Hiru geltoki lurrun
Hiru geltoki lurrun
Galder Perez
Azaleko irudia: Gontzal Gutierrez
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
122 orrialde
978-84-17051-44-0
Galder Perez
1975, Bilbo
 
Hiru geltoki lurrun
Galder Perez
Azaleko irudia: Gontzal Gutierrez
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
122 orrialde
978-84-17051-44-0
aurkibidea
 

 

Trakatan-trakatan

 

Ane Zabala

 

      Oso gazte ginelarik lurrunezko trenean abiatu genuen bidaia. Bizitzan trena behin pasatzen omen da soilik eta hartu beharra dago, bestela, dena lurrundu eta zureak egin du. Lanbro artean gogoratzen badugu ere, ikastolan erakutsi ziguten teatroaren trena, euskararen eta literaturaren motor bezala. Gero ikasiko genuen benetan zer gehiagok osatzen duen teatroa. Garai horretan, literatur irakasleak gure antzerkirako zaletasuna eta pasioa ikusirik, Gabriel Arestiren antzerki lanak irakurtzea proposatu zigun. Baita erronka bota ere, antzezlana muntatzea. Ausardiaz hartu genuen trena. Orduan inor gutxik esperoko zuen berrogei urte bide berean emango genuela trenbide honetan aurrera.

      Bizitza bera pasioz eta plazerez hartu izan ditugu beti, baita teatroa ere. Bidaia honetan abiadura motelean gozatutakoa edo sufritutakoa eta leihoetatik ikusitakoa izan dugu hizpide. Literaturaren izen handi horien lehenengo testu haiek taularatu ostean, Galder idazten hasi zen. Taldearentzat espresuki eraikitzen zituen antzezlanak. Neurrira eraikitako soinekoak josten zituen: motza eta erosoa, edo xehetasunez beteriko soineko luzea eta panpoxa, nahiaren edo gogoen araberakoa beti. Ordutik hitza izan du lanabes.

      Aitortu behar dut liburua zabaltzen duen testu hau idaztea ardura handia dela niretzat, mugimenduan doan tren honetako bidaian lagun izan bainaiz, teklak ez baitira sekula nire ardura izan. Nik haren hitzak eta pertsonaiak gorpuztu izan ditut. Esaterako, zortzi begi izatearen aldarria egin dut lau dimentsiotako komedian, Karmele Fernandez praktika amaigabeetan dabilen kazetaria izan naiz, komunikazioaren inperioak gidatzen dituzten ezkutuko botereei erreparatu arte. Askotan komediazko trenean, baina irribarre deseroso edo mingarria eragiten duten pertsonaien azaletan beti. Tunel ilunetan bizi diren pertsonaiak agertokietako fokuen argitasunera eraman ditu Galderrek, kolore biziz batzuetan eta itzal handiz besteetan. Ameslariak ere izan dira lurrunetik argitara etorritako pertsonaia batzuk: Honolulu leku bat dela aldarrikatu dutenak, adibidez, edota adarretatik zintzilik bizitzea hautu egokia dela erakutsi diguten sasi-astronauta maitagarriak.

      Bidaiak ez du helmuga zehatzik, garrantzitsuena bidaia bera baita. Zenbat gozatu izan dudan hitzetik gorputzera doan bidean pertsonaiei bizia ematen; infinitu gehi mila gozatu dut. Existitzen ez diren zenbakiak asmatu ditugu: lehenengo Deustuko gaztetxean, Erriberako Blokin etxe okupatuan gero, eta Bilbo gaineko gure lokalean, Arbolantza auzoan, lantegi mekaniko langileen alboan ondoren. 80ko hamarkadan alderdi komunistak zinema aretoa eta batzar gela zituen lau pareten artean sortu genituen gure azken antzezlanak, Otxarkoagan. Agian, horregatik da politikoa gurea teatroa. Hormek hitz egiten badute ere, entzutea izaten da inportanteena, tunel ilunetako hotsak aditzea. Marx eta Lenin ere bertan biziko ziren, lurrunezko lau pareta horien artean. Batek daki nola iritsi ziren bertara. Gu Bilbo zeharkatuz iritsi ginen, trenbideak lotsaz bezala ezkutatzen dituen gure hiriak eragin handia izan baitu bidaia honetan.

      Azpiegitura handiek gure herria hartzen dute. Txikia bada ere, agintariek sinetsarazi nahi digute beharrezkoak ditugula, ezinbestekoak direla bidean jarraitzeko. Kulturak ere azpiegitura erraldoiak beharko ditu barrenak arrotzek okupatu ditzaten. Gure trenbidean azpiegiturak sinple bezain aberatsak izan dira. Galderrek idatzi, taldean irakurri, jolastu, entseatu, bilatu, sortu eta herriz herri, plazaz plaza, geltokiak bilatu eta tuneletatik ateratakoa erakutsi. Trena hartu eta Euskal Herria zeharkatu dugu. Ikusle bakar bati edota ehun laguni emanaldia eskainiz. Barre eginez, barrea eragiten, pentsarazten eta, batez ere, gure buruaz trufa egiten. Gureaz berba egin, geure burua taulan irudikatu; azken batean, abiadura pausatu.

      Hasieran lagun askok okupatu genuen bagoia: aktoreak, teknikariak, bertsolari psikologoa, idazlea, lau hankako zuzendari iletsu fina… Hamaika ginen. Geltokiren batera iritsi eta bertan lurrundu ziren batzuk, eta ondoren besaulkietan lagun handi izan dira beste batzuk, lurrunak magia bezala pertsonak eraldatuz. Trenak bere martxa hartuta dauka eta aurrera jarraitu dugu, hurrengo geltokian beste lagun bat gure zain zegoela jakinda. Hala ere, zigilu propioa duten pertsonaiak eta istorioak sortu ditugu, lurrunezko tren batek soilik eraman eta eraiki ditzakeen arimak.

       Oraingoan beste formatu batean dator sormena. Eskuotan duzu. Ukitu eta usaindu. Hiru geltoki dituzu irakurgai. Abiadura handiko trama hauekin gozatzea opa dizut, irakurle. Guk bidaia hori egin izan dugu eta aitortu dezaket sekula lurrunduko ez den plazerez betetako bidaia izan dela.

      Helmugara iristerakoan jakizu bidaia ez dela sekula bukatuko. Lasai egon, trena galduz gero, hutsartean deriban geratuko gara, lurrun artean bezala, eta etorri behar bada etorriko da hurrengo trena, drama, traka, algaraka.