Txipiroiak bere beltzean
Txipiroiak bere beltzean
2019, narrazioa
208 orrialde
978-84-17051-35-8
Azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2007, nobela
2002, poesia
1986, poesia
 

 

Ehunzangoak eta matxinsaltoak

 

 

Esther oker zebilen; zuzendaritzara bidali zuen kritikak ez zuen inolako zentzurik. Oharrean behin eta berriz aipatzen zuenez, erakunde barruko eztabaida saihesteko amarrutan ari ginen. Egia da azkeneko goi-bileraren aktak banatu gabe zeudela oraindik, eta Batzar Nagusia gainean geneukala. Ezin zitzaigun, nolanahi ere, zabarkeriarik leporatu; asmo txarrik, hain gutxi.

      Irudipena daukat bazekiela zertan nenbilen nahastuta, baina kontu horiek, jakina, ez ziren gure arteko harremanetan ateratzen. Ordurako, berak jakin ez arren, ehunzango bihurtuta nengoen; deskalabru guztien errudunak, bere ustez; bera, aldiz, uste baino lehen eta espero nuen bezala, matxinsalto bilakatuko zen, zoritxarrez.

      Ez nion, alabaina, kale egin nahi, eta erabakita neukan gure artekoa babestuko nuela kosta ahala kosta. Era batera edo bestera, ordea, enteratu egingo zen eta, orduan, gorrotatu egingo ninduen errukirik gabe. Eskarmentu nahikoa badaukat jakiteko beti badagoela norbait prest bazterrak endredatzeko. Espero nuen egunen batean sortuko zitzaidala, beharbada, aukeraren bat barrenak erakusteko.

 

 

Azkenaldian offset pare baten atzetik genbiltzan, eta berrikitan jasotako txostenak informazio zehatza zekarren eskuratzeko moduari buruz: hiru zilindro zeuzkan eta, azalpenekin batera jaso genuen liburuxkan zioenez, 5.000 orrialde atera zitzakeen ordu bakarrean. Mugaz bestaldetik iristen zitzaigun material gehiena bi koloretan aterata zetorren, eta alde honetako erakundea ere argitalpenak eguneratzeko asmotan zebilen.

      Arkatzez marraztutako zirriborro baten laguntza zekarren erantsita. Aparkaleku bat ikus zitekeen nahiko hurbil, eta atea dendaren atzeko aldean. Ohar jakingarri batzuk ere bazeuden planoaren azpiko aldean, adibidez: astearte goizean, langile bakarra egoten omen zen saltokian; nahiko zaharra. Operazioa ondo aterako balitz, ale gehienak astebete baino lehenago banatuko genituen.

 

 

Orduko hartan, Agusek eraman gintuen bilera egiteko utzi ziguten pisura. Ahaleginak egin nituen inguruari ez erreparatzen, eta ez nuen begirada lurretik jaso, baina herriko plazan geundela iruditu zitzaidan. Etxeko jantokiaren mahai inguruan bildu ginen argi-armiarma baten azpian. Bonbilla gehienak fundituta zeuzkan baina, hala ere, ia beheraino jaitsi genituen pertsianak badaezpada. Egurrezko altzariz jantzita zegoen gela, eta armairuaren ateak eta eserlekuen bizkarrak lauburuz apainduta.

      Ordura arte hiru lagun ginen, baina zuzendaritzak laugarren bat jarri zigun taldeko buruzagi. Arrastaka ahoskatzen zituen erre bikoitzak; hasieratik beretik beste izen bat jarri genion: Malerowsky. Ez zuen euskararik erabiltzen gurekin eta, inork azalpenik eskatu ez bazion ere, zera esan zigun behin batean: segurtasun-neurri gisa egiten zuela erdaraz; bere jatorria ezagutu ez genezan, alegia.

