% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Bide Handiaren oinarria zabala da; haren baitan
deus ez da erraza, deus ez da zaila.
Ikusmolde hertsiak, dudakorrak eta durduzatiak dira:
lasterren joan nahi eta astiroen goaz.

 

Aldi hartan, beste behin, ilunpez ilunpe, bortu eta zelaietan barna Gasnaren Bidea segitu nuen, Oxkaxen behera jaitsiz, neurea ere ez zen lurraldean aterpetzeko. Xendaz xenda bulta honetan enekin dabilen irakurleari harriduraren mugetan zapartatzear nengoela aitortu beharra diot: gustatzen zitzaidan, bihurgune bakoitzean Cyberoa deitzen nuen tupina horren barnera lerratzen nintzela itxuratzea, anitzetan euriak zein haizeak kolpatu bazter hutsak zeharkatuz. Noizbehinka kabala errebelatu bat gurutzatzen nuen, gautxori baten auhena hautematen eta bat-batean herri argiztatuaren muinera heltzen nintzen, bideak ez zirenez are luzeagoak moldatzen ahal galdezka. Autoko leiho apaldutik, mazela freskoetan alhan utziak izan ziren ardien marraka ahulak preziatzen nituen.

        Orduan ere berant nenbilen, bilkura lekua inguratzen zuten pentze berdailetarik ilargi beteari kantan ari ziren igel erlastuen konpainian, kide kalakari harekin Historiaren arrapasatzen egon nintzelako. Kide haren irriaren oihartzuna gozo zitzaidala oroitzen naiz, zeru hondoan, desiraren biderkagarri zitekeen Hartzaren Izarraldea bilatzen nuen bitartean. Argizeituaren menpeko gunea salbu, ortzia lainotsu zegoen. Adiskideari so nengokion halaz, begien helburu soila bailitzan. Hondarrean, zakur galdu baten zaunkak elearen amets arotik iratzarrarazi gintuen eta elizako zeinuek bi kolpe tinko jo zituzten: itzultzea erabaki genuen, zeinek bere aixolbe urrunetara.

        Martxo gauetako eztitasunak gatibatzen ninduen eta treneko billete bat erosi behar nuela gogoan sartu zitzaidan, beti hobe sentitzen nintzelako noranahiko billete bat sakelan. Errabia hori zerk hazi zidan ez nekien, hor Oxkaxe gainean: ene gogoa hegaldatu zen ziuntan hilabete pare bat lehenago Frantzia behere horretan zehar egin nuen bidaiaren aztarna mentalera: irudiz aitzinetik ezagutzen ez zuen gizon batekin solasean bermatuz emazteak Cosmopolitan irakurtzen zuen. Astotik oilarrera pasatu nintzen; frantsesek naski alderantziz egiten zutela azpimarratze beharrik ez nuen. Treneko anderearen aldeari berriz bihurtu nintzaion: eskuartean zeukan aldizkariaz gain, jargian erdi irekirik Femmes Actuelles ikus nezakeen, mehatzeko bost erregimen proposatzen zituela. Ez daukat neure burua Claude Lelouchentzat, baina gizon eta emazte haren ibilaldia konta diezazuket, agian haien aditzen inpudikotasun publikoak naizen herabea inoxenta inarrosi zuelako.

        Emaztea, zioenez, dibortziatua zen, bi haur handiren ama; sesi nezakeenaren arabera, gizona halaber. Geltoki erraldoi hartan, bakoitzak bere aldetik sartu zen bagoian eta elkarren ondoan plantatu zirenean, ea maitaleak ziren eskatu nuen nirekiko, bidaia osoan galdeari erantzun finkorik aurkitu ezinean. Menturaz, bidaiaren aspertzerainoko zabaltasunak zituen unean uneko konfidente moldatzen? Ez zuten ahots isilez mintzatzeko indarrik egiten eta emazteak, ezpainak sentsualki plegatuz, senarra beste batekilan nola harrapatu zuen erraten zion, ttattit beha zegokion pareko gizonari.

        —Lanetik etxera deitu nion behin senarrari, ogia eros zezan, eta badakizu zer?

        Aitzineko kideak oilanda gazte moko fier begiak eskaintzen zizkion geldi ez zedin erregutuz.

        —Marttak erantzun zidan. Daldaraka ari nintzen, nagusiak ene gaizki izana susmatuko zuelako beldurrez, nor zara zu, nor zara zu oihuka, eroaren antzera leletzen.

        —Eta zer egin zenuen? —akuilatu zuen gizonak, Penthouse-ko hostoak biribilkatzen zituela, axolagabe.

        —Abokatuarekin hitza hartzera joanen nintzela xanpatu nion eta lankide batek, bere esku-zakuan zeukan lexomil pastilla bat eman zidan, ur baso batez lagundurik, jabal nendin bederen. Bistan dena, elkarrekin eraiki gure villa ederrera heldu nintzenean, Marttak lekuak hustuak zituela, baina bere usaina zoko-miko guztietan hedatua zen. Xedera hilgarrian kateztatu lehoiaren maneran nenbilen.

