Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muñoz
1991, Donostia
 
 

 

3

 

 

 

Begiak ireki ditu. Dena da ilun, ezkerraldean gaizki itxitako pertsiana batetik sartzen diren borobil formako izpi kapsulatuak izan ezik. Amets batetik oker lurreratzerakoan bezala, ez daki zehazki non dagoen. Kasik ez du bere azpiko koltxoia sentitzen.

      Buruak ideia bat igorri dio: giharrak mugitzen hasiz gero, non dagoen jakingo du. Segundoak igaro dira, baina ez da mugitu. Nahiago guztiz geldi egon, errealitatearen eta ametsen munduaren arteko zubi eseki horretan, mugitzen hasi eta denbora-espazioaren erabateko kontzientzia eskuratzea baino.

      Nor den eta nor izan den jakiteak sekulako nagia ematen dio.

 

 

— Ez duzu arroz-esnea bukatuko? Likidoegia dago, ezta?

      Ama begira du, burruntzalia esku batean duela, bestea amantalean garbitu bitartean.

      Oso ona dago, ama. Ase naiz, besterik gabe.

      Bixentarekin gurutzatu naiz lehen —esan du orduan aitak, bibotea txuri likatsuz zipriztinduta—. Tanatoriotik bueltan zetorren, gajoa. Uste duzue normala dela horretarako ere txandala ez erantzi izana?

      Bere betiko txandal koloredun hori? —bota du Ibaik.

      Utz ezazue bakean, nahikoa du semea galtzearekin orain itxurarengatik kezkatzen hasteko —amak bizkarrez, kazolari burruntzaliarekin kemenez eragin bitartean.

      Ibaik Saioaren katilua seinalatu eta, honen onespenarekin, arroz-esnea hartu dio. Abiada betean hasi da jaten.

      Gainontzekoek Xantiren amaren inguruan hitz egiten jarraitu bitartean, bere baitan bildu da Saioa. Oraindik ez dago ziur zer sentitu behar duen lagunaren galerarengatik. Berdina gertatu zitzaion amona hil zenean, berak hamasei urte zituela. Beti espero da pena malkoen bitartez ateratzea. Saioaren kasuan, ordea, ez zen hala izan; ez amonaren albistea eman ziotenean, ez hiletan, ez hiletaren osteko familia bazkarian, ezta hurrengo hilabeteetan ere. Amak behin eta berriz iragarri zion denbora bat igaro osteko ustekabeko negargura amaigabe hori, besterik gabe, ez zen inoiz iritsi.

      Ordutik badaki bere nahigabea ez dela ia inoiz malkoetan azaleratzen. Sorbalden gaineko pisu handiago batean haragiztatu ohi da, hitzak ahotik ateratzeko nagi handiago batean ere, akaso.

      Eta orain, Xanti. Txolok albistea eman zionetik berarekin bizitakoak gogoratzen saiatu da, baina kez betetako pantaila bat topatzen du eszena horien guztien aurrean. Lagunaren aurpegia modu estatikoan gogoratzen du, hil aurretik zuen adina baino dezente gazteago; begiak biseraren hegalak ilunduta, kanutoa ahoan.

      Irudi horrek ez du ahorik irekitzen, ordea. Ez dio bizitzaz haratagoko mezu kriptikorik bidali nahi.

      Banengoen ba ni, denbora gehiago behar zuela kazolan... —gogoa gurasoen etxeko sukaldera itzuli duenerako, amak gaiarekin tematuta jarraitzen du—. ¿Un poquico más? —galdetu dio Ibairi, honek Saioaren kikarakada bukatu duenean.

      Jare gerturatu zaio, bere magalera igotzeko eskatuz. Masailak gorrituta ditu, negar egiteko zorian.

      Eta zer du honek oraingoan? —atera zaio hasperenka Saioari, Ibairi begira. Mezua argia da: ardura zaitez zu, mesedez.

      Ez al duzu ikusten amazulo dagoela? —gauzarik agerikoena balitz bezala esan du Ibaik.

      Saioak eskua pasatu du haurraren ile xerlo beltzetatik.

      Tira, Jare lokartzera joango naiz gelara.

