasaituz) Hau lasaitasuna… Hala behar du gaur, ezta? Gau baketsua eta zoriontsua.

 

(Segundo batzuen bueltan jesus sartuko da. Neguko arropa darama. Sauna barrura begirada botako du eta ziztu bizian irtengo da berriz. alex, zerbait entzun duelakoan mugituko da. Inguruan ezer ikusten ez duenez etzaten da berriz ere.)

 

alex: Zeharo total eginda ote nago dagoeneko? Hau ahulezia, maritxu… Xanpain apurrarekin mozkortu naiz, nerabe aspergarri arruntak bezalaxe?

 

(jesus berriz ere agertuko da. Oraingoan alexek ikusiko du.)

 

alex: Aizu, zaude hor! Nire paranoia zelakoan nengoen!

 

jesus (lotsaz): Barkatu.

 

alex: Ni zoratu nahian zabiltza, ala?

 

jesus: Sentitzen dut.

 

alex (goxoago): Ez, ez du axola, ez duzu ezer sentitu beharrik, pinpirintxo horrek… (Etena) Hau ustekabe ederra… Gaurkoan, eta ordu hauetan, bakar-bakarrik egon beharko nuela uste nuen. Baina, zorionez, hasi da feria! A, barkatu harreran egon ez izana, laztana, baina gaur lokalak itxita egon beharko luke. (Zerbaitez ohartzen da) Ene bada, bero itzela izan behar duzu horrenbeste arropa jantzirik… Hemen ez duzu beroki, alkandora, galtza, galtzerdi ezta galtzontziloaren beharrik ere! Biluzik bizi berotasuna aurkitzeko!! (jesus ezer esan gabe begira geratuko zaio) Zer duzu, bada? Ai, mutiko, hori da hori begiratzeko modua… Gustuko nauzu…?

 

jesus (azkar): Ez, ez, zera…

 

alex (moztuz): Tira! Bazenuen gezurra esaterik, ni pixka bat poztearren behintzat, gaurko Gabon esker sari gisa… (jesusengana hurbilduz doa) Zu, aldiz… Neure oparia zara, polit hori? (jesusek atzera egiten du. alex gero eta gehiago hurbilduko zaio) Zer du moxolo honek…? Larrugorritzeko laguntzarik behar duzu?

 

jesus (aldenduz): Non daude aldagelak?

 

alex (azafaten antzera): Sarreran sartu eta ezkerretara. Toallak eskegita aurkituko dituzu. Eskuoihal txikitxoa gerrian janzteko da. Armairu pare batek giltza jarrita dute. Horietako batean arropak utzi eta giltza har ezazu. Ez da hain zaila, ezta? Zor dizkidazun hogei euroak gero emango dizkidazu. Beno, utzi ezazu, gaurkoz gonbidatuko zaitut, majo. Zure moduko gaztetxoek deskontua duzue gainera...

 

(jesus irtengo da. alex bakarrik geratuko da berriz ere. Oraingoan ez da etzango. Alde batetik bestera ibiliko da, pozik, gabon kantaren bat abesten. Bitartean, irtirintxo, gerri-oihala ondo jartzen du.)

 

alex (estatuari): Ai, David, hau erregalia! A ze mutil katxarroa etorri den... Berria gainera, aizu. Freskoa! Buztanberoa lasaitzeko beharra duen horietakoa. Gazteegia? Niri bost! Zer diot bost? Bost txortaldi! Gehiegi gizajoarentzat… Kar-kar-kar! (Abesten hasiko da eta bat-batean geratuko da) Tira, ez zaitez jeloskor jarri, maitea, zeharo ohituta egon beharko zenuke honezkero. Gainera, laztana, zu baino ez zaitudala maite jakin badakizu. Baina hain zara harrizkoa eta gogorra… eta niri, ordea, hain erraz jartzen zait eztena harrizkoa eta gogorra…! Ja! Ja! Ja!

 

(alex hankak gurutzatu eta kopa eskuan duela besoak luzatuta esperoan eseriko da. jesus gerri-oihala jantzita sartuko da. alexen kontrako aldean eseriko da.)

 

alex: Lasai, egon. Ez zaitut horren azkar jango eta. (Elkarri begiradak) Kopatxo bat nahi duzu? Etxearen kontura! Nagusia ez dagoenez gero neuk agintzen dut! Xanpaina ala beste zer edo zer nahiago?

 

jesus: Ez dut ezer nahi. Eskerrik asko.

 

alex: Zu zeu, maitea… (Etena) Egia aitortuko dizut, ez nuen horren goiz inortxo ere espero. Gaur ez nuen ireki behar, baina etxean telebista ikusten geratzeko gogorik ez nuenez gero hemen nago. Gau hau gorroto dut, baina… Barreneko minak ahal bezain azkar pasa eta kito! (Isilunea. Elkarri begiradak) Lehenengoz etorri zara leku honetara, ezta?

 

jesus: Bai, bai.

 

alex: Bai, bai, bai, bai, bai… Besterik esaten ez dakizu?

 

jesus (zakar antzean): Zer!?

