Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
aurkibidea
 

 

17

 

 

Izekok bere burua bakartua ikusten zuen pentsamendu politikoari dagokionez, ideia aurrerakoiak zituen, ordea ez zuen bere burua nazionalistatzat hartzen, bere lagun gehienek bezala, zeintzuk, konbentzimenduz ala desberdinak izaten gogaituta menturaz, abertzaletasunera lerratu baitziren. Bera ez. Maite zituen euskara eta euskal kultura, abertzale askok baino areago. Baina horien etorkizuna ez zuen ikusten atxikia bai ala bai egitura politiko bereizi baten beharrari. Hori bai, lagunekin fidela zen. Ez zuen sekula adiskidetasuna apurtu. Ezta haiek ere berarekin. Nahiz eta politikaz eztabaidatu, ez ziren haserretzen, hori zen beraien altxorrik preziatuena, leialtasun hori, lagunak izatea gauza guztien gainetik.

      Gaitzak, gordean, hor zirauen barrenak erretzen. Gibelaren transplantea baztertu egin zuten medikuek. Berari deitu eta osabak hartzen zidan telefonoa batzuetan, esanez izeko nekatuegi zegoela hitz egiteko. Baina, espero ez zuenean, halako itxaropen argitxo bat piztu zitzaion. Madrilen tratamendu bat jasotzeko aukera eman zioten, gaitzari behin betiko irabazteko aukera, edo bizi baldintzak hobetzekoa, behintzat. “Osaba dago ni baino pozago”, esaten zidan. “Uste dut beragatik egingo dudala, nigatik bainoago”.

      Deitu zidan baikor, Madrilekoa kontatuz. Kezkatua zegoen bertara bidaiatu behar zuelako, ordu luzeegiak automobilez bere gorputz zartatuarentzat. Nik animatu egin nuen, “zuk dena lortzen duzu, eta hau ere lortuko duzu. Gogoan duzu kartzelakoa?”, galdetu nion. Barre egin zidan. “Jakina”. Kontua da kartzelara sartu eta egun gutxi batzuetara bozgorailuetatik hots egin zidatela. “Uribe Urbieta, abokatuaren bisita”. Sor eta lor geratu nintzen, ez nuen ulertzen bisita zertara zetorren, abokatuarekin bezperan egon ginen eta. Tira, xehetasunen bat esatea faltako zitzaion. Bisita kabinara sartu nintzen. Eta atea zabaldu zenean izeko ikusi nuen barruan.

      — Baina zer egiten duzu hemen?

      — Ni naiz abokatua —eta barrez lehertu zen.

      — Baina, baina...

      Izekok bere burua abokatutzat pasatu zuen epaitegian ezagutzen zuen norbaiten bitartez. Hura ere lortu zuen.

      — Ai ama, zer pentsatuko dute gainontzeko presoek. Hau ez da oso ortodoxoa. Ezin dut besteek baino bisita gehiago izan... —estutu nintzen, poztu beharrean.

      — Ortodoxoa? Ni sekula ez naiz izan ortodoxoa. Ahaztu penak. Ez zenuen pentsatuko ni hileroko bisita labur horiekin konformatuko nintzela. Eta gainera familiako jende gehiagorekin batera, berba egiteko elkarri txanda ezin hartuta. Ezta pentsatu ere. Ordubete daukagu hitz egiteko. Aprobetxatu!

      Aprobetxatu, bizi momentua, horixe zen bere legea.

 

 

Egun artega ala zoriontsuagoekin, neguak tokia egin zion udaberriari. Etxera argia sartzen zen lotsagabe, leihotik ikusten ziren Lucerne hotelaren adreilu magentak eta teilatuetan ur gordailu biribilak. Eguratsa epelagoa zenez, egun batzuetan, umeak eskolan utzi eta Norarekin batera oinez egiten nuen liburutegirako ibilbidea, Broadwayn behera. Musikalen afixak zituzten antzokietatik igarotzen ginen, Random House argitaletxearen eraikin luzetik, non ataria liburuz betea dagoen, “oxala noizbait zure bat egotea hemen”, esaten zidan Norak. Culture Espresso kafetegian hartzen genuen kafea, musika indiea jartzen zuten, Velvet Underground, David Bowie eta Eskorbuto ere bai tarteka, gure pozerako.

