Aurkibidea
Hamlet Euskal Etxean
Koldo Izagirre
POEMAK 1919-1936
POEMAK 1937-1968
Getxoko basetxe zaharrentzako kantua
POESIA ITZULPENAK 1939-1965
Aurkibidea
Hamlet Euskal Etxean
Koldo Izagirre
POEMAK 1919-1936
POEMAK 1937-1968
Getxoko basetxe zaharrentzako kantua
POESIA ITZULPENAK 1939-1965
Oscar Wilde
Reading Bahitegiko Leloa
THE BALLAD OF READING GAOL
In Memoriam Charles Thomas Wooldridge,
Erregearen Zaldizko Zaintzakoa izana.
Obiit H.M. prison, Reading, Berkshire,
1896ko uztailak 7
1
Ez zuen bere txamarra gorria janzten,
odola eta ardoa gorriak baitira;
eta bazen ardoa eta odola haren eskuetan
hilarekin aurkitu zutenean;
maitatu eta bere ohean
sarraskitu zuen emazte gaixoa.
Bazebilen bahitegikoen artean
jantzi arre-zarpaildu batekin,
buruan txano bat zeukalarik;
eta ibilera zalu eta alaia zuen, iduriz;
ez dut inoiz ikusi, ordea, egunari
hainbeste lehiaz so egin dion gizonik.
Ez dut behin ere ikusi
atxiloek zeru diotsaten
estalpetxo urdin hori,
eta bere zilarrezko haize-oihalekin
noragabe zihoan edozein hodeiri
begi hain lehiatsuz so egin dion gizonik.
Banindoan beste arima erratu batzuekin,
beste multzo batean,
gizon hark txiki ala handirik egin ote zuen
nire buruari galdez,
eta mintzo batek surmurtu zuen nire atzean:
«Urka-beharra da lagun hori».
Ene Jainkoa!, zartez,
bahitegi-hormak eurak kordokatu bide ziren,
eta nire gaineko zerua
altzairu gorizko oskol bat bihurtu zen;
eta gogo mindun bat banintzen ere,
nik ezin ohartu nire minik.
Bakarrik nekien zein gogoeta estuk
laster zeragion haren urratsari,
eta zergatik so zegion
begi hain lehiatsuz egun distiratsuari;
gizon hark maite zuena hil zuen
eta horrexegatik zen hil beharrekoa.
Gizonek oro ordea entzun guztiok!
zer maite eta hura hiltzen dute,
batzuek begikaldu samin batez,
beste batzuek hitz eztitsu batez,
koldarrak musu batez,
gizon bihoztunak ezpata batez!
Batzuek gazte direla hiltzen dute bere maitea,
batzuek zaharrak direla;
batzuek Lizunkeriaren eskuz hiltzen dute,
batzuek Urrearen eskuz;
onberenak aizto bat darabil,
hila laster hotzitu dadin.
Batzuek maiteegi dute, batzuek gutxiegi;
batzuek saldu egiten dute, beste batzuek erosi;
batzuk negar ugariz ari dira,
batzuk hasperenik gabe;
gizon guztiek maite dutena hiltzen baitute,
guztiak hargatik hil behar ez badira ere.
Guztiak ez dira heriotza lotsagarriz hiltzen
ahalke beltzezko egun batean,
ez dute ere urka-bilurra lepo inguruan artean,
ez aurpegi gainean hil-zapia,
eta ez dauzkate oinak
hutsartean dantzatzen solairuan zehar.
Guztiak ez dira bizi gau eta egun
zaintzen dituzten gizon isilekin,
kuzkuzka dagozkionak negar egin nahi
eta otoi egin gogo duenean;
kirika dagozkionak urkabeari
bere harrapakina ostuko ote dion beldurrez.
Ez dira arratsean esnatzen
beren gela irudi izugarriz josia ikusteko:
zuriz jantzi Apaiz dardaritsua,
Hamabi latz, iluna,
Espetxe-jauna soineko beltz distiratsuaz
eta Halabeharraren betarte laruaz.
Ez dira lasterka jaikitzen
bahitegi-soinekoa berriz janzteko,
Osagile zakar bat pozten deino
edozein kirio-aieru berri ohartuz,
tik-takak mailukada izugarriak diruditen
erloju bat behatz artean daukala.
