Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
aurkibidea
 

 

12

 

 

Carnegie Halleko hitzaldiaren ingurumarian sortu zen garai hartako Estatu Batuetako pazifismoa markatu zuen ideia zoroa, bake-ontziarena alegia. Louis P. Lochner izeneko gazte bakezaleak atera zuen mahaira Ford eta Rosikarekin batera izandako enkontru batean. McAlpin hotelean elkartu ziren, hain zuzen, Carnegiekoa eta gero, Rosikaren gelan. Lochnerrek gogorarazi zion Rosikari nola aurreko urtean gerran zeuden umeei opariak eramateko ontzi bat antolatzeko ideia proposatu zuen, asmo bideraezina garai hartan, ez baitzuten nahikoa diru eta sostengu horretarako. Orain, aldiz, egoera oso bestelakoa zen. Forden babesa zuten eta, batik bat, aurrekontu handi bat.

      — Kontua izango zen ontzi horretan, jostailuez gain, bakearen aldeko espedizio bat joatea. Estatu Batuetatik enbaxada bakezale bat itsasoratzea, non joango ziren politikariak, jakina, baina baita gizarte zibileko jendea ere, aktibistak, pentsalariak, kazetariak, artistak...

      — Eta bake konferentzia bultzatu Europan bertan —ozen amestu zuen Rosikak.

      — Ez da txarra, bake-ontzi bat... Rosika, arduratuko zara ontzi bat lortzen? —berotu zen Ford.

      — Zelan? Ontzia nik? Tripulazio eta guzti? Ez dakit nondik hasi ere. Ezta zenbat balioko duen.

      — Ez begiratu prezioari. Hartu eskura dagoen lehena.

      Eta horrela, goizetik gauera, Oscar II ontziaren jabe egin ziren. Hobokeneko portutik aterako zen Europara bidean. Hori zen ametsa. Itzalik handiena zuen jendea nahi zuten bertan, eta guztien buru, Estatu Batuetako presidentea, Wilson.

      Fordek bazuen hitzordua hartuta presidentearekin, Rosikari halaxe agindu zion, non Wilsoni bakezaleen egitasmo guztiei babesa emango ziela adierazi nahi zion bekoz beko. Halaber, ontziarena kontatuko zion. Estatu Batuetako gizonik aberatsena atzean izanda, Wilsonek zirt edo zart egin beharra zuen, gehitu behar zen beraien egitasmora.

      Edith Wynnerren paperetan, Fordek Wilson presidentearekin izandako elkarrizketaren hiru bertsio daude. Hiru ikuspuntu erabiltzen ditu hitzordu beraz berba egiteko. Lehena, bilera eta gero Fordek Rosikari telefonoz esandakotik jasoa. Beste biak Lochnerrenak dira, harekin batera elkarrizketara joan zen aktibistarenak. Dena den, garai desberdinetan idatziak daude. Alde batetik, biltzarretik irten eta korrika eta presaka idatzitako notak. Bestetik, Lochnerren bertsio hausnartua dago, bake-ontziaren karietara urte askoren buruan idatzitako memorietan datorrena.

 

 

BAT: FORDEK ROSIKARI

TELEFONOZ KONTATUTAKOA

 

Presidenteak ez du gurea begi onez ikusten. Ondo pasatu genuen elkarrekin hizketan, baina ziur nago gizon honek ez duela ezer egingo! Ez da begien aurrean daukan aukera ikusteko gauza. Esan nion, adostu genuen bezala, konferentzia neutral bat egin behar zela eta berak deitzea izango zela zentzuzkoena. Baina beldur zela ikusi nuen. Esan nion ontzi bat dugula. Esan nion 150 milioi dolarren jabe nintzela eta egunero diru gehiago irabazten nuela. Esan nion konferentzia neutrala aurrera eraman ahal izateko agintzen zidan guztia egiteko prest nengoela. Presidenteari esan nion gorputz eta arima ahaleginduko nintzela zuek emakumeok hasitako lana aurrera ateratzen. Jarriak zinetela dagoeneko zenbait gobernurekin harremanetan. Esan nion ez nuela hogeita lau ordu baino gehiago itxarongo. Ontzia prest zegoela. Biharamunean etorriko zirela kazetariak haren berri jakitera. Esan nion: dena dakizu gure planari buruz, emakumeek aurkeztu dizute behin baino gehiagotan. Biharko erabakia hartzen baduzu, biltzar neutrala deitzea zure esku dago, eta nirekin kontatu ahal izango duzu, nire azken txanpona xahutzeko gertu nauzu. Horixe esan niona. Presidenteak onartu egin zuen konferentzia neutral baterako plana oso zentzuzkoa zela, eta momentuz ez zuela egitasmo hoberik ezagutzen. Hala ere, bere ustea zen hobe zela berak ez deitzea, zeren eta, entzun hau, zerbait hobea sor zitekeen geroago! Ez dut pazientziarik horrelako jendearekin, Rosika. Aitortu zidan gurea zela egitasmorik onena eta jakin bazekiela ondo zer gertatzen ari den gudu-zelaietan. Eta gero bukatzen ez du ba esanez ezin duela orain parte hartu zerbait hobea gerta litekeelako. Zerbait hobea? Zer da zerbait hobea?

 

 

BI: LOCHNERREK PRESAKA

HARTUTAKO ANOTAZIOAK

 

Etxe Zurira joan gara.

      Wilsonen idazkariak bere gelara eraman gaitu. Politikari demokratak ezagutu ditugu bertan. Fordi lirain dagoela esan diote. Negozioez aritu dira.

      Hamabi eta erdietan, idazkariak solasa eten du eta presidentearengana eraman gaitu.

