% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Begia lotan ez baldin badago, ametsak berez
urtzen dira. Izpiritua ezberdintasunen finkatzen
galtzen ez baldin bazaigu, aipatu hamar mila
gauzak nortasun bakarrekoak dira.

 

Ostiral arrats hartan, zakua bizkarrean mukuru betea, autobusetik jaitsiz haurra kolegiotik itzuli zitzaidan. Musua ematean erran zidan bozkarioz eta susma nezakeenez, pixka bat trufari:

        —Ama, behar dataxu matematika ariketa bat asmatu! Irakasleak asteleheneko galdegina dauku!

        —Mentsa da ala? Zertarako pagatua da? Ene gustuko aise ari dira kolegio horretan, pedagogia integratua dela estakuru. Nahi ote dute nik ikasketen egitaraua finkatzea? Jakixu enekin fite plegatua litekeela: euskara, ingelesa, hamaseigarren mendeko frantsesa, geografia, historia eta biologia. Besterik ez...

        —Eta matematikak?

        —Gaixoa! Matematikak? Zertarako ditugu matematikak sei, zazpi, hiru, lau, bat edo zero gauden finka ezin baldin badugu? Bat gehi bat bi dela diote, baina ez da deus segururik alor horretan.

        Irriz urratua zegoen haurra, bizkitartean matematikak nahikoa maite zituela. Etengabeko predikua bururatzean, arraiki moztu ninduen.

        —Ba hori dioxu, xure denboran matematiketan, hutsaren azpikoa xinelakoan; badakit biderketa taulak eta zatiketak enekin batean ikasi xinituela, lehen mailan nintzelarik oraino. Bederatzi bider sei: zenbat?

        —Horrela, egia erran, ez dakit; baina gutxi gorabehera... eginen du...

        —Ez ama! Dena espantu xira, Paris Texasen dela dakixulako eta John Dunbaren adiskide mina xirelako, egun oroz Sud Ouest-eko berri bereziak eta horoskopoak irakurtzen dituxulako eta mendietako lur meten gibelean, marraz marra, munduaren historia kanta dezakexulako!

        —Bai justuki eta Otsoekin dantza dezaket...

        Asteburua gogorra zatekeen eta ariketa zarpaila asmatu beharrez, ez zegokidan gozatzeko aitzakiarik, Egunkaria-ko ene horoskopoak idatzia ezeztatuz: autobusetik beheratzean berean haurra jazartzen zitzaidan. Plazako ezkien itzaletik etxerako bidean, lo eskasez beti, galdezka mutuan nenbilen: gurasoen parte hartzea absolutuki segurtatzea baldin bazen helburua zergatik ez ziguten eskatzen soilik, tribuaren zuhaitz genealogikoaren marraztea, hegazti migratzaileez izkiriatzea, Nafarroako Joana Albreten hondar ilusioekin ipuin baten orraztatzea edo hain zuzen ere, behialako Paris Texas-en aipatzea! Hobe izanen zen, ene irudiko, Pitagorasen hirukiaren teoriaren zehaztea! Baina matematikakoa! Auteferafutro!

        Igandea, larunbataren ondotik, eskola egituraren aurka marmaraz higatu nuen, haurrak bitartean bere xedearen ildotik akuilatzen ninduela, karbaka; ez zitzaidan ezer ateratzen. Idor eta antzu nengoen. Gogoratzen nintzen, kenketak eta gehiketak, lanean hasi nintzenean, bortxaz ikasi nituela eta ez naizela oraino sobera trebe; hiru ezezagunekiko ekuazioen paperean agertzeko hitzak falta nituen. Arima arras gal-beldurrez, ez nuen inoiz indar minimorik egin. Ene matematikako irakasleez ez dut hatz mental izpirik atxiki, ez ohorerik, ez traumarik, haiek aldiz, kurtsoko plomuzko borobila bide nintzela, nitaz biziki ontsa oroitzen direlarik. Hala ere, haurra kolegioan sartu zenean, aholkuak eman nizkion:

        —Izan xite perestua, isila eta ikasle ona.

