R arrazarena
R arrazarena
Mark Twain
itzulpena: Mitxel Sarasketa
1988, narratiba
144 orrialde
84-86766-17-6
azala: Garbiñe Ubeda
Mark Twain
1835-1910
 
 

 

FILIPINETAKO
“JAZOERA”REN LABURPENA
[18]

 

      Ondareen balantzea egin behar dugu orain eta begiratu ea espekulazioarekin zerbait irabazi —edo galdu— dugun. Gobernua espekulazioan murgildu zen arrazoi finko zenbaitekin, zeina estrategia politikoaren ikuspegitik zuzen eta nahikoa eritzi bait zion. Hots: 1, bertan suposatzen zuen diru kopuruagatik; 2, Potentzia Mundial bat bihurtzeagatik eta Nazioen Familian antzenaldeko jarleku bat inguratzearren.

      2. puntua lortu dugu. Nazioen Familian atzenaldeko jarleku bat aseguratu dugu. Hori lortua dugu eta bertan diren apaindurez gozatzen saiatzen gara. Potentzia Mundial bat gara; inork ezin du hori ukatu, letoizko bat, merkea, xentimokoa, baina berdin dio, Potentzia Mundial bat.[19] Irla batzuk erosi dizkiogu beren jabea ez zen talde bati; nazio ahul bat benetako abileziaz eta interesik gabeko laguntasunaren irudi gozoaz tranpa batean erortzera eraman eta bertan itxi genuen; banderaren izarrak eta lerroak aurretik ohoreztatuak zituen ostalariaren kontra itzuli ginen bere beharrik izan ez genuenean, eta mendian landa jazar genuen. Artxipielago zabal baten jabeak gara nonbait, gure ondasuna bailitzan. Milaka irlatar baketu dugu, eta lurra eman diegu. Beraien lurraldeak birrindu egin ditugu, herriak erre, eta alargunak eta umezurtzak etxetik kanpo bota. Abertzale uzkurrak herbeste lazkarrira jaurti eta gainontzeko milioiak azpiratu ditugu Asimilazio Begitsuaz, zeina mosketoiaren izen piadoso berria bait da. Sulu-ko Sultan gure negoziokidearen hirurehun ohaide eta gainontzeko esklabuen jabetasuna eskuratu dugu, eta bandera horren pean jaso dugu gure harrapakinaren babesgunea.

      Eta horrela, Jainko ardura horiengatik —esaldia Gobernuarena da, ez nirea—, Potentzia Mundial bat gara. Eta pozik eta harro gaude eta badugu Atzenaldeko Jarlekua Familian. Apaindurekin gainera. Pozik eta harro gaudela adierazten dugu bederen. Modurik hoberena da. Modu bakarra da, alegia. Gure duintasuna mantendu behar dugu jendea begira bait dago...

 

 

 

18. Philip S. Foner, Mark Twain: Social Critic, International Publishers, New York, 1958.

19. Hemen oker zebilen Twain Amerika Nazioen Familian atzenaldeko jarleku baten xentimoko Potentzia Mundiala zela esatean, baina huts hori beste batean zuzendu zuen.