Hamar manu minduak - Apetitu on!
Hamar manu minduak - Apetitu on!
Guillaume Irigoien
taldea: Hiruak Bat
1987, antzerkia
104 orrialde
84-398-9566-6
Guillaume Irigoien
1959, Ainhize
 
Hamar manu minduak - Apetitu on!
Guillaume Irigoien
taldea: Hiruak Bat
1987, antzerkia
104 orrialde
84-398-9566-6
aurkibidea
 

 

BIGARREN ZATIA

 

Leku bera.
Haatik alkiak bazter batean ezarriak dira.
Erdian, mahain bat janariz betea.

 

 

Lehen agerraldia

 

(KOTXINO karnet batekin,
MININI plat ainitzekin harat hunaratka).

 

KOTXINO: Are aztapar kotsia! Fiteago, fiteago!!!

MININI: Janari pizuak dira, ez nauzia laguntzen ahal?

KOTXINO: Ez hintzena jina nere lanaren ahintzeko? Ar hadi orai airez aire hor!

 

(MININIk keinu txar bat eginez eta
halaike harat hunaratka segituz)

 

KOTXINO: Hor dituzta saldak...: oiloscdda, baratxuri salda, tapioka salda, arrain zopa, olio zopa, baba salda...

MININI: Ze, bada salda... barnea bara araziko dio gure esperientziari... Eni segurik, ez du sekulan huts egiten.

KOTXINO: Barnea bara arazten... baba saldak... Ago gustian, gero . hor heldu dituk apez ilarrak. Eta debrurik ez badu, horiek libratuko die. Putz eta uzkerrak segur ditik!

MININI: Baduke aspaldi ez duela holako musika eztirik entzunik eta eginik.

KOTXINO: Oooh, berrogoi eta bi egun, nunbaitan. Bainan ez gituk hor alferrik egoiteko... Zeren sarri ez zaiok eskainka arizan beharko... Are, ekarzkik gainerateko hamazazpi platak.

MININI: Hor ditut denak! Ene ustez...

KOTXINO: Hmmm... (mahaiari so eginez)... Zozizon xerrak, janbua paketa, tripot pezak, xingar xafla... Hor berriz arrainak, xardinak, atuna, merluza, angirak, bi xipa fresko freskoak duela bi aste harrapatuak... desertak... gasnak, enseladak... Eta en plata? ... Nun da?

MININI: Zoin ote, denak hor dira...

KOTXINO: Ene plata... ene plata ahantzi du... Nihaurek asmatua, kontzebitua...

MININI: Ez dut ikusi...

KOTXINO: Ez ahal duk jan ene «gurin urinkia». Badakika zonbat pairatu dutan plat berri horren egiten... Hainbeste oren xerriaren xitxi gorria xehatzeko eta haren gizenaren xerraka mozten, eta gero, aldizkatuz, xitxi gorria eta gizena estaika ezartzeko... Eta undarrian, hainbeste izerdiren ondotik, zerriaren buztana xut xuta, erdian ezartzeko!

MININI: Zaude gustian, holako plat hotza uzten dut zinez gose den bati...

KOTXINO: Plat hotza... plat hotza... Bainan beroaraziko diat ene «gurin urinkia»; gure esperientzia, usin goxoaz gustaturik urranduko zaiolarik... Aguardientez itoko diat nere plata, eta su emenen dakoat...

              Hola gure esperientzia lotuko zaiolarik, ukanen du salsa bat zointan urin guria eta xitxi kizkailiak nahasiko diren... eta emeki emeki xerri buztana hurtuko da mitxa bat bezala... Triparen bestarekin batean begien besta ukanen du gure Esperientziak...

MININI: Berrogei ta bi egunen ondotik, baduke ba gizen kotsiaren beharra...

KOTXINO: Bon, pentsaketetan egoiteko ordez, habil haren xerka... Eta ekarrak osorik...

MININI: Zaude gustian, ez diot xorta bat ere hurrupatuko... Ukanen duzu osorik zuretako...

KOTXINO: Aaah, ez enetako ez... neure platak ez ditut sekulan nihaurek hunkitzen... Nere plat bakotxak, neure parte bat bezala dira... Eta behar dut erran hortan ene parterik hoberena eman dutala... (bere tripa erakutsiz).

 

 

Bigarren agerraldia

 

(KASETALARIAVOLPENEMININI).

