Txipiroiak bere beltzean
Txipiroiak bere beltzean
2019, narrazioa
208 orrialde
978-84-17051-35-8
Azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2007, nobela
2002, poesia
1986, poesia
 

 

O PŃo de Aš˙car

 

 

Isilpean gordetako zerbait atera nahi dut behingoz argitara, seguru asko berandu nabilen arren. Oihartzun handia izan zuen albisteak bere garaian eta, noski, Elizari ez zion batere graziarik egin, ezta udalari ere. Inork ez zuen bertsio ofiziala sinetsi, egia da, baina beste edozein azalpen era berean gertatuko zen sinesgaitza; beraz, hipotesi guztiak arretaz kontsideratu ondoren, jendea isildu egin zen.

      Urgull mendiko kontu hura, alabaina, ez zen —baita zera ere!— miraria izan. Inork ez zuen konprenitzen zergatik, baina Jesusen Bihotza ez zegoen bere lekuan. Egunkariek edizio berria atera zuten albistea emateko. Eredu bereko adiskide cariocaren gisan zabaldu zituen besoak nonbait eta, agurrik egin gabe, hegan alde egin omen zuen Donostiatik. Ez zen horrela izan, eta neu naiz lekuko; are gehiago, gertaerak erdi-erdian harrapatu ninduen.

      Egun haietatik hona, hala ere, jendea ohitu egin da bera gabe, baina Urgull mendian, gaztelua eta inguruko harresiak aparte, beste zerbait bazegoen orduan. Oraingo gazteek, jakina, ez dute aukerarik izan zementuzko irudi ikaragarri hark hiria nola bedeinkatzen zuen ikusteko, baina ezagutu genuenok orobat, orain arte behintzat, ez dugu txintik ere atera sekula.

      Irailean, ordea, udaren mugetan, itsasaldiak gorabehera handiak izaten ditu eta, esaera zaharrak dioen moduan, urak jaisten direnean, arrokak azalean ageri ohi dira. Garai horretan, oinez joan zaitezke Igeldoko hegaletik Santa Klara uharteraino oinak ere busti gabe, eta, orduan, Tximistarriko portu txikian, itsas goroldioaren azpian, oraindik oso jende gutxik baizik ez dakien zerbait ateratzen da halabeharrez ur gainera.

 

 

Arratsalde hartan liburu bat irakurtzen ari nintzen telebista aurrean: XVI. mendeko Txinan idatzitako eleberria. Egileak Wu Cheng’en zuen izena. Idazlana, agidanez, argitaratu eta oso gutxira galdu zen. Ez zen haren berririk izan luzaro. Egun batean, ordea, Kyototik hurbil dagoen monasterio batean aurkitu zuten zorionez (Japoniako itsasontziak aldi hartan literaturaz gainezka itzultzen omen ziren auzoko erresumatik).

      Esku artean neukan liburuak Xiyouji du izena; bi milatik gora orrialde, ehun atal, hiru liburuki lodi eta bi kilo eta erdi gutxi gorabehera. Aurrenekoaren hondarretan nenbilen; azken kapitulua besterik ez, saioa burutzeko. Atala eserialdi hartan bertan bukatzeko erabakia hartuta neukan, baina adin batetik gora gero eta indar handiagoa egin behar izaten da bazkalondoan loak harrapatuko ez bazaitu; besaulkian eroso eserita logale zaudenean, batez ere.

      Irakurtzen hasi aurretik, ohi bezala, ia ez entzuteko moduan jarri nuen telebistaren soinua. Aspaldiko partez, itsaso azpian egindako dokumentala ari ziren ematen. Aparatuaren pantailak arrainontzia ematen zuen espezie exotikoz beteta. Aldian behin, ordea, hontzari ere begiak ixten zaizkio; lo hartzen hasita nengoen. Halako batean, marrantak jotako ahots indartsu batek asaldatu ninduen:

      — Argi Hutsaren Zaindaria naiz; Sun Wukong dut izena.

