Bertako idazle baten letrak
Andoni Tolosa Morau
Ez dek ondo idazten, motel / den-dena ulertzen zaik, / hori edozeinek egingo likek, / edozer idatzi, eta edozer modutan, / bi peztako hitz jokoak edo anekdotak, / grazirik ez duen surrealismoa, / ez die serio hartuko, horrela ez hoa inora, / hik behar dekena, hau dek behar dekena, / bertako idazle baten letrak, / hi google-era joan, ta jarri euskal poetak, / asko zerek eta oso finak, / hik bilatu hitzek ez direnak arinak, / anabasa, deserria eta horrelako hitzak, / sekula ez telebista edo pizza, / enkarguz ere egiten omen dizkie hire doinuaren gainean, / gaur bialduta bihar bertan gauean, / edukiko dek zerbait hermetikoa, / sakona, iluna eta poetikoa, / aho zabalik utziko dituk entzule eta kritikoak / izkiriatu, karrika eta holako hitzak, / sekula ez alkandora edo fitxa, / ez daukak ezer galtzeko, hurrengo diskan egintzak proba, / bertako idazle baten letrak, / bertako idazle baten letrak.
Kau Kori Kura, “Gaur ni, bihar zu”, 2018
Ez da beti dirudien bezain dirdiratsua kantugileen eta idazleen arteko harremana, askotan deseroso, gehienetan korapilatsu... Elkar konpontzera behartutako anai-arrebak bezala jarduten dugu musikariok eta idazleok, gehienetan. Eta ez da ofizioen arteko ezinikusiak eragindakoa, ezta gutxiagorik ere, badira arrazoi funtsezkoagoak harreman hori baldintzatzen dutenak.
Kantuaren eta poemaren arteko tentsioa da lehenengoa. Genero bezala oso ezberdinak dira bata zein bestea, sorkuntzatik beretik. Zer pentsa lezake, adibidez, kantua ezagutu ez eta, bestelako klabe kulturalik gabe, Artzeren Txoria txori lehen aldiz paperean irakurtzen duen euskara-ikasle literaturazaleak? Ez al zaio irudituko, euskaldunon ereserki ez-ofizial hori, balio literario gutxiko testutxo erraz eta gatzik gabea? Baina, era berean, zer pentsatuko du ikasle musikazaleak, kantu baten bila abiatu eta, haren bestelako erreferentziarik gabe, Gabriel Arestiren Josepa Mendizabal Zaldibian poema, letania errebesatu eta “free” samarra bihurtuta topatzen duenean Imanol Larzabalen ahotsean? Une batzuetan entzutea ere zaila gertatzen den kantu luzeegi, nahasi eta eroegia gertatuko zaio, eta ziurrenik lanak edukiko ditu baita kantua osorik entzuteko ere.
Biak dira kantu, bietan gertatzen baita alkimia arraro hori, non hizkuntza musikalak eta literarioak bat egiten duten, espresioan, intentzioan, intentsitatean. Jakina, lehenean erakargarri, on eta eder den guztia (entzunerraz), da krudel, zakar, mingotsa, bigarrenean (entzungaitz). Hala eskatzen zuen kantu bakoitzak, hala eskatzen zuen kantuaren testuinguru kultural eta sozialak, idazlearen asmoak, musikariaren gogoak... Garai oso ezberdinetako alabak dira biak, eta ederki erantzuten diote “betebehar” horri. Bata amesteko dago, bestea zirikatzeko, bata bakeaz ari da, bestea gerraz. Baina batek lagunartean kantatzeko balio du; besteak, berriz, ez. Beraz, ez da harritzekoa, lehenak sekulako arrakasta “publikoa” edukitzea; bigarrena, berriz, adituen bazka bilakatu da. Baina ezin da ukatu, artistikoki, biak ala biak direla literatura eta musika modu bikainean ezkondu daitezkeenaren adibide. Alde horretatik, Gotzon Barandiaranek liburu honetan aipatzen duen tesietako baten adierazle dira. Alegia, idazleen eta musikarien arteko harremanak ekarpen ederrak egin dizkiela bi generoei, baina batez ere musikari. Horretarako, baldintza, abiapuntu eta helburu ezberdinekin egindako saiakerak biltzen dira ondoko orrialdeotan. Egileak bi munduak ederki ezagutzen dituen arren, azterketa batez ere idazleen lubakitik abiatzen badu ere. Normalean musikariak jotzen du-eta idazlearengana, gutxitan gertatzen da alderantziz.