 

KASETALARIA: (sartuz eta xuxen xuxena joanez mahainari buruz) Aaah segur nintzan ene sudurrak ez ninduela tronpatu... Zer triparen pesta... Ooooh, hortxet... MMMmmm (puska bat ahoratuz)...

KOTXINO: (atrebituz) Barkatu Jauna...

KASETALARIA: Bai gaizoa... (beti segituz janez).

KOTXINO: Plat horiek...

KASETALARIA: Izigarri onak...

KOTXINO: Ez dira zuretako.

KASETALARIA: Badakit, badakit gaizoa (segituz bere jastaketetan).

KOTXINO: Gose dagonarendako dira...

KASETALARIA: (utzi platak) Aaah, zonbat nahi nuken haren tokian izan... Ze apairua...

KOTXINO:... Bainan, zu zira... Minini haugi...

MININI: (jinez) Zer da?

KOTXINO: So egizak Minini... Zu zira telebixtako berri emailea ez? Beti behatzen ditut zure emankizunak... Zer ohorea guretako...

KASETALARIA: Nere lanaren egiterat baizik ez naiz etorri hunarat. Goseaz arrangura haundia badugu. Beti interesgarri da gose dagon baten erakustea apairu denboretan erranez: «Haur hunek ez du bi egun hauietan, deus jan eta deus edan!».

KOTXINO: Zer izigarrikeria besteñez...

KASETALARIA: Ez nauzu sinetsiko, bainan orduan gira gehienik entzunak... Hortakotz, holako okasioneak ez ditugu huts egitekoak... sustut jakinean mahai baten inguruan bururatuko dugula... hu hu hu (beti plataka zokokatuz).

KOTXINO: Lan bortitza da zuena ez?

KASETALARIA: Aaah ba, beti, zoin fiteago ibili behar, berri fresko baten ipurditik, sustut odol, bonba, krima eta ixtripu haundiak direlarik... Gertakaria gertatu bezain laster, ahal bada lehenago...

KOTXINO: Orduan, gertakari latzen trebukarazteko ahala bazinuke...?

KASETALARIA: Urgulu izpirik gabe, ba... beharrez ixtripu haundiak traba nezazke... Bainan ez ditut egiten... Zonbait aldiz berriak gatzik gabeko xitxi bat bezain hilak dira eta atentadoño batek, fite biper kotsia emaiten diote...

KOTXINO: Alta holako gertakariak ez dira eskas...

KASETALARIA: Bai, bainan entzulegoaren janiza, izigarria da, eta behar da zerbait gisaz ase...! Behar ere, irri egitea ere maite dugu...

              ... Badakizue, Etiopiako futbol matx batean egun eta hogoi ikusle hil direla?

KOTXINO: Ba! Gaizoak...

MININI: Ez zuten beste beharragorik!

KASETALARIA: Matxaren berrogeita hamaseigarren minutan, «Beti arin» ekipako aintzineko jokolaria, «Dena hezur»eko ekipako golari, ttantto baten sartzekotan da, eta orduan, bere etsai batek, krepautki, gibeletik mozten du. Arbitrak penalti bat manatzen du eta «Dena hezur» ekiparen sustengatzaileak asaldatzen zaizkio. Ez du horrek izitzen arbitra, eta kartoin hori bat ateratzen du jokolariaren kontra... Hortan, publiko osoa, zelairat jausten da joka zapartaka.

KOTXINO: Ze, penalti baten gatik, ehun eta hogoi hil!!!

KASETALARIA: Ez, ez, ez penalti baten gatik, ez... Karta horiaren gatik!

KOTXINO eta MININI: Karta horia!

KASETALARIA: Uste zuten ogi xerra bat zela... Ha ha...

KOTXINO eta MININI: (alegia irriz) Ha ha...

KASETALARIA: Eta noiz agertuko zauku gure Etiopianoa? Ha ha ha...

KOTXINO: Laster, ...anartean, guk joan behar dugu sukalderat azken pusken prestatzeko.

KASETALARIA: Zuekin heldu naiz... Nahi nuke ikusi zuen tenploa...

 

 

Hirugarren agerraldia

 

(Jaun MINIXTROAKAMELIA).

 

MINIXTROA: Zertan gira... Aaah mahaina bederen prest da... Gure gomitak hor ote direa...