      Ikaratu egin nintzen zeharo. Batzuetan ez da erraza jakiten loaren zein alderditan bizi zaren; ezta zein belarritatik ari zaren aditzen sikiera. Izen hura, alabaina, ezaguna egin zitzaidan; oso ezaguna. Hain zuzen —agerraldiaren miragarria!— irakurtzen ari nintzen liburuko protagonista zen, protagonista nagusia: Sun Wukong, zeruko baratzetan mertxika ustelezinak lapurtzen zaletutako tximu bihurria. Alde egin behar izan omen zuen hilezinen baratzetik ihesi, baina bazekien jandako ale bakoitzeko beste bost mila urte gehiago biziko zela, eta ezin izan zion tentaldiari eutsi.

      — Eskua zabaltzen baduzu —entzun nuen berriro bere ahots zakarra—, gainean pausatuko naiz, eta eragozpenik gabe ikusi ahal izango nauzu.

      Izaki izugarria zen berez, baina saguaren tamainakoa agertu zitzaidan gora begira. Oinak lurra bezain lauak zeuzkan eta burua, berriz, zerua bezain borobil. Aurpegiko zuria izan ezik, ile sarri nabarrez jantzita zegoen eta, noizean behin, mingaina atera eta sudurzuloak milikatzen zituen mutiri. Eskuan, prest, bere burdin makila zekarren, jostorratza baino pittin bat handiagoa, baina hamahiru mila kilokoa hala ere. Akuilu txiki bat ematen zuen, baina Suitzako labana batek baino erabilpen gehiago eskaintzen omen zizkion bere borroketan. Ihes egin berria zegoen liburutik kanpora.

      Erreparatzen ari nintzaiola igarri zuenean, lurra indarrez zanpatu eta, airean zilipurdi egin ondoren, armairuaren goiko ertzean eseri zen. Erabat txundituta, begiak igurtzi nituen aurrean neukana sinetsi ezinik. Ametsetan ari nintzen seguru asko, baina ez nintzen batere fidatzen nire buruarekin. Argi Hutsaren Zaindariak zer edo zer eman nahi zidan jakitera:

      — Orain arte sekula irten gabea nengoen liburutik —esan zidan, irria ezpainetan—; okasioak merezi du-eta, nahi duzuna eskatzeko aukera emango dizut.

      Era honetako eskuzabaltasunaren aurrean ez da harritzekoa sinesbera bihurtzea; beraz, gero eta garrantzi txikiagoa eman nion ametsetan ari nintzen edo ez jakiteari, baina nola leihoaren beste aldean Jesusen Bihotza neukan Urgull menditik zaindari gau eta egun, eta eramanezina gertatzen zitzaidan txit, berak eman zidan etorri berriari eskatu behar nionaren arrastoa.

      Egia esateko, nire onetik ateratzen ninduen. Oroitarri hura, azken batean, gerra ondoko frankismoaren eta klero ofizialaren arteko harreman estuaren emaitza zen. Ohe ondoko mahai txikian jarrita neukala iruditzen zitzaidan batzuetan. Urdin fluoreszentea baizik ez zitzaion falta Lourdesko Ama Birjinaren berdina bihurtzeko.

      — Gehiegi eskatzea al da? —esan nion.

      Zutik jarri zen tximua berriro, eta airean beste hiru zilipurdi egin ondoren, poliki-poliki pausatu zen bere abenturei eskainitako liburua zegoen mahaiaren gainean. Eskuak atzeko aldean helduta, alde batetik bestera ibili zen eskaria hausnartzen. Kokotsari hazka, belarriari tira…, denbora puska bat isilik eman ondoren, besoak antxumatu, lurra indarrez zanpatu, eta horrela mintzatu zitzaidan:

      — Konforme; baina baldintza batekin.

