Hitzen ahairea
Hitzen ahairea
2018, saiakera
184 orrialde
978-84-17051-16-7
Azaleko irudia: Malen Amenabar Larraņaga
Gotzon Barandiaran
1974, Larrabetzu
 
2024, poesia
2023, antzerkia
2015, nobela
2010, nobela
2007, poesia
2004, poesia
 

 

Erbestetik herriminez

 

      Garai modernoan euskal kulturak ezagutu dituen urterik latzenetan erbestea bilakatu zen kantaleku eta kantagai. Aitzol, Lauaxeta eta Lizardi hilak ziren eta Orixe erbestean jazarpen politikoari itzuri. Jokin Zaitegik zuzendu eta Andima Ibinagabeitia zein Orixeren beraren laguntzarekin sortutako Euzko-Gogoa aldizkaria izan zen kulturgintzaren arnasari eutsi zion apurrenetakoa. Berebiziko garrantzia izan zuen Euzko-Gogoa-k 1936ko altxamenduaren aurreko kultur mugimenduaren eta 1960ko hamarkadako loraldiaren arteko zubi-lana eginez; zubi hauskor, erkin, estua, baina zutik mantentzeko nahikoa. Kopuruari eta kalitateari dagokienez, azpimarratzekoa da parte hartu zuten idazleen edota itzuli zituzten autoreen zerrenda. Bi garai izan zituen Euzko-Gogoa-k, bata Guatemalakoa, bestea Miarritzekoa. Bertan plazaratu zituzten euren lehen lanak, besteak beste, Gabriel Arestik, Jon Mirandek, Txomin Peillenek. Azken bi hauek, Euzko-Gogoa desagertu eta hiru urtera, 1962an, euren literatur aldizkari propioa argitaratu zuten: Igela.

 

      Parisen maiz elkartzen ziren Jon Mirande eta Andima Ibinagabeitia erbesteratua literaturaz jarduteko, eta haiengana ere biltzen ziren batzuetan Peillen anaiak. Ibinagabeitia, ordea, Ameriketara joan zen 1954an Jokin Zaitegiri (eta Orixeri) Euzko-Gogoa aldizkaria egiten laguntzera, eta Mirande goibel eta bakar samar geratu omen zen. 1962ko otsailean Txomin Peillenek Jon Miranderen adorea berpiztu zuen, Saint Germain boulevardeko 15.ean erredakzio bat ezarriz. Hantxe sortuko zuten “Igela — euskaldun heterodoxoen errebista”: aldizkari satirikoa, “propaganda politiko eta erlijiozkorik gabea”, hiruhilabetekari izateko asmotan. Pariseko zuberotar bukinista batek lagundu zien aldizkaria roneotipoz edo multikopiaz egiten, bigarren zenbakia lehenbailehen ager zezaten Ibinagabeitiak “dirulaguntza ederra” bidali zien Caracastik... eta berehala eskandalizatu ziren Euskal Herrian, Enbatakoak besteak beste.

 

Literatur Emailuak, armiarma.eus, 2002

 

      Ale gutxi plazaratu zituzten arren, ekarri zuten jarrera berriak —batez ere mugimendu politiko abertzaleei eta eliza katolikoari egiten zizkieten aurkako kritika zorrotzengatik— oihartzun handia izan zuen gerora uholdean kaleratuko ziren literatur aldizkarietan, zeintzuk, zalantza izpirik gabe, argitaletxeak sortu, egonkortu eta ugaldu bitartean, ezinbestekoak izan ziren euskal literaturaren garapenerako. Igela-ren heterodoxiatik edango dute geroko Ustela, Oh! Euzkadi, Pott, Susa, Korrok eta enparauek. Literaturak aldarri politiko eta erlijiosoen zamaketari izateari utzi behar zion uste osoa agertu zuten Igela-koek, gordin, zuzen.

 

      Zenbaitek ez diote gure Igelari barkatzen ur-benedikatu untzietako igel heietarik ez izatea. Frantsesek dioten bezala. Adibidez Enbata argitaratzen duten muthil zintzoek.

      Berriz ere erran behar dugu gure aldizkaria sorthu genduela Euskaldunen edo bederen euskal idazleen artean ohart emaiten genituen tabu ugarien erauztekotz, hala nola sexualitatearen ez aiphatzea, eliz-gizonen ez hunkitzea, euskaldun nazionalisten ideologia bakharra izan omen daitekela, kristau-demokraziari ez oldartzea, e.a.

 

Jon Mirande eta Txomin Peillen, “Igelak azken hitza bere”,
 in
Igela, 4. zbka., 1962

 

      Heterodoxia horrek eta hautu estetikoak, Miranderen misoginiak edo faxismoak ez bezala, idazle eta musikari asko erakarri zituen eta kantu sorta ederra dugu Miranderen poemekin ondutakoa. Besteak beste Oskorrik, Imanolek, Mikel Markezek, Niko Etxartek, Hertzainak-ek, edota Zaramak hautatu zituzten Miranderen poemak kantuak sortzeko. Sexuari kantatzeko lotsor agertu da euskal kantagintza, Miranderen poemetan oinarritutakoetan salbu.

 

Oianone! Oianone!

Gau hunetan zaitut ene;

larru legun eta zuri,

bular samur, sabel guri,

nire neska Oianone.

 

Ezti bakanez betea

zure matxantto maitea

urtzen zan ene ahora,

zabalik lore antzora

eta gozokiz betea.

 

Oianone. Jon Mirande, 1950 / Imanol, 1985 /
 Zarama, 1985 / Mikel Markez, 1997

 

      Erbesteaz berba egin gura eta Mirande gurutzatu zaigu, Parisen jaio, bizi, eta bertatik idatzi zuen euskalduna.

      Sorlekua uzteko arrazoi bat baino gehiago ezagutu dituzte euskaldunek, munduko osterantzeko migratzaileek ezagutu berberak, ziurrenik: jazarpen politikoa, gosea, bizimodu hobearen itxaropena, mundua ezagutzeko irrika, genero indarkeriak eragindakoa, hurkoa menperatu nahia... Eņaut Etxamendik saminez gogoratzen du bere idazlan guztien bildumako batean Ezterenzubi zelan hustu zen emaztez zein gizonez, Garazin bulegoa paratu zuen agentzia baten promesa faltsuek liluratuta. Emazteei, Parisen neskame lan duina agintzen zieten. Egiazki, puta lanetara derrigortuko zituzten. Dirutza ederren jabe itzultzeko doinuz limurtzen zituzten gizonezkoak. Nevadako basamortuetako bakardadean herriminez hilko ziren asko baino gehiago. Etxera itzultzeko fortuna nahikoa metatu ezinik bertakotuko ziren ez gutxi. Erbesterako bidea aurretik hartu zuten askok baserriak baino fabrikak hobetsi zituzten, liberalek karlistadak irabazi ondoren. Bizitza lurrari erabat loturik eman ostean iraultza industrialak ezarritako bizimodu berrira egokitzeko batere asmorik ez zutenak izan ziren Ameriketarantz porturatu ziren asko:

 

Gazte gaztetatikan

Erritik kanpora

Estranjeri aldean

Pasa det denpora;

Errialde guzietan

Toki onak badira

Baņa biotzak dio

Zuaz euskalerrira.

 

Agur Euskalerriari. Jose Mari Iparragirre, XIX. mendea /
 Patxi Andion, 1973 / Gontzal Mendibil, 1992

 

Denak utzi ta etorri nintzan,

lur au ikusi nai nuan!

Aritz tantayak, pago lerdenak,

nola ez izan goguan!

Oraiņ arzantzan Ameriketan,

arrantxo baten onduan,

eguna pasa larrian eta

jiratzen naizen orduan,

nere begiyak gozatzen dira

aldameneko ombú-an.

 

Ameriketako panpetan. Pedro Mari Otaņo, 1904 /
 Joxan Artze, 1980 / Txanbela, 1997 /
 Xabier Lete, 2001 / Zuhainpeko Soinuak, 2017

 

      Aldea dago 1936ko altxamendu faxistaren aurreko exiliotik ostekora. Bietan herrimina gai errekurrentea da baina badago alde aipagarririk ere. 1937tik aurrera jazarpen politikoari ihesi deserria ezagutu zuten idazleen testuak irakurriz gero, ia osoki Euskal Herriari buruz idatziak direla ohartuko gara. Apenas dakigu ezer atzerri horietan gertatzen ari denaz. Gerra ostean, ziurrenik, munduan zehar barreiatutako euskaldunek harremana ez galtzea izan zuten helburu idatziok, baita Euskal Herrian geratzea erabaki zutenek egoera irauli eta nazioarteak Franco boteretik egozten lagunduko zuen itxaropena ez galtzea ere. Idazle gehienek Euskal Herrian baleude legez idatzi zuten, gerran galdutakoaren neurria txikiagotu asmoz, apika.

      XIX. mendearen amaierakoetan zein XX. mendearen hasierakoetan, ostera, sorlekuan utzitakoarekin alderaketa egiteko izanagatik, atzerriko bizimoduaren eta gertakari garrantzitsuen berri helarazi ziguten. Gehienak hitz lauz sortu zituzten eta kantatzeko maneran ondutakoetatik gutxiegik iraun diote ahanzturaren galarrenari, baina gutxienez bertako egunerokoaren, jendearen eta paisaiaren berri eskaini ziguten.

      Francoren berrogei urteko diktaduraren osteko erbestea, kantagintzari dagokionez behinik behin, Joseba Sarrionandiaren poesiagintzari hertsiki loturik dago. Esango nuke Sarrionandiak idatzitakoek elikatu dutela egungo euskaldun askok exilioaren inguruan dugun imajinario kolektiboa. Esate baterako, Iheslariaren ekipaia poema, 1989koa: “Ez gara egundo itzuliko apika, itzuliko ginela / zirudien lekura, / itzuli nahi genukeen lekura, gure sorlekua / ez ezik, geu ere aldatuko garelako”. Poema hori ez da inoiz musikatua izan, baina bat baino gehiago dira kantu bihurtutakoak:

 

Joatea itzultzea da beti? Egundo egon

                  gabeko lekura itzuliko gara?

Eta itzultzea harantzago joatea

                                  besterik ez bada?

 

Geratzen denak betirako geratzen dela

                            pentsa dezake?

Ezinbestekoa da abiatzea eta

                      ailegatu ezinean geratzea?

 

Abiatzen dena ez da egundo inon

                                          geratuko?

Ala itzuliko da? Baina, itzultzen dena

      abiatu zen lekura itzultzen da ala?

