Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Arratsalde bat besterik ez zen
Hillarguia bere oiñace ixillean
Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Arratsalde bat besterik ez zen
Hillarguia bere oiñace ixillean
Hire bidera atera naun
Gaur ilunabarrean hire bidera atera naun
baina ez haunat aurkitu inon
eta gure amodioa errepasatzera pausatu naun
miruaren antzera ostadarraren harietan.
Begiak atera zizkionat haizeari
denborari darion oinazea ongi behatzeko:
Hegazti amoltsu izuak iragan ditun
hik begiratzen hitunan hegi beltzetan
Apaburuskak jaio ditun, hik
oinak jarri hitunan istilean
Goroldioak estali dizkin
hik laztantzen hitunan harriak
eta, harri txintxarrez bete ditun
hik iturrian utzi hitunan urontziak.
Baina, guzi honek honetan iraun ez dezan
izkiriatzen dizkinat letra eri hauek:
Sare gardenak hedatuko dizkinat
hegazti mingarri horiek harrapatzeko
Apaburuskak, beren gisa aienatuko
hanken gainean jarri orduko
Goroldioa nik neuk kenduko zienat harriei
eta, hustu eginen dizkinat urontziak.
Hire gorputzak utzi zituen hutsuneak
haizeak eta nik bakarrik beteko dizkinagu.
Gaur ordea, ez zebilan haizerik, eta
ene oroimenez soilik beteko dizkinat
hik utzitako urontzi zilar birjinak.
w 1987