      Eskorbuto entzuteak Noraren oroitzapenak piztu zituen.

      — Maider eta biok haitzetara joaten ginen musika entzutera —kontatu zidan kafesne bat eskuan—. Ni oso Hertzainak zalea nintzen eta lehen diskoaren kasetea erosi nuen. Baina kaseteak fabrikako akats bat zeukan. Alde bakarra zuen, ez zuen B alderik. Orduan, diskoaren lehen zatia entzuten genuen beti, buelta eta buelta, A aldeari dale.

      Ostiraletan ez ginen elkarrekin joaten liburutegira. Barikuan, umeak eskolan utzi eta etxera bueltatzen ginen korrika, ohera sartzeko. Gure zita sekretua izaten zen, zerua, umerik gabe, lasai, geldo, gogobete, elkar maitatzeko. Gero, maitale bat banintz bezala presaz jantzi eta liburutegirantz abiatzen nintzen, orduan bai, metroan.

      Eskola ostean, patioan geratzen ziren familiak. Unaik nahiago izaten zuen kideekin jolastu baino jende helduarekin kalakan aritu, gurasoekin. Horietako batek, Stephenek, lanbidez marrazkilaria denak, kasu egiten zion eta luzaroan egoten ziren hizketan elkarrekin, irudimenezko munduez, oraindik inork asmatu ez dituen asmakizunez. New Yorkeko Liburutegi Publiko berria asmatu zuten elkarrekin. Eskolako patioan eskegita zeuden uztaiei begira, ikusiz nola Ane zintzilikatzen zen, otu zitzaion Unairi liburutegi publiko berrian uztaiak eskegiko zituela. Eta horrela haurrak iritsi ahal izango zirela goiko apaletara ere, erraztasun osoz, tximinoak balira bezala, eta gora eta behera ibiliko zirela liburuak hartu eta airean irakurtzen. “The New York Monkey Bar Public Library” izango zen. Unaik marrazkia pozarren erakutsi zidanean, pentsatu nuen neure kolkorako liburutegiko zuzendariari kontatu behar niola hura, hurrengo batean, komunean elkarrekin topo egitean.

      Ekitaldietara joaten ere hasi ginen. Irakurketa taldeko guraso batek esan zion Norari New Yorkeko Orkestra Filarmonikoa entzuteko bazegoela manera merke bat: entseguetara joanda. Lincoln Center-eko aretoan egiten dituzte. Musikariak kaleko jantzita egoten dira, ez beltzez emanaldia dutenean bezala, baina gainontzeko guztia berdintsua da. Kontzertu osoa jotzen dute, publiko entregatu, eta apalago, baten aurrean. Aaron Coplanden musika entzutea egokitu zitzaigun. Beldur ginen umeak ez ote ziren aspertuko, ez baitzeuden ohituta helduentzako kontzertu klasikoetara, baina Norak argi zuen joan gabe ez dela zaletasunik garatzen.

      — Musikak istorioak kontatzen ditu —azaldu zien Norak umeei eserlekuetan jesarri ginenean—. Copland entzutea film bat ikustea bezala da. Begiak itxi eta imajinatu...

      Eta halaxe itxi zituzten umeek begiak musika hasi zenean.

      — Egia da, tren bat ikusten dut —esan zuen Anek.

      — Ba nik zaldiak, lauhazka doaz zelaietan barrena —Unaik.

