Turista klasea
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
Azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Kattalin Miner
1988, Hernani
 
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
aurkibidea
 

 

VII

 

 

Ahoa lehor samar nabari du Parisera iristeko ordubete falta denean, eta konturatu da etxetik ekarri duen ur guztia edan duela dagoeneko. Bi eurotik gora kobratuko diotela dakien arren, treneko kafetegira jo du ur botila baten bila. Hitz-trukea nahiko erraza izan da, “o” ahoskatuta ulertzeko modukoa behintzat, eta trago batez irentsi du ia botila erdia.

      Eserlekura iritsi denean, Marcek behin utzitako liburua zabaldu du berriro, Pedro Lemebelen Poco hombre. Aspaldi da jada liburua utzi zionetik, ia urte eta erdi bai. Egun hartan gainontzeko lagunak lanean ziren eta biak bakarrik zeuden etxean. Bazekien Marce ez zebilela bere onenean, Agustinek esan baitzion: “Gaur eguna kanpoan pasatu behar dugu, zainduko duzu tarte batez?”. Inoiz ez zion inork ongi azaldu zer zen Marceri gertatzen zitzaiona, zer zen zaindu beharreko hori. Bazekien depresio diagnostikoarena, bazekien “bere onenean” ez zebilela, baina oso zaila egiten zitzaion ahots fineko lagun kantari alaia zuloan imajinatzea. Bestalde, inork ez zion ondo esplikatu bere genero identitatearena, eta bera ere ez zen galdetzera ausartu. Behin barre artean, aspaldiko lagun batek “Marcelo” deitu ziola eta, hala esan zuen: “Güeon! Marcelo aspaldi hil zen!”. Baina hortik aurrera ezer gutxi zekien.

      Etxetik ateratzera zihoala, Agustinek egitekoak zerrendatu zizkion: “Eguerdirako jaikitzen ez bada, anima ezazu, dutxa dadila eta jan dezala zerbait. Har ditzala botikak, eta paseatzera ateratzea lortzen baduzu, azken hilabetean erdietsi ez duguna lortuko duzu, lagun”. Haiek oso normalizatuta zeukaten zaintza eta errutina iruditu zitzaizkion, berak ordea ez zuen inoiz halakorik egin.

      Hamabiak eta laurdenetan, lotsa apur batekin, haren ateari kox-kox egin zion. Ez zuen erantzunik jaso lehenengoan. Bigarrenez, indar apur bat gehiagorekin kolpatu zuenean, orro moduko bat aditu zuen. “Sartu egingo naiz, Marce” abisatu zion. Marce beti izan da presumitua, ileorde perfektuez jantzia, lore usain freskoko lurrinekin, eta ibilera finekoa. Atea zabaldu zuenean, ordea, ezagutzen ez zuen bestelako zerbait bistaratu zuen. Gela erabat ilunean egun askotako kirats pilatua zegoen, zigarroen, izerdien eta identifika ezin zituen beste usainez kargatuta. Pertsiana apur bat zabalduko zuela esan zion eta inoiz lehenago entzun gabeko ahots tonu grabeaz egin zion garrasi: “Alde hemendik! Utzi bakean!”. Ohituago zegoen berak hori oihukatzera entzutera baino. Izutu egin zen une batez, ez zekien ongi zer egin, baina egoeraren zailaz kontziente, atsegin erantzun zion: “Haize fresko pixka bat eskatzen du gela honek, lagun, eta baita zeuk ere”. Mar-mar egin zuen. Leihotik lehen argia sartu ahala, izara artean zegoen gorputz uzkurtuari begiratu zion, ez zen han berak ezagututako lagunaren izpirik. Inoiz lehenago ikusi ez zion bizarra ageri zitzaion ezpainen bueltan eta kokots aldean, baita ileordeen azpiko ile labur zikina ere. Inguratu ahala, negarrez ari zela sumatu zuen.

      Ez zuen lehenago ezagutu ohetik jaikitzeko adorerik batu ezin zuen inor; ez behintzat berak zekiela. Gauza horiek etxe barruan mantentzera ohituta zegoen, ahal dela odoleko familia barruan eta ahalik eta isilen. Une horretan, ordea, gehiegi ezagutzen ez zuen lagunaren gelan zegoen, oso ongi zer egin jakin gabe.