      Abegi onez hartu gaitu Wilsonek. Sasoian dagoela esan dio Fordi. Hark erantzun dio osasuntsu dagoela ariketa fisikoa egiten duelako, gauzei buruz gehiegi ez kezkatzen badakielako eta, batez ere, bere iritzien independentzia ondo zaintzen duelako.

      Ostean, hainbat huskeria esan dituzte: Forden auto berriaz aritu dira, irlandarrez, amaginarrebaren egoeraz eta adiskide duten Thomas Edisonen osasun arazoez.

      Harira joan dira gero.

      Fordek esan dio: “Jakingo duzu jende honek duen proposamenaren berri”.

      Wilsonek: “Jakina. Baina arestian adierazi dudan bezala, Europako estatu neutralen egoera oso aldakorra da. Herrialde neutral garrantzitsu bakarra dago. Gu”.

      Wilsonek ingurumaririk gabe erantzun digu. Ez du bere burua konprometituko gure planarekin horrek esan nahi badu beste konponbide batzuk albo batera uztea. Eta gaineratu du: “Ezin dut nire iritzi independentzia arriskuan jarri”.

      Esan diogu, gauzak horrela jarraituz gero, gerra akiduraz bukatuko dela, eta prezio altuegia dela hori gizateriarentzat.

 

 

HIRU: LOCHNERREK HAREN

MEMORIA LIBURUAN IDATZI ZUENA

 

Wilsonek honela erantzun zion Fordi:

      “Ez dut inola ere esan bitartekaritza neutralaren plana ez dela orain arte azaldu didaten onena. Baina nazio neutral baten buru naizenez, iritzi independentzia ere zaindu behar dut gerrari buruzko proposamen desberdinak aztertu behar baditut: nork daki. Bihar plan hobe bat eskain diezadakete, eta zuenarekin konprometitu naizelako ezin onartu izango dut”.

      Bileraren bukaeran, Wilsonek gure plana onartzen ez zuela ikusita, ultimatum itxura hartu zuen azken ahalegin batekin atera zen Ford:

      “Bihar hamarretan New Yorken izango gara. Egunkari guztietako ordezkariak etorriko dira niregana. Bapore bat erosi dugu. Zatoz zu ere ontziaren ideia babestera. Ez bazara etortzen, nik neuk egingo dut. Orduan, kazetariei esango diet ordezkari amerikarren barku bat eramango dudala Europara, nik neuk, zu gabe”.

 

 

Biharamuneko prentsaurrekora ez zen Wilson agertu, agi denean, ezta Rosika ere. Ez zion irizten unea zenik. Fordek bere gain hartu zuen ardura guztia.

      — Zein da espedizio honen helburua? —galdetu zion kazetari aldrak.

      — Herrialde neutralak bildu eta eragin dezaten deitzea.

      — Nola egingo duzue hori?

      — Hori beste batean esango dut.

      — Estatu Batuetako Gobernuaren babesik ba al duzue?

      — Hori beste batean esango dut.

      Forden adierazpenak lausoak izan ziren, beharbada azkarregi deitu zituen kazetariak, gauza gehiegi zuten lotzeko, batez ere bake-ontzi hartan joango ziren politikari eta aktibisten izenak. Ford joango zela bazekiten, Rosika Schwimmer gehituko zitzaiola, jakina, eta Louis Lochner ere parte zela, bai. Baina izenak falta ziren, izen handiak eta egitasmoaren azalpen zehatza, puntuz puntu idatzia.

      Rosikak egunkarian prentsaurrekoaren berri irakurri zuenean eskuak burura eraman zituen. Titularra hauxe zen: Gabonetarako lubakiak hutsik. “Nola? Gabonetarako lubakiak hutsik?”, aztoratu zen Rosika. “Nola bota du bonbatzar hau?”, begiratu zion arduratuta solaskide zuen Lolari.

      Halaxe zen. Fordek sekulako enbidoa bota zuen. Gabonetarako gerra bukatuta. Ez atzera ez aurrera zegoen gerra luzea berak, bere lagunek eta bere sosek lortuko zuten askatzea. Zalantzarik gabe, ilusio handia sorrarazi zuten jendartean Forden adierazpenek. Alta, ez al zen gehiegi arriskatu? Ez al zuen presio handiegia jarri bake-ontziaren egitasmoan? Lortzen bazuten ongi, baina ez bazuten lortzen, iritzi publikoa oso kontra jarriko zitzaien.

      Wilsonen babesa lortzeko azken ahalegina Rosikak berak egin zuen. Oraingo honetan ez zen bera bakarrik joan, emakumeen bozaren aldeko aktibista gazte baten laguntza izan zuen. Edith Wynnerrek izkiriatu zuenez, Wilson baino gizon atseginagorik aurkitzea zaila zen. Ondo hartu zituen emakumeak bulegoan eta oso kezkatsu agertu zen gerraz. “Ez duzue erregutu beharrik. Arduratuta nago, beste inor baino kezkatuago. Ahal dudan guztia egin nahi dut bakearen alde. Horregatik, azken ahalegin serio bat egingo dut gobernuko eta gobernuz kanpoko indarrak batzeko, bakearen bidean”.

      Ford eta Lochner baino itxaropentsuago atera ziren presidentearen hitzordutik Schwimmer eta haren laguntzailea. “Wilson presidentea bakearen alde dago erabat. Ez dut inolako dudarik zerbait egingo duela. Uste dut bere kezka dela hutsik ez egitea, erabakiak hartzea momentu egokian”, idatzi zien Rosikak Bakearen Aldeko Alderdiko bere kideei, itxaropenez.