KAMELIA: Kasetalaria etorri da... bainan sukaldeko bidea hartu du...

MINIXTROA: Ez naiz batere estonatzen... Mikroak jaten ahal balire... ez litaike bihirik engoitik... Gosearen aurkako taldekoa?

KAMELIA: Ez da oraino hor... Hel arazi diotalarik zure gomita... ez daut hitzeman...

MINIXTROA: Zer uste duzu?

KAMELIA: (buruaz baietz egina) Hmmm.

MINIXTROA: Ez etortzeko afruntua egin lezakela?

KAMELIA: (berdin) Hmmm.

MINIXTROA: Aaah, bainan ez naiz ados! Behar duzu segidan deitu. Eta erraiten diozu ez bada etortzen, erraiten diozu... Zer erran... Erraiten diozu, jendek eman sosak, sakolarat ezartzeko fama hedatuko dugula...

KAMELIA: Banoa, Jaun Minixtroa...

MINIXTROA: Eta ez bazaio aski, nihaur joanen naiz haren xerka... Altxa dezan gogotik edo bortxaz nere xeka...

 

 

Laugarren agerraldia

 

(MINIXTROAKASETALARIA).

 

KASETALARIA: (ahoa beterik) Oooh Jaun Minixtroa... Bakarrik zaude...

MINIXTROA: Jin zira beraz... Zer aiuta zinuen barda, telebixtan. Maite dut zure moldea... Jina nintzan azken begi kolpe baten emaiterat...

KASETALARIA: Zer gibel ondoa!

MINIXTROA: Eta zuk, ondo gibela?

KASETALARIA: Holakoetan beti! Behar bada lehen plat bezala elkar hizketa bat egin ginezake.

MINIXTROA: Zure meneko nago.

KASETALARIA: (prestatzen da) Aditzaile maiteak, gurekin Janariaren Minixtroa... Gure lehen galdera, gaurko esperientzia, zuen orai artinoko egin molde beretan sartzen dea?

MINIXTROA: Errotik... Gure eginbidea da, zakutik edo zorrotik, eta ahalaz zorrotik, jender untsa jateko gutizia emaitea. Dakizun bezala, orai jendeak presaka eta gaizki jaten du. Azken toki bat gaitz hunek kotsatu ez duena: Gosete lekua... Zinezko xantza dute, eta hori ez dakite... Hortako merezi dute haier buruz zerbait indar egin dezagun...

KASETALARIA: Ez duzuia uste mota hortako esperientziak, jenden pentsa moldea duda araziko duela.

MINIXTROA: Bai, bixtan dena. Esperientzia molde hori berria da. Bainan lehenekoak erran zuen bezala: «oraiko gisa». Eta nik diot: «entzule, gutan ukan zazue konfiantxa... Biharamunaren bezperan gira... ez dut besterik erraiten ahal gaur eta ez da deia gaizki...»

KASETALARIA: Milesker Jaun Minixtroa...

MINIXTROA: Untsa zen? Beste gomitek ez dute beranduko.

KASETALARIA: Munduko gosetearen kontrako mugimenduaren arduraduna...

MINIXTROA: Bai, bai... etorriko da... Izigarri okupatua da bainan... Ooooh, so egizu hantxet heldu zauzkitzu Zuzana eta Jomena... xakur gosetiez arduratzen dira... (eta badoa).

 

 

Bostgarren agerraldia

 

(ZUZANAJOMENAKASETALARIA).

 

ZUZANA: (mahainari buruz joanez)... Zoin ederki egiten dituen gauzak gure Jaun Minixtroak...

JOMENA: Badakike gu errezibitzekotan, indar berezi bat egin behar duela...

KASETALARIA: Barkatu Andereak... Zuzana eta Jomena?

ZUZANA: Oooh, Zu zira... Oooh Jomena...

              Ez dut sekulan huts egiten zure emankizunik...

JOMENA: Nor da?

KASETALARIA: Zerbait galdegin nahi nauzun...

ZUZANA: Eni?... (alegia deusez) Zer ote?

KASETALARIA: Ea nahi zinuenez enekin...

ZUZANA: Elkarrizketa bat enekin? ... Zer, hola beztiturik? Baina zeren aipatzeko?

KASETALARIA: ...

ZUZANA: Orduan xinpleki... Minuta bat edo bi. Jomena, lagunt nezazu prestatzen...

