HERRIETAN ERRIERTAN
Iñaki Beobide-riJose Luis Alvarez-i
Xabier Lete-ri
eta
gainerakoei.
Herri honek niri
ez daut ezer eman,
eta
ezer hartu badiot,
koplaren bat
(Han goian dago goldea,
(haren gainean belea,
(etse hontako nagusi jaunak
(nekazari langilea).
ditxoren bat
(haurrak aingerutan hil
(eta
(tzakurrak deabrutan akabatu),
aginka eta hatzaparka diot hartu.
Herri honi
neurk, honek,
dena (naizena)
eman diot,
eta
ezer ukatu badiot, neure hazia,
(erdal hildoan erein behar ukan nuena)
poema haik,
(La Voz, Nerea ante el Futuro, Patria Oscura...)
neure pentsaera,
(Karl Marx),
nekez eta ezin-bestean diot ukatu.
Beste batzuoi, berriz,
herri honek
dena eman dautzue,
hizkuntza
(edo haren zatixka bat)
bizi-bidea
(euskararen gatik alokairuan)
eta zuek trukean
ez duzue ukan
zer eman.
Baina hala ere,
judizio jeneraleko orduak
joko duenean,
zuentzat
absolbizio-eguna
izanen da,
eta enetzat
kondena.
Zeren batzuek
urre fina eho eta irun dezakegu
eta hari preziatu hura
zimaurrekin batera jaurtikiko da
soloetan ongarri,
eta besteek
aldarearen gaineko patenan bertan
kaka egin dezakezue,
eta hura
benedika eta komekatuko
da.
Nolako herrietan,
halako erriertan.