      Etorri bezain laster esan zigun egun gutxi batzuk lehenago ibilia zela esku artean geneukan informazioaren fidagarritasuna ziurtatzen. Azalpenak ematen hasi aurretik, telebistaren gainean utzi zuen erreminta kontu handiz baina, handik tarte batera, inork espero ez zuenean, lurrera erori, eta tiro egin zuen. Ihes egindako jaurtigaiak, gaitz erdi, ez zuen inor harrapatu, baina zulo txiki biribil bat utzi zuen sabaian nabarmen, eta auskalo non bukatu ote zuen bere ibilbideak.

      — Ez dut ukitu —esan zuen Malerowskyk zeharo aztoratuta—, bere kabuz erori da.

      Irtenbiderik zuhurrena, seguru asko, korrika alde egitea zatekeen, baina geldi iraun genuen, hala ere. Adi egon ginen pixka batean goiko bizilagunen bat oihuka edo eskaileretan behera errenkan entzuten ote genuen, baina etxe hartako jendeak, itxuraz, ez zeukan arazo handirik lo hartzeko orduan. Arretaz erreparatu nion kaleari; espaloietan ez zebilen inor, eta argia itzalita zegoen etxe gehienetan. Isiltasuna, zorionez, gauaz jabetu zen berriro, eta desarrak ez zuen oihartzunik sikiera utzi. Auzoren batek, alabaina, guk baino gehiago ere jakin zezakeen harrezkero guri buruz.

 

 

Estherren izebak Renault urdina zeukan, eta batzuetan utzi egiten zion. Asteburu batean Nafarroako Pirinioetara joan ginen elkarrekin. Orduko hartan, txapel grisarekin apainduta etorri zen paristarren gisa. Oso ondo ematen zion baina, kontuan izanik nolako saltsetan genbiltzan sartuta, nabarmenegia gelditzen zitzaion, nire ustez behintzat. Ez nion, ordea, ezer esan; ezin izango zituen nire errezeloak konprenitu.

      Eguberriak gainean genituen, eta txano borladuna ere ekarri zezakeen Noel bizar zuriak bezala. Egun hartan, eskerrak, ez zuen argazki-makinarik eraman; izan ere, derrigorrezko jarraibidea zen gure arteko edonorentzat, nahiz eta zentzu pixka bat nahikoa izan horrelako pinpirinkeriak alde batera uzteko.

      Eguerdia baino lehen sartu ginen Zaraitzuko ibarrean, eta aurrera egin genuen Santa Grazira ailegatzeko asmotan. Aldapan gora, elurrari eman zion; hasieran mara-mara, baina gero eta lodiago. Aboditik hurbil etsi behar izan genuen. Autoaren kristal lausoetatik pottoka batzuei begira kontsolatu ginen, eta etorritako bidetik jo genuen atzera. Otsagira ailegatuta, ostatu batean sartu ginen hotza kentzeko. Enbor bakarra zegoen su bazterrean, gori-gori, baina ikaragarri handia. Afaltzeko goiz samar genuen oraindik, eta salda atera ziguten barrenak berotzeko.

 

 

Aldez aurretik adostutako egunean abiatu ginen Malerowsky eta biok akten bila. Ahalik eta azkarren egin nahi genituen lanak; beraz, hobe bi lagun bakarra baino. Azken orduko gorabeherekin ohituta bageunden ere, oraingoan ustekabean harrapatu gintuen. Ekin berritan eten omen zitzaien multikopistaren bonbo biragarriari eragiten zioten zumitzetako bat. Asko jota ere, 200 ale zeuzkaten inprimatuta, baina koadernatu gabe, eta 2.000 behar genituen, gutxienez. Etsipenak jota zeuden; gu bezala.

      — Ez genuen besterik behar —esan zuen Malerowskyk betilun—; multikopista ez ezik, erakundea ere puskatuko zaigu oraingoan.

      Eremutar baten zuloa ematen zuen, zoko ilun bat, bunker baten tamainakoa gutxi gorabehera. Eskola-maisu baten ardurapean zegoen, eta bere ilobak laguntzen zion. Ezkutalekutik hurbil zegoen zutoinetik eskuratzen zuten elektrizitatea, bonbilla bakarra pizteko eta multikopista ibilarazteko. Izkina batean, mahai tolesgarri zaharraren gainean, tinta beltza eta paper zuria zeuzkaten jarrita, egun berean ekarri eta eramaten zituztenak lehor iraun zezaten.