        —Mintzatzen ahal xira xu —ihardetsi zidan bortitz—, eta frondan bildu harri zorrotzekin kuskandel buztan ebakitzera abiatzen zineztelarik, ikasle ona xinen?

        —Lehen mailan zen hori; emeki-emeki seriostu eta zibilizatu ginen.

        —Egidaxu matematikako ariketa hura eta laster!

        —Izaxu xuhauk! Asea naiz xure ixtorio xoxoarekin!

        Techno 98 jarri zuen azkar laser irakurgailuan, hain azkar non, beheko auzo zaharra entzun nuen tronaduran erratz-gider ukaldika. Haurrari kexatu nintzaion gorri eta botza altxatu nuen.

        —Apal zaxu musika deabru hori!

        —Ez.

        —Auzoak polizia deitzen baldin badu xahu gara. Ez dut batere gogorik, matematikako lan pixtolet horrengatik gauaren komisaldegian pasatzeko!

        —Ariketa orduan —tematzen zen haurra, 666 taldearen erritmo elkorrek gela betetzen zutela, apartamentua teilaturik oinarrietaraino inarrosiz.

        —Ez dakit egiten —aitortu beharrean aurkitu nintzen hondarrean, eta neure izate oro jakitunaren mito erraldoia mila puskatan hausten miretsi nuen.

        Ez ginen, ikastolako guraso izan arren, horrelako deboila kulturalen jasatera heziak. Haurraren bihotza handitu zen.

        —Gehiketa, kenketa, biderketa eta ebaketa banarekin aski dixit. Errexagoa da ez hola?

        —Bai zera...

        Eskolak ez zuen etxekoen martirizatzeko eskubiderik, ez, ez eta ez: haurrei bezala, dakigunaz aritzea eska diezagutela argiki, ez gutxiago. Haurra Du Bellayren soneto bat gogoz ikasteari zerraiola zainetan nengoen. Baxerak garbitu nituen brauki, oheak berriz moldatu sakonki, armairu gainetako errautsa eri punttaz altxatu axolagabe, mahaiko purruxkak ahurraz arraposki bildu eta azkenean, egongelako kanapean etzan nintzenean, ufff etsia askatu nuen. Nehork ez nindukeen nehoiz ikusi menajearen atakeaz horrela joa. Haurrak ez ninduen abandonatu eta, lapitza eskuetan sartzen zidala, ene saihetsean jarri zen.

        —Ene ariketa...

        Idazteari ekin nion, itsumandoka, jalgitzen zitzaidanaz harritua.

"Bardeetan dabilen Pako artzainak, ehun eta bost ardi ditu. Antxuak, ahariak eta ardi trapatuak hamasei dira. Gainerako ardi bakoitzak bi pinta esne ematen dizkio eguneroko bi deitzaldietan.

                * Zenbat ardi esnedun dauzka Pakok?

                * Zenbat pinta esne biltzen du egunero?

                Zehaztu ondorioak mesedez.

                Bere Kurutzetako txabolan, Pako artzainak gasnak ontzen ditu. Jakinez gasna gotor baten moldatzeko hamar pinta esne premiazkoak zaizkiola eta birazkakoak diren bildotsen asetzeko bost pinta baztertzen dituela:

                * Zenbat esne gelditzen zaio gasnatzeko?

                * Kilo eta erdiko zenbat gasna ekoitz ditzake egunero?

                * Kalkulatu halaber Pakoren adina.

                Zehaztu ondorioak mesedez".

        Haurra, begiak hondo iragar ezin, so zegokidan. 666 taldea ez zen gehiago hautematen. Haizea altxatu zen kanpoan eta bidean ez izatea deitoragarri kausitu nuen. Urruneko ilunpean, oihu latza entzun nuen: nigan zebilen otsoaren arima zena? Haurrak papera hartu zidan.

        —Baina hau ez da matematika —oihukatu zuen—, poesia da!

        —Eta zer? Hor duxu orai! Bakea emataxu.

        —Ez du balio kexatzea...

        Ez. Noski.