 

Inongo lekuak. Joseba Sarrionandia, 1992 /
 Jexuxmai Lopetegi, 1994

 

      Deserria, sorlekua, itzultzea kantagai, Mikel Laboaren, Imanolen edota Ruper Ordorikaren kantuek biziki lagundurik, deserria eta itzulera zergatik bihur daitezkeen banaezin ulertu genuen.

 

Nekez uzten du bere sorterria

sustraiak bertan dituenak.

 

Sustraiak han dituenak. Joseba Sarrionandia, 1980 /
 Bittor Aiape, 1980 / Jexuxmai Lopetegi,
1994 / Mikel Laboa, 2005

 

Baina ni ez naiz itzuliko

Nora itzuliko naiz ba?

Non hemen bertan baino hobeto,

lekuz kanpo, zahartzeko.

Lekuz kanpo eta bakarrik,

inoren agurrik gabe.

 

Ez da itzuliko. Joseba Sarrionandia /
 Ruper Ordorika, 2006

 

      2013an Eņaut Elorrietak “Deserriko kantak” diskoa ondu zuen, osorik exilioari eta sorterriari eskainia.

 

Ni ez naiz Igorretan hilko,

hareatzan eroriko naiz

gerrako geziak lez.

Selban hobiratuko naute,

lehengusu eta lagunen

gutunez estalirik.

 

Geografia. Joseba Sarrionandia / Eņaut Elorrieta, 2013

 

Non dago nire herria?

Nigan dagoela? Hori da?

Nirekin joan eta etorri da.

Nirekin batera iritsiko da

nire herrira.

 

Non dago nire herria? Mario Benedetti /
 Eņaut Elorrieta, 2013

 

Iraganeko hura zara, eta gaur zaren hau,

baina ez tartean, absentzian izan zinena.

Nahiago dute joan ez zinela antzeztu,

inoiz joan eta itzuli ez bazina bezala.

 

Itzulera II. Lander Garro / Eņaut Elorrieta, 2013

 

      Arrazoi politikoengatik euren herria utzi behar duten pertsonen afera biziki larria da 2018 honetan ere, bai euskal herritarrei dagokienez bai munduko beste herrialde batzuetakoei dagokienean ere. Rafa Ruedak eta biok, gure saioetan behin eta berriro azpimarratzen dugu migrazioari buruzko iritzi arrazistak sendatzen laguntzeko ukendua dela gure kantagintza, gure musikagile nazioartekoenek kantatzen duten legez ez dezagun ahaztu “garai batean gure herria etorkina” izan zela.

 

 

KOLONIZAZIO KULTURALARI GALGA

 

      Kanta berrietara zaletutako gazteak, gure kanta zarrez gogaitu, aspertu egiten dira. Erri-kanta oiek, zinetakoen aldean, motzak, gexak, gatz-gabeak dirala, uste dute. Gure kanta zar asko gaiņera, musikaz ain bikain diralarik, oso itz arlotez jantziak dauzkagu. Nere iritxiz, euskal olerkariak lan au egin bear ligukete: lengo doņu zarrei, letra berria sortu, itz apaņagoak ezarri: gaurko gaztediari atsegiņago zaizkion maitasun-itzak erantsi. Onela gure kanta zarrak, soiņeko atsegiņagoz erakutsi. Orrez gaņera, kanta berriak sortu ditzagun. Au eresgile edo konpositore diranen lana dezu: ta Euskalerrian len ontan maixu diran asko ditugu. Sortu bitzate beaz urtero onelako doņu beri batzuek, erdal-aideak bezela, gure gaztean ezpaņetan zabal ditezen. Kanta berri auek, era danetakoak bear ditugu, bai euskal-usaidunak eta bai kanpo-aizedunak ere. Gaurko dantza aideak, tango, rumba, fox eta abar, erri guzietara zabaldu zaizkigu, ta gure apaiz-biotzak min artu arren, gure errian bota dituzten sustraiak ezin uka genitzake.

 

Nemesio Etxaniz, Kanta-kantari. Ordorika, 1951

 

      Kanta-kantari izeneko kantutegiaren hitzaurrerako idatzi zituen hitzok Nemesio Etxanizek. Aurreko mendearen erdialdean. Etxanizi kasu eginez gero, orduko euskal musikak ez zituen inolaz ere gogobetetzen garaiko gazteak. Askoz erakargarriagoak zitzaizkien batez ere Frantziatik, Ingalaterratik edota AEBetatik iristen zitzaizkien doinu berritzaileak. Atoan ohartu zen Etxaniz bertoko otxote, koru eta herri kantuen flakeziaz. Diktadurapean, gorputza askatzeko dantzamodu berrien gose zen euskal gazteria. Munduan arrakastatsu zena euskaraz ematea zela gakoa ulertu eta buru-belarri ekin zion Etxaniz apaizak letrak itzultzeari. Ez zituen publiko aurrean kantatu, ez zuen oholtzarik zapaldu, ez zuen diskorik argitaratu, baina gure ustean bera izan zen intelektualki euskal kantagintza berriaren bidea zabaldu zuena. Euskal kantagintza berriaren aitzindaria Mixel Labegerie izanik ere, kantagintzarekiko eta tradizioarekiko Etxanizek abiarazitako ikuspegi aldaketa funtsezkoa izan zen.

      Mixel Labegeriek zortzi kantu argitaratu zituen bi disko txikitan 1961 eta 1963an. Francoren diktaduraren urte gordinenetakoetan, gitarra eta ahots apalaren soiltasunez Gudari eskualdunaren kantua edota Piarres Larzabalek idatzitako Gazteri berria entzuteak berebiziko zirrara kolektiboa eragin zuen, batez ere, gazteen artean.

 

Aita, zer egin duzu eskuara maitea?

Erderan hazi duzu oi zure semea.

Ontasun ederrena aita batek galtzea.

Biotzean sartua dugu ahalgea.

 

Gu gira Euzkadiko gazteri berria

Euzkadi bakarra da gure aberria.

 

Kaskoin edo maketo ez dugu etsaia,

bainan eskual semea da gure anaia.

Hemen dela Espaņa, han dela Frantzia,

mugaren bi aldetan da Eskual-Herria.

 

Gu gira Euzkadiko gazteri berria

Euzkadi bakarra da gure aberria.

 

Gazteri berria. Piarres Larzabal / Mixel Labegerie, 1963

 

      Labegeriek lehen diskoa plazaratu zuenerako bazterrak hasiak zeuden lozorrotik inarrosten eta zortzi kantuko bere diskografia hark panfletorik argigarrienak baino ahalmen pizgarriagoa izan zuen. 1957an Txillardegik lehen euskal eleberri modernoa argitaratu zuen, Leturiaren egunkari ezkutua. 1959an, Txillardegi bera tarteko, ETA sortu zuten. 1963an Jakes Abeberrik, Ximun Haranek, Jean Louis Davantek, Piarres Larzabalek, Mixel Epherrek, Mixel Burukoak eta Labegeriek berak Enbata mugimendu politikoa sortu zuten, arlo askotako kideak baina bereziki gerora euskalgintzan eta kulturgintzan buru-belarri arituko zirenak bildu zituena, hainbat kantutarako letrak idatziko zituzten Manex Pagola edo Daniel Landart tarteko. Jorge Oteizak Quosque tandem argitaratu zuen, Aitzolek erreibindikatzen zuen gure Volksgeist edo berezko euskal arima hura berriz eztabaidara ekarriz. 1964an euskal literatura eta kantagintzaren norabidea aldaraziko zituen Harri eta herri publikatzea lortu zuen Gabriel Arestik. Gerra aurreko Euskal Pizkundearen su txikiak garra gorde zuen errautsen azpian eta garra gorantz zetorren, pindartsu.

 

 

ZERTARAKO BAT DUELAKO

 

      Besteak beste, poesiari zeregin bat aitortu ziolako da mugarri Gabriel Aresti, euskal poesia autokontzientziara esnatu zuelako: “Esanen dute / hau / poesia / eztela, / baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat / dela”.

      Pertsona eta idazlea bereizezinak direla aldarrikatu zuelako da fundazionala.

 

Pentsatzen dut nire izena

nire izana dela,

eta eznaizela ezer ezpada

nire izena.

 

Nire izena. Gabriel Aresti, 1964 / Rafa Rueda, 2013

 

      Euskal poesia erdal hirian kokatu zuelako ere izan zen berritzailea. Bere burua euskalduntzeari ekin zion Arestik hamabi urte zituela eta horrela frogatu zuen gerora “hizkuntza bateko idazle jatorra ez dela hizkuntza ‘era naturalean ikasita’ darabilena, baina bai ‘era naturalean ariko balitz bezala’ erabiltzeko nahikoa ofiziale on dena”, Koldo Izagirrek Harri eta herri-ren 2000ko argitalpeneko hitzaurrean dioen legez.

 

Gorbeiara joateko gutizia sortzen zait barrenean,

bertan organizatzeko euskeraren salbazioa,

baina hemen geratzen naiz,

kale arte honetan,

milagro baten zai,

egunero bizarra kentzeari uzteko

naikoa kurajerik

ez baitdut.

 

Bilbaoko kaleak. Gabriel Aresti, 1964 / Rafa Rueda, 2013

 

      Hizkuntzak, lurraldetasunak eta fedeak ezaugarritzen zuten euskal identitatea egokitu eta, jaungoikoarekiko sinesmena alboratuz, langile klaseari, euskarari eta zazpi lurraldez osatutako Euskal Herriari kantatu ziolako bihurtu zen abangoardia Harri eta herri. Nazio borrokari klase borroka gehitu ziolako.

 

Obrero eta nekazari leiala,

zuena ez da errenta liberala.

Diru zikinak putre motzak bezala

botatzen dizu gainera

hortxe bere itzala.

 

Gora ta gora beti. Gabriel Aresti, 1972 / Oskorri, 1976

 

Gitarrarekin aire berri bat

daramagu kantuz egun,

abesti libre eta leiala,

prestu eta noblezadun;

haren medioz zer garen, ongi

izan gaitezen ezagun,

herri langile nekazaria

hala defendi dezagun.

 

Guretzat. Gabriel Aresti, 1972 / Oskorri, 1976

 

Bizkaiko aberatsak

dira diruzale,

txerri-erosle eta

txorizo-saltzaile.

Dendaz bete dituzte

Bilbon zazpi kale,

inoiz ez dute eman

pausorik debalde,

burrukatzen baitute

diruaren alde.

