Turista klasea
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
Azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Kattalin Miner
1988, Hernani
 
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
aurkibidea
 

 

IV

 

 

Trenak bere martxa hartu duenean, ohartu da ondoko lauko mahaian familia bat doala; ama, aita, semea eta alaba. Behar den moduan. Gaztelaniaz ari dira, eta horrek, segundo batez, frantsesarekiko duen segurtasun faltaren aurrean konfiantza halako bat eman badio ere, segituan uxatu du ideia. Hori kanpoan zaudeneko Stockholm sindromearen antzekoa da. Adibidez, Erasmusa egiten ari zara Holandan eta zeure hizkuntzetako bat dakiten bakarrak espainiar batzuk dira. Berez, zeure eguneroko bizitzan ez zenuke ezertarako haiekin harremanik edukiko, ez espainiarrak direlako bakarrik, baizik eta zurekin zerikusirik ez duten espainiarrak direlako. Hala ere, momentu horretan, tragatzen ez dituzula kontziente bazara ere, babesa babesa da, etxetik at zaude, eta behar dituzu. Eta, ez dakizu nola, talde baten parte bilakatzen zara, inoiz izango ez zenituzkeen elkarrizketak eduki, inoiz joango ez zinatekeen tabernetara joan eta inoiz liatuko ez zinatekeen horrekin larrutan amaitzen duzu. Gerora, hori guztia gaztaroari atxikiko badiozu ere, badakizu okerrena ez dela superbibentzia ariketa hori egitea, baizik eta dependente bihurtzea eta, hilabete batzuez, haiek gabe biziraun dezakezula ahanztea.

      Alaba nerabea haserre dago. Gustatu egiten zaizkio nerabeak eta numeritoak montatzeko haien lotsa falta. Betiere urrun, betiere numeritoa ez diotenean berari montatzen, noski. Neskaren jarrerari begiratuta, izugarria egitera doala usaintzen da pasilloaren beste aldetik, nabari zaio amorru adoleszente hori, injustiziak gorputza hartzen duenekoa, eta zart ekin dio: “Esto lo habéis decidido vosotros, sin consultarlo, ¡y es una puta mierda! ¡Francia es una puta mierda! Yo nunca seré francesa, putos gabachos, ¡me dan puto asco! ¡Cuando cumpla dieciocho años, volveré a Madrid!”. Esaldi bakoitza aurrekoa baino hobea iruditu zaio. Sublimea. Gurasoek ez entzunarena egin diote, kabroiak. Soilik, bekain bat altxatuta zentsuratu nahi izan dizkio aitak hiru hitzetik behin aho betez bota dituen “puta” horiek. Alabak ez ikusiarena egin du ordainetan. Ondo.

      Seme nerabea miserable bat da. Arreba saldu du, zer eta gurasoen aprobazio merke hori eskuratu nahian edo. Positiboa izan behar dela dio, eta esfortzua eskatzen duela aldaketa honek, baina “Hendaya no está tan mal”, eta gurasoak inpresionatzen saiatzeko edo, jada ikasiak dituen frantsesezko hitzak errepikatzen hasi da, eta galdetu die ea berak eska dezakeen treneko kafetegian jatekoa. Nazka eman dio ume pedante perfektuak, baina ondo begiratuta, segituan errukitu da. Esfortzu horren guztiaren azpian, agerikoa da kalbario bat pasatzen ari dela, ez duela gurasoen aprobazioa inoiz lortuko, eta ez dela inoiz frantsesa natural hitz egitera iritsiko. Saiatuko dela lagunak egiten, baina hori ere baldar, urrunetik ikusten da ez dela bere adineko beste mutil batzuek laguntzat nahi duten umea, ezta Francian ere. Baina bera mutil saiatua da, ondo orraztua, eta luma apur bat ere baduena. Mutil saiatua da, arrakasta handirik gabea, baina esfortzua egingo duena egoerara ohitzeko, frantsesteko, lagunak egiteko. Egunen batean, ordea, ez du jakingo nondarra den, ez du ulertuko zergatik pasatu zaion hori dena berari, eta ez du jakingo nondik eta norekin haserretzen hasi. Neskak kaskoak jarri eta anaiari begiratu gabe airera bota du: “Qué puto asco me das, lamebotas”. Sententzia.

