Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muρoz
1991, Donostia
 
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
aurkibidea
 

 

17

 

 

 

Buruan milaka orratz iltzatu balizkiote bezala atera du lozorrotik mugikorraren soinuak. Txolo dela ohartzean, botoi gorriari eman dio. Eguerdiko ordu bata duela zazpi minutu pasatu dela dio mugikorreko ordulariak. Besoa atzeraka luze bota eta hutsarekin topo egin duenean sentitu du eguneko bigarren ziztada: Ibai ez dago ohean.

      Poliki jaiki da, buruaren pisuari eutsi nahian, eta sukaldera joan da ur bila. Ainarak eta Markelek gaztetxean gelditzera behartu zutela oroitzen du, behin eurak herrira etorrita, abagunea aprobetxatu behar zela argudiatuz; baita Ibai afalorduan Jarerekin etxera erretiratu zela ere.

      Bata bestearen atzetik etorri ziren garagardoek lausotu diote gainerakoa. Herriko tabernetara joan eta hainbat ikasle inguratu zitzaizkiola gogoratu du. Elkarrizketa arrasto batzuk erreskatatzea lortu du; politikari buruz hitz egiten hasi eta Enekarekin millennialen eta zeta belaunaldikoen arteko ezberdintasunei buruz hizketan amaitu zuela. Espero du tontakeriarik egin edota esan ez izana.

      Ez du oroitzen noiz izan zen halako parranda bat egin zuen azkenengo aldia. Onartu behar du kontzientzia galtzeraino edateak baduela askatzailetik zerbait.

      Edalontzia eskuan duela itzuli da logelara, eta burukoaren azpian topatu du artilezko buru-berokia. Urduri jarri da. Etxera iritsitakoan larrutan egin nahi izan al zuen Ibairekin? Egin al zuten ezer? Ilea igurtzi du. Ezer ez, ez datorkio oroitzapen bakar bat ere. Ura amaitu eta ohea egin du, sabela uzkur.

      Mugikorra oihuka berriz. Pantailari kasik begiratu gabe hartu du oraingoan.

      Aupa, Txolo —ahots-kordetatik ez zaio haizea besterik atera.

      Hara! Nor zara, Saioa ala Matusalen?

      Atzoko aitzurraren ondorioa.

      Festak, ezta? Ene, ez dauzkagu hogei urte! Tira, ez dizut denbora gehiegi kenduko orduan —esan dio, beregan ohikoa den hitz-jario azkarraz—. Mara eta zure abestia: oroitzen duzu, Marak Londreserako hegazkina hartu behar zuenez, egun bat lehenago egingo genuela grabaketa, ezta?

      Bai.

      Ostegun honetan litzateke.

      Ostegun honetan. Egiaztapenak apur bat gehiago esnarazi du.

      Oraintxe bidaliko dizut estudioaren helbidea —jarraitu du Txolok hariaren bestaldetik—. Goizeko hamaikak aldera iristen bazarete, ederto. Jarri al zarete kontaktuan entseatzeko?

      Galderak ezustean harrapatu du.

      Ez, egia esan, ez.

      Eta nola banatuko dituzue bakoitzaren zatiak?

      Ba... —eskua kopetara eraman du, hasperen eginez—. Ez dakit, Txolo, ez dakit. Momentuan egingo dugu, nik uste gogoan dudala bere garaian nola egin genuen.

      Beno... ez naiz sartuko axola ez zaizkidan gauzetan —barrea atera zaio—. Ostegun honetan, hamaiketan, Bilboko gure estudioan. Hobe duzu ordura arte ahotsa zaindu!

      Agurtu gabe moztu du. Segundo gutxira iritsi zaio estudioaren kokalekua adierazten dion Google Maps-eko esteka.

 

 

Armiarma Zuriak euskal musikaren historiak gogoratuko zuen zerbait izatera irits zitekeen. Atera zituzten bi lan luzeak musika kazetari gehienek egindako disko gogokoenen zerrendetan sartu ziren, bakoitzaren argitalpen urtearen hondarretan. Kazetarien iritziek ez zuten entzuleenekin bat egiten, ordea.

