MALETA
Badakit hau ez dela momentua.
Baina oroitzapenak maleta batean
sartzen ari naiz, presaka, denak nahastuta,
biharamunean ihes egingo duen
azken trenean joango den
erbesteratuaren bezperan banengo bezala.
Sartu dut
letra zuriko
Hotel Tres Reyesen
afixa zahar urdin erraldoia,
Belatetik jaitsi eta Eltzarrain gurutzatu aurretik
errepidetik larrean ikusten dena.
Sartu dut 92ko uztailean
Arnaoutchotetik Sanferminetara
Frankfurteko eibartarrekin
egindako ihesaldia, gozokiak saltzen
zituen Xabier karrikako
andre zahar txikiari
erosi genizkion zapi gorriak.
Sartu dut maletan
paper satinatuzko koloretako
aldizkarietako iragarki bateko
kolonia muestra bat.
Sartu dut
2019ko Gabonetan
egin zenidan bazterrekoa,
oskola eta harria itsatsita dauzkana.
Sartu dut Toulousen erosi genuen
itsulapikoa, Marxen burua duena,
argazkiak, markagailuak, zure ur margoak,
zurezko pieza batzuk sartu ditut
biharamunean ihes egingo duenak bezala.