Ez dute ezagutzen,
bihurkariak, bere baratzain-zorroekin,
ate azaldua zabaldu eta,
gaur-gero egarririk ez dezazun,
hiru larru-uhalez lotu zaitzan baino lehen,
zintzurra lehortzen dizun egarri gozagaitz hori.
Ez dute burua makurtzen
Hil-Otoitzen irakurtzea entzuteko,
ezta beren gogoaren larriak
hilik ez daudela dasaienean,
ez dute beren hil-kutxa topatzen
urkabe nardagarrirako bidean.
Ez dute zerua begiztatzen
leiarrezko sabai txiki batean zehar;
ez dute otoizten, buztinazko ezpainez,
beren nekelarria buka dadin;
eta ez dute ohartzen Kaifasen musua,
beren masail dardaritsuaren gainean.
2
Sei astez ibili zen gure atxiloa bailan,
bere soineko arre-zarpilduaz
eta txanoa buruan zeukala;
zalu eta alai zirudien haren ibilerak,
baina ez dut behin ere ikusi egunari
hainbeste lehiaz so egin dion gizonik.
Ez dut inoiz ikusi
atxiloek zeru diotsaten
estalpeño urdin hori,
eta bere ile-ehun altsituak narrasean zeramatzan
edozein hodei alderrairi
begi hain lehiatsuz so egin dion gizonik.
Ez zituen bere eskuak bihurritzen,
Etsipen beltzaren elizan
Itxaro aldakorra sortzeko
ahalegina egiten duten gizon ergelek bezala;
eguzkia begiratu eta goizeko eguratsa
edan besterik ez zuen egiten.
Ez zituen bere eskuak bihurritzen,
ez zegien negarrik;
ez zen gogo-hiltzen ez etsitzen;
haizea edan egiten zuen, bai,
hark osagai osasuntsuren bat baileukan;
ahoa zabalik, eguzkia edaten zuen ardoa bailitzan.
Eta nik eta beste multzoan
orron genbiltzan gogo mindun guztiek,
geronen gaizki egina
handi nahiz txiki zenez ahaztuta,
urkatzeko zeukaten gizona
begiztatzen genuen txundioak hartuta.
Haundia baitzen ibilera hain zalu eta alaiz
hura igarotzen ikustea,
eta handia zen hark eguna
hain lehiatsu begiratzen ikustea,
eta are handiagoa, halako zorra
ordaintzekoa zela gogoratzea.
Haritzek eta zumarrek baitauzkate
udaberrian ernetzen diren orri atseginak;
baina sugegorriek horzkatu-erroak dituen
urka-habea beltzuritsua da;
eta, heze ala lehor, fruitua ekar dezan,
gizon bat hil behar da.
Gizakume guztiek bilatzen duten
eder-egoitza hori dugu leku goiena:
nork nahi luke, ordea, urkamendi gainean
kalamu-lokarriz estekatua egon eta,
erailearen urka-bilurra lepoan duelarik,
bere azken soa zeruari egin?
Gozoa da arrabita soinutan dantzatzea
Maitasuna eta Bizia eder direnean;
txirula eta ereskin soinutan dantzatzea
atsegin eta bikaina da:
ez da gozoa, oin zaluz
haizeari dantza egitea!
Honela, begiluze eta uste ertunaz,
hura begiztatzen genuen egunean-egunean,
gu guztiok halaxe amaituko ote ginen
geure buruari galdeka,
inork ere ez baitaki bere gogo itsuak
zein Infernu gorritara jo dezakeen.
Azkenik, gizon hila
ez zen gehiago ibili atxiloen artean,
eta jakin nuen kai beltzeko
giltzape beldurgarrian zutik zegoela
eta inoiz ez nuela haren betartea berriz ikusiko
Jainkoaren mundu goxo honetan.
Gure bideek elkar aurkitu zuten,
ekaitzean zehar hondoratuko diren bi ontzi iduri:
baina ez genion elkarri keinurik egin, ez hitzik,
esanik ez genuela;
ez baikenuen elkar aurkitu gau gurenean,
egun lotsagarrian baizik.
Bahitegi-harresi batek inguratzen gintuen biok;
bi gizon galdu ginen;
gizarteak bere bihotzetik eraitsi gintuen
eta Jainkoak bere arduratik;
eta Hobenari kuku dagion
burdinazko arteak atzituak ginen.
3
Zordunen bailako harriak zakarrak dira
eta harresi hezetsua garaia da;
hantxe hartzen zuen eguratsa gure gizonak
berunezko zeruaren azpian.
