7. — La Habanan elkartzen direnean
(Fatxada bat erloju eta guzti.
Cortadillo erlojupean, puru bat erretzen.
Rinconete agertzen da: penagarri.
Uniforme zarpilduak eskale-zarpa dirudi.
Makila bat darama, eta, itsu-betaurreko itsuak jantzita).
RINCONETE: Har nazak pordioserotzat. Atzetik zetozkidak! Limosnatxo bat, anaia, Jainkoaren izenean.
CORTADILLO: Zer ibili haiz? Hiru egun honetan hemen nagokik zai, La Habanan.
RINCONETE: Oinez etorri nauk. Kilometro banaka batzu egin dizkiat karrotxo batetan, pulano batekin guarapoa saltzen.
CORTADILLO: (Botila bat eskainiz) Har ezak kaina apur bat, eta espabila hadi. Harrapatu al hinduen populatxoak?
RINCONETE: Hala duk.
CORTADILLO: Eta, zer moduz? Gogor astindu al hinduten?
RINCONETE: Hil-itxura egin nian, eta, errukitu egin hituan.
CORTADILLO: Ideia bikaina, hik askotan izaten ez baduk ere.
RINCONETE: Hil-beilakoan hituan kontuak.
CORTADILLO: Lurperatu nahi hindutela! Egoera xelebrea.
RINCONETE: Halaxe duk. Beraz, zerriztutxo bat ikusi nuenean, alde egin nian, andreari hezurretarainoko izua sartuz. Baina, norbait hasi huen txibaketan, hildakoak ez direla hola hola berpizten eta... giza ehizean hasi hituan berriro. Ikusten duk. Denetik pasa behar izan diat.
CORTADILLO: Benetan oraindik ere atzetik ote darabiltzak?
RINCONETE: Bada ezpada ere...
CORTADILLO: Nik dakidala, ez zegok susmagarririk inor.
RINCONETE: Betaurrekoak kendu egingo dizkiat. Itsuarena egiten diat hauekin.
CORTADILLO: Egin ezak beste zurrut bat.
RINCONETE: Jainkoak bedeinka hazala, Cortadillo. (Edaten). Egia esan, bazeukat ideia bat gure auzirako.
RINCONETE: (Samin). Ideiak beti izan dizkiat. Hik ulertzea falta...
CORTADILLO: Horrela bada, hustu ezak zakua.
RINCONETE: La Habanako txino-auzoa babestegi ona duk kriminalentzat, hala diat entzuna.
CORTADILLO: Txinotegi bat duk, besterik baino gehiago.
RINCONETE: Dena dela, hau duk nire burutazioa: hantxe dagokela Fu Man-Txu. Txino bat ezkutatzeko tokirik egokiena txino artean duk. Bestela nabarmen agertzen duk.
CORTADILLO: Hori horrela izanik ere, milaka dituk auzoan. Belar-pilan izpi bat bezala.
RINCONETE: Zer galtzen diagu probatzeagatik? (Beste trago bat edaten du). Gaur gauean probatuko al diagu?
CORTADILLO: Ekar iezadak boteila hori! Zizpan hoala!
RINCONETE: (Jadanik mozkortua). Gehiegi edaten baldin badiat, kaso egidak. (Edan eta bemaio boteila).
CORTADILLO: (Edan). Azkenean zer? Horien auzo horretatik buelta bat eman egingo diagu bai, eta, onenean suertea eukiko diagu.
RINCONETE: Ideia bat huen ala ez?
CORTADILLO: (Edan gehiago). Nigatik ez gaituk geldituko intentoa jo gabe. (Isilunea) Izuturik natxegok, hermano.
RINCONETE: Zerk izutzen hau, hi beti hain balientea izaki eta...?
CORTADILLO: (Nigar-muzinka). Militar sistimak izutzen niok. Igoal afusilatzen gatxiotek.
RINCONETE: Zurbildu haiz erabat.
CORTADILLO: Txinorik gabe joaten bagara, likidatuko gatxiotek. Gerratean gatxeudek.
RINCONETE: Hik, kaboa haizenez, esplika iezaiekek...
CORTADILLO: Nik ez zeukat han agertzeko balorerik. Pentsatze hutsak dardaraz jarri zizkidak zangoak.
RINCONETE: Eta zer egin?
CORTADILLO: Ederra egin huen, Rinconete!
RINCONETE: Nik uste.
CORTADILLO: Ea zer asmatzen duan.
RINCONETE: Hanka egin genezakek. Desertatu.
CORTADILLO: Nahiago diat heriotzea. Uniforme sakratuak galerazten zidak.
RINCONETE: Orduan?
CORTADILLO: Esku-huts joaterik behintzat pentsatu ere ez. Hik esango duk zein destino daukagun...
RINCONETE: Ikusten denez, gaizki zihoazek gauzak.
CORTADILLO: Har ditzagun kopa batzu, ea pizkortzen garen. (Edan bezate botilatik). Eta orain jarrai dezagun bilaka. Gaur gauean bukatzen zaiguk epea.
RINCONETE: Txino auzoa alde hartan zegok. Ez al dituk kale estuak ikusten?
(Estropozoka doaz. Ilun)