Simplicissimus
Simplicissimus
Patxo Telleria
Azaleko irudia: Paradox
Diseinua: Metrokoadroka
2019, antzerkia
106 orrialde
978-84-17051-38-9
Patxo Telleria
1960, Bilbo
 
 

 

IZOZKAILUKO KABARETA 4

 

(patata eta kipula izozkailu zahar, zikin eta argindarrik gabeko batean bizi dira. Hala ere, ijitoen estereotipoari dagokion poztasun zoro eta zentzugabeko batez dantzan ari dira, ekialdeko buhameen musikaren erritmora.

Sirena hots batek eteten du dantza.

Hitz egiteko modua eta doinua ere oso estereotipatua da, karikaturaraino eramana.)

 

KIPULA: Ostia, zabor-biltzaileak datoz! Azkena marikoia!

 

(Korrika abiatzen dira, norabiderik gabe, lekutik alde egin ezinik.)

 

LATA: Nire kaduzitatea!! Begira nire kaduzitatea!

 

KIPULA: Falta zena!

 

LATA: Kipula! Begira nire ipurdia!

 

KIPULA: Hala, lata zikin zorriztoa! Esan ez dit ba ipurdia begiratzeko?

 

LATA: Ez zaitez tontoa izan, kojona, kaduzitatea irakurtzeko da.

 

KIPULA: Iraungitze data esaten da, paleto! Eta irakurri zuk.

 

LATA: Nik ezin dut.

 

KIPULA: Analfabetoa!

 

LATA: Ze analfabeto eta ze…! Hor atzean daukat eta ez naiz iristen. Begiratuko didazu, bai ala ez?

 

KIPULA: Potroetaraino naukazue denok, kojona! Ea, eman buelta.

 

LATA: Baina errespeta nazazu, e?

 

KIPULA: Ze errespetu ta ze errespetu, atxorrao! Dio: osagaiak...

 

LATA: Hori ez, tontolaba! Numerotxoak...

 

KIPULA: Aizu, badakizu oraindik duzula ipurditxo harroa? Bero-bero jartzen ari…

 

(kipula eta lata, barruko erresorte ezkutu bat balute legez hasiko dira berriro dantza eroan, buhameen musikaren erritmoan, lipar batez. Berehala bueltatuko dira lehengo tonura.)

 

LATA: A zelako bizioa daukazuna, zurea ez da normala! Begiratu data!

 

KIPULA: Hemen dio, 43ko urria.

 

LATA: Ostia, kadukatua! Eta zabor-biltzailea iristekotan! Lagundu!

 

KIPULA: Bai zera, guapo. Konpondu zaitez zu.

 

LATA: A ze bizitza zerria, dedio! Ze azkar pasatzen den dena!

 

KIPULA: Egia galanta, kojona! A ze existentzia absurdoa!

 

(patata agertuko da.)

 

PATATA: Ze eskandalu da hau, końo?

 

KIPULA: Zaborra!

 

PATATA: Intsultatu gabe, e!!

 

(Sirena entzuten da.)

 

PATATA: Ostia, zabor-biltzaileak!

 

KIPULA: Ze esaten ari nintzen ni, ba?

 

LATA: Eramango naute! Kadukatua nago. Eramango naute!

 

PATATA: Kipula eramango dute, geroz eta flakoago dago eta. Porrua ematen du.

 

KIPULA: Ba zuk trufa bat ematen duzu, zimel-zimel eginda!

 

PATATA: Ui, esan didana!

 

KIPULA: Eta tarantula batek baino begi gehiago dituzu.

 

PATATA: Ez dira begiak, kimuak dira, oraindik haurdun geratzeko sasoian nagoelako, ez beste menopausiko batzuk bezala.

 

KIPULA: Falta zena, zu haurdun geratzea, hau dena patatatxoz betetzeko, potroak ukitzen!

 

PATATA: Inbidia zikina duzuna. (latari) Egia da begi asko dudala?

 

LATA: Pilo bat.

 

PATATA: Aborta itzazu!

 

LATA: Kaka zaharra zuretzat. Alda iezadazu zuk kaduzitatea!