Bi zaintzaile zituen aldamenetan,
hilko ote zen beldurrez.
Edota, esertzen zen
gau eta egun bere larriari kirika zegiotenekin,
eta negar egiteko jaikitzen
eta otoitz egiteko uzkurtzen zenetan
kirika zegozkion; berak urkabeari
harrapakina apiztuko zion
beldurrez kirika zegozkion.
Espetxe-jauna zorrotza genuen
araudi-aginduetan;
Atxeterrak, Heriotza jakintza-egin bat
baizik ez zela esaten zuen;
eta egunean birritan Apaizak
agertu eta liburuxka bat uzten zuen.
Eta gizon hark egunean birriz
pipa hartzen zuen eta txopin bete garagardo edaten;
bere gogoa bipil zegoen
eta ez zuen beldurrerako zurkulurik;
eta maiz zioen pozik zegoela
urkatzailearen eskuak hurbil zituelako.
Baina zaintzaile batek ere
ez zuen bekokirik hari galdetzeko
gauza hain bakana zergatik zioen;
zaintzaile izatea jazo zaionak
bere ezpainetan morroilo bat ezarri
eta aurpegia mozorro bihurtu behar duelako.
Bestela, bihozbera liteke,
eta suspertzeko eta urgazteko ahaleginak egin;
eta, zer legike Giza-Errukiak
Heriotzginen Saizuloan?,
zein onginahizko hitzek lagun liezaioke
anaia baten gogoari horrelako lekuan?
Buru-makur eta aldaroka,
Zoroen Ibiltzan ari ginen bailaren inguruan.
Ezer ez zitzaigun;
bagenekien Txerrenaren Taldea bera ginena.
Eta buru murriztuek eta berunezko oinek
zomorro-dantza alai bat egiten dute.
Gure azkazal motz odoltsuez
bikedun soka zehatzen genuen;
ateak igurzten genituen, solairuak marruskatzen
eta eskudel dirdiratsuak garbitzen;
eta, lerroka-lerroka, oholtza zurikatu
eta zalapart egiten genuen suilekin.
Zakuak josten ari ginen, harriak zatitzen,
laztabin hautsuari bira eragiten;
latontziak jotzen, eresiak oihuka
eta lantegian izerditan ari ginen,
baina gizon bakoitzaren bihotzean
Izua zetzan isil eta geldi.
Hain geldi zetzan eta, egun bakoitzean,
itsasbelarrez beteriko uhin bat iduri narrasten zen;
eta ergelari eta zitalari begira dagoen
zori mingotsa ahaztuxea genuelarik,
egun batez, lanetik itzultzean,
hilobi ireki berri baten ondotik igaro ginen.
Hobi larua, aho zabalik,
izaki bizi baten eske zegoen;
buztinak berak odola eskatzen zion
asfaltozko baila egarriari;
eta ortzi-argia edertu baino lehen atxilo bat
urkabean kulunka ariko zela ulertu genuen.
Berehala sartu ginen,
Balbe, Izu eta Izangoari gogoa zurt;
urkatzailea igaro zen herrenka
aizaroen zehar bere zorrotxoarekin;
eta atxilo bakoitza dardara eginean zen
bere zenbakidun hilobira ziri-zira zihoala.
Gau horretan igarogune hutsak
Beldurrezko itzalez josi ziren,
eta burdin-hirian gora eta behera
entzun ezin genituen urrats isilak ari ziren;
eta izarrak estaltzen dituzten burdin-langen ostean
aurpegi zurbilak kirika bide zeuden.
Gizon hura, larre atsegin batean etzanda
ametsetan dagoena bezalakoa zen;
zaintzaileek hura lotan ikusi
eta ezin ulertu zuten,
bihurkariaren esku-eskuan egon
eta nola egin lezakeen lo hain gozoa.
Ez dago lorik, ordea, inoiz negar egin ez dutenek
egin behar dutenean negar;
horrela gu ergela, ebaslea, zitala
amaigabeko gau hartan itzarri geunden,
eta, bere esku mindunen gainean narras,
inoren izua sartu zen burumuin bakoitzean.
Ene!, inoren erruaz
min izatea izugarria da!
Hobenaren ezpatak barrena zulatzen baitzigun
bere eskutoki edenduneraino,
eta guk, ez isuri-odola zela-eta,
berun urtuzko negarrak egiten genituen.