      Burura etorri zitzaion bisita batean lagunak kontatu ziola gizonen moduluko kide batekin zuten kezka, ezin zutela patiora atera zedin ere lortu. Ez zekitela zer egin, eta egoerak hala jarraituz gero, okerrena bakarrik espero zezaketela. Lagunak inpotentziaz hitz egin zion, ezin ezer eginaz, “ez zakinat nola lagundu, ulertzen didan? Ezin dinagu ezer ere egin!”, bota zion amorruz. Berak kartzelaren ezinarekin, ezin fisikoarekin lotu zuen kidea laguntzeko gaitasun falta. Baina egun hartan, Marce eta bere artean murru bat bera ez bazegoen ere, metro eskasera zuen gorputz horri begira ulertu zuen berak ere ezer gutxi egin zezakeela.

      Ohe ertzean eseri eta burua laztandu zion gozo. Zerbeza latak eta beste alkohol batzuk ikusi zituen ohe alboko mahaitxoan eta lurrean. Berriz begiratu zionean, Marcek haur txiki bat gogorarazi zion. Negar zotin primitiboak egiten zituen, eta tartean “ezin dut, ezin dut” batzuk errepikatu. “Ez da ezer gertatzen” erantzun zion, “ez dugu ezer egin behar”. Eta egia zen, ez zuten ezer egin behar. Beraz, lagunaren alboan etzan zen, bizkarretik besarkatuta, zer gerta zain. Denbora bat igaro zuten horrela eta leihotik pixkanaka sartzen zihoan haize freskoak lagunduta edo, negarra eta arnasa lasaitu zitzaizkion. Atzetik, apur bat biziberritu zen, aurpegia igurtzi, ohe ertzean eseri eta “dutxatu egin behar nuke”, esan zuen. Hari begira geratu zen isilik, zer egin ez zekiela, eta egoeraren arraroari tentsio apur bat kentzeko edo, berezkoa zuen umorea errekuperatuz hala bota zion Marcek: “Lasai, bollerita, ez dizkidazu barrabilak garbitu beharko, moldatuko naiz neu bakarrik”, eta barre tonto eta nekatu bat atera zitzaien biei.

      Komunetik itzuli zenean, betiko Marceren antz handiagoa zuen, eta irribarre batez eskertu zion mahaiko elikagai sorta. Zer edo zer irenstea lortu zuenean, plateretik bista altxatu eta esan zion: “Ni ez naiz sekula indartsua izan, ezta ausarta ere. Eta ez dut uste inoiz izango naizenik. Nekatuta nago”. Ulertu zion sentimendu hura, berak ere bazuen neke bat, indartsu mantentzearekiko akidura bat; baina oraindik ere ez zion egunero jaikitzea eragozten.

      Sofan eseri ziren eta, bazkalostean hartutako pilulen ondorioz, Marce pixkana etzaten joan zen burua bere magalean jarri arte. Aurrean zuten paretari begira esan zion: “Nik ez dut iraultzarako balio. Nire borroka kalea zapaltzen dudan unean hasi eta etxera berriz itzultzen naizen bakoitzean amaitzen da. Ez dago liburu potoloetan. Iraultzak ez nau inoiz nik bera beste maite izan”. Negar malkoez blai nabari zuen izter aldea, baina ez zen mugitu, eskua pasatu zion buruan barrena behin eta berriz, zer esan ezin asmatu.

      Begiak itxi zituen orduan, eta hala esan zion: “Lemebel, Lemebelek bakarrik ulertzen nau”, eta, ondoren, berak ezagutzen ez zituen estrofa batzuk buruz errezitatzen hasi zen: “No soy Pasolini pidiendo explicaciones. No soy Ginsberg expulsado de Cuba. No soy un marica disfrazado de poeta…”.

      Apenas ulertzen zuen lagunaren xuxurla, baina esaldien artean, halakoak antzeman zizkion: “Pero no me hable del proletariado, porque ser pobre y maricón es peor”. Pixkanaka jarioa eten eta, gehiago entzun nahi bazizkion ere, magalean zuela lo egin zezan utzi zion.

      Trenean doala, esku artean du egun hartan Marcek buruz errezitatu zion “Hablo por mi diferencia” manifestua. 1986ko irailean Pedro Lemebelek Txileko ezkerrak antolatutako ekitaldi politiko batean irakurri zuela kontatuko zioten geroago, eta Parisera heltzeko gutxi geratzen zaion honetan, Marce buruan duela, barru-barruan geratu zaizkion estrofak irakurri ditu: “Ser cobarde es mucho más duro, yo no pongo la otra mejilla, pongo el culo compañero, y esa es mi venganza... Yo no voy a cambiar por el marxismo, que me rechazó tantas veces… No voy a cambiar solamente porque los pobres y los ricos. A otro perro con ese hueso...”.