Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muρoz
1991, Donostia
 
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
aurkibidea
 

 

18

 

 

 

Gertatu izan zaizkio gauza bitxiak. Behin, ez daki oso ongi zergatik, Iruρean egindako kontzertu batetik bero-bero iritsi zen etxera, eta erabiltzaile batekin mezu lizunak trukatu zituen orgasmora iritsi arte. Aurretik hiruzpalau alditan idatzi zion neska gazte hura ez zuen Instagrameko argazkietatik at ezagutzen. Sexya begitandu zitzaion gau hartan. Hurrengo egunetan izuak jota ibili zen bere mezuak argitara aterako ote zituen. Ez zuten berriro hitz egin, eta neska ez zitzaion inoiz kontzertu baten ostean bere burua aurkeztera gerturatu.

      Gogoan ditu baita ere Twitterreko erabiltzaile batekin izan zituen iritzi-trukaketa filosofikoak. @young.socrates zuen izena kabroiak, gainera. Bere profilean argazkirik ez egoteak mesfidantza eragin zion hasieran; baina 2016ko apirilean Parisen eman zuen kontzertuan ezagutu zuela esan zion, bertan bizi den Baionako euskalduna zela.

      Bolada batez, egunero gaua noiz iritsiko zain ibili zen, ohean sartu, mugikorra hartu eta harekin hitz egin ahal izateko. Kuriosoa: azkenaldian, halako momentuetan soilik lortzen zuen inongo mozorrorik gabe aritzea. Oholtzara igotzen zen superheroi haren plantarik egin gabe, sare sozialetan ospe ona irabazteko egin behar zuen gizaki maitekorraren plantarik egin gabe. Mezu pribatu horietan, hitzez behintzat, behatz potolotik buruko ilearen puntaraino zen bera.

      Egun batean, ohiko solasaldia amaitzera zihoanean, esteka bat bidali zion. “Ezin izan diot jakin-minari eutsi: zerbait gertatu al zen zuen artean?”.

      Hamar minutuko bideo bat zen, bere garaian Euskal Telebistan ezaguna zen kultur saio batekoa. Mara ere bertan izana zen hilabete batzuk lehenago, abesti berri bat aurkezten. Bideoaren izenburua irakurtze hutsarekin pilota gogor bat eratu zitzaion sabelean. Martxan jarri zuen.

      Pauso geldoz atera zen Saioa platoko ate faltsutik, izua nola ezkutatu jakingo ez balu bezala, lanazko jertse gorria eta galtza beltz soil batzuk soinean. Inguruan txaloka zituen ikusleak agurtu eta robot baten antzera gerturatu zen aurkezleak eskuaz seinalatu zion besaulki urdinera.

      Eseri arte ez zion aurkezleari begietara begiratu. Orduan, parekoaren irribarre zabalak kutsatuta akaso, lehenbiziko irribarrea marraztu zuen, eta Marari ideia txarra iruditzen hasi zitzaion bideo hura ikustea.

      Kazetariak iruzkin bat egin zuen Saioaren urduritasunaren inguruan. Honek, dardarizo fina zuen ahots batez, argudiatu zuen berez taldeko gitarra-jolea zela bertaratzekoa, baina sukarrak jota gelditu zela ohean, eta horrexegatik joan zela bera. Jakingo bazenute lan berriari buruz galdetu zion aurkezleak:

      “Lan honek musikariok egunerokoan bizi ditugun hainbat aspektu ditu hizketagai. Nola lan egiten dugun lokalean edota estudioan, jendeak ikusten ez gaituenean, zenbat kostatzen den abesti bilduma bat sortu eta ateratzea, zein gutxi baloratzen duen gizarteak...”.

      “Gutxi baloratzen dela uste duzue, beraz?”.

      “Egia esan, badugu sentsazio hori batzuetan. Lehengo urtean, adibidez, hainbat iskanbila izan ziren musikariek kontzertu bakoitzean kobratu ohi dutenaren harira. Guri buruz ere aritu ziren, eta ez gara gehien kobratzen duten horietakoak”. Barre urduria atera zitzaion. “Hainbat pertsona kexatu egin ziren herri bateko jaietan kobratuko genuena publiko egin eta gehiegi iruditu zitzaielako. Kritika horiek ezjakintasunetik etorritakoak dira, erabat. Musikarion, antzerkigileon, zinegileon, tira, kulturgileon egunerokotasunaren atzean zenbat lan dagoen jakingo bagenu, kritika horiek ez lirateke existituko”.

      Planotik kanpoko txaloak entzun ziren amaitutakoan. Aurkezleak eskua eraman zuen kokotsera.

