Aurkibidea
1
2
3
4
HIRUGARREN PISUTIK
Orduan ikusi nuen berriro:
bizkarrean zeramatzan eskuak,
eta erortzen utzitako minutuak
hanka azpian karraskatzen zitzaizkiola
egiten zuen oinez.
Espaloietan bere bizitzari falta zitzaizkion
puzzle zatien bila zebilela zirudien arren,
ez zen eroritako minutuen bila makurtzen.
Munduak bere begien inguruan
jarraitzen zuen biraka.
Zerua paper zimurtuz bete zen arte
jarraitu nion pausoari
inora ez doanaren mugimenduarekin.
Bizilagunek leihoak ixteaz batera
bakarrik gelditu ziren,
bakardadea eta bera.
Orduan ikusi nuen
hirugarren pisukoa,
eroritako nire minutuei begira.