      Alderdi bakarti batean zegoen, landaretzaren azpian galduta, baina, nahigaberik gerta ez zedin, asteburu batzuetan bakarrik egiten zuten lana. Eginkizunak bete bezain laster, traste guztiak jaso, eta handik gertu zegoen ermitara eramaten zituzten. Irakasleak bere burua eskaini omen zuen hilean behin mezatan laguntzeko; ez, ordea, elizarenganako joeragatik, baizik eta sakristiaren azpian zegoen sotoan aurkitu zuen zuloaren tentazioa egin zitzaiolako.

      Orduko hartan Malerowskyk ohiz kanpoko talentua erakutsi zidan lehen aldiz. Arretaz erreparatu zion etendako zumitzari, eta zentimetroz zentimetro aztertu zizkion zulo guztiak. Aldameneko mahai gainean bazegoen grapagailu bat, eta bonbilla piztu zitzaion. Eskuan hartu eta, zumitz birakaria muturretatik helduta, etendako lekutik hurbilen zeuden bi zuloetatik josi zuen. Inprimatzaile ofizialak burura eraman zituen eskuak; multikopista berea zela ematen zuen, eta sinetsita zegoen airean zilipurdika aterako zela. Erremedioak, zorionez, abian jarri zuen trastea.

 

 

Edortak izan ezik, inork gutxik ezagutzen zituen aktak. Ondo samar idazten zuen makinaz, eta asteburu osoa eman zuen latarako klixeak prestatzen. Oraindik, hala ere, egin gabea zeukan aukera. Ez zuen hainbesteko alderik ikusten ehunzango eta matxinsaltoen artean. Azken batean, denak ere zomorroak ziren. Iritzia galdetuz gero, horrela esaten zuen:

      — Zorroztu eta zorroztu, ezpataren ahoa kamustu.

      Azaletik baino ez zuen ezagutzen dokumentua baina, esan zidanez, kontura ez zetorren kutsu literarioa zerion testuari tarteka. Adibideren bat eskatu nionean, oharrak jasotzeko blok bat atera zuen jaka barruko poltsikotik, eta esaldi pare bat irakurri zidan zein baino zein:

      — Ehunzangoa baino urrunago ailegatzeko —esan omen zuen matxinsalto batek— nahikoak ditugu bi hanka.

      — Ehunzangoa, ordea —erantzun omen zion beste norbaitek—, hil egin liteke, egia da, baina erori, nekez.

 

 

Bi egun geroago aktak jasotzera itzuli ginen; berri txarrak, ostera. Zenbait ordu lanean eman eta gero, multikopistarik gabe gelditu omen ziren bat-batean. Aurrekoan Malerowsky bezala, grapa batekin saiatu bide ziren, baina alferrik. Erdiak baino gehiago zeuzkaten oraindik ere inprimatu gabe. Ordura arte osatutakoak jaso, eta etorritako bidetik egin behar izan genuen alde.

      Arazoa burutik kendu ezinik gentozen bueltan eta, halako batean, ustekabean, kontrola atera zitzaigun bidera: sardinzarrak ziren, hiru Land Rover. Aldapa baten ondoren zeuden, jaitsieraren hasieran; zubia pasatu eta berehala. Atzeko aldean, eserlekuaren gainean, kartoizko lau kaxa generamatzan agerian; laurehun bat ale, gutxi gorabehera.

      Oraindik bageneukan denbora atzera egin eta etorritako bidetik alde egiteko. Ohartzen baziren, alabaina, tiroka amai genezakeen eguna. Errepidearen bazterrean, eskuak garondoan, hainbat jende zeukaten horma baten kontra jarrita; ingurutako baserritarrak, itxuraz. Automobila gelditu baino lehen, taldekideari begiratu nion galdezka. Ez genuen miraritan sinesten, baina zoriaren eskuetan utzi genuen geure burua.