 

(KASETALARIA badoa tresnen prestatzerat)

 

ZUZANA: Oooh, ez naiz batere prest, ...uste duzu untsa pasatuko dela?

KASETALARIA: Zaude gustian... ez zaitu gure kamerak janen...

ZUZANA: Hola edo hola behar dut mintzatu...?

KASETALARIA: Ziren bezala hartuko zaitugu...

ZUZANA: Oooh Jomena, laguntzen nauzu...

JOMENA: Bainan zertan...

KASETALARIA: Kasu hasten gira...

ZUZANA: (iziturik) Aaah, aah...

KASETALARIA: Gaur, gurekin, inguru haundiko emazte bat, Zuzana! Eta zu, Zuzana, kalipu berezi batekin borrokatzen zira gosearen kontra. Aipa zinezakea hori?

ZUZANA:...

KASETALARIA: He, Zuzana?

ZUZANA: E, e, e, he, heu...

KASETALARIA: Zuri zen... Zendako ez duzu deus erran?

ZUZANA: Hein? Zer erran duzu?

KASETALARIA: Berriz hasiko gira... Bai entzule maiteak, aipatzen ginuen andere Zuzanaren inguru haundia, eta haren kalapioa eta kuraia gosearen kontrako borroka hortan... Hortaz argitzen ahal gituzu?

ZUZANA:... Eni da?

KASETALARIA: Bai, zuri da! Eta ez du balio hor horiturik egoitea beldurrez... berdin nehorek ez du blurik ikusiko...

ZUZANA: Eta zu zendako hola gorri belzten zira? ... Eta zer duzu so ilun hori?

KASETALARIA: Noiz debru aipatuko daukuzu zure lan kuraiosa gosetearen kontra?

ZUZANA: Jainkoa! Ez da mirakuilurik... Gosez dauden xakurrak biltzen ditugu... Arraza purrak! Ez baxtartak...

KASETALARIA: Eta zer egiteko dute zure arraza purreko xakurrek hemen...?

ZUZANA: Minixteritza hunen indarren lauzkatzeko gira hemen. Alabainan gose daudenen herrialdeak, eta gure xakurrak konkurentzian dira, gure herrialde industrialaren janari soberakinen ondotik. Orduan, hautu bat behar da egin...

KASETALARIA: Ez du balio erraitea zoin hauturen alde zirezten...

ZUZANA: Untsa tronpatzen zira... Guk gosetearen herrialder uzten ditugu soberakinak. Beude gizonak beren undarrekin...: Haatik ordainez gosedunek egin dezatela guretako xakur bazka gure herrialde zibilizatuaren emaitzetan truk...

KASETALARIA: Milesker, segurkitale... (utziz bere tresnak) Ooooh ez dut, andere Zuzana, sekulan holako kalitatezko emankizunik egin oraino...

ZUZANA: Oooh, telebixtan pasatu nauzu... Oooh, Jomena zauri atearen atxikitzerat (badoa pixa egiterat).

JOMENA: Ooooh? Telebixta? (ohartuz undarrian) Oooh.

 

 

Seigarren agerraldia

 

(KASETALARIAMINISTROAKAMELIA).

 

MINIXTROA: (brau sartuz) Emazte ostia...

KASETALARIA: Mantxut?

MINIXTROA: Hummm... Emazte... emaz... emaz... Emazteak besteñez...

KASETALARIA: Aaah, ba, emazteak besteñez...

Munduko gosetearen elkartea...

MINIXTROA: Anderea?

KASETALARIA: Bai Anderea...

MINIXTROA: Anderea!

KASETALARIA: Ez da oraino ageri!

MINIXTROA: Hmmm...

KASETALARIA: Anderea ez da oraino ageri!!!

MINIXTROA: Aaah ba, jinen da... jinen da... jin behar du... Telefonaren puntan nuen ohaixtian, eta erran daut jinen zela... laster...

KASETALARIA: Ez baliz jiten, ez luke potretik holako esperientziak, ha ha ha...

MINIXTROA: Ha ha ha...

KASETALARIA: Zer?

MINIXTROA: Ez, haha egiten nuen...

KASETALARIA: Ha?

MINIXTROA: Haatik, haha...

KASETALARIA: Zer?

MINIXTROA: Ha ha ha haatik, erraiten nuen...

KASETALARIA: Haatik!