 

alex: Ezer ez, aizu… Lasai. Zure modukoek, hona etorri beharrean, Grinderra nahiago duzue, noski. Baina etorri zara! Ongi etorri, beraz, Daviden erreinura, laztana. Sexual free buffet! (Topa egiteko asmoz jesusengana hurbilduko da, baina honek ez du koparik) Kontrakoa esan didazun arren kopatxoa ekarriko dizut. Topa egin behar dugu. Gainera, ez duzu nik den-dena edatea nahiko, ezta, maritxu horrek? (Lizunki) Tira, agian, edan beharrean, den-dena jan diezazuket… Zer deritzozu? (Barrez hasiko da) Stop! Zaude hor, maitea, tente-tente eta lekutik mugitu barik…

 

(alex irteten da. jesus bakarrik geratu da. Urduri dago, zer egin ez dakiela hara eta hona begira. alex kopa batekin dator. Xanpaina zerbitzatu eta jesusi eskainiko dio.)

 

alex: Ea horrela pixkatxo bat erlaxatzen zaren… (Topa egiten dute, alexek bozkarioz eta jesusek lotsaz. Edaten dute. Elkarri begiradak.) Eta zure izena?

 

jesus: Jesus. (Edaten du)

 

alex (barrez lehertu): Ja! Ja! Ja! Ez! Ai ene, ez! Ez! Jesus? Ez da posible! Txantxetan, ezta? Jainko maitea, behar genuena… Horixe da! Jainko maitea bera! Jesus gaur gauez etorri da ni ikustera, ni salbatzera, o, jaio da! Sinestezina! Aparta! Bikaina! O, ene Jesus! (jesusen aurrean belaunikatuko da kantari) Eskerrik asko, jauna, bihotz-bihotzetik! Eskerrik asko, jauna, orain eta beti! Ja! Ja! Ja! (Barre algaraka jesusi) Ni Alex naiz. Urte askotarako. (Musu emateko hurbiltzen zaio baina jesusek eskua luzatzen dio bostekoa emateko) Beharbada miraria egiteko gai zara. Egunen batean horma hauek bertan behera bota nahiko nituzke. Ateak zabal-zabalik utzi eta bertan dagoen lurruna aske utzi, lurrunari airean zehar labaintzen eta hegal egiten utzi. Zabaldu eta hedatu dadila marika lurruna urrun, urrunera oso; gure izerdi eta isuriekin batera, hiriko kaleetan zehar dena bustitzera joan dadila eta geure lurruna larru bilaka dadila, kaleko jende denak berarekin bat egin dezan, mundua geure larruzko lurrunarekin kutsatutako lurra bilakatu arte! Baina astunegia da lurruna eta hemen gelditzen da. Hala ere, hori da nire desioa.

 

(oskar sartzen da. Kale arroparekin jantzita dago.)

 

oskar (sarreratik): Gau honetarako desio polita da. Baina gure amets eta desioetako hainbeste eta hainbeste bete ezinik geratzen dira.

 

(alex pozarren oskarrengana hurbiltzen da.)

 

alex: Ene, gure Olentzero, maitea! Horra, horra!

 

oskar: Dagoeneko jakin beharko zenuke mundua ez dela arrosa kolorekoa.

 

alex: Bla, bla, bla! Eta zuk, ez duzu etxekoekin afaldu behar, ala?

 

oskar (txantxetan): Goseak jota egon, banago...

 

alex: Leku egokira etorri zara orduan!

 

oskar: Badakit, bai.

 

alex: Aizu, eta nola jakin izan duzu gaur ireki dudala?

 

oskar: Intuizioa.

 

alex: Bai, femeninoa, Mari Domingi!

 

(Barre algaraka, besarkada eta musuka hasiko dira biak. jesus ikusi bezain pronto oskarrek zirrara moztuko du. Urduritasun nabarmena. oskarrek eta jesusek elkarri begiratzen diote.)

 

oskar: Aupa.

 

jesus (lotsaz): Aupa…

 

alex (ezertaz jabetu gabe): Honek badu parranda itxura handiagoa behintzat.

 

oskar (alexen gorbata seinalatuz): Dotore jantzi zara, gero…

 

alex: Gauak hala merezi du.

 

oskar: Nik ere hobe nuke uniformea janztea. (Kanpora doan bitartean) Gaur ez duzu lanik egin behar ala? Bezero dirudizu.

 

alex: Zapaltzaile tirano zekena zeu ere?! Zuk agindu behar duzu beti! Ba, ez, maitea, momentuz ez dut lanik egin behar. Gau honetako borondate onak kutsatuta lokala ireki dut eta estasiari entregatu diot neure burua, arima eta, batez ere, gorputza!!! Bakarrik egongo nintzelakoan! Ja! Ja! Ja! (oskarri mainatsu) Arropa eranzten utziko al didazu? (jesusi) Zaude hor, maitea, tente-tente eta lekutik mugitu barik.

 

(oskar eta alex irteten dira. jesus bakarrik geratu da. Urduri. Jaikiko da eta toki guztietara begira ibiliko da. Alde egin nahi duela ematen du, baina, azkenean, geratuko da. Daviden estatuari so geratuko zaio. alex sartu, beste kopa bat hartu eta jesusi emango dio.)

