% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

Ekintza gelditzen eta jasana mugitzen den
aldi berean, jasatea ekinago baizik ez da.
Mugimenduan edo jabalean geldo,
nola dasta Batasuna?

 

Bilkura biharamun lo hordi batez, gasna ninia zela eta viceversa entzun nuen, nik dakita zenbat unibertsitateetan irakasle honoris causa zebilen euskal ikerlariaren ahotik. Serioski mintzo zen. Ikasleak inguruan zoraturik zetxezkion. Paleolitiko politeko euskaldun zaharrek eta orduko berriek halaber, umeak gasnatik zetozelako ustea zeukaten omen. Saiatuko naiz berebiziko garrantzia duen informazio honen zehazten. Demagun, gizona eta emaztea, koltxoiaren pean juntatzen direla. Lehenagoko apezen metafora arinetan barna lerratzen naiz ohartzeke, zerbait onik bazuketen dudarik ez! Demagun, gizonak zakila eta barrabilak hanturik, emaztearen alu bustiaren zokoaren zokoan aterpea bilatuz, sabelera botatzen duen haziak intziri eta karkaraz dabilen arrautza bakartia amainatzen duela. Haraitzineko sinesteetan, arrautzaren partez, esnea zegoen, irakin gabea, deitzi berriaren hagunez desiragarri. Esne ezti kutixiatuari, bere hiru zulotako txistuaz, arrak orrantza xortak eransten zizkion. Kimikaz baizik esplika ez daitekeen nahasketa horretarik, esnea gasnatzen zen eta bederatzi hilabeteren buruan haurra, gasna bezain samur, sortzen.

        Jakintsua, miresgarritzat jotzen zituen bere eskuei faszinaturik begira, eleka ari zela, egoera ulertzen nuela iruditu zitzaidan: endelegatzen nuen adibidez zergatik gasna puska baten amoreagatik, gutariko askok beren aita eta amak eho zitzaketen edo haien mahaietako gasna entrebalekoa baino ez zelako auzoak erdeinuka apalets, fedeari bortizki uko egiten zaion manera berdinean. Behatzaileetan ziren erdaldun batzuk ezpainak harriduraz erdi zabalik zeuden.

        —Ah ces basques —zioten puri-purian—. Quel monde! Qu'en pensez-vous ma chère?

        —Ils sont capables de tout: du meilleur comme du pire. Et là c'est le meilleur je crois...

        —Extraooordinaires —hanpurusa askatuz, begiak borobiltzen zitzaizkien, etxearen eta gasnaren arteko loturak goraipatzen aditzean.

        Haurrak, zioen irakasleak, gasna ume bilduxeak alabaina, sehaska hotzetan sartzen ziren eta sutondoan burdinazko sareen gainean trebes, kerrena plast, itxindu gorriei eskainiak, idortzen jartzen, zilbor haria moztu bezain laster. Kanpoan hormak zuri zeuden goizetan, egiazko haurrak jaikitzen zirenean, sutara hurbiltzen ziren, gauean koteratu gazura zipoetan plisti-plasta jauzika. Jakintsuak bereari ekiten ziola, gure haurtzaroko gertakariak zerabilzkidan gogoan: Hunkidura Kuttunen mugetan murgiltzen nintzen.

        Euskal Literaturaren urrezko orrialdeak haur hotz aroko oroitzapen idatziz beteak direla kontuan edukiz, baten Pentze Gorria, bestearen Aihen Ahula eta azkenaren Amodio Urdin Paregabeak zerrendatzea aski da halatan, uste dut, adinean zohitzen noan heinean alor horretako kolko erraustuaren inarrostea zilegi zaidala eni ere. Neure memoria ez da ordea, usain eta harreman onez betetzen, ardi kakailaz hanpatu gasnatzeko esnez eta hezur-klaska ozenez osatu artalde mehakoilez baino. Eskerrak gainerako idazleen hitzak anitzez ere "zibilizatuagoak" direla, dena bezperetako intsentsu urrin eta amarekiko maitasun sutsu: ez dira pagano basatiak eta ikastoletako haurrek horien perpausetan errespetuaren eta sanotasunaren derrigorrezko etsenplua hartuko dute nasaiki. Euskara ez dakit, baina molde horretako literatura oparoarekin Euskal Herria salbatua dela dirudit: iragana ahalik oneskien duplika dezagun, tradizioari den mendreneko ñabardura erorik ekarri gabe. Hemeretzigarren mendeko klona ideologikoak izatearekin aski zaigu azkenean.

        Deitzi eta tarrapataka sukaldera garraiatu esnea furneoaren plaka beroaren gainean pausatzen zen. Gatzagia botatzen zitzaion, koilaratara bat eskas, eta uzten zen, haurrek eskolako lanak egin bitartean, kailatzera, burburaka eta ketan. Biderkatze-taula madarikatuak ikastean, bata edo bestea, amaren errabiarazteko, ontziaren ondotik pasatzen zen, jostari, gogortzen ari zen esnean behatza sartuz eta zuloak eginez. Ez dezaket erran orduan, Europako Laborantza Elkarteko arau higienikoak oro segurtatuak zirenik. Ez naiz fida. Badakit, apatz handitik irazki batean hedatu oihal mehar baten bidez, esnea ferblankazko pertzera iragaten zela. Noizbehinka jinen zen gasnari gustuaren emateko oihal hura asunez ihaurgaitzen zen. Oihalaren zolan gero zernahi kausi zitekeen: kaka pikor beltz biribilak, ardi ilatxak, eta deizteko unean, ilunetik argirako ibilaldian kalit harrapatu ulutxak.