MINIXTROA: Ba ANDEREA heldu zela. Haatik!

KASETALARIA: Haatik?

MINIXTROA: Ez dakit erran behar dutanez...

KASETALARIA: Badakizu kasetalari bezala sekretuak...

MINIXTROA: Ez da hori... Ni naiz dutan susmoaz, ez hain fida.

KASETALARIA: Holakotan, ez da aise mintzatzea... Nahiz geroak frogatzen duen arrazoin zinuenez ala ez...

MINIXTROA: Hmmmm.

KASETALARIA: Orduan ororen buru ez da lanjer haundirik...

MINIXTROA: Uste duzu?

KASETALARIA: Bai segur nuzu...

MINIXTROA: Segur?

KASETALARIA: Errealki segur (MINIXTROAk kentzen dio errauts bat eta badoa urrunago).

MINIXTROA: MMmmmmh!

KASETALARIA: Bainan ez zaitut bortxatu nahi...

MINIXTROA: Ez, ez... gogotik mintzatuko naiz...

KASETALARIA: Zure kontzientziaren arabera egin zazu...

MINIXTROA: Nere kontzientzia, nere tripa betea beztiin gustian dut...

KASETALARIA: Erraitekoak, uzkerrak bezala behar dira libratu...

MINIXTROA: Ahotik, aterako zautanak ez du deus egitekorik usin goxoarekin...

KASETALARIA: Nere beharria eskaintzen dautzut, bainan ez sudurra...

MINIXTROA: Hara!

KASETALARIA: Bai?

MINIXTROA: Iduri zaut, itxura guzien arabera...

KASETALARIA: Fida itxuretan, potregabekerik ez gertatzeko.

MINIXTROA: Badakizu, nik ez dakit, bainan leku segurretik, jakin dut... presuna mihi ahin batek erranik...

KASETALARIA: Nun ere min ahin, han beharri fin...

MINIXTROA: Aintzinetik ere, halako duda bat banuen nik ere...

KASETALARIA:... Batere trenkatuko duzunez nago orai ni dudan!

MINIXTROA: Nola?

KASETALARIA: Ez, ez, deus ere...

MINIXTROA: Zertan nintzan?

KASETALARIA: Aipatzen ginituen zure dudak, gosetearen kontrako arduradunaz behar bada...

MINIXTROA: Beharbada...

KASETALARIA: Beharbada ez zela zuen egin moldearekin hain deplauki ados...

MINIXTROA: Bada holako zerbait...

KASETALARIA: Beharbada zuen ideiaz jelos zelakotz...

MINIXTROA: Hori bera... bai... Jelos! Bixtan dena, ... Biba zu... Jelos ba, hori da.

KASETALARIA: Alta kontzientzia hoberenean esperientzia hortan engaiatu zireztelarik... gosetearen kontrako borrokaren onetan...

MINIXTROA: Bai, ikusten duzia zer nahikaria, zer indarrak erakusten dituzten multinazionalek...

KASETALARIA: Multinazionalek...? Bainan zer egiteko dute horiek?

MINIXTROA: Oooh (ainitz erraiten balu bezala).

KASETALARIA: Deus ez nakien...

MINIXTROA: Bixtan dena, sekretu bat zen... Eta hala egon behar du...

KASETALARIA: Zaude gustian. Betidanik mahai batean, jakin izan dut hautatzen behar den lekua... Mahaiburuko ondoko alkia...

MINIXTROA: Multinazionalak indartsuak dira bainan ez zaiote aise, hola agerian beren hedaduraren... Euh... beren laguntzaren hedatzea gosetea den lekuetan... Hortakotz proposatu dute gure Gobernamenduari Minixteritza hunen ideia... Gure Gobernamenduak segidan aztatu du... proposamen horren balioa... Eta hara...

KASETALARIA: Bainan, gaurko eksperientzian, zer ikusteko dute multinazionalek?

MINIXTROA: Bainan, ainitz! ... Egia erran... bainan gure artian egon dadila... haien ideia bat da... Gaur eksperientzia hau dela medio, mundu guziak ikusiko du gose dagon batek ze plat hautatzen duen holako hauta duelarik aintzinean. Eta gero ikusten duzu? ...gosetearen kontrako elkarteek plat hori dute igorriko burrustaka gosete leku haietarat...

KASETALARIA:... Multinazionalek furniturik... (saldurik).