 

alex (ipurtarin): Azkenean Gabon gau beroa espero baino lehenago hasiko da. Hau pagotxa! Patuaren gutizia ote? (jesusi begira) Alaitu ezazu aurpegi hori, mutil, miraria bete egin dela dirudi, o ene Jesustxo…

 

(jesusek kopari trago luzea eman eta gehiago eskatuko du.)

 

jesus: Ezaguna duzu?

 

alex: Oskar? Jakina. Gehiegitxo gainera... Oso aspalditik. Jakingo bazenu... (Isilunea) Benetako maitasuna existitzen dela uste duzu?

 

jesus: Izango da…

 

alex: Eta kasualitaterik?

 

jesus: Hori ez, ez dago.

 

alex: Hau kasualitatea! Gauza bera uste dut nik ere. Ja! Ja! Ja! Ai… Zeini okurrituko zitzaion maitasuna sexuarekin bateratzea? Planeta honek jasaten duen gaitz eta min handienetakoa da. Baina, gaurkoa desio onen gaua omen da, ezta? Zure jaiotzaren gaua da! (Topa egiteko kopa altxatuz) Gure desioak bete daitezen!

 

(alexek eta jesusek topa egiten dute. oskar sartzen da orduan.)

 

oskar: Falta denari itxaron gabe topa egitea gustu txarrekoa da.

 

alex: Barkatu, laztana. Topa egin dezagun berriz ere, bada! (Kopak betetzen ditu) Lelokeria galanta, zer esan behar eta gau zoriontsua eta baketsua desiratzekotan nintzen…

 

oskar: Esan egin duzu ba.

 

alex: Faltsukeria hutsa. Gainera, ez dakit gau hau zoriontsua ote den. Ezta bakea bera ona den ere… Nik gerra maite dut. (jesusi) Esate baterako, zu zoriontsu bizi al zara?

 

jesus (gogorki moztuz): Bakea eman, bale?

 

alex: Ai, ene! (oskarri) Ikusten? Ez daukat nola edo hala Gabon zoriontsua eta baketsua opatzeko eskubiderik. Goragale pixka bat ematen dit, gainera.

 

oskar: Zerk? Zoriontasunak ala bakeak?

 

alex: Gabon gau honek.

 

oskar (erabakitasunez): Gu hirurongatik, bada!

 

(Topa egiten dute.)

 

alex (jesusi): Zintzo jokatuko dut zurekin, moñoño. Ni neu bertan giroa alaitzeko kontratatuta nago, ez beste ezertarako. Daviden erreinuko Matraka Erregina elektrikoa nauzu!! (Kubiterara begiratzen du) O, ene, jela urtu egin da! Beno, ni ere bai, pitinka-pitinka urtuz noa... Eta zuek? Sorbalda gainetik ur freskotxoa botatzerik nahi duzue? (Isilune urduria) Ongi da. Jela ekarriko dut. Eta xanpain gehiago ere bai. Eta zuek… Zaudete hor tente-tente eta lekutik mugitu barik! (Kantari doa kanpora)

 

(jesus eta oskar bakarrik geratuko dira lehenengoz. Elkarri begiradak. Irribarre egiteko gogoa dutela dirudi, baina estutasunak galarazi egiten die.)

 

oskar: Ondo?

 

jesus: Hemen.

 

oskar: Ez duzu etxekoekin afaldu behar?

 

jesus: Ez, ez.

 

oskar: Arruntena izan ohi da.

 

jesus: Arruntena?

 

oskar: Ez duzu berriketan aritzeko gogorik, ezta?

 

jesus: Ez dakit zertarako etorri naizen.

 

oskar: Baina etorri zara. Jakingo duzu zergatik. Eta hemen gaude.

 

(alex alai eta ozen kantari dator.)

 

alex: Xanpainarekin hasi eta... gerokoak gero! (Zerbitzari sexyarena eginez) O, ene, zein maritxu panpoxoak gaurkoan nirean… Edan ezazue xanpaina eta freska ezazue gorputza! Zorroztu itzazue berdelak! Zuen desioak betetzeko irrikan nauzue. Xanpainak dauzkan burbuilak beste desio betetzeko prest, maritxuok…!!! Voulez-vous coucher avec moi? (jesusek barre algara botatzen du) Ene bada, haurtxo politak barre egiten daki! Topa! Ez da espero genuen bezain maribixigua!

 

oskar: Eta oso irribarre polita dauka, gainera…

 

alex: Etorkizunagatik!

 

oskar: Gu hirurongatik.

 

alex: Berriro?

 

oskar: Zergatik ez?

 

alex: Egia da! Zergatik ez?

 

(Topa egiten dute. jesusek, lotsatuta, edan nahi du baina kopa hutsik dauka.)

 

alex: Nik beteko dizut behar duzun hori guztia, laztantxo. (Sentsualki) Badakizu, zuen desioak betetzeko irrikan nago…

 

(alex jesusengana goxo hurbiltzen da, baina jesusek alde egiten dio.)

 

oskar: Ez ezazu mutila aspertu…

 

alex (haserre): Nola?

 

oskar: Uzteko mutila lasai.

 

alex: Jeloskor zaude ala?

 

oskar: Tira, bota egidazu xanpaina niri ere, mesedez.

 

alex: Zer dugu, bada? Ez ezazue esan zuek ere bake bila etorri zaretela.

 

oskar (barrez): Eta? Zergatik ez?