        Gizonak, aldizkari pornografikoaren erdiko orrialdeetan biluzik azaltzen zen Pamela Andersonen argazkia miazkatu zuen, zakurrek mugetan autoak egiten zituzten bezain xeheki. Hargatik, dolorez eta doluz beharbada, kontakizun txukunaren ez hausteko, ahurraz gorde zuen posterraren behereko aldea. Trena bat-batean ez-toki hitsean gelditu zen: kai ertzean, Tatieneko koloreko boltsa arrosa eta zuri astunak zeramatzaten jendeen urratsak denek jarraiki genituen. Bi jendeak ahantziz, leihotik begira nintzela, lur honek gero eta gehiago heren munduaren antza zeukala iritzi nuen, urrutizkin mugikorren zirrinta zizkolatsuek isiltasun artifiziala urratu arren. Ahotsetik beretik edana ematen zuen geltokiburuak ateen herstea manatu bezain laster, pio-pioka hasi zen behialako emaztea, senarra utzirik ezagutu zituen amanteen zerrenda eskainiz —batzuek duten suertea!

        —Ohe arrotz frankotan etzan nintzen Fredengandik bereizi ondoko urteetan. Eta azkenean Jean kausitu nuen, badakizu, hiritik kanpo dagoen Goaz dantzalekuan. Ximixta bat izan zen eta mozkor-mozkorrak ginen amodioa lehen aldiz egin genuenean: lekukoa non zeukan ez nezakeen asma eta hark ene gaztelurako zubi hezearen bilatzeko gaitasun eskasa erakutsi zuen hastapenean. Ez naiz oraino segur gauzak behar ziren zuloetan sartu genituenik!

        Gizonaren irri gordinak, uxkailtzear, bagoia bete zuen. Emaztearen karkara metalikoak bide berdina hartu zuen. Gizonak mugimendu zabal bat marraztu zuen aulkiaren eremuan, atorrako bigarren eta hirugarren botoia askatuz.

        —Zoriontsu zara beraz? —ausartu zen gizona, ez zuela berak horrelako lorpenik erdietsi erantsiz.

        Andereak monologo bilakatzen ari zen solasaldia jarraiki zuen.

        —Eta zer uste duzu zuk? Sinets ala ez, bi abentura bitxi eduki nituen Jeanekin plantatu aurretik; ile-apaintzailea naiz ofizioz badakizu?

        —Ez, ez nekien. Eta? —artekatu zion bidaiariak, Figaro Magazine irakurtzera zihoala.

        Mutu egon zen emaztea, bulta laburraz, baina udalatzeko alorrera laster hurbildu zen:

        —Eszitatzen ninduen zeharo, pausako ene arratsaldeak harekin iragaten nituen gozo-gozo baina ez nion nehoiz zakilik ikusi; bularrak oparitzen nizkion unean hitzordua zeukala oroitarazten zidan eta tarrapataka ihes zihoakidan. Jakin ezazu marmolean zizelkatu jainko greziar bat bezain eder eta liraina zela! Uste nuen nire sentsualitateaz beldur zela, ile-apaindegiko mutil kolega batekin ateratzen zela baimendu nuen arte. Homosexuala zen.

        —Baaa?

        Treneko gizonak idi-trapatu marruma bat askatu zuen, emaztea entzutean eta egunkaria malestrukaki plegatzeari ekin zion. Esku ezkerra galtzetan kukutu zuen, segurtasun bila. Ele hustasunera bildu emazteari ondotik, samurkiro xuxurlatu zion, ahapeka, sekretua bailitzan.

        —Ahalke dira zinez. Hala ere gixonki memelo horiek beude nitarik urrun!

        —Zaude isilik —handios eta loriosaz ihardetsi zion emazteak, karkazail protidikoak aireratuz, genetika aldetiko istripuak noiz nahi gertatzen direla murmuratuz, zetazko blusa irekitik papoa aitzinatzen zuen bitartean.

        Gizona are lasaiago landatu zen jargian, zangoak luzatuz eta irekiz, emaztearen aitormenaz atseginez betetzen hasteko maneran.

        Goizeko hirurak ziren etxeko giltza atean kokatu nuenean. Bide osoan itxuratu treneko istorioaz hanpatua nintzen oraino: ez nuen ulertzen jendeen hitzez deskargatzeko premia, hauen bata bestearenganako irudizko konfiantza erraldoia, amodio beharra, ulertzen ez nuen bezalaxe karrikan nola ibil zitekeen, Nike pareen ordez, larruzko zapata normalekin. Ordena berdineko ez konprenitzea pairatzen nuela ohartzean, gasna xerra bat jan nuen laguntza eske.

        Muga gabetasuna laket zitzaidan.