      Ez didazu sukaldea jasotzen lagunduko? —ama dagoeneko kinki-kanka dabil plater, edalontzi eta erretiluak harraskan pilatzen.

      Lasai, nik lagunduko dizut, Camino —esan du Ibaik, eta eskua estutu dio Saioari mahai azpitik.

      Honek azkar baztertu du mutil-lagunaren eskua, zertan ari den pentsatu gabe. Begietara begiratu dio Ibairi eta, bere harridura aurpegiaren aurrean zer esan ez dakiela, mahaitik altxatu da, Jare besoetan hartuta.

      Korridorean barrena, pentsatu du eskuarenak zerikusia izan dezakeela atzo gertatutakoarekin. Txoloren deia jaso ondoren, ez daki oso ondo zergatik, salara joan, kristalezko armairuan apaingarri moduan duten Veneziako inauterietako maskarari argazkia atera eta Ibairi bidali zion. “Gaur errepikatu nahi?”.

      Bere erantzuna ordu erdi beranduago iritsi zen. “Jakin duzu Xantirena? Ze tristura. Portzierto, Jarek berriz egin du pixa gainean”. Erantzuna eta erantzun-eza aldi berean. Sarritan egin ohi du hori mutil-lagunak; egoera deserosoren bat saihestu nahi duen bakoitzean. Saioak erpurua goraka zuen irudia bidali, eta kalera irten zen haize pixka bat hartzera.

      Oraindik ez du Bixerreko taldekide ohiekin gertatutakoari buruz hitz egin. Jakingura du ea haiek nola izan duten lagunaren heriotzaren berri, zer sentitu duten jakindakoan. Taldea desegin zenetik, ordea, ez dute apenas elkar ikusi. Zertarako ibili moztutako hariekin korapiloak egiten orain.

      Bere logela zaharrean sartu da. Peluxeak, koloredun edredoia eta musika taldeen posterrak: gurasoek ez dute bere nerabezaroko santutegi hartatik ezer aldatu, eta Saioak bisita egiten dien bakoitzean goitik behera eraldatuko lukeela pentsatzen duen arren, azkenean ez du inoiz ezer egiten. Iraganean trabatuta jarraitzen du.

      Agian horixe da bera ere: iraganean trabatutako logela bat.

 

 

Herrira iritsi zirenean, Saioaren aitak hil berri zen bere osabaren furgoneta ekarri zuen Corellatik. Mercedes zahar bat zen, berdea eta handia. Bederatzi eserleku, hiru ilaratan lerrokatuak, eta atzean lanabesak gordetzeko espazio handi bat. Herriko batek lagunduta, musika talde batentzako furgoneta gidari lanetan hasi zen, eta hala eman zituen hainbat urte, Saioak hamahiru egin arte.

      Gidari lanak egin zizkion talde orori kamiseta bana eskatzen zion, Saioari oparitzeko. Alabari sekulako poza emango ziola pentsatuz egingo zuen, akaso; baina aita bera zen larunbat gauero distira begietan etxeratzen zena. Saioak laster susmatu zuen, berez, alabaren arropan dirua aurreztearren eskatzen zituela kamiseta horiek.

      Saioa erraz identifika zitekeen ikastolako atarian: euskal musika taldeen kamiseta erraldoiak zeramatzan neska beltzaran eta argala zen. Eta horrek berari grazia izpirik egiten ez zion arren, inguruko ikaskideek miresmenerako zerbait bezala hartu zuten. Beti zuen jendea inguruan, aitak ezagutzen zituen musika taldeei buruz galdezka, berak inoiz aurrez aurre ikusi ote zituen jakin nahian.

      Erriberatik emigratutako guraso erdaldunek bazekiten ikastolako urteko kuota garesti aterako zitzaiela, baina konbentzituta zeuden luzera begira zerbaiterako balioko zuela alaba bertara eramateak. Amak, gainera, lana lortu zuen jangelan zerbitzari eta, beraz, merkeago atera zitzaien Saioaren eskolaratzea. Ezin uka ikastola bateko guraso batzordeak euskaraz ez zekien emakume nafar bat kontratatu izana mirari anomaloa izan zela.

