Hamar manu minduak - Apetitu on!
Hamar manu minduak - Apetitu on!
Guillaume Irigoien
taldea: Hiruak Bat
1987, antzerkia
104 orrialde
84-398-9566-6
Guillaume Irigoien
1959, Ainhize
 
Hamar manu minduak - Apetitu on!
Guillaume Irigoien
taldea: Hiruak Bat
1987, antzerkia
104 orrialde
84-398-9566-6
aurkibidea
 

 

 

Lehengo eta oraingo «Hiruak Bat»i

Gillaume

 

 

Gillaume Irigoyen-ekin hizketan

 

      Lehenik, Gillaume Irigoyen, nor zira?

      — Orai duela 27 urte sortu naiz Ainiza Monzolosen. Aste egunaz bizi naiz kosta aldean lanerako eta Garazin aste burutan.

      Hemen azaltzen dituzun antzerkietarik aparte, besterik baduzia idatzirik?

      — Orotarat lau antzerki baditut idatzirik azken lau urte hauetan. Hauek biak dira azkenak. Duela hiru urte idatzi nuen «Eskalapuinak» eta nere lehen obra «Zortzi egun ahari» izan da. Honek ninduen bultzatu antzerkian presentatu nuelako lehen «Telesforo de Monzon» sarian eta eraman zuelako. Orduan ere zen arrapiztu «Hiruak Bat» antzerki talde okasione hori baliatu nahiz...

      Prezeski zure obra guziak «Hiruak Bat» taldeak ditu agertu... Aipa zaiguzu talde hori!

      — Talde honek, antzerki talde batendako ixtorio ederra dauka. Sortu zen 1969ean apez batek abia arazirik, Gamarte, Ainiza eta Lakarra, hiru Garaziko herrietako gazteekin. Hortarik ere taldearen izena dator. Horiek zazpi urtez, zazpi obra eman zituzten. Lartzabalenak: «Urriki latza», «Matalas» eta «Ibaineta»; «Menditarrak» eta «Hazparneko Anderea», Telesforo de Monzonenak; eta «Noiz?» eta «Bai ala ez», Daniel Landartenak. Gero «Hiruak Bat» gelditu zen, jokolariek beste gisan segitzen edo uzten zutela. 1984ean «Zortzi ehun ahari»ren inguruan, berriz hiru herrietako hogei ta bost gazte (beste belaunaldia) taulen gainerat igoiten ziren. Ondoko urtean «Eskalapuinen» aldi zen...

      Behingoan gauden bi obra hauekin. Bata gaiaz guziz berezia balin bada, bestea arras klasikoa da. Zure hautu baten ondorioa ote?

      — Ez, ez daukat holako delibero finkorik. Gehiago kasu egiten dut nere inguruko harat hunater. Duela bi urte, asko aipatzen zen gosetea, telebixtan, irratietan... eta hola jin zen «Apetitu On». Gero iaz berriz, untsa ezagutzen dudan herri ttipi batean han iragan ziren gertakari batzuek eman zidaten herri ttipien giroaz, zerbaiten egiteko asmoa.

      Haatik bi antzerkien lokarria da komikoa. Bainan bietan funtsezko arazoak dituzu aipatzen. Zuretzat biak dira beharrezkoak?

      — Bai errotik. Nahi ala ez, bizi gira beste jenderen artean, Euskal herriaren eta Munduaren memento berezi batean, eta idiritzen zait behar dela mementoko egoeraren lekuko agertu. Euskal antzerkia luzaz bide hortatik ibili da, eta hori da ere bere berezitasunetarik bat. Komikoari esker saiatzen naiz horren erakusten, entzulegoaren ez nardatzeko, moralitatean sartu gabe ahalaz. Hori da nere nahikeria bainan ez da batere errana arribatzen naizela...