      — Ikusten? —esan zidan—. Ezta gazte bakar bat ere. Ez gaituzte miatu nahi.

      Automobilera hurbildu zitzaigun guardia zibilak plater gisako kapela zeraman jantzita; beraz, txoferra izango zen seguru asko. Ikusi orduko utzi gintuen pasatzen; nortasun-agiria eskatu ere gabe. Arrazoi bakarra bururatu zitzaidan: susmo txarra eragingo genion nonbait, eta ez zuen istiluetan sartzeko inolako gogorik izango.

      Ezagutzen duenak badaki Malerowskyk ez zuela aparteko senik borrokalari bati ustez dagozkion eginkizunei begira; beraz, arriskutsu samarra gerta zitekeen noizean behin aldamenekoarentzat, baina, egia esateko, ataka zailetan batez ere, gure arteko asko baino hobeto moldatzen zen.

 

 

Ez nion kalearen izenari erreparatu nahi izan; ezta zenbakiari ere. Aurreneko unetik hasi nintzen susmatzen. Emakumeentzako ile-apaindegi bat zen, eta “Berta” izeneko norbait omen zegoen nire zain; horrela deitzen omen zion sasian zebilen jendeak Estherri. Uste bezala gertatu zen, zoritxarrez. Arazoren bat sortu zen nonbait aurreko buzoiarekin, eta berria jarri zuten matxinsaltoek eskualdeari zegozkion aleak jasotzeko. Ohartu bezain laster, atzera egin nuen; azkeneko hiru hilabetean elkarrekin ari ginen ateratzen. Agusek joan beharko zuen nire ordez; edo beste norbaitek.

 

 

Agusek bakarrik zekien nora gindoazen; Malerowskyk ere ez zuen jakin behar non zegoen lekua. Azkeneko kilometroak begiak itxita egin genituen. Errepidean gora egin ahala, elurrari eman zion gero eta ugariago. Azkenean, aurrera egin ezinik gertatu ginen, eta jaisteko esan zigun txoferrak; kateak jarri behar izan genituen gurpiletan. Alferrik saiatu zen automobila martxan jartzen, eta atzetik bultzaka lagundu behar izan genion —lurrera begira, jakina, inguruak ez ezagutzeko—.

      Automobila errepide bazterrean utzi, eta ordu erdi inguru eman genuen oinez. Artzain-txabola baten hondarren artean zegoen zuloa, sasipean. Erremintak —hiru, guztira— bidoi baten barruan zeuden trapu zaharrez bilduta: Malerowskyk bazuen bere Browning semiautomatikoa, eta Agusek 45 kalibreko Smith & Wesson txiki bat hartu zuen —txofer lana egokituko zitzaiola kontuan izanik, egokiena, beharbada—. Edortak fusil metrailadore bat eraman zuen, eta nik bestea. Aspaldiko kalaxnikov zaharrak ziren biak, kargadore kurbatua duten horietakoak, eta nireak, auskalo zein gerratako seinale, esparatrapu zuri batekin lotuta zeukan eskulekua. Ez genituen probatu, baina ondo koipeztatuta zeuden, eta ez zitzaien herdoil arrastorik inon ageri.

      Erremintak gainean hartu eta, gauaren ilunak harrapatu baino lehen, ahalik eta ondoen ezkutatu genituen automobilean. Azken begirada eskaini genion inguruari. Alde egin aurretik, ordea, elurrez estalitako mugarri bat begiztatu zuen Malerowskyk errepidearen ertzean, eta, nola ez, ostikoa eman zion barrenak aginduta edo. Ordurako susmatzen genuen ez genbiltzala Nafarroatik oso urrun, baina ez genekien non geunden zehazki. Inork ezagutu behar ez zuen lekuaren izena harri hartan bertan zegoen idatzita: Ezkurrako gaina, 743 metro.

