Turista klasea
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
Azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Kattalin Miner
1988, Hernani
 
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
aurkibidea
 

 

VI

 

 

Inoiz ez zion galdetu lagunari zergatik hartu zuen hartutako erabakia. Ez zion galdetu zenbateraino izan ote zen erabaki, edo zer. Noiz eta nola. Ez zion sekula galdetu, zeren galdera horiek guztiek atzean mamu bat daramate. Damuaren mamua, galdetzen ari zarena ez baita arrazoia, baizik eta arrazoi horrek merezi izan ote duen. Lagunari egin nahi lizkiokeen galdera horiek guztiak badira, nolabait, errelatoa beste batzuek irabazi izanaren ondorio ere, edo galderak etortzen zaizkion bakoitzean hala pentsatzen du behintzat. Berak ez du lagunaren erabakirik auzitan jarri nahi. Jakin nahi du zer iruditzen zaion dena. Baina ez da atrebitzen. Laguna bisitatzen hor egote hutsak erabakiarekin bat egiten duela esan nahi duela iruditzen zaio. Ez du inporta zer egin duen sasian igaro dituen urte horietan denetan. Ez du inporta zer egiteko gai izan den. Eta horregatik daude galdera batzuk sobran. Edo hori esaten dio bere buruari behintzat.

      Atxilotu zuten egunean, ez zuen negarrik egin. Urte batzuk igaroak ziren egunkarietan bilatze eta atxilotze agindua irakurri zuenetik, eta bazekien denbora kontua besterik ez zela izango. Ihes egin behar izan zuen unean bertan hasi zen ondoren zetorrenaren asimilazioa. Horregatik akaso, egun hartan, albistegiari begira, ez zuen galderarik egiteko beharrik sentitu. Eginda zeuden egin beharreko guztiak. Kirolen tartea iritsi zenerako, bazkaltzen bukatu zuen eta, atzetik, paper eta boligrafoa hartuta, lehen eskutitza izan zena idazteari ekin zion, besterik gabe.

      Txiletarrek bai, txiletarrek galderak egin zizkioten bisita bakoitzean. Berak azalpenak ematen zituen, beti oso luze, beti bide erretoriko oso bihurritu baten amaieran erantzun zabal batekin sententziatzeko. Ezin baitira gauza batzuk testuinguru politiko eta historikorik gabe, hala, zapla bota. Ohituta zegoen tokatu eta erabaki zuen aldetik eztabaidatu eta defendatzen, baina aurrean zeudenak ez ziren kontrako bandokoak, ez ziren bando batekoak ere, eta, paradoxikoki, are lekuz kanporago sentiarazten zuen ohiko bi bandoetako terminologietatik at eztabaidatzeak.

      Behin, Agustina haserretu egin zen. Gerora pentsatuta, akaso arrazoiz haserretu ere. Kontua da auzitan jarri zuela, une batean, bide armatuaren estrategia, ez armatua izateagatik, baizik eta estrategiak ez zuelako konbentzitzen, edo halako zerbait bota zuen. Berotu egin zen elkarrizketa, berak erromantikoegia zela esan zion Agustinari, Europan zeudela, eta ea nola uste zuen, ba, egin zitekeela iraultza armatua, hala ez bazen. Agustinak bere iritzia zela eta autokritika pixka bat gaizki ez zitzaiola etorriko bota zionean, erantzun posible bakarra geratu zitzaion: “Isil zaitez! Hau ez da atzo gauean hasitako borroka, bere historia ulertu gabe ezin duzu gaur egunetik horrela epaitu! Asko hitz egiten duzu zuk, baina ez daukazu ideia putarik!”. Agustinak harridurazko aurpegi antzeztua jarri zuen eta, segundo baten ostean, kopetan zuen zaina puztuta eztabaida amaitutzat eman zuen: “Ez daukadala ideia putarik? Zuk nondik uste duzu atera naizela ni? Uste al duzu ez dakidala zer den diktadura bat? Non uste duzu jaio naizela? Ikusten duzu nire azala? Begiratu ondo! Ikusten duzu? Zuk bai ez dakizula ezer ere nitaz! Umiltasun pixka bat, hori falta zaizu zuri, umiltasun pixka bat!”.

      Atea danbateko batez itxi zuen horren ostean, eta isiltasuna egin zen mahaiaren bueltan. Agustinek eskua sorbaldan jarri zion gozo: “Pasatuko zaio, baina hurrengorako zure hitzak neurtu behar zenituzke, eta begirada apur bat zabaldu, ez gara atzo jaioak”. Bakarrik geratu zen egongelan.

      Hurrengo egunean, bisitatik txiletarrenera heldu zenean, barkamen diskurtsoa prestatua zuen. Atea gurutzatu zuenean, ordea, Agustina bertan zegoen, mate bat eskutan, zain. “Eser gaitezen”. Bera azkar batean hasi zen “formak” galtzeagatik eta isiltzera bidaltzeko moduagatik barkazio eske. Agustinak barre egin zion: “Benetan uste duzu formengatik haserretu nintzela? Ez daukat arazorik gogor mintzatzeko, egon ziur”. Mateari zurrupa egin eta segi egin zuen patxadaz: “Begira, konta diezazuket nondik natorren eta zer bizi izan dudan, eta agian, horrek, zure begiradatik zilegitasun apur bat itzuliko dit gai hauen bueltan mintzatzeko, baina ez, nik ez dut galoirik atera behar zuk solaskide zilegitzat har nazazun, cachai?”. Cachai.

      Gau hartan batera egin zuten lo. Izan ere, Agustinak hala nahi zuenean, batera egiten zuten lo. Batzuetan hori besterik ez zuten egiten, beste batzuetan zertxobait gehiago ere bai. Oheratu zirenean, berriro betiko moduan zeudela iruditu zitzaion, eta ohatzean etzanda hizketaldi arruntari ekin zioten: “Eta, zer berri kontatzen du lagunak?”.

      Berak ez zuen gogorik gai sakonetan sartzeko, horregatik atera zion lagunarekin izaten zuen elkarrizketa gai errekurrenteena: “Gaur ere matraka ederra sartu diot, Faisaien uhartearekin”. “Zein uharte da hori, ba?”, galdetu zion Agustinak. Kontatu zion kondominioarena, Pirinioetako Bake Hitzarmena bertan sinatu zela, baina egun inor gutxiri interesatzen zitzaiola. “Eta oso handia al da?”, galdetu zion Agustinak, interes apur bat antzeztuz. “Ez oso handia, baina, diotenez, Pirinioetako urtzaroan urtero bertatik jaisten diren ur izoztuek gero eta gehiago higatzen dute. Akaso desagertu egingo da laster”, erantzun zion. “Zer pena” bota zuen serio, eta oraindik bezperako hizketaldiarekin minduta zegoela adierazten zion keinua egin zuen atzetik: buelta erdi eman eta argia itzali.

      Hurrengo goizean, esnatu zenerako Agustinak ohea utzita zuen, eta sukaldera sartzean, gosaria prest ikusi zuen mahai gainean. Alboan, paper batean bildutako liburu bat: Actas Tupamaras: Una experiencia de guerrilla urbana. Alboan ohar bat: “Guk ere badakigu zerbait geurearen alde borrokatzeaz, jarrai dezagun ikasten”.