      Ez du inoiz oso ondo ulertu madrildarrak Hendaiara joatearen hori. Lagunen bati galdetu behar lioke. Familia honen arrazoia, ama alabari azaltzen saiatu denean entzun duenez, aitaren lana da. Horregatik egin dute aldaketa. Zer lan den ez du entzun, baina oso inportantea dela azpimarratu du amak. “Y tú por detrás como un perrito faldero”, errematatu du alabak. Gero eta gehiago gustatzen zaio nerabe hori. Baina aitak horrekin jada ezin izan du gehiago. Ez zaio gustatu egia dena gogoraraztea eta berak betetzen duen lekua agerian uztea. Asaldatu egin da apur bat eta ordena jarri nahian esan dio: “¡Ya está bien, Marina! Eso ya sí que no, pídele perdón a tu madre y cambia esa actitud para cuando lleguemos a París, que estamos de vacaciones, leñe”. Bai, leñe. Alabak azken esaldiarekin irribarre egin du, jarrera aldaketa fortzatu eta ironiko bat antzeztuz, eta, atzetik, “perdona, mamá” bat bota dio zuzenean begietara begiratzeko gai ez den amari. Eta, segidan, aitari begira: “¿Ves?, no es tan difícil”. Eta kaskoak jantzi atzera ere.

      Ikasiko du alabak ere barkamena eskatzea zein zaila den. Eta ondoren, akaso, ikasiko du barkamena eskatzea zein garesti ordaintzen den. Zer esan barkamenik ez eskatzeak dakarren guztiaz.

      Behin, lagunarekin aritu zen barkamena eskatze horri buruz. Behin bakarrik eta ez luzeegi, egia esan. Finean, nahikoa ados zeuden esaten bazuten, batetik, kontu kristaua zela, eta, bestetik, gauza nahikoa pertsonala. “Puntu honetara iritsita”, gehitu zuen, “esango niken, errelatoen borroka ematen ari den modua ikusita, barkamenak hautu pertsonalarena ere transzenditzen duela”. Buruko baieztapen irmo batekin ematen zieten amaiera ados zeuden gaiei, eta behin itxita inoiz gutxi itzultzen ziren hitz egin nahi ez zuten kontu horietara. Diskurtsotik harago, deserosoak ziren lurzoru horiek bientzat, eta nahiago zuten beste edozertaz aritu.

      Harremana, hala ere, ez zuten oso ados hasi. Gehiago izan zen ados-desados negoziazio bat, azkenik “nahikoa ados” batekin amaitzeko. Orduko hartatik baziren hamar urte gutxienez eta, denbora pasatu den arren, ederki oroitzen dute biek. Bilboko Aste Nagusi batean ezagutu zuten elkar, komun batean zain, berak eskuetan rotulki bat zeramala, lagun batekin “GORA E.T.A.” bati “T” bat gehitu eta titiari gorazarre egingo zion pintaketa bat atontzen. “Barregarria egingo zaizue, ezta?”, bota zien bi neska gazteei serio. Berak erantzun egin zion akusazioaren seriotasun tonu berarekin: “Borroka honetan titi pare bat aldarrikatzea ez da barregarria, beharrezkoa baizik”. Isilik geratu ziren une batez, eta azkenean barra ertzean bukatu zuten eztabaida sutsu baina gozoan, egunak argitu eta bakoitzak bere herrirako bidea hartu zuen arte.

      Ez dago esaterik une horretan bertan lagun egin zirenik, baina telefonoak trukatuta “eztabaidan jarraitzekotan” geratu ziren, biek ala biek sumatzen zuten arren eztabaida baino beste zerbait gehiago ere piztu zela. Ez zen ordea egun hura berehalakoan iritsiko. Handik gutxira ikusiko zuen eztabaida-lagunaren aurpegia egunkarietan bilatu eta atxilotzeko aginduaren ondoan, eta barrena estutuko zitzaion. Ez zekien ondo berez halako operazioek sortzen zioten amorru eta beldurragatik izan zen, edota taberna hartako neska harekiko sortu zitzaion atxikimenduagatik, baina, ordutik, tarteka burura etorriko zitzaion lagun-ezaguna, eta pentsatuko zuen zertan ari ote zen, zeinekin, ondo ote zegoen, noiz ikusiko zuten elkar berriz.