 

PATATA: Kaka zaharra zuretzat! (kipulagana doa) Kipula, zuk eta biok bizi izan dugunagatik, kendu begiok, horrela ikusten banaute eramango naute.

 

KIPULA: Bai, zuk nahi duzuna da ni eramatea, flakoa izateagatik.

 

PATATA: Flakoa zu? Nork esan du hori?

 

KIPULA: Zuk! Porrua ematen dudala esan duzu!

 

PATATA: Baina maitasunez!

 

LATA: Norbaitek alda diezadala kaduzitatea!!

 

KIPULA ETA PATATA: Ixo behingoz, astuna!!!

 

(Txistu hotsa entzuten da.)

 

ZAINDARIA (off): Lerroan!

 

(zaindaria agertzen da. barazkiak, beldurrak jota, lerroan ipintzen dira.)

 

ZAINDARIA (patatari): Zu! Pauso bat aurrera.

 

PATATA: Ze begi eta ze begi!

 

ZAINDARIA: Zer??

 

PATATA: Begira kipula ze flakoa den!!!

 

KIPULA: Ez naiz kipula flakoa! Porru lodia naiz!!!

 

PATATA: Gezur galanta! Ez du ezertarako balio. Ni lapiko batean oraindik goxo-goxo nago. Eraman ezazue bera!

 

KIPULA: Latak iraungitze data kadukatua dauka!

 

LATA: Putakumea!

 

PATATA: Hori ere egia da, gauzak diren bezala.

 

LATA: Duela oso gutxi kadukatu naiz. Oraindik jateko moduan nago.

 

PATATA eta KIPULA: 43ko urrian kadukatu zen!!!

 

LATA: Putakumeak! Eraman ezazue kipula, flako-flako dago eta. Edo patata, begiz josia dago.

 

PATATA, KIPULA eta LATA: Eraman ezazue hau!! Ni balekoa naiz oraindik!!!

 

ZAINDARIA: Isilik!!!

 

(kipula, lata eta patata tente jartzen dira, lerroan.)

 

ZAINDARIA: Gaur Garbitzaile Gorenaren urtemuga dela eta, hozkailuko atea zabalik uzteko asmoa genuen, aireztatzeko. Baina hainbesteko gogoa duzuenez, erretzera eramango zaituztegu.

 

PATATA, KIPULA eta LATA: Ez!!!

 

ZAINDARIA: Txantxetan ari nintzen! Ez duzue merezi, baina arnasa hartzen utziko dizuegu. Lerroak hautsi.

 

PATATA, KIPULA eta LATA: Eskerrik asko!!! Eskerrik asko!!! Eta gora Garbitzaile Gorena!!! Bizitza luzea berari!!!

 

(Izozkailuko atea ireki eta argitasuna sartzen da. barazkiak kanpora doaz.)

 

LATA: Begira zenbat argi!

 

PATATA: Egun ederra dago.

 

KIPULA: Eta ze haize freskoa. A ze gustua!

 

PATATA: Ez duzue sentitzen eguzkiak modu berezi batez distira egiten duela?

 

LATA: Eta airea garbiagoa da.

 

KIPULA: Garai berria datorrela ematen du.

 

PATATA: Esperantzaz beteriko garaia…

 

(Kanta.)

 

PATATA, KIPULA eta LATA:

      Zelaiak lorez janzten ari dira

      txoriak pozik kantari,

      hodeiak zeruan begira daude

      etorkizun berriari.

      Iturrietan ur kutsagabea

      egarriaren pozkari,

      izadia oro prestu esnatu da,

      gero garbi baten atari.

 

(Kanta aire lirikoan hasi da, baina pixkanaka martzialtasunera lerratzen da. Bukaeran martxa militar petoa da.)

 

GRÜNBAUM: Ez dut gogoratzen nolakoak ziren presozainentzat egin genituen eszena horiek, baina honen moduko zerbait izan zitekeen. Gogoan dut ez nintzela harro sentitzen. Baina hemen sartzean bazterrean uzten den lehenengo gauza, duintasuna da. Gogoan daukat ere antzezlana bukatzean, presozainen zoriona jasotzean sentitzen genuen arintzea. Beste egun bat gehiago biziko ginen.