 

Bizkaiko aberatsak. Gabriel Aresti, 1972 / Oskorri, 1979

 

      Elebitan argitaratu zuen Harri eta herri, halakoren batean, lan handien ostean. Ez Lizardik edo Lauaxetak legez euskaldunek uler zezaten, erdal hirikoek konpreni zezaten baino. Edozein euskaldunek ulertzeko modukoa zen Harri eta herri-ko euskara, euskara “klaroa”.

      Aurretik Nemesio Etxanizek edota Mixel Labegeriek egin zuten antzera —Ez Dok Amairukoen aurretik—, ahozko zein idatzizko euskal literatura ondo baino hobeto ezagututa berritu zituen poesia eta kantagintza Arestik. Bertso moldea aztertuta idatzi zuen bertso librea. Kopla zaharraren egituraren jakitun sortu zituen egun kantu-liburuetan “Herrikoia” sinadurapean sailkatzen ditugun hainbat.

 

Egun da Santi Mamiņa

benetan egun samiņa.

Goiko zeruan gorde dezala

luzaro neure arima

 

Itsas aldean izarra,

hari begira lizarra;

euskara salbo ikusi arte

ez dut kenduko bizarra.

 

Egun da Santimamiņa. Gabriel Aresti, 1964 / Mikel Laboa, 1966

 

Poeta naizen ezkero,

eztut zerurik espero.

Bederatzi kopla ditut,

lau zuhur eta bost ero.

 

Apur dezagun katea. Gabriel Aresti, 1964 /
 Mikel Laboa, 1966 / Joseba Tapia, 2006

 

San Simon eta San Juda,

joan zen uda

eta negua heldu da.

 

Ez baletor, hobe,

bizi gera pobre

eremu latz honetan,

ez gera hain onak benetan.

 

Ez dugu zaldirik,

ez gera zaldunak.

Ez dugu abererik

ez gera aberatsak.

Euskara guk dugu,

gu gera euskaldunak.

 

Urrillaren 28 egun. Gabriel Aresti, 1967 / Xabier Lete, 1969

 

      Katebegi izatearen kontzientzia sakon errotu zen 1960ko hamarkadatik aurrera gure kantari askorengan: Laboak, Letek, Lertxundik, Valverdek, Urkok, Amaia Zubiriak, Txomin Artolak, Pantxoa eta Peiok, Oskorrik, Imanolek eta enparauek, gure kantagintza tradizionala eta euren kantu berriak uztartu zituzten, zeina kopuru sano garrantzitsuan idazleen testuekin ondu baitzuten. Hiru Truku taldea gorpuztu zuten Ruper Ordorikak, Joseba Tapiak eta Bixente Martinezek. Fermin Muguruzak Kortatu, Negu Gorriak eta bere bakarkako ibilbidean bertsolaritza eta trikitixa naturalki txertatu ditu garaian garaiko soinu berrienekin. Mikel Laboaren kantuak euren rock doinuetara eroan zituen makina bat talde aurrerazalek “Txerokee” eta “Txinaurriak” bilduma kolektiboetan. Zazpi Eskalek, Karidadeko Bentak, Gu Ta Gutarrak-ek, aspaldiko bertso-moldeak erabili zituzten garaiko gaiei kantatzeko. Bertsolari modernoenek Xabier Leteren doinuak darabiltzate milaka lagun ere batzen dituzten plazetan.

      Baina iraungo ote du iturri zaharretik ur berria edateko jarrera horrek? Iraun behar ote du? Eta nola iraunaraziko dugu, bere horretan? XX. mendeko kantuetatik zenbatek balio digute egun, adibidez, genero ikuspegitik aztertuz gero?

      Galdera horiek eta gehiago izan genituen eztabaidagai 2014ko Eako Poesia Egunetan. Orduko hartan, Iratxe Retolazak eta Danele Sarriugartek, Gabriel Arestiren testuen eta Oskorriren ahaireen elkarreraginetik sortutako kantuek euskaldunon imajinarioan izan duten eragina genero ikuspegitik aztertzeko proposamena egin ziguten. Urtebete beranduago Zaldiarri bildumaren 6. alean Gizontzeko (andretzeko) garaia izenburupean plazaratu zuten hitzaldi hartatik galbahetutako hauekin osa daitezke zenbait erantzun:

 

      Izan ere, Arestiren poetika hainbat jardun kultural eta politikotan erabili da, behin eta berriro, eta bere horretan hartu izan dira Arestiren poemak zein leloak, genero ikuspegian inolako gaurkotzerik egin gabe. Hurbilketa honekin, beraz, agerian utzi nahi dugu imajinario kolektiboan erroturiko hainbat irudi, poema edo lelo arestiar birpentsatzeko beharra, edo berregokitzeko beharra.

      [...] Arestiren inguruko diskurtsoek sarritan maskulinitate literario-poetiko hori egonkortu besterik ez dute egiten, poesia soziala edo politikoa gizontasuna eraikitzeko adierazpide literario bihurtuz. Zentzu horretan, genero-bazterketari aurre egiteko, beharrezkoa ere bada poesia sozialaren definizioak eta moldeak (aitatasunak eta epikotasunak) izan ez daitezen politikoaz jarduteko bide poetiko zilegienak. Areago, Arestiren zenbait balore goraipatzean, genero ikuspegia ere kontuan hartzea komeni da, eta justizia sozialaren ikuspegitik herren non ibili zen gogora ekartzea. Ez ditzagun leloak bere horretan geure egin, gaurkotzerik gabe, pitzadurarik gabe.

 

Iratxe Retolaza eta Danele Sarriugarte,
Gizontzeko (andretzeko) garaia. HEA, 2015

 

      Saiakera honen hasieran azpimarratu legez, Retolazak eta Sarriugartek proposatzen duten berrirakurketa gutxienez XIX. mendetik gaur arteko idazleen eta musikarien arteko kantagintza osoarekin egin beharko genuke. Arazoa konpondu barik dugu. Amaia Lasak 1971n eskatu zuen birpentsatze hori:

 

Nereak ez diren

lurralde hauetatik

ihes egin nahi nuke.

 

Nereak ez diren ur hauek

alde batera

utzi egin behar ditut

 

Haitz sendoaren biribiltasunean

nire bizitzaren hitza

lortu nahi nuke

 

Biribiltasunean

sendotasunean

haitzaren gainean

a

e

i

o

u

berri bat esan nahi nuke.

 

A, e, i, o, u. Amaia Lasa, 1971 / Josetxo Goia-Aribe, 2007

 

      Ez zioten kasu askorik egin. Berbarako, ezelango musikarik ez zuen bere poemarik musikatu iragan mendean. Musikaezinak ote ziren? Kantagaitzak?

 

Jaungoiko guztiak ukatzen dituen

emakume bat naiz.

 

Atzo,

zeruko jaungoikoa ukatzen nuen.

Gero

infernukoa, eta

gaur,

lurreko jaungoikoa ukatzen dut.

 

Dotrina guztien aurka altxatzen naiz.

 

Atzo,

zeruko pekatari nintzen,

gero

infernukoa, eta

gaur,

lurreko pekataria naiz.

 

Hutsunean igeri dabilen emakume bat izaten naiz.

 

Jaungoiko guztiak ukatzen dituen emakume bat naiz.
Amaia Lasa, 1971 / Bihotz Bakartien Kluba, 2017

 

      Tere Irastortzaren poema bat kanturako moldatu zuen Amaia Zubiriak (Ikara da. “Egun argi hartan”, 1985). Arantxa Urretabizkaiarenik, inork ere ez. Joan den mendean, literaturari atxikitako kantagintzan emakumeak, protagonista baino bigarren mailako aktore dira ageri diren apurretan, beti zain, esperoan negarrez dauden sinbolo estatikoak. Zaintzarako eta umegintzarako baino ez dira aktibo. Paisaia baino ez den natura, kasurik hoberenean.

 

 

EUSKAL KANTAGINTZA BERRIA, BERRIZ ERE

 

      Mixel Labegeriek euskal kantagintza berria abiarazi eta atoan sortuko dira kantari berriak. Hildako poeten hitzak musikatuz edo bizirik dauden idazleekin elkarlan estuan, euskaldun askoren imajinario kolektiboa etengabe elikatu duten sinboloak sortuko dituzte bata bestearen atzetik.

 

      Ez Dok Amairu sortuko zuten Laboa, Lete, Lertxundi, Iriondo, Lekuona, Artze, Irigarai eta enparauentzat iparrorratza izan zen Labegerie, baina ez bakarra. Beste eragin asko izan zituzten, hala nola Herrialde Katalanetako Nova Canįķ, Frantziako Nouvelle Chanson, Hego Ameriketako kantautoreak (Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra, Victor Jara...) eta AEBetako edota Britainia Handiko folk eta rock gazteena. Aldarrirako kantua izango da nagusi 60tik 90era bitartean. Idazleek eta berauen testuak musikatzen zituztenak garaiko egonezin kolektibo guztien bozgorailu bihurtu ziren. Zentsoreen artaziak saihesten saiatuz beti ere, diktadurapeko Hego Euskal Herrian sinbolikoki, alegorien bitartez, eta malguago Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Kantuari zeregin argia atxikitzen zioten sortzaileek. Marc Biosca soziologo katalanak Haiek zergatik deitzen diote Euskal Herria eta guk Ithaka? saiakeran, zeinetan katalanek eta euskaldunok gure nazioari zelan kantatu diogun aztertu zuen, honela adibidetzen du:

 

      Kanta, bere sorreran batez ere, fronte oso baten zati bat baino ez da —hala zioten behintzat Letek, Lertxundik, Laboak eta beste batzuek ere—, era askotako kultur adierazpenen bidez nazio bateko kide izatearen sentimendua birsortzera bideratua zegoena. Euskal imajinarioa, bere errekreazio mitiko, hesi fisiko eta giza mugekin, indarrez ernatu zen mugimendu haren baitan. Kantautoreak bere gain hartzen zuen igorle-papera betetzeko erantzukizuna. Anplifikatzaile gisa betetzen zuen funtzio sozialak kontzienteki gainditzen zuen haren alderdi artistikoa. Letek zioen, Ez Dok Amairu taldeak honako helburua izan zuela: “kanta-mugimendu berri oso bat sortzea eta Euskal Herrian sortzen ari ziren kultur mugimendu guztiekin koordinatzea, hala alor poetikoan nola politikoan, ordura arte hutsik egondako eremu bat betetzera zetorren fronte berri moduko bat eratzea”.

      J. A Irigarai: “Guk geure herria orain eta hemen eraikitzera bideratuko ditugu geure indarrak, baita kantaren bitartez ere”.

