Alfonso Sastrerekin elkarrizketa
Goaz — Antzerki idazle bezala, Euskal Antzerkiarekiko eduki duzun lehen kontaktoa al duzu hau?
Alfonso Sastre.— Egia esan behar baitut oso kontaktu txikiak izan ditut orain arte. Haurrentzako lanen bat; hori bai, beti euskaraz eginiko antzerkiari nagokio.
Goaz.— Antzeslana euskarara itzultzerakoan, obrak bere indarra gal zezakeenik pentsatu al zenuen inoiz?
Alfonso Sastre.— Proiektu hau planteiatu zenean, zenbait elkarrizketa izan nituen Lukax Dorronsororekin, nik neuk oztopo asko egongo zirela pentsatzen nuen batez ere antzeslanak duen argota ixuritzeko. Orijinaleko elkarrizketan dagoen aspektu argotikoa euskaraz nola geldituko zen benetan kezkatzen ninduen, baina antza denez itzulpena egiteko forma egokiak bazeuden eta noski, zoritxarrez nik ezingo dut epaitu euskarazko elkarrizketa baina, itzulpena egin ondoren antzerkia irakurri duten lagunek esan didatenez, orijinalak duen argot enkantu hori ongi gordetzen du itzulpenak. Bide batez ikuslego euskaldunarentzat guztiz ulergarria gertatzen delarik. Gogoratu antzeslanaren graziaren parte bat Madrid-ko karteristek erabiltzen duten argot horren erabileran dagoela, eta hor itzulpenerako benetako oztopo bat zegoen.
Goaz.— Zuzenki antzeslanari lotuko gatzaizkio. Zer esan nahi du «Ez da pale egiteko oldua», «Ahola no es de leil»?
Alfonso Sastre.— Obra hau Carabanchel-eko espetxean nengoela idatzi nuen baina idaztea askoz aurretik pentsatua nuen. Sorreran bi iturri ditu antzeslan honek: batetik izenburua bera eta bestetik berriz gaia. Bi iturriok obra honetan elkartzen dira azkenik. Antzeslana Cuba Espainiako kolonia zen garaian garatzen da. Niri kontatu zidatenez, garai hartan heriotz zigorrak betearazteko borrero bakarra omen zegoen irla osoan. Eta hau La Habana-n zegoen, beraz borreroa herrietara joan beharrean, zigortu guztiak La Habana-ra eramaten omen zituzten. Itxuraz txino batek amodiozko hilketa bat burutu eta La Habana-ra preso zeramatelarik, honek ihes egin omen zuen. Txinoa zeramatenei arazoa konpontzeko aterabide bakarra bururatu omen zitzaien, txino auzora joan, edozein txino espetxeratu eta hau borreroen eskutan utzi honek heriotz zigorra bete ahal izateko. Honelako kasuak Cuban ezezik Californian ere gertatu omen ziren.
Nolanahi ere niri farre egiteko istorio bat burutzeko aukera ematen zidan, farre eginaz gu guztiok barnean dugun arrazakeria azaleraziko zuen historia jolasgarria. Zer dira ba guretzat txino baten gora beherak? Farre egiteko une bat, egoera komiko bat. Eta horrek erakusten du guztion barne arrazakeria. Egoera hori motibatzea oso interesgarria iruditu zitzaidan.
Bestaldetik izenburua anekdota baten ondorioz dator. Lagun batek kontatu zidanez, behin Cuba-ko txino auzoan zegoelarik, pelikula bat ikustera joan omen zen. Honek pelikulaz ez zuen ezer ulertzen, baina farregarria iruditu zitzaion. Orduan aldamenetik txino baten ahotsa entzun omen zuen: «senol, senol ahola no es de leil». Noski filmearen egoera hura ez zen batere farregarria. Horrela izenburu eta gaia nituelarik idazten has; nintzen, eta noski egoera hartan nahiko denbora izan nuen idazteko.
Goaz.— Izenburua anekdota baten ondorioz jaso zenuela diozu, baina antzeslan honekiko ba al duzu beste anekdotarik?
Alfonso Sastre.— Obra honekiko esperientzia gutxi dut, gogoratu estreinaldi mundiala Burdeos-en izan zela, gaztelerazko bertsioa Madrid-ko auzo batetan egin zelarik Gayo Vallecano taldearen eskutik.
Nik jasorik dudan anekdota oso txikia da. Hain zuzen Carabanchel-en geundelarik maiatzaren lehen egun batean izan zen. Maiatzaren lehena ospatu behar genuela eta zeldan elkar tu ginen taldeko bostok. Horrez gain bizpahiru preso komun ere gonbidatu genituen. Guztion artean antzeslana errepresentatu genuen hainbat farre eraginez, baina bukaeran preso komunetako bat etorri zitzaidan eta zoriondu ondoren hau esan zidan, «Begira Alfonso antzerkian zehar farrez egon naiz denbora osoz, eta orain, farre egiteaz lotsa sentitzen dut». Niretzat hori oso kritika interesgarria izan zen, egunen batetan obra hura errepresentatzen bazen eta hori lortuta nire nahia beterik egongo zela pentsatu nuen.
Burdeos-ko emanaldian lehen saioa ikusi nuen bakarrik, eta han jendeak farre egiten zuen. Orain, ez dakit aspektu hori sentiarazi zuten hala ez. Madrid-en berriz erreflesio hori motibatu zuela esan zidaten.