 

alex: Plaza honetan bakea desioa da. Desioa eta kito! Esan bestela, ze demonio egiten ari zareten hemen Eguberritan? Gabon gau baketsuan etxean goxo-goxo geratu beharrean norbaiten eta, batez ere, zerbaiten bila etorri zarete hona, ez da hala?

 

oskar: Hala da, bai. Ez nuen bakarrik egon nahi.

 

alex: Ba aurkituko duzu norekin gabon kantak abestu eta, batez ere, elkarri panderoa jo!

 

oskar (irri eginez): Plan txit polita.

 

alex (aldaketa): Ihesean ari zara, laztana.

 

oskar: Ihesean?

 

alex: Hori esan dut, bai. Ihesean.

 

oskar: Zer jakingo duzu zuk, bada!

 

alex: Begira, batzuetan oso aspergarria zara. Gaurkoz soilik bada ere, utz itzazu kontuak haurrentzat. (Ironiko) Gizon artean omen gaude hemen. (jesusi) Eta zu, bila al zabiltza, ihesean... zertara etorri zara bestela?

 

jesus: Etenik gabe korritzera, no te jode!

 

alex: Jesusen ama, haurtxo polita hazi da…! Ala ba, eragiok, mutil, aurreko danbolinari. Barrabilak erre artean, barrabilak erre artean, txipli-txapla pun! Armairuan gordeta oraindik?

 

jesus: Armairua, armairua! Sinplekeria galanta!

 

alex (bere kolkorako): Kakakume halakoa…

 

jesus: Grinderrean zenbat eta mutil gehiago ezagutu, zenbat eta mutil gehiagorekin txortan egin, are eta hutsago sentitzen naiz.

 

alex: Daviden erreinuan benetako haragia existitzen da, polita.

 

jesus: Bai, noski, ikusi, ukitu eta sentitzen dena, ezta? Kaka puta!

 

alex: Ba bai, hala da. Haragi hezea… (Emekiro) Gomendio bat: erlaxatu zaitez, xalant hori, eta lurrun magikoarekin batera zure koskabiloak hego bihurtu eta hegan egin ezazu… Bertan dena da pribatua.

 

oskar (edari gehiago botatzeko zutituz): Pribatuegia akaso, baina zenbait gertaera publiko egiten badira okerrago.

 

jesus: Bada, bai.

 

oskar: Haatik, hemen luma arinak gara.

 

jesus: A, bai, benetan?

 

oskar: Lurruna bezain arinak. Inertziak gasa bihurtutako ur tantak, fisikoak eta metafisikoak. Baina zientziaren egiak ez dira gure bizitzaren egiak beti.

 

alex: Txalo irakasleari! Arbelean jarri behar gaituzu orain gure ipurditxoen bistarekin gozatzeko ala?

 

oskar: Tira! Ez al ginen parrandan? Zer? Tekilarik badago, Alex?

 

alex: Tekila fin-fina, maitea!

 

oskar: Dastatu egin beharko orduan.

 

alex: Beroaldiari aurre egiteko erremediorik onena. Hori bai, gero tenperaturak berriz ere gora eta gora egiten du ezinbestean... Eta hirurok baretu egin beharko dugu beroaldia, noski… Ja! Ja! Ja! (Zutitzen da irteteko gertu) Joan beharko dut tekilaren bila, beraz, zaudete hor tente-tente eta lekutik mugitu barik. (Badoa)

 

(oskar eta jesus berriz ere bakarrik geratu dira. Elkarri begiratzen diote. Irribarre egiten dute.)

 

oskar: Gabon gau xelebrea, ezta?

 

jesus: Pixka bat bai…

 

oskar: Ordutik... Zera...

 

jesus: Ordutik zer?

 

oskar: Esan nahi dut, anbienteko lekuetan ez zaitut sekula ikusi.

 

jesus: Ez daukat halako tokietara etortzeko ohiturarik.

 

oskar: Ya, marikoiegia leku hau, ezta? Orduan Grinderra soilik...

 

jesus: Bai. Jakin nuen, ordea, zuk bai, zuk etortzeko ohitura duzula. Betidanik ala bixio berria da?

 

(alex, tekila botila dakarrela, mexikarren antzera oihuka sartzen da.)

 

alex: ¿Qué pasó, güeys? Pues aquí les traje la tequilita nomás… Ja! Ja! Ja! Sentitzen dut, laztanok, baina limoirik ez dago. Edan egin dezagun marikoikeriarik gabe! (alexek tekila zerbitzatzen du) Zeren alde egingo dugu orain? Ala kontra? Beno, egia esan, ez dakit tekilarekin topa egiten den ala ez. Bai! Zergatik ez?

 

(Topa egiteko momentuan, argia joan eta ilunaldia gertatzen da. Hirurak itzaletan ikusiko ditugu.)

 

alex: Mekagoendios!! Ui, barkatu, Jesus... Ja! Ja! Kontuz ibili. Aurrena tekila edan ezazue, tanta erdia erori gabe, ados? Goazen! Nasdrovia!!! Ai, ene, ez, ez, ez!!! Errusiarrek esaten dute hori, eta gero basoa lurrera bota egiten dute eta hor lurrean dena kristalez beterik, eta gu ortozik... Ez! Ez dut odola atsegin. Beno ba, orduan, topa egin dezagun, airearekin batera? Ez, ez, ez! Lurrunarekin topa egin dezagun! Eta zeren alde orduan?