      Peio Ospital: “Kantatzea borroka egiteko modu bat zen. Euskal kontzientzia suspertzeko mugimenduaren zati bat”.

      Eņaut Etxamendi: “Kexatzeari utzi eta haserretu egin behar ginen. Hor nahi nuen nik: haserrea sortu, haserreak gero matxinada dakarrelako berekin. Eta hori da askatasunerako bidea”.

 

Marc Biosca, Haiek zergatik deitzen diote
Euskal Herria eta guk Ithaka?
Alberdania, 2009

 

      1960ko hamarkadatik hasita euskaldunen imajinario kolektiboan eragin handiena izan zuen kantagintzak ezaugarri berdintsuak dituela dio Bioscak bere saiakeran: alde batetik, kantu herrikoien berreskurapena eta hedatzea; eta bestetik, idazleen eta musikarien elkarreraginetik sortutako kantagintza propioa. Iturri zaharretik ur berria edatea, alegia.

      Euskal kantagintza berriak nazio kontzientzia sortzeko ahalmena erakutsi zuen. Sinboloak sortu zituen eta sinbolo horiek gure imajinario kolektiboa elikatu dute, gogoan iltzatu zaizkigu, gure diskurtso politikoaren oinarria ere izateraino. Horra adibide goren Artzek idatzi eta Laboak musikatutako Txoria txori, askatasunaren eta bakearen sinbolo noranahikoa; horra aurrekari izan zuen Iparragirreren Gernikako arbola. Baina noiz arte? Baina zenbateraino? Ez Mikel Laboa ez Joxan Artze ezagutzen ez dituen mende berriko gazte euskaldunari zer sentipen pizten zaio “Hegoak ebaki banizkio / nerea izango zen” entzuteak? XXI. mendeko abertzale independentista batentzat zeren sinbolo da Gernikako arbola?

 

Gernikako arbola

Da bedeinkatuba,

Euskaldunen artean

Guztiz maitatuba.

Eman da zabaltzazu

Munduban frutuba;

Adoratzen zaitugu

Arbola santuba.

 

Mila urte inguru da

Esaten dutela,

Jainkoak jarri zubela

Gernikako arbola.

Zaude bada, zutikan

Orain da denbora,

Eroritzen bazera

Arras galdu gera.

 

Gernikako arbola. Jose Mari Iparragirre, XIX. mendea /
 Kontrapuntoak, 1963 / Patxi Andion, 1973 /
 Gontzal Mendibil, 1992 / Oskorri, 1999

 

Hegoak ebaki banizkio

nerea izango zen,

ez zuen alde egingo.

Hegoak ebaki banizkio

nerea izango zen,

ez zuen alde egingo.

 

Bainan, honela

ez zen gehiago txoria izango

Bainan, honela

ez zen gehiago txoria izango

eta nik...

txoria nuen maite

eta nik...

txoria nuen maite.

 

Txoria txori. Joxan Artze, 1969 / Mikel Laboa, 1974 /
 Etsaiak, 1995 / Gontzal Mendibil, 2007 / Floxbin, 2016

 

      Daniel Landartek eta Errobikoek sorkuntza artistikoa, kantatzea, iraultzarako beste tresna baten gisa aurkezten digute, Euskal Herriaren askapenerako bitarteko bat.

 

Badakigu bai, kantuaz beste,

nahi duela Herriak...

Bainan ez dira denontzat berdin

iraultzaren iturriak

Bakoitzak beraz, bere sailean,

ezar ditzala harriak...

Elkarren lanak, ongi uztartuz,

altxatzen dira etxeak!

 

Etxe batean, nork ez du maite

beti kantuz ari dena?

Baina kantua, ez da ez aski,

egin behar ere lana!

Gaurko kantu hau izan dadila

gure lekukotasuna...

Burruka gaiten irabazteko

Euskadin askatasuna!

 

Gure lekukotasuna. Daniel Landart / Errobi, 1977 / OST, 2011

 

      Daniel Landartek idatzitako kantu ia guztien eskema antzekoa da: azalpena, aldarria eta entzuleari eskari argia: zerbait egin behar duzu, ezin zara bertan goxo laketu, azkenetan gaude, hizkuntza eta lurra galduko ditugu, dena ebatsiko digute. Landartek berak honelaxe deskribatzen du letragintzan aritu zeneko garaia nola gogoratzen duen:

 

      Gero, Anje Duhalde eta Mixel Ducau izan ziren Errobi taldearen sortzaileak. Nik, harremanak, Anjerekin nituen bereziki. Olerki batzuk jarraituki ematen nizkion, abertzaletasuna eta langileria aipatzen zutenak, haiek baitziren nire kezkarik nagusienak.

      [...] Zinez atsegingarri zitzaidan idatzi nituen hemezortzi olerki Errobi taldeak kanta zitzan. Aitortuko dut halere, musika mota hura, hastapen hartan, franko berezia kausitzen nuela. Ni, aitaren kantuekin gelditua bainintzen eta rock estiloa ez bainuen hanbat ezagutzen. Baina aski aise jarri nintzaion, eta egia erran, preziatzen nuen Anjek eta Mixelek kantuen hitzak ongi ahoskatzen baitzituzten, musikarekin batera hitzak arras ongi entzuten eta ulertzen baitziren. Hizkuntza eta mezua, alabaina, garrantzitsuak zitzaizkidan. (Aldiz, geroztik sortu talde batzuk ez balute euskal rocka idatzia ukan, ez nuen asmatuko ere euskaraz ari zirenik). Hizkuntza eta mezua goraipatuz ez nuke musikaren balioa mendratu nahi.

 

Daniel Landart, Enbataren zirimolan. Elkar, 2013

 

      Errobikoak ditugu, Niko Etxartekin batera, euskal rockaren aita ponteko, besteak beste Itoiz-ekoek zein Hertzainak-ekoek aitortu legez. Haien hitzetan igar litezke Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoaren frantziarrengatiko turismoaren bitarteko kolonizazioa, langile klasearen aldeko deiadarra, euskararen eta euskalduntasunaren galeraren inguruko alarma eta Euskal Herriaren alde borroka egiteko deia. Ez alferrik, Daniel Landart, idazlea ez eze, politikari eta euskalgintza zein kulturgintzako militante engaiatua baitzen.

      Pantxoa eta Peiok kantu herrikoiez gain, Manex Pagolaren, Telesforo Monzonen edota Manex Erdozaintzi-Etxarten letrak ere interpretatu zituzten. Manex Pagolak, kantugintzari eta politikagintzari buruz galdeturik, zera ihardesten du:

 

      Galdera interesgarria. Hala ere, konplikatua, zeren bi gauza normalki arras ezberdinak dira politika eta kantugintza edo soinugintza... Bainan egia ere da bien arteko lotura, kantu/musika/olerki eta politikaren artean lotura hurbila egin daitekeela hala beharrean. Eta zendako ez, nik hala egin dutala batzutan? Ez beti beraz ez baitzen posible, ez baitzen behar ere, bainan egia da batetik bestera askotan ibili naizela. Zendako? Zeren eta aspalditik senditua nuen ene inguruko jendea politikako ideieri biziki arrotz zela, sozial gaiei ere, erran nahi baita ez zela hanbat axola sozialki gertatzen zenaz, ez baitzuen ere gogo moldaketarik hortarako. [...] Beraz kantuarekin eta musikarekin nahi ukan dut halere gehienetan jende horren bihotza harrapatu, hunki eta sendimendu batzu sorrarazi.

 

Manex Pagola, Bere kantagintza eta argibide zonbait. Elkar, 2016

 

      Komunitate bateko kide izatearen sentimendua dago Pagolaren gogoetan, hain zuzen, komunitate horri bere ekarpena egiteko gogoa. Ez du subjektu pasiboa izan nahi, ez du inoren nahietara bizi gura. Eragitea da asmoa: “Ta gu hemen Euskaldunak! / Gure borroka ez da galdua! / Gizonak bagara, / Posible dea / Denak hortan uztea!”.

      Iparragirrek herriz herri kantatu zuen 1877an: “Zuregatikan emango nuke / Pozik, bai biziya / Beti zuretzat il arteraņo / Gorputz eta anima guziya”.

      Lauaxetak 1935ean: “Orduan ozte-aldrea / aberri-minez kantari: / ‘Dana emon biar yako / matte dan azkatasunari’”.

      Martiritza, entrega totala, herriaren alde, askatasunaren alde. Gizontasunaren froga ukaezina. Eta sentimendu hori lortzeko, letrak aratza behar du izan eta doinua sarkorra. Herria sortzaileari barik, sortzailea bera da Herriari engaiatzeko eskatzen ari zaiona.

 

Euskadi odoletan dute herrestatu

Ezpata ukalditan puskatu!

Gu Euskadiko semek, hor behar ixildu,

Maitatzea omen da bekatu!

Ez, euskalduna, ez! Ez gaiten ba lotsatu!

Ulitsak lehoina aurtiko du!

 

Kanta zak euskalduna

Kanta zak hire herria

Kanta zak euskalduna

Hire aberria!

 

Kanta aberria. Manex Pagola / Pantxoa eta Peio, 1975

 

      Sortzailea eta konpromisoa, aldiro-aldiro errepikatzen den eztabaida, garaian garaiko testuinguru historikoaren arabera eraldatuz doana. Nola azalduko ote du Itxaro Bordak hogei urte barru zerk eraginda sortu zuen Omaha berri kantua? Jadanik borroka armatua utzia zuen ETAko presoei zuzendutako kantua da?

 

Bakea bakea hor dugu.

Damua damua hor dugu.

Gertatu zenaren aldera.

Barkatu barkatu barkatu.

 

Omaha berri. Itxaro Borda / Beņat Axiari,
 Joseba Irazoki, Julen Axiari, 2017

 

      Edo sinpleki gure herria astindu duen gatazka politiko-armatuari buruzko barne gogoeta dela erantzungo dio elkarrizketatzaileari?

      Diskoaren liburuxkak dakarren azalpenak arrastoren bat dakarkigu:

 

      ...non ere ametsak bizitzari buruzko iparrorratz poetikoaren antzera arratzartzen diren, non oroimena ez den ukatua...

 

Beņat Axiari, Joseba Irazoki, Julen Axiari, Bas(h)oan. Elkar, 2017

 

      Manex Pagolak honela erantzun zion Kanta aberriari buruz galdetu zionari:

 

      Pixka bat aberriaren muina azaltzeko sortu nuen kantu hori, esplikatuz nola ikusten nuen denbora hartan, beste jende ainitzek bezala, Euskal Herria.