      Edozeini gertatzen zaio pasadizo xelebreren bat noizbehinka, baita niri ere, baina egun hartakoa sekulakoa izan zen. Kontuak atera nituen, dena dela, eta askoz ere egingarriagoa iruditu zitzaidan Argi Hutsaren Zaindariak jarritako edozein baldintza betetzea, oso zaila izanagatik ere, tamaina horretako oroitarria desagerraraztea baino. Eginahalak egin nituen zer eskatuko zidan asmatzen:

      Egurrezko pagoda txiki bat Urgullen? Urrezko danborra, nahiz berandu, Wu Cheng’en handiarentzat? Maoren liburu gorria euskaraz?

      Ez zegoen asmatzen batere erraza. Isil-isilik, bere buruarekin bildu zen tximu txikia une batez eta, azkenean, ahoa ireki zuen zerbait esateko asmoz, baina itxi egin zuen atzera. Handik gutxira, irri egin zuen nahi zuena aurkitu izan balu bezala, baina kezka nagusitu zitzaion berehala aurpegian. Oraindik ere denbora pixka bat eman zuen hausnartzen, eta azkenik bere marranta hautsia entzun ahal izan nuen berriro:

      — Aski izango da igarkizun hau asmatzen baduzu. Ea esan —abiatu zitzaidan desafioka—, ba al dakizu zenbat zulo dauzkan dragoi batek soinean?

      Eutsi egin nion badaezpada ere mingainari, baina banekien zenbat ziren; lepoa ere jartzeko prest nengoen. Horrela, bada, tratua onartu, eta nire esker ona —Kantauri itsasoa bezain sakona— adierazi nion. Argi Hutsaren Zaindariak, pozik, bere buruaren inguruan egin zuen jira gero eta arinago eta, airean txistu bizi bat utzita, leihotik barrena egin zuen alde ke-adarra balitz bezala. Ez zidan epe zehatzik jarri, baina bakarrik utzi ninduen nire buruarekin erantzun bat adostu arte.

 

 

Itsasoak labarra bezala, denborak iragana higatzen du, eta nire oroimenak, tamalez, Gruyere gaztak baino zulo gehiago dauzka dagoeneko. Orduko irudi batzuk, hala ere —ondokoa, kasu—, begiak itxi orduko etortzen zaizkit gogora eta, ahanzturaren gandua desegin ahala, Santa Klara uhartean ikusten dut nire burua, harrizko jarraulki batean eserita inguruari begira.

      Eguzkia adaburuen arteko zirrituetan zebilen txilitaka. Hostoen artean, azken argi-errezelak hasiak ziren indarra galtzen. Aurrez aurre, hurbil samar, hiri zabala lehorrean, eta urrunago, gero eta lausoago, mendia mendiaren atzean. Bakarrik nengoen erabat eta, ustekabean, Sun Wukong azaldu zitzaidan bigarren aldiz.

      Ezerezetik ari zen ateratzen, tentuz, alde batera eta bestera begira, eta ematen zuen ikusezin bihurtzen zuen arropa zeramala jantzita eta eranzten ari zela. Oraingo honetan, hala ere, liburuan agertu ohi zen eran ikusi nuen, hau da, bere tamaina naturalean: bi mila litroko upela bezain garai; hiru ateko armairua bezain zabal.

      — Alderdi paregabea! —esan zuen harkaitzak pitzatzeko gisan.

      Eskua bekainen parera jaso, eta zementuzko Jesusen Bihotz Sakratuari begiratu zion arretaz. Ez zitzaion, nonbait, oso sendoa iruditu, eta muturra okertu zuen. Ortzia eta lurraren arteko harremanetatik sortu dira izaki guztiak, eta Sun Wukong harrizkoa egin omen zuten. Aurreneko kapituluan zetorren pasadizoa: eskualde galdu batean ba omen zegoen mendi-erroitz izugarri bat, eta behin, harrigarriro, harrizko arrautza errun zuen.

      — Zer dira bizkarrezurrean dauzkan helduleku horiek? —galdetu zidan.