 

oskar eta jesus: Gure alde!

 

(Iluntasunean edaten dute hirurek.)

 

alex: Nagusi kabroi zikin horren errua da argi mozketaren kontua. Ziur naiz. Fakturak ordaindu gabe oporretara alde egin du. Zerria!

 

oskar: Nola moztuko dizuete argia orain, bat-batean?

 

alex: Bistan da, maiteak. (Grinatuta) Deskalabru hutsa da toki hau! Egun batean den-dena utzi eta beste edonora joango naiz. Ongi izorra dadila kabroi zikin hori. Ea zenbat irauten duen Daviden erreinuak ni gabe!

 

oskar: Iluntasunean ez da horren gaizki egoten…

 

alex: Arrazoi duzu, gelaz aldatu dugula dirudi… Mmm... Jesustxo maitea, ziur naiz, ez zara inoiz gela ilunean izan, ezta?

 

jesus (lehor): Ba ez.

 

alex: Gaurtik aurrera ezingo duzu gauza bera esan, ordea. Arnasestu soinua eta semen usaina baino ez zaigu falta! O! O! O!!! A! A... Aaaa!!!! Baiiiii!!! Ja! Ja! Ja!

 

oskar: Itzela da iluntasuna. Imajinatzen betiko izatea?

 

alex: O, ene, falta genuena! Hemen dator berriz ere eskola oneko aitona Metafora.

 

oskar: Begiak itxita bizi ditugu orgasmoak.

 

alex: Oker zabiltza, maitea. Detailerik txikiena galdu gabe ere begira egotea da onena.

 

jesus: Nik ezer ez ikusteko begiak ixten ditut beti.

 

alex (goxoki): Ai, txotxo, pena da, gero. Zure gaitzak diagnostikorik ez duela susmatzen hasia naiz honezkero. (Zutitzen da) Argiaren kontua konpontzen saiatuko naiz. Beste tragoxka bat edateko gogoa daukat. Ea ez dudan ezerekin estropezu egiten. (Iluntasunean ibiltzen hasten da) Ez dut ezertxo ere ikusten. (Argia ikusten du urrunean) O, bai, zer edo zer ikusi dut, han, urrunean! Ene Jaungoikoa, Belenera gidatzen gaituen izarra ote da? O, ez, larrialdietako irteera. (Irtetera doa) Zaudete hor tente-tente eta lekutik mugitu barik. (Irteten da)

 

(oskar eta jesus berriz ere bakarrik geratu dira, oraingoan, ilunpean. oskar apurka-apurka jesusengana hurbiltzen joango da. Sakon arnas egiten dute biek. Hitzik ez dago, baina elkar sentitzen dute. oskarrek eskua jesusen belaunean jartzen du. Gero, jesusen aurpegia eta burua laztantzen ditu.

Argia pizten da ezustean. oskarrek azkar kentzen ditu eskuak jesusengandik. oskar zutitzen da eta alex irten den lekura hurbiltzen da azkar.)

 

oskar (kanpoan den alexi disimuluan): Egundoko artista zara, Alex!

 

alex (bueltatzen): Hori aspaldi bazenekiela uste nuen, maitea.

 

oskar: Zer gertatu da, ba?

 

alex: Ideiarik ez. Besterik gabe joan, eta besterik gabe etorri.

 

oskar: Egunotako gabon argi eta bonbilla mordoaren ondorioa izango da matxura. Sekulako abusua, despilfarro itzela horrenbeste argitxorekin. Zer eta denak iluntasunean bizitzeko gainera.

 

alex: Topa egin dezagun! Abusuaren alde?

 

oskar: Despilfarroaren alde?

 

jesus: Iluntasunaren alde?

 

alex: Ilunpeko despiporrearen alde! (Tekila zerbitzatzen du)

 

jesus: Egunero dago irekita leku hau?

 

alex: Urteko egun guzti-guztietan, maitea, gaur izan ezik! Miraria gaurkoa, beraz. Ja! Ja! Baina ez pentsa hemen maitasuna aurkituko duzunik. (Davidi keinua eginez) Hobe museo edo eliza batean maitemintzea...

 

oskar: Edo supermerkatu batean, ala parkean, ederra benetan!

 

alex: Edo institutuan, ezta? (Etena) Berdin da. Egia esan, garrantzitsuena hemen zaituztedala da eta, bihotz-bihotzez, etorri izana eskertzen dizuet.

 

oskar: O, o, o, melengatxo jarri da gero gure erregina…

 

alex: Harpa jotzen ala?

 

oskar: Zu hala ari zarela dirudi…

 

alex: Ba ez. Behingoz, benetan ari naiz. (Goxoki hitz egiten die) Hemen dugu Jesus haurra, jaiotzaren ostean, hegodun uso baten haziarekin mutil puska eder bilakatuta. (jesusen bularra laztantzen du) Lurrun arteko laino gazte xarmanta… Eta bestetik, (oskarrengana doa) aitona Metafora, horren babesle eta jakintsua… (Beste biak limurtu nahian hitz egingo du) O, hirurak elkarren osagarriak garela uste dut, e, zer diozue…? Ni horrenbeste behar izanik eta zuek horren borondate ona izanik… Merezi dudan ofrenda zarete, bai… Egin dezagun sakrifizioa, bada!!!