 

Manex Pagola, Bere kantagintza eta argibide zonbait. Elkar, 2016

 

      Agurtzane Ortiz Lopetegik Manex Erdozaintzi-Etxarti buruzko biografian argiro laburbiltzen ditu poetaren helburuak:

 

      Erdozaintzik helburu zehatza zuen: herritarrengandik zetorren eta zuzenduriko poesia egitea. Baina horrek badu arrisku bat: poetaren helburuari lehentasuna ematea, poetikotasunaren printzipioen gainetik. Eduki herrikoiak landu nahi izateak eta herritar xumeenak ere ulertuko lukeen idaztankera erraza eta argia erabiltzeak idatzi literarioaren poetikotasuna murritz dezake, edo erabat desagerrarazi, olerkigintza doktrinario, militante eta iraultzaile hutsa eginez, ņabardurei edo baliabide estilistiko poetikoei lekurik egin gabe.

 

Agurtzane Ortiz Lopetegi, Manex Erdozaintzi-Etxart,
herriaren poeta
. Elkar, 2010

 

      Arestik esan legez, herriaren ahotik debalde jasotakoa herriari debalde emateko poesia. Erdozaintzi-Etxartek, garaikide zituen poeta eta letragile gehienen gisa, politikaren eta sorkuntzaren arteko barne gatazka bizi zuen. Batetik, bazekien neurri politikorik gabe nekez biziraungo zuela euskal kulturak. Bestetik, jabetzen zen poetikotasunarentzat politikakeriekiko askatasuna eskatu beharra zegoela. Sortzailea eta konpromisoa, literatura eta iraultza, lubakietarako lur emankorra.

      Telesforo Monzonek ez bide zuen arriskurik ikusten eta mezua beste guztiari gailendu zekion idatzi zituen Pantxoa eta Peiok zabaldu zituzten kantuak: Itziarren semea, Batasuna, Ikastoletako ereserkia, Txikia, Aita kartzelan duzu, Irabazi...

 

Aupa gizona, jaiki mutil!

Atzar emazte ta neskatil!

Borrokarako dei egiņaz

Irrintzi bat dabil!

 

Euskal Herria diagu zai,

Presoak eta hilak ere bai!

Abertzale izan ezkero gaur,

Gauden denok anai!

 

Batasuna. Telesforo Monzon / Pantxoa eta Peio, 1975

 

      Kantu horien mezuak, mamia, milaka euskaldunen iparrorratz ideologikoa izan dira zenbait hamarkadatan, zenbatezinezko manifestazio, elkarretaratze, kaleko liskarretan kolektiboki oihuztatu direlako, edota kanturako zaletasuna gal ez dadin plazaratu ditugun kantu-liburu guztietan ageri direlako.

 

Lepoan hartu ta segi aurrera,

lepoan hartu ta segi aurrera.

 

Gazte bat aurrean aurkitu dugu

lore gorriz beterik kolkoa

Burdinen artetik ihesi dator

euskal gaztediaren oihua.

Mutilak, eskuak elkar gurutza

ekin ta bultza

denak batera,

Bidean anaia erortzen ba zaik

lepoan hartu ta segi aurrera!

 

Lepoan hartu ta segi aurrera. Telesforo Monzon /
 Pantxoa eta Peio, 1975 / Etsaiak, 1994

 

      Egun ere ez da izango kantu-lagun edo kantu-jirarik, Monzonek sortu eta Pantxoa eta Peiok interpretatutako abestiok ausarki abesten ez dituenik. Tortura entzun eta Itziarren semea erantzun, dena bat.

 

Itziar-en semea; hori duk mutila!

Nihor salatu baino naiago du hila...

Harro egon litake Maji neskatila,

Ezpetxetik jali ta joanen zaio bila!

Maji neskatila, hori dun mutila!

Nihor salatu baino naiago du hila!

 

Itziarren semea. Telesforo Monzon /
 Pantxoa eta Peio, 1975

 

      Kantu molde horren beste adibide paradigmatikoa Kalera, kalera pieza da, urtetan —eta oraindik ere— Monzonek idatzia zela uste izan dena, baina benetan Imanol Urbietak eta Josu Txapartegik 1976an sortua, klandestinitate giroan, egiletza aitortu gabe (aspalditik paretan esekita dago jatorrizko partitura Zarauzko Arrano elkartean; bidenabar esanda, partitura horretan kantuaren izenburua Amnistia da, ez Kalera, kalera). Oso-oso berandura arte ez zen diskoan argitaratu, baina ahoz aho ederto batean transmititutako kantua izan zen. Ahoz ahoko transmisio horren ondorioz, kantuak izenburu ugari jaso izan ditu: Borrokalari kalera, Zain dago ama, Hator, hator... Diskoetako errepertorioetan egon barik ere, zuzeneko kontzertuetan sarritan eta berrikitan interpretatu ohi den kantua da —Su Ta Gar-ek (2008) edo Gatibu-k (2014) kasu—, interneten dauden bideoetan ikus daitekeenez. Zenbat bider kantatu ote da lagunartean, elkarretaratze publikoetan?

 

Kalera, kalera, borrokalari kalera,

kalera, kalera, borrokalari kalera,

hire indarraren beharra diagu

gure indarrarekin batera

hire indarraren beharra diagu

gure indarrarekin batera.

 

Kalera, kalera. Imanol Urbieta, Josu Txapartegi, 1976 /
 Hesian, 2013 / Fermin Muguruza, 2013

 

      Asmoz eta jarreraz, jendeak kantatzeko abestiak dira, nazioa eta klase borroka erreibindikatzeko. Galtzaile izatearen kontzientzia sano nabarmena da, baita etsipenari amore ez emateko deia ere. Andoni Tolosa Morau kantugileak antzeko ezaugarriak dituzten kantuen aditzei erreparatu zien Gara egunkarirako zutabe batean (“Agintera”, 2016-08-04). Zergatik daude horrenbeste aginterazko aditz gure kantutegian?

      Xabier Letek Euskal kanta berriei begiratu bat goiburupeko artikulua plazaratu zuen Oarso aldizkarian, 1971n. Leteren obra osoa, poeta zein kantari gisa, zeharkatzen duen kode deontologikoa da:

 

      Gauza baten aurka egonen naiz beti: kantari baten edo artista baten lana funtzionaltasunaren aldetik bakarrik estimatua izatearen aurka, alegia.

      [...] Kantari bat ezin liteke “honako egoera hontan” “halako pentsamolde edo postura” baten altaboz hutsa izan. Ez dakit kantaria herriaren serbitzurako izan behar dela esatea ondo dagoen ala ez; baina nola nahi ere, serbitzutasun hori ezin liteke hiru edo lau ideia edo iritziren, hiru edo lau gairen repetitze bezala ulertu.

      [...] Ez gintezke, beraz, funtzional hutsak izan, nahiz eta batzuek horrela uste. Batzueri entzunaz, badirudi kulturaren martxa guzia berek jotzen duten txilibituaren aginduetara jarri behar dela. Herriak “honela” edo “horrela” nahi omen duelako, noski. Bai; nola ez. Herriaren borondatea interpretatze hontan jende pizkor asko dabil inguru hauetan. Baina kantariak ere herri gera, Herria dira, bai eta ere, herritasun berarekin, euskaldun tontoena edo listoena. Baina biok ez dute arrazoi berdina.

      [...] Hala ere, oraingoz orain pikotara joan ez gaitezen bide bakarra geratzen zaigu: beti gu eta beti hemen, lanean ahalik eta jatorren jarraitu.

 

Xabier Lete, “Euskal kanta berriei begiratu bat”, in Oarso, 1971

 

      Sorkuntzaren izateari eta egitekoari buruzko argitasun hori bere euskalduntasun eta abertzaletasunarekiko duen barne borroka zaurgarriarekin bizi izan zuen Letek. Herria maite eta gorrotatu egiten zuen, euskaldunei mira eta herra zien era berean.

 

Euskalerri nerea, ezin zaitut maite

Baina non biziko naiz zugandik aparte!

 

Euskalerri nerea. Xabier Lete, 1968

 

      Joxan Artzeren antzera, poesia existentzialistatik poesia mistikorako bidea egin zuen Letek eta bizitzaren misterioei buruzko poemen okerreko erabilerak luzaro sufriarazi zion. Izarren hautsa kantuaren letra bitan aldatu zuen ezker abertzale independentistak borrokan segitzeko ereserki legez kantatzen zuelako: “Gu sortu ginen enbor beretik / sortuko dira besteak”.

      Internazionala langile klasearen munduko ereserkiaren ahaireetan konposatu zuen Mikel Laboak Martxa baten lehen notak izango zena eta Joxan Artzeri eskatu zion ez Internazionalak legez kolektiboari erreparatzeko, ezpada pertsonen arteko elkartasuna iradokiko zuen letra asmatzeko.

 

Batek goserikan diraueno

Ez gara gu asetuko

Beste bat loturik deino

Ez gara libre izango.

 

Martxa baten lehen notak. Joxan Artze / Mikel Laboa, 1980 /
 Morau, 2000 / Oreka TX, 2006 / Mikel Urdangarin, 2011 /
 Pier Paul Berzaitz, 2011 / Iheskide, 2012 /
 Herri Oihua, 2012 / Aire Ahizpak, 2014

 

      Eta herriak, Internazionala kantatzen zuen eran kantatzen zuen, langile klasekoen arteko ereserki gisa. Eztabaida gehiago sorrarazi zituen bikote berberaren Zilbor hesteak-ek.

 

Bi kate;

Biak ebaki beharrezkoak

bat gorputzaren bizitzeko

bestea gogoaren askatzeko.

 

Zilbor hesteak. Joxan Artze / Mikel Laboa, 1969 /
 Bap!!, 1990 / Aire Ahizpak, 2014

 

      Ama biologikoaz ari da edo ama Euskal Herriaz, hau da, aberriaz?

      Zentsurak behartutako sinbolismorako joerak eta egoera hiperpolitizatuak kutsatutako giroan arnasa hartzeko zirrikitu gutxi zituen gure kulturgintzak. Ortodoxia nagusi zela gogoratzen dute gaur, orduan gazte ziren idazle eta musikari askok. Errana dugu, kantuek sekulako indarra dute sinboloak sortzeko eta sinboloekin errazago lortzen da hunkitzea, eta hori ondo dakite kultura politikaren zerbitzuan erabili ohi dutenek.

