% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Ez ibili kausaren menpe dagoen mundu jasailearen gibeletik;
gertakariak baztertzen dituen Hutsean ez gal denborarik.
Bakunean, izpiritua bakean baldin badago, binakako
ikusmolde horiek berez desagertzen dira.

 

Ezin loak har eta, gauez anitz bidaiatzeko suerte handia neukala aitor dezaket jadanik: Euskal Herri osoa Gasna Bideaz zeharkatua zen garai haietan biderik hoberena zen etxeratzeko, botere publikoek euskalduntasunaren zigilua zekarren urrakoa erabilgarri eta egoki izateko gisan bereziki zaintzen zutelako. Gasnaren Bidea zeritzona gure kulturaren ardatza zen dudarik gabe. Zeruan, Txina aldera behatuz, ikus zitezkeen konstelazioen zapartek hazi argitasunetarik soa lurreratzean, erdara soilaren hizki zuriaz idatzi eta larrazken kolorea zeukaten seinale hunkigarri haiek agertzen zitzaizkidan. Eta nik Bidea baliatzen nuen bere hedadurarik handienean bistan dena, Saratik Atarratzeraino, Oskaxen gaindi pasatuz.

        Bilkurak ardurenean gogorrak baldin baziren, are neketsuagoak naski Euskal Herriko xendak, bihurgunez bihurgune, basurdeak, azkonarrak, orkatzak, hontzak eta kahakak, zaldiak eta ardi saldoak ustekabean gurutzatzeko arriskua zegoelako. Bakarretan kaputxaz gorde iragarki-kolatzaileak, lema hormatu marrazkilariak edo polizia armatu kontrolak harrapatzen nituen eta ziuntan urruntzen nintzen. Bat-batean, behialako batzarraren zailtasunak ahanzten ziren, Gasnaren Bideak eskain zitzakeen gertakariei adi geratzeko: kontuz hi! Eta oraino, xantza banuela sinets nezakeen, autoaren ezinaz eta kabalen errekontuekin batera, ez zitzaidala sasietan trebes har malats moldeko estraterrestra larderiatsuz hanpatu aireko bietan supersonikorik jaukitzen. Pentsa ezazu irakurle ene orduko izua! Estraterrestrak ere, eztiak maite nituen.

        Behin hola, bidean nintzela, uda mineko galerna ari zela kanpoan, beribilez etxerakoan, ametsetako lukainketan zintzilik, bi zamari, bata zuria eta bestea beltza, agertu zitzaizkidan faroen eremuan. Preseski, Tamerlanen anker ospea handitu zuten abere horiez ari nintzen murmuzikan, noizbait, misterioz bastatu ipuin bat idaztekoa nuela, abesti bat, nobela bat zergatik ez, gaia zabala zenaz gain, dena horrelako istorioa zozo bidearen irensteko, eta hor hara, ingurada latzean, bi zaldiek ene buru muina inarrosten zutela! Gelditu nintzen. Beso zainak ximikatu eta begiak torratu nituen: zaldien itxurak zirauen! Egiazkoak ziren. Alta, txikitatik, gasnaz, artoz eta leiendaz aserik agerindea zela baimentzeko prest nintzen, Mari jainkoa ziztu bizian, munduaren hegitik hegira eroaten zuen behor zurpail haren mirestea espero nuelako sekretuki. Haragizko zaldi errebelatuen ordez, Mari atzeman baldin banuen, ene gauerokotasun zarpaileko zilarrezko unea zatekeela diotsut benetan. Bego horretan.

        Mari eta Morgan izeneko lurraren zinezko jabeen ildotik, bila eta bila, gauak gauari, ahari kankailak aharrausika baztertzen, navajo jendeen Benedikazioarena bezain mistikoa zen Gasnaren Bidetik aitzina beharra nintzen. Zenbaitek Graal boteretsua xerkatzen zuten, nik aldiz abere mitikoen ikuskizun arras primitiboa, nintzen bezalakoa funtsean. Gehienetan, ardi marrakez eta ipularretan eraiki lekuan lekuko uzta saltegi hutsen presentziaz kontsolatzen nintzela aitor dut. Ez nuen hargatik etsitzeko arrazoirik, haurtzaroko sutondo zokoetan entzunik neukalako, herritar bakarrek, ur karroinduaren ezpondetan, goizalde arrosa batez, andere zuria, bere urrezko orrazeaz ile apaintzen kukuzkatu zutela; egiaz bazukeen aspaldi, ezen gaur egun andere zurien partez, ibaiak zikinkeriaz, urde pizorrez eta hondar industrialez mukurutuak baitaude.

        Gasna eta ardiak bake zerbaiten ereduak zirela erran dut nonbait, eta uste dut, gaueko auto-delirio paranoikoak salbu, produits fermiers horien erosleei eskaintzeko altxatuak diren bideetako txabolek halaber, menia molde bat ekartzen digutela udatiarren sasoia hurbiltzen zaigularik. Alabaina, gazte ginenean, turismoaz bizitzeko ideia bera, euskaldun jatorrarentzat bekatua zen, beniala baino gehiago, mortala; bekatuaren kontzientzia ahultzen zihoan heinean, mortaletan mortalena. Halatan, ikastolaren alde luzatzen ziren berrehun metroko edangi miragarrietan bizkarrez bermatuz genioen goraki:

        —Turismoa ezin da izan gure herriaren garapen sail bakarra!

        —Ez horixe! Sala dezagun Dena Turismoa egokitzen diguten politika arbuiagarri hau!

        —Nahi duzue beste kalimotxo zarratada bat?

        —Bota!