      Nola etorriko da jendea, irratian ez bagaituzte jartzen? —kexatu zen Joanes Bonberenean hogeita hamar pertsonaren aurrean jo zuten batean.

      Saioari ezagunegia zitzaion erretolika hura.

      Ez nekien irratia entzuten zenuenik.

      Ez dut entzuten.

      Orduan zergatik ematen diozu garrantzia?

      Uste dudalako jendeak irratiaren bitartez entzuten dituela talde berriak, eta horrexegatik gustatzen zaizkiola.

      Ba nik uste nuen jendeari gustatzen zitzaizkion taldeak jartzen zituztela irratian.

      Xaxatzeagatik egiten zuen, besterik ez. Barren-barrenean, ezin zuen berarekin konformeago egon.

      Joanes zen elkarrizketa guztietara joaten zena. Saioak ez zuen inoiz gogorik izaten kazetari zorritsu berri baten ahotik betiko galderak entzuteko. Hala, gitarra-jolea bihurtu zen taldearen ikur publiko. Saioari, egia esan, ez zitzaion gehiegi axola. Beratarrak motibazio handiz hartzen zituen elkarrizketa eskaintzak, telebista-agerpen proposamenak, mahai-inguru gonbitak, eta hara joan ohi zen, bere presentziaz taldearen existentzia jende berriaren buruetan txertatuko zuenaren konbikzioz.

      Elkarrizketa bakarra egin zuen Saioak Armiarma Zuriak-en bizitza laburrean, Joanesek aldi hartan sukarra harrapatu eta joan ezin izan zuelako. Ez zen oso ongi atera.

      eitbren egoitzatik etxera itzuli zenean, ordura arte horren argi izan gabeko intuizio batek gogor jo zuen: jada arrotz zitzaion egiten zuten guztia.

      Arrotzak abesten zituen abestietako letrak, arrotzak gero eta jende urriagoa erakartzen zuten kontzertuen osteko sentsazioak, arrotzak entsegu lokalean inoiz konfiantzazko giro bat osatzea lortu ez zuen musikari horiekin egiten zituen barre gero eta bakanagoak. Behinola musika egitera eraman zuen zirrara arrotz zitzaion orain; bidaia sentsorial deskribaezin bat eragitetik, ukigarri eta deskribagarriak ziren akzio mekanikoak erreplikatzera eraman zutelako: ahoa irekitzen da, haizeak ahots kordak dardararazten ditu, nota hau sol da, apur bat igotzen badut, sol sostenitua. Eztarria gogor jarri eta triparekin bulkada bat eragiten badut, ahotsa urratuta aterako zait; eztarria apur bat gehiago ireki eta ahotsa haizearekin nahastuta botatzen badut, soinu apal eta eztiagoa.

      Mekanika hutsa, besterik ez.

 

 

Pesto saltsan itotako espageti batzuk jan ostean osatuago sentitu da. Telebista piztu eta kanalen artean ibili da igerian, saio zein baino zein hutsalagoetan gogoa jarri nahian.

      Laurak aldera itzuli dira Ibai eta Jare.

      Nire gurasoenean bazkaltzekotan gelditu ginen —esan dio lehenak agur gisa, giltzak salako komodan dagoen ontzian utzi bitartean.

      Zergatik ez nauzu esnatu? —esan dio larritu antzean, sofatik mugitu gabe.

      Ba aspaldiko partez bakean ikusi zaitudalako, hortxe lo. Pena eman dit zu esnatzeak.

      Barkatu.

      Sofara gerturatzen hasi da baina, erdibidean, bazkari handietarako erabili ohi duten mahaitik aulki bat atera eta eseri egin da, berari begira, metro batzuk tarteko.

      Jare, aldiz, salto batez bota da amaren gainera.

