Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
aurkibidea
 

 

9

 

 

Hagako kongresua eta gero, Rosika ez zen Hungariara itzuli, Chicagora joan zen, Lolarekin batera. Hantxe, lanpostu bat lortu zuen sortu berri zen Emakumeen Nazioarteko Alderdian, prentsarekin harremanak eramanez. Kongresuak onartutako azken ebazpena, alegia, gobernuetako Atzerri arazoetako ordezkariekin biltzea, ez zen erraza izaten ari. Estatu Batuetan, Wilson presidentea gero eta uzkurrago zebilen, ez zuen emakumeekin bildu nahi, Jane Addams ahalegindu zen harekin elkartzen baina ez zuen lortu. Sufragista bakezaleen ustez, Wilsonek pertsona bakar bat jasoko zuen Etxe Zurian gerraz hitz egiteko: Rosika Schwimmer.

      Lolak Henry Ford industrialaren hitz batzuk irakurri zituen egunkarian. “Zer egin nezake hobeto gerraren aurka egon baino, sei mila urte irauten duen gorroto historia luze honi bukaera ematea baino”. Jarraian, aipatzen zuen prest zegoela hamar milioi dolar emateko bakearen alde.

      — Rosa, Henry Ford da gure gizona.

      — Ez dut sinisten aberatsen bake promesetan. Bere burua zuritzeko ari da hori, irudia saltzen.

      — Hala uste duzu? Uste duzu bakezalea izatea ondo datorkiola? Ez nago hain ziur. Wilson gero eta urrunago dago gugandik. Ford da gure itxaropen bakarra. Eta hamar milioirekin gauza asko egin daitezke.

      Rosikak ez zion arrazoia eman Lolari, baina kontrakorik ere ez zion esan. Isiltasun horretaz baliatuz, Lola hariak mugitzen hasi zen. Nola iritsiko ziren Fordenganaino? Borroka feministan zebilen irakasle gazte baten bidez, Shelley izenekoa, zeinak aleman eskolak ematen zizkion Forden semeari. Harreman estua zuen maistrak Forden emaztearekin. Handik tira, hemendik tira, Lolak lortu zuen azkenean Schwimmer eta Fordek elkar ezagutzea Detroiten. Industrialariak Rosika gonbidatu zuen bazkaltzera, azaroaren 17 batean, haren auto lantegietako batean.

      Heldu bezain laster, deseroso sentitu zen Rosika. Ez zen bera izan gonbidatu bakarra. Kazetariak zeuden, abokatuak... Hala ere, toki on batean eseri zuen bazkarian Fordek, haren eskuinera. Bakezale erradikaltzat azaldu zuen handikiak bere burua. Rosika aurkeztu eta haren ideiekin zeharo bat egiten zuela esan zuen ahoz goran. Bere lantegi guztietan bakearen aldeko nazioarteko bandera jarriko zuela agindu zuen. Eta bazkariko bat edo batek dagoeneko Estatu Batuetako bandera jarrita zegoela eta hura kendu beharko zuela argitu zionean, esan zuen: “Bada ken dezagun hori eta bestea jarri. Ni Estatu Batuekin nago baina baita ere munduko nazio guztiekin. Batzuek uste dute patriotismoa dela gizonak gerrara bidaltzea. Mexikorekin gerra izan zenean nire langileak engaiatzera deitzeko agindu zidaten. Baina ni ez nago prest nire langileak heriotzara igortzeko, ezta beraiek beste norbait hiltzera ere”.

      Halako batean, Fordek, berotasunean, Rosikak inola ere espero ez zituen adierazpen batzuk egin zituen.

      — Argi dago nork sortu duen gerra hau. Alemaniako bankari juduek sortu dute.

      Rosikak ez zekien non sartu. Bera judua zen. Erabat tokiz kanpo sentitzen zen.

      — Hau ezin dut onartu. Gerra zuek bezalako aberatsek sortu zuten. Eta ez ni bezalako juduek.

      — Azaldu orduan zeinek sortu zuen —bota zion amorruz mahaikide batek—, juduak izan ez bazineten.

      Fordek gauzak baretu nahi izan zituen.

      — Tira, lasai. Ez gara orain hasiko gerraren kausei buruz eztabaidatzen, zioak zio, kontua da gerra honekin bukatzea.

