Txipiroiak bere beltzean
Txipiroiak bere beltzean
2019, narrazioa
208 orrialde
978-84-17051-35-8
Azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2007, nobela
2002, poesia
1986, poesia
 

 

¡Mentira!

 

 

Ezkonberriak ailegatu bezperan jaso zituen Ana Marik ezteietako argazkiak; asteazkenean. Inork ez zuen hirurogei kilotik gora izango, eta beltzez jantzita zeuden denak. Atzean Pagoagako elizaren ataria zeukaten. Irailak hamazazpi egun zituen eta mendeak berrogeita bat urte. Urte bi ozta-ozta gerra bukatu zenetik, eta bazkaria, tamalez, ez zen izan okasioak merezi zuen bezain oparoa. Egun hartan semea besterik ez zuen falta. Presondegian zegoen.

      Andregaiaren ama Ordiziako feriara hurbildua zen egun hartan, eta Julian senarraren esku utzi zuen, bitartean, denda. Astero ez zen joaten, baina ordurako juxtu samar zebilen generoarekin, eta komenigarria iruditu zitzaion bisita. Ikusmiran ibili zen azokan barrena denbora puska batean, eta hiru oilo eta lau oilasko eder aukeratu zituen azkenean. Ohi bezala, zumez egindako zesto handi pare bat zekarren berarekin, bakoitza beso batean, eta bertan eraman zituen lasto gainean jarrita. Alde egin baino lehen, kremazko dozena erdi bonba erosi, eta arrautzak balira bezala, hegaztien ondoan egokitu zituen paper zuri finean bilduta.

      Etxerakoan, trena abiatu orduko, sekulako eskandalua sortu zen barruan. Oiloen iskanbila ferrokarrilaren triki-trakari nagusitu zitzaion berehala, eta geltokira iritsi arte ez zen isildu. Edozeinek badaki oilategietako hegaztiak zeharo erotuta daudela, baina egun hartako bidaiariek, itxuraz, ez zekiten lumadunak zirela baino askoz gehiago. Arratsaldean, iluntzen hasi baino lehen, ailegatu zen Hernaniko geltokira.

      Etxera heldutakoan, atseden hartu zuen sukaldean eta, handik tarte batera, patioa zeharkatu eta atzeko kalera ematen zuen etxabera jo zuen zapia buruan piraten antzera jarrita. Ukuilua esaten zioten, eta bertan izaten zituen Julianek arkumeak, sakrifikatu aurretik lau hankak soka bakarrarekin lotuta. Arkumeak balaka eta oilategia karaka, bi oilasko hil eta lumatu zituen Ana Marik, ezkonberriak ailegatu aurretik labean erretzeko.

      Hurrengo egunean, goizean goiz, tarte bat hartu zuen apaletan txokolate-tableta, xaboi-pastilla eta flan txino mandarin gehiago jartzeko. Oraindik bazegoen nahiko labore eta lekale kutxetan, eta azpil handi bat ekarri zuen sukaldetik tripotxez gainezka. Atera berriak zeuzkan bertako zenbait gazta ere mostradorera eta, trapuzko bi zerrenda zuri meharrekin gurutzean bildu ondoren, sabaiko habeetatik zintzilikatu zituen bakoitza bere kakoan.

      Argia piztu eta atea zabaldu bezain laster, Olegario agertu zitzaion txaplata beltza begian. Istripu batean galdua zeukan gaztetan, eta biolina jotzen ikasi zuen bere kasa pixkanaka-pixkanaka. Ostegunetan, Hernanin feria izaki, zozketa antolatzen zuen, eta arkume osoa izaten zen saria. Eguerdi aldera enkargatzen zuen Ana Mariren dendan, eta bazkalondoan albait goizen joaten zitzaion bila. Ilunabarrean, baserritarrek afari-merienda egin bitartean, Iparragirreren doinu batzuk jotzen zituen Zinkoeneko tabernan. Emanaldia bukatutakoan, eskua trapuzko poltsa zahar batean sartu eta zenbakia ateratzen zuen zirkuko magoa balitz bezala.

      Ordu bata baino beranduxeago itxi zuen denda. Argia itzali, eta sukaldean sartu zen mostradorearen barruko aldera ematen zuen atetik. Izkina batean intxaur-tintaz ilundutako bulego-mahaia zuten jarria eta, aurreko paretan zintzilik, telefono beltz bat zegoen etxekoek ez ezik, jende gehiagok ere erabiltzen zuena. Oso gutxi zeuden oraindik herrian, eta Urumea errekako auzotarren elkargune bihurtu zen herrira jaisten zirenean.