MINIXTROA:... Laster konprenitzen duzu...

KASETALARIA: ...aski esplikatu ondoan!

MINIXTROA: Bai... eta hortako dugu beharrezkoa delako andere hori... bere benedizionea eman dezan gure eksperientziari zure telebixtaren aintzinean...

KASETALARIA: Orduan... zu multinazionalen kuki bat zira?

MINIXTROA: (kexu) Ez dut permetituko! Ez...! Ni naiz multinazionalen egintza onen obratzailea... Eta kopeta gora diot, ni hautatzean debrien afera egin dutela...

KASETALARIA: Dudarik gabe...

MINIXTROA: Arras kontent naiz hola gauzak haxean ezarririk, orai badukezu ikusmolde orokor eta xuxen bat... Hum...

KASETALARIA: Ezin uka...

MINIXTROA: Bai horiek hola... Jiten balitz gure azken gomita, untsa laike ez?

KAMELIA: (sartuz) Uste dut Gosetearen kontrako elkartearen arduraduna...

MINIXTROA: ...hor dela... Aaah zoin untsa doatzin gauzak gaur... Iduri du espres egina...

 

 

Zazpigarren agerraldia

 

(DENAK, WILFRID salbu).

 

MINIXTROA: Are, harro hor! Jiten ahal zirezte, has gaitezen!

 

(DENAK sartzen dira emeki emeki.
GOSE DAGONA, MININI eta KOTXINOk atxikitzen dute.
MEDIKUA, ZUZANA eta POETA geroago ikusiko dugun moldean)

 

MINIXTROA: Zuri Poeta. Gure eksperientzia bere gain utzi aintzin, emazu zure olerkitik...

POETA: (anartean KASETALARIA mikroari lotzen da) Huna olerki bat eskaintzen duguna gure «gosez dagonari».

              Izena du «Gosez dagonari».

              Zuek hor mahainean lerrokatuak zirezten janari arin, pizu, oliostatu, urindatu gizen, gorri, erre, egosi, gordin... begira zazue zuen ohoratzerat jinen zautzuena... Gogoan ukan haren golosotasuna, haren murtxatzeko, haren ziztatzeko edateko, hurrupatzeko manera... Behar oraitik haren tripa hutsaren kurruilak... eta izan kontent holako ohoreaz...

KASETALARIA: Gaurko zeremonia hasia da eta jadanik entzuten ditugu Janariaren Poetaren lehen lerroak... Ez dugu elekatu ahal izan Eksperientzia... bainan segurrenik preziatzen duzke pertsu horiek lehen plat bezala...

GOSE DAGONA: ... Aaah, gose naiz... (denak itzultzen dira).

MINIXTROA: Segi zazu zure poesiarekin. Beha dago gure eksperientzia...

POETA: Eta zuek komitatei alferrak, zuen aldia ere etorriko da ixtantean gure gizon famatu eta kakazia jinen delarik gau osoz...

              etorriko delarik izkiriatzerat kolore maskaroz...

              lerro guri eta beroz

              bere desio zirriztakorra...

 

(ANDEREA sartzen da. DENAK ixiltzen dira.
Ixiltasun haundi bat kasik iziturik)

 

POETA: Bere desio zirriztakorra... Kolore mazkaroz... Gau oroz...

ANDEREA: (xuxen xuxena joanez MINIXTROAren ganat)... Hemen naiz erran bezala... Ez nuen besterik egiten ahal funtsian.

MINIXTROA: Gure eksperientziaren gatik gira hasi... bere osagarria...

ANDEREA: Untsa orai duzu zure eksperientziaren osagarria gogoan... (DENAK hasiko dira asperturik bezala).

KASETALARIA: Bozkario haundiarekin errezebitua izan da Gosearen kontrako Elkartearen arduraduna. Segidan joan da Minixtroaren agurtzerat... Beste gomitetan Zuzana andere loriosari ohartzen gira, bainan goazen aintzina gure eksperientziarekin...

POETA:... Bere desio zirriztakorra...

MINIXTROA: Milesker, orai garrantzi haundiko memento batean gira... Eta zuri naiz orai mintzo: zu gure eksperientzia maitea... Eksperientzia izanik ere, ez dugu ahanzten gizon bat zirela... eta gizon bezala... jakin zazu...