 

(Sedukzio jokoa egiten hasiko dira. alexek gorbataren strip-teasea egingo du oso modu erotikoan. Apurka besteengana hurbiltzen da eta hiruren arteko laztan jokoari ekingo diote. Gerri-oihalak kentzekotan direnean, jesusek jokoa moztuko du.)

 

jesus: Geldi, geldi, geldi.

 

alex: Zer?

 

jesus: Ez dudala nahi.

 

alex: Tira, laztantxo, primeran hasi gara eta…

 

jesus (gogor moztuz): Ez dudala nahi, joder!

 

alex (gorbata berriz jantziz): Umegorriak potroak irakiten utzi dizkigu. Marikoldarra...

 

oskar (jesusi): Ez da ezer gertatzen, lasai.

 

alex: Nola ezetz.

 

oskar: Zer duzu?

 

alex: Behin hasita ezin akelarrea moztu.

 

oskar: Adar joka ari ginen, ezta? Jolasean. Baina antza Jesus, ba...

 

alex: O, noski, Jesus, Jesus! Erruki, Jesus, erruki!

 

jesus: Ze erruki eta ze erru-ondo! Nazka-nazka eginda nago! Potrotaraino nago, entzun?

 

alex (seko harrituta): Zer duzu ba, moxolo?

 

jesus (haserre bizian): Ostia, moxolo! Ezagutzen dut zuen sermoi jokoa. Kaka zaharra! Zuek ere gaizkia eta ongia zer den erakutsi behar didazue? Leku puta guztietan berdin-berdinak zarete!

 

(jesus okada izugarri baten eraginez, bere onetik aterata, kanpora irteten da presaka. oskar jesusen atzetik joatekoa da, baina alexek bidea moztuko dio.)

 

alex: Nora zoaz?

 

oskar: Mutila laguntzera noa.

 

alex: Haurtxo polita lagundu behar al du jaun zuriak?

 

oskar: Ez, zure hitz zuriak entzun behar ditut, ezta?

 

alex: Morroi horrek ondo izorratu digu, maitea.

 

oskar: Alex…

 

alex: Gaua zeharo petraldu du. Ikuskizun negargarria mukizuak eskaini diguna, bai horixe.

 

oskar: Alex.

 

alex (entzungor): Edaten jakingo balu sikiera…

 

oskar (gogor): Alex!

 

alex: Zer duzu?

 

oskar: Mutila gaizki dagoela dirudi.

 

alex: Mutikoa txahala botatzera doalako negar egin behar al dugu, maitea?

 

oskar: Jode, Alex, baina zer duzu? Ez dago ondo.

 

alex (bere onetik irtenda): Esan, zer duzu zuk, e? Ez dagoela ondo? Soilik berarentzat dituzu begiak. Errazegi ahazten gaituzu besteok. Umetxoaren aita pontekoa izan behar duzu orain? (Etena) Ez dago ondo? Ondo? Ea ba, zu, zer? Ondo al zaude zu? Eta ni?

 

oskar: Muturra berotuta zaude, Alex.

 

alex: Eta zu bertako mutilaren lumarik ederrena erortzeko esperoan zaude.

 

oskar: Zertaz ari zara?

 

alex: Liluratuta zaude erabat berarekin eta, horregatik, aingerutxoaren hegala hautsi nahi duzu.

 

oskar: Alex…

 

alex: Bai, noski, mutil txintxoa dirudi, dudarik gabe.

 

oskar: Zer diozu?

 

alex: Gogoko dituzun zure ikasleak bezalaxe.

 

oskar: Erregina izatetik gorteko bufoia izatera pauso txikia dago. Eta zuk eman duzu pausoa. Mokordo polita zurea gaurkoa.

 

(jesus agertzen da.)

 

jesus: Armairuko giltza galdu dut. Ezin dut jantzi eta kalera irten nahi dut.

 

alex (jesusi baldarki): Ba aurkitu ezazu giltza, majo. Isuna jarri beharko dizut bestela.

 

oskar (adiskidetu nahian): Alex…

 

alex (bereari zatarki eutsiz): Berrogeita hamar euroko isuna giltza galdu izateagatik.

 

jesus (erasoa joz): Askatasunaren erreinua den honetan zigorra existitzen da, hortaz.

 

alex: Inork ez du esan aske bizi garenik.

 

jesus (harropuzkeriaz): Ba jakin ezazu, ez daukat xentimorik!

 

alex (maltzurkeriaz): O, gaixoa, aitatxok ez dio haurtxoari Gabonetako paga eman.

 

jesus: Hara! Potroak gehiegitxo berotu dizkidazu dagoeneko, kaikua! (alexengana zuzenduko da indarkeriaz)

 

alex: Ez ni ukitzera ausartu, sasi-izaki! Oilar halakoa… (Eten larria) Xanpain gehiagoren bila noa.

 

(alex irteten da. jesus eta oskar bakarrik geratu dira. jesus bestearengandik urrun eseriko da, urduri, zer esan ez dakiela. oskarrek lurrean dagoen giltzatxoa hartu eta jesusengana gerturatzen da.)