      Zer? —galdetu dio Saioak, Ibairen begirada tinkoari erantzunez.

      Honek sorbaldak jaso eta irribarre ironikoa egin du.

      Gustura atzo, ezta?

      Saioa probokazioari erantzutera zihoan, Jarek aurreko astean erosi zioten patinetea estreinatu nahi duela esan duenean. Ideia bikaina iruditu zaio elkarrizketa hartatik askatuko duen edozer egitea.

      Jaietako azken eguna izanda, gainera, giroa egongo da —esan dio Ibairi, oniritzi eske.

      Ez al zenuen nahikoa giro izan atzo?

      Jarek lurrera bota duen jaka berriz jarri dio maitekiro soinean, eta patinetearen bila joan da. Hirurak batera atera dira kalera.

      Bide berritik iritsi dira oinez herrigunera, zeharkatu dute tabernak oraindik itxita dituen Goiko kale, eta normalean baino hutsago topatu dute plaza, tabernaren bateko terrazetan eserita dauden agure batzuez salbu. Alderik alde zeharkatzen duten soketatik zintzilik dauden ikurrinez josia dago, parrandazaleak bere magalean harrapatzeko gose den armiarma sare gorri, berde eta zuria bailitzan. Gaur ez da musikarik entzuten urrunean. Goizegi izango da oraindik. Edo, apika, jaietako azken egunetan ohikoa izango da herria malenkonia arraro horretan jaustea.

      Bere burua hormigoi-makina bat da.

      Jarek, belaunetako moreekin babestuta, zirkuluak marraztu ditu plazan patinetearen gainean. Erdi altxatua dagoen estolda zahar batekin estropezu eginda, lurrera erori, eta negar batean hasi da. Ibai joan zaio kontsolatzera.

      Mugikorrak dar-dar egin dio poltsikoan. Txoloren beste oharren bat izango delakoan, ez dio kasurik egin. Arreta urrunean dauden Jare eta Ibairengan jarri du, haurraren mina zenbaterainokoa den asmatu nahian. Alabaren aurpegi gorri eta bustia irribarre batera antzaldatu denean lasaitu da.

      Mugikorrak bigarren aldiz egin du dar-dar. Ainararenak dira bi mezuak:

      “Saioa! Ondo zaudete denok?”. “Kaka, Gasteizera iritsi berri nintzen mezua bidali didatenean. Kabroiak!”

      Hatz traketsez idatzi dio:

      “Zer gertatu da, ba?”.

      Ainara segituan hasi zaio idazten.

      “Gaztetxea botatzera joan dira txakurrak duela ordu erdi. Herri guztia dago han”.

 

 

Taldekideei musika uztea pentsatzen ari zela esan zienetik bi aste zeramatzan ohetik lanera joateko jaiki eta, lanetik bueltan, berriz ohean sartzen. Oraindik presente zituen Joanesen erregu eta mehatxuak. “Momenturik onenean salto egin nahi duzu barkutik?”, “talde honengatik egin dudan guztiaren ondoren, horrela ordainduko didazu?”.

      Gauzak ongi pentsatzeko tartea behar zuela esan zion arren, Saioak bazekien ez zegoela atzera bueltarik. Armiarma Zuriak jada metastasian zuen gaixotasuna sendatzeko ahalegin desesperatua izan zela konturatu zenerako, beranduegi zen. Kontzertuak kimioterapia saioak ziren, mina arintzeko ariketa emozionalak baino ez. Alta, mdma hartzera ohituegia dagoen bati pilula batek egiten dion efektu berbera egiten zioten azkenaldian: azalean azkura atsegin bat sentitzetik at, ezer gutxi. Kontzertutik kontzerturako tarteak, ordea, ajea nagusi zuten bailara izoztuak besterik ez ziren.

      Ibairen hitzek ere ez zuten kontsolatzen. Laster mutil-laguna ere aldarte goibel batean murgildu zen. Egun batzuk iraun zizkion tristura hark, harik eta, gosaltzen ari ziren batean, Mararekin gertatutakoa kontatu zion arte.