 

 

Ekintza egin asmo genuen egunaren bezperan sekulakoa gertatu zitzaidan, eta bertan behera gelditu ziren gure asmo guztiak. Autobusean harrapatu ninduten, modu ezinago baldar batean; lotsa ere ematen dit gogoratze hutsak. Antiguako auzora nindoan goizean goiz, A˝orgatik barrena, eta albo batean, aurreko aldean, txoferrarekin lerroan zegoen aulki luzean nengoen eserita beste bi lagunekin batera. Eskuin aldean emakumezko bat neukan —Bretxan salmenta-postua zeukan baserritarra—, eta ezkerrean, berriz, guardia zibil bat kalekoz jantzita, bistaz ezaguna, gurasoen auzoan bizi zena. Esku hutsik ibili zale banaiz ere, kartoizko karpeta bat neraman egun hartan eta, Donostiara ailegatu bitartean, motorraren gainean, gidariaren eta gure artean zegoen azpil zabalean utzi nuen.

      Ostegun hartan greba orokorra zegoen iragarrita, eta eranskin txiki batzuk itsatsi nahi nituen autobus-geltokietan eta taberna-komunetako ateetan. Autobusa martxan jarri zenean, alabaina, motorraren gaineko azpilak dardara egin zuen, eta banan-banan hasi ziren ateratzen karpeta barrutik. Itsuaren plantak egin zituen sardinzarrak tarte batean baina, Ondarretako geltokira ailegatu ginenean, berarekin jaitsi behar izan nuen, eta komisariara eraman ninduen.

      Eranskin itsasgarriak ez ezik, zorioneko akten ale bat ere harrapatu zidaten karpeta barruan eta, jakina, ataka gaiztoan gertatu nintzen azalpenak emateko orduan. Orrialde ertzetan hainbat ohar aurkitu zituzten; beraz, paper zuri baten gainean izen-deiturak idazteko agindu zidaten, eta, lagin biak aztertu ondoren, nire kaligrafia zela atera zuten.

      íAbajo! —agindu zuen komisarioak eta, esku-burdinak jarrita, sotora eraman ninduten.

      Eskaileretan behera korrika, ziega batean bultzaka sartu, eta bakarrik egon nintzen puska batean. Ilunabarrean, hiru zakur etorri zitzaizkidan, gomazko borrak eskuan, aitorpenik egiteko prest al nengoen galdezka. Orduan jaso nuen aurreneko jipoia lurrean botata, eta handik aurrera auskalo zenbat bisita egin ote zizkidaten. Errukirik gabe ematen zidaten etengabe; batzuetan, oinak eta burua zintzilik, mahai txiki baten gainean etzanda; besteetan, literaren goiko burdinan lotu, eta buruz behera. Azkenean, hankak guztiz handituta, ezin nituen zapatak jantzi, eta alpargata pare bat ekarri behar izan zidaten, guraizeekin egindako irekidurak alboetan, oinetan sartu ahal izateko.

      Egunean zehar edozein unetan etortzen zitzaizkidan, eta azkeneko gaua sotoan bertan zegoen kantina koxkor batean eman nuen. Ordu luzeak egon nintzen hanka luzeko aulki baten gainean eserita. Ez zuen bizkarrik eta, leher eginda loak hartuta, lurrera erortzen nintzen. Eroriko bakoitzean, altxarazi eta lehen bezala jartzen ninduten behin eta berriro mehatxuka. Orduan, makalaldia baliatuta, liburuxka batean bildutako argazkiak erakusten zizkidaten, inor ezagutzen al nuen galdezka. Egun argitzen hasi eta ziegara itzuli aurretik, komunera eramateko eskatu nien. Iturria ireki, eta aurpegia garbitu nuen. Orduan ikusi ahal izan nuen nire burua ispiluaren aurrean harrapatu nindutenetik lehen aldiz.