        Oren baten buruan, esnea ekaitua zen eta pasta hartan zilarrezko koilara zutik egon zitekeen. Ore hura genuen eskuz xehakatzen, purruxkatzen, errausten, gazuraren mendetik askatzen. Biderkatze-taulak gogoan iltzaturik, gauza seriosagoetara plegatzen ginen: gazura oretik bereizten zuen amak eta has gintezkeen gasnaren biltzen. Gaitzeko indarra behar zen zimitzaren barnean, ore mokor gotor haien kokatzeko, zapatzeko, tapalakaldi bakoitzean are gazur gehiago isurtzen zela. Ekinaren ekinaz eta esku ahurretako minaz, mirakuluz bezala, bi gasna borobil berde agertzen ziren. "Egiazko Opari" horiek zituen amak ostera, gau aldirako, supazterrean plantatzen, burdinetan berme, laratzean biharamuneko ur bero tupina dilindan zegoela. Gazura, berriz irakinarazten zen, gatzagiz hornitzen, bigarren gasnaren moldatzeko, edo sinpleki, zakurren orugu zalapartatsuen artean, beti gose eta kurrinka zeuden bargo eta ahardi zaharrei eskaintzen.

        Eta une hartan, nolabait biderkatze-taulak baino zohardiagoak ziren ene oroitzapen xoxoloek behialako jakintsuaren errana gurutzatzen zuten, irri bidetik delirio sardoniko horien atzean, egia zerbait izan zitekeela sinesteraino. Badakizu orduan gai franko aipatu zirela, antropologia, biodinamika, filosofia, pintura eta bistan dena, sortzearen misterioari zegokion azken aurkikuntza hau. Lehen aldia zen, gutxi ateratzen nintzelako agian, gisa horretako gauzak entzuten nituela: harritu eta lasaitu nintzen. Nornahiren etxeko mahaian gasna agertzen zaidan oroz, mekanikoki harrapatzen ninduen janiza erraldoiaren oinarriak non zeuden ulertu nuen: barra-barra hitz eginez gasna martzilikatzen nuen aldietan, nire erro nazkagarriak nituen agerian edo gordean atzematen, nire erroak eta nire filiazio biologiko zehatza.

        Ninia gasnatik eta gasna ninitik. Betidanik gasnaren lortzea desafioa izan da; aberastasun mistiko horren ekoizpena lander guztien menpe egon da, lehen baiki, oraindik eiki. Kasu eskasez, eman dezagun, gasna itzul eta mindu daiteke, halaber hautsez edo harrez emoka, nahiz eta gasna-jale aristokratikoentzat harrekilako gasna, zintzurrean behera gargailaka abere molkoak lerratzen zaizkiola mustetan mustena den. Ez dezagun ahantz gasnaren antzeko niniak izan baldin bagara noizbait, laster batean gure haragia, eta haragiaren arteko hutsuneak betetzen dituen arima har gotorrez iraitziko zaigula, kaosetik kaoserako bidea, lurpeko izaki anemiko zurpailen lerroen balantzaren kulunkak zedarrituko digun bitartean.

        Artzainek, bi film errodatu eta etxolaren ondoko mugarri zibernetikoa eguneratu artean, kaiolarretan, bortüko oletan eta borda erdi erorietan gasnak, haurren antza gerizatzen zituzten, beren izerdi eta isuri ezberdin gorpuztuak bailiran. Gasna-ninia kultura autentikoa zen, esportatzea merezi zuen bakarra. Harro izateko arrazoi on bat bederen ematen zigun. Urrunetik gentozen autentizitate bila: ezpainetan ez baina, aditza hor zegoen bizi-bizia eta pilpiran, jangarri. Jakinez gainera, artzainek, haizeek erraztatu zelai goretako aterpeetan gasnak amodioz egiten zituztela, maitasun horren errautsak sabeleratzen genituen anorexia linguistikoak jotako kideok: itxuratzea aski zen, hitzaren libratzeko. Sutondoan elekari, anitzetan kantari, so kliska tximistatsu batez gerizatzen zituzten borobil zuri hazi berriak. Imajinatzen nituen ondorioz, egunean bietan, olaren hegaspeko taula luzeko aire zorrotzean, gasna bakoitzaren inguratzen, gazitzen eta esku-ahur lerdenaz garbitzen, maiatz bukaerako haize karroindatuak lagun.

        Zati hau hasterakoan mintzaldian ederki aritu zen antropologoaren solasek, gauaren minean, gasna puska baten jateko gogoa piztu zidaten. Amaren sabeletik artzainaren olako aixolberako bidean, euskaldunak zinezko kanibalak ginela errepikatzen nuen: zer genuen guhauren ninien horrela ahoa beteka klikatzeko? Denbora kontatua zitzaiguna? Freud gure artean egon bailitzan, batere maleziarik gabe segurki, gasnaren funtsean eramaten genituen transfer guztiak aztertuko zituzkeen, non ez zen hura berdinki gasna sobera irentsiz mutu geratuko!

        Kronosek baino ez zituen bere haur propioak irensten.

        Eta Kronos zatarra gure aurka zegoen.