      Kantua herria askatzeko, kantatu herria zerbitzatzeko. 1975ean karrikaratu zen disko bati buruz ari gara, Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kide fusilatu zituzteneko giroan sortutako kantuez, Franco hil zen urte bereko askatasun goseaz.

      Bi urte lehenago, Joxan Artzek sano argi adierazi zuen zergatik eta zertarako kantatu:

 

zure askatasunagatik

borrokatzen banaiz

kantatzen badut,

 

[...] libre behar zaitudalako baizik

 

zure askatasunean

zure zorionean ez ezik

ez baitut neurea

beste inun ikusten

 

Zure askatasunagatik. Joxan Artze, 1973 /
 Benito Lertxundi, 1974 / Sen, 2002

 

      Imanol Larzabalek ere musikatu zuen Zure askatasunagatik izenburu bereko beste testu bat 1979an, Mikel Arregik idatzia (kantu horretako errepika-lerro batek eman zion albumari titulua: “Sentimenduen hauspoz”), baina hor askatasuna beste testuinguru kontzeptual batean aipatua da: “zure askatasunagatik”, “zure pozagatik”, “zure freskotasunagatik”... hau da, “zuregatik, maitea, / zuregatik bakarrik”. Disko hartan bertan, eta Mikel Arregiren beraren berbak ahotan, Poeta kaxkarra kantuan zera aitortzen zuen:

 

Ni poeta kaxkar bat naiz

eta kolore urdinez

eskribatzen dut gauez,

desio irrixtakorrak

itsuturik doaz ihes

gauaren leize-zulora,

mundua azpikoz gora,

dena jartzen dut aldrebes.

 

Poeta kaxkarra. Mikel Arregi / Imanol, 1979

 

      1976ko “Herriak ez du barkatuko” bilduman, Imanolek berak, bere hitzetan, Zergatik kantatu? erantzun zien zalantza berbera lekarketenei. 1969an Michel Etxegaray ezizenez diskoak plazaratzen hasi zenetik aldean zeraman galdera Imanolek. 1968an kartzelatu egin zuten. Bertan sortu zuen bere lehen kantua.

 

      Uste nuen beharrezkoa zela horretan segitzea, gauza asko behar zirela, jendeak ez zuela kontzientziarik, hori esnatzeko kantuak egin behar ziren eta horregatik hasi nintzen, behar politiko bategatik hasi nintzen.

 

Imanol Larzabal, in Pako Aristi,
Euskal kantagintza berria. Erein, 1985

 

      Behar politikoek sortzailea gehiegi estutzen zuten garaian idatzi zuen Gabriel Arestik Egia bat esateagatik, zentsuraren eta autozentsuraren kontra, alde guztietako kritiken kontra, sortzailearen askatasunaren alde. Gabriel Arestik eragin itzela izan zuen ondorengo hainbat eta hainbat sortzailerengan, eta poeman aldarrikatu zuen jarrerak izan zuen zerikusirik eragin horretan.

 

Egia bat esateagatik,

alabak

hil behar bazaizkit,

andrea

bortxatu behar badidate,

etxea

lurrarekin

berdindu behar bazait;

Egia bat esateagatik,

ebaki behar badidate

nik eskribitzen

dudan

eskua,

nik kantatzen

dudan

mihina;

Egia bat esateagatik,

nire izena

kenduko badute

euskal literaturaren

urrezko

orrietatik,

inoiz,

inola,

inun

eznaiz

isilduko.

 

Egia bat esateagatik. Gabriel Aresti, 1964 / SS-77, 1990 /
 Mikel Markez, 1994 / Mikel Aranzabal, 2006 / Rafa Rueda, 2013

 

      Eta ausartuko gara esaten eragina ez zuela soilik idazleengan izan, kantariengan ere izan zuela isla jarrera horrek. Horra, besteak beste, Benito Lertxundi. 1974an Zure askatasunagatik kantatzen bazuen, 2002ko “Nere ekialdean” sortan Doris Plenn-en berbak moldatu zituen behin eta berriz errepikatzeko: “Zergatik utzi behar ote diot, zergatik utzi kantatzeari?”.

 

Nere bizitza, munduko arranguren

gainetik, amaiezinezko

kantu batean, airos doa

nere bizitza kantu batean.

Zergaitik utzi behar diot,

zergaitik utzi kantatzeari?

 

Zergaitik utzi kantatzeari. Doris Plenn / Anne Warner, 1964 /
 Benito Lertxundi, 2002

 

      Pete Seeger-ek famarazi zuen kantu hori ez da Benito Lertxundik bere ofizioaren zertarakoak eraginda konposatu zuen azkena. Mikel Laboak 1980an plazaratu zuen “Lau-bost” disko bikoitza hasteko erabilitako poema berbera hautatu zuen Lertxundik, 2008an, “Itsas ulu zolia” diskoko lehen eskaintzan: Kantuz izenekoa. Laboak bere kantugile ibilbidearen lehen laurdenean kantatu zuelarik, helburu finkatze gisa uler genezake kantua. Lertxundik bere kantugile ibilbidearen azken-aurreko igerialdian hautatu zuen, berrespentzat edo, zergatik ez, epilogotzat:

 

Kantuz sortu naiz, eta kantuz nahi bizi,

kantuz igortzen ditut nik penak ihesi,

kantuz izan dudanian zerbait irabazi,

kantuz gostura ditut guziak iretsi;

kantuz, ni bezalakoak, hiltzia du merezi.

 

Kantuz. Jose Mendiage, XIX. mendea / Mikel Laboa, 1980 /
 Benito Lertxundi, 2008 / Kalakan, 2010 / Mixel Etxeberri, 2018

 

      Denboran jauzia eginez, 2006an, Koldo Izagirrek idatzitakoa bere egin eta autoafirmazio ariketa bat proposatu zigun Joseba Tapiak “Real Politik” diskoko Etorbide profesionala argigarrian:

 

Joko dut karu, joko dut merke

eta ez daukanak behar banindu

joko dut pozik musu eske.

Nola ez dut joko?

Joko dut hauspoak eman arte

baina inoiz ez dut joko

ez dut joko inoiz maite ez banaute.

 

Etorbide profesionala. Koldo Izagirre / Joseba Tapia, 2006

 

      Eskertuko genuke inoizko baldintzarik kaskarrenetan, inoizko babes sozial eta instituzional gutxien duten garaiotan, kantugintzan ari direnek antzeko gogoetak proposatuko balizkigute. Nori idazten dio 2018ko poetak? Zertarako jendaurrean kantatu?

      Galderok inork erantzuteko airean utzita, hariari berriz heldu eta gatozen iragan mendeko 1970eko hamarkadara. Oskorrikoek —Natxo de Felipek esana— itzelezko boikota pairatu zuten Gabriel Arestiren letrak musikatu zituztelako. Aresti, orduan, espainolistatzat zuten ezkerreko independentistek eta, noski, eskuindar elizkoi abertzaleek ere ezin zuten inolaz bat egin komunista usaineko jendearekin.

      Jazarpena lehen diskoa plazaratutakoan bukatu ei zen. Urtebete lehenago hildako Gabriel Arestiri eskainitako “Gabriel Arestiren oroimenez” diskoa osorik poetaren hitzekin osatu zuten. Hor hasi zuten Oskorrikoek 45 urtetik gorako historia, euskaldunon imajinario kolektiboan betiko iltzatuta dauden kantu bilduma paregabea utzi duena. Despedidea 2015eko azaroaren 22an izan zen, Bilboko Arriaga antzokian. Zuzeneko emanaldi haren grabazioa da “Hauxe da despedidea” diskoa. Bertatik entzun ditzakegun Guretzat, Emazurtz jaio nintzen, Sautrela, Aita semeak, Gora ta gora beti, Euskal Herrian euskaraz edota Bizkaiko aberatsak gutako milakaren izatearen ezinbesteko parte direla esatera ausartuko nintzateke. Gu kantu horiekin ere hazi eta hezi gara, gure identitatearen mami dira, gure identitatea euskarari eta lurraldeari atxikita dagoen heinean. Kasik kantuen besteko luzea da Oskorrikoekin lan egin duten idazleen zerrenda: Gabriel Aresti larraipatuaz gain, Xabier Amuriza, Joxe Austin Arrieta, Koldo Izagirre, Jon Sarasua, Harkaitz Cano edota Unai Elorriagari eskatu zieten euren ahaireak berbez gorpuzteko.

      Eta ez da laburragoa bai euren disko ia guztietan zein The Pub Ibiltaria egitasmoan kantutegi herrikoia berreskuratu eta herrikideekin zuzenean konpartitzeko egin duten lana, gure ustean, euskal kulturgintzarentzat, bere adierazpide guztietan, estrategikoa dena. Euskal kulturarako dirua bideratzen zen sasoian errape joriei sutsuki oratu izana leporatu izan diote taldeari batek baino gehiagok. Bere diskografia arean ezagutzen duenak atoan erantzungo du herrikoia deritzogun kantutegia jaso, eguneratu eta zabaltzen beste inork baino ahalegin handiagoa egin zuela taldeak, prekarietatean bizitako urte latzenetan ere. Gehienetan, alegia.

      Jarduera horretan ildo berberetan sakondu zuen Imanolek ere, idazleen testuak musikatzen, herri kantua laudatzen, hasierako kantuaren funtzioarekiko iritzia eguneratzen:

 

      [Paco Ibaņezek] Inoiz ez zizkidan kritika zorrotzak egiten, zeren hasten ari den batentzat holako kritika zorrotzak botatzea txarra da, orduan, hariak ematen zituen, zergatik hau ez, zergatik hura ez, eta hor konturatu nintzen nere letrak bai, borondate handikoak zirela eta beharbada egia handiak esaten nituela baina kantagintza ez zen hori, kantagintza zen lehendabizi poemagintza eta gero musika elkar loturik.

 

Pako Aristi, Euskal kantagintza berria. Erein, 1985

 

 

SORKUNTZAREN LIBERTATEAZ

 

      1975ean sortu zuten Koldo Izagirrek eta Bernardo Atxagak Donostian Ustela aldizkaria. Lehen alean ekarri zuten geroko literatura eta kantagintza ulertzeko ezinbesteko manifestua: Ez dezagun konposturarik gal, halere.