 

oskar (giltza emanez): Hona hemen zure giltza.

 

jesus (giltza hartuz): Eskerrik asko.

 

oskar: Armonia gaur gauekoa, e?

 

jesus: Bai… Ederra egiten dut beti. Den-dena izorratzeko sekulako gaitasuna daukat.

 

oskar: Ez esan hori.

 

jesus: Zu ere ederki izorratu zintudan.

 

oskar: Nik izorratu zintudan zu. Hala ere, hil artean ahal bezain beste bizi behar da. (Isilune luzea) Erru-minez?

 

(Besteek ikusi ez dutela alex barrura doa eta entzuten geratuko da.)

 

oskar: Damu zara?

 

jesus: Damu? Zertaz?

 

oskar: Egin genuenaz.

 

jesus: Eta zu?

 

oskar: Kaleratu banindute ere, ez. Eta zuk, nola bukatu zenuen han?

 

jesus: Imajina ezazu. Denen ahotan zegoen gurea. Ez zidaten erraz jarri.

 

oskar: Zure berri izan nahi nuen, baina gauzak gehiago konplikatzea litzateke. Kabroi bat naizela esan nahi badidazu hauxe duzu aukera.

 

jesus (lizun eta jostari): Kabroia...

 

(Isiltasuna. jesus astiro zutitzen da. jesusek oskarri eztiki begiratzen dio. jesus irtengo da, oskarri eztiki begira.)

 

alex (alai antzean barrutik): Parranda!!! Gaua jaio berri da, maiteak! Gora bihotzak eta zakilak!!!

 

(oskar kanpora doa jesus joan den leku beretik.)

 

alex (barrutik oihuka jarraitzen du): Etxeetatik afalostean ateratzen den jendeak benetako Belen ezagutuko du azkenik. Ardo beltza ere eramango dugu, Jesusen biberoi gisa. Paregabea, ezta? Jesukristo bere odola den biberoiarekin, eta maritxua, gainera, noski. Ja! Ja! Ja!

 

(alex takoidun zapata gorriak jantzita sartzen da. Soinean Gabonetako girlandak eta argitxoak. Ardo botila ere badakar. Bakarrik geratu dela ohartzen denean inguruan zenbait buelta ematen du takoidun zapata gorriekin.)

 

      Lurrean bizi direnak lurrikararen beldur diren bezala, Matraka Erregina Elektrikoa lurrunikararen beldur da. Lurrunikararik balitz, lurruna lurrunduta urrunera joango bailitzateke. Hain gara lurrunkorrak…

 

(Soinean dituen argitxoak lurrean uzten ditu. Eldarnioak jota bezala girlandekin dantzan hitz egiten jarraitzen du.)

 

      Goazen urrun, lurrun! Lurrunduz goaz, urrun, hodei bihurtzen gara, zurrut! Hodei-mendi zuri borobilak, buztan kiribilak, semen puztuaren bila... txotx!!! Ur zuria! (Abestuz) Maritxu, nora zoaz, eder galant hori? Iturrira, Bartolo, nahi baduzu etorri... (Girlandak lurrean uzten ditu. Abestuz) Iturrian zer dago? (Oihuka) Gutizien iturri oparotik ardotxo zuria edan dezagun den-dena lurrundu aurretik!!! (Abestuz) Biok edango dugu, nahi dugun guztia... (alexek Davidi begiratzen dio eta estatuarengana hurbiltzen da. alexek goxoki gorbata gorria janzten dio Davidi) Xarmant zaude, maitea. Kanpoan kea baino ez da eta ni ez nago lurrun minez bizitzeko prest. Berriz ere bakarrik gaude.

 

(alexek xanpain botila esku artean hartzen duela, jesus agertzen da.)

 

jesus: Barkatu…

 

alex: Hara. Badirudi ez dugula bakarrik egoteko eskubiderik.

 

jesus: Mesede bat…

 

alex: Umetxoak ez du nik pixoihala aldatzerik nahi izango, ezta?

 

jesus: Kondoiak nahi ditut.

 

alex: Kondoiak?

 

jesus: Bai.

 

alex: Oso erabilgarriak, bai.

 

jesus: Emango al dizkidazu, bai ala ez?

 

alex: Zergatik ez da etorri bera?

 

jesus: Berari galdetu beharko zenioke hori.

 

alex: Berak badaki non gordetzen ditudan.

 

jesus: Nahi baduzu nik hartuko ditut, baina ez dakit non dauden.

 

alex: Ezta jakin beharrik ere. Amatxok txokolatea non gordetzen duen jakitearekin nahikoa izango duzu zuk, noski.

 

jesus: Aizu, nazka-nazka eginda nago zurekin.

 

alex: O, gure Jesustxo…

 

jesus: Zer duzu, inbidia?

 

alex: Entzuteko falta zitzaiguna, ave maritxu halakoa! Inbidia? Nik?

 

jesus: Zoaz popatik hartzera!

 

alex: Nirekin nahi zenuke zuk hori, ume mokoa!

 

jesus: Zurekin? Ja! Agertu naizenetik zuk nirekin nahi duzu, bai, baina erabat bakarrik moldatu beharko zara. A, noski, baina hori ez da problema izango zuretzat. Guztiz ohitua egon behar duzu eta.

