Simplicissimus
Simplicissimus
Patxo Telleria
Azaleko irudia: Paradox
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
106 orrialde
978-84-17051-38-9
Patxo Telleria
1960, Bilbo
 
 

 

9. Gerron

 

GERRON: Nik zorte handiagoa izan nuen. Theresienstadt-era eraman ninduten. Holandan. Kontzentrazio esparru biguna izateko ospea zuen.

 

FINCK: Theresienstadt-en zuhaitzak zeuden, baratzea, orkestra sinfonikoa eta kabaret konpainia bat.

 

GRÜNBAUM: Munduarentzat erakusleiho bat zen; kontzentrazio esparruak toki abegikorrak zirela erakutsi nahi zuten.

 

GERRON: Asteazken arratsaldero kabareta irekitzen zen. Zergatik asteazken arratsaldez? Asteazkenetan goizero, presoz beteriko ganadu tren bat irteten zelako labeetara. Gaueko kabaretak goizeko min, beldur eta amorrua arintzen zuen. Askotan galdetu nion neure buruari preso kideei laguntzen ote nengoen ala borreroen lana errazten. Inoiz ez nuen galdera horretarako erantzun egokirik aurkitu.

 

(Itzalpean, gerronen kontzientziaren bi muturrak elkarren lehian.)

 

1: Nola egin dezakezu zalantza, Gerron? Ez al duzu bihotzik? Naturak eman dizun talentuarekin zure kideen tristura arindu badezakezu, zergatik ukatu?

 

2: Ez egin, Gerron! Zure artea zure herriarentzako opio bihurtuko duzu.

 

1: Nork irabazten du ez baduzu egiten? Libreagoak izango dira, errebeldeago, kontzienteago? Ez. Ordubeteko zoriona kenduko diezu, besterik gabe.

 

2: Ordubeteko engainua!

 

1: Beraz, triste egotea nahiago duzu?

 

2: Erne egon daitezen nahiago dut.

 

1: Erne zertarako? Errebelatzeko? Askatzeko?

 

2: Ez naiz hain baikorra.

 

1: Zertarako orduan? Zergatik ez diezu gozagarri bat eskaini nahi?

 

2: Gutxienez ez ditut nire eskuak zikinduko borreroen odolarekin.

 

1: Beraz, hori zen! Ez da preso errukarriengatik, zugatik da. Zure kontzientziaren garbitasunak axola dizu, ez zure kideen minak.

 

2: Kontzientzia da geratzen zaidan bakarra.

 

1 eta 2 (gerroni): Ez duzu ezer esan behar?

 

GERRON: Oso nekatuta nago. Gosea daukat, eta sukarra. Ezin dut gehiago pentsatu. Ez daukat indarrik.

 

1 eta 2: Guk hitz egin dugu jada. Orain erabakia zure esku dago.