      Manifestu hark izan zuen garrantzia eta eragina hausnartzerakoan, bat gatoz Beņat Sarasolak Bainaren belaunaldia libururako ondorioztatu zuenarekin:

 

      Panpina Ustelan argitaratu zen Ustelako eta, oro har, literatur aldizkarietako testu garrantzitsuenetako bat: Ez dezagula konposturarik gal, halare. Euskal literaturaren baitako literaturaren autonomiaren aldarri lehenengotarikoa eta indartsuenetakoa dugu, batez ere lerro honengatik: Zeren literaturak bai bait du bere dinamika propioa ta berezia. Alabaina, hasieratik azpimarratzen zuten Atxagak eta Izagirrek literaturak, autonomia horretatik, gizartean eragin eragiten zuela. Hori nola artikulatzen zen zirriborratu zuten gainera testu hartan: Literatura bait da herriaren boza: gizarte-aldaketan lagungarri denez, beste Euskal Herri baten lorketa lagundu behar du euskaldunon literaturak. Laguntza hau exkasa ta ahula izanen da, noski, literaturak, zerbait aldatzekotz sentsibilitatea aldatzen bait du, ta ez besterik.

 

Beņat Sarasola, Bainaren belaunaldia. Labayru, 2015

 

      Literatura dioelarik, eroan edozein kultur adierazpenetara eta berdin balio lezake eztabaidarako. Zeri erantzun behar dio sormen lanak? Zerekiko du konpromisoa sortzaileak?

 

      Hori da, literaturaren funtzioari buruz idazleak esan dezakeena ez da hain inportantea. Idazleak hizkuntzaren eta munduaren argitze kritiko batzuk egingo dituela espero dut. Ez dogmak eta ez erretolika, ez egoera politikoari buruzko deklarazio arruntak.

 

Joseba Sarrionandia, in Bost idazle
Hasier Etxeberriarekin berbetan
. Alberdania, 2002

 

      Hasier Etxeberriarekin izandako elkarrizketaren txatal bat da. Antidogmatismoari buruzko gogoeta, baina, Potten sasoitik datorkio, Atxagaren literaturarekiko ikuspegitik, ziur asko. Kartzelan zelarik idatzi zuen 1985eko Ni ez naiz hemengoa saiakera-egunerokoa. Bertan daude Sarrionandiarengan bereizgarria den gogoeta-praktika-gogoeta-praktika jardunbidea ulertzeko gako asko. Hasi Ez dezagun konposturarik gal, halere manifestuaren sasoitik eta Pott Bandaren zein ondorengo urte luzetan ere, manikeismoaren eta satanizazioaren sasoian bizi da sortzailea, are gehiago euskalduna eta zer esanik ez euskal preso politikoa dena. Satanizazioaren argudioa:

 

      Manikeismoa eta satanizazioa, bidenabar, burmuineko egituretan ondo erroturik dugu, berezko giza joera da. Eta bide horretatik, bihotzeko bide galdu horretatik, ez da inora joaten, imajina faltsoen behelainoetan galtzera baino. Hau da, mesfidantzara eta libertateak suntsitzera.

 

Joseba Sarrionandia, Ni ez naiz hemengoa. Pamiela, 1985

 

      Ni ez naiz hemengoa sortu zen sasoian, ETAko kidea zen Sarrionandiaren ahotan, Euskal Herrian giroa oso ideologizaturik zegoen, “diskurtso maximalista nahiko autistekin”. Frankismopetik atera eta ume-denboran jasan zituzten nazional-katolizismoarenak bezala beste dogma batzuk finkatzen ziren, marxismoaren bidez, abertzaletasunaren bidez. Joseba Sarrionandia marxista sentitzen zen baina ez marxista dogmatiko, abertzale sentitzen zen baina ez dogmatiko, ez arrazoiaren jabe. Orain jarrera haien ondorioa ikus daiteke, “horrenbeste urtetan ezer konpontzeko gauza izan ez diren alderdi politiko fosilduetan”, idazlearen beraren berbak erabiliz. Liburua idatzi zen garaia eta egileak bizi zuen egoera muturrekoa ulertuta hel gaitezke liburuaren abiapuntuan dagoenera: bestela pentsatu behar dira gauzak, umiltasunez, zalantzaz, kontraesanak ametituz. Eta horixe trasladatzen du formara, forma fragmentario batzuetan inpresionista horretara:

 

      Euskalduna ez da sekula izan imajinazioaren aldekoa, imajinaziorantza etorria. Euskaldunak ez du imajinazioa habitatzen. Euskal artea eta euskal literatura, euskal pentsamendua bera bezala, abstraktuak eta laburrak dira.

 

Joseba Sarrionandia, Ni ez naiz hemengoa. Pamiela, 1985

 

      Euskaldunon imajinarioari, euskaldunon pentsamenduari osatu bakoa deritzolako ematen ditu ezin kontatuzko idazle, pentsalari, ikerlari, apaiz, kantuetako pertsonaien izenak. Gerora etorriko ziren Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak eta Hezurrezko xirulak poema bildumek ere, berretsi baino ez dute egingo Joseba Sarrionandiak literatura aurrez aurre ezagutu zuen egunetik literaturaren aldarte horren aurpegia duela laket, eta uste dugu, okerrik ezean, beti izango duela beste batzuek egindakoaz jakin-mina. Egundo abandonatu ez duen, beti aldean eroan duen poetika da, literaturaren bidez mundua ulertzeko manera:

 

      Jarri leihotik begira, milaka pertsona pasatzen dira paretik. Begiratu hilarri hartara, biziak baino askozaz gehiago dira hildakoak, eta guzi horiek izan dute bizitza, sentimenduak, ideiak. Askok norberak baino askozaz interesgarriagoak. Orduan, begibistakoa denez, askozaz gehiago da ikastekoa eta irakurtzekoa norberak egin dezakeena baino.

 

Joseba Sarrionandia, Ni ez naiz hemengoa. Pamiela, 1985

 

      Aurrekoaren ildotik, bi izen nabarmentzen dira gehien liburuan: Roland Barthes eta Jon Mirande. Literatura eta pentsamendua, bata lapurtarra eta bestea “zuberotarra” Parisen. Zergatik? Paradoxagatik beharbada. Roland Barthesena gauzak begiratzeko modu bat da, gauzen aldea eta bestaldea bilatzen dituena, hain zuzen, Sarrionandiak liburuko entseguetan proposatu asmo duena. Jon Mirande ere paradoxengatik, bizar-labana aho-soinutzat hartu zuen neskato politaren irribarrearena gogoan. Bestalde, euskal idazle klasikoak-edo irakurrita, Axular esate baterako, lengoaiaren ederraz aparte zer? Sarrionandiari interesgarria egiten zitzaionetik, ezer gutxi; Orixek ere, euskaraz aparte, ezer gutxi. Zintzotasun, fede, kristautasun gehiegi, aukeran. Eta geroko ezkerreko iraultzaileek, kristauen hamarrez gainera beste bi edo hiru manamendu gehiago obeditu beharrez, zera baino zintzoago. Sarrionandiaren gusturako, euskal literatura, literatura zintzo eta aspergarria zen Jon Mirande agertu arte. Sarrionandiarentzat literaturak inkorrekzioak behar ditu eta Jon Miranderekin dibertsioa aseguratuta dagoela iruditzen zaio.

      Joseba Sarrionandiaren idazkeran eta literaturarekiko jarreran arean luzatu gara, gehien musikatu den idazleenetakoa delako, XX. eta XXI. mendeko idazle eta musikari askok behin eta berriro erreferentetzat aitortzen dugulako, bere letraren batekin osatutako kanturen bat dakarren diskoak berehala jasotzen duelako komunikabideen eta zaleen arreta. Lagun eta ezagun ditudan idazle zein musikarien arteko tertulietan behin baino gehiagotan entzun izan dudan esaldia hona ekarrita, “Sarriren letra bat kantatu duena lasai hil daiteke”.

      Beste batzuekin batera ekarri zuen hizkera poetikoaren berrasmatzeak idazleen testuekin lan egiten duen kantagintzaren berrasmatzea ere ekarri zuela esango nuke. Baina bidean sasi eta otalore asko izan dituztela ezin ukatu.

      Marjinalak ziren orduan gaur estimatuak direnak. Bernardo Atxagak Bilbora egin zuen, Ustela aldizkaria Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoriaren esku utzita, eta Pott Banda eta aldizkaria sortu zituen Joseba Sarrionandia, Ruper Ordorika, Joxemari Iturralde, Jon Juaristi eta Manu Ertzillarekin batera. 1975eko manifestuan aldarrikatutakoa poesiara ekarriko zuten Atxagak lehenik 1978an Etiopia plazaraturik; Joseba Sarrionandiak gero, Izuen gordelekuetan barrena bildumarekin, 1981ean.

 

      Esperantzaz —eta baita xalotasunez ere— beteriko garai batean (1978an) argitaratu zuen bere kasa Bernardo Atxagak liburu txiki, eder, eszeptiko eta ironiko bat, Etiopia. Gure kulturaren establishmentak jaramon handirik egin ez bazion ere, eragin berezia ukan behar zuen obra hark, esan bailiteke gure egungo poesian dabilen joeren aniztasuna eta noranahiko asmoa, ahalegin pertsonal hari zor zaizkiola.

      [...] Etiopiak abanguardia ekarri zuen, transgresioa, irudiaren nagusia, marginalitatearen edertasuna... Poeta gazteagoen aldarri eta eredu izan zen aldi berean, belaunaldi berriek behar zuten modernotasun literarioa. Etiopia eta haren harea Arestiren harriari kontrajarri izan zaio. Ez dut esanen interpretazio zilegizkoa ez denik, baina harria bera harea-ale aunitzez sortzen baita, azken finean zentrorik ez dagoela digu adierazten harriaren hondartzeak. Eta horixe izan zen modernotasun berriaren ekarririk eraginkorrena: zentroak pluralak direla.

 

Koldo Izagirre, Errealitatearen arbola hitzaldia, 2000

 

      Izuen gordelekuetan barrena liburuaren berrargitalpeneko hitzaurrean, Joseba Sarrionandiak honela azaltzen du sasoi hura:

 

      Gaztea nintzen, eta beste askok bezala, labirintoaren sarrera bilatzen nuen, ez labirintoaren irteera.

      [...] Liburu hau, beste asko bezala, Ordena Poetiko baten proposamena zen. Ordena Politiko erreal gogaikarri haren aldamenean, balizko komunikazio espazio literarioaren labirintora haztamuka sartzea, bestelako hizkera batekin, bestelako edertasun, etika eta harreman batzuen bila.

      [...] Modernitatea eta kosmopolitismoa, kultura eta hipertestualitatea proposatzen ziren, gure sustraiekin batera. Baina sustraiak, ordurako, guk lepoan generamatzan.