      Alaba eta suhia ezkondu zituen apaiza Pagoagako apaiza, besteak beste ostegunero hurbiltzen zen karitateko alabek prestatzen zizkioten olatak jasotzera. Eskolako haur bat bidaltzen zuten. Inoiz ez zen mandatari bera izaten, nork daki zergatik; bihurrikeria egon zitekeen tartean, zintzotasunari emandako saria ere bai. Ikasleak satin beltzez egindako poltsa ekartzen zuen eskutik zintzilik, eta zilar koloreko kaxa metaliko bat barruan.

      Halako batean, telefonoak jo zuen. Alaba zen; Maite. Iritsi berriak ziren Easo plazako geltokira, eta bazkaltzeko omen zeuden oraindik.

      Arratsaldeko txandara deika hasi ziren handik gutxira lantegietako tutuak; beraz, ordu biak baziren dagoeneko. Ikatz mordoxka sutan bota eta, bazkaria berotzen hasi aurretik, patiora ematen zuen leihoa ireki zuen. Estai guztietako sukaldeak, parez pare, zabalik zeuden, eta sekulako ardaila heldu zitzaion goialdetik. Etxeko zenbait bizilagunek, emakumezkoak denak, zelofanezko zorroak egiten zituzten Zikuñagako paper-lantegiarentzat, eta zaratak, gutxi gorabehera, bazkalordura arte iraun ohi zuen. Eltzeen usain sarkorra ailegatu zitzaion gero eta nabarmenago eta, begiak jaitsi zituenean, Julian ikusi zuen Ana Marik, eskuan arkumea zekarrela larrutu berria.

 

 

Ana Mariren senarrak, begiak sudurretik hurbil eta kokots bikoitza, ostalari gaskoi baten antza zeukan. Azpeitiko semea jatorriz, ezkondu bezain laster hiru pezetako soldata agindu zioten, eta etxea erosteko aukera sortu zitzaion Hernaniko Kale Nagusian. Errioguarda lanetan ibili zen luzaro Urumea errekan Diputazioaren aginduetara baina, behar izanez gero, etxean ere jarduten zuen, arkumeak hiltzen.

      Egun hartan bi koloretako bildotsa egokitu zitzaion lehenbiziko txandan. Ohiko ebakia egin zion lepoan, eta portzelanazko katilu handi batean jaso zuen odola. Aire-ponpa sartu zion azal eta haragiaren artean, eta gora eta behera eragin zion eskulekuari biak ondo bereizi arte. Jertsea eransten den moduan atera zion larrua burutik, eta lokalaren erdian zegoen zutoinaren gaineko kakoan egokitu zuen. Eskuak mandarrean garbitu zituen gero eta, kanalean irekita, erraiak atera zizkion. Arkumea eraitsi eta dendara eraman aurretik, lau estrabez egindako egitura baten gainean jarri zuen larrua, eta sabaitik zintzilik utzi zuen lehortzen. Urtean pare bat aldiz larrugindegiko langileak etortzen ziren, eta kamionetan eramaten zituzten denak.

      Ohituta zegoen arkumeak hiltzen, baina ez zuen sekula gustuko lana izan. Ahaleginak egin ohi zituen bere burua beste zerbaitekin entretenitzen. Andreari esan zionez, Juan Martinek presondegitik bidali zion lehendabiziko mezua gogoratu zitzaion bildotsa laurdentzen ari zela. Arrantzale axolagaberen bati konfiskatu bide zion zumitzezko zesto batean zeuzkan denak gordeta. Amorrazioak lagun egin zion bete beharrekoak amaitu bitartean. On puska zen baina, une horretan presondegiko zuzendaria harrapatu izan balu, bizirik larrutu eta gordinik irentsiko zuen.