      Egunetan jasotako torturen eraginez, itxuragabetuta nengoen zeharo. Erabat puztua neukan burua, borobil-borobila, Mantxako gazta bezalakoa, eta begiak, berriz, pandaren gisa, ubel izugarriz inguratuta. Atxilo hartu zuten auzo bati gertatutakoa etorri zitzaidan burura. Oinazea eraman ezinik, kopetarekin jo eta jo ibili omen zen komuneko konketaren kontra odola zeriola ikusi zuen arte. Ahaleginak egin nituen neuk ere, baina ez nintzen gauza izan behar adina indar biltzeko. Ez nenbilen erremediorik gabeko ezeren bila, baina sinetsi nahi nuen, odoletan ikusiz gero, ospitalera eraman beharko nindutela. Alkandoraren poltsikoan, halako batean, klip bat aurkitu nuen eta, nola ez!, Malerowsky eta bere asmakizun miragarriekin gogoratu nintzen; horrela, bada, burdin haria zuzendu, eta eskumuturreko zainen bat harrapatzen ote nuen saiatu nintzen. Esku-burdinek ez zidaten uzten urratua behar bezala burutzen, eta nire bizitzan lehenengo aldiz kartzelara eraman nintzaten egin nuen erregu.

 

 

Apenas eman nuen hilabete kartzelan. Espero baino lehen ailegatu zitzaidan behin-behineko askatasuna. Erorikoaren ondoko galdeketan ez zen ezer atera inprimagailuak eskuratzeko ekintzari buruz, baina, nahiz zakurrek gure asmoaren susmorik ez izan, bertan behera utzi behar izan zuten. Oraindik eginkizun zegoen norbaitek ardura bere gain hartzeko zain. Adiskideak saiatu zitzaizkidan uler nezan zuhur jokatu beharra zegoela; ez zela komeni gehiegi arriskatzea, baina, aholkuei jaramonik egin gabe, parte hartu nahi nuela esan nien behin eta berriz. Ez nuen ezezkorik onartu nahi izan. Azken batean, aitortu ezin nuen interes berezi bat neukan gordeta. Ez zuten Esther eta bion arteko harremanen berri, eta ez zekiten, jakina, bera zela kritikak “Berta” gerra-izenez sinatzen zituena; horrela, bada, nire burua proposatu nuen esanez ezin genuela denbora gehiago galdu offset bat gutxienez gureganatu gabe, eta luzaro ez zutela aurkituko operazioaren gorabeherak nik baino hobeto ezagutzen zituen inor.

 

 

Espero nuen Otsagiko txapelaren kontua mendi-giroarekin lotutako zerbait baizik ez zela izango, baina bai zera. Oker nenbilen. Esther, itxuraz, eroso sentitzen zen bere janzteko moduarekin, eta egun hartan ere ekarri zuen buruan jartzeko zerbait. Oraingoan, kapela beix ilun bat aukeratu zuen eta, azaldu zidanez, cloche deitzen zioten adituek modeloari. Egia esateko, izugarri ondo gelditzen zitzaion, baina gureak ez ziren garaiak atentzioa ematen ibiltzeko.

      Orduko hartan pentsio batean eman genuen gaua. Estherrek ez zuen ulertzen zergatik, baina nik ezin nuen bere etxean sartu; ezta berak ere nirean. Egunen batean, seguru asko —inoiz ailegatuko ahal da!—, kontu zaharrak irudituko zitzaizkigun baina, bitartean, gutxieneko segurtasun-arauak hautsiko genituen horrela jokatuz gero. Aste Nagusia zen, eta prest geunden hotel merke samar bat ordaintzeko ere, baina alferrik saiatu ginen bila.

      Oso berandu genbiltzan, eta etxeko andreari pijama ageri zitzaion bata motzaren azpian. Uste genuen nortasun-agiria erakutsi behar izango geniola lehenik, baina ez zen beharrezkoa izan. Ilunpetan eraman gintuen, zuzenean, bere aitona-amonen ezkontzatik berritu gabeko logela zatar batera. Isil samar eman genuen ustez gaua —ahaleginak egin genituen, behintzat—, baina hurrengo goizean, berandu samar jaiki arren, ez ginen, beharbada, hain eratsu ibili. Atseginaren gailurretik hurbil nengoela, “Berta” atera zitzaidan, nahi gabe, irrintzi egin ordez. Auzoko guztiek entzungo zuten, seguru asko, baina Esther, zorionez, ez zen ezertaz jabetu.