 

alex: Alua!

 

jesus: Zurekin ez du inork ezer nahi. Oskar ere zurekin aspertuta dago. Ez zara konturatu?

 

alex: Zaude isilik.

 

jesus: Isilik egoteko? Bai zera! Orain arte zuk baino ez duzu hitz egin.

 

alex: Begira, ume mokoa, ez dut halakorik zertan jasan!

 

jesus: Jasan? Nik bai jasan dudala zurekin, harro puta. Nazka-nazka eginda naukazu, urdanga merke horrek! Zure memelokeria guztiak entzun behar izan ditut gau osoan, beraz, orain zuk niri entzuteko momentua da. (Ironiaz) O, baina, tamalez, beste batean beharko du, orain oso zeregin ederra zain daukadalako. Eta kondoirik eman nahi ez badidazu, ez zait axola, Oskarrek eta biok primeran pasatuko dugu berdin-berdin. Entzun egidazu adi, laztana. Oskarrek nirekin nahi du eta kito. Onar ezazu. Dagoeneko, gainera, ederto batean zupa-zupa egiten aritu gara. Mmm… Zuk diozun bezala, o, a, o! Oihuak egin ditugu, bai, plazeraren plazerez! Eta Matraka erregina negargarria bere zulo ilunean bakarrik uzten dugun bitartean, nik oraintxe ipurtzulotik zulatua izan nahi dut! Aurkituko ditut nik kondoiak. Entzun al didazu, neskazahar horrek!

 

(alexek nerbio eztanda batean botila hartu eta jesus kolpatuko du buruan. Lurrera ziplo eroriko da. Odola.)

 

alex: Ai, ene, kaka! Kaka! Ze ostia… (jesus esnatu nahian) Aizu, mutiko, mutil… Ai, ai! Ai! Kaka! Kaka!!!

 

(alexek arrastaka aterako du jesus. Argi batzuk itzaltzen dira. Eszenatokian argi gutxi geratzen da. Tartean, alexek lehen ekarri dituen Gabonetako argitxoak daude lurrean botata, piztuta oraindik. oskar agertzen da.)

 

oskar: Jesus! Jesus! Alex?

 

(alex presaka sartzen da. Estropezuka dator takoidun zapata gorriekin.)

 

oskar: Non dago mutikoa?

 

alex: Ze mutiko?

 

oskar: Jesus non dago?

 

alex: E?

 

oskar: Alex, ostia! Non dago mutila?

 

alex: Ba… Zera… Zure mutikoa joan egin da.

 

oskar: Zer?

 

alex: Bai, hanka egin du, Oskar. Utzi egin zaitu.

 

oskar: Zer diozu? Zaratak entzun ditut.

 

alex: Baietz ba! Ume moko bat baino ez da. Oskar… Konturatu naiz, badakit bera ere zure ikasle izandakoa dela.

 

oskar: Zer diozu?

 

alex: Entzun dizuet. Baina ikusten? Besteak bezala joan egin da. Ni ez, ordea. Ni hemen nago.

 

oskar: Joan dela…? Kaka zaharra!

 

alex: Lurrunak dakarrena, lurrunak darama.

 

oskar: Ez hasi, mesedez…

 

alex: Eta gu biok zer? Momentu ederrak pasa izan ditugu elkarrekin. Ez al da hala? Esan, ez al da hala? Batzuetan nirekin pozik zinela ere sinetsi egin nuen. Hala zen, ezta?

 

(alex oskarren gainera botatzen da, besarkatu nahian. Tarte batean horrela badaude ere, oskarrek zatarki bultzatuko du alex.)

 

alex (etsipenak jota): Esan zerbait!

 

oskar: Behar bazaitut, badakit non aurkituko zaitudan. (Kanpora ateratzen da)

 

alex: Oskar! Oskar! Zaude! Zatoz! Oskar! Oskar!!!

 

(alexek bere burua lurrera botatzen du etsipenak jota. Negar zotinka hasten da. Tartetxo baten ostean erabakitasunez zutituko da. Lurrean dauden argitxoak eta girlandak soinean jarriko ditu berriz. Ardo botila hartuta Daviden estatuara hurbiltzen da.)

 

alex: Ez zenuen kanpora atera behar, ez. Xarmant zaude. Gainera, esan dizut, kanpoan kea baino ez da eta gu ez gaude lurrun minez bizitzeko prest. Azkenean, bakarrik gaude. Gu biok. Xanpainak kalte egin dizu, laztana. Ardo beltza edan behar izan dugu, zeure odola.

 

(alexek ardo botilatik trago luzea hartzen du. Musika hasten da. alex, takoidun zapata gorriak jantzita, bakarka dantzan hasten da, botila eskuan duela, tarteka edanez. Daviden estatua zegoen lekua argiztatzen joango da leunki. David beharrean, jesus ikusiko dugu, gorbata gorriarekin urkatuta.

alexek jesusen gorpuaren inguruan dantzan jarraituko du eta ardoa botako dio jesusen gorpuari, barre eta negar arteko dantzaldi eroan. Musika leunduz doa eta pitinka-pitinka iluntasun osoa.)