Zaintzaileak, beren fieltrozko oski eta guzti,
ate itxien ondotik ziri-zira zihoazen,
eta kirikatuz bazekuskiten, begiak zurturik,
irudi hauskarak lur gainean;
eta inoiz otoitzik egin ez zuten gizonak
otoitzean ari zirela-eta harriturik zeuden.
Gau osoan otoitzean ari izan ginen belauniko,
hilotz baten erostari zoroak!
Gauerdiaren gandor urduriak
zerraldo baten gaineko gandorra zirudien;
eta Barnearen zimikoak, belaki batean isuri
ardo garratzaren kutsua zuen.
Oilar arreak jo zuen, oilar gorriak jo,
baina eguna ez zetorren;
eta Izuaren tankera makurrak
kokoriko jartzen ziren gu geuntzan zokoetan,
eta gauez dabiltzan mamu gaiztoak oro
gure aurrean jostatzen bide ziren.
Ziri-zara igarotzen ziren arinik,
laino artean bidaztiak iduri;
bihurketa eta bira gozoko rigodon-dantza batez
irri zegioten ilargiari, eta,
urrats gizatsuz eta lerdentasun higuingarriz,
mamuak bazetozen deira.
Itzal meheak, eskuz esku, aieruz eta keinuka
igarotzen ikusten genituen; iratxo-iskanbilaz
zarabanda bat dantza zegiten inguruan;
eta zoroxka madarikatuek
arabikoak egiten zituzten,
haizeak hondar gainean bezala.
Txerpolari-jauzkak eginez,
oin muturretan dantzatzen ziren:
baina Beldur-txirulez betetzen zituzten belarriak,
mozorro-dantza izugarrian ari zirelarik,
eta goraki abesten zuten eta luzaro,
hilak iratzartzeko abesten baitzuten.
«Aufa!» oihu zegiten, «mundua zabala da,
baina aztal bilurtuak herrenka doaz!
Eta behin edo birriz kurkuluxa botatzea
zaldun-joko bat dugu; ez du irabazten, ordea,
Hobenarekin jokatzen ari denak
Ahalkearen isileko Etxean».
Ez ziren haizezkoak
hain pozik jauzika ari ziren sorkari zakarro haiek:
bizia oinbilurretan zeukaten
eta oinak lotu gabe ezin joan ziren gizonentzat
a!, Kristoren zauriok!
biziak ziren eta ikusteko izugarriak.
Inguruka-inguruka, bals-dantzan eta biraka ari ziren;
batzuk dantzakide barre-samurrak bezala;
beste batzuk, goizoilanda-ibilera ikasiaz
zurubian gora zihoazen;
eta irri zorrotzez eta saihets-so leunez
lagun genituen gure otoitzetan.
Goiz-haizea intzirika hasi zen;
gaua, ordea, ez zen joaten;
itzal matazak harilkatu zuen
bere anezka handian azken albainuraino;
eta otoitzean ari ginelarik,
Eguzkiaren Zuzenbidearen beldur ginen.
Haize zinkurinatia
bahitegiko harresia inguratzera etorri zen:
altzairuzko txirringa itzulkari bat antzo,
minutuak narrasten entzun genituen arte.
Haize zinkurinati hori!, zer egin ote genuen
horrelako etxezain bat edukitzeko?
Azkenik, langen itzala,
berunezko sare bat iduri,
nire ohol-ohearen aurreko
horma zurituan ageri zen,
eta Jainkoaren goizaldi beldurgarria
non edo non gorria zela jakin nuen.
Seietan gure gelak garbitu genituen;
zazpietan oro zen isilik,
baina hego ahaltsu batek bahitegia
betetzen bide zuen surmur eta dirdariz,
Heriotzaren Jauna, arnas-hotz,
sartua baitzen inor hiltzeko.
Ez zen sartu purpur apainez jantzia,
ez zaldi zuri arin baten gainean.
Hiru neurkin soka eta ohol lerrakor bat
ditu aski urkamendiak;
beraz, aitzindaria laido-lokarriarekin etorri zen
bere isileko ekimena betetzera.
Aizaro zikinezko lokatzean zehar
haztamuka doazen gizonak bezalakoak ginen:
otoitz bat hasperentzeko bekokirik ez genuen,
ez gure larria lasaitzeko;
bazen zerbait hilik gu guztiongan,
Itxaropena hila genuen.