      Oharra arkatzez idatzita zetorren, eta semeak erabili ohi zuen kutsua zerion edukiari, “zapaltzailearen hizkuntzan”, eta, sarrera gisa, betiko agurra zetorren: Queridos padres y querida hermana. Lagun eta senide guztien galdea egin ondoren, gurasoak lasaitzeko asmotan seguru asko, ondoko hitzak gogoratu zituen Julianek: …pues si me encuentro en prisión no es ni por ladrón, ni por delincuente, ni por criminal, sino por…

      Espetxeko zentsoreak, edo bere zereginaren ardura zeramanak, presoak zurian utzitako tartea betetzeko lana hartu zuen bere gain, eta por rojo jarri zuen letra gorriz. Ez zen, hala ere, eskutitza, Santoñako hondartza erakusten zuen postala baizik; beraz, ozta-ozta sartzen ziren lerro gutxi batzuk. Azpiko aldean, despedida moduan, nahiz eta artean ez zuen sekula izan bereziki samurra izateko joerarik, ondoko hitzak idatzi zituen: vuestro hijo que os quiere mucho, Juan Martin.

      Istant bat iraun zuen begirada galduta eta, zoru gaineko artile-arrastoak eta hegaztien lumatxak txilarrezko erratzarekin garbitu bitartean, semearen irudia bururatu zitzaion. Isilik bazegoen ere, etxea eraiki beretik zirauen haritzarekin ari zen hizketan Julian; arkumeak hil berri zituen zutoinarekin, alegia. Etxearen memoria, zuhaitzak bere garaia urtez urte eta eraztunez eraztun eraikitzen duen era berean, enborraren barruan gordeta balego bezala. Atzera egin zuen, hortaz, denboran, baina ez hainbeste.

      Atzeko kalera ematen zuen etxabe hura garajerako erabili zuten bolada batean. Urte haietan zatar-paperezko bobinak eta paper kizkurreko fardelak garraiatzen zituen Juan Martinek kamioian, eta hortik ateratzen zuen soldata. Aspaldiko Ford bat zen. Olanaz estalita zegoen, eta biradera bidezko abioa zeukan. Urte gutxiren buruan, alabaina, lan-eskariak behera egin zuen nabarmen, eta bebarru zabal hura oilaskoak, oiloak eta arkumeak hiltzeko leku bihurtu zen.

      Egun hartan bi antxume hil berri bizkarrean jaso eta sukalderako bidea hartu zuen, dendara eramateko. Ate joka zebilen norbait bitartean. Espero bezala, Maite eta Leandro ziren. Aspaldiko partez, gatzagi egin berriaren usaina nabaritu zuten sartu orduko; argazkia mahai gainean zegoen propio.

 

 

Ezkonberritako bidaia probestuz, Santoñara joan ziren, Duesoko presondegira, Juan Martini bisita egitera. Itxarkundia batailoian egin zuen borrokan. Elgetako frontean ibili zen harrapatu zuten arte, eta handik gutxira, Burdin Hesia erori zenean, errenditu egin behar izan zuten. Ofizialaren ardura zeukan harrapatu zutenean, eta bazuen aukera libratzeko. Alde batek eta besteak itun bat sinatu zuten gerra bukatutakoan, eta haren ondorioz antolatutako itsasontzian alde egin zezakeen atzerrira, baina ez zuen nahi izan, eta preso eraman zuten.

      Espero bezala, heriotza-zigorra ezarri zioten, baina bere arrebak, zorionez, albiste on samarrak zekartzan. Oraindik ez zuen mezua jaso baina, itxuraz, libratuta zegoen fusilamendutik, nahiz eta bizitza osoa eman beharko zuen itzalean; beraz, alde batetik poztu egin ziren baina, aldi berean, etorkizunaren beltza antzeman zitekeen gurasoen begietan.

      Azkenaldian, dena den, gerra atzean gelditu ahala, barruko giroa, itxuraz, ez zen hasierako hura bezain latza. Espetxeetako bizimoduaren gogorkeria gutxitzen hasia zen neurri batean, eta Juan Martinek pasadizo bat atera zuen adibide gisa. Astero bezala, miaketen ardura zeraman kartzelariak hamar preso behar zituen iragan ostegun hartan ere, baina inor boluntario aurkeztu baino lehen que no sean vascos esan omen zuen badaezpada. Ez zen, noski, euskaldunen aldeko jarrera hartu nahi zuelako, baizik eta separatisten zenbait deitura ahoskatzeko orduan topatzen zuen zailtasunagatik.

      Oraindik, halere, bazegoen kezkatzeko arrazoirik. Aurreko egun batean Goma izeneko kardinal frankista etorri zitzaien presondegira bisitan. Eskaini zien erretolika bitartean istilu larriak gertatu ziren, eta zigor-ziegan bakartuta eduki zituzten Maite eta Leandro ailegatu bezpera arte. Elizaren errukia adieraztera zetorren nonbait, eta hitz batzuk eskaini nahi zizkien zorigaiztoko anaia gizajoei; horrela, bada, preso guztiak patiora atera zituzten, eta, lerroz lerro jarri ondoren, eguzki galdatan egon behar izan zuten sermoia entzun bitartean.

      Aurreneko hitzak kontsolamenduzkoak izan ziren, adibidez: denak zirela jainkoaren semeak, gerrak denontzat zirela gaizto eta barkamena zor zaiola edozeini; baita etsaiari ere. Adore hartu ahala, alabaina, borrokarako grina joan zitzaion pizten eta, beste inguru-minguru askoren artean, aspaldi gordean eutsi ezineko hitzak bota zizkien azkenean: …porque queráis o no queráis, sois españoles.

      ¡Mentira!, egin omen zuen zapart jendetzaren erdian babestutako ahots zakar batek, eta oihuaren oihartzuna inguru gero eta urrunagoetan barreiatu zen, harria ur-azalaren gainean erortzen denean bezala.

      Erabat mutu gelditu zen kardinala, eta gatibuek ilundu arte gelditu behar izan zuten patioan zutik eta mugitu gabe. Espetxeko zuzendariak espero zuen, seguru asko, sortuko zela norbait neurririk gabeko lotsagabekeria hura salatuko zuena, baina zorionez inork ez zuen ahorik zabaldu.

      Ezkonberriek hiru hitzordu lortu zituzten Santoñan emandako bi aste haietan. Espetxeko maizterren artean denetarik bazegoen, nonbait; baita musikagile bat ere. Jakin zutenez, ereserki bat konposatu zuen bertako presoentzat. Abesbatza antolatuta zeukaten ordurako, eta kanta hura ere sartu zuten zerrendan. Erraz ikasi zuen Maitek doinua, eta paper-mutur batean jaso zituen hitzak. Aldameneko kartzelariak ez zekien zer egin: kantaldia eragotzi ala baimendu. Ostatuan zenbait saio osagarri egin zituzten isilpean, jakina eta azkenean arrebak ez, ordea, Leandrok buruz ikasi zuen. Etxera ailegatu ziren egunean, ahaleginak egin zituen alabak gurasoek entzun zezaten baina, bai zera, hasiera besterik ez zuen gogoratzen:

      Siempre cerca, siempre más cerca / Hora santa de libertad…

      Espetxetik hurbil hartu zuten ostatu, eta ia arratsaldero pasieran ateratzen ziren itsasertzetik. Egun batean, goizean goiz, Santa Maria del Puerto izeneko eliza ikustera joan ziren. Ederra iruditu zitzaien benetan eta, handik bueltan, bokartak jan zituzten San Antonio esaten dioten plazan.

      Herrira etorri baino lehen, egun batzuk eman zituzten Bilbon. Etsaiaren mende dagoen erabateko itxura zeukan hiri bizkaitarrak, eta piperpotoak ikusi zituzten balkoi askotan. Azkeneko sosak bukatu zitzaizkienean, Atxuriko geltokira gerturatu, eta trena hartu zuten Donostiaraino.

 

 

Otordua mahai gainean zegoen prest baina, aurrena, pisura igo ziren trasteak uztera eta arropak aldatzera. Oilo-zopa platerean zegoen dagoeneko, eta ahal bezain laster jaitsi ziren sukaldera. Ostatu eta tabernetako otorduekin aspertuta, inoiz ez bezala estimatu zuten etxeko janaria. Aspaldiko partez, bazkalondoko kafea hartu bitartean txikoriarekin nahastuta, noski kontu kontari jardun zuten. Oroimina nagusitu zitzaien solasean eta, besteak beste, semeak etxetik nola alde egin zuen izan zuten hizpide. Altxamendua gertatu eta handik gutxira, bila etorri omen zitzaizkion, eta Santa Barbarako baserri batean egon zen ezkutatuta.

      Behin ordu txikitan, lotan zegoela, harri koxkor baten kolpearen hotsa entzun zuen bere logelaren leihoko kristalaren kontra. Inazio Mari aspaldiko laguna ikusi zuen behean, eta denborarik ez galtzeko erregutu zion. Auzoaren bidez jakin zuen kontua: Andre Maria Pilarrekoaren eguna zela-eta zeharo mozkortuta zebiltzan sardinzar batzuk herrian, eta Juan Martinen izena eta berea aipatu omen zituzten.

      Etxebizitza lehendabiziko solairuan zegoen; beraz, barruko eskaileretatik jaitsi, eta garajeko atearen morroiloa irekitzen saiatu zen, baina ezin izan zuen. Inguru samarrean antzeman zituen kantari eta, berandu baino lehen, atzera solairura igo, eta balkoitik behera egin zuen salto. Etxetik kanpo ibili ziren bolada batean eta, giroa lasai samar zegoela iruditu zitzaienean, ezer gertatu izan ez balitz bezala itzuli ziren herrira. Ez zuten, hala ere, luzaro iraun; handik gutxira, Itxarkundia batailoian izena eman, eta borrokara jo zuten boluntario.

      Ana Marik ez zuen gogo handirik mahaitik altxatzeko, baina denda ireki beharra zeukan. Ingurutako baserritarrek ostegunak baliatzen zituzten iltzeak, eskarpiak eta tirafondoak erosteko ondoko ferreterian, eta laster agertuko zitzaizkion olioa, xaboia eta kontserba-poteren baten bila. Eugenio harategiaren aurrean ikusi zuen bere mantal beltz-orlegi marraduna jantzita; Emilianoren semea espaloian zegoen, aulki txiki batean eserita alpargata sorta bati espartzuzko zola jartzen; Epeleko Trini, aurrez aurre, pertsiana ari zen biltzen eta, igo ahala, kolore guztietako hari-txirrikak hasi ziren agertzen erakusleihoan; eta zenbait neska-mutil ostegun arratsaldean eskolarik ez gozotegia ireki zain zeuden etxeko karameluak erosteko irrikan.

      Halako batean, ordea, ama-alabak solasean ari zirela oraindik ere, aldameneko etxekoandrea etorri zitzaien ikarak airean: barrandan omen zebiltzan sardinzarrak, berriro ere Kale Nagusian barrena. Aldian behin, gutxien espero zutenean, ikusmiran ibiltzen ziren kalez kale bazterrak endredatzen eta Francoren irudiak herriko dendetan zintzilik segitzen ote zuen zaintzen. Albistea entzun bezain laster, aztarnarik utzi gabe lekutu zen Julian; zelatan zetozen haiek bazekiten, noski, non zegoen Juan Martin, eta Urumeako errioguardak ez zuen guardia zibilen lotsagabekeriari erantzuteko batere gogorik.

      Ahalik eta azkarren, zoko batean baztertuta zegoen argazkia atera zuen Ana Marik mostradore gainera, eta txistua bota zion hiruzpalau aldiz jeneral nagusiari. Aurkitu zuen lehenengo trapu zaharra eskuan hartu, eta behin eta berriz saiatu zen dirdira atera zion arte. Egutegi bat baztertu zuen gero eta, dendako ateari begirik kendu gabe, libre utzitako kakoa probestu zuen irudia zintzilikatzeko. Azkenean, berandu baino lehen, Francoren begiradapean zegoen berriz ere denda, eta miaketa gainditzeko gertu. Alde batera eta bestera begira, bi guardia zibil sartu ziren barrura buenas tardes esan gabe sikiera. Argazkia ikusi zutenean, tente jarri, eskua eskuineko lokira eraman, eta etorritako bidetik egin zuten alde.

      Auzolanak, baldinbaitere, espero bezala bete zuen bere zeregina baina, dena den, kalera atera zen Ana Mari arriskurik ez zegoela ziurtatzeko. Etsaiaren sufre-usainak alde egin bezain laster, Julian agertu zen botila bat sagardo esku batean eta kortxoa kentzeko ginbaleta bestean zekartzala, eta berriro elkartu ziren laurak sukaldean. Ondo merezitako hasperen luzea atera zitzaien batera eta, leihoak badaezpada ere itxi ondoren, horrela kantatu zuten ahotsa gehiegi goratu gabe:

      Siempre cerca, siempre más cerca / Hora santa de libertad…

      Oraingo honetan Maitek ez zuen izan kantaren hitz guztiak gogoratu beste erremediorik.

      Siempre cerca, siempre más cerca / Hora santa de libertad / El recuerdo siempre presente / Del Penal Dueso perdurará / Somos los hombres del dolor / Los que tenemos corazón / Que saben sufrir, que saben llorar.