      Horrela zihoazen egunak, gero eta argi ordu gehiagoz, gero eta epelago. Igande batez, Madison Square Parken kaleko zirkua zegoela eta hara joan ginen Ane eta biok. Norak eta Unaik nahiago izan zuten etxean geratu, lasai. Ane hara eta hona zebilen parkean, arima librea betiere, txikitatik. Emakume bat hurbildu zitzaidan. “Zu zara aita?”. “Halaxe da, zergatik?”. “Oso bizia ikusten da umea, artista itxura dauka, ez zenuke nahi aktorea izatea?”. Hasieran mesfidati begiratu nion emakumeari, baina pertsona ona iruditu zitzaidan. “Victoria naiz. Hau da nire txartela, etorri agentziara eta hitz egingo dugu. Konpromisorik gabe”. Jendetasun gutxikoa izan nahi ez eta txartela sartu nuen poltsikoan.

      Parkeko jolasak eta antzerkiak bukatu zirenean, emakume haren “konpromisorik gabe” hura jaio zitzaidan burura. Agian Ane zineko aktorea izan ahal da, nork jakin. Zergatik ez amets egin. Aneri galdetu nion ea probatu nahi zuen. Eta hark, zergatik ez?

      Bulegoa Broadway erdigunean dago, etxe orratz batean. Sartu orduko, mugimendu handia sumatu genuen. Jendea hara eta hona zebilen, umeak, neskatoak, emakumeak. Victoriari buruz galdetu eta nor denik ere ez. Zenbaki bat eman ziguten. “Oraintxe egingo dizute kasu”. Kristaletatik neskatoak ikusten ziren, desfilatzen. Anek esan zidan, “aita nik aktorea izan nahi dut, ezerengatik ez nintzateke modeloa izango”. Galdetegi bat betearazi ziguten. “Zer da zuretzat garrantzitsua? Zer izan nahi duzu handitan?”. Umeak erantzun zuen, ikasketak, lagunak, familia. Biharko egunean aktorea, futbolaria edo biologoa izan nahi dut. Zain egon ginen gero, luzaroan, zenbakidun pegatinekin zeuden umeez betetako gela batean. Luze joan zen itxaronaldia, bizpahiru aldiz pasatu zitzaigun burutik handik joatea, eta halako batean hara non agertu zen emakume dotore bat guregana. “Zatozte, agentzia erakutsiko dizuet. Hemen daude gure modeloen argazkiak, batzuk Munduko Miss izatera iritsi dira. Ni neu ere modeloa izan nintzen garai batean. Nire bi alabak ere badira. Baita iloba ere, umetxoa den arren. Munduko marka guztiak datoz hona modelo eske”. Paretetako argazkietan ez zegoen aktorerik. “Baina ez al da hau aktoreen agentzia?”. “Bai, hori ere bai. Oraintxe azalduko dizuet”. Behin bulegoan, kontatu zigun agentzian neskei “ondo portatzen” erakusten zaiela. “Ondo esertzen, ondo jaten, ondo oinez egiten, probetxuzko emakumeak izateko”. Aho bete hortz geratu ginen. “Badugu ikastaro bat modelo eta aktore izateko baina zuek ere ahalegin txiki bat egin behar duzue. 3.600 dolar ordainduta aztertuko genuke alaba gai den ala ez agentziako kide izateko. Oso erraza da, kreditu txartela eman eta listo”. “Tira, pentsatuko dugu”, modu onean erantzun, eta eskua emanez agurtu genuen emakumea.

      Igogailuan behera gindoazela, Anek esan zidan, “aita, ahaztu, nahiago dut futbolaria izan”.

 

 

Egun batzuetan, itzalak hartzen zuen nire gogoa. Egunak aurrera zihoazen eta lan kontuetan dena zegoen geldirik, baiezkorik ez. Jarraitzen nuen, itxaropen handirik gabe, esperoan. Halako batean, Marcosen mezu bat jaso nuen. “Kafe bat nahi?”. Columbia Unibertsitateko zientzia ataleko kafetegian geratu nintzen berarekin. Beirate handi baten barruan dago eta kanpoaldean irakasle eskolako eraikin neogotikoak ikusten ziren. Mahai batean eseri nintzen bere zain. Kanpandorreko ezkilek ordua jo zuten eta handik gutxira agertu zen Marcos, eskuak patriketan sartuta, bere buruaz ziur. Ohi bezala, harira joan zen.

