% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1985, nobela
 

 

Izatea ezizatea da, ezizatea izatea. Hori ulertzen
ez duzuno, egoera jasanezina geldituko zaizu.

 

Biga bostetan aldi hartan ere Gasna Bidea ebaki nuen. Arratsalde osoan, minbera eta zinkurinka ibilia nintzen, lagun apurrak eta lankideak aspertzen. Bizia neke zitzaidan; eguzkitsuak eta ardi marrakaz hornituak izanagatik bazterrak zurpail eta hits kausitzen nituen. Pentze nasaietarik altxatzen zen usainak gatibatzen ninduen, ez errateko paralisiatzen. Bukolikotasuna zebilkidan bete-betean eta ez nekien zein errabiak erretzen zizkidan muinak. Bilkura-denboran airean egon nintzen, leihotik begira eta ez nuen han aipatuez ezer gogoratzen.

        Autobidean sartzean, bitxiki, behin erakustetxe batean kuriositatez hazkaokatu mugarri elektronikoetako dokumentu laburrak jin zitzaizkidan buru zokoaren kilikatzera: ardi saldo galantaren sintesi-potretak ikusten ziren han, malkarretan gora elurraren auzuneko alhagietara igotzen, mantso-mantso, artzainak atzetik malin, zakur labrita ondoan punpaka, zeruan hegalak zabalik zirurika urrian zebiltzan ilhainen kidegoan. Egun iheslarien itzalak haztatzean, negarra jaitsi zitzaidan matelan behera. Gero, gasna nola ontzen zen irakatsiz, beltzez beztitu emazte zahar gotorrak hitz egin zuen. Esne jadanik bilduan eskuak deblauki sartuz, amoroski eta xeheki, andere ezezagunak azalpenak eskaintzen zizkidan: segur nintzen orduan gure tribukoa zela eta sintesi-marrazkiak pantailan lasterregi lerratzen zirelako ez nuen haren soaren ebastea lortu.

        Hurrengo filmean Hartza segitu nuen, sasiz sasi, nihauren pare, udako ezti bila: alde orotara barranda zebilen, astun eta aldi berean zalu, harrigarri mehatxatu bezain indartsua. Zulo baten aitzinean gelditu zen eta piztiaren urrina sentitu orduko gau enarak furu-furuka hegaldatu ziren. Hunkitua nintzen, otsoa dantzan gurutzatzean bezainbat. Abereak artaldeetan nolako sarraskiak bideratzen zituen agertzen zuen ahots anonimo batek, Esloveniatik ekarrarazi hartzekiko artzainen eta laborarien egiazko kexua azpimarratuz. Botzak gehitzen zuen Ortzaiz ibarreko biztanle ausart zenbait ibili zirela New Yorken hartza lepotik estekan erakutsiz eta argazki beilegiko hartz haren begi tristeek jo ninduten tanpez, ezin mugatuzko antsia nigan hedatuz. Tximista bakarrean, Historiako liburuetan zabaltzen zen dagerrotipoaz oroitu nintzen: hartzaren antzera, burdinez lotuak eta itsasoa zeharkatzean franko gosez hiltzen zirela, ehun bat kanak Parisera garraiatu zituzten, iragan mende bukaerako Erakusketa Unibertsalaren karietara. Karembeuren birraitonak bidaia egin zuen. Baina bego.

        Hartzaren so zilarrak labana ukaldi odoltsuaz urratu eta aste gutxi zuela, lagun batekin eduki nuen solasaren oihartzunak oparitu zizkidan: ohizkoan bezala pleini nintzen, zintzurra korapilo eta betazalak trinko, supermerkatuko kaxako langileak ordainketak zirauen denbora osoan ez zidala so egiten, jende ez banintza; noranahi biribilkatzen zituen ninikak, karta luzatzen nionean halaber aitzineko zein gibeleko bezeroekin mintzo zen barra-barra. Lagun hari betazalen gerizatik isuri ukamenak kordokatzen ninduela aitortu nion.

        —Ez dut ulertzen!

        —Beharbada ez zatzaizkio interesatzen.

        —Ez diot hainbeste ere eskatzen, badakizu —segitu nuen, duda berriaz zarpailtzen nindoala.

        Tu kiratsa irentsiz, aho sabaia bat-batean lehor antzeman nezakeen. Aspaldidanik sentitzen nuen interes izpirik ez neukala, ez nuen bilatzen ere: dirurik ez, osperik ez, edertasunik ez, etxerik ez, larderiarik ez, herri honetan balioski susta nezakeen ahaidegorik ez, ezer ez. Kaxako andreak soa ezeztatzen zidan oroz, ikustea bera debalde zen ingurumen hutsa nintzen.

        Eskolan nintzeneko garaiak kolkoaren mintzera jin zitzaizkidan; irakasleak, ekimen berezi bati hasiera ematen nion uneetan, errepikatzen zidan gaiztoki:

        —Eta zuk beti zure interesantearena egin behar duzu! Eskola lehia-kideak gero nitaz burlatzen ziren arraiki eta isiltzen nintzen, mutur, uzkur eta herabe. Orduan hasi nintzen auzoko saihesbideetan bakarrik edo ardien atzetik, irratia esku batean eta mizpirazko akuilua bestean, terrentaz, ibiltzen. Mututasuna, bakartasun irudipen horrekin ezkontzen joan zitzaidan. Eta zorigaitzez jendetik jenderako premiazko distantziaren neurtzeko baliabideak galdu nituen. Orain, bizidun batekiko harremanen ehuntzea zein zaila zaidan ohartzen naiz. Distantzia humanoa debalde dela ikasia dutenekin soilik gurutzatzen naiz, hitzez eta ekintzez, gontzetarik jaukitzen direnekin, min hartuekin, dolar munduak pobrezia arruntenaren estatistiketan harrapatzen dituen doloretsuekin hain zuzen.

        Solaskideak bere aitzinean emeki-emeki urtzen antzeman ninduen, hamar mila libera baino gehiago pagatua zuen kanapean zehar, Ganimedes planetako zelula polinuklear malgu bilakatzen. Gauez gaueko ilunpe etengabean hariz zeharrez iruten nuen Euskal Herri honetan, izan baizik ez nuen desiratzen, karrikan uros eta aferatuak, irria ezpainetan, pasatzen miresten nituenen pare, eta frankotan azpi-jende edo ahalkez ekiditekoa zitekeen mamifero hutsala nintzelako itxura neukan. Gure gizartea preseski, ez zen ezberdina: merkatuaren legea nagusi zen, pentsamendu hormatua, eta honen osagai ziren hornigailu teknologiko bekaitzak, erregimenak, familia jarduera eta esperma joriak.

        Gasna laster birtuala zatekeen.

        Gure auhenaren antzera.