Itsaso aurrean
Itsaso aurrean
2006, bilduma
160 orrialde
84-95511-83-5
Bingen Ametzaga
1901, Algorta
1969, Caracas
 
 

 

Artzubiko lertegiari

 

Artzubiko lertegi,

begien betegarri!,

mendi gainean gangarra irudi.

Hire oinetan,

Faduran, Gobela maite kantetan.

 

Artzubiko lertegi,

inon ez hainbeste amets nik egin,

inon ez hainbeste gogo-atsegin!

Udaldiko egun kixkalduetan

hire itzal goxoa maitatzen neban.

Belar bigunean gogoz etzanik,

pinuen usainez dena beterik,

abar-hots leunaz erdi lokartu,

zenbat ametsetan ohi nintzen galdu!:

gazte-maitasunak, aberriarenak,

gure edestiaren oroitzapenak...

ta beti ameskaitz! eusko-etorkizun...

Andra Euskerak han ikertu nindun

—haizeak higituz pinu abarrak

ekarten eustazan bere negarrak—

ta han zin egin neutson, behin ta birritan,

bere maitalea betikotz izan.

Edertasun-Gogo jainkotar, zuk han

bekokian eme mosu ein zeustan:

zure Hats goikoaz bihotza sutu

ta naizen guzti hau Zureganatu.

Ordutik maite dot mendi-bizia,

ibar isiltsu ta gain haizetsua;

ordutik badakit latsen murmurrak

zer darasan eta zuhaitz-alakak.

 

Artzubiko lertegi,

nire gogamenen leku berezi!

Sarri nindoan,

ameskor, bakar,

sasi artean narrastuz doan

bidexka-zehar.

Bazter zoragarriz bai hintzen ugari!

Abaro hesian, usoen gel-tegi,

hostoen artean ninfak zelatari;

otean, kukuka, txepetxa kantari;

landatxo berdean txirtxila soinugin;

behi erro luzea hausnarrean din-din.

 

Beheraxeago,

mendi-txokoan,

iturri ezkutu garbia dago,

eltzun bakar, lodi, urtetsu-pean.

Honen uraren gardena,

murmurioen erakarpena!

Sinesgarri jat

bertan bizitzea maitagarri bat.

 

Artzubiko lertegi,

begien oinazgarri!,

aizkorak egin dau bere aldi!

Sortu hinduen lurrak dirudi hilerri,

ondoak hilarri.

 

Artzubiko lertegi,

orain ta beti,

hire zuztarrak tinko lurpean,

hire gomuta ene gogoan.

 

        1942

        1935ean Euzkadi agerkarian plazaratutako

        poemaren bertsio luzatua.