Gizonaren Zuzenbide izua
badoa bere bidean barna, aldera gabe:
argala hiltzen du, indartsua hiltzen:
bere ibilbidea heriozgarria da-eta,
burdinazko orpoz sendoa hiltzen du,
ahaide-hiltzaile bihozgabea!
Zortziak jotzea igurikitzen genuen;
mingainak oro likits zeuden egarriz;
zortzietako dangada gizon bat ainen egiten duen
Halabeharraren dangada baita,
eta Halabeharrak badarabil urkabilur bat
gizon on eta gaiztoenarentzat.
Zeinuaren zain egotea besterik ez geneukan.
Eseri egin ginen, beraz, geldi eta isilik,
haran bakartuan harriak iduri;
bihotz guztiak, ordea,
tintin ari ziren, arin eta jarraiki,
zoro batek jotako arrantza iduri.
Bat-bateko kaskaz
bahitegiko erlojuak aire dardaritsua jo zuen,
eta etsipen ahalgabezko intziri bat
jaiki zen bahitegi guztitik,
zingira izutuek legendunen etzanguan
entzuten zuten oihua bezalakoa.
Eta amets baten leiarrean
gauza izugarrienak dakuskigun bezala,
habe beltzitutik eskegita zegoen
kalamuzko soka koipetsua ikusi eta
urkatzailearen bilurrak garrasi batez irato zuen
otoitza entzun genuen.
Eta gizon hari
deiadar hain mingotsa eragin zion oinazea
eta haren erredura gorriak eta odol-izerdiak
inork ez zekizkien nik bezain ongi;
bizi bat baino gehiago bizitzen duenak
heriotza bat baino gehiago hil behar baititu.
4
Gizon bat urkatzen duten egunean
ez dago elizkizunik.
Apaizaren bihotza eriegi dago
edo bere aurpegia zurbilegi,
edo badu begietan idatzia
inork begiztatu behar ez duena.
Eguerditsu arte eduki gintuzten itxirik, beraz;
eta orduan ezkila jo zuten,
eta zaintzaileek gela guztiak ireki zituzten
beren giltza txirrintsuez,
eta burdinazko zurubian behera joan ginen
nor beraren Infernutik.
Jainkoaren egurats gozotara atera ginen,
ez, ordea, ohi bezala;
gizon honen aurpegia zuri baitzegon beldurrarren,
eta horren aurpegia hauskara,
eta ez dut inoiz ikusi eguna
hainbeste lehiaz begiratu duen gizon betilunik.
Ez dut behin ere ikusi
bahitegikoek zeru diotsagun
estalpe urdin-txikiari eta,
askatasun zoriontsuz,
jitoan igarotzen zen edozein hodeiri
begi hain lehiatsuz so egin dion gizon betilunik.
Baina baziren gure artean
buru-apal zebiltzanak,
baitzekiten berena hartuz gero,
guztiak hil beharko zirela;
hark gauza bizi bat ez baitzuen hil,
haiek, aldiz, zendu bat hil izan zuten.
Bigarrenez hoben dagienak
gogo hil bat iratzartzen baitu oinazerako,
eta bere hil-jantzi zikindutik idoki
eta berriz odolustarazten du,
eta odol tanta larriak odolustarazten dizkio,
eta alferrik odolustarazten.
Tximuak edo narritariak bezala,
gezi okerrez apainduriko jantzi nabarmenaz,
bagenbiltzan bira-biraka isilik
asfaltozko baila labainean barna;
bagenbiltzan isilik bira-biraka,
eta inork ez zegien hitzik.
Bagenbiltzan bira-biraka isilik,
eta gogo huts bakoitzean zehar
gauza izugarrien oroia erasotzen ari zen,
haize ikaragarri bat iduri;
eta Lazturak gure aurretik bide zegien,
eta Izua genuen atzetik narraska.
Bahitegi-zainak,
jantzi berriak igandeetako apainekin zituztela,
buru-harro zebiltzan gora eta behera,
beren abere taldea begiratzen;
guk, ordea, bagenekien, beren oskietako kare-bizitik,
zelako lanean ari izanak ziren.
Hilobi bat aho zabal egon zen lekuan
ez baitzegoen hilobirik:
lohi eta hondarrezko gune bat soilik
bahitegiko horma gorrotagarriaren ondoan,
eta latsun bizi metatxo bat,
gizon hark hil-jantzia eduki zezan.