 

Joseba Sarrionandia, “Bigarren ediziorako sartaurrea”
in
Izuen gordelekuetan barrena. Pamiela, 2014

 

      1980an, Ruper Ordorikak “Hautsi da anphora” diskoa plazaratu zuen, ia osorik Atxagaren Etiopia liburuko poemekin osatua. Disko horrek aro berri bat ireki zion euskal kantagintzari, bai estetikoki bai letrei dagokienez, oso lotua potteroek Bilbon bizi zutenari, Juan Carlos Egillorren azalak salatzen duen eran. Euskalduna ontziolako keak belztutako Bilboko zeru hitsa, espainiera nagusi den hirian mundua euskarari ekarri nahia, irudien mozkorraldi bat, marjinatuekiko hurbiltasuna adierazi nahi duen collage erraldoia.

 

Herdoilaren tristeziarekin batera,

ziutate honen soinekoa udazkenetan lanbroa da;

eta bere sabaia laino baso bat,

non bizi den ilargiaren badaezpadako agonia.

Eta kalatxorien habi eskaleen sakelak,

eta sukalde proletarioaren argi urdinskak

murraila erraldoiaren begi gauero.

 

Herdoilarena. Bernardo Atxaga, 1978 / Ruper Ordorika, 1980

 

      Ulertezinak diruditen poemak dira Etiopia-koak. “Zeri buruz ari ote da?”, galdetzen genion gure buruari liburua hogei urte geroago irakurri genuenok. Arrotza eta era berean hurrekoa. Urrutikoa eta ezaguna. Gu Ruper Ordorikaren diskotik iritsi ginen Etiopia-ra eta “Hautsi da anphora”ra Hertzainak-en zuzenekoetatik. Rocka, folka eta kantautoreak jaun eta jabe ziren garaian. Musikalki ere sekulako zirrara eragin zigun. Hor ageri dira Angel Celada baterian, Jose Dufourg baxuan, Xabier Egidazu biolinarekin, Joseba Erkiaga flautan, Oskorritik eszedentzia hartuta zebilen Bixente Martinez gitarra elektrikoa, gitarra akustikoa eta mandolina jotzen, Xabier Olloki piano eta teklatuetan eta Hertzainak taldeko Josu Zabala soinu handia jotzen. Euskaldunekin batera euskaraz ez zekiten musikariak, jazzean aritzen zirenak, klasikoa jotzen zutenak, folketik herri kantagintza birsortzen ari zirenak. Ordura arte kantautore bati egozten zitzaizkion ezaugarriak hankaz gora bota zituen Ordorikak bere lehen diskoarekin eta ia osorik Atxagaren poemekin taxutzeak batasuna, homogeneotasuna eman zion, irauteko sendotasuna, atenporalitatea.

      Bigarrenarekin ildoa sakondu egin zuen Ordorikak. “Ni ez naiz Noruegako errege” diskoan dago potteroen hizkera poetikoaren berrasmatzearen gailurra:

 

Negua heldu zen azkenez eta

antzarrek V bat egin zuten zeruan,

dispensariotan antitristezi pildorak

banatu zituzten ugari

Ejiptoko zazpi izurriteren edizio

ugaldu eta korrejitua usmatuz;

zoriona gramoka saltzeari ekin

zioten trono aingeru eta kerubinek;

bertute kardinalek igotze desnaturala

eman zuten Erromako boltsan,

mila liburu erregalatu zituzten bankuek

Ora eta bereziki Labora lemapean;

baina alferrik zen berandu dabiltza

ez dute ezer lortuko honez gero,

palazioak lurrera doaz gartzeletako

hormak pitzatu egin dira,

eta gu libro gabiltza kaleetan tirantezko

galtza laranjaz jantzirik, libro libro.

 

Berandu dabiltza. Bernardo Atxaga, 1978 / Ruper Ordorika, 1983

 

      Bigarren disko horretarako kantatuko ditu pottkide zituen Joxemari Iturralderen eta Bernardo Atxagaren letra bana, eta Joseba Sarrionandiaren beste bi, bat Izuen gordelekuetan barrena poema liburukoa, eta bestea aurretik liburuan argitaratu gabeko Galtzetan gordetzeko koblak.

 

“Egun enauzu neu etorri

Alberto Caeiro baino” erraiten zautan

Fernando Pessoak, eta mintzaira nahasiz

eta lokarrigabez irauten zuen solasa.

 

Alberto Caeiroren bisita. Joseba Sarrionandia, 1981 /
 Ruper Ordorika, 1983

 

Hau izuen gordeleku eta belar hitsena

hau malkoen katedrala gizaseme hutsena

hau eremu bezperage biharamun motzena

hemen datza gorpu bizi herri bat izan zena.

 

Galtzetan gordetzeko koblak. Joseba Sarrionandia /
 Ruper Ordorika, 1983

 

      Mundu paralelo baten deskribapena dirudi diskoak eta bestelako mundu baten guraria ere bai. Testu horiek kantatu ahala gehiengotik aparte sentitzen ginen, harro gutxiengoan.

      Ordurako Imanol hasia zen herri kantuak eta idazleen testuekin sortutakoak gitarra soila ez bestelako instrumentuekin jorratzen, jazza, folka eta rock progresiboa uztartzen.

 

Ez nau izutzen negu hurbilak

uda betezko beroan

dakidalako irauten duela

orainak ere geroan

nolabaitezko kate geldian

unez uneko lerroan

guztia present bihurtu arte

nor izanaren erroan.

 

Ez nau izutzen negu hurbilak (Neguaren zai).
Xabier Lete, 1981 / Imanol, 1982 /
 Mikel Laboa, 1985 / Xabier Lete, 1991

 

      Txomin Artolak ere banda oso batekin musikatzen ditu rock/folk/country eran Walt Whitmanen edo Gotzon Alemanen poemak “Belar hostoak” eta “Ttakun ttakun” diskoetan.

 

Baserriko ate zabalak irekiak eta prest daude

uztaileko belar-igarrak mantso doan orga betetzen du

nabarra eta berde nahasi artean, argia jostari

eta hango sapaian, besatarak pilaka.

 

Baserriko ate zabalak. Walt Whitman /
 Txomin Artola, 1978

 

      Beste iruditeria bat dakarte potteroen kantuek, lurrari eta itsasoari lotua baino, hiriari eta labirintoari atxikiagoa. Animaliak ezlekuetan ageri dira, natura lekuz kanpo dago hirian.

      Itoiz-en bigarren diskoa, “Ezekiel”, disko kontzeptuala izan zen, bizi zen garaian, bizi zen gizartean lekurik aurkitzen ez zuen mutil gazte baten istorioa, The Who talde ingelesaren Tommy rock opera dakarkiguna gogora. Juan Carlos Perezek esana da eurek hasierako urteetan ez ziotela batere garrantzirik ematen letrei, garrantzitsuena ezbairik gabe musika zela. “Ezekiel” diskorako, ostera, Joseba Alkalderi eskatu zioten disko osoaren letrak idazteko (handik sei urtetara argitaratuko zuen Alkaldek lehen eta oraingoz azken poema liburua: Babiekaren hotzikarak; Susa, 1986). Alkalderen idazteko manerak Etiopia-ren eragin nabarmena du eta hala ikusten dugu Ezekiel gaztearen egonezina, irudien errenkada batean, Herdoilarena edo Berandu dabiltza-ko collage hartan legez:

 

desafinatzeke nahasirik gabe

jadanik agure itxura eutsirik

gauaren pareta “sprai”atu duzu

hamazazpi urteak

hamazazpi zuri dira ezekiel

mingotzaren merkromina ezekiel

eter labur bat zara

hari single bat zara

betiko

eremuko dunen atzetik dabil

zulo urdin guztiak miatu ezinik

eta euri zitalari esker bizi da

 

Ezekielen prophezia. Joseba Alkalde / Itoiz, 1980 /
 Ruper Ordorika, 2013 / TikTara, 2015

 

      “Ezekiel”en osteko diskoetan letrei garrantzi handiagoa ematen hasiko dira Itoiz-ekoak, euskal pop talderik ezagunena bihurtu zen garaian, eta Bernardo Atxagarekin harreman iraunkorra izango dute.

 

Orain herritik mutil bat falta da

ez dago inor bere etxeko leihoan

baso ilunetan dabil hegaletan

txantxangorriak bezala

Orain ba du bihotz nimino bat

eta bi hegal bi hegal euriz bustiak

Bularra du ere gorri kolorekoa eta

eta txantxangorria da

Txantxangorria naiz

baso ilunetan

bete zait ametsa.

 

Hegal egiten. Bernardo Atxaga / Itoiz,
1985 / Bronze, 2013 / Ero, 2016

 

      Sorkuntzaren eta sortzailearen autonomia edo askatasunean sakondu gura zuen ildo berean, Nemesio Etxanizek 1951n aldarrikatutakoa eguneratzeko deia luzatu zieten idazle eta musikariei Jakin-ekoek. Mezukeriaren aurka, sortzaileei itolarria eragiten zien giro politizatuegian arnasa poxi bat hartzen uzteko deia. Kantagintzaren autonomia, sortzeko askatasuna.

 

      Eta aurrerantzean zer?

      Gure herria bizimolde berritan abiatu nahirik denez, euskal kanta ere bide berri bila hasi beharrean aurkitzen da. Hasia da jadanik. Orain artean, hitzak izan du garrantzia kanta berrian: hitzak erabaki ohi zuen euskal kanta zein zen, mezuaren funtzioan bide zegoen kanta. Musikaren kaltetan sarri. Hemendik aurrera, kantaren hedadura guztiak hobeki zaindu beharko dira. Esan nahi bait da, hitzak, doinua, interpretazioa eta jendearen aurrekoa.

      Orain arteko berdinkeria edo uniformismoaren aurka, kantagaiak, kantamotak eta kantaldiak desberdinduz, diferentziatuz, aberastuz joan beharko dute. Herri prozesoan murgildurik, eta hori potentziatzen egon nahi badu. Erresistentzi abesti hutsez ezin gaitezke konforma, abagadune berritan: biziera osoaren adierazgarri behar du kantak, gai ugariagoak kantara ekarriz. Publikoaren aurrerako formula berriak aurkitu behar ditu kantariak: badago eredurik munduan eta gure tradizio herritarrean.

 

“Editoriala”, in Jakin, 4. zbka., 1977

 

      Ordurako batzuek hartua zuten erabakia.

      Baina oraindik aldarri kantuak indar handia erakusten zuen. Kantaldi politikoen aro loriatsua 1979 aldera amaitzen bada ere, aldarri kantuak bere bidean sendo jarraituko du.