Fakirraren ahotsa
Fakirraren ahotsa
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-22-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
Fakirraren ahotsa
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-22-8
aurkibidea
 

 

CAPRI C'EST FINI
(BONUS TRACK)

 

 

Bobina zaharra digitalizatzeke dauka Pharosek. Idazle batek ekarri dio, Fakirra hil eta handik hamabi urtera, haren aitak grabatu zion kanta bertan egon daitekeelakoan. Ustez huraxe izan liteke Fakirrak inoiz grabatu zuen lehena: Herve Vilarden Capri c'est fini. Ederra litzateke Fakirraren kanta galdua topatzea, zertan uka, haraindiko mezu bat, ahots gazte batek igorria. Jean Pharosek ez dauka grabazio hura berreskuratzeko esperantza askorik, ordea, ziurrenik ezabatu eta gainetik beste zerbait grabatuko zutela aitortu baitzion idazleak berak; hala susmatzen zuen haren aitak. Zinta gutxi zituzten 60ko hamarkadan eta garestiak ziren aldiro berriak erosteko; berrerabili beharra zegoen. Bi egun geroago etortzeko eskatu dio Pharosek, teknikoki dena gertu eta digitalizatuta edukiko duela. Baina ez du lanik aurreratu. Jean Pharosek erabaki du ez duela zinta hura berak bakarrik entzun nahi, lekuko bat behar duela. Idazleari deitu dio, honenbestez, biek batera entzun dezaten.

      Entzule bila, beti. Espaziora ere ahots diren mezuak bidaltzen ditugu, denbora zeharkatuko duten itxaropenarekin. Gugatik zeharkatu, gure ordez. Gure ordez, baina gu gabe. Gure oroimenean eta gure omenez. Imanol bere Parisko exiliotik itzuli zen urte berean, 1977an, hainbat kanta igorri zituen NASAk Voyager zundaren barruan. Urrez estalitako diskoan, Chuck Berry, Blind Willie Johnson, Stravinski, Beethoven... Bat nabarmentzen zen, ordea, guztien artean: Johann Sebastian Bach. Ez bat eta ez bi, haren hiru pieza jaso zituen disko galaktikoak. The Beatles taldearen Here Comes the Sun ere hautatu zuten, baina EMI diskoetxeak ez zuen erabiltzeko baimenik eman.

      Pharosek ezinegona ikusten du idazlearen begietan. Calvados bat hartzera gonbidatu du, apur bat lasaitu dadin. Esperientziaz daki beti funtzionatzen duela.

      A Imanol le encantaba el Calvadoz”.

      Harroxkoa iruditu zaio hasieran idazlea; azalpen gehiegi eman dizkio, liburua idazteko Imanolen zenbat lagun elkarrizketatzea lortu duen kontatu dio, nola gero nobela bat egin duen, nola pertsonaietako zenbaiti izen-deiturak aldatu egin behar izan dizkien eta beste zenbait pertsonaia bakarraren barruan bildu. Nobela kolektibo bat izatea da bere asmoa, beraz, kontatu nahi izan diotenarekin eta kontatu nahi izan ez diotenarekin egina. Jendeak gogo onez egin dio harrera, bere bizitza puskak eta bere denbora oparitu dizkio, eskuzabaltasunez. “Argitzal askoko pertsonaia zelako” interesatzen ei zaio Fakirra, bere kasakoa eta bakarra. Banidosoa eta uste handikoa iruditu zaio hasieran idazlea Jean Pharosi, baina gero, batez ere, xaloa begitandu zaio.

      Liburuak zein izenburu izango duen galdetu dio.

      Fakirraren ahotsa”, erantzun dio idazleak.

      “Ahotsa nondik datorren, hori da kontua”, bota dio Pharosek, zinta digitalizatzeko unea ahalik eta gehien atzeratu nahi balu bezala. Konturatu zen aurrekoan ere idazlea: Jean Pharosek badu teoria bat gai bakoitzerako. Edo bat baino gehiago.

      “Ahotsak ez luke zintzurretik atera behar, ez eta, kanta-irakasleek errepikatu ohi duten legez, tripetatik ere”.

      “Nondik, orduan?”.

      Tu parles français, n'est-ce pas?”, bere buruari idazle deitzen badio, jakin beharko lukeela suposatu du Pharosek. Gaizki suposatua. Idazlearen erantzuna ez da oso bihotz-altxagarria izan:

      Un petit peu”.

      Frantsesez jarraitu du Pharosek, hala ere. Bere ama hizkuntzaren premia du hura behar bezala kontatzeko.

      “Puskatzen denean da ahotsa ederren. Pitzatzen denean edo erdibitzen denean. Ahotsa ateak harrapatutako hatza da, ezusteko haserrearen trumoia, berdintzen gaituen negar lantuaren zezela... Orgasmoaren erpinean zeure gorputzak zugatik egiten duen eta haren zergatia jakitea zail den bokal-hautu inkontzientea. Eta zeure gorputzak behin bokal hori hautatu duelarik, eztarriak egosten du. Egosten eta eraldatzen. Eta beste bokal bat bilakatzen du hots hori, ulertzen? Eta txirikordatzen eta errepikatzen... Eta ohaidearen suspirioen konpasera ekartzen, haren hautu bokalikoarekin harmonizatzen, kalko solidario eta imitazio gozo. Idatzi ezin diren bokalak badirelako, voilà... Denok gara Arnold Schönberg eta Edgar Varese, Thelonious Monk eta Maria Callas, Nico eta Lou Reed, Leo Ferre eta Edith Piaf, larrutan egiten dugunean! Telefonoz larrurik jo ez duenak ez daki benetan larrutan egiteaz dena oraindik... Benaz, ez daki larrutan egiteaz deus!”.

      Gaiaren muinetik desbideratzen ari dela iruditzen zaio idazleari, baina jarraitzen utzi dio. Ez daki zer esan. Ez du zertan jakin, Pharosena baita bakarrizketa:

      “Badago zer entzun, oihartzunak baino ez izan arren. Eta oihartzun horietan geure ahotsarekin parte hartzeko aukera eman zaigu… Ezkutatu edo nabarmendu. Mintzatuta edo mintzatu gabe. Buru barruan geratzen diren ahotsak ere badirelako izan. Korua zara, bigarren ahotsa, grabe jarraitua? Zer demontre zara?”.

      Idazleak badaki ez dela galdera bat.

      “Gustuko audientziari nahi diozu hitz egin ala audientzia arrotzari? Hauta, arren: liderraren segizio gregario izan ala lider bilakatu… Edo indibiduo bakarreko armada. Sortu nahi duzu ala inorena errepikatu? Gerra oihua da zurea ala hasperena? Ahotsak su baxuan egosten duena gorputz osoak ematen dio maileguan: nia eta agonia... Eta, halere, badaude kantari batzuk haien ahotsa hitz egiten dutenetik abesten dutenera erabat aldatzen zaiena… Batzuetan gertatzen da elkarrizketan totel edo arrunt dirudien ahots batek liluratu egiten gaituela derrepente abesten hasi orduko, beste bat ematen du...”.

      “Ez zen Fakirraren kasua. Nahiz eta hizketan aritu, lehen silaba ahoskatu orduko zenekien bera zela, ezta?”, eten du idazleak.

      Izan ere, Imanolek zerbait bazuen, hori, nahastu ezin den ahotsa zen. Orain, jada hilik dagoenean, kantari jarraitzen duena, bizitzeko gonbita eginez, bera hiltzen den gauean izarren salda edan eta lasai lo egiteko eskatuz, gogoraraziz nekazari pobreek —damurik ala ez— bizitokiz aldatzen jarraituko dutela etzidamu ere. Arimaren penak arindu behar direla eta aldi berean arimarik ez dela batere eta hobe dugula gorputzaz gozatu. Arima ez dela ezer, ez bada irrika, ez bada gogoa, ez bada penak uxatu behar zaizkion norbere larrua bera, ez bada elkarri hitz egiteko arrakala mihi bat, hauspo estuko zakatz. Erretzen ari den aurpegi bat, ispilu aurreko sugar etengabea, agure, haur, nerabe eta heldu.

      “Kanta on bat beti da bihar”, dio Pharosek.

      Calvados ttanttarik ez duen kopa hurbildu du sudurrera, urruneko sagar baten lurrina atzeman nahian, usainek eta hotsek bat egiten duten puntua, gutako bakoitza fruitu izan zen garaian zintzilik eduki gintuen adarra.

      Je parle trop, excusez-moi!”.

      Revoxaren bobina hutsean katigatu du zinta magnetikoaren muturra. Bobina bat askatu eta husten hasi ahala, bestean kiribiltzen doa zinta. Ez dute abiadurarekin berehalakoan asmatu, Revox batetik bestera aldea egoten delako eta ume ahots marrazki bizidunetakoa dirudielako honek. Kantarik ez batere, momentuz. Aparatuaren abiadura egokitzea lortu dutenean, gizonezko baten ahotsa bereizi dute: “Derecho constitucional como pregunta de derecho político. En todas las sociedades, distinción entre gobernantes y gobernados...”.

      Idazleak zirkin egin du.

      “Nire aitaren ahotsa da hori... Zuzenbidea ikasten zuen garaikoa ematen du. Lezioa grabatuko zuen, gero entzun eta buruz ikasteko!”.

      Grabagailuak halako gauza praktikoetarako ere erabiltzen ziren garai hartan. Gutxi gorabehera, belarriz, errepikatuaren errepikatuz bilakatzen gara garena. Esate baterako, abokatu. Lezio grabatuak ez du, ordea, sobera iraun. Gainean beste zerbait dago grabatua, aurrekoarekin zerikusirik ez duen beste geruza bat, beste gizonezko baten ahotsa, lodiagoa eta grabeagoa, solemnitate handiz eta ahots sakonez testu bat irakurtzen ari dena. Idazlearen aitak poeta baten grabazioarekin ezabatu zuen bere zuzenbide lezioa. Nicolas Guillen da, Little Rock poema errezitatzen:

 

            Un blues llora con lágrimas de música

            en la mañana fina.

            El Sur blanco sacude

            su látigo y golpea. Van los niños

            negros entre fusiles pedagógicos

            a su escuela de miedo.

            Cuando a sus aulas lleguen,

            Jim Crow será el maestro,

            hijos de Lynch serán sus condiscípulos

            y habrá en cada pupitre

            de cada niño negro,

            tinta de sangre, lápices de fuego.

            Así es el Sur. Su látigo no cesa...”.

 

      “Disko bat utziko zion norbaitek. Aitari gustatu eta grabatu egingo zuen, etxerako”.

      Aurrerago, txatal eta geruza gehiago: Rodrigo maisuaren Aranjuezko kontzertua Vicente Escuderoren bertsioan eta Atahualpa Yupanquiren Camino del Indio. 70eko hamarkada, horratik, puri-purian. Garai haren ausazko erretratua da zinta hura.

      “Hori da dena? Ez dago besterik?”, presatu da idazlea.

      No, todavía hay maz. La cinta tiené doz caraz”.

      Bobinaren bestaldean, Georges Brassensen kanta bat: Je suis un voyou. Eta segidan, Lasarteko herriko jaietako grabazio bat: Santa Anako herri epaiketaren parodiaren zuzenekoa, osorik emana.

      “1976koa izan behar du, inondik ere, urte hartan gure aitak idatzi zuen libretoa”.

      Zirtoa egin dio Pharosek:

      ¿Todos los ezcritorez tienen padrez ezcritorez?”.

      Santa Ana jaietako fartsa: “Silencio en la sala... digo, en la plaza... Este tribunal se hace cargo del proceso contra Zaku y Zilbor, por inhibición del tribunal militar sobrecargado de trabajo en estas fechas...”. Epailearen mailua entzun da. “El artículo 555 coma cinco del código penal”. Barreak. “¡Individuo lo será usted!”. Barreak. “Llamamos al testigo ocular, Cucufato Casinovés”. Barreak. “¡Secretario, domínese!”. Barreak. “La defensa llama a su testigo principal: Alcolino Cogorzas”. Barre ozenak.

      “Gaur egun ere oraindik antzezten da epaiketa fartsa hori. Herriko gertaeren urteko errepasoa egin eta su ematen zaie amaieran lastozko bi txorimalori, Zakuri eta Zilborri, Okendo plazaren erdian, Santa Ana jaietan”.

      Zaku eta Zilbor. Sebastian. Azeri-dantza. Erre beharreko txorimaloak denak. Kiskal daitezela, norbera ez kiskaltzeko. Zomorroek hel diezaietela haiei, izurria izan dadila besteentzat, salba dadila gure uzta. Erre guztia eta uxa ditzala keak gure etsaiak.

      Epaiketa amaitu denean, idazlearen aitaren ahotsa berragertu da: “Anticolonialismo. Constitución española. La liquidación de las deudas de guerra...”.

      Capri c'est fini kantaren aztarrenik ez, ordea. Eta, halere, zinta hura entzutea denbora kapsula batean bidaiatzea izan da. Zuzenbide politikoko lezioa errepasatzen duen idazlearen aitaren ahotsa, idazlearen aitarena da, baina jada, ez da.

      Pharos asko pozten da grabazioa idazleak eta biek batera entzun izanaz. Elkarrekin entzuten denak beste zentzu bat hartzen du. Elkarrekin eta behin bakarrik entzuten denak, zer esanik ez. Beste esanahi bat izan du hartara dezepzio konpartituak, espero zuten kanta bertan ez aurkitzeak. Orain, Pharos eta bien patuak loturik daude zelanbait. Idazlearen atsekabea irakur dezake haren aurpegian; aitortu ez arren, benetan zuen zinta hartan Imanolen kanta galdua aurkitzeko itxaropena.

      Idazleari ere kontsolagarri suertatuko zaio Pharosek egingo duen errituala. Binilo bat hartu du, Fakirraren disko guztietatik kuttunen duena.

      Puedez acompañarmé zi quierez”.

      Aspaldi ez du entzuten eta zikin egongo da segur, hautsez estalia. Han ditu trapua, espraia, felpazko zepilloa, biniloak garbitzeko kit osoa. Aurrez trapua pasatu eta garbitu gabe ipini du, hala ere. Harrituta begiratu dio idazleak, aditzea baitu entzumen zorrotzekoa bezain maniatikoa dela Pharos bere disko bildumarekin. Hala deskribatu du nobelan; agian berridatzi egin beharko du pasarte hori.

      “Disko bat, zirkuluaren koadratura da: itzulika dabil, baina aurrerantz doa. Tamalez, zirkunferentziak gero eta estuagoak dira biniloak aurrera egin ahala”, bota du Jean Pharosek, “gazteak ez dira horretaz jabetzen: denbora estutzen doala”.

      Biniloa, kantak eta ahotsa, dena da gero datorrena egiteko aitzakia hutsa. Diskoa amaitu eta orratzaren muturrak zikinkeria pilatu duenean, altxatu delarik disko-jogailuaren besoa eta jatorriko puntura itzuli, orratzean pilatu den hauts bolatxoari putz egin dio Jean Pharosek, mendiko txikori belarrari edo urtebetetze kandela bakarti bati putz egingo liokeen moduan.

      Musikan pentsatu, erabat pausatu ez arren etengabe altzarien gainera erortzen ari dela dirudien hautsean pentsatzen duenak bezala.

      Atariraino lagundu eta bueltako bidea topatzeko gai izango ote den galdetu dio.

      “Postariak beti galtzen dira hemen”.

      Moldatuko dela, ez arduratzeko.

      Poliki baina hersturarik gabe egin du errepide nagusirainoko bidea, zidorra bide eta bidea errepide bilakatu zaizkion arte. Estuak eta traketsak dira lehen bihurguneak mendatean behera; ia-ia autoa geratzera derrigortu duten ferra itxurako kurba itxi pare bat ere bada gero, baina, apurka-apurka, bideak gidariaren ahalegina eskertu eta erraztu egiten du autoaren galopa; gero eta irekiagoak dira errebueltak, zabaltzen doa errepidea eta zuzentzen bidearen ardatza.

      Leihatila ireki duenean, erre usaina sartu zaio kanpotik. Erabat ahaztua zuen San Juan bezpera dela.

      Keak, kearen usain lausoaren ordez, erretako gauza zehatzagoen aire trinkoa duen urteko egun bakarra.