      Fordek zinema-areto txiki batera eraman zuen taldea. Han bere lantegietako traktore batzuen irudiak erakutsi zizkien.

      — Bihur ditzagun arma fabrikak traktore fabrika.

      — Bai, seguru alemaniarrek eta austria-hungariarrek gauza bera egingo dutela, ezta, Rosika? —esan zuen erdeinuz taldeko batek.

      Rosikak pazientzia handiz itxaron zuen gonbidatu guztiak joan arte. Bakarrik geratu zirenean, bere haserrea azaldu zion Fordi.

      — Hona etorri naiz pentsatzen konferentzia neutral bati buruz hitz egingo genuela. Ni, egia esan, oso ezkorra nintzen baina baikor horien iritziei jarraituz etorri naiz hona. Orain ez dut hemendik atera nahi eta esan ezer ez dugula adostu. Ez ditut baikorrak desengainatu nahi. Nahiago dut prentsari ezer esaten ez badiogu.

      — Erabat ados. Ez dugu adierazpenik egingo.

      Igogailura sartu orduko, ateari eutsi zion Fordek.

      — Mesedez, emakumea, etorri bihar ni ikustera.

 

 

Rosikak beheraldia izan zuen hotelera bueltatu zenean. Bere bizitzako egunik txarrena izan zen hura. Erabat gaizki tratatua sentitu zen. Merezi al zuen horrek denak? Aberats haien erdeinua eta burlak jasan behar al zituen? Zeren izenean? Bakeak merezi al zuen hainbeste? Zer egin zuen azken urte hartan? Hitzaldiak eman, kongresua antolatu, bilerak egin, Estatu Batuak goitik behera ibili, Atlantikoa zeharkatu eta bueltan etorri... Eta zer gertatzen zen bere bizitza propioarekin? Bere bizitza milaka zatitan puskatu zela sentitzen zuen. Non zeuden familiakoak? Non gurasoak, neba-arrebak, Budapesten edertasuna, haurtzaroko egun horiek, aitaren zaldi zurien lauhazka... non geratu zen hori dena? Den-dena atzean utzi zuela sentitzen zuen, bakea lortzeko amets handi hark ez ote zuen bere gainbehera pertsonala ekarri? Amets ero hark ez ote zuen bera zuloan behera eraman? Ametsak piztia basati bilaka daitezke dena jartzen baduzu arriskuan haiek lortzeko. Eta berak familia osoa abandonatu zuela sentitzen zuen, barru-barruan.

 

 

Migrariarentzat latzena izaten da sorterrian utzi dituzun pertsona horiez oroitzea, eta zalantzak izaten dira haien osasun egoeraz, zer edo zer gertatuko ote zaien, beraiek itzarrik eta norbera lo izaten den ordu horietan. Pentsatu nahi duzu bueltatzen zarenean ere hantxe egongo direla, denbora igaro ez balitz bezala.

      Familiako helduak edo gaixorik zeudenak ziren Nora eta bion kezka nagusia. Izeko ez zebilen bizkor. Hamalau urte luze zeramatzan minbiziaren aurka borrokan. Hainbat ebakuntza, tratamendu aldaketa eta hortxe zegoen, bizitzari eusten. Bera horixe izan baita beti, bizizalea eta borrokalaria. Sekula ere ez amore ematekoa. Bizitzan oztopoak gainditzea tokatu zaion emakumea, txikitandik.

      New Yorkeko beka emango zidatela jakin eta berehala, bisitan joan nintzaion eta nire poza adierazi nion. Berak bazekien nolako ilusioa egiten zigun eta ez zuen oztopoa izan nahi. Ohean aurkitu nuen, irakurtzen. Ohe ertzean eseri eta eman nion berria. “Tira, baduzu nire baimena”, esan zidan irribarre batekin. “Datorren uda arte zain izango nauzu”. Uda arte zain, eta gero? Zirrara batek hartu zuen nire gorputza. Nahiz eta gaitzik okerrenak jota egon, beti uste duzu hortxe egongo direla maite ditugunak, beti duzu itxaropena luzatu egingo dutela, sekula ez dela iritsiko beraiek ez dauden eguna.