      Eskolaz kanpo ere euskararekin zerikusia zuten ikastaroetan izena eman zioten. Saioak ez du inoiz onartuko, baina abesbatzara joateak piztu zion musikarekiko grina. Garai hartan, ordea, ezer baino gehiago gorroto zuen. Takolo ezizenez bataiatu zuten abesbatzako zuzendariari zerion apostolu kiratsari ezin jasanezko erdeinua zion.

      Abesbatza saioetan ezagutu zuen Mara. Ezagutu, lehenagotik ezagutzen zuen, bere ikasgelakoa baitzen; baina ez zuen ordura arte sekula harekin hitz egin. Edo harekin hitz egiteko interesik izan. Neskatila isila zen, lagun gutxi zituena. Lepoan ondo estututako koadrodun bufanda eta perlazko belarritako txikiekin oroitzen du. Atzeko ilaran eseri ohi zen beti, gainontzekoengandik ikusezin, eta irakasleak zuzenean galdetutako zerbaiti erantzuteko ez bazen, ez zuen ahorik irekitzen.

      Abesbatzan, ordea, nabarmendu egin zen hasieratik. Arratsalde batean Takolok ikasleak taldeka antolatu nahi izan zituen, ahots tesitura bereizgarri gisa erabiliz; eta ahotsik agudoena zuten horiek lehian jarri zituen, nor gorago iritsiko. Marak eta Saioak iraun zuten amaieraraino, eta tonu erdi batengatik irabazi zuen lehenak. Aurpegia gorrituta eta eztarria harria baino gogorrago egindako txilio itoa izan zen urrezko dominaren merezidun. Saioak nota hori gainditzeko bota zuen soinurik gabeko haize ufadaren ostean, koruko guztiak txaloka hasi ziren Marari begira. Ez batak ez besteak ez zuten ulertu gertatutakoa, baina horrek balio izan zion Saioari lehenbizikoz ondokoarengan arreta jartzeko. Eta, adibidez, ohartzeko irribarre egiten zuenean aurpegiera tristeagoa zuela serio zegoenean baino; ahoaren bi aldeak zeloz itsatsita irribarre egitera behartu izan balute bezala.

      Ordutik, aurreko ilaran eta elkarren alboan jarri zituen koruko zuzendariak, eta apur bat gehiago ezagutu zuten elkar. Batik bat, kalera bota zituen egun hartan. Errua, noski, Saioarena izan zen. Boga Boga hainbat ahotsetan banatzen ari zen Takolo eta, eskuak airean astinduz, taldeari abesten hasteko agintzen zion bakoitzean, Saioak nahita desafinatzen zuen. Ikustekoa zen zuzendariaren harridura aurpegia: ahots ozenez denei isiltzeko agindu, eta koruko hogei ikasleen aurpegiei banan-banan erradiografia egiten hasi zen, betaurrekoen atzetik begiak txiki-txiki eginda. Saioak gauza bera egiten jarraitu zuen hurrengo saiakeretan eta, enegarrenean, bat-batean, ondoan zuen Mara ahoa estalita barrez hasi zen hari begira. Saioak ukalondoko bat eman zion isil zedin, baina horrek oraindik ere ozenagoa egin zuen haren algara, harik eta Takolok biak harrapatu zituen arte.

      Belarriak gorri bezain zorrotz behar zenituzke, Takolo! —esan zuen norbaitek.

      Mararen erreakzioa ez du oraindik ahaztu Saioak. Eskua ahora eraman eta erreguka hasi zitzaion zuzendariari, gelatik bota ez zezan. Belauniko oroitzen du, hatzak elkarri korapilatuta eta sudurraren pareraino jasota, keinu ezin dramatikoago batez; baina memoriak puztutako zerbait izango da ziurrenik.

      Aitak hil egingo nau —esan zion irten zirenean, bizkarra korridoreko paretaren kontra astiro-astiro irristatu eta lurreratu bitartean. Negar zotin bat isildu zuen artilezko jertsearen mahukaz.

      Bai zera! Zergatik diozu hori?

      Ez duzu nire aita ezagutzen.