Kantuak kantatzeko balio behar du, hori da giltzarria, belarritik ahora dator, sentitu egiten dugu, zerbait eragiten digu eta gero iltzatzen da memorian, behin kantatu eta gero. Poesiak begietatik egiten du bide bera, eta, irakurtzen dugunean, haren arima “poliedrikoa” antzeman dezakegu, gelditu gaitezke, hitzak errepikatu, esaldiak berriro hasi, hausnartu, begiak itxi eta pentsatu... Utzi eta berrartu. Kantuak ez, kantuak ez digu halako aukerarik emango, diskoa zabaldu eta hitzak irakurtzen ez baditugu bederen. Zenbat idazle ez ote ditu ezagutu musikazaleak ariketa sinple horrekin? Eseri, jarri diskoa eta entzun ahala, irakurri kantuaren hitzak, poliki-poliki, entzundakoan ihes egin dion zentzuaren bila, kantua hobeto ezagutzeko asmotan. Lan estra bat da literatura, askotan, kantuzalearentzat.
Egia da, euskaldunoi dagokigunez, bertsolariek asko erraztu digutela bidea. Haiek ofizio eta arte bilakatu dute hitza eta musika uztartzearena, baina, guk ez bezala, artea baino komunikazioa denez erdietsi beharreko helburua, haren menpe kokatzen dituzte biak, bai hizkuntza literarioa eta baita musikala ere. Beren komenentziara moldatzen, bihurritzen dituzte biak, eta badakite inguruarekin estu lotzea dela arrakastaren gakoa, molde pertsonal, original eta propioa eraikiz. Hala eta guztiz ere, estua izan da beti bertsolaritzaren, literaturaren eta kantugintzaren arteko harremana. Bertsolaritzatik edaten zuten Etxahunek, Iparragirrek... Bertsolaritzari begira jarri ziren kantari berriak 1970eko hamarkadatik aurrera (Xabier Lete, Oskorri...), eta bertsolariek idatzi dituzte azken 30 urteetako soinu-bandan iltzatuta geratu zaizkigun kantuetako batzuen hitzak (Xabier Amuriza, Jon Sarasua, Jon Maia...). Edonola ere, gai horrek aparteko azterketa mereziko luke. Alde horretatik, aipagarria da Alberto Irazuk, rockaren eta bertsolaritzaren arteko harremana aztertuz, osatutako lan bikaina: Rocka puntua (Pamiela 2017).
Bertsolariengatik ez balitz, gatazkatsuago litzatekeela uste dut musikarien eta idazleen arteko harremana gurean. Hein handi batean, 1960ko hamarkadan garatutako kantagintza berria da lehena (kantari eta entzuleei dagokienez), kantuen balore literarioa estimatzen, jorratzen, ereiten. Ordura arte, herri musikatik urrun kokatzen ziren estilo musikaletan bakarrik (operan, adibidez) gertatzen zen “balorazio literarioa”, hitzen kalitate literarioa neurtzea alegia. Kantagintza berriak, ordea, zubia eraiki zuen, literatura —batez ere poesia— musika herrikoiaren forma nagusia den kantura ekartzeko. Esan daiteke, azkar eta trakets, bi uztarri zituela mugimenduak; alde batetik, herri musika berreskuratzea, eta bestetik, inguruan eragiteko gaitasuna edukiko zuten kantu berriak sortzea. Agi denez, bigarren horretan bat egiten dute bai musikarien eta baita idazleen interesek ere. Honek ilustratuko luke, liburu honetan aipatzen den beste ideietako bat: urte haietan erraz egin zutela bat musikariek eta idazleek, elkar ezagutzen zutelako, eta batez ere, helburu politiko/sozial/kultural berak (edo gutxienez antzekoak) konpartitzen zituztelako. Horren ondorioz harreman hori, hasieran behintzat, oso natural bilakatu zen.
Aspalditik existitzen zen kantuetako hitzen idazlearen lanbidea, batik bat —masa komunikabideekin (irratiarekin) eta musika erreproduzigailuekin— musikaren kontsumoa handitu zenetik, eta kantua bilakatu zenetik hura zabaltzeko formatu nagusia. Jazz, pop, soul, r&b... Idazle horiek ez zuten ordea literaturarik aldarrikatzen, haien hitz gutxi ikusiko dituzu sekula antologiaren batean. Lelo errazen bila, ideia argien erresuman, poeta gutxiren hitzak bilakatu ziren kantu 1950eko hamarkada ongi aurreratu arte. Hori irauli egin zuen kantagintza berriak, eta ordura arte sekula izan gabeko protagonismoa aitortu zion idazleari.
