USOZALEAK
Natura ez zait batere interesatzen.
Apenas ezberdindu ditzaket hiru lore klase.
Ingeborg Bachmann
Makila bat hartu eta hiriko uso
urdalde baten kontra jo nuen,
izututa egin zuten alde.
Bost urte neuzkan,
Iruņeko Gaztelu plazan izan zen.
Alde egin ez zuen uso bakarrari beste kolpe
bat eman nion. Kolpatu nuen behin eta berriro.
Bere buruari bueltak ematen hasi
zen usoa. Gero eta azkarrago.
Behea jo zuen. Esan nahi dut hil zela.
Agure batek hartu zuen
hegal batetik eta plastikozko
zakarrontzi berde batean sartu.
Lehoi koroadun baten soslaia zegoen zuriz
zakarrontziaren kanpoaldean.
Batzuetan zalantza izaten dut neuk
ala Adurrek hil zuen usoa.
Badakit elkarrekin geundela
eta makila gu halako bi zela
eta badakit uso hilotza agure batek
bota zuela. Eta baita gizon hura bera zela,
guztiaren aurretik, plazako lurrean
zegoen hodei grisari artoa
ematen ziona.
Ez zigun ezer esan.