Jenisjoplin
Jenisjoplin
2017, nobela
296 orrialde
978-84-17051-02-0
Azaleko argazkia: Lander Garro
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2013, narrazioak
Jenisjoplin
2017, nobela
296 orrialde
978-84-17051-02-0
aurkibidea

Aurkibidea

—1—

—2—

 

 

—3—

 

 

Kaioen txilioek esnatu ninduten. Irantzuren toalla hutsean, irakurtzen ari zen nobela tripaz behera irekita. Urrunean begiztatu nuen oinez, urertzean, biluzik, lastozko pamela horia buruan. Zutitu eta harantz abiatu nintzen, laguna atzitzeko presarik gabe. Egunsentiko hodei altuak desegiten ari ziren zeruan. Irantzuk hondar hezean utzitako oinatzei segika ibili nintzen tarte batean. Bizkar zabala eta gerri estua zituen, ipurmasail eta izter gihartsuak. Gutxi bezala, politagoa zen biluzik jantzita baino.

         — Hemen borobila dun zeruertza —esan zidan harrapatu nuenean.

         Ez zitzaidan iruditu.

         — Hain dun txikia irla, puntu altu xamar batean kokatuz gero, ezerk ez din itsasoaren eta zeruaren arteko lerroa eteten.

         Ia bakarrik geunden hondartzan, iraileko azken egunak ziren. Goiz zen oraindik; ez aspaldi kaioena zen itsasbazterra.

         — Zer ordu ote da?

         Muino arrokatsu baten atzean lokatz iluneko putzu batzuk aurkitu genituen. Hara makurtu zen Irantzu. Esku bete buztin hartu eta bularrean zabaldu zuen. Sabela eta izterrak lohitu zituen. Lokatz pixka bat zabaldu nion bizkarrean behera, eta gauza bera egin zuen hark nirekin.

         — Burua.

         Aurrez aurre jarri eta buztin berunkaraz estali genion ilea elkarri.

         Eguzkitan etzan ginen, lehortzera. Lokatzak, idortu ahala, arrakalatu eta azala atximurkatzen zigun. Eskua eman nion.

         — Hementxe geldituko ninduken betiko.

         Irantzuren besoan gora ausartu zen karramarro txiki bat.

         — Oporrek bukatzea diten baldintza.

         Uretara sartu ginen azalberritzera. Plazer eman zidan murgiltzeak, aspaldi zen biluzik bainatzen ez nintzela. Burua sartu nuen urpean. Sentsazio atsegin hartara bildu nituen zentzumenak: ilearen kulunka uretan, itsas kurkuilu bilakaturik belarriak. Mundua atzean uztearen irudipen iragankorra. Arnasa ahitu arte jarraitu nuen urpean igeri, atzean utziz lohia. Plantxan etzan nintzen ur-azalean. Itsasoaren marmarra eta eguzki errea betazaletan taupaka. Uhin leunak sumatzen nituen besapeetan eta izterren artean.

         Hilarena egitea, hala esaten genion umetan itsasoan etzateari. Arrain batek zangosagarra ukitu zidan.

         — Itzuliko al gara?

         Toallara iristerako lehortuta geunden, gatz ezkatatxoak azalean.

         — Etzan ahuspez.

         Olatuek pirritan ekarritako harri borobilez inguratuta geunden. Nire bizkarraren gainean puzzle bat osatu zuen Irantzuk haiekin. Pixkanaka bizkarralde osoa eta besoak estali zizkidan harri handiz eta txikiz. Larru pisutsu eta beroa azalaren gainean.

         — Itxi begiak; ea asmatzen dunan noiz kentzen dinadan azkena.

         Banaka, harriak erretiratzeari ekin zion. Arindua senti nezakeen handi bat kentzen zuenean; luma baten fereka doia ziren txikiak.

         — Listo —esan nion, denak erretiratu zizkidala uste izan nuenean.

         — Bat, bi, hiru...

         Hamabi harri zenbatu zituen, nabaritu gabe gainean neuzkanak.

         Lucía y el sexo filmarengatik eraman ninduen Irantzuk Formenterara, film hartako argiarengatik, zehazki. Irla garestian aire zabalean lo egitea zen gure asmoa, eta hala egingo genuen lehen gauean bertan guardiek iratzarri eta hondartzatik modu zakarrean bota izan ez bagintuzte. Zortez, bere etxeko terrazako hamakak erabiltzen utzi zigun gurekin kupitu zen emakume batek, eta hantxe eman genituen gainerako gauak. Terrazako gasezko su txikia erabiltzen utzi zigun kozinatzeko, eta mahuka bat geure burua garbitzeko. Egunez eguzkiak tutua berotzen zuen eta iluntzetan epel irteten zen ura.

         Lucíak alokatzen zuen bezalako motorra alokatu genuen irlara iritsi berritan.