Gaur egun arte, nabarmenak diren ondorioak utzi ditu kantuaren eta poesiaren arteko uztarketa honek. Kantariaren (musikariaren) transzenditzeko gogoa, adibidez. Kantu arin, dantzagarri, kontsumo azkarrekoaren ideia “demoniatu” egiten da eta gauza serio, sakon eta esanguratsuaz ari den kantua goraipatu. Gainera, bada transzendentalismo formal bat, musika hitzetara egokitu beharrak (errima eta metrika aldakorrak...) edota hitzak melodia gero eta abstraktuagoetara ekarri beharrak eragindakoa. Baina, horretaz gain, batez ere, bada edukiei lotutako transzendentalismo bat, hitzetan bakarrik islatzen ez dena: bakarka aritzea, biluztasun musikala bultzatzea, melodia zuzen eta “epikoen” erabilera... Badirudi, kantugile berriak tresna guztiak jartzen dituela haizatu nahi duen ideiaren mesede, edo hari, bederen, itzala ez egiteko moduan. Eta ideia hori hitzen bidez azaldu beharra dago.
Transzendentalismoa, esango nuke, orduz geroztik, generoz genero, transmititu den joera dela gurean. Bakarlariak, rock taldeak, folk taldeak, hip-hop kantariak, trikitilariak... berdin dio, gai serioei heltzeko edo ereserkiak egiteko behar moduko bat gertatzen zaigu musikarioi eta horretarako jotzen dugu etengabe idazleengana. Eta beti ez dago asmatzerik. Era berean, gutxietsi egiten da umorea, zirikatzeko, kritikatzeko, munduaz aritzeko arma eraginkor gisara; gerra serioa da gurea! Zer ongi egingo ligukeen bertsolarien ofizioarekin hain lotuta dagoen izpiritu “kritiko/jostalari” hori berreskuratzeak. Ez diet, jakina, haiei erru guztia leporatuko, baina, liburuan jasotako testuak errepasatuta sortutako galdera da: poetei arrotza al zaie umorea? Musikariei ere bai?
Batzuetan, ordea, pertsona bera da musikaren eta hitzen egilea, idazlea eta musikaria. Alde horretatik badira, ez asko baina, Xabier Lete edo Xabier Montoia bezalakoak, bi hizkuntzak ongi ezagutu eta kantuaren berezitasunei erreparatuta, uztarketari atarramentu egokiagoa ateratzen diotenak. Gainera, badira hanka bana mundu bakoitzean (literaturan eta musikan) duten sortzaile asko. Uste dut ingurumaria egokiena dela hau kantu onak eta, era berean, esanguratsuak sortzeko.
Bukatzeko, aitor dezadan, hiru arrazoirengatik jotzen dugula musikariok idazleengana testu eske. Lehena, alferkeriagatik. Bigarrena, zerbait benetan serioa esan nahi dugulako. Eta hirugarrena, musikariak literaturazaleak garelako. Batez ere, azken bi arrazoien bueltan dabiltzan adibide asko topatuko ditu irakurleak liburu honetan, eta utzidazue esaten azkenekoarekin lotutakoak direla emaitza hoberena eman dutenak, inondik inora (Laboa/Artze, Oskorri/Aresti, Ordorika/Atxaga, Bide Ertzean/Otamendi, Tapia/Izagirre). Ez dakit asko edo gutxi diren, baina badira azken 60 urteetan gurean idazle eta musikarien artean eman den elkarlan jarraituaren adibide bikainak. Liburu honek egoera ulertzen lagunduko digu eta, batik bat, oso galdera interesgarri bat plazaratuko digu: zeri kantatzen diogu musikariok idazleei laguntza eskatzen diegunean?
Horregatik guztiagatik, uste dut errepaso beharrezkoa dela Gotzon Barandiaranek proposatzen diguna, hari argiz harilkatua dagoela, eta euskal kantagintza zertan den une honetan ulertzen laguntzeko tresna egokia izan daitekeela.
(Azken oharra: hemendik aurrera kantu serioak idazteko gogoak piztu dizkit liburuak, benetan diot).