      Arratsalde hartan Hernani utzi eta gurasoen etxera joan zen Saioa. Ibairi, bera kanpoan egon bitartean sentitzen zuena eta egindakoa argitzeko eskatu zion tonu hotzez.

      Bera zen, ordea, gauza batzuk argitu beharra zuena. Egin zuen lehen gauza, duela pare bat urte bortizki etendako adiskidetasun harreman hura utzi zuen lekutik berrartzea izan zen.

      Elkartu al gaitezke eraikin ustel hori ez den lekuren batean?

      Tabernako azkeneko mahaian eserita topatu zuen. Bisera beltzaren ertzetatik erortzen zitzaizkion ile xerloak gero eta grisagoak, nabaria zen sorbalden gainean zeraman bizitzaren nekea.

      Ongi etorri etxera —esan zion, bostekoa eman aurretik.

      Saioak kafesne bat edan zuen; Xantik, bi whiski kopa.

      Porroak uzten saiatzen ari naiz.

      Luze hitz egin zuten, Saioaren eta Ibairen arteko harremanaz, Xantiren eta bere amaren artekoaz, musikaz, itxaropen zapuztuez eta norabide erratuez.

      Zer espero duzu bizitzaz? —galdetu zion Saioak ustekabean—. Eta ez etorri maitasuna, osasuna eta purtzileria horiekin. Zer espero duzu benetan?

      Xantik ez zuen gehiegi pentsatu beharrik izan.

      Herri santu honetan lasai bizi. Horixe nahi dut. Hiru urtez egon nintzen lur hau zapaldu ezinik, eta argi ikusi nuen: hemen baino hobeto, inon ez —zurrupada bat eman zion kopari—. Denok hara eta hona zabiltzatela ikusten dut eta, inbidia sentitu beharrean, atsekabetu egiten naiz ez duzuelako nik leku honekiko dudan maitasuna sentitzen.

      Alkate izango zara egunen batean —esan zuen barre artean.

      Utikan! Badakizu ez didatela utziko. Eta zuk? Zer espero duzu bizitzaz?

      Ba hori da arazoa: ez dudala batere argi. Ez dakit Ibairekin jarraitu edo ez. Musika uztekotan nabil, baina ez nago ziur erabaki egokia izango ote den. Hernanin bizi naiz, baina ez naiz etxean sentitzen.

      Xanti uzkurtzen ikusi zuen bere parean; ez zen inoiz Ibai bezain abila izan enpatia kontuetan.

      Batzuetan hemen jaio izanaren pisua bikoitza iruditzen zait —aitortu zuen bere mututasunaren aurrean—. Ezer esan aurretik, badakit hemen jaio izanak pribilegiatu egiten nauela. Ez zaidala ezer falta. Esan nahi dudana da herri bat defendatzeko beharra sentitze honek bizitzan eman ditudan pauso guztiak baldintzatu dituela eta, orain, bat-batean, gauza guztien aurrean hausnartu behar izatea traba bat besterik ez zaidala iruditzen.

      Xantik mantso dastatu zuen whiskia.

      Ezer argi ez duzula diozu. Baina zure herria defendatzeko egin beharrekoa traba bezala sentitzen duzula jakiteak nahiko informazio zehatza ematen dit niri.

      Saioak hasperen egin zuen.

      Ez zaitut epaituko horregatik, Saioa. Zergatik uste duzu alde egin zuela Patxik Mexikora, taldea utzi zenutenean? Bera ere borrokatzeaz nazkatu zelako. Zuek biok, behintzat, gizartea eraldatzeko bitarteko gisa ulertu zenuten musika hasieratik, ez soilik zeuen buruarentzat egiten zenuten zerbait bezala. Bai, badakit kontrakoa leporatu nizula egon ginen azkeneko aldian —desenkusatu zen—. Badakizu zuen egiteko moduari dagokionez hainbat gauzarekin ez nengoela ados, baina ezin zitzaizuen intentzioa ukatu. Patxi nazkatu egin zen, eta orain zu. Normala da. Urteak dira hemen ez zaiola mekanikari bati, ile-apaintzaile bati edota bulegari bati leporatzen bere ogibidearen bitartez gizartearen alde ez dela borrokatzen; baina musikari gehienoi, ezer ez kobratzearekin batera, hori eskatzen zaigu oraindik ere.