      — Zer moduz doaz gauzak? Lanik lortu duzu?

      — Oraindik ez.

      — Maiatza da gero.

      — Bihar geratu naiz Barnardekoekin. Horiek behintzat kafe bat hartzeari baietz esan diote.

      — Barnard oso aukera ona da. Columbiako eskoletako bat da. Emakumeentzat sortu zuten, emakumeek Columbian sartzerik ez zutenean. Baina gaur egun buelta eman diote horri eta genero ikasketetan oso adituak dira. Garai batean soilik emakumeentzat izate hori aldarrikapen bilakatu dute. Matrikula eskatzen dutenetatik % 10a baino gutxiago sartzen da. Idazle onek ikasi dute han, Jhumpa Lahiri ere han izan zen.

      — Banekien! Kontua da badutela beka bat atzerriko idazleentzat eta horra aurkeztu nahi dut. Hisham Matar, adibidez, haren bitartez etorri zen.

      — Ikaragarria da Matarren memoria liburua, Libian barrena galdutako aitaren bila.

      — Arazoa da bekara aurkezteko barruko norbaitek nominatu behar zaituela, kanpotik ezin da. Bihar geratu naiz Wadda Rios-Font izeneko irakasle batekin.

      — Ea zer dioen. Baina zaude lasai. New Yorken ezezkoa ez da sekula erabatekoa. “Ez” horrek benetan esan nahi du “orain ez”. Orain itxiak dauden ateak etorkizunean zabal daitezke. Izan pazientzia. Argi izan behar duzu beti zer nahi duzun, ez burutik kendu helburua. Gero, bizitzak hara edo hona eramango zaitu, sekula ez dakizu zein izango den bidea, baina jomugaz ez ahantz. Guk ere gaizki pasatu genuen hasieran, ez genuen apartamentua ordaintzeko dirurik, estu ibili ginen eta begira orain, egin dugu bidea. Izan fedea.

      — Fedea ez zait falta, baina...

      — Tira, gauzatxo bat. Rebeccak eta biok erabaki dugu laguntza merezi duzuela.

      — Zer?

      — Diru bat utziko dizuegu, datorren urtea hasteko. Bueltan ekarri ahal duzuenean, ez pentsa gu ere aberatsak garenik. Baina dugun gutxia zuekin partekatu nahi dugu. Migrariak migraria laguntzen du.

      — Ez nuen inola ere espero, Marcos.

      — Gauzarik onenak espero ez duzunean etortzen dira.

 

 

Eta nola aldatzen den haizea bat-batean norabidez, hego haize zakarra haize fin bilakatzen den, halaxe egin zuen gure bizitzak ere. Marcosen eta Rebeccaren eskuzabaltasuna itzela zen. Eta keinu haren ondotik, dena jarri zen haize-alde. Biharamunean, Barnardeko arduradunarekin bildu eta ustekabean irribarre egin eta esan zidan, “bada, bai, behar dugu zu lako norbait”. “Nola bai? Baik baietz esan nahi du?” galdetu nion buru-arindurik. “Jakina. Datorren urtean sabatikoa hartzen dute bi irakaslek eta zuk ikastaro bat ematea primeran etorriko zaigu. Zure izena aurkeztuko du departamentuak bekara. Izapideekin luzatuko dira, baina ez da egongo arazorik. Familia osoarentzat bisa ere gure kontu”.

      Asteburu hartan, igandez, Aneren futbol partida izan genuen. Riverside parkean jokatzen zuen, auzoko nesken ligan. Eta gola sartu zuen. “Goool” oihukatu nuen, “gora gure neskak”, inoiz baino ozenago oihukatu ere, eta garrasi egitean, lipar batean, burutik igaro zitzaizkidan Unairen bakardadea parkean, ezezko guztiak, Noraren tristura keinua, Rosikaren derrota, modelo agentzia, Marcosen irribarrea eta alabaren poza gola sartu zuenean.