      — Eskailerak —azaldu nion—; tximistorratza jarri zioten buruan, eta aldian behin konpontzera igo behar izaten dute.

      Arestian emandako hitza betetzera omen zetorren. Ekinari lotu aurretik, ordea, buruari hazka egin eta kontuak atera zituen. Irudiak hamabi metro inguru zeuzkan luze eta lau zabal, eta barrutik hutsik zirudien piramide trunkatuaren gainean zegoen; hamabost bat metrokoa. Eskuak bazuen metro eta erdi pasatxo, eta buruak, berriz, heren bat gehiago gutxienez. Oso lan zaila ematen zuen, egia esan, baina egoskorra zen txit, eta berea egiten ohituta zegoen.

      — Ezer baino lehen —esan zidan— zuen baratzeko munstro batzuk eman nahi dizkizut ezagutzera; baliagarriak gerta dakizkizuke igarkizuna asmatzeko.

      Auskalo zertan zebilen, baina ez nuen apustua galdu nahi; beraz, abiatzeko prest nengoela esan nion eta, horrenbestez, ezkerreko besoa lurreraino jaitsi, eta bizkarra eman zidan bere lepora igo nendin. Arrastaka moldatu behar izan nuen katuaren gisan behetik gora. Egundoko jauzia eman eta gero, hodei koxkor baten gainera ailegatu ginen eta, lepotik jaitsita, bere ondoan eseri nintzen. Eroso egokitu bezain laster, hamahiru mila kiloko lema hartu zuen gidariak mende, eta lehorrera jo genuen segidan. Urdinak apaltzen hasiak ziren, eta Italiako Errenazimentu garaiko pintura baten barruan genbiltzala ematen zuen.

      Aiako Harrietan gelditu ginen aurrena. Arrano Zaharra deitu zion. Edozeinek badaki bazter hartan ez dagoela mendia besterik baina, tira, Argi Hutsaren Zaindaria izanik, ez zituen gure bazterrak gizaki batek bezala zertan ikusi. Airean ginderamatzan hodeia utzi, eta hegaztiaren bizkarrean pausatu ginen astiro-astiro. Azpiko harriak gure pisua nabaritu zuenean, dar-dar egin zuen hegan hasteko bezala.

      — Ikusten! —esan zuen Sun Wukong handiak harrotasunez—. Ezagutu egin nau.

      Izarren bat edo beste distiratzen hasita zeuden han-hemenka ordurako, eta tximu erraldoiak, hortaz, garraiora igotzeko garaia bagenuela ohartarazi zidan berandu baino lehen. Iparraldera begira, indar pixka bat egin zuen oinarekin hodeiaren gainean abiadura areagotzeko eta, errekak eta zidorrak atzean utzita, Donostiarako bidea hartu genuen.

      Itsasbazterrera hurbildu ginen berehala, eta atzean utzi genituen Alderdi Ederreko lorategiak, udaletxea eta Real Club Nauticoa han behean. Alanbreak eta torlojuak ageri, udazkenez apain zeuden tamariz zaharrak, eta itsasertzeko barandak, era berean, merenge zuriz margotu berriak. Itzalak hasiak ziren biltzen, eta gutxi falta zuen gauak lurraren gainean pausatzeko.

      Uhartearen gainean gelditu ginen gero airean zintzilik. Azpian geneukan bigarren munstroa zain. Alderdi hauetan Santa Klara esan izan diogu beti, baina etorri berriari Apo Armatua iruditu zitzaion. Edozeinek badaki Kantauri itsasora ez dela tamaina horretako dortokarik ailegatzen sekula baina, tira, Argi Hutsaren Zaindaria izanik, ez zituen gure bazterrak gizaki batek bezala zertan ikusi. Oraingoan, uhin baten eztandak eman zion aitzakia:

      — Ikusten! —esan zuen berriro—. Badaki nor naizen.