GOSE DAGONA: Mmmm... Nahi dut jan...

MINIXTROA: Hein... Bai beraz, ...guri zure eksperientzia... ez, zuri gure eksperientzia. Volpone eta Minini, utzazue orai, bere bidetik joan dadin...

GOSE DAGONA: Ez ez lagunt nezazue... Ahul naiz...

 

(MININI eta KOTXINOk uzten dutelarik,
entseatzen da norbaiti lotzea,
bainan bestek kasik salbaiki botatzen dute lurrerat...)

 

KASETALARIA: Memento latza hemen Janariaren Minixteritzan. Eksperientziak ez du gelditzerik Juan Minixtroaren eskertzetik pundu hortaraino heltzen lagundurik eta hari esker hola Telebixtan eta mundu zabalean ezagutua izaitetik... Bainan azken bidaiaren tenorea dugu eta gure eksperientzia debrien punpian abiatzen da... Orai azken mahai izkina pasatu du eta bide xuxena du arribantxa artio... Ikusten dugu bere zazpi egin ahalak egiten dituela gure eksperientziak, bere grazia eta lerdentasunik galdu gabe... Hemen gira beraz Jaun Andereak Janariaren Minixteritzan zuzenean, Eksperientziaren arribantxari so eta heltzeko pundian dugu... Bere eskua luzatzen du ikusten duzien bezala... Bainan ez duzie deus ikusten Kamera ahantzi dut... (badoa GOSE DAGONAren gelditzerat eta dio). Barkatu Jaun Minixtro... Kamera ez nuen piztua... Berriz hasi behar dugu...

ANDEREA: Bainan hiltzer da! Utzazue jaterat undarrian...

MINIXTROA: Aaah utziko dugu bainan gure entzuleek behar dute ikusi hastapenetik gure eksperientziaren Galbarioa... Hortakotz berriz hasiko da... Bestela ez luke balio ere...

 

(Berriz plantatzen dute
«partitzeko pundian» eta berriz haste...

GOSE DAGONA bixtan da kasirik azken hatsetan da)

 

KASETALARIA: Beraz, Jaun Andereak, gaizki partiturik, gure eksperientziak behar du bere bidaia berriz hasi, bainan bere nahikaria ez du galdu eta badoa debrien xixtian. Mahainaren izkina enegurik gabe pasatu du eta laster arribantxan dukegu... Eskua luzatzen du mahainari burua... bai... laster arribatua da... (eta erortzen da net)...

DENEK: Ooooooh...

KASETALARIA: Jaun Andereak, ... Andere Jaunak... ez dut untsa ikusten... Presuna bat jeiki da ene aintzinean... ikuslierrak engoitik irabazlearen gainen dira haren txalotzeko...

 

(Jendeak eksperientziaren inguruan dira harriturik,
higitu gabe, deus erran gabe)

 

 

Zortzigarren agerraldia

 

(DENAK).

 

WILFRID (botz off): «Eta gizonak, bere podere gosearen pindan, gizonkia jan zuen, eta haren odoletik edan... Maleruski lurra ez zen asaldatu, baitzakien gaztigurik haundiena gizonak pairatuko zuela berak egin itsuskerien ganik...».

MINIXTROA: Wilfrid!

DENEK: Wilfrid?

MINIXTROA: Hura da hobenduna! Haren gatik du gure eksperientziak leher egin!...

              Atzeman zazue... Atzeman...

 

(Gaitzeko bordela da taula gainean,
DENAK WILFRID atzeman beharrez,
eta laster gelditzen dira taula gainean
ANDEREA eta GOSE DAGONA)

 

 

Bederatzigarren agerraldia

 

(WILFRIDGOSE DAGONAANDEREA.
WILFRID ahotik sartzen da).

 

ANDEREA: Zu hor? Nun zinen... Atxeman zaitute...

WILFRID: Ooooh Hertze xoko batean gordea nintzen... Badugu denbora kotsia... Nahi nauzun zerbait erran...

ANDEREA: Zer berriz ere... ez duzu uste ez dela aski Munduaren Akabantzarekin...?

WILFRID: Preseski, Munduaren Akabantza, ez zen egia...

ANDEREA: Ze debrien kontsolamendua... Eta gizagaixo hau (GOSE DAGONAz okupatuz).