      “Beraz, jendeari errieta egiteko disko bat atera duzue?”.

      Saioaren harridura aurpegia enfokatu zuen kamerak orduan. Behatua sentitu zenean, irribarre egin zuen berriz.

      “Errealitate bat azaltzen saiatu gara, besterik ez. Badago gauza horiek ikasteko eta gizartea eraldatzeko interesa duen jendea”.

      “Musikari dagokionez, behintzat, herri emankorra da zuena, ezta? Hemen asko estimatzen dugun Mara-Mara ere bertakoa da”.

      Saioak bere eskuetara begiratu zuen. Ezer esango ez zuela zirudienean, hitz egitea erabaki zuen.

      “Tira, esango nuke kasualitatez izan dela. Gure herriak ez du kultura bultzatzeko grina berezirik izan inoiz; leku guztietan dauden euskarri berberak izan ditugu: kultur etxea, gaztetxea…”.

      “Zu gaztetxeko uztatik zatozela esango nuke; oker al nabil?”, iseka eginez moztu zion kazetariak.

      “Hala da, bai”, duintasunez Saioak.

      “Ibiltzen al zen gaztetxean Mara ere?”.

      “Gutxixeago”.

      “Lagunak al zarete?”.

      Marak ezin izan zuen jarraitu. stop sakatu eta ohetik jaiki zen, aztoratuta. Korridorean barrena ibili zen atzera-aurrera. Balkoiko atea ireki eta Zazpi Kaleetako argi-itzalak behatu zituen tarte batez.

      Komunera joan eta ohean sartu zen berriz, mugikorra eskuan. Saioak aldarte ezaxolaz jarraitzen zuen pantailan izoztuta. play eman zuen.

      “Elkar ezagutzen dugu. Gaztetan kointziditu izan dugu gaztetxean inoiz, kontzerturen batean edo; ez dut oso ongi gogoratzen...”.

      Berriz ere stop, eta oraingoan behin betiko. Ez zion ezer erantzun Sokrates gazteari; ez orduan, ez aurrerantzean ere. Mugikorra blokeatu, mesanotxean utzi, eta gora begira gelditu zen etzanda, begiak hontzen pareko.

      Gau luzea zuen aurretik.

 

 

— Eta?

      Mikelek mahaiaren bestaldetik begiratzen dio, beheko ezpainarekin bibotean gelditu zaion aparra xurgatu bitartean. Alde Zaharreko betiko kafetegian gelditu dira gaur ere, hegaldia hartu aurreko azken bilera izango delako esperantzaz.

      Zer?

      Uste nuen gaur ere arantzatxoren bat kentzeko gogoz etorriko zinela —esan dio, begi kliska batez lagunduta. Era lizunean atera dio mingaina.

      Mara mahaitik altxatzen hasi da, marmarrean. Mikelek eskumuturretik oratu dio orduan.

      Tira, barkatu, ez nuen zu haserretzerik nahi —irriari ezin eutsita dago—. Amarekin zer moduz egon zaren jakin nahi dut, besterik ez.

      Zer zara orain, nire psikologoa?

      Baten bat beharko duzu Londresen, ezta? Barkatu, barkatu —hasi da berriz ere, besoak airean, parekoaren aurpegia ilundu ahala.

      Zuk enpresako gainontzeko kideekin zer moduz zauden esan arte, nik ez dizut ezer kontatuko —esan dio, kikaratik trago bat hartu aurretik.

      Ordenagailuari begira jarri eta zerbaitekin lanpetuta balego bezala egin du Mikelek.

      Aurrekoan nire bizitzari buruz ezer ez zenekiela leporatu zenidan. Ba nik kontrakoa sentitzen dut, egia esan. Zuk, behintzat, nire bizitzaren alderdi asko ezagutu dituzu nire abestien bitartez. Nik ez ditut zure izena eta adina besterik ezagutzen.

      Imajinatzen duzu psikopata bat naizela eta zu engainatzen ibili naizela urte hauetan guztietan? —begirada pantailatik kendu gabe esan du.

      Mikel, benetan ari naiz —ordenagailuaren tapa jaitsi dio.

      Ba begira —burua hazkatu du—, aurrekoan elkartu ginen denok, eta zurekin Londresera nindoala kontatu nien. Zerotik hasiko ginela, beste zigilu bat sortuz. Enpresa nik eta Jonek eratu genuenez, horregatik eta urte hauetan egindako ekarpen guztiarengatik kapitalaren zati bat eskatu nien —geldialdi dramatikoa egin du jarraitu aurretik—. Horren zakar erantzun zidaten, egia ez diren hainbat gauza leporatuz, epailearengana eramango ditudala esan niela.

