Sar Hitza
ehaze
Ganbila bildumaren helburuetako bat izan da, hasieratik, euskal sortzaile garaikideen ahotsa azalera ekartzea, liburuak dauzkan dohainak antzerki idazletzan dabiltzan ahots ugarien zerbitzura jartzea. Izan ere, asko eta sakon, zirtolari eta zorrotz dabiltza antzerkian hainbat egile dramaturgiagintzan, baina orain arte gutxi izan dira liburura iritsi direnak. Horren adibide argia izan daiteke Galder Perez.
Aktore, zuzendari, idazle, esatari… publiko aurreko jardunbide ezberdinetan ezagutu izan dugu liburu honen egilea. Kasu askotan irribarre bati lotuta oroituko dugu, umorea izan delako sarri bere obraren ardatza. Ildo horretan, ezin aipatu gabe utzi Ane Zabala adiskide, oholtza lagun eta bidaidearekin osatu duen ibilbidea. Txikira hordago egin izan dute biek, eta Euskal Herriko oholtza ugari zeharkatu dituzte, publikoaren konplizitatea erdietsiz. Atzera eginez gero paperean bakarka ez, baina lehenago ere heldu izan zaigu Galder Perezen testuak irakurtzeko aukera: Cafe Bilbao sari ezaguna irabazi zuen birritan, Eztenbako trikuak (2001) eta Krotos 2.0. (2003) lanekin, eta Teatro Laburreko Sariak 2001-2010 bilduman jaso zituen Artezblai argitaletxeak. Aurten hirugarren aldiz jaso du saria Lurrun minez testuarekin, eta 2020ko udaberrian zen estreinatzekoa, liburu honek argia ikustearekin batera. Lerro hauek idazteko unean koronabirusaren krisialdiaren ondorioz bertan behera geratua da hitzordua, baina aurrestreinaldia behintzat bai, egina dute La Fundición aretoan.
Antzerkigintzan, Gilkitxarorekin eginiko ibilbideaz gain, Galder Perez profesional oparoa dela ikusi ahal izan dugu, enkarguz zuzendutako lanetan. Ez hori bakarrik, idazle gisa beste aktoreek sarritan gorpuztu dituzte haren hitzak, besteak beste, liburu honek dakartzan Lurrun minez eta Morbus Operandi (liburu honetan, Off the record) obretan. Bi lan hauek eta Lau metrora testu antzeztugabearekin elkartuta osatu dugu esku artean duzun liburu hau. Hiru lanok ez dakarte egileari ezagutu izan diogun umore marka baina, era berean, egilearen kezkak islatzen dituen unibertsoa osatzen dute: homosexualitatea, zentsura, Mozal legea, kazetaritzako ustelkeria… umoretik sobera urrun ibili gabe, hala ere.
ehazeko edizio taldea osatzen dugunon ustez, Hiru geltoki lurrun liburuak aktualitateko gaiak dakartza paperezko oholtzara, euskal teatroko izen garrantzitsu baten lanaren lagina eskaintzearekin batera.