Gizon gutxik eska lezaketen
hil-jantzia baitu zorigabeak barne-barnean;
bahitegi-baila baten pean,
larrugorri ahalke gehiagorako,
datza oinak bilurretan
eta garrezko izara batean bildua!
Eta anartean, latsun gartsuak
haragi-hezurrak jaten ditu;
hezur hauskorra jaten du gauez,
eta haragi biguna egunez;
haragia eta hezurra aldizka jaten ditu;
bihotza, ordea, jaten du etengabe.
Hiru urte luzetan ez dute han
errorik ez hazirik ereingo;
hiru urte luzetan leku madarikatu hori
elkor eta soil izango da,
eta zeru harrituari so egingo dio
erantzute gabeko begikaldu batez.
Giza-eraile baten bihotzak
erein edozein hazi ustelduko zuela uste dute.
Ez da egia! Jainkoaren lur ona
gizonek uste baino hobea da,
eta arrosa gorria are gorriago garatuko litzateke,
eta arrosa zuria zuriago.
Haren ahotik arrosa gorri-gorri bat!,
haren bihotzetik zuri bat!
Nork esan lezake, ba, zein bide bakanez
Kristok bere nahia agertzen duen,
erromesaren uhe lehorra
Aita Guren handiaren begien aurrean loratu zenetik?
Baina ez arrosa zuririk, ez gorririk
ez daiteke bahitegiko haizetan loratu;
harriak, legarrak, su-harriak
ematen dizkigute han;
jakina baita liliek eztitu dutela batzuetan
gizon bakun baten etsipena.
Beraz, ez arrosa gorria, ez zuria
ez dira inoiz hosto-hostoka eroriko
bahitegi-horma likitsaren ondoan dagoen
lohi eta hondar gune honen gainean,
Jainkoaren Semea ororen alde hil zela
esateko bailan dabiltzan gizonei.
Hala ere, nahiz eta nondik nahi
bahitegiko harresi likitsak inguratuta egon,
eta burdinetan dagoen gogo bat
gauez ibili ez badaiteke ere,
eta lur hain gaiztoan datzan gogoak
negar egitea besterik ez badauka ere,
gizon errukarri hori bakean dago
edo badagoke laster:
ez da hura zoratu dezakeenik,
ez dabil Laztura alderrai eguerdian,
ez baitauka Eguzkirik ez Ilargirik
hura datzan lur argigabeak.
Abere bat urkatzen den bezalaxe
urkatu zuten:
haren gogo izutuari atseden eman lezaiokeen
requiem bat ere ez zuten esan,
baina lasterka eraman
eta zulo batean ezkutatu zuten.
Apaiza ez da belaunikatuko otoi egiteko
haren hilobi laidotsuaren ondoan;
eta Jesukristok hobendunei eman
Gurutze donetsiaz ez du zantzutuko ere,
gizon hura baitzen
Kristok jaregitera etorri zenetako bat.
Baina ongi dago guztia; Biziaren muga
berezietan gaindi igaro baizik ez du egin:
eta inoren negarrek beteko dute harentzat
Errukiaren ontzi aspalditik hautsia,
galduak baitituke erostari,
eta galduak beti ari dira negarrez.
5
Ez dakit Legeak bidezkoak direnetz.
Bahitegian gautzanok
horma sendoa dela
besterik ez dakigu;
eta egun bakoitzak urtebete dirudiela,
egun luzeak dituen urtebetea.
Hauxe badakit, ordea:
lehenbiziko gizonak bere anaiari bizia kendu
eta gizarte hits hau hasi zenetik,
gizonek Gizonarentzat egin edozein Legek
alea bota eta galtzua biltzen du,
haizegile txarrenaren bidez.
Badakit hau ere ai, balekite orok!:
gizonek eraiki edozein bahitegi
ahalkezko buztinerrez eraikia dela,
eta burdin-langez inguratua,
gizonek beren anaiak nola oineztatzen dituzten,
Kristok ikus dezakeen beldurrez.
Burdin-langez maskaltzen dute ilargi ederra
eta eguzki onbera itsutzen:
eta on dute beren Infernua estaltzea,
ez Jainko-Semeek ez Giza-Semeek
behin ere ikusi behar ez lituzketen
gauzak egiten baitira hartan.