      Zertxobait bai; nork ez zuen Fernando Kortabarria ezagutzen? Herriko enpresa handienaren jabea zen. Ez zuen inoiz bere aurpegia ikusi, ordea. Jakin ere, ez zekien oso ongi zer fabrikatzen zuen bere enpresak; komuneko eta sukaldeko paperarekin zerikusia zuen zerbait zela, besterik ez.

      Saioak errukia sentitu zuen.

      Leku bat erakutsi nahi dizut.

      Zuk badakizu zer nolako errieta egingo digun Joxefek atea ireki eta ez bagaitu hemen topatzen?

      Ez deitu Joxefe, deitu Takolo.

      Hori ez da bere izena.

      Ezta Joxefe ere. Josssse Felipe izango da. Edo Josssse Fernando.

      Beno, berdin dio. Ez naiz hemendik mugituko.

      Ze aspergarria zaren.

      Handik bost minutura kultur etxeko atea gurutzatzen ari ziren biak, artilezko jertseetako lepoak muturra estaltzeraino igota.

      Herritik ateratzera zihoazela zirudienean, muinotxo bat igo eta belarretan zegoen erdi herdoildutako banku batean eseri ziren. Muinoaren bestaldean, hainbat metrotako murru baten azpian, antzina Guardia Zibilaren kuarteltxoa izandakoa zegoen. Aspaldi zen eraikin hura hutsik zegoela. Eserita zeuden talaiatik teilatua eta bi horma ikusten zituzten. Grafiti batzuk zituen margotuta paretetan: Alde hemendik!, Gora eta (M), Erik marikon. Eraikineko atetik lau gazte atera ziren orduan; plastikozko poltsak eta erratzak eskuetan. Batek izerdiz betetako kopeta distiratsua igurtzi zuen.

      Hau erakutsi nahi nizun. Herriko gaztetxe berria.

      Beste gazte talde bat sartu zen euren ikusmen eremuan ezkerraldetik. Sofa gorri bat zeramaten hiruren artean. Eraikinetik atera berri zirenek oihuka agurtu zituzten. Marak Saioari begira jarraitzen zuen aurrekoa entzun zuenetik, ahoa erdi irekita.

      Ez dakizu zer den gaztetxe bat?

      Aitak dio leku zikinak direla.

      Ba hau ez da zikina; begira, zakar poltsak ateratzen ari dira, eta horko horrek erratz bat du eskuan. Pikoletoek bai utzi zutela lekua zikin!

      Mara gorritu egin zen, munduko gauzarik eroena entzun balu bezala.

      Duela bi aste okupatu zuten. Arratsaldero etortzen naiz hona pipak jatera. Aurreko egunean horrelako bafle batzuk ekarri zituzten —besoak luze-luze zabaldu zituen.

      Ez duzu beste ezer egiteko? Nik astelehen eta asteazkenean ingelesa dut, ostegunetan gitarra klasea...

      Botako dizkiegu pipa batzuk sofa daramatenei? Poltsikoan ditut.

      Mararen enegarren ezezkoan erabaki zuen Saioak behingoagatik lagunari kasu egitea. Horren ordez, eskuekin ahoa inguratu eta zera oihukatu zuen:

      Herri bat, gaztetxe bat! Herri bat, gaztetxe bat!

      Han zeudenek harrituta begiratu zuten bi haurrak zeuden talaiara. Batek besoa ukabil itxiarekin goratu eta oihua errepikatu zuten. Hor zegoen tipo altuenak, sofaren izkinetako bati eusten zionak, bota zuen hurrengoa.

      Ez gaituzue geldituko!

      Borroka da bide bakarra! —gehitu zuen haurrak.

      Segi etxera, umemoko horiek! —esan zuen orduan beste batek.

      Alde hemendik, utzi bakean! —eskuak batu zituen Saioak.

      Etorriko zara hau txukuntzen laguntzera? —hasierako tipo altuak.

      As-ka-tasuna! As-ka-tasuna!

      Denak barrez lehertzen hasi ziren. Beste zerbait esatera zihoala, jakatik tira egiten ziotela ohartu zen Saioa.

      Aizu, abesbatza saioa amaitzeko bost minutu falta dira. Joan egin beharko genuke.