      Beti izan diot izua heriotzari. Idaztea ere, ez al da heriotzari aurre egiteko ahalegin hutsala? Badoazen gauzei eutsi nahia, gure munduaren memoria gordetzea kosta ahala kosta. Umea nintzenean uste nuen heriotza gutaz ahaztuta zegoela. Aitona-amonak nagusiak ziren, urtetsuak, baina sasoian zeuden. Ez nuen inor bisitatzeko hilerrian. Beldur handia ematen zidan maite nuen norbait galtzeak. Gure kulturan ere, euskal kulturan, bizirik zeuden denak. Etxean entzuten genituen musikariak, idazleak, euskal artea mundura eraman zuten eskultoreak, bizirik zeuden.

      Handik gutxira hasi zen hiltzen jendea, hil ziren gure familiakoak, hil ziren gure artistak, hil ziren lagunak, eta ohartu nintzen heriotza hortxe bertan zegoela, gu ez ginela salbuespena.

      Nagusitzen joan ahala, ikasten duzu bizitzen bizi direnekin, eta hildakoekin ere bai. Haiek gure munduan daudela konturatzen zara, haiekin zaudela harremanetan, neurri batean.

      Astean behin deitzen zidan izeko Begok mugikorrera, liburua nola zihoan jakiteko. Artxibategitik korrika batean atera eta liburutegiko marmolezko eskaileretan jarrita dauden antzinako egurrezko kabinetara joaten nintzen harekin hitz egitera. Bitxia da, telefonorik ez dute barruan baina kabinak oraindik ere badaude. Eta hantxe esertzen nintzen, irristailu-atea zabaldu eta oholezko aulkian.

      Izekok nire haurtzaroko memoria gordetzen zuen. Ni naiz senide gazteena, eta amak nahikoa zuen, gizonik gabeko etxe hartan, nire aurreko hiru senideak zaintzen. Garai hartako kontuak kontatzen dituztenean, nire anai-arrebei buruz aritzen dira batez ere. Nik haurtzarorik izango ez banu bezala. “Zintzoa eta isila zinen eta”, desenkusatzen dira. Eskerrak Bilboko izeko Begok bazituela nahikoa oroitzapen nireak. Eta haiek partekatzen zituen nirekin, liburutegira egiten zituen deietan.

      — Zure etxera bisitan joaten ginenean beti egiten genuen lo elkarrekin, zure ohe txikian egiten nuen zurekin batera, eta osabak ondoan, lurrean. Ezkon-gauean ere zuen etxera joan ginen lotara. Eta zure amak esan gertu genuela egongela gaua igarotzeko; zuk esan zenuen denen aurrean, “egongelan zergatik? Izeko nirekin”. Eta horrelaxe egin genuen, nik ohe txikian zurekin eta osabak ondoan, lurrean. Ezkontzak ez zuen ezer aldatu.

      Gogoan dut osaba-izekoen irudia, iluntzean barkuak ikustera joaten ziren Artabide kalean gora. Handik begiratokia zegoen portutik atera eta sartzen ziren itsasontziei begira egoteko, eguzkia Lekeitio aldera ezkutatzen zen arte.

      Izekori txiki egin zitzaion herria. Aitona-amonek diru justua zuten, aitona arrantzan eta amona fabrikan. Lantegiaren gainean eraikitako etxean bizi ziren.

      — Fabrika inguruan bidetxo bat zegoen gure kalean, mendian gora egiten zuena, Gorozika bidean. Handik jaisten ziren baserritarrak asto eta idiekin herriko azokara. Goizalban iristen ziren. Gure atarian uzten zituzten egurrezko traskoak eta zapatak janzten zituzten, goizeko seietako mezetara txukun joateko. Amona haserretu egiten zen lokatza uzten zutelako. Baina aitonak argitxoa piztuta uzten zien gauez, argi apur batekin alda zitezen.

      — Aitona eta bere detaileak.

      — Baina amona ere ez zebilen oker. Idiak ekartzen zituzten eta idiaren uztarriko koloreak eta kanpaitxoek deituta hurreratu egin nintzaien behin eta idiak adarra sartu zidan kokotsean. Amonak ez zien barkatzen.