      Saioak kafe kikararen azkeneko hurrupa mikatzarekin irentsi zituen lagunaren hitzak.

      Badakizu duela urte batzuk, oraintxe esan didazun honen aurrean, beldurrak akabatuta egongo nintzatekeela?

      Zergatik?

      Ezin nuelako jasan zu nik hartutako erabaki baten kontra egotea.

      Ez dizut esan kontra nagoenik.

      Baina ez zaude nirekin ados. Nik ere ez zaitut epaituko, Xanti. Baina gehiegi ezagutzen dugu elkar, ez duzu uste?

      Ez zuen ezer gehitu. Ezer esan gabe jaiki zen mahaitik eta, Xantiren harridurarako, estu besarkatu zuen atzetik. Lagunak, aulkitik altxatu gabe, bular gainean pausatutako bere besoa ferekatu zuen.

      Aste horretan jakinarazi zion Joanesi musika utziko zuela. Ez zuen lehen bezain gaizki hartu. Taldearen amaiera heldu zela iragarri zutenean atera ziren ilunpetik euren musika ohoratzen zuten jarraitzailerik sutsuenak. Saioari barrea eragiten zioten halako lausenguek. Gogoan zituen behin, nola ez, gauza gehienetan arrazoia zuen Xantik botatako hitzak: “Kurt Cobain jonki bat zen; Janis Joplin mozkorti bat, Amy Winehouse... nork ezagutzen zuen hil aurretik? Hirurak ziplatu, eta kultuzko irudi bilakatu dira”.

      Hartutako azken erabakia aurreko guztiaren ondorio izan zela sentitzen du Saioak, garai zurrunbilotsu horri buruz pentsatzen duen bakoitzean. Gurasoen etxera mugitu zenetik bi aste betetzera zihoazenean, Ibairi deitu zion, egindakoa barkatzen ziola esanez.

      Etxera joan eta, pare bat ardo kopa tarteko izan zuten elkarrizketa arantzatsu baten amaieran, zera esan zion mutil-lagunari brastakoan:

      Herrira itzuli nahi nuke. Eta haur bat izan.

 

 

Idiak bezala doa oinez, aurrean duena ikusteak baino ez dio axola. Haiengana iritsi denean ahots mekanikoz atera zaio dena.

      Gaztetxea botatzen hasi dira. Nahi baduzu geldi zaitez Jarerekin, ni hara noa.

      Ibairi zeharo aldatu zaio aldartea bat-batean.

      Zer diozu? Putaku... —mingaina hitzaren erdibidean gelditu du, alaba metro batera duela ohartuta—. Eta nik ere joan nahi badut, zer?

      Ba goazen hirurok. Ez dago denborarik.

      Ez da arriskutsua izango...?

      Ordurako hankek baimentzen dioten abiadan egin du aurrera Saioak. Sutan ditu lokiak. Haizearen talkak azkura eragin dio begietan. Aurrera jarraitu du, sorgor, eliza, ikastola, kultur etxea pasatu eta gaztetxearen ingurumarietara iritsi arte.

      Orduan begiratu du atzera. Ibai arnasestuka dator, beso batean Jare hartuta eta bestean patinetea. Haurrak izututa begiratzen du ingurura, ezer ulertzen ez duela.

      Lau furgoneta daude kanpoaldean aparkatuta. Beltzez jantzitako hogeita hamar ertzainek dute inguratuta gaztetxea. Polizia-lerroaren alde batean, herritarrak eserita protestan. Lerroaren beste aldean, herritar begiluzeak, gertatzen ari den horri so. Ibaik aurrea hartu dio orduan, ertzainak dauden lekura gerturatuz.