        Hesteak kiribilkatzen zituen edaria manatzen genuen, harro, solasean oraino, "gure ekinaz" korrontearen aurka gindoazela azpimarratuz. Hautetsiek eta hauen mutilek errepikatzen ziguten orduan, ahoak eman ahala, Euskal Herria ez zela nasaiki sustatu eta apurren moltsen onerako metodikoki planifikatu Turismorik Gabe Bizitzen Ahal. Kuia buru, tripa handi, bixar moxtun gizon ospetsuek gero, ezpainak irekitzen zituzten, gazia eta azukrea biltzen zuten petits fours eztien arraposki zintzurreratzeko, arrada bete ricard basoari fermuki zetxezkiola. Gizon haien edari estimatua hurrupatzearen eta nehoiz sekula deusetara helduko ez ginen gure oinarrizko militante nahasketa likitsen sabeleratzeko ohitura zakarraren arteko arroila, kolonialismoz azpatua zen. Egiaz, garai hartan, Seaskaren sostenguzko atorra bat baizik ez genuen saltzeko.

        Gauzak agudo aldatu ziren Kamarada! Halatan saltxitxak, haragi karioak, xingar azpiak, errietak, txorizoak, lukainkak, tripotxak, pateak, ezti-ontziak, arrautzak, antzara- eta ahate-gibelak, oilaskoak, xinaurri erreximentak, zizareak kintalka, matahamiak, gurinak, gaztanbera eta gasnak metatzen zitzaizkigun, Herri Urratseko kamiseta ugariez gain, erosteko ahalmen finkatua zuten jendeei "oparitzeko". Ondorioz turismoaren kontzeptua eraldatu zen eta bakea izenpetu genuen udarekin, nahiz eta kontzientzien baketzeko literatur edo kultura obra batzuetan turismoa gogor eta gordinki salatzen jarraitzen genuen: arrotz erdaldunen diru trukean zerbitzatzea prostituzioaren parekoa zela agertzen zen; sakelak arditez beteak eduki arren, euskaldunak eskuak beti garbi atxikitzearen ilusioa bere desiratzen zuen.

        Behialako edangi edo büveta izugarri haietan gurutzatzen eta mintzatzen genituen asko plantatzen ziren hogei urte beranduago, gauez huts zeuden bide hegietan jazartzen zitzaizkigun saltoki prekarioen itzalpean edozer saltzen, uda mineko euli beltzen zurrunga lagun. Politikariek, gureek barne, H delakoa azken modan ahoskatuz, Herriarentzat jagoitik garapen globala eta globalizantearen premia proposatzen zuten, petits foursez asetzen segituz bistan dena: bideak zuzentzen, bihurguneak ezabatzen, seinale elebidunak orokortzen eta dirulaguntzak banatzen, demagun, esnea gasna zezaketen nekazariei. Euskal "gizarteko" sektore gehienak, horrela hitz egiten genuen engoitik, biltzen ziren batasunik leunenean, lanerako eta prentsan agertzeko.

        —Nahi duzue Kultura diruzta dezagun?

        —Ba bai —ihardesten genien—, ordu da ba!

        —Petrolioaren prezioa apalaraziko dugu ondorioz...

        —Ontsa da, erranen diogu.

        Salmenta mahai ekiztatu batean, gasnaren perfekzioaren miresteko suertea noizbait agitzen baldin bazitzaigun, gaitzesten genuen aitzineko kolonialismoaren apaindurak, ekonomiak, politikak eta ikerketa zientifikoaren aitzakiak josten zituela argi zen. Erakundeek eta instituzioek ordaindu chargé de mission parrasta bat pasatu zen gure lurretarik, hizkuntza zakar eta handikapanteena zeukan kultura horrekin zer asma aztertzeko. Zaharretan zaharrenak elkarrizketatzen zituzten, eguneroko kultur ekoizleak, erabakitzaileak eta kudeatzaileak.

        —Euskal kulturaren ardatza laborantza da —zioten guztiek aho batez—, partikulazki artzaintza, avec la langue basque qui lui confère une certaine authenticité, si ce n'est une authencité certaine...

        Baina mintzairak eman zezakeen autentizitateak ez zuen nehola ere unibertsaltasuna ekidin behar eta euskal kultura euskararik gabe plazaratzen ahal zela ondorioztatzea erdietsi zuten jakintsuek, beso zainartak, ginarretako doloreen eta esku ahurretako katx odoltsuen beldurrik eza zen ber. Harri batez bi zozo ehoz, hautetsiei nahikoa zitzaien laborantzaren subentzionatzea, Herriarekin eta Jainkoarekin bakean jarduteko.

        Halatan, garapen orokor orekatuaren ideiak ekarri gintuen turismoarekiko gure harremanen berrikustera, gasna metak, mutzitu baino lehen, saltzea helburu: kalitatea goresten genuen, mundializazioaren aurka derrigorrez borrokatu beharra, turismo abila eta pragmatikoa, uztail agorriletan, neguan ate hertsian IK pintada zekarren txabola ederki hornituak eskainiz. Gasnaren kultura neo-liberalismo basatian finkatzen zen funtsean, gasna hoberenen txapelketak antolatuz eta labela biltzeko hil arteko lehiak muntatuz: geurean geureena zen pentsamendu bakun horrek ere bere sareetan harrapatzen gintuen, lizunki. Eta noski, zehaztu turista inteligente horientzat, aitatxi-amatxi ezinduak xoko batean ezarriz, hauen erretretaren sosarekin alabaina, etxaldeetan, gite ruralak irekitzen ziren, ferme auberge eta camping à la ferme anitz. Xaharrek gazteen sendiak zazpigarren belaunaldiraino madarika zitzaketen, baina dirua isurtzen zen, kontzientzia lasai eta produktu berriak ezagutaraziz.

        Zer litzateke Euskal Herria Gasnarikan gabe?

        Erretzen, berotzen eta hazten gintuen.