Fakirraren ahotsa
Fakirraren ahotsa
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-22-8
azala: Xabier Gantzarain
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
Fakirraren ahotsa
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-22-8
aurkibidea
 

 

BIZARDUNAK

 

 

“Non ibili haiz bart?”.

      Etxe apal bateko semea da Imanol Lurgain. Apal, neurri bateraino, badutenez badaezpadakotasunaren luxua. Bi manteleria joko dituzte gurasoek, baina horietako bat, dotoreegia delakoan, ez dute sekula erabiltzen, badaezpada. Badaezpada, zer? Ingalaterrako erregina tea hartzera noiz etorriko zain daude? Mila-hariko mihiseria fin hura epe luzerako inbertsio antzeko bat da, edo bizitza aseguru baten funtzioa betetzen du. Sineskeria bat da; manteleria ukigabeak garbi eta salbu dauden bitartean, salbu geundeke gu. Sardexka-koilarak, beste hainbeste: igandeetan soilik ateratzen dituztenei “zilarreria” esaten die aitak, nahiz eta ez diren benetan zilarrezkoak. Koilara da musika-tresna erabiliena plater sakon lozazkoetan tin-tin; burgesiaren seinalagarri litzateke sardexka koilara baino maiztuago egotea, eta ez da hori kasua. Labanak zorrotz badaude, janaria hezurretik bertan deus laga gabe banatzeko intentzioagatik da, ez nork bere xerra sarri-sarri jateko ohitura duelako. Badator txorroskileroa bizikletan: duintasun kontua da labanak ez kamustea, dotorezia ebazteko modua ia. Seme-alaben galtzak lisatu aurretik patrikatan ahaztuta geratu diren txanponak Orlando tomate poto batean gordetzen ditu amak, Margaritak. Txanpon horiek dira aurreztu dezakeen guztia. Ez zaio jatekorik falta izan sekula, baina xumetasunaren eta ordutegi estuen eskolan hazia izan da Imanol. Bost senidetan gazteena, gizonezko bakarra da bera, lau ahizpen ondoren jaiotako bihurri kontsentitua. Ez du, honenbestez, txikiegi geratutako arropak herentzian jasotzeko anaia nagusirik. Horren ordez, emakumeen eguzki epelean hezia, muxu, mimo eta karizia, gaztetatik garatu du saldotik bereizteko pitxia single edo kolore deigarri batek izan dezakeen garrantzia balioesteko sena. Aitaren figura salbuespena da eta gutxiengoa bere etxean.

      Arrebak sukaldean izarak biltzen, aurrez aurre. Hori da oroitzen duen lehen gauza. Hori da oroitzen duen lehen dantza: ertzak ertzarekin bat etortzearen magia eta poza. Izara tolestea, inoren hatzak zureekin ukitzeko aitzakia. Handia eta zabala zena, laukizuzen bihurtzen zen eta armairuko kaxoian gordetzen, mihiseria ukigabeen gainean. Labanda eta lila usaina dago geletan. Argizariarena pasilloan. Arrain-zoparena sukaldean.

      Vespinoan ibiltzea maite du eta haizeak aurpegian eman diezaion, baina, aita jauntxo baten txoferra duelako, Imanoli ez zaio autoa gidatzea sobera gustatzen. Nahiago du besteek eraman dezaten. Kontzientzia soziala eta klase kontzientzia hortik ote datozkio, aitaren txofer lanetik beretik? Inoren zain eta inoren zerbitzura bizi den aita zintzo baten ispiluari begiratuta ikasi du ez duela inoren zain eta inoren zerbitzura bizi nahi. Ez lanean eta ez beste inon. Gurasoak ispilutzat hartu behar baitira, baina ez sekula autorretratutzat. Desenfoke azkarra bilatzea da nerabearen errebeldia, eta batez ere, ispiluari garaiz ihes egitea.

      “Non ibili haiz bart?”.

      “Dantza taldearekin, entseatzen”.

      Amen-amen. Ohitura kristauak badira etxean, eta ez gutxi: konfesioa eta penitentzia, lehengusu-lehengusinen bataio eta jaunartze bazkarietako argazkiak. Gero, kristauak izan arren gustagarri diren ohiturak ere bai. Zenbait baraualdiren ondorengo oturuntzak. Erramu egunean adar bat bedeinkatu eta sarrerako atean jartzea. Nori ez zaio erramuaren usaina gustatzen? Eta, are garrantzitsuagoa: nori ez zaizkio ateak gustatzen? Erlijioak baditu bere moduak etxeetan sartzeko.

      Imanol fantasia eta barne mundu handiko haurra zela berretsi zuten berehala gurasoek, begirakune pentsakorrekoa, baina miopiak zeukan erruaren parte bat. Betaurreko biribilak jarriko ditu nerabezaroan, armazoi arinekoak. Laster utziko du bizarra luzatzen, nahiz eta dantza taldean hasi berritan egunero moztu. Garaiak eskatzen duelako edo ongi ematen diolako lagako du bizarra. Azken lerroan jartzen dute beti taldean, baldarra delako eta altuegia dantzarako.

      Bere adiskide Juanjo Bengoak konbentzimendu handiz esaten duen bezala, “Franco diktadorearen esterminio kulturalaren kontra borrokatzeko dugun modua da dantza taldea”. Zer egiten dute Franco diktadorearen kontra? Bada, dantza. Dantza bakarrik?

      “Non ibili haiz bart?”.

      “Dantza taldearekin, entseatzen”.

      “Hain berandura arte?”.

      Burua apaldu eta arrain-zopa hurrupatu du Imanolek. Ez du erantzun.

 

 

“Kontzertu klandestino bat, Ibaetan”. Zabaldu da zurrumurrua. Eztabaida denez aurrerabidearen bisagra, asanbladan eztabaida daitekeen kontua da kantariaren bizarra ala lokalaren zokoa ote den ilunagoa. Lehoiaren ilajean, txima-bizar gazte eta sarri haietako ile bakoitzean hasten da dena. Tabako hariren bat geratzen bazaio inori bizarrean dilindan, nekez nabarituko da, kolore berberekoa delako, kamuflaje iluna, tabako zein bizar. Sinetsita daude iraultza eguzki-lore bat dela, bere burua argirantz jiratzen duena. Baina argirik ez bada, orduan zer?

      “Aizu, aski da! Pikutara eguzki-loreak: metaforak burgesak dira”.

      Ate ttipi bat, eskailera batzuk. Soto krakatsu bat besterik ez da lokala. Kantaldia hasita dago jada. Aintzakotzat hartzeko beste xehetasun bat: zigarroen keak pitzatutako giroa dela kantategiaren erdia. Celtas gehienbat; agian Bisonte bakarren bat. Ideales, beharbada? Amek eta izebek trikotatutako artilezko jertseetan lapatuta geratuko da zigarroen usaina; tabako gogorraren kirats zaharminduak mozorrotuko die arditik dutena. “Artaldearen premia duzulako dakizu ardi bat zarela”. Erretzaile zein ez, denek dute usain berbera, norbere izerdiarenak soilik ñabartua. Zutikako esekitokietan, etxe moketatuetan barrena, tabakoaren kiratsa salatuko duten bandera mortuak izango dira panazko jakak biharamunean.

      Soto hain ilun eta ezkutuan are zirraragarriagoa da “kaleak hartzeari buruzko kantak” entzutea. Satorrarena jotzen ari dira satorzulo hartan, baina, sinetsita daude hala dela, satorra bilakatzen hasia da azeri. Otsoari burua mozteaz ari da kantaria: ez da zentsurari itzuri egiteko pentsatutako irudi sotilik han.

      Katakonbatan bilduta daudenentzat kanta ez da deus lirikoa. Are gehiago, susmagarria litzateke lirika: deiadar bat da kanta, lotura guztietatik askatzean ateratzen den harrabotsa.

      “Antigua auzoko lagun batek abestuko du orain”.

      Hainbeste buru kalpartsurekin ezin haren aurpegirik ikusi. Mikrorik ez da, jakina; ozen hitz egin behar du aurkezleak eskailerapekoek entzun dezaten.

      Kantari hau bada zerbait ezberdina: ahotsa lakarra du eta ahalko balu ere ez luke leundu nahi, energia eta indar gehiegi inondik ere, ezin disimulatu, ezin dezake dosifikatu ere. Neska batek —agian bere arreba batek— behin esan zion: “Ahots polita daukazu”. Sustraitu zen laudorioa lur samurretan. Egoa sinesbera da eta nonbait finkatu behar ditu atzamarrak. “Ahots polita daukazu”. Jabetu gabe zegoen. Egia da, eta, gainera, sinetsi egin du. Bi gauza diferente dira, eta biak dira inportanteak.

      Kaleko hizkuntza erabiltzen du bere kanten letretan, eta erabili ahala jaso eta gogoangarri bihurtu. “Lehengo batean, kalearen erdian...”. Denok ikusitako gauzak. Denok entzundako gauzak. “Ez bezatu hitzak, ez bezatu ahotsa. Aldarri bat da, nabaritu dadila hala dela”.

      Lokalera jende berria sartu ahala, lepoak jiratzen dira, jakin-minez eta beldurrez. Beldurrez eta jakin-minez begiratzen dute barrurantz sartu berriek ere.

      “Nor da tximaluze hori?”.

      “Betaurrekoduna? Imanol izena duela uste dut”.

      John Lennonen antzekoak ditu Imanol Lurgainek betaurrekoak, ttipi eta biribil. Sorbaldaraino erortzen zaio tabako koloreko ile sarria.

      Etxera eramango duten panfletoa da soto iluneko ke artean konpartitutako ereserki bakoitza. Hatzek zakar kolpatutako gitarra —bi akorde doi, ez dakizki askoz gehiago—, salaketari laguntzeko aitzakia hutsa. Buila eta txaloa. “Jendeak badakizki leloak eta nik ez, atzeratuta nabil”. Atzenduta geratu nahi ez duena, entzundakoa ez jakiteaz lotsa dena, lotsak darama ikastera eta ez kantaren mezuak. Lotsak garamatza, baiki, zer ikasten dugun oso ongi jakin gabe, gauzak presaz ikastera.

      Eta etorkizuna gu jabetu orduko iragan bihurtzea, modu barkaezinean litzateke lotsagarri.

      “Gaur aurrekoan baino jende gehiago etorri da, ala?”.

      Gero eta gehiago dira. Hala uste dute. Hala komeni zaie sinestea.

      Txalo klandestinoa. Gora eta goraren baten ujua tarteka; deiadarren bat berandu iritsi eta letrarik ez zekienak bere burua justifikatzeko, ausarkeriarekin norgehiagokan (“entzungo ote da hau dena kaletik?”). Hondartza ertzeko olatuetara hurbildu bai, baina bustitzen ez diren oinen lasterka herabea. Irrintzirik ez, gaur. Txapela pasatu dute, “dirua presoentzat da”.

      Iraultza eta kontrairaultza, dena egiten da entzutez. Inork zerbait aditzera duelako. Aditu eta entzundakoa sinetsi, eta horren ondoren, erabaki bat hartu, zenbat eta zenbat aldiz izan da horrela? Gutxi gorabeherakoa denik sinetsi gabe “entzutez” dakigun hura, lelo irmoegi edo testigantza badaezpadakoegi bat aditu ondoren ahotan hartu eta behin eta berriro errepikatu dugu: eroso dago eztarrian, sortzez gurea balitz bezala. Entzunez eraiki, entzundakoaz fidatuz. Eta berdin deseraiki, mesfidatu, iraindu. Gutxi gorabehera bihurtzen gara garena, entzutez eta ezarian. Hausnarketak ez du hor tokirik; inori entzundakoak geure eztarrian hartzen duen lekuaz besterik ez gara ari. Belarritik ahora dagoen distantzian ebazten da ia dena.

 

 

1967ko salbuespen egoeraren ondoren, norbaitek kantatu du eta kantaria salatu. Imanol bederatzi egunez eduki dute ziegan atxilo.

      Egon da hamabi orduz hormari begira eta pentsatu du horma hori begiradaz txikitzea zein litzatekeen eder, baina horma ez da mendrenik ere higatu. Betaurrekoak kendu dizkio uniformedunak eta galdeketa gelako mahai gainean paratu. Betaurrekoez gabetzea destolesteko modu bat da: haietatik gandutsu ikusten du orain bere burua. Aspaldi jabetu zen honetaz: betaurrekoak erantzita hitz egiten badiote, errazago ahazten dituela esaten dizkiotenak. Begiekin ere entzuten da, nonbait. “Más te vale cantar” horren serio esan diotenean —“pero si ya canto”, bere artean— ohartu da ez daukatela bere kantaldi klandestinoen berri. Kemena eman dio horrek.

      Imanoli malkoak ateratzen zaizkio hormaren kontra burua bultzatu eta borrarekin sudurra zanpatzen diotelarik. “Zerriak”, esaten dio bizkarretik aurpegirik ez duen ahots horrek, “zerri zikinak: inurriak bezala zanpatuko zaituztegu”. Inurri erraldoiak ikusten ditu bere irudimenean Imanolek, zerriak bezain handiak diren inurriak. Segidan, ordea, hatz puntez birrindu daitezkeen zerri ttipiak ikusten hasi da, inurrien eskalakoak. Inoren inkongruentzia bihur liteke gure indargune: “Aklaratu hadi: zerriak gaituk, ala inurriak?”. Eta gero, bestea etorri da, polizia zintzoa, odol orbanez eta zorriz betetako manta horrekin. Dardarka dago, baina uko egin dio tapakiari.

      ¿Qué pasa, que la manta no es lo suficientemente buena para ti?”.

      Egurtzen duten bakoitzean Hernaniko azeri-dantzarekin gogoratzen da, jaietan bizkarrean maskuri-kolperik ez jasotzeko nola ibiltzen ziren dantzari buruhandiengandik iheska. Bederatzi egunez ez du abesten eta ez du kantatzen. Ezta bere arreba guztiak banan-banan bortxatuko dituztela esaten diotenean ere.

      Son muchas, pero no vamos a dejar ni una, ¿verdad? Por mis huevos que las vamos a poner a todas mirando a Cuenca”.

      Listu zein odolbildu, irentsi egiten ditu biak, haiek ahotik botaz gero gorputzaren zati bat galduko duen beldur. Ubeldurak dira gutxienekoa. Baina zer esan buruko minaz. Burukomin horiek hil arte pairatu beharko ditu, horma baten aurrean edo igogailu bateko ateari begira hogeita hamar segundo baino gehiago pasatzeko ezintasun patologikoarekin batera.

      Txofertza laneko uniformea soinean duela jaso du aitak komisaldegian. Arrotza egin zaio haren besarkada. Aurpegiko ubelduez, ez dio ezer galdetu. Autoko maletategia ireki du aitak zerbait erakusteko.

      “Amak eta biok gitarra berri bat erosi diagu”.

      Ahaztua zuen. Bere urtebetetze egunean atxilotu zuten. Bigarren gitarra bat erosi diote. Badaezpada?

 

 

Elizako sotora poliziarik sartzen ez denez, parrokietan elkartzen dira. Kaptazioa, hitz inportantea da hori: mezua badu norbaitek, baina mezua helarazi egin behar da, mezuak iritsi egin behar du lekuetara, mezua barneratu egin behar da eta hitzetik hortzera lau haizetara hedatu; ez da jende guztia ideietara aldi berean iristen. Koldar pasiboak konplize bihurtu behar dira, badago zeregin franko: papera lortu, inprenta lanak, multikopistak, vietnamitak, propaganda eta buzoneoan lagunduko duten bolondresak behar dira, materialarentzat ezkutalekuak, pintadak egiteko jendea.

      Tabako usainari erantsi: tinta beltzarena.

      “Nola antolatuko dugu hau?”.

      Iraultzaileak katekistei txanda hartzen ari dira elizaren lokaletan. Txanda hartu beharrik ere ez: batzuetan berberak dira. Natxo Neira, esate baterako, katekistaren semea. Badira gizonezkoak, nahiago dutenak beste gizonezkoen arrimuan dantza egin emakumezkoekin baino, gizonezkoen artean intimitatea sortzeko aukerak ere badirelako dantza taldeak; izarak tolestean bezala, aitzakia bat inoren hatzak norberarenekin ukitzeko. Bitartean, ezpata-dantza, mutil-dantza, arin-arina, fandangoa, irradakak. Tartean da Imanol, oraindik Fakirra ezizena inork jarri ez diona. Eta tartean da Juanjo, oraindik inork Bekaintiro ezizena jarri ez diona. Eta tartean da Carmen, oraindik inork Mata Hari ezizena jarri ez diona.

      “Gitarra berria?”.

      “Aurpegia bezalaxe, ez al dun nabari? Komisaldegikoen opari”.

      Korrea berak erosi du, Ervitin. Peruko indigenek egina, saldotik bereizteko pitxia single edo kolore deigarri batek izan dezakeen garrantziaren jakitun.

      Juanjok eta Carmenek bigarren ahotsak egiten dizkiote.

      “Ez deitu bigarren ahotsak: hemen denok gaude lehen lerroan”.

      “Ez al da horrela politagoa geratzen?”, Carmenek.

      “Inporta zaigu ba guri asko, politagoa izatea!”, Juanjok.

      Bertsiorik soilena hautatu dute.

      Kantak eta kopla tradizionalak jasotzen dituzten paperak pasatzen dizkiote elkarri, eskuz kopiatuta. Ramon Yoldi ezagutzen duten arte: idazmakina daukan bakarra da taldean eta azkarrena mekanografiatzen. Berez etorri zaio goitizena: Teklas. Larruz enkoadernatutako liburu baten dotorezia du haien begietan makinaz jotako paper sorta grapatuak. Aski da azalean koloretako kartulina bat jartzea.

      Chistu y tambolín”.

      Chistu y tambolín, ¿y qué más?”.

      Chistu y tambolín, señor”.

      No me has entendido: ¿de qué tipo de actividades estamos hablando?”.

      Carmen gerarazi dute bezperan kalean. Estu hartu dute.

      “Nebarekin nindoan... Negar batean hasi zuan Josutxo, izututa. Baina eskarmentua eman nahi zidaten bi polizia potzolo besterik ez zituan”.

      “Eskarmentua haiei eman behar genieke guk”, Juanjok. “Hemen gauzak latz aldatuko dira aurki”.

      Elizako sotoetan egiten denez dena, bertan grabatu dute Imanolen lehen diskoa ere. Lehen disko hau izango da bere karrera osoan izengoitiarekin argitaratuko den bakarra: Gilles Larramendy. Iparraldean egingo dituzte gero kopiak, Baionan.

      Grabazioa fabrikara bidali aurretik kezka bat sortu zaie:

      “Ezizenarena ongi zagok, baina... Eta ahotsa ezagutzen badute? Orduan hireak egin dik, Imanol”.

      Ahotsa, ahotsa beti. Bakarra eta ezaguterraza baita Imanolena.

      Diskoak 33 rpm edo 45 rpm-etara birarazi daitezke. Norberak hautatu behar du biniloa etxean xixtatzen duenean, grabatua izan den abiaduraren arabera. Tronpatuz gero, efektu azeleratu eta desazeleratu xelebreak sortzen dira: marrazki bizidunetako pertsonaia berritsuen hitz-jarioak edo ahots lodi eta satanikoak.

      “Zenbat erreboluzio minutuko, esan duk?”.

      Zorterik ez dute: beti ekibokatzen dira hasieran; 33 rpm-koa 45 rpm-etara jartzen dute, eta alderantziz.

      “Eta fabrikara bidali aurretik ahotsa motelduko bagenu? Nekez ezagutuko lukete horrela”.

      Halaxe egin dute: Imanolen ahotsa distortsionatu, abiadura aldatuta. Apur bat mozorrotu, ezberdin entzun dadin. Erreboluzioen garaia da eta grazia egiten dio erreboluzioak aldatuta bere ahotsa ez ezagutzeko moduan argitaratuko dela jakiteak.

      Haiek ez bezala, profesionalizazio eske dabiltza beste batzuk: kontzertuak eman eta kobratu egin nahi dute trukean. Prest daude zentsuraren uztaitik pasatzeko. Interpreteak dira, artista estatusa nahi dute, variedades karneta. “Horiek ez daude burutik sano”, pentsatzen du Bekaintirok. “Bila dezatela benetako lan bat”, pentsatzen du Mata Harik. “Hileroko jornala nahiko dute, gainera!”, pentsatzen du Fakirrak. Imanolek ez du sekula kantaldi bat emateagatik kobratu. Ogitarteko bat edo afari bat, asko jota. Nola kobratuko du, bada? Iraultza egiteagatik kobratu?

      “Dibino saldoa da Ez Dok Amairu, komisaldegietan torturatzen den bitartean aingeruen sexuaz abesten duena. Haiek beti libre, haiek beti perfumaturik”.

      Mokofin kuadrilla galanta iruditzen zaie talde hura guztiei. Guztiei, katekistaren semeari, Natxo Neirari salbu. Neirak bereizi egin nahi lituzke artea eta politika.

      Antiguan Vespinoa hartu eta atzealdean Juanjok gitarra zorroan daramala Oriorainoko bidea egin ondoren, ezkutuko kantaldia eman dute elkarte batean. Eztarri erlatsa duen arren, Juanjok lagundu dio erretagoardiako ahotsekin. Ez dira bigarren ahotsak, ados, baina gustu txarrekoa eta elizkoia litzateke koruak direla esatea ere. Itzulerakoan, Vespinoa gasolinarik gabe geratu eta oinez egin behar izan dute ordu txikietan Aginagatik Usurbilerainoko tartea: euripean anguletara atera diren ontziak baino ez dira ikusten iluntasunaren erdian, lanparatxo laruen artean dir-dir eta kulunka. Usurbilgo frontoian egunsentiari itxoin eta tailer batean eskatu dute hurrengo gasolindegiraino heltzeko erregaia. “Shell o no shell, hori da kuestioa!”. Txinoak edo troskoak izatea komeni den eztabaidan harrapatu ditu egunsentiak.

      Gau hartan sortu da beraien arteko esamolde konplizea, une hartatik aurrera hitzetik hortzera erabiliko dutena: “Noski, Trotski”.

      “Galdera bat eginez gero, erantzungo didak?”.

      “Noski, Trotski!”.

      “Larrutan egin al duk sekula?”.

      Nao, mao... Mao-o-meno... Tse Tung”.

      “Hori baiezkoa da ala ezezkoa, Imanol?”.

      “Noski, Trotski!”.

      “Alegia, ez”.

      “Egia esan, ez”.

      Txantxa lehenbizi, egia gero. Kostata, baina egin dituzte Baionako Kordelierren karrikako Goiztiri etxean lau kantako disko txikiaren kopiak. Borrokarako disko bat da ezinbestean Gilles Larramendy ezizenaren pean atera dena. Azalean, kartzelan dauden hiruko talde pila bat irudikatu ditu haien adiskide batek barroteen atzean, tinta trazu sotilekin. Beste batzuk berriz, dantzan marraztu ditu, festan eta danborra jotzen. Ez dugu jairikan behar eta Hik eta nik kantak dakartza 45 rpm-ko diskoak A aldean. B aldekoak berriz, Langille batek dio eta Atzo, gaur, bihar titulatzen dira. Kontrazalean esaldi hau ipin dezaten eskatu du: “Zapalduta dagoen Euskadi guziari diska hau eskeintzen diot”.

      Boikoterako deia egin dute Mata Harik, Fakirrak eta Bekaintirok, dantza taldea Natxo Neira eta bere kideen esku geratu eta Ez Dok Amairurekin elkarlanean hasi denean. Ez dezatela gehiago haiekin kontatu.

      “Hona dantzara gatoz, beste kontuak, hemendik kanpo. Hau ez da politikarako tresna bat”, leporatu die Natxo Neirak. Ez daude guztiak harekin ados, baina katekistaren semea izateak badauzka bere abantailak: berak bakarrik dauka entsegu-gelako giltza.

      Akabo dantza, ongi etorri kantagintza. Hendaiako etxetresna elektrikoen denda batean saltzen dituzte diskoak, telebista, garbigailu, hozkailu, irrati eta musika ekipoen artean. Han erosita pasatzen dituzte mugan barrena, ezkutuan, batzuek zein besteek. Zerbait egiten dutela sentitzen du jendeak, estraperloan dabiltzala, beren xumean mugarrien garraio. “Contrôle des passeports”, “Rien à déclarer”.

      Ohitura da Frantziako muga igarota Espainian zentsuratzen diren filmak ikustera Hendaiara joatea. Beldurra pasatzen dute poliziaren garitaren aurretik igarotzean. “Eta beldurra pasatzea bada jada apur bat iraultzaile izatea, ala?”, zuritzen dute euren burua. “Salga del coche, abra el maletero”, “Chistu y tambolín, ¿y qué más?”, “No me ha entendido bien, ¿de qué tipo de actividades estamos hablando?”. Polizia espainiarrak lehenbizi, frantsesak, gero. Eta alderantziz, itzulerakoan. Baina merezi du beldurra pasatzea, disko klandestino bat —altxor bat— badakarzu autoan ezkutatuta. Gaur pasatutako beldurtxo bakoitza beldurrik gabeko etorkizun baten alde egindako trabes ttipia da. Kuba, Vietnam, Aljeria... Orokorra da oldea eta saihetsezina. Inork ez du iraultza hartatik kanpo geratu nahi. Iritsiko da eguna eta prest egotea komeni da.

      “Zerbait egin behar da libertatera heltzeko, ala? Bakarrik ez da iritsiko”.

      “Noski, Trotski!”.

      Txabi Etxebarrieta etakideak Pardines guardia zibila hil du. Segidan Guardia Zibilak hil du Txabi Etxebarrieta, segada batean. 1968. urtea da. ETAren lehen hildakoaren eta lehen etakide hilaren urtea. Horretaz ari da Juanjo gauzak errotik aldatuko direla esan duenean?

      Dantza bakarrik? Egin zerbait zuk ere: vietnamita etxean gorde egun batzuez, besterik ez bada. Lantzean behin zeure burua beldurra pasatzera derrigortu, arrazoiarekin edo gabe; zerbait egiten ari zarela, zerbait egin zenuela —oharkabean etorkizunean kokatzen dira jada pentsamenduak—, zenezakeen doitxoa, hori justifikatu ahal izateko inoiz, gaur bertan, hemen eta orain, zeure buruari.

      Ez “ni han izan nintzen”, baizik eta “han ibili ginen gu ere”. “Han ibili ginen gu. Ez Natxo Neira sasikume hura bezala”.

 

 

“Prest zaude gehiago konprometitzeko?”.

      Bero da Renault Dauphinearen barruan. Garrantzitsua da galdera inportanteak autoa geldirik dagoela egitea. Autoak zarata handiegia ateratzen du bestela, motor hotsak solemnitatea eragozten du. Errepide bazter honetan ez da inor ageri, baina leihatila itxi du Juanjok, zer gerta ere. Eskularru-kutxaren azpiko alfonbran orban lehor handi samarrak daude, lokatzarenak diruditenak eta odolarenak direnak.

      “Orain badakizu zer eskatuko dizudan, ezta?”.

      Jakina badakiela. Hilabeteak dira Juanjo harat-honat dabilela. Apenas ikusi du Imanolek azken asteotan.

      “Prest zaude gehiago konprometitzeko? ETAk gu bezalako jendea behar du”.

      Bekaintirok baiezkoa jasoko du, badaki hainbeste, baina nahi gabe erabili du “gu” hura azken esaldian, eta, aurrerantzean ere kaptazioaren ataka hartan tokatuz gero, formula berbera memorian gordetzea ideia ona izan daitekeela otu zaio. “Prest zaude... gu bezalako jendea... du”. Zu, gu, hark. Interpelazioa, inklusioa eta helburuko hirugarren pertsonaren prestigio urruna, hurrenez hurren eta tarte laburrean modu bilgarrian formulatua. Zaila da minutu batean ezezkoa erabakitzea, hazia, lurra eta loreontzia aldi berean eskaintzen zaizkizunean.

      Berehala eman dio hasperen baten ondoren zehaztapena dakarren baiezkoa:

      “Baina nik ez diat armarik hartuko, armarik ez”.

      Juanjo Bengoak lasaitu egin du laguna; ez kezkatzeko, lau fronte daudela eta “toki asko lan egiteko”, fronte kulturalean ikusten dutela bera baliagarrien.

      “Hiruko talde bat sortu behar duk, ezizenekin funtzionatu. Esango diagu aurrerago zer egin”.

      “Carmen eta herorri, hirurok, Juanjo?”.

      “Nik badiat jada beste talde baten ardura. Aspaldian nagok barruan. Carmenekin hitz egin, nahi baduk. Baina hemendik aurrera hobe nik deus jakiten ez badut. Ezer gertatuz gero, Seiko duk kontaktua. Bera jarriko duk hirekin harremanetan”.

      “Seiko?”.

      Hirukoekin funtzionatzen zuten. Hirukoak baino gorago zegoelako deituko zioten Seiko, hala pentsatu du Fakirrak.

      Elkarren berririk ez izatea da ideia, baina ez du beti funtzionatzen. Ezizenak garrantzitsuak dira. Etxe batean elkarrekin entxopinatuta zeudela jarri zion Juanjok berea: halako gizona seko lo ohean luze-luze ikustean, aho zabalik eta eskuak bular parean gurutzatuta, slip zuri zalangatua baino soinean ez zuela.

      “Fakirra ematen duk lo hagoenean, badakik?”.

      Barre egin du Imanolek, algara leizetsua. Animalia bat etxekotu nahi duenak bezala asmatzen duzu ezizen bat norbaitentzat; goitizena da sarri adiskideen haragia munduan txertatzeko aurkitzen dugun modua. Imanoli Fakirra geratu zaio gerra-izen, Juanjori behiala Bekaintiro geratu zitzaion bezala.

      “Ez didak inoiz hire ezizenarena argitu”.

      “Istripua izan genian behin pistola garbitzen”.

      “Plural maiestatikoak galbidera eramango hau egunen batean...”.

      “Kasu honetan ez duk maiestatikoa batere: ez nengoan bakarrik”.

      “Zauritu egin zinen?”.

      “Zauritu egin ginen...”.

      “Nola? Bi zineten, ala?”.

      Bixar eta biok”.

      “Bi kide... elkarri tiroka?”.

      “Ez, zehazki: niri besoa zeharkatu zidaan tiroak eta Bixarri sorbalda. Nire ondoan eserita zegoan hura. Ederra piura, pentsa: bi gizon odolusten Kanbon, gauaren erdian putetxeko madrearen xendratan barrena mediku bila, etengabe kalatzen zitzaigun autoa gidatu ezinik!”.

      Orduan ulertu du Imanolek autoko orban lehorrena. Odola lagunen sua-ren ondorio izan dela pentsatzea seinale ona iruditu zaio, zelanbait. Agian beldur da ekintzarako nahiko ote duten, nahiz eta, bestalde, bera lako lastofardoa bankuak atrakatzen jarrita, atetik atera orduko atxilotuko zuketen. Gorpuzkera hura behin ikusiz gero, zaila da ahazten. Zerbaitegatik jartzen zuten dantza taldean azken ilaran. Mutil puska handiegia da dantzarako, monolito kankailua, baina “baldar arina” ere bai, baldar zenbaitek izaten dakiten moduan.

      Urte berean jaioak dira biak, 1947an, Imanol eta Juanjo, Fakirra eta Bekaintiro. Bost urte zituztenetik ezagutzen dute elkar: esku pilotan lehenbizi, Neira katekistarekin jauna hartzen gero eta elizako sotoan Natxorekin dantzari geroago. Pausoak ikasi, dantza tradizionalak berreskuratu, abestiak kantatu. “Ahots polita daukazu”, hortik eratortzen diren gauzak.

      Buzoiak, zuloak, komandoak. Bekaintiro hasia da buzoneoekin: buzoiak berriak dira eta sarrailarik ez da portaletan. Bere hirukoarekin egin duen Paseo Berriko pintaketa etorri da gero: Nescafe poto hutsa pinturaz bete eta ontziaren ahoari spontex bat lotuta margotu dute “Gora Euskadi askatuta” pintada erraldoia, Etxebarrieta hil eta handik egun gutxira, 1968ko ekainean.

      “Zergatik botatzen diok hainbeste kafe esneari? Nescafea garestia duk, seme”.

      Pintada egiteko zeukan gogoa, ez kafea hartzekoa. Konturatuko zen Bekaintiroren ama gero, ederra da bada hura ez konturatzeko, spontex bat ere faltako zitzaiola.

      Astean bitan elkartzen da Fakirra bere ardurapean daudenekin liburuak trukatzeko: Gramsciren Kartzelako gutunak, Mata Harik hiztegi baten laguntzaz italieratik itzuli eta Teklasek makinaz joak; Frantz Fanonen, Les damnés de la terre, Paristik ekarritako François Masperoren edizioan, Cahiers Libres bildumakoa, ertzean marra berdea beste apaindurarik ez duen liburu maiztua. Maoren Liburu gorria, nola ez. Oraindik Godarden Le Chinoise filma ikusi ez arren, guateke batean entzun dute Claude Channesen Mao Mao kanta itsaskorra (“Le Vietnam brûle et moi je hurle: Mao Mao!/ Le napalm coule et moi je roule: Mao Mao!/ C'est le petit livre rouge/ Qui fait que tout enfin bouge!”).

      Rouge eta bouge. Gorritu eta mugitu. Barre egin eta dantzatu. Dantzatu eta irakurri. Irakurri eta eztabaidatu. Gizakia eraldatu behar ote den lehenbizi gero mundua aldatzeko, ala goitik inposatu behar ote den proletargoaren diktadura, “zentzatuko ditiagu gero oraindik proletario direnik ere ez dakiten herritarrak”, dio Bekaintirok. Determinismoari buruz eztabaidatzen dute eta kontra daudela erabakitzen. “Hogei urteren buruan mundu berri bat izango dugu”. Ados dago Mata Hari. Greta Garboren antza duelako deritzote horrela eta Magisteritza ikasten ari da, aitaren enpresan lanean jarri nahi duten gurasoen iritziaren kontra. Bizitzan beste helburu batzuk, dauzka, ordea: Tibetera joan nahi luke budistekin bizitzera. Haren ahotik entzungo dituzte lehen aldiz ezezagunak zaizkien hainbat hitz: mantra, yoga, Dalai Lama.

      Seiko buruzagia ez du Fakirrak aurrez aurre ikusiko. Txosten bat helaraziko dio hilero eta Norteko geltokiko kontsignan utzitako mezuen bitartez argibideak jasoko ditu harengandik: irakurgaiak, ia beti. Carmen Ponce, alias Mata Hari, eta Ramon Yoldi, alias Teklas-ekin, osatu dute komando kulturalen barruko taldea. Hiruko taldera Fidel Castroren hitzaldi bat ekarri du gaur Fakirrak Urgull mendiaren puntan egin duten bilerara. Azukre-kanaberen nazionalizazioaren ondoren bizi izan den prozesuaz mintzo den hitzaldia osorik irakurri die Imanolek bozgoran, “compañeros revolucionarios”, bere ahots leizetsuarekin Fidelena imitatuz; den bezain luze eta aspergarria, apasionatuki entzun eta eztabaidatu dute. Fakirraren azentu kubatarra da onena, ordea, Mata Harik filmetan belarria jarrita bere kasa ikasi duen italiarra bezain ona. Hitzaldi hartan Fidel Castrok kontatzen ez duena da oso kezkatuta dagoela jada kubatarren ron kontsumo gehiegizkoarekin, eta, zehazkiago, kontsumo horrek lan errendimenduan eragiten duen kaltearekin. Garagardo ona ekoizten ikasteko, RDAtik adituak bidal diezazkioten eskatu berri du Castrok, apurka-apurka rona garagardoarekin ordezkatzen joateko.

      Kursaal zubia Fakirraren Vespinoan zeharkatu eta Gaxen areto zabaldu berrira hurbildu dira Bekaintiro eta biak Pasoliniren Mamma Roma ikustera. Imanolek lo hartu eta Juanjok ukondoaz esnarazi du: sakonak dira bere aharrausiak, zerrategiko zurrunga sendoak.

      Film komertzialagoak ere ikusi izan dituzte, jakina: Charada, Vacaciones en Roma, La dolce vita... Fellinirenarekin txoratzen, gauez eta betaurreko beltzekin ibiltzen hasi da Fakirra Vespinoan. Mata Harik gerritik heltzen dio Kursaal zubiko farolen pean Bulebarrerantz doazela: “Marcello, Marcello!”, aldarri egiten du barreari eutsi ezinik, “Sono innamorata di te, Marcello!”. Sinetsiko lioke, Carmeni Mastroianni baino Anita Ekberg askoz gehiago gustatzen zaiola jakingo ez balu. Aitari lapurtutako eguzkitako betaurreko beltzak bere John Lennonen lente ttipien gainean ipinita daramatza Imanolek. Neguan eta gauez baino ezin erabil ditzake eguzkitako betaurrekoak; aitak ez lizkioke udan utziko, lanerako behar dituelako. Bilbao plazako iturri paretik pasatzea aski, Fontana di Trevin daudela irudikatzeko. Anita Ekbergen gorputza zuri-beltzean eta bere oinez ibiltzeko era. Marcello Mastroianniren alkandora zuri tentea eta betaurreko beltzak eranzteko modua. Alain Delon Marcello Mastroianni baino dotoreagoa ote den eztabaida amaiezina.

      “Bozkatu dezagun, aho batez erabaki behar da!”.

      Mastroiannik irabazi du.

      Baina pozak ez du asko iraun. Norbaitek mihia dantzatu du. Beti dantzatzen du norbaitek mihia. Seikoren oniritzia idatziz jaso eta bere hirukoa modu eraginkorrean ekintzan sartu aurretxoan atxilotu dute Fakirra. Leku estalira eraman dituzte Teklas eta biak, Martuteneko kartzelara, Bekaintiro eta beste hainbat lagunekin batera. Mata Hariri garaiz pasatu diote abisua; ihes egitea lortu du. Beste modulu batera eraman dute Teklas, baina Fakirra dagoen blokean ere ez da ezagunik falta.

      “Hi, hontzarmario, non lo egingo duk erosoago, goiko literan ala behekoan?”.

      Bixarrek egin dio eskaintza, Bekaintiroren adiskideak.

      “Hi haiz Bixar famosoa, orduan?”.

      Azkenik jarri dio aurpegia.

      “Istorio asko entzun ditiat hiri buruz”.

      “Ez ote zuan beti istorio berbera izango, mila aldiz errepikatua?”.

      Bekaintiro eta Bixar Renault Dauphine autoan odolusten, Kanboko errepideetan. Bitxia da: ume masailgorri batek baino bizar gutxiago dauka, ez zuen Bixar hala imajinatzen.

      “Ez galdetu zergatik deitzen didaten horrela. Eta ez, ez diat nire zikatriza erakutsiko”.

      Marrazkilari trebea da Bixar. Bere moduluko preso guztien erretratuak egin ditu astebetean, ikatz-ziriz. Horrekin nahikoa ez eta kartzela funtzionarioen karikaturekin hasi da gero.

      “Zer habil horien erretratu robotak egiten?”.

      “Aspertu egiten nauk eta”.

      Oparitu egiten ditu. Bixarrengandik ikasi du Fakirrak sekula ahaztuko ez duen zerbait: “Ez dago ezkerrekoa edo eskuinekoa ez den zapatarik; ez dago izaterik, besterik gabe, zapata”. Fakirrari dagokionez, espetxean egon den hilabeteetan hiru gauza egin ditu: kantatu, irakurri eta laranjak jan. Kantatzeak atentzio gune sentiarazten du, errepertorio zabala dauka eta tropen morala tinko mantentzeko balio du. Jaten duen bezala irakurtzen du, konpultsiboki. Bera baino zaharrago diren presoek pasatutako liburuak dira, gehienetan, materialismo historikoari buruzkoak. Laranja adina marxismo atal irentsi du hilabete gutxitan, murtxikatu gabe. Literatura? Poesia? Ramon Yoldi alias Teklas-i esana dio behin baino gehiagotan: “Burges txikien kontuak dira horiek”. Amorratuta dago Teklas kartzelan, ez hainbeste askatasuna galdu izanaz, idazmakinarik ezean koaderno batean eskuz idatzi beharraz baizik.

 

 

Santu izena dauka Fakirraren jaioterriak. San Sebastian.

      “Hiri bat, martiri bila. Bolondresak behar dira”.

      Dioklezianok hiltzea agindu zuena da hiriari izena emateko hautatua: Sebastian. Haren guardia pretoriarretako baten kapitain izendatu eta huts egin zion enperadoreari. Jende askok uste du geziz josia hil zela, baina ez da egia. Mantegna, Botticelli, Giorgetti, Rubens, Bernini... San Sebastian molde horretan betikotu zuten pintore eta eskultoreek daukate errua. Milanen hazi eta Erroman hil zen; bertako katakonbatan dago ustez ehortzia. Karrera militarrari uko egin zion, Ebanjelioa predikatzeko. Zer zen, baina, Sebastian? Damutua, traidorea, bakezalea? Gaur egungo hitzek ez dute fitsik balio duela bi mila urteko leialtasun eta traizioei buruz ari garelarik. Diokleziano enperadoreak ez zion Sebastiani barkatu, hori behintzat esan daiteke. Mendeku gisa, Mauritaniako gezilari talde bati agindu zion geziz jos zezan. Hainbeste gezi jaso zituen haren gorputzak, triku bat ematen baitzuen. Mauritaniarrek hiltzat eman eta bazterrean laga zuten. Patua zer den, zegokion heriotza heroikoa ez zitzaion zegokionean ailegatu. Bizirik atera zen Sebastian. Baina adiskideek erregutu ziotenaren kontra, ez zuen Erromatik ihes egin nahi izan. Ezin esan apal eta diskretu jokatu zuenik: osatutakoan, irainka hartu zuen Sebastianek Diokleziano enperadorea. Geure mentalitateak eraman gaitzake pentsatzera indultatzea merezi lukeela trantze horretatik onik atera den edonork. Horren ordez, bigarren heriotza bat opa izan zion enperadoreak: “Bukatu hasitako lana”. Lehenbiziko heriotza baino are gogorragoa izan zen bigarrena; Sebastian martiria kolpeka erail zezatela agindu zuen. Zer gertatzen da jipoiekin, baina? Kolpeak ezin direla piktorikoki hain erraz irudikatu. Garrotea adieraz liteke, kolpea ez. Ubelduak ez du alderik alde haragia zeharkatzen duen gezi batek adina luzitzen. Horregatik uste du jende guztiak arbola bati edo zutabe bati lotuta gezikatua izan ondoren hil zela. Arteak aukeratuko lukeen amaiera ez du beti bizitzak hautatzen, gero bizitzak arteak kontatzen diona sinesten duen arren. Hori da izan, artearen akabuko garaipena: munduak harekiko duen sinesberatasuna. Baiki, gezikatua hiltzea, lehen heriotza hori zegokiokeen San Sebastiani parametro estetikoen arabera, nola zegokiokeen, demagun, Andy Warholi 1968an Valerie Solanasek tirokatu zuenean hil izana, eta ez, kirurgia badaezpadako baten ondorengo konplikazio arruntaren ondoren, ia hogei urte geroago.

      Bigarren heriotza bat bigarren zigor bat da, ala lehenari ihes egin dionarentzako oparia? Bada dioenik Sebastian Ostiako hondartza batean jipoiturik hil zutela, non eta, hamazazpi mende geroago Pier Paolo Pasolini hilko zuten lekutik hurbil. Martiri zaharrak, martiri berriak: errepikatzen diren klixeak. Hondartza hari zor dakioke San Sebastian hiriaren euskarazko izena: Donostia. “Done Ostia, Ostian akabatu zuten santua”.

      Claude Debussy ere liluratu zuen istorio honek: Le martyre de Saint Sébastien konposatu zuen; Gabriele d'Annunziok ipini zizkion piezari hitzak. Erdi Aroan, Errenazimentuan, Barrokoan... Garai guztietako artistek erretratatu dute. Etzanda eta zutik. Gezi askorekin nahiz bakarrarekin. Anbiguitate halako batekin: oinazean eta plazerean. Are, batere gezirik gabe ere bai. Lo itxura agonikoan edo estasitik gertu. Geziekin soilik, edota gorputza ziztatzen dioten hegaztiekin sufrikarioa areagotuz, gezi-mutur bizidunen segida eternala bailitzan txorien mokokada. Muhammad Ali boxeolaria bera, pantera beltzen aldeko, Vietnamgo gerrara joateari uko egin zion intsumitua, geziz josita erretratatu zuen Carl Fischer argazkilariak Esquire aldizkariko azalean. Ikono kristaua hautatu zuen salatzaile, ordurako Ali islamera bihurtua egonagatik: boxeo praka motz zuriekin morrosko beltza aldareetara igoa. San Sebastian erkinaren negatibo hormonatua zen Ali, gimnasioko martiria. Pita haria erabili behar izan zuten argazkilariaren estudioan giharretara itsatsitako gezurrezko geziek teink euts ziezaieten beren lekuan. Antzezpen bat izanagatik, sufrikario hutsa izan zen saio hura: martiriarena jokatzen hasita, arriskua daukazu martiri bilakatzeko. 1968an gertatu zen hori, New Yorken, Valerie Solanasek Andy Warhol tirokatu zuen urte berean. Bitxia da, 1968 berberean, Yukio Mishimak XVII. mendeko Guido Reniren koadroa hartu izana abiapuntu, zertarako eta, berak ere bere burua martiri gezikatuaren gisan zuri-beltzean erretratatzeko. Guido Reniren koadroan San Sebastianen aurpegiak ez du minik ageri. Bi gezik baino ez diote soina zulatzen: besapean batak, saihets batean besteak. Reniren kopia hutsa egin ote zuen Yukio Mishimak argazkirako San Sebastianen larru biluzian sartu zenean? Ezta hurrik eman ere. Mishimak, bi gezi hauez gain, hirugarren bat opa dio bere buruari argazkian, sabelaren behealdean, hain justu; bi urte geroago seppuku-a eginez katana sartuko duen puntu zehatzean. Argazki hau, honenbestez, hara-kiri bidezko Mishimaren suizidioaren iragarpena litzateke. Baina bada aurrekari gehiago: Mishimak baino hogeita bi urte lehenago jada, Frida Kahlok bere burua erretratatu zuen orein gorputz batekin, bederatzi geziz zeharkatua, pairatu zituen ebakuntza mingarrien adierazle.

      Uzta zapuztera zetozen zomorroen aurkako patroia zen Sebastian deuna, edo izurri beltzaren kontrakoa; izurri zein euli, biak irudikatzen dituzte geziek. San Sebastian da tabernetako lanpara euli-erakarlea, eztitan bustitako soka hilgarria. Aitzakia perfektua ere izan zen artistentzat zentsurari beldurrik izan gabe gizonezkoen anatomia erakusteko; begiak itxita edo erdi itxita gehienetan, ah-edo-oh dario ezpainetatik martiriari. Logikoa, beraz, martiri homoerotikoaren biluztasuna bere egin izana gay komunitateak, izurritik babesteko patroi izatetik hiesaren kontrako ikono bilakatu arte. Plaga beti, zomorroak beti: “Hel iezaiok honi, Sebastiani, martiriari, azeriaren txorimaloari, ez niri!”. Praktika luzearen ondoren ere gutxi dira estasia eta sufrimendua bereizten dakiten pintoreak. Aldearen sotila ikusteko, moztu burua edozein San Sebastiani eta itsatsi aurpegi hori aldizkari pornografiko batean orgasmoa itxuratzen ari den gizonezko baten lepoari. Igartzen al da aldea? Ba hori.

      Egiari zor, izena ematen dion santua ez dago hirian sobera present. Portuko souvenirren dendan poztu egiten da saltzaile-katekista, gutar bat estanpatxo eske inguratzen zaionean —“solo se lo llevan los de fuera”—. Artzain Onaren katedral ondoan dagoen liburutegi eklesiastikoan, martiriaren bizitzari buruzko zerbait baduten galdetuz gero, ezetz esango dizute, eta ez dutela sekula halakorik izan, “Bartzelonako artzapezpikutzak atera zuela behin zerbait uste dut, baina agortuta dago”. Agorrezina da, ordea, Sebastian deuna, nola den mina agorrezina eta plazera mailegatua. Badirudi, lehen kolpean, elizak berak bazterrean utzi edo ezkutatzen duen santu honek martiri interesgarria izan behar lukeela. Zergatik ez etekin gehiago atera? San Sebastianen irudiak dituzten katiluak eginez, kasu; panpinak edo hortzetako txotx-ontziak, gezien ordez txotxak ipinita.

      Izurriaren beldur bizi gara beti. Txorimaloa behar, hari hel diezaioten zomorroek, izurriak, txori esker txarrekoek. Hari hel, eta ez guri.

 

 

Bederatzi hilabeteko kartzelaldiaren ostean kalean da Imanol Lurgain. Bere tortura metodo makurrengatik ezaguna den Meliton Manzanas polizia-burua hil berri du ETAk eta erorketa gehiago egon dira. 1970ean, atxilotutako etakide andana akusatuen aulkian eseraraziko duen Burgosko prozesua hastearekin batera, muga pasatu eta Iparraldera ihes egin dute Bekaintiro eta biek. Gauza bera gertatuko da Teklas eta Mata Harirekin bi aste geroago.

      “Zuek biok, zergatik zabiltzate beti elkarrekin?”.

      Bekaintiro eta Fakirra elkarri begira geratu dira. Elkarrekin daude, baina batetik bestera zorabiatzen dituzte. Ez dute etxe berean astebete baino gehiago egiten.

      “Zuetako bat Arakisen etxera joanez gero, hobeto”.

      “Jakina, hala egingo dugu”.

      Fakirrak ez du sekula Bekaintiro horren otzan ikusi.

      “Nor zen hori?”.

      “Ez al duk ezagutzen? Seiko duk, hark agintzen dik. Hoa hi Arakisenera, ni geratuko nauk hemen”.

      Seiko, hirukoen nagusia. Oharkabean pasatzen den aurpegia du, labainkorra, karikaturarako zirrikiturik uzten ez duen horietakoa. Simetrikoa baina ez bereziki ederra, arrunta. Besteek pentsatzen duten bitartean, Seikok erabakiak hartzen ditu. Besteek atearen bestaldetik zelatatzen duten bitartean, Seikok zeharkatu egiten ditu.

      Arakisen etxea deitzen dioten hori hutsik dago. Lurdes Arakistain, alias Arakis, Parisen bizi da exiliatuta, baina bertan utzi ditu arropak eta liburuak. Inor ez da ETAko lehen buruzagi emakumezkoaren gauzak ukitzera ausartzen. Horregatik deitzen diote oraindik Arakisen etxea. Hura Paristik noiz itzuliko zain baleude bezala. Tenplu gisakoa da eta bilera gela ere bai; lantzean behin, gonbidatuen etxea. Itzal luzekoa behar du Arakis horrek. Fakirra bertan bizi delarik, haren koadernoak eta liburuak ikuskatzen ditu, ezin dio tentazioari eutsi. Simone de Beauvoirren hiru liburuki aurkitu ditu, besteak beste, eta tarte mortuetan hirurak irakurri. Egunez egun jarraitu dute Burgosko epaiketa: Meliton Manzanas hiltzea leporatzen dioten komandoko Mario Onaindia nola aterarazi duten aretotik, Genevako konbentzioa aplika diezaioten eskatu duelako oihuka. Eusko gudariak kantatzen hasi direnean eten dute epaiketa. Nazioartean harrabots handia sortzen ari da prozesu honekin eta Eugen Bëihl kontsul alemaniarra bahitu du ETAk presioa egiteko. Bixar ez dago ados, bahiketa kalterako izan daitekeela uste du, baina behingoz, mapan dago euren borroka, Aljeriako independentziaren pare. Denen harridurarako, epaia eman baino hiru egun lehenago aske utzi dute RFAko Bëihl kontsula. Bixarrek arnasa hartu du.

      Atean kax-kax jo eta Seikok irratia entzutera jaisteko agindu duela ohartarazi dio Bekaintirok Fakirrari. Auzipetuetatik sei heriotza zigorrera kondenatuak izan dira. Sei horietatik hiruk, bina heriotza zigor jaso dituzte.

      Bixar gelan batera eta bestera dabil, biraoka. Seikok, aldiz, tenpleari eusten dio:

      “Zaudete lasai. Hitz eginda dago dena: penak kommutatuko dizkiete”.

      “Nola dakizu hori?”.

      “Bëihl doan askatu genuela uste duzu, ala? Dena hitz eginda dago: Alemaniak eskua sartu du eta ez diete heriotza zigorra ezarriko”.

      Seikok esanda bezala gertatu da. Bëihl kontsularen bahiketaren arrakastak indartu egin du bere posizioa eta ahuldu Bixarrena. Ondorengo egunetan jakingo da Zuberoako herri ttipi batean eduki zutenean ihes egitea lortu zuela Bëihlek, eta herritar batzuei laguntza eskatzean jendarmeei barik bahitzaileei deitu zietela hauek bahitua berriz ere haien esku uzteko. Erresistentziaren alde borrokatutakoak izaki, ez zuten ezelako politikari alemaniarrik nahi inguruan, nonbait.

      Imanolek Arakisen etxeko logelako zokoan aurkitu duen L'Express aldizkariaren ale batean irakurri du John Lennonek eta Yoko Onok IRAren aldeko adierazpenak egin dituztela. Seiko gelara sartu zaionean jabetu egin da zer ari zen irakurtzen.

      “Ez duk bada pentsatuko gitarrarekin bakarrik urrutira iritsiko garenik, ala?”.

      Seikorekin txorakeria gutxi. Arakisen etxean elkartzen dira Bixar eta biak, Fakirrak ezagutzen ez dituen beste buruzagi batzuekin estrategia ildoak eztabaidatu eta bozkatzeko. Luzeak izan ohi dira bilerok, sarri amaiezinak. Bixarrek berak aitortu zion Fakirrari loak hartu zuela behin bozkatu aurretik. Imanolek gutxien espero duenean —ordu txikitan sarri—, ohe ondoan eserita agertzen zaio Seiko oharkabean, katukiro eta isil. Susto galanta hartzen du beti.

      “Arakisen etxea behar diagu, Imanol”.

      Inoiz ez “sentitzen diat” bat, inoiz ez “mesedez” bat. Ez sarraila, ez kisketarik gabeko etxe batean bizitzearen desabantailak. Arakis bertan bizi zenean ere berdin jokatuko ote zuen harekin? Buruzagiaren loa etengo ote zuen Seikok, berea eteten duen bezala? Ezezkoan dago.

      Fakirrak badaki halakoetan txintik esan gabe etxetik kanpo joan behar duela. Ez luke egin behar, baina Bekaintirorenera jaisten da, loreontzi baten pean gordetako giltza hartu, atea zabaldu eta sofan etzatera, bertan lo segitzeko.

      Arauak arauak dira. Harat-honat dabiltza, binaka pasatzen dute muga eta bietako batek pistola eraman behar izaten du beti derrigor. Erabili ala ez, goizago ala beranduago, tokatuko zaio Imanoli arma aldean eraman beharra. Eta behin pistola aldean eraman behar baduzu, hobe nola erabiltzen den ikasi, zer gerta ere.

      “Hurrengoan hator nahi baduk gurekin Landetara”, eskaini dio Bekaintirok.

      “Garbi utzi niala uste nian: nik ez diat armarik hartuko”.

      “Noski, Trotski...”.

      Barre egin dute. Ukiezin dirau, arrunkeria guztietatik kanpo, Imanol eta Juanjo kideko biki bilakatzen dituen kode konpartituak.

      “Ez hadi aztoratu, baina Seikok zalantzak ditik hirekin”.

      “Zalantzak? Zer-nolako zalantzak?”.

      “Deus larririk ez. Lasaitu egingo huke Landetara gurekin etorriko bahintz. Behin bakarrean, sikiera, dudak uxatzeko”.

      Fakirrak bere betaurrekoen patilla igurtzi du, irratiko dialean emisora bila balebil bezala.

      “Ulertzen duk zer dagoen jokoan, ezta? Hator tiro batzuk botatzera, itxura egiteagatik besterik ez bada ere”.

 

 

Baso erdian galdu eta zuhaitzen kontra egiten dute tiro, errepidetik ahalik eta urrunen. Edozein zuhaitzen kontra. Zuhaitzen enborretan asmatuz gero, enbor zartatuak esango die buruan zuten helburua erdietsi ote duten ala pinudiko beste bat, destatu zutenaz bestelako arbola. Erraza baita formazioan jarritako pinu batailoi baten kontra tiro eginez gero batean ez bada bestean asmatzea.

      “Zergatik deitzen diote Seiko?”.

      Sorbaldak altxatu ditu Bekaintirok.

      Elkarri tiro egiten erakusteko ez dute denbora sobera. Rafaga bat, bi rafaga. Kargadorea bete eta hustu. Eskularruekin bada hobe, baina gaur eskularrurik gabe ari dira. Gero garbituko dituzte burdinak, hatz-markak ezabatzeko. Kontzientziaz garbitu, xehe eta zehatz: une horietan ebazten da profesionaltasunaren kinka. Esan diezaiotela Bekaintirori, bestela. Munizioa ere ez daukate alferrik galtzeko, nahiz eta aurki kutxa berriak jasotzekoak diren.

      Bixar ikatz-ziriz bere koadernoan marrazten ari da, besteak tiroka ari diren bitartean.

      “Zertan habil?”.

      “Seikoren erretratua egiten”.

      “Kostako zaik: gizon horrek ez dik aurpegirik”.

      “Begiratzen ez dakialako diok hik hori, Imanol”.

      Landetako basoan ahalik eta denbora gutxien pasatzea da agindua. Etxean ikas zitekeena —karga-deskarga, oinak lurrean nola landatu, pistola nola gorde galtza barrenean—, hobe ikasita ekartzea. Ez da komeni inor aztoratu eta tiroak entzun dituelako jendarmeei deika hastea. Presaka ikasi behar punteria zorrozten. Eta gero, hanka. Basoaren erdian geratzen dira bala-zorroak. Balak, enbor azalean sartuta, bospasei zentimetroko sakoneran. Haragian bidea zein aise egingo lukeen berunak, horretan, hobe ez pentsatzea.

      Bekaintirok asaltoko fusila probatu du gaur. Vietnamgo gerrako argazkietan baino ez du Imanolek halakorik ikusi. Enborren azalak ixtantean zartatzen dira kalaxnikovarekin, zurekin zerikusirik ez daukan beste norbaitek zerorrek erabiltzen duzun arma ez besteko piroteknia bat han ezarri izan balu bezala. Hain azkar heltzen dira balak beren helburura, zaila baita zeuk jaurti dituzunik ere sinestea. Hori da tiratzaile hasiberriaren lehen gomuta, inoiz ehizan aritu izan balira jada aspaldi jakingo zuketena: armak eskuetan hartzean beste batzuk direla denborak. Hori, eta, inoiz erabiltzen hasita, ez dutela sekula inor horren urrunetik tirokatu beharko, agidanean. Gertutik tiro eginda distantziaren eta zutaz-besteko-pirotekniaren sentipen hori mantenduko ote da, ala ebidenteegia izanen da kausaren eta efektuaren arteko lotura? Kalaxnikova eskaini dio Bekaintirok.

      “Probatu nahi duk?”.

      “Ez, eskerrik asko”.

      Pistola bai, ordea. Pistola probatu du. Bizitzan behin, jakiteagatik zer sentitzen den arma bat eskuetan izanda. Bere begirada miopeak pinu batean asmatu du, nahiz eta berak bakarrik dakien destatu duena izan ote den. Seiko hurbildu da harengana, pozarren:

      “Beste kargadore bat?”.

      Uste baino gehiago gustatu zaio, nahiz eta ez lukeen sekula aitortuko.

      “Eta asegurua, segurua da?”.

      Bekaintirok irribarre egin du. “Noski, Trotski!”.

      “Bigarren bat botako diat orduan, aseguratzeagatik”.

      Bere etxean gauzak horrela egiten direla oroitu du Imanolek: badaezpada.

      Seikok punteria ona du: enborrei barik, pinaburuei destatzen die. Bitik bat asmatzen du. Imanolen jarrerak buruzagia konbentzitu duela dirudi. Baina Seiko haiengandik aldendu eta armak ostera maletategian sartzen ari direla, zira urdinaren txanoa erantzi eta burdina goria balitz bezala itzuli dio pistola Fakirrak Bekaintirori.

      “Azken aldia duk arma bat ukitzen dudala, entzun?”.

      Tirorik egin ez duen bakarra izan da Bixar marrazkilaria, izatez. Koadernoa jiratu eta Seikoren erretratua erakutsi dio autoan doazela: alkandora berea du, dudarik gabe, baina pinaburu bat marraztu dio aurpegiaren ordez.

 

 

“Etxea behar diagu, Imanol”.

      Arakisen etxea. Oraingoan ez biltzeko, ordea. Eskailerarik ez duen etxe bakarra da inguru guztian, ezer gordailatzeko ere, huraxe aproposena. Kutxak ekarri dituzte, astun samarrak eta egurrezkoak. Biren artean dakartzate. Kasualitatez ala ez, Bixar ez dago gaur haiekin, eta Fakirrak ez ditu Seikorekin datozen morroi gazteak ezagutzen. Iratzargailu bat manipulatzen ari direla iruditu zaio Imanoli, testuingurutik kanpokoa dirudien esaldia entzun du: “Batez ere, kasu orratz luzeari, orratz luzea da delikatuena”. Baionako ZUP auzora bidali dute Fakirra gau batzuk pasatzera, quartiers sensibles deitzen dieten horietara, eta Arakisen etxera itzuli denerako desagertuak dira jada egurrezko kutxak. Bixarrek eta Seikok ez diote elkarri hitzik zuzentzen. “Desadostasunak izan dituzte”, laburbildu du Bekaintirok, sorbaldak altxatuz.

      Dena ez dira armak, ordea. Ikastaroak antolatu dituzte militanteentzat. Mundu guztiko herrialdeen askapen mugimenduez. FLQri buruz. Aljeriako independentziaz. Nikaraguako sandinismoaz. Euskal eskulturaren pizkundeaz. Gizarte eredu berriez. Euskara batuari buruzko ikastaroak ematen dituzte. Hizkuntza debekatuan alfabetatzearen garrantziaz mintzo dira. Lucas Azurmendi jaitsi da Paristik eta semiotikari buruzko hitzaldia eman die: “Parisen azterketarik ez dago jada: eskolak kalean ematen hasi dira unibertsitatean 68az geroztik. Ordutegiak ere ez dira zurrunak: eskola guztiak audio zintatan grabatu eta noiznahi joan zaitezke zernahi hitzaldi entzutera, ikasgaia zure lerrokoa ez izan arren”.

      Imanol Parisko istorio hauek liluratu dute gehien. “Irakasleak horrela galdetu zigun, zein ote zen gure deitura, erreparatu ote genion geronen deituraren esanahiari... Armarri bat bezalakoa dela... «Zein da zure deitura?», galdegin zidan niri. «Azurmendi». «Zein hizkuntza da hori?». «Euskara». «Eta zer esan nahi du zehazki Azurmendi horrek?». Pentsatu gabea nintzen, deiturek ezabatu egiten dute esanahia, ezta? Edo hala uste nuen nik... Inprobisatu egin behar izan nuen... Esan nion orduantxe jabetu nintzela Azurmendi hazur mendi izan zitekeela, hezur mendi bat, alegia. Eta berak, pozarren, nirekin bete-betean asmatu balu bezala, ikaskide guztien aurrean: «Destinoa, zurea eta denona, deiturak berak dakar, noranahikoa eta profetikoa duzu zuk, montagne d'ossements jauna!». Adarra jotzen ari zitzaidan, jakina”.

       Lucasek gitarra ikusi duenean jotzen ba ote dakien galdetu dio Fakirrari. Baietz honek, baina kantatzeko aitzakia dela beste ezer baino gehiago.

      “Kantaria zara?”.

      “Bai”.

      Aspaldi ez zioten galdetu. Ongi sentitu da esan dionean. Lucas Azurmendik poemak idazten dituela aitortu dio orduan, eta bidaliko dizkiola zenbait, gustuko baditu kanta ditzan. Teklas lehenbizi, Lucas orain. Aspaldion ez zaio kantatzeko testuak egingo dizkionik falta. Azurmendiren ahotan entzun du lehen aldiz Leonard Cohenen berri Fakirrak, eta nahi duenean Parisera bisitan joan dakion gonbita luzatu dio.

      Hori baino lehen, ordea, Seikok lanean jarri ditu Fakirra eta Bekaintiro.

 

 

Hendaiako zineman gehiago dira gizonezkoak emakumezkoak baino. Aretoko andrazko ia denak dira mugaren alde hartakoak, zinezale hendaiarrak edo Urruñatik etorritakoak. Mugaz bestaldeko gizonezkoak, aldiz, binaka edo hirunaka datoz Hegoaldetik, zinefiliaz baino gehiago abenturaren kilikagatik (“Zuk ez duzu oraindik ikusi? Eta zeren zain zaude ba?”). Oxigenoa hartzeko modua da Iparraldean filmak ikustea, ordu batzuetan bederen frankismo berantiar agoniko hari zirrikitu batetik ihes egitea: zakatzen irekidura estuarekin arnasa hartzera ohituta dagoenak, ugaztunaren birikak dituela sentitzen du, benetako birikak eta benetako airea, ordu batzuez.

      Areto sarrerako kartelean Jon Voight eta Dustin Hoffman; erraldoia eta ipotxa; ile horia eta beltzarana. Kotaraino bete da aretoa. Entzun dute, zurrumurrua dabil, jakin nahi dute, ezin ikusi arte etsi. Oscar saria eman diote X kalifikazioa duen film bati. Dezepzionatuta itzuliko dira etxera: ez da hainbesterako; Midnight Cowboy filmak dezakeena baino askoz gehiago lezake haien irudimenak.

      Plazera da eskuarentzat patrikaren forrua, baina ez du zertan beti norberarena izan: tentuz hautatu behar du Bekaintirok eskua nori sartu. Zakur zaharra da, ez du lehen aldia. Hatz luze eta delikatuak berea ez den sakelan samurkiro sartzeko une egokia hautatzea da gakoa, arnasari eutsiz hatzak sakelaren forraduran barneratzea, estore bateko bi listoi apartatu eta zirrikitutik begiratzen duenak bezala. Ezaguna egin da film hasierako kanta: Nilssonek abestutako Everybody's talkin', Jon Voight dutxa bat hartu ondoren cowboy alkandora eta kapelua janzten ari den bitartean entzuten dena. Maleta hartuta, badoa Texastik. Gigolo bezala lan egiteko prest dago New Yorken, baina ez dauka negozioetarako abildaderik: Rizzok lagundu beharko dio, Dustin Hoffmanek hezurmamitzen duen pajaroak. Patrika barruko gogortasun tentea ukitu du kanta amaitu orduko Bekaintirok hatz puntekin, “bingo, hauxe duk nahi nuena”. Neguan errazagoa da eskua sartzea, gabardinetako patrikak ahozabalagoak dira.

      Hirugarren aldia da honezkero Bekaintirok Midnight Cowboy ikusten duena. Buruz dakizki elkarrizketak, liluratzen du Manhattango kaleetako jendetzak eta gordinkeriak, nahiz eta, egiari zor, ez zaion filma bereziki gustatzen. Gehiago gozatu zuen Jacques Derayren La piscine ikustean, Romy Schneiderri eta Jane Birkini begira: gorputz ederrak igerilekuan luze etzanda, bikini estuak eta Alain Delonek Schneiderri bizkar biluzia adar berde batekin igurzten dionekoa (“inork ez dit bizkarra zuk bezala azkuratzen”). Ia-ia usaindu egin zitekeen protagonisten gorputzetan behera irristatzen zen izerdia.

      Ezin izan dio gizonari aurpegia ikusi. Burberry jakaren forradura laztandu du lehenbizi, ongi jositako gabardinaren juntura. Patrika bilatu du ondoren. Gogoa eman dio tarte batez eskua bertan goxo uzteko. Lokargarria da oihala ukimenean; zer eskularru diren zenbait patrika. Baina berehala tupust egin du hatz artean diru-zorroa baino estuagoa eta gogorragoa den ertz trinkoarekin. Oihaletik bereiz, erakuslearen azazkalaren eta erdiko hatzaren mamiarekin matxardatu, eta poliki-poliki atera du azal gogorreko liburuxka, dokumentu preziatua, zilegi den ihesa, Donostiako Gestoría Arribaseko estalki gris eta guzti.

      “Pasaporte espainiarrak behar ditugu, zuek ikusi nondik atera”.

      Seiko harro egongo da egindako lanaz. Badaukate jendea gero pasaporte haiei argazkia aldatzeko. Eta garrantzitsuena: badauzkate pasaporte faltsu haiekin harat-honat ibiltzeko prest dauden militanteak.

      Bekaintiro pasaporte-arrantzan dabilen bitartean, Imanol kanpoan geratu da, zaintza lanetan.

      Orduan jabetu da Bekaintiro baduela Jon Voightekin kidekotasunik Fakirrak, gorpuzkeran, behintzat: biak dira baldar arinak, kankailuak, Imanol beltzaranagoa den arren. “Cowboyaren zapatak gustatzen zaizkidak. Baionan halakorik topatzerik izango dudala uste duk?”. Bekaintirok barre egin du, txantxetan ari delakoan. Horixe besterik ez du behar Fakirrak pistolarik gabeko kuatrero bilakatzeko.

      Imanol hasi da algaraka oraingoan, Bekaintirok lapurtu berri duen pasaporteko izen-deiturak irakurri dituenean:

      “Bekain, hik bai arrano begia! Ez al duk inor errespetatzen, ala?”.

      “Zergatik diok hori?”.

      “Benetan ez haiz konturatu nori lapurtu dioan pasaportea?”.

      “Pasaportetara nagok ni, ez aurpegiak ikustera”.

      Ignacio Neira Salazar, 1947. Kidekoa. Eta ez adinez bakarrik.

      Natxo Neira?”.

      “Gure Natxo?”.

      Natxo Neira, katekistaren semea. Barre egin dute gogotik.

      “Hark dantza taldea lapurtu ziguan. Guk hari pasaportea!”.

      Hori baino garrantzitsuagoa da agiria atera berria duela gizasemeak eta lau urterako balioko duela, iraungitze datari dagokion lerroa aldatu beharrik gabe.

      Matrikula espainiarreko auto guztiak irekitzen saiatu dira geltokira bidean, deskuidoan norbaitek bakarren bat zabalik utzi balu ere. Behin halaxe lortu zuten pasaporte bat. Inoiz ez da jakiten noiz.

      Baiona Ttipira itzultzeko trenaren zain, ibilbide luzeko bidaiariekin gurutzatu dira Hendaiako nasan. Terminusera heltzen diren trenak arrain nagi eta muturluzeak dira akuarium bateko kristalaren kontra. Cul-de-sac baten utzikeria eta xarma dauzka geltoki koxkorrak. Hendaye-Gare. Esbastikadun bandera luzeak zintzilikatu eta palmondo-orriekin ornatutako tren bagoi batean gertatu zen. Gauerdiko cowboyak. Hantxe bertan luzatu zion birritan eskua Hitlerrek Francori 1940.ean. Francok, Führer-ari bostekoa emateko asmoz, hasiera-hasieratik erantzi zuen eskularru bat. Hitlerrek, bigarren estutuan baino ez zuen bere eskuineko eskularrua erantzi. Franco berbati egon zen; Hitlerrek aho zabalka egin zuen. Ez ziren ongi konpondu.

 

 

Lanean ari da Bixar. Tinta usaina dago eta mahaiko lupa handi batekin behatzen die pasaportearen xehetasunei, marraztu ahala.

      “Segundo bat”.

      Bost minutu izan dira, isil-isilik Bixarren lan patxadatsu, zehatz eta xeheari begira hipnotizatuta egon direnak. Seikok ere badu bere tailerra, baina haiei ez die sartzen uzten.

      “Laster bukatuko diat”.

      Pintzel bat hartu, ahora eraman eta koska batez ileen erdiak erauzi dizkio, bizpahiru ileko pintzel ñimiño bihurtu arte. Pintzela baino gehiago dirudi orain orratza, listuarekin tentetutako bibote baten puntako ile zorrotza. Orduan xuxurlatu dio Bekaintirok Fakirrari: “Erabiltzen dituen lan tresnengatik deitzen ziotek Bixar. Bahekien, ezta?”. Lucasekin gogoratu da. Izendegia. Azurmendi. Hezur mendi. Montagne d'ossements. Behar dira pasaporte faltsuak. Behar dira, itxuraz, armak. (“Ez duk bada pentsatuko gitarrarekin bakarrik urrutira iritsiko garenik, ala?”).

      Putz egin dio Bixarrek azken tinta ukituari. Lanpara pean zabalik lehortzen laga du pasaportea.

      “Ezin diagu erakundea Seikoren eskuetan utzi. Eta nik bakarrik ezin ditiat zaldi honen bridak eutsi. Nola egingo dugu hau?”.

      Ia goizaldea da Bixar agurtu eta Arakisen etxe atarira heldu direnean.

      “Hirekin bakarka hitz egin nahi nian, Bekain... Bixarrek ez zakik oraindik ezer, are gutxiago Seikok. Baina Bordelen lana eskaini zigutek Teklasi eta bioi. Hara joango gaituk bizitzera ziurrenik”.

      Bekaintiro ezustean harrapatu du iragarpenak. Ez dio esan, baina ondotxo daki Bekaintirok Imanolen nahien berri. Lehen pausoa baino ez da Bordel. Parisera joan nahi du berak. Gero eta baxuago hitz egiten diote elkarri, badaezpada. Fakirraren kasuan, ez du meritu makala, zaila baita bere ahots tzarra ezkutatzea. Bi ahots zidor baino ez dira, izarrek populatutako gau itzelean euren emari xumea isurtzen.

      “Bordele edo nahi duana. Baina Bixarri kontrola hartzen lagunduko zioagu lehenbizi”.

      Carmenen laguntza izango dute horretarako. Bere begi berde handiena eta bere goitizenarena. Anita Ekberg. Romy Schneider. Hain sinpleak dira gauzak batzuetan.

      “Seiko distraitzea zure kontu, Mata Hari”.

      Guateke pribatua egin diote: Fakirrak gitarra jo ahala dantzara atera du Seiko Mata Harik. Bien bitartean, Bekaintirok eta Bixarrek Arakisen sukaldeko arma biltegia hustea da asmoa.

      Jada hutsik dago, ordea.