      Oinak zintzilik, hodeiaren ertzean eserita gindoazen. Itsasoak plexiglasez estalita zirudien, hondartza Xixonako turroi biguna zatekeen, eta olatuek, bata bestearen atzetik, parpaila marrazten zuten atzera egin aurretik. Argi Hutsaren Zaindariak alde batetik bestera eraman zuen bere hatza, poliki-poliki, Donostiako erlaitz luzean barrena, eta inoiz ikusi gabeko zerbait erakutsi zidan:

      — Horra hor dragoia —esan zuen—; aukera ezin hobea zenbat zulo dituen galdetzeko.

      Ikuspegi hartatik Turismo Bulegoko mapetan bezala ageri zen hiria ilunabarrean, eta Maskorrari begira, kalez kale bilbatutako sarean, ezkatak otu zitzaizkidan etxeak. Isatsaren muturra, Igeldo mendi atzeko labarretan, Tximistarri izeneko zoko batean igar zitekeen, eta Urgull mendiak, berriz, bere adats hostotsuaren azpian, munstroaren buru beldurgarria ematen zuen Santa Klara uhartea irensteko zorian.

      Edozeinek badaki, nolanahi ere, bazter hartan dagoen buru bakarra zementuzko zentoiarena dela baina, tira, Argi Hutsaren Zaindaria izanik, ez zituen gure bazterrak gizaki batek bezala zertan ikusi eta, abar-hots hura entzundakoan...

      — Ikusten! —esan zuen ostera—. Honek ere badu nire berri.

      Azkenean, oroitarri santuari eraso egiteko unea zela erabaki zuen tximu ausartak; beraz, aldendu egin ginen lehendabizi nondik norakoak arretaz aztertzeko eta, gero, oroitarriaren bizkarrari begira, mantso-mantso egin genuen aurrera mendi gailurrera ailegatu arte. Ekialdeko haizea gaztelua inguratzen duten zuhaitz-abarrekin zebilen jostatzen.

      Erantzukizun zegoen oraindik galdera, eta Jesusen Bihotzak Urgull mendian zirauen bere hartan. Argi Hutsaren Zaindariak, horrenbestez, abian jarri zuen berriz hodeia, eta oroitarriaren garondotik hurbil gelditu ondoren, bizkarrezurreko eskaileretatik behera jaisteko eskatu zidan. Oinak lurrean jarri aurretik, bere ahots zakarra entzun nuen:

      — Oraindik ez didazu esan zenbat zulo diren…

      Ez nuen hutsik egin nahi, eta badaezpada ere bizpahiru aldiz hatzez hatz zenbatu ondoren, espero ez zuena erantzun nion bat-batean:

      — Zortzi; begietakoak barne.

      Aditu orduko, begiak okertu zitzaizkion txundiduraz. Usteak ustel atera zitzaizkion; banekien erantzuna. Agindutakoa bete behar izan zuen, nahiz eta gogo txarrez. Irudi erraldoiaren oinetan ikusi ninduenean, abian jarri zen berriro airearen bizkarrean zamalka. Itsasertzeko pasealekura jo zuen segidan, eta Londres hotelaren gainean zegoen tipulatzarrari gelditu zitzaion begira-begira. Aspaldi batean zeruko baratzeetan lapurtzen zituen mertxika hilezinekin gogoratu zen beharbada, eta ahora eraman zuen berehala. Ez zuen nolanahiko estomaka izango halako mokadua egosteko.

      Ez zion behin baino koska egin; nahikoa izan zuen amore eman behar zuela ulertzeko. Alde egin zuen albait lasterren, baina azpian, hondartzara jaisten den arrapalaren alde bietan, zortzi besoko farola zuri ederrak topatu zituen bidean, eta berarentzat propio jarritako edalontziak iruditu zitzaizkion. Errotik ateratzeko zorian zegoela, ordea, zementuzko irudiarekin gogoratu zen derrepente. Izarrez gainezka zegoen ordurako zerua, eta gauaren gordean egin nahi zuen bere lana.

      Azaltzeko luzea izanda ere, tximistaren dirdira bezain agudo gertatu zen dena. Argi Hutsaren Zaindaria, ezinago fier, Urgulleko gaztelura itzuli, eta airean gelditu zen une batez oroitarriaren burutik hurbil, orekan. Eskaileraren azken mailari heldu zion atzaparrekin eta goraka egin zuen indarra. Ikaraundi batek astindu zuen goitik behera mendi osoa. Ile-kalparra balitz bezala harrotu zitzaion hostotza, eta zeruko izar batzuk ere aldatu ziren lekuz. Ez zegoen sinesten erraza; behin eta berriro igurtzi behar izan nituen begiak. Azkenean, hiruzpalau aldiz saiatu ondoren, bere oinarritik erauzi, eta hegan eraman zuen irudia badian gaindi.

 

 

Atzera ikusi nuenean, telebistaren aurrean nengoen koloretako arrainei begira. Ez nuen puxka batean espero eta ustekabean harrapatu ninduen. Wu Cheng’en handiaren liburua neukan eskutan eta, halako batean, etxean sartu zitzaidan leihotik hegan. Erraztasun izugarria zuen tamainaz aldatzeko, eta hari esker, gorpuzkera erraldoia utzi, eta lehengo txikira itzulia zen. Airean oraindik, begiratu bat eskaini zidan eta, itzulipurdia egin ondoren, mahai gainean pausatu zitzaidan poliki.

      — Sekulako deskalabrua —esan zuen ahots apal eta sakonez.

      Atsekabetuta zegoen guztiz. Asmoak nahi baino okerrago atera bide zitzaizkion, zeren eta Jesusen Bihotzak, berak uste bezala, ez zuen behar besteko sendotasunik. Zementuzko blokez eraikita zegoen; ferraila besterik ez zuten euskarri. Horrela, bada, oroitarriak badiaren gainean hegan egin bitartean iraun zuen osorik, baina, handik gutxira, mila puskatan deseginda, Kantauri itsasoan galdu zen halabeharrez.

      Onartu beharra daukat istripuak ez zidala inolako nahigaberik eragin. Argi Hutsaren Zaindariak agindutakoa ondo beteta zeukan, eta nik berak jarritako baldintza; beraz, Urgull mendiak bere jatorrizko itxura bereganatu zuen azkenean. Nolanahi ere, bazegoen tximu bihurriak jakin nahi zuen beste zerbait:

      — Nondik atera duzu erantzuna? —galdetu zidan.

      — Wu Cheng’en izeneko idazle batek eskaini dizun liburuari esker. Irakurri izan bazenu —esan nion—, ez zenidan galdera hori egingo.

      Irakurtzen jakin gabe ere, alabaina, berak ondo zekien munstroak, animaliak bezala, euren azal motaren arabera sailka daitezkeela: Aiako Harriak lumak zeuzkan; Santa Klara uharteak, oskola; eta itsas bazterrean luze-luze etzanda zetzan dragoiak, ezkatak; iledunak ere bazeuden, bera esate baterako; eta, gainera, larrudunak, ni neu bezalakoak.

      — Azken batean, neu naiz animalien artean gizatiarrena —esan zuen zentoiak harrokeriaz puztuta—. Zer alde dago, bada, gure artean? Egia da buztanak salatzen nauela, baina izadiak bederatzi zulo eman dizkit, eta ez zortzi, hegaztiei, arrainei eta dortokei bezala. Ez al da hala?

      Agindutakoa beteta, Sun Wukong miresgarriak ez zuen dagoeneko arrazoi egokirik aurkitu hain lurralde urrunetan jarraitzeko. Aldamenean zeukan liburua mahai gainean zabalik, eta zeharka begiratzen zion etengabe, bere sorterrira itzuli nahiko balu bezala. Agur esateko hitz egokirik aurkitu ezinik nonbait, bere mingain luzea erakutsi, eta sudurzuloei milizka ibili zen.