      Mara mutu gelditu da, begiak zabal-zabalik.

      Horrelaxe nago, beraz, nire bizitzaren zatirik handiena eskaini diodan enpresako kideekin. Nire lagun minak izandakoekin —eskuak gurutzatu ditu mahai gainean.

      Berdinketa egitearren, nik beste gauza deseroso bat kontatuko dizut —kaferik ia gelditzen ez zaion kikara hartu du Marak—. Aurreko egunean zurekin gertatu zitzaidana ez da nire bizitzako lehena izan. Eta ez naiz alkoholaz ari —argitzeko beharra sentitu du—. Psikologoek behin eta berriro esan didate, akaso gaztetako traumengatik, ez dudala ondo ikasi jendearekin harreman afektiboak izaten. Gertutasun keinu oro hartzen dudala intsinuazio sexual gisa. Sexuaren bitartez soilik ikasi dudala zenbait eremutan integratzen.

      Pausa egin du, Mikelen irribarrea ezabatzen ari dela ziurtatzeko.

      Oraindik garunean iltzatua dut lehenengo psikologoak bota zidan esaldia: “Gainontzeko pertsonek ez bezala, zure kasuan subjektu sozial bilakatzeko prozesua ernaltze sexualaren garai berean gertatu izanak zerikusia izan dezake joera horrekin”. Alegia, lagunak egiten hasi nintzen momentu berean hasi nintzela txortan egiten. Eta ez nuela lagun berriak egiteko beste modurik ezagutzen.

      Kafe kikara goratuta esan du guztia, Mikelen bisaia izoztuaren aurrean. Irri murritza marraztu du, esandakoari pisua kentzearren. Topa egin dute isilean.

      Ordu erdi geroago irten dira kafetegitik. Mikel agurtu eta, Zazpi Kaleak atzean utziz, Areatzako pasealekura atera da Mara, etxera joan aurretik hiriaren bazter horri agur esateko. Alboan du pare bat alditan bete duen Arriaga antzokia; parean, Abando auzoa; tartean, itsasadarra. Harrizko, burdinazko eta titaniozko suge bihurria. Distira dute Bilboko kaleek; eguzki izpiek min egin diote begietan bustitako zoruaren kontra jotzean. Areatzak piszina bat dirudi, eta bertan mugitzen ari diren pertsona guztiek, uretan flotatzen ari diren bizitza arrastoak. Hara eta hona dabil jendea, bakoitza bere aingurak eta hegoak garraiatzen. Batzuk poliki mugitzen dira, helmuga jakinik ez balute bezala. Gehienak ziztu bizian doaz. Ondoegi dakite nora doazen.

      Marak ere ondoegi jakin izan du nora joan: aurrera, beti aurrera. Taularen lauki zuri-beltzak banan-banan zapaldu ditu, bata bestearen atzetik, puntara iritsi eta, piszina bateko igerilariak nola, horma ukitu, buelta eman eta, oinaz bultza eginez, bere kalean aurrera jarraitzeko. Eta pentsatu du xake taula horrenbeste alditan gurutzatu duela, peoi izatetik erregina izatera igaroz, hurrengo itzulian berriz peoi itxurarekin itzultzeko, ezen jada ez baitaki zenbatgarren itzulian dagoen eta, beraz, ezta erregina ala peoi ote den ere.

 

 

House musika pertsonen solasa ez oztopatzeko bolumenean zegoen jarrita iritsi zirenean. Horrek jairako gogoa zapuztu zien, baina ez zuten horren erraz etsi. Bazuten zer ospatua gau hartan.

      Eusko Jaurlaritzak urtero egiten zuen Euskal Musikagintzaren Sari Banaketan disko onenaren eta diseinurik onenaren saria jaso zituen Mara-Marak. Miramar jauregiko aretotik atera aurretik, cateringeko hiru pintxo ahoratu zituen Mikelek, bata bestearen atzetik.

      Donostiako kutixiak berriro dastatzeagatik soilik merezi du hona itzultzea! —Marak besapean zeramatzan bi garaikurrak hartu zizkion orduan—. Gordeko dizkizut hauek. Zuk segi festara, ni Bilbora erretiratuko naiz.

      Nola, baina? Ez nauzu, ba, bakarrik utziko!

      Egin ezazu musika giroko lagunen bat, behingoagatik! Horko neska horrek, bideoklip onenaren saria jaso duenak, jator itxura du. Zure anaiaren etxea duzu lo egiteko, ezta?

      Bakarrik gelditu zenean, soineko urdin elektrikoz jantzitako ilehoriarengana gerturatu zen. Ana zuen izena, eta bertakoa zen; ezagutzen zuen urtebete soilik zuen haren musika proiektua. Segituan gonbidatu zuen giroko beste zenbait musikari, ekoizle eta diskoetxeetako langilerekin Bataplan diskotekara.

      Handik ordu erdira, takoizko zapata gorriak kenduta ortozik ari zen dantzan Anarekin eta beste hainbatekin batera, eta sare sozialetarako bideoak grabatzen, diskotekaren izkina batean. Hiruzpalau pertsonak ezagutu eta argazki bana eskatu zioten. Pozik onartu zituen eskaerak, euforiak jota.

      Mikelek arrazoi zuen. Lanak hain zuen irentsita, ezen ez baitzuen denborarik hartu nahi izaten lagun berriak egiteko. Taldekideekin ere ez zen inoiz adiskidetasun harreman sakon bat izatera iritsi. Oso testuinguru ezberdinetatik zetozen: Pierrek hamar urte zeramatzan Bilbon eta haurra izan berri zuen; Jorge hamabost urte zaharragoa zen, eta Idoia, besterik gabe, teklatu-jole bikaina izatetik haratago, ez zitzaion lagun izateko pertsonarik egokiena iruditu inoiz. Gau hartan bertan, ostirala izanda ere, bandako inork ez zuen Donostiara bidaiatzeko modurik, edo gogorik, topatu.

      Barren-barrenean, dena den, lagun berriak egitearen kontu hori denbora-galtze hutsa iruditzen zitzaion; azken finean, bolada batez alboan egon ostean, lagun horrek edo Marak berak ihes egiten amaituko baitzuten, bizitza zen lasterketa harekin jarraitzeko. Ongi zegoen horrela; bakardade hautatu hartan, bihotza stand-by, anestesia tanta batekin.

      Anarekin dantza tribal baten erdian bere emoziorik primitiboenekin konektatu nahian zebilela sentitu zuen eskua sorbaldan. Buelta eman eta karkara atera zitzaion nor zen ikusi zuenean.

      Tartean murrurik gabe egin dugu topo, azkenean —esan zion Ibaik.

      Gorputzaren balantza kontrolatzen saiatzen ari zela ohartu zen Mara. Buruan zeraman txapel erridikuluari begiratu zion.

      Ez esan ezkonduko zarenik.

      Bai, zera! Nire laneko bat ezkonduko da bihar. Agur afaria izan dugu gaur —azaldu zion—. Eta zu, nolatan hemen?

      Marak besoak zabaldu zituen, soinean zeraman tirantedun soineko beltz luzea ondo ikus zedin.

      Sari banaketa izan dugu gaur Miramar jauregian.

      Ibairen begirada sumatu zuen bere gorputz ataletan gora.

      Utzi asmatzen zenbat sari eraman dituzun... zortzi?

      Bi.

      Tristura aurpegia antzeztu zuen.

      Gutxiegi Mara-Mararentzat —ingurura begiratu zuen, une batez non zegoen ahaztu izan balu bezala—. Aizu, pote bat nahi?

      Komeni zaizu?

      Ron-kola eta gin-tonic bana hartu eta jendartera sartu ziren. Musika elektronikoaren bonbo hotsak punpaka sentitzen zituen bularrean, bihotz taupadekin lerratuta. Ibaik besoak airera altxatu zituen, begiak itxita, eta kantuaren errepika abestu zuen oihuka.

      Eskerrak zuen etxean badagoen ondo abesten duenik! —bota zion Marak, abestiaren erritmoan dantzan.

      Ibai bere belarrira gerturatu zen.

      Saioak musika utzi nahi du —hitzok ozenegi sartu ziren Mararen belarrian.

      Nola? Disko berria atera dute eta!

      Ibaik besoak zabaldu eta dantzan jarraitu zuen, ezaxola.

      Nik zer dakit! Urteak daramatza marmarrean zuregatik. Egia esaten badizut, jasanezin dago.

      Niregatik? —burura igotako guztia joaten sentitu zuen bat-batean, hustubide batek xurgatuta bezala.

      Tira... ahaztu. Ez dizut ezer esan, ados? —eskua pasatu zuen muturretik, sudur azpian pilatutako izerdia garbitzeko.

      Marak trago luze batez lagundu zuen entzundakoa. Minutu gutxira, uholdeka igotzen ari zitzaion amorrua ezin kontrolatuta, buelta erdia eman eta jendartean galdu zen, komunera bidean.

      Zuk uste duzuna baino eragin handiagoa izan duzu beregan —atzetik entzun zuen haren ahotsa, eskailerak erdizka jaitsita zituela.

      Buelta erdia eman zuen, eta begirada gorago zegoen Ibairengana zuzendu.

      Badakit betidanik pentsatu duzula faborea egitearren ibiltzen zela zurekin. Pena ematen zeniolako egiten zuela. Baina ez. Benetako estimua zizun. Are gehiago: miretsi egiten zintuen.

      Soinekoa apur bat altxatu eta ezkerreko behatz txikia odoleztatuta ikusteak ohartarazi zion Marari zeraman aitzurraz; ez baitzuen min izpirik sentitzen. Egarri zen, hori bai.

      Ibaik besoa beregana luzatua zuela ikusi zuen. Eta, bat-batean, horren gardenki eder eta zintzoa zen zerbait perbertitzeko gogo geldiezina sentitu zuen. Berarengandik espero zenaren aurka egin, soineko hura apurtu, maite zituen horiek atsekabetu, aurpegi ezezagunen bat jipoitu. Zapatak jada ahaztua zuen bazter horretan utzi eta ortozik itzuli anaiaren etxera.

      Egarri ikaragarria zuen.

      Ez. Jaitsi zu —esan zion Ibairi.

      Honek eskua erortzen utzi zuen, etsita, eta galtzetako patrikan sartu. Begira gelditu zitzaion, ezpainean hozka eginez, horditasunak hitz horien esanahia barneratzen utziko ez balio bezala. Azkenean, eskailerak jaisten hasi zen.

      Mararen mailara iritsi zenean berriz gelditu zen, beregandik metro batera, gertatzera zihoana ulertzeko bigarren saiakera batean. Orduan Mara gerturatu zitzaion. Besteak ez zuen giharrik mugitu. Alkandoraren kolkotik heldu eta, mantso, komunetaraino garraiatzen utzi zen, peoi baten gisan, laukiz lauki. Burua paretaren kontra jarri, eta mutilak lehen bere buruari hozkatutako ezpain hura hozkatzera joan zen lehenbizi Mara. Ez zuen beste aukerarik kontenplatzen; min egin nahi zion.

      Baina Ibai ez zen kexatu. Are gehiago, intziri egin eta berdin erantzun zion, bere gerrialdean besoak gurutzatu bitartean.

      Hortik aurrerakoa, zulo beltz erraldoi batek irentsitako espiral batean behera eta behera egiten ariko balira bezala gogoratzen du. Haragiak azala leherraraziko ziola sentitzen zuen, poroak golf pilotak bailiran irekiak zituela, ezin tenkatuago, izerdia jariatzen. Ibairen mingaina trapu latz bat zen, bere eztarriaren kontra hazka egiten zuen animalia lakarra, baina ahotik atera eta beste eremu batzuk miatzera irteten zen bakoitzean sentitzen zuen abandonua hain zen handia, ezen bi eskuez bere matrailari helduz erakartzen baitzuen berriz ere, ezpain horiekin beste behin talka egiteko.

      Ibai izan zen denboraren elastikotasuna goma baten eran moztu zuena. Ordurako komun-ontzian eserita zeuden, Mara haren gainean, esku bat haren zirritutik sartuta, soinekoa gerriraino labaindu zitzaiola. Airezko murrua sortu zuen Ibaik, tupustean, besoak Mararen sorbaldetan luze pausatuta.

      Ezin dugu hau egin —lortu zuen ahoskatzea.

      Zergatik? —esan zion Marak, irekita zuen alkandoratik tira eginez.

      Mara. Mesedez.

      Elkarri begira gelditu ziren. Ibai arnasestuka sumatu zuen, bihotz taupadak jaisteko ahaleginetan.

      Ba joan zaitez zu —bota zion orduan, zorrotz.

      Bere gainetik altxatu eta ilea buruaren kontra zanpatu zuen, albo batera eta bestera begira, ezaxola izan nahi zuen keinu batez. Soinekoa igo zuen. Gero Ibairi begiratu eta eserita jarraitzen zuela ikusi zuen, alkandora irekita, arnasa baretzen.

      Kontatu beharko diot.

      Mara barrez hasi zen, eskuarekin zerbait uxatuz. Ibaik alkandoraren botoiak lotzeari ekin zion orduan. Ez zion begiradarik kendu komunetik atera bitartean. Atzera begira joan zen eskaileretaraino, joateko beldurrez bezala, baina determinazioa hartuta.

      Goraintziak Saioari —esan zion Marak, igotzen hasi zenean.