Egin zikinenak, iraka edentsuak iduri,
ongi garatzen dira bahitegiko haizetan;
Gizonaren ona, horixe
agortzen da soilik eta zimeltzen han.
Larritasun zurbila dago ate astunen zaindari,
eta Etsipena dugu begirale.
Gosearazten baitute mutiko izutua,
gau eta egun negar eragiten dioten arte;
makala astintzen dute, tentela zehatzen, zaharra laidotzen;
eta zenbait zoratu egiten dira,
eta guztiak gaizto bihurtzen,
eta batek ere ezin hitzik esan.
Bizi garen gela estu bakoitza
iroldegi zikin, iluna da.
Eta Balbe biziaren arnasa kiratsak
burdin-sarezko leihatila mututzen du,
eta Irritsa ez, beste guztia hauts bihurtzen da
Gizatasunaren tramankuluan.
Edaten dugun ur gaziak
lohi nardagarri bat bosatzen du,
eta haztagetan haztatzen duten ogi garratza,
igeltsu eta latsunez beterik dago,
eta Loa, etzan nahi ez duelarik,
badabil begi-izu eta Aldiari oihuka.
Baina nahiz Gose argala eta Egarri muskerra liskartu,
sugegorria sugetzarrari buruzki bezala,
axola gutxi digu janariak;
egunez goratu harri bakoitza
gauez gure bihotz bihurtzeak,
horrexek izozten du eta hiltzen etengabe.
Beti bihotzean gauerdia eta gelan ilunabarra,
txirringa-giderrari eragiten diogu,
edo soka urratzen dugu,
zein bere Infernuan; eta isiltasuna
burdin-harizko joale baten soinua baino
askoz izugarriago zaigu.
Eta behin ere ez zaigu giza-ahotsik ondoratzen
hitz ezti bat guri esateko:
eta atean zehar kirika ari den begia
gogor eta errukigabea da:
eta guztiek ahaztuta, usteltzen ari gara,
usteltzen gogo-gorputzez.
Eta honela, Biziaren burdinazko katea
herdoiltzen dugu, txartu eta bakartuak:
eta zenbaitek birao dagite, eta zenbaitek negar,
eta zenbaitek aiotsik ez:
baina Jainkoaren betiko Legeak onak dira
eta harrizko bihotza hausten dute.
Eta gelan nahiz bahitegiko bailan
hausten den giza-bihotz bakoitza,
Jaunari bere altxorra eman eta,
legendunaren etxe satsua
akara bikainenaren hats-onez bete zuen
harako ontzi hura bezalakoa da.
Ene!, bihotzak hautsi eta
barkamenaren bakea irabazi dezaketenen zori ona!
Bestela, nola ondu dezake gizonak
bere asmoa eta bere gogoa hobenez garbitu?
Non, bihotz hautsi batean baizik,
sar liteke Kristo gure Jauna?
Eta eztarri ubel hanpatua
eta begi hil tinkoak dituen gizona
badago Lapurra Paradisuratu zuten
esku gurenen begira;
eta Jaunak ez du bihotz
hautsi eta garbaidun bat arbuiatuko.
Legea irakurtzen duen gorrizko gizonak
hiru asteko bizia eman zion,
hiru aste labur
bere gogoaren borrokaz bere gogoa garbitzeko,
eta aiztoari eutsi zion
eskua edozein odol tantaz ikuzteko.
Eta odol tantaz ikuzi zuen eskua,
aiztoari eutsi zion eskua;
odolak bakarrik ikuz baitezake odola,
eta negarrek bakarrik osa dezakete:
eta Kainena izan zen orban gorria
Kristoren elur antzeko zantzu zuri bihurtu zen.
6
Reading bahitegian, Reading hiriaren aldean,
ahalke-hobi bat dago,
eta badatza hartan
garraren hortzek jandako gizon errukarri bat;
izerkari gartsu batean datza
eta haren hilobiak ez du izenik.
Etzan bedi han isilik,
Kristok hilei dei egin arte;
ez du alferrikako negarren
edo haizezko hasperenen beharrik:
gizon hark maite zuena hil zuen
eta horrexegatik hil beharra zen.
Baina gizon guztiek entzun hau guztiok!
zer maite eta hura hiltzen dute,
batzuek begi-zizta samin batez,
beste batzuek hitz leunkari batez;
koldarrak musu batez,
gizon bihoztunak ezpata batez!
1954