      Sekulako buila ateratzen dute gaztetxearen sarreran eserita eta elkarri besoetatik helduta dauden ehun herritar inguruk.

      Euskal gazteria, aurrera! Ez gaituzue geldituko! Zuek, faxistak, zarete terroristak!

      Kanpotik behatu ditu Saioak. Gaur egun gaztetxean ibiltzen diren gazteak dira gehienak; baina identifikatu ditu herriko pertsona helduago batzuk tartean, baita inguruko herrietatik etorritakoak ere. Markel ikusi du; oraindik Iruρera itzuli gabe harrapatuko zuen albisteak. Lorik egin gabe ere, ziurrenik. Eneka eta ikaskide batzuk ere bertan dira, oihuka eta txistuka.

      Saioa izoztuta gelditu da.

      Eta ohartu da beti izan dela oinetatik lurrera sustraiak botata eduki dituen zuhaitz mehe eta izu hori. Marari ikasgelan komuneko paperarekin mahaia inguratu zioten hartan gertatu bezala. Irakaslea etorri gabea zen oraindik; Joxe beti etortzen zen berandu. Marak gelako atea gurutzatu zuenean egin ziren ozenagoak barreak. Bere begirada mortua mahaia ikusi zuenean. Saioak lagunari eskutik heldu eta ikasgelatik korrika alde egiteko gogoa sentitu zuen lipar batez, baina sustraiek, betiko sustraiek, oinak lurrera lotu zizkioten. Eta ikusi zuen nola Mara bere mahaira iritsi eta, burua makur eta begiak herrari, komuneko paperaren muturra non zegoen bilatzen hasi zen. Zertarako nahi ote zuen muturra topatu? Zergatik ez paper guztia bola batean amorruz bildu eta Maiderri edo Oierri indarrez aurpegira jaurti? Zergatik ez, besterik gabe, buelta erdia eman eta irakasleren batengana joan, laguntza eske? Zergatik ez Saioari begiratu, sikiera segundo batez, konplizitate bila?

      Ertzain batek euskara traketsean megafonotik gaztetxea eraistera eraman dituen lege-aginduaren inguruko zertzeladak bota bitartean oroitu du dena, momentuko giharretako uzkurtasuna barne. Nola Marak azkenean topatu zuen komuneko paperaren muturra, eta hura tolesten hasi zen karratutxoz karratutxo, ikaskide guztien begirada harrituaren pean, eta nola baten batek esan zuen “horretarako ere frikia zara, gero!”, eta nola ia denek barre egin zuten, eta nola Saioak pentsatu zuen “frikia ez, gela honetan dagoen pertsonarik ausartena da”, baina nola ez zuen ahorik ireki. Eta nola jarraitu zuen Marak, irain horiei guztiei entzungor, komuneko paper kilometriko hura, munduko paperik luzeena, karratutxoz karratutxo biltzen, mantso, bata bestearen gainean, esku artean zuen pila gero eta potoloagoa egiten zihoan heinean, burua eta begirada pila horretatik askatu gabe, automata baten antzera. Saioak oroitu du ez zuela ia arnasarik hartu tarte horretan guztian, prozesua amaitutakoan hartu zuen ahokadarekin birikek min egin baitzioten. Atzo bailitzan oroitu du gutxira iritsi zela Joxe, eta galdetu zuela “zer gertatu da denok horren isilik egoteko?”, eta Marak paper pila eraman ziola, eta esan: “Hau komunera itzuli behar da”. Eta nola Joxek erantzun zion, “zer, Kortabarria? Aulkian kaka egitera zindoazen eta bat-batean ez zaizu ideia ona iruditu?”. Eta nola denak algara betean hasi ziren beste behin, eta nola sentitu zuen mina biriketan berriz, eta Joxerekiko gorroto geldiezin bat, eta nola burua makurtu eta azkazal batzuk jan zituen, isilean.

      Bozeramailearen hitzen aurrean zirkinik egin ez dutela ikusita, hiru ertzain lerrotik askatu eta banan-banan altxarazten hasi dira eserita daudenak. Erraz altxatu dituzte lehenengo lau pertsonak, hiru gizon heldu eta neska gazte bat, besotik edota lepotik eutsita. Bosgarrena askatzeko ahaleginetan atera du ertzainetako batek lehen borra. Hiru kolpe eman dizkiotenean gorputza astindu du mutil gazteak, intzirika. Bere ingurukoen orroak areagotu egin dira, eta polizia-lerroaren bestaldean dauden herritarretako batzuek ere txistu egin dute.

      Jendetzaren artetik bistaratu du horma-irudiko hartz polarra, eguzkiari so. Bere orroak ez du bertan entzuten diren beste horiekin zerikusirik; beste dimentsio batean dago, gertatzen ari denari entzungor. Izozmendi horiek urtu aurretik bat harrapatu eta bizitzaren korronteak nora eramango duen jakin nahiko luke. Azalera hotzean etzan, begiak itxi eta, erredurez ahaztuta, soilik eramaten utzi.

      Eta hasi da mugitzen, disimuluan. Polizia-lerroa jarraitu du, eta atzetik entzun du Ibairen ahotsa, baina ez daki zer esan duen. Ertzainetako batek sudurretik tira egin dio eserita dagoen gazte ilegorri bati. Odol arrasto bat ikusi du beltzez estalitako gorputz-adarren artetik. Besoa atzerantz tolestuta atera du jendetzatik.

      Ajeak baimendu dion abileziarekin sartu da lerroaren amaierako zirrikitutik korrika.

      Aldarri-oihuak txaloekin nahastu dira, Saioak eseritako herritarren artean bere lekua egin bitartean. Metro batzuetara dagoen Markelek irribarre zabala eskaini dio, eta oihuka hasi da:

      Xanti Arrese, hau zuregatik! Xanti Arrese, hau zuregatik!

      Inguruko denek errepikatu dute kontsigna.

      Hortik aurrera, dena bihurtu da azal, gihar eta eztarri. Izua indarrarekin nahastu da ertzainek eserialdiko pertsona bakoitza banan-banan altxarazi, eta multzotik ateratzen jarraitu duten bitartean, ordena mekaniko batean, sagar bati azala kentzen ariko balira bezala. Beso eta izterrak baino ez ditu ikusten bere inguruan, eta izerdi usaina gailendu da. Ez daki tiraldien eraginez jaka apurtzen ari zaion ala ez, ez daki ipurdiak lurraren kontra sentitzen duen hotz heze horrek gainean pixa egin duela esan nahi duen ala ez. Beregana iritsi dira ertzainak, eta ondoko emakumearen besoari eutsi dio gogor. Ez du inoiz hitzik gurutzatu berarekin, baina betiko laguna balitz bezala begiratzen dio orain, “ez nazazu askatu, ez nazazu askatu”. Iletik heldu diote; mina buru-azaletik barreneraino sartu, eta emakumearen besoa irristatzen hasi zaio. Apur bat gehiago estutu da haren kontra, baina ertzainek ahulgune hori aprobetxatu dute azken tirakada egin eta harengandik askatzeko. Mortu utzi du gorputza orduan. “Urdanga halakoa”, esan du gazteleraz arrastaka daraman ertzainak.

      Inguruko herritar batzuek lagundu diote jaikitzen.

      Animo, Saioa. Odola duzu hemen —esan dio etxe pareko okindegiaren jabeak. Paper-zapi bat eman dio sudurzuloa tapatzeko.

      Ingurura begiratu du, zorabiatu antzean: ez ditu Ibai eta Jare inondik ikusten. Ez daki zenbat denbora igaro den ere; izan zitezkeen hamar minutu, edo ordubete. Oihuak lausotuta entzuten ditu. Hainbat pertsona daude oraindik gaztetxeko atearen ondoan eserita; tartean Markel.

      Inori agur esan gabe joan da.

 

 

Giltza etxeko sarrailan sartu duenerako badaki zer gertatuko den. Ibai sofan eserita eta besoak gurutzatuta ikusi eta Jareren inongo arrastorik ez topatzea, ordea, espero ez zuen albo-kaltea izan da.

      Gurasoengana eraman dut berriz.

      Ulertu du. Eta okerrenerako prestatu da. Oraingoan bera izan da mahai handitik aulkia hartu eta Ibairengandik metro batzuetara eseri dena.

      Elkarri begira gelditu dira, isilean. Saioak sudurzuloan sartuta duen paper-zapia kendu eta mahai gainean utzi du.

      Ezin dut gehiago —hasi da Ibai.

      Saioak ez du ezer esan.

      Uste dut nire partetik ahalegin guztiak egin ditudala egoera hobetzearren. Baina ez dut ahalegin bera ikusten zuregandik.

      Saiatzen naiz —erantzun du ahots ahulez.

      Nola? Horrela? —burukoaren azpian azaldu den buru-berokia astindu du airean—. Hau ez da saiatzea. Hau ez da batere normala. Ez dakit ezta zer den ere.

      Lurrera bota du. Saioak zintz egin du. Odol zaporea iritsi zaio ahora.

      Argi gelditu da urte hauetan guztietan musika uzteak zein kalte eragin dizun. Baina badakizu nola egon naizen ni denbora honetan? —tartetxo bat egin du Saioaren erantzunaren zain. Honek bere eskuei begira jarraitu du, zer esan ez dakiela—. Ez dakizu, noski, ez duzulako inoiz suposatu ni ere gaizki egon nintekeenik. Zure tristezia zulo beltz bat da. Inguruko guztia usteltzen du.

      Berriz isildu da.

      Nahi baduzu, joan egingo naiz.

      Ibaik eskua pasatu du aurpegitik eta korridorean desagertu da. Segundo gutxira azaldu da, Mararen biniloa eskuan.

      Ez ote da izango hau arazoa, hasieratik?

      Saioak begiak itxi ditu.

      Ez iezadazu gogorarazi, mesedez.

      Arazoa hau bada, begira zer egiten dudan honekin —kartoizko zorrotik atera ditu bi biniloak. Eskuekin eutsiz, bata bestearen atzetik erdibitu ditu belaunaren kontra.

      Horrela hobeto?

      Saioak intziri egin du.

      Ez dakit.

      Beregana gerturatu eta besoetatik heldu dio, gogor.

      Egun batzuk barru egongo zarete elkarrekin, ezta? Agian behingoagatik berarekin hitz egiteak on egingo dio gure harremanari ere.

      Saioak sorbaldak altxatu ditu.

      Ez dut nahi Mara nire bizitzan horren garrantzitsua izaterik.

      Ibaik irribarre sotila marraztu du ahoan.

      Badakit, Saioa. Tamalez, bada —haren eskuak bereen artean estutu ditu—. Uste dut denboratxo bat behar dudala. Zuk egin abesti hori Mararekin, eta hitz egingo dugu aurrerago... Nahi badugu.

      Ibairen begiak dizdizka daudela ohartu da. Akordio justua iruditu zaio, baina ez dio ezer esan. Berriz zintz egin eta eskuak leunki askatu dizkio.

      Ni joango naiz —aurreratu da—. Geldi zaitez zu hemen Jarerekin, eta azal iezaiozu gertatzen dena. Zin dagizut saiatuko naizela sendatzen.

      Zorroa hartu eta logelara joaten hasi da, apurtuta duen arropa aldatu eta pijama eta beste hainbat janzki hartzeko asmoz. Erdibidean gelditu eta buelta eman du.

      Maite zaitut —esan dio, zotinka.