WILFRID: Zientifikoen arabera, gure lurrak baditu oraino hiru miliar urte bizitzeko. Ikusten duzu zonbat gerla, hiltze, torturatze, krima, zanpatze, odol huste, tripa idokitze, indarkatzen parada baduen oraino gizonak...

ANDEREA: Iduri zaut hori gustatzen zauzula... Horrek zaitu bozkariatzen?

WILFRID: Egia erran, horrek zorion bulta ttipi batzu emaiten dauzkit. Zinez loria nindaike gizonak, bere pitokeriaren puntatik, berak, lurra zapartaraz baleza... Eta bonba atomikoak esperantxa kotsia emaiten daut...

ANDEREA: Bainan zu besteñez, zinez gaizki zira... Arrunt eroa zira...

WILFRID: Ni eroa? ... Ez ote zu? Zendako balio du zu bezala aritzea, munduan bakea ezarri nahiean, hainbeste ari delarik denak gaizkondu eta pozoindatu beharrean. Zendako ari zira Mundu huntako hiruetarik bier jaterat eman nahiean... hiruetarik batek podere guziak eskutan dituelarik eta haien gosearazten ari delarik...

              Nor da eroa, ni ala zu?

 

(Hortan MININI eta KOTXINO sartzen dira
eta
WILFRID harrapatzen dute)

 

KOTXINO: Harrapatua diat!

MININI: Nik ere...

KOTXINO: Zaurte Wilfrid atzemana dugu...

ANDEREA: Utzazue, utzazue, ez du deus egin...

 

(DENAK sartzen dira berriz)

 

MINIXTROA: Biba zuek! Medailatuko zaituztet, gure Aberriari ekarri laguntzaz... Ereman zazue...

WILFRID: Agur Jaun Minixtroa. Zure apairuetarik batean izaiteko ohorea ukan dut.

MINIXTROA: Ereman zazue bixtatik... (joana delarik). Aaah azkenian atzeman dugu gure hobenduna...

ANDEREA: Zeren hobenduna... Iduri du kasirik kontent zirela... Zure gatik hil den giza trixte hunek ez dautzu zure kontzientzia biziki harrotzen...

MEDIKUA: Ez da hila, bakarrik ezindua... laster pixkortuko da...

MINIXTROA: Kasu Anderea! orroit gure hitzarmenaz... Wilfrid da gaurko gertakariaren hobendun... Untsa konprenitua duzu (gaixtoki)...

ANDEREA: Bai... (eztituz) Sobera untsa... bainan barkatuko dautazu... hemendik aintzina ez du hitzarmen horrek deus balio. Ez dugu deus egitekorik elgarrekin jarraik zazu zure bidean zuhaurek... zure eksperientziarekin... zure apairuekin ase zaite... goseteaz ase zaite... miserietaz...

              Zure osagarriari eta on egin daizula... Apetitu on!

              Apetitu on!... (eta ateratzen da).

MINIXTROA: Bon bon... (dena jestu) bon...

              Baina eguerdi da... Mahaiko tenorea... Are, denborarik ez gal...

DENAK: Aaah... (eta mahaiari buruz doatzi).

KASETALARIA: hortan uzten zaituztegu Jaun Andereak... Azken berriak beraz... Ero batek eksperientzia trebuka arazi du bere azken urratsetan. Eroa erotegi batean dago eta jakiten dugu eksperientziak ez duela hiltzeko irriskurik... Anartean, gu ere zuek bezala baskaiterat goatzi... Apetitu on eta bestaldi bat arte...

 

(POETA anartean sinoka hasia zen goiti bota beharrez)

 

KASETALARIA: Zer duzu?

POETA: Ez dakit... bat batean... iduritzen zaut sendatu naizela... tripa betea senditzen dut... eta goiti... Burp... (lasterka partitzen da).

MINIXTROA: (Hartuz KASETALARIA) Utzazu... badakizu poeta horiek bereziak dira... milixkak eta deus guti aski dute eritzeko... (denak jaten hasten dira).

 

(Entzuten dira jateko azantz batzu.
Oihal xuri batek gordatzen ditu jaleak.
Haatik, haien itzalak ageri dira.
Emeki emeki, bihotz ttankak entzuten dira,
jaleen azantza uzker eta okerrak estaltzen dituztela.
Hitz hunkigarri batzu haur batzuek erranik,
anzterkiko perpaus batzu entzuten dira)

 

OIHALA