      Normala izan zen izebari etxe hura, bere izaeragatik, txiki geratzea, antzinako ohituretako etxe zahar bat, non abestu egiten zen eta garai bateko istorioak kontatzen ziren, dena baitzen ahozko tradizio, eta liburuak luxu bat ziren, denboraldi batzuetan jateko ozta-ozta iristen baitzen eta ez zen izaten dirurik ezta medikuari ordaintzeko ere. Beharrezkoa izaten zen orduan seme-alabak ahalik eta lasterren lan egiten hastea eta familiaren ekonomiari laguntzea, eta halaxe egin zuen izebak ere. Zarauzko hoteletan uda batzuk igaro ondoren Bilbora joan zen. Ikusmen eta entzumen arazoak zituen jaiotzatik, baina, hala ere, eta haren izaera kementsua zela medio, ikasketak gainditzea lortu zuen eta hiriburuan geratu zen bizitzen. Erizaintzako laguntzaile lanetan hasiko zen berehala Gurutzetako ospitalean.

      Mutil bat baino ez nintzela hiriburura bisita egitera joaten ginenean, niretzat beste planeta batera joatea bezala zen, eta ez diot hau Bilbo handia eta ederra iruditzen zitzaidalako, baizik eta nire osaba-izebak gazteak, ikasiak eta aurrerakoiak zirelako, eta etxeko egongelan liburutegi handi bat zeukatelako. 80ko hamarkada zen, eta askatasun irrika eta ezagutza gose hark erabat liluratzen ninduen. Izeba-osabek Artxandako jolas-parkera bisitak antolatzen bazizkidaten ere, hango zoo eta izotz-pistara, sarritan nahiago izaten nuen haien etxean geratu eta gomendatzen zizkidaten liburu eta irakurketen bidez bidaiatu: Beauvoir, Garcia Marquez, Borges, Kafka, Baudelaire, Cardenal... Antropologia, feminismoa, historia, ekonomia. Zoragarria zen.

      Izeko une oro egon zen nire aldamenean, nire bizitzako urrats bakoitzean. Ikasketetan lagundu zidan, liburuak ematen zizkidan irakurtzeko, museoetara eraman, arteaz hitz egin, eta kaleko bizitza ere erakutsi, Bilboko jaietako txosnetara ere eramaten ninduen, mundua aldatu nahi dutenen mundua ere ezagutu nezan.

      Zuzenbidea edo Arkitektura ikastea aholkatzen zidan. Eta jakin zuenean Euskal Filologia ikasi behar nuela haserretu egin zitzaidan, “ez duzu mundua ezagutuko, ez duzu bidaiatuko horrela”. Liburutegiko beka eman zidatenean oker zebilela aitortu zidan, “tira, euskarak eraman zaitu mundura. Horretan oker ibili naiz. Baina horretan bakarrik, e!”.

 

 

Hurrengo goizean gauzak beti beste era batera ikusten dira. Nekea desagertzen denean, maiz, argitasuna agertzen da. Biharamunean, indarberriturik, Rosikak Fordenera joatea erabaki zuen. Azkenean, zer zuen galtzeko? Asko jota lelokeria andana entzungo zuen. Baina benetan Ford prest balego laguntzeko? Benaz emango balitu hamar milioi horiek? Urratsa handia litzateke bake bidean.

      Lantegiko bulegora ailegatu zelarik, egoera erabat desberdin batekin aurkitu zen. Gonbidatu bakarra zen bera, Ford zain zuen, gaztetxo batekin. “Nire bakerako idazkaria da hau” argitu zion. Fordek aulki bat hurreratu zion Rosikari eta bulegoaren erdian esertzeko agindu zion. Beste bi aulki hartu eta bere aurrean eseri ziren Ford bera eta idazkaria. “Eta orain, hitz egin ezazu gelditu barik. Zein da zure bake plana? Den-dena entzuteko prest gaude”. Rosika aho bete hortz zegoen. Ez zuen espero halako aldarte aldaketarik. Gogo onez ekin zion dena kontatzeari. Ordura arte egindako lan guztiaz aritu zen, gerraren eztandak Londresen harrapatu zuenetik. Azaldu zion kongresuko emakume batzuek hitz egin zutela herrialde neutraletako Atzerri ministroekin eta horiek sinatutako agiriak zeramatzala poltsan. Eskua poltsara eraman eta haiek hartzeko keinua egin zuen. Fordek gerarazi zuen.

      — Ez dut paperik ikusi beharrik. Nik dena sinisten dizut. Esadazu zer egin behar dudan eta nik egingo dut.

      — Gauza asko egin daitezke, bake konferentzia neutral bat, hori antolatzen lagunduko bazenu...

      — Ze plan duzu hurrengo egunetarako? —moztu zion Fordek.

      — Bada, bihar New Yorkera joan behar dut, Carnegie Hallen dut hitzaldia asteon eta hura prestatzera. Gero, gauzak artez badoaz, Wilson presidentearekin elkarrizketatuko naiz. Horiek dira nire egitekoak.

      — Nik ez dakit ezer politikaz eta ez dut jakin nahi. Sekula ez zait burutik pasatu ere egin presidente batekin elkartzea. Zer deritzozu zurekin batera joaten banaiz Wilson ikustera?

      — Bada —erantzun zuen Rosikak zalantza une baten ondoren—, uste dut hobe dela bakoitza bere aldetik joaten bagara. Hori bai, biok zentzu berean hitz egingo diogu bake prozesuaren alde.

      — Ados, zuk diozuna egingo dut. Arazorik gabe. Gaur bertan jarriko naiz harremanetan Etxe Zuriarekin hitzordu bat eskatzeko.

      — Primeran.

      — Eta, Wilsonekin egon eta gero, zer asmo duzu?

      — Europara itzuliko naiz.

      — Ez, hori bai ez dizudala onartzen.

      — Baina gauzak mugitzeko bertan egon behar dut, ezin dira kable bidez gauzak eragin.

      — Ez, ez, ezin dituzu Estatu Batuak utzi, gurekin egon behar duzu orain, behar zaitugu hemen. Bidali milaka kable nahi izanez gero, nik ordainduko ditut. Baina geratu barren.

      — Bake konferentzia bat ezin da kable bidez antolatu.

      — Ikusiko duzu nola baietz. Beste gauza bat eskatu nahi dizut. Nire emaztea ezagutzea nahi dut. Dearbornen dugu etxe bat. Etorri bihar bertara eta bake planei buruz hitz egiten jarraituko dugu.

      — Baina New Yorkerako trena dut goizean goiz...

      — Tira, badago beste tren bat arratsaldean. Garaiz iritsiko zara Carnegieko hitzaldirako, zin degizut.

      Dearborneko etxera iritsi zenean, biharamunean, Rosikari deigarria egin zitzaion xehetasun bat: ez zegoen zerbitzaririk. Senar-emazteak eta Edsel semea baino ez zeuden. Hain aberatsak izanik, erabat ezohikoa. Edonola ere, Ford andereak atsegin agurtu zuen, esanez, “soineko polita duzu, ezagun da Vienako diseinua dela hori”. Rosika soinekoari begira geratu zen. “Tira, pixka bat modaz pasea ere bai”, esan zion bueltan, irribarre eginez.

      Negutegira eraman zuen lehenik Clara Fordek, eta hango loreak erakutsi zizkion. Rosikak asmo ona ikusten zion emakumeari, sufragioaren aldeko agertzen zen, nahiz eta nabari zitzaion ez zuela gaia horrenbeste garatua. Hala ere, eta hau oso gustuko izan zuen Rosikak, jakin-min handia azaltzen zuen Clarak, galdera ugari egiten zizkion, emakumeen bozkaren egoerari buruz eta gerrari buruz. Zurtoina hautsia zuen landare bat hartu zuen eskuan Clarak.

      — Nola ikusten duzu nire senarra? Badakizu, gero eta argalago ikusten dut. Beldur naiz ez ote duen gaitzen bat izango.

      — Baita zera ere. Zaude lasai. Henry osasunaren pertsonifikazioa da eta.

      Clarak musika aretoa erakutsi zion gero, non piano handi bat zegoen. Rosikak, hura laztanduz, bere ahizpa hartu zuen gomutan.

      — Jo nahi al duzu?

      — Ez dakit gogoratuko naizen. Gogoko duzu Verdi? —Rosikak.

      Pieza bukatu zuenean konturatu zen Henry bera ere entzuten zeukala. Clara eta biak hasi ziren txaloka.

      — Bazkaria prest dugu. Denok mahaira —gonbidatu zituen Henryk.

      Clarak Rosika lagundu zuen eskuak garbitzera. Amaitu zuenean, toalla zuri batekin eskuak estali eta berak lehortu zizkion, laztan egin eta begietara begiratuz.

      Clararen hura oso keinu maitagarria begitandu zitzaion Rosikari, betiere, Edith Wynnerrek kontatutakoaren arabera.