      — Egia da Donostia bakarra dela munduan —aitortu zidan inolako aitzakiarik atera gabe—, baina ezin ederragoa izanda ere, nire bihotzak ez du beste ametsik jaioterrira itzuli baino.

 

 

Argi Hutsaren Zaindariak esandako hitzen oihartzuna gelditu zitzaidan belarrietan. Oraindik ez nekien loaren zein alderditan bizi nintzen. Eleberria eskutan hartu, eta irakurritako azken pasartera jo nuen. Inoiz sumatu gabeko pisua jarri zitzaidan betazaletan; hontzarenak baneuzka bezala. Ordurako ez zegoen arrainik telebistan. Itzali eta gaztelura begiratu nuen leihotik. Alferrik saiatu nintzen Jesusen Bihotz Sakratuaren bila; ez zegoen bere lekuan. Ezkutuan egondakoa nabarmentzen denean sortzen omen da harridura; oraingoan, ostera, egon ez izanak txunditu ninduen. Egunkariek Urgulleko miraria deitu zioten gertatuari hurrengo egunean.

      Urteak eman nituen itsaspeko bazterretara jaitsi arte, baina azkenean, ur azpian igeri egiteko arropa erosi, eta behin eta berriz murgildu nintzen. Ez nuen emaitzarik lortu luzaro. Egun batean, ordea, itsasondoan harrizko begi baten antzeko zerbait aurkitu nuen algen azpian; beste batean, belarria izan zitekeen puska likenak estalita; oroitarri erraldoiarenak izan zitezkeen beste lagin batzuk ere atera nituen, baina bat bakarra ere ez zen nahikoa bertsio ofiziala ezeztatzeko.

      Arratsalde ederra zegoen, eta Tximistarrira eraman ninduen halabeharrak. Igeldo mendiaren atzeko hegalaren oinetan gordeta dagoen zoko bat da; A˝orga izeneko erreka hantxe itsasoratzen da Infernua esaten zaion auzotik barrena, lur azpian irekitako bidea iragan ondoren. Oso leku berezia da, mortua. Udalak, garai hartan, urak desbideratzeko obrak egiten ari zirela, babespeko portu txiki bat eraiki zuen bertan.

      Udazkeneko ekinokzioan geunden; irailaren bederatzian zehazki. Aldaizea ur-azala kizkurtzen zebilen, eta olatuak etengabe ari ziren ezarian-ezarian itsasbazterreko arrokak desegin nahian bezala. Itsasoak behera egin ahala, ur azpian egondako metalezko eskailera ikusi nuen nola ari zen agerian gelditzen. Mailek, murruaren beheko aldean iltzatuta, grapa erraldoiak ziruditen, eta antz handia zuten zementuzko irudiaren bizkarrezurretik behera jaitsi nituen haiekin.

      Orduan ohartu nintzen; dena bat zetorren nire susmoekin. Argi Hutsaren Zaindariari itsasora erori zitzaizkion blokeak erabili zituzten Tximistarriko lanak egiteko. Horrela, bada, bi aldiz pentsatu gabe, murgildu egin nintzen begiak zabal-zabal. Ez zegoen inolako zalantzarik. Hantxe zeuden irudi sakratuaren hondarrak; bere bihotzarenak behintzat, zementuan landuta, itsasoko goroldioaren azpian.

      Irakurri berriak ditut egun haietako egunkariak ostera. Ez zen urtebete ere pasatu oroitarria desagertu eta portu txikia inauguratu zuten egunera arte. Orduko datuak bat datoz; nolanahi ere, inork ez du txintik atera, hasieran esan bezala. Orain arte, bestelako asmoak neuzkan; frogak argitara ematea, alegia. Orain, ordea, beldur naiz garaiz kanpo ez ote nabilen dagoeneko. Ez dakit ez ote den hobe egia isilik gordetzea. Eman dezagun puskak bildu, txukundu eta Urgull mendi gainean jartzen dutela berriro. Ez genuke besterik behar!