      Atea zabaldu eta irtendakoan, bezperan ikusi gabeko gela handi batera atera ginen. Etxeko andrea orrazte-lanetan zebilen, zenbait bezero zain, eta gainerakoak, aldizkariak zabalik, lehorgailuaren azpian isolatuta. Ohartu bezain laster, burua jaso eta, modako arropa erakusteko ibiltoki baten aurrean bezala, ez ziguten begirik gainetik kendu. Ikarak airean egin genuen aurrera txaloka hasiko ote zitzaizkigun beldur baina, eskerrak, isilik iraun zuten, alde egin genuen arte, behintzat.

 

 

Erreminta trintxeraren azpian ondo ezkutatu, eta ezker-eskuin begira sartu ginen Malerowsky eta biok inprimatzeko makinak saltzen zituen denda zelakoan. Aurreneko momentuan pentsatu genuen nahastu egin ginela; beste herri batean geundela, edo beste kale batean, edo beste zenbaki batean bestela. Ustekabeko errebesa onartu ezinik, dendariari egin genion galde. Ezin genuen sinetsi. Aste batzuk lehenago itxi omen zuten aurreko saltokia, eta itxi eta berehala eraman zituzten lehengo traste guztiak beste leku batera. Oraingo jabea aterkiak saltzeko asmotan ibili zen, antza, hasiera batean, baina marka ospetsu baten eskaintza jaso zuen azken orduan, eta kapelu-denda zabaldu zuen.

      Apal guztiak, lerroz lerro, kapelu, txano eta txapelez beteta zeuden. Ez ginen gure onera nahi bezain laster itzuli, eta dendariak, seguru asko, ospakizunen batera joateko zerbaiten bila genbiltzala pentsatuko zuen. Artile koloreko jipijapa bat eskaini zigun lehendabizi, eta onddo-kapelu beltz bat gero, eta salakot bat ere bai, badaezpada. Etsipenezko keinuren bat ikusiko zuen beharbada bezeroen aurpegian, baina ez hala ere berak uste zuenagatik; hortaz, emakumeentzako modeloak ere erakutsi zizkigun, hau da, cloche, canotier, fedora eta beste zenbait kapela dotore.

 

 

Agusek bazterreko ispiluari begira eraman zuen furgoneta dendaren ateraino poliki-poliki, eta barruan gelditu zen, ihesian alde egin beharko bagenu ere. Edortak atzeko atea zabaldu eta orgatila atera zuen makinen bila lehenbailehen abiatzeko. Eskuan pamela gris ilun bat nekarrela irten nintzen dendatik eta, jakina, konturatu zirenean, udaltzain bat kaikuz jantzita ikusi izan balute bezala gelditu ziren, zer egin ez zekitela, erabat txundituta. Azalpenak eman beharko nituela banekien, baina oso saltzaile bikaina egokitu zitzaidan, eta ustekabean harrapatu ninduen gainera.

      Ez zegoen denborarik alferrik galtzeko, eta bere onera itzuli behar izan zuten albait lasterren; horrela, bada, furgonetan sartu, eta ziztu bizian lekutu ginen. Alde egin bitartean inork ez zuen ahorik zabaldu; ezta txosten-egilearen izena madarikatzeko ere. Ondoan neukan Malerowsky. Ezin zuen konprenitu. Azkenaldian, inori baimenik eskatu gabe ari ziren gertatzen hainbat gauza; bere erremintaren erorikoa, tartean; hiru aldiz joan omen zen dendari buruzko txostena egiaztatzera. Ulertezina gertatzen zitzaion, baina porrota onartu beste erremediorik ez zeukan, eta bere itzalaren azpian gorde behar izan zuen burua.