Ez da pale egiteko oldua
Ez da pale egiteko oldua
Alfonso Sastre
taldea: Goaz
1986, antzerkia
56 orrialde
84-398-6302-0
Alfonso Sastre
1926
 
 

 

9.— Eginkizuna betea

 

(Kapitaindegia. Eserita zai daude. Eskumutur banatatik
esposatua daukate txinoa, Cortadillo-ren eskubitik eta
Rinconete-ren ezkerretik. Gainera, manda-soka bat darama
lepotik lotua, eta, ikaragarrizko bola bat orkatila batetan.

Ikusleari garbi ageri zaio ziurtadun neurriak
gainez darabiltzatela)

 

RINCONETE: Bazeukat oraintxe pardel hau horien gain uzteko gogoa.

CORTADILLO: Itxoiteko esan ziguk komandanteak.

RINCONETE: Paperak zuzen al dauzkak?

CORTADILLO: Bai. Dena behar bezala zegok. Erreziboa eman diezagutela eta, kaixo moteil!

RINCONETE: (Cortadillori begia keinatuz). Zera uste ditek txino hauek: hemen, La Habanan, kale gorrian etzan daitekela lotarako.

CORTADILLO: Zirkulazioa galerazten, eta, ordena publikoa asaldatzen.

RINCONETE: Apenas castellanoz dakien.

CORTADILLO: Txinatik etorri berria izango duk. Ugari zetozak nonbait.

RINCONETE: Gure auzirako hobe ulertzen ez badik. Atxurrarengatik dagoela usteko dik.

CORTADILLO: Txinoa duk, eta, ez dik ezer arrarorik nabaritzen. (Parrea irtetzen zaio). Gauza gogoangarria duk. Zer izango ote duk han Vallecas-en hau kontatzen dugunean?

RINCONETE: Txiste bat dela usteko diate.

CORTADILLO: Ea azkeneraino ondo irtetzen zaigun.

RINCONETE: Hori egina zegok, gizona. (Ameslari). Ideia bikaina, benetan! Norena izan huen?

CORTADILLO: (Arrunt). Igoal izango huen nirea.

RINCONETE: Ez diat ezetzik esango. Dena dela, apurotik kalterik gabe irten gaituk behintzat. Pardela utzitakoan, hator eleizara, eta, «Te Deum» kantatuko diagu. Horretarako dituk katedralak.

RINCONETE: Ganbarako mina zaukat, eta, jota nabileak.

CORTADILLO: Biharamona. Edaten ere ez dakiala. Begira nazak ni, ezer pasa ez balitz bezala. (Txinoak ahozabalka egiten du. Geraldia).

RINCONETE: Hauek honela, zein ote diagu inozo gixaixo hau?

CORTADILLO: Hobe ez jakitea. Bere zedula puskatu egin diat.

RINCONETE: Txino bat gutxiago igerri ere ez duk egiten, ez al duk hala?

CORTADILLO: Izugarri umetsuak dituk.

RINCONETE: Hik esan! (Zoriontsu parrez. Musika militarra).

 

(Komandantea sartzen da)

 

CORTADILLO: (Koadratuz) Zure esanera, nire komandantea.

 

(Txinoaren zedula entregatzen dio).

 

KOMANDANTEA: (Izena irakurri nahian). Nor da dakartzuena?

CORTADILLO: Santiagoko txino gizahiltzailea.

RINCONETE: Bere herrian eskabetxekeria egin zuen hura.

CORTADILLO: Entrega-agiria izenpetuko al didazu, komandantea?

RINCONETE: (Izenpetuz). Soldaduak, Santiagora al zoazte bueltan?

      Ez al duzue txino auzo horretan bureo bat emateko asmorik?

RINCONETE: Egonak gaituzu han.

CORTADILLO: (Zorrotz). Ah, bai. Orain dela urtebetetsu desenbarkatu ginenetik ezagutzen dugu. Zure esanera, nire komandantea.

KOMANDANTEA: (Laisterka, Cortadillo eta Rinconete irten diren alderuntz). Arriba España.

RINCONETE eta CORTADILLO: Arriba España!