         Gorputz biluzien gainean soineko arinak jantzi, toallak bildu eta Calo de Sant Agusti aldera jo genuen. Azpiko arroparik gabe motorrez bidaiatzea estimulatzailea eta hunkigarria zen. Haizeak soinekoak eta ilea astintzen zizkigun, eta motorraren dardarak gure izaera sexuala berresten.

         Calo de Sant Agusti arrantza-portu txiki bat da, snorkel egiteko egokia. Hutsik aurkitu genuen ontziraleku tradizional bateko ipuruzko estalpean eserita sandia zatikatua jan genuen. Adinean gora zihoan arrantzale bat ikusi genuen txalupatxoa ontziralekuko errailetan behera uretara arrastatzen.

         — Arrainik saltzen al duzu?

         — Arrantzatzen dudanaren arabera.

         Iluntzean elkartzekotan gelditu ginen.

         — Ez dizuet ezer agintzen.

         Gomazko sandaliak, betaurrekoak eta tutua hartu eta ur-bazterrera gerturatu ginen. Haitz batean utzi genituen soinekoak. Arrokatsua zen hondoa. Sakonera gutxiko uretan, eguzkiak haitzen formak eta koloreak nabarmentzen zituen. Arrain beltz txiki batzuk urduri aldendu ziren nigandik. Trikuak, arroka-zokoetan. Ikusi ez nuen olagarro batek izutu ninduen, hondarra harrotu eta ihesi atera zenean. Aurrerago, itsas belar luzanga kulunkariek estaltzen zuten zorua. Irantzu haien gainean ari zen igeri, kamera geldoan bezala. Muxarrak eta barbarinak ikusi nituen, eta ezagutzen ez nituen beste hainbat arrain. Nigandik metro batzuetara, ur-azaletik gertu, puxika baten antzeko zerbait begiztatu nuen, azpialdean orban nabarrak zituen burbuila horixka bat: marmoka bat agian, edo alga espezie bitxiren bat. Urrundu egin nintzen. Irantzu bilatu nuen. Arroka artean zebilen. Sentitu ninduenean, nigana hurbildu eta itsas izar laranja bat jarri zidan eskuetan. Hozkia eragin zidan izaki hark. Askatu egin nuen erreflexuz. Mantso-mantso hondoratu zen.

         — Erakarpena adinako ikara sortzen zidan itsaspeko munduak —esan nion lehorrean—. Izendatzen ez dakidan hainbeste zomorro zauden!

         — Ni seguru sentitzen naun.

         Umetan Getarian igarotzen zuen uda, eta aitonaren txibitarako txalupan itsas zabalera joanda, batel azpitik igarotzera jolasten zirela kontatu zidan.

         — Dena beltz ikusten zunan, zirrara eragiten zinan, bertigoaren antzeko sentipen bat. Senak ihes egiteko agintzen zigunan, baina senari kontra egitean zegonan gakoa.

         Bazkaltzeko txoko bat topatu genuen, egurrezko mahai bat kala baten gainaldean. Ogitartekoak eta zerbezak atera genituen. Behean, hondarretan, bi mutil eguzkitan.

         — Irlak larrutarako gogoa pizten zidan —esan zuen Irantzuk kalara begira.

         Pentsatu nuen, ez aspaldi, honezkero behean nengokeela, Irantzuri aurrea hartuta. Alde batera, pisu ederra kendu nuen nire burua lehiatik kanpo utzita.

         — Hoa —animatu nuen.

         — Orain ez.

         Hiru belaontzi zenbatu genituen. Guretzat iritsezinak ziren kala ezkutuetara joan eta bertan ainguratzen ziren.

         Kafeak ekarri nituen ehun bat metro aurrerago errepide ertzean izozkiak saltzen ari zen furgonetatik. Bero-lainoak ari ziren eratzen.

         — Segituan natorren.

         Kalara zihoan bidexka malkartsuan behera egin zuen, bizkarra agerian uzten zion lihozko jantzia soinean. Mutilengana hurbildu zen. Agondu egin ziren, eskuak bekokian begi-babes. Zerbait esan zien Irantzuk; besoa ukitu zion bati. Algarak aditu nituen. Elkar agurtu zuten eta itzuli egin zen.

         — Goazen —esan zidan.

         Hegoaldeko kala bat hautatu genuen arratsalderako: Calo des Mort. Hildakoen kala. Ezinezkoa zen haraino motorrez iristea. Errepide nagusitik desbideratu eta beste kamio bat hartu genuen, eskuinera. Bidea amaitu zenean, motorra bertan utzi eta zuhamuxken artean oinez jarraitu genuen amildegiaren ertzeraino. Zidorra amaitzen zen tokian soka bat aurkitu genuen. Hari helduta jaitsi ginen kalara harkaitzean zizelkaturiko eskaileratik.

         Harea zuriko ilargi-erdi formako kala txiki bat zen, ertzetan harkaitz lau eta ilunak zituena. Haietan etzan ginen. Gero eta kargatuago zegoen zerua. Kaioek zirkulutan hegan egiteari utzi eta haitzetan pausatu ziren. Erabaki genuen irakurriz itxarotea euriari, eguzkiak bizkarra erretzeko beldurrik gabe. Pixkanaka hustu egin zen kalatxoa, eta bakarrik gelditu ginen. Urezko mingain turkesa berunezko badia bilakatu zen. Toallen azpian babestu genituen liburuak.

         Lehen euri-tantekin sartu ginen uretan. Leporaino murgildu eta begiak itxi nituen. Hostoen firfiraren antzeko hots sotila zen, apenas zurrumurru bat. Harraldearen usaina, hozten ari ziren arrokena eta goroldioarena. Zarra-zarra hasi zen. Begiak irekitzean tanta lodiak ikusi nituen ur-azala zulatzen. Perdigoien erako milaka tanta, itsasoaren azal leuna harrotzen. Epel zegoen ura. Murgildu egin nintzen. Urpetik aditu nuen zaparradaren marmarra, leihoz bestaldera nola. Plantxan etzan nintzen berriz, euria aurpegian, sabelean, izterretan. Ahoa zabaldu nuen.

         Atertu arte egon ginen uretan.

         — Laster dun oskarbi.

         Lehen eguzki-izpiak agertu ziren lainoen artean. Egunsentiko argi zuriaren aldean, tonu beroagoak hondarretan. Arratsaldea aurrera zihoan. Bidezidorretik abiatu ginen motorra utzia genuen lekurantz. Erromeroa eta ezkaia eguzkitan lehortzen usaintsu. Kardu zuri puntazorrotzak.

         Calo de Sant Agustira itzuli ginen hitzartutako ordurako. Hantxe zegoen arrantzalea, ontziralekuaren aurrean barrika txiki batean eserita zigarroa erretzen, oinen artean zumezko saskia zuela. Hurbiltzen ikusi gintuenean tapa ireki zion.

         — Otarraina?

         Halakorik arrantzatzea debekatuta zegoela esan zigun, baina kontrabandoko bat ekarri zigula.

         — Baduzue parrila erabiltzeko aukerarik?

         Etxean bazen bat, baimena eskatu beharko genuen.

         — Egiozue ebaki bat trabeska, zatitu gabe. Tripaz gora jarri eta zukutu limoia. Gatza, eta parrilara. Bost minutuan, listo. Otarra ere eraman dezakezue, ekarriko didazue bihar.

         Hamar euro eskatu zizkigun, gastuak berdintzeko adina.

         — Mutil koskorra nintzenetik irteten naiz itsasora. Ez dut diruagatik egiten.

         Eskerrak eman genizkion. Jiratu ginenean, ahots apalez, bere kolkorako bezala hitz egin zigun:

         — Kontuz sugeekin.

         Aditu genuen kondairaren berri: antzinatik, suge pozoitsuen lurra omen zen Formentera. Pareko irlan, Ibizan, ez omen zegoen herrestari haietarik batere, baina uharte txikira joanez gero, azti ibili behar zen haien hozkadatik libratzeko. Patrikan Ibizako lur eskukada bat zeramana pozoiaren eraginetik salbu zegoela esaten zen.

         — Arretaz zapalduko dugu.

         Etxera bidean, ukondoko tolesturan kateatuta neraman saskiaren tapapetik antenak atera eta mugitzen hasi zen otarraina. Motorra gelditzeko agindu nion Irantzuri.

         — Eraman ezan hankapean, kariñoa hartuko zionat-eta.

         Limoiak, izozkia eta zuri botila bat erosi genituen Sant Ferranen.

         Etxekoandreak ez zigun parrila erabiltzeko eragozpenik jarri. Txingarra egindakoan labana handi bat eskatu zion Irantzuk eta, ezkerrarekin bizkarretik eusten zion bitartean sast sartu zion otarrainari tripan. Zangoak eta antenatxoak mugitzen jarraitu zuen. Aldendu egin nintzen. Tripaz behera etzan zuen parrilan.

         Arrantzalearen errezetarekin otarraina prestatu eta hamaken aldameneko mahaitxora atera genuen ardo-kopekin.

         — Lagunen alde —topa egin genuen.

         Otarraina zoragarria zegoen.

         — Gauean Llevant kalan gelditu naun.

         Baiezkoa egin nion buruarekin.

         — Ez al dun etorri nahi?

         Otarrain-hanka bat xurgatu nuen.

         — Ez.

         Hatzak zupatuz jan genuen itsas eta limoi-zaporeko kutixia. Zigarroarentzat erreserbatu genuen azken ardo-kopa.

         — Izozkirik?

         Terrinatik bertatik jan genuen koilaratxo banarekin. Iluntzen hasia zen.

         — Hoa —esan nion.

         Harizko jertse bat jantzi eta alde egin zuen. Motorraren hotsa aditu nuen urruntzen.

         Mahaia jaso eta dutxa hartzea erabaki nuen. Azaleko eta ileko gatza garbitu nituen. Toallarekin lehortu eta almendra-olioz igurtzi nuen azala. Hamakan etzan nintzen.

         Izartsu zegoen gaua. Ezagutzen nituen konstelazioak bilatu nituen: Andromeda, Kasiopea, Hartz Handia, Orion. Poema baten zatia oroitu nuen: “jarri konstelazio bat; gustukoen dunana; denak ditun onak; jaitsi ezan apur bat; utz nazan bakarrik...”. Alfonsina Storniren azkena, itsasoan ito aurretik idatzita utzi zuena. Loak hartu ninduen.

         Eguna argitzen hasi zenean esnatu nintzen. Hamakan uzkurtuta nengoen, toalla sorbalden gainean. Freskatu egin zuen gauean. Ez nuen oroitzen haren bila jaiki izana.

         Irantzu falta zen. Agondu eta etxaurrera atera nintzen oinutsik. Motorra ere ez zegoen. Etxearen atzealdean begiratzekotan nintzenean aditu nuen tar-tar ezaguna. Kamioan barrena zetorren.

         — Larritu egin naun.

         Kaskoa erantzi eta musu eman zidan.

         — Egun on.

         Hondar-aletxoz josita zeukan azala. Ile nahasian itsas belar gorrixken arrastoak.

         — Hondartzan igaro duzue gaua?

         Besotik heldu zidan eta terrazara sartu ginen.

         —Terik nahi?

         Baietz esan zidan. Biontzako adina ur jarri nuen berotzen. Irakitean te-poltsatxoak gehitu nizkion. Epeltzen utzi nuen. Katilu banatan zerbitzatu eta hamakara eraman nion.

         Lo gozoan zetzan. Toallarekin estali nuen.

         Bi orduren buruan esnatu zen, indarberrituta.

         — Barkatu itxaronaraztea.

         Tea berotu nion berriz, eta bezperako ogia txigortu zuen.

         — Gose naun.

         Gosaltzen amaitu zuenean dutxa hartzeko biluzi zen. Gauean hoztu egin zen tutua, eta txilio txiki batek egin zion ihes urak sabela busti zionean. Azala oilo-larrutu zitzaion. Besoak eta zangoak igurtzi zituen bizi-bizi, eta txorrotaren azpian sartu zuen burua, arnaska.

         — Beste bat naun.

         Errepide zuzen batean barrena abiatu ginen, Irantzu gidari. Burua etzan nuen haren bizkar freskoan. Haizeak eta motorraren tar-tarrak belarriak buxatu zizkidaten. Hegoalderantz gindoazen. Aztarnategi bat erakusten zuen bide-seinalea igaro eta bidean aurrera egin genuen.

         — Begira! —deiadar egin zuen Irantzuk.

         Itsasargia errepide zuzenaren amaieran. Haraino gidatu genuen.

         Motorra aparkatu eta itsasargira jo beharrean, eskuinera hartu zuen Irantzuk.

         — Nora hoa?

         Ez zidan entzun. Atzetik segitu nion. Itsasargitik berrogeita hamar bat metrora eta labarretik beste hainbestera, zulo bat seinalatu zidan lurrean. Metro beteko diametroa izango zuen. Sakona zirudien. Makurtu eta burua sartu zuen bertan. Zuloaren ertzean eseri zen.

         — Kontuz.

         Ohartu nintzenerako desagertu egin zen. Egurrezko eskailera zahar bat topatu nuen harpearen kontra. Jaitsi egin nintzen.

         — Halako ehunka zulo zagon.

         Haitzulo ilunean oinez jarraitu genuen labarraren erdian itsaso gainera ematen zuen balkoi batera iritsi ginen arte.

         — Handik sartzen dun eguzkia.

         Ostertzeko puntu bat seinalatu zidan. Malkarraren ertzean eserita egon ginen pixka batean. Kaioak altu ari ziren hegan. Eguzkiak ez zuen artean jotzen eta hozkirri egiten zuen. Atzera kanpora atera ginen sator-zulotik. Itsasargirantz abiatu ginen.

         Indartsu zebilen haizea lurmuturrean, eta ozen hitz egitera behartzen gintuen.

         — Hoa haitz bazterreraino eta ikusi!

         Amildegiaren gainean, itsasoaren urdin iluna eta zeruaren argia elkartzen ziren lerroari jarraitu nion.

         — Egia dun! Borobila dun zeruertza!

         Bira osoa egin nuen nire ardatzaren bueltan.

         — Hago, erretratu bat egingo dinat.

         Besoak zabaldu nizkion haizeari.

 

 

Urriaren hasieran, Formenteratik itzuli eta gutxira hasi zitzaidan ilea erortzen. Mototsa tenkatuz gero esku bete ile askatzen zitzaidan. Ikaratuta aztertzen nuen burkoa goizetan, aspaldi hennaz tindaturiko ile gorri-beltz kizkurrek herstura eragiten zidaten. Abisurik, minik eta espanturik gabeko galera isil hark aieru ilunak zekarzkidan. Asko argaldu nintzen eta, nekatuta, lanerako baino ez nintzen etxetik irteten. Laster arnasarik gabe gelditzen hasi nintzen eta azaroaren 6an erretzeari utzi behar izan nion biriketara oxigeno apurrik iristen ez zitzaidalako. Azaroaren 24an sukarra igo zitzaidan, eta okerrera egin nuen egunez egun. Baja hartu nuen.

         Nire gogoz kontra, aitari deitu zion Lukak. Hiru edo lau aldiz etorri zen etxera ni medikutara joateko konbentzitzera. Ezetz erantzun nion aldiro, uzteko sukarrari bere lana egiten, atsedena behar nuela. Amak lanetik bueltan bisita egiten zidan, eta zapi heze bat jartzen zidan bekokian. Niri eskua emanda, isilik egoten zen loak hartzen ninduen arte.

         Abenduaren 2an, berrogeiko sukarra eta arnas hari bat nituela, liskarra izan nuen aitarekin. Berriro uko egin nion medikutara joateari.

         — Ez naun nola galtzen haizen begira egongo.

         Nire ondotik jaiki eta gelatik irten zen. Eztulka, arnasestuka hasi nintzaion oihuka. Ez neukan jaikitzeko indarrik.

         — Aita, ez joan!

         Ez itzultzeko alde egin zuela sinetsi nuen. Baina itzuli egin zen.

         — Goazen nahi duzun lekura —amore eman nuen—; baina ez haserretu, mesedez.

         Ospitalera eraman ninduen. Ozta-ozta nintzen ito gabe oinez ibiltzeko gauza. Mediku batek hartu gintuen eta, hatsanka, azken egunetako sintoma guztiak kontatu nizkion ahalik eta xeheen. Plakak egitera bidali ninduen berehala, eta bueltan, itxarongelan, aitaren muturrarekin egin nuen topo.

         — Zergatik ez dion seropositiboa haizela esan?

         Ez zitzaidan beharrezkoa iruditu.

         — Oraintxe daukadan gaixotasuna senda diezadan nahi dut: sintoma guztiak kontatu dizkiot.

         Medikuak deitu zigun.

         — Plakan ez da ezer larririk ikusten.

         Antibiotiko arrunt bat errezetatu zidan.

         — Lehen ez dizut gauza bat esan —aitortu nion orduan—: Seropositiboa naiz.

         Sutan jarri zen. Errieta egin zidan.

         — Adarra jo didazu.

         Suminduta, etxera bidali ninduen.

         Baina arrazoi zuen: plaka arruntetan ikusten ez den Pneumocystis jirovecii pneumonia neukan; Maggioreren alaba hil zuen huraxe bera.

         Beste lau egun egin nituen etxean sukar-eldarniotan eta abenduaren 6an aitak ospitalera eraman ninduen ostera. Sartu orduko aitortu nion harrera egin zigun medikuari:

         — Seropositiboa naiz.

         Laztan egin zidan.

         — Ez dizut galdera gehiago egingo.

         Eskumuturrekoa jarri eta boxen gelara bidali ninduen.

 

 

Bi ospitaleratze luze izan nituen: 2013ko abenduaren 6tik 30era, lehena, eta 2014ko urtarrilaren 3tik 28ra, bigarrena. Lehen ospitaleratzea, Espainiako Konstituzioaren egunekoa, atxiloketa bat bezala bizi izan nuen. Aitari ez zioten boxetara sartzen utzi: bi erizainen artean biluzi eta jantzi zidaten txabusina; ohean oxigenoa jarri zidaten berehala. Unean bertan hasi zitzaizkidan zainetik kortisona eta pneumoniarentzako antibiotikoa ematen. Ez nintzen hitz egiteko gauza. Ospitalean sartu berritan beste infekzio bat izan nuen zitomegalobirus baten ondorioz, eta haren aurkako beste antibiotiko bat ere ezarri zidaten. Pneumoniaren aurkako medikazioak arazoak sortu zizkidan: lehen antibiotikoak alergia eragin zidan, bigarrenak ahoko eta hestegorriko ultzerak, hirugarrenak anemia larria... Zazpi antibiotiko desberdin eman zizkidaten guztira. Ospitalean sartu nindutenerako hamar egunetik gora neramatzan sukar altuarekin, hebain-hebain eginda nengoen. Apenas dut lehen egunetako kontzientziarik. Lorik egin ezinak eragindako inpotentzia eta desesperazioa bakarrik oroitzen ditut.

         Atseden hartzea obsesio bilakatu zitzaidan. Erotzeraino. Kortisonaz goraino, insomnioak ernegatuta, alde guztietatik tutuz josita, ia ezinezko nuen begiak biltzea. Baina okerrena loak hartu orduko esnatzea zen. Propio egiten zuten irudipena nuen. Zaindaria, erizaina, garbitzailea, medikua, merienda ekartzera zetorrena, aldameneko gaixoaren senideak... Ez zegoen atseden hartzeko modurik. Goizean eta iluntzean kortikoideak ematen zizkidaten, pneumoniarentzako antibiotikoa lau orduan behin, eta zitomegalobirusarentzakoa, sei ordutik behin. Zainetik denak. Poltsa bakoitzak ordubete inguru irauten zuen eta amaitu orduko txistuka hasten zen tantaz tantakoaren makina. Etengabe irekitzen zen atea. Etengabe ahotsak, kirrinkak, orratzak, pertsianak, danbatekoak. Behin eta berriz deitzen zidaten. Siesta egin nahi nuen eta botika-poltsa aldatzera sartzen ziren. Lo hartzea lortzen nuen eta maindireak aldatzen zizkidaten. “Mesedez ez dezatela atea ireki” errepikatuz uzkurtzen nintzen ohean. Atea zabaltzen zen bakoitzean negarrez hasten nintzen.

         — Itxi atea! —oihukatzen nuen.

         Loa ebakitzen zidaten, erauzi, eten, mila puska egin. Lorik egin ezean hil egingo nintzela sinetsi nuen.

         — Akabatu egingo nauzue.

         Desesperazio fisiko eta psikologiko erabatekoan sartu nintzen. Ohiko zaratez gain, gauetan korridore berean zeuden gaixoen oihuak entzuten nituen. Agure bat lau egunez egon zen amari deika. Oinazezko garrasiak entzuten nituen, eta eldarnioenak. Beroa izugarria zen. Neguaren atarian egonagatik ere, logela barruan ia 30 gradu. Ez zidaten leihoa irekitzen uzten aldameneko ohean izarekin leporaino estaliriko atsoa hoztuko zen beldurrez.

         Lukak nire aldamenean igaro zituen lehenengo hamar gauak, hamar gaurik okerrenak. Ohearen aldamenean zutik sentitzen nuen. Negar egin nahi nuen, baina herpes bat atera zitzaidan eta ahoa handituta, zauriz eta ultzeraz josita, ezinezkoa zen. Zotinka hasten nintzen bakoitzean, ezpainei tira eta odoletan hasten zitzaizkidan.

         — Ez negarrik egin —esaten zidan Lukak.

         Lotarako zerbait eman ziezadatela erregutzen nien. Ez nuen ulertzen drogaz leporaino nindukaten haiei zer kostatzen zitzaien lotarako pilula bat gehiago ematea.

         Bosgarren edo seigarren egunean hies kasuez arduratzen zen mediku bat etorri zitzaidan. Bisitarien aulkian eserita harrapatu ninduen, etzanda itomen-sentsazioa areagotzen zitzaidalako. Nire gainbeheraren unerik okerrenean nengoen, kontrako eskuko atzamarrekin besoa inguratzeko bezain argal, lorik egin gabe, sukartsu, ahoa puztuta eta zarakarrez desitxuratuta. Hitz egin ezin nuenez, mezuak koaderno batean idatziz komunikatzen nintzen. Deseginda nengoen. “Eman zerbait: lo egin behar dut”, idatzi nion.

         Koadernoa eskuetatik kendu eta oihuka hasi zitzaidan:

         — Ospitalera lehenago ez etortzeagatik zaude orain horrela, medikaziorik hartu ez zenuelako. Garbi esango dizut: tuntuna, arduragabea eta harroa izan zarelako.

         Kaiera berreskuratu nahi izan nuen.

         — Begiraidazu! —agindu zidan—. Ez dakit hemendik bizirik atera ahal izango zaitudan: zure egoeran % 40 hil egiten da.

         Hezurrak aulkian barreiatuta, begiak itxita zotinka jarraitzen nuen.

         — Odol-analisiak oso txarrak dira: plaketak behea jota dituzu, transfusioa egin beharko dizugu.

         — Ez! —aurka egin nion.

         — Hori ez duzu zuk erabakiko.

         Zorabiatzeko zorian nengoen.

         — Gero etorriko naiz eta ekarriko dizut lotarako pilula bat.

         Erizain batek esku bat jarri zidan sorbaldan.

         Baina ez zidan inork pilularik ekartzen. Nirekin errukitu zen erizaina medikuaren bila joan zen azkenean. Ordu bata eta erdiak ziren, eta ordu bietan bukatzen zuen erronda. Burumakur itzuli zen.

         — Alde egin du.

         Garrasika eta astinaldika hasi nintzen. Zainetara loturiko tutuak eta oxigenoaren zunda erauzi nituen. Ezpainetako zauri guztiak ireki zitzaizkidan. Lasaigarri bat eman zidatela uste dut, lelotuta utzi bai, baina lokarrarazi ez ninduena.

 

 

Ez ninduten ukitzen. Ez Lukak ez aitak ez amak. Lehen bi asteetan ez nuen beste inor ikusi nahi izan. Lukak nirekin ematen zituen gauak eta goizean goiz alde egiten zuen lanera. Aitak oporrak hartu zituen, goizeko bederatzietarako etortzen zen. Amak eguerdian egiten zidan bisita, denda itxitakoan. Baina hiruretan inor ez zen nigana gerturatzen, ez nik haiek sentitzeko adina. Aldamenean esertzen ziren, niretzat iritsezina zen distantziara.

         Aita haserre zegoen tratamendua onartzen ez nuelako.

         — Antirretrobiralik gabe ez haiz bizirik irtengo.

         Buruarekin ezezkoa ematera mugatzen nintzen. Korridorean aditzen nuen biraoka, baina ez zuen alde egiten: niri hitzik egin gabe eta bizkarra emanda, baina ospitalean gelditzen zen eguerdira arte.

         Babesgabe nengoen nire gorputzaren barruan. Izeba Karmenekin oroitzen nintzen, nola eskatzen zigun, hilzorian zegoela, estuago besarka genezala. Amama eta biok haren gorputzaren barrura sartzeko ahalegin desesperatua orduantxe ulertu nion. Haren ohearen barruan nahi gintuen, azalaren barruan ezin gintuelako.

         Amak eta Lukak ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatzen zutela iruditzen zitzaidan. Egunkaria irakurtzen zuten nire ondoan, musika jartzen zuten, telesailen bat ikusi, laneko kontuak aurreratu... Nobioarekin elkartu aurretik komuneko ispiluaren aurrean ezpainak margotu zituen behin amak.

         — Ezer behar duzu? —galdetzen zidaten—. Eroso zaude? Beste bigungarri bat jarriko dizut bizkarrean?

         Laztan egiten zidaten ile maskalduan. Musu ematen zidaten bekoki izerdituan.

         Ezer ez zen nahikoa. Ezinezkoa eskatzen nien: nire azalaren barnetik eutsi nintzatela.

         “Badakin nik ezin dudala hire mina sentitu, ezta?”. Aspaldi ohartarazi zidan aitak.

         Jan ezinaren inpotentzia gehitu zitzaion loezinaren asaldurari. Otorduro ekartzen zidaten janari-erretilua, baina ezin ezer ahoratu. Urik ere ezin nuen edan. Ez zidaten azaldu, ahoa neukan bezala edukita, nola elikatu nezakeen neure burua. Ahal izan nuen gisan moldatu behar izan nuen. Bi xiringa handi eskatu nituen; bata urez eta bestea txiki-txiki egindako janariz bete eta aho-zirritutik sartzen nituen pixkanaka.

         Xiringako jogurta irentsi nahian ari nintzen erizain laguntzailea sartu zenean.

         — Erretilua!

         Aldamenean nuen atsoari ere agirika egin zion mantsoegi jateagatik.

         — Ikusi ditut azkarragoak!

         Auxiliarrari erretilua esku dardartiz entregatu aurretik, postrerako sagarra izarapean ezkutatu zuen atsoak.

 

 

Gau hartan triste sumatu nuen Luka. Iluntzero bezala, musu eman zidan iritsi berritan, eta kaleko arropak eranztera eta galtza laburrak janztera sartu zen komunera. Ondora etorri zitzaidan.

         — Euria ari din hor kanpoan.

         Aldameneko gaixoak hedatuta zeukan errezela, eta nire ohetik ez zen leihoa ikusten.

         Arratsero, aldamenean eseri eta egunaren berri ematen zidan. Kontuak kontatzen zizkidan, eta bere pentsamenduak, kontu txikiekin nahasian.

         — Etorkizuna beleena ere ba omen da —esan zuen.

         Egunkariko orri bat erakutsi zidan, titular huraxe zekarrena.

         — Albiste zientifiko bat dun, titular poetikoagatik ez balitz irakurriko ez nukeena.

         Ondo hitz egiten zuen, presarik gabe, polit. Ahoa bortxaz itxita eduki nuen arte, ez dut uste Lukari taxuz aditzen asmatu nuenik. Gau hartan, animoaren iluntasuna itsasten zien hitzei.

         — Beleekin esperimentatzen aritu ditun: egiaztatu diten, esperientzian oinarrituta, etorkizuna planifikatzeko gai direla.

         Isilik gelditu zen. Eskumuturra laztandu zidan.

         — Hitchcockez geroztik, izua zienat beleei.

         Niri, une hartan, artegagarriagoa zitzaidan etorkizunaren ideia beleak eurak baino.

         — Janariarekin tentatu ditizten: aukeran jarri zizkieten janari pittin bat ala etorkizunean janari askoz hobea emango dien giltza bat, eta belatzarrek nahiago izan diten giltza.

         Aitarekin pentsatu nuen, eta hark bezala presentzia korbidoa zuten pertsonengan.

         Arnas hari bat neukan, betazalak pisu.

         — Sentsazio bitxia izan dinat gaur —esan zuen Lukak—, armairuak txukuntzen aritu naun. Ez zaukanat apenas aldarririk gabeko kamisetarik. Armairu-zokoan nahaspilan zeudenan eta ohearen gainera aterata banaka tolestu ditinat: porroten inbentarioa egitea izan dun... Gogorra egin zaidan denak batera ikustea, borroka galduak, hemengoak eta atzerrikoak, eraitsitako asmoak, debekaturiko hitzak, pertsonak, ideiak... Ez zakinat pozari eustea beti ona ote den.

         Burkoko ileak ekarri zizkidan gogora, galeraren paisaia egunsentian.

         — Hik ere ez daukan itxura onik.

         Eskua emateko eskatu nion.

         — Asko maite haut —esan nion.

         Ikaraz dar-dar egin zion kokotsak.

         — Oso ahul hago.

         Haren begietan arakatuta jabetu nintzen errealitateaz: hiltzeko arriskuan nengoen. Distira azkar bat izan zen, txori beltz bat, Lukaren ninietan posibilitate beltzenaren aztarna.

         — Hartuko ditiat.

         Ezustean harrapatu nuen.

         — Antirretrobiralak onartuko ditun?

         Ez zen hausnarturiko erabakia izan, ni ere ezustean harrapatu ninduen pentsatu gabeko errendizioak.

         — Ezin diat gehiago.

         Beti ahal da gehiago, kontra egin zidan pentsamenduak.

         — Onena dun.

         Negarrez ari zela ikusi nuen: nik amore ematean, amore emateko baimena eman zion bere buruari. Lukaren nekeari erreparatu ahal izan nion.

         Tinko besarkatu ninduen: Lukaren arnasa, azala, beroa. Minik gabe, bigun zetorren errendizioaren negarra.

         — Deitu aitari.

         Sorbaldetatik heldu zidan.

         — Konturatu naun: aita aurka izanda, ezin dun aurrera egin.

         Bere bularraren kontra estutu zidan burua. Hunkitu egin ninduen Lukaren bihotzaren taupadak aditzeak.

         — Porrotaren eta garaipenaren kontzeptuak erlatiboak ditun.

         Telefonoa ekarri zidan.

         — Zer gertatu da?

         — Medikatzea erabaki dut, aita.

         Ez zuen ezer esan. Isilik gelditu zen eskegi gabe eta, akituta, haren hatsean etzan nintzen ni. Eta lo egin nuen, lo egin nuen behingoz.

 

 

Kazetaritzako karrera hautatu nuen hemezortzi urterekin, banekielako tabernarako, militantziarako eta sexurako aski denbora libre utziko zidala.

         Hirugarren urteko udako oporraldian Nazioarteko Bake Brigadekin Venezuelara joatea erabaki nuen 2003an. Askapenako internazionalistekin iraultza bolivartarra bertatik bertara ezagutzea nuen amets, baina poltsikoak ez zidan bidaia ordaintzeko ematen eta kooperazio beka jaso zain gelditu behar izan nuen. Haritzek Garako politika saileko arduradunarekin harremanetan jarri ninduen, hark zenbait kontaktu pasa zizkidan, pare bat errefuxiatu euskaldun elkarrizketatzeko iradoki zidan, eta taxuz egiten banuen egunkarian argitaratuko zizkidala agindu.

         Hegazkinetik ezagutu nuen Petare auzoa: Caracasen barruan, errepidez inguraturiko muino malkartsu bat, elkarren gainean pilaturiko adreiluzko txabolaz estalia.

         Jeep batek mendixkaren magalean utzi ninduen, eta oinez egin nuen etxean hartu behar ninduen mojaren bizilekurainoko bidea. Aldapan gora, kamio ertzetan pilaturiko zabor-poltsen aldamenean futbolean ari ziren mutikoek hatzaz seinalatzen ninduten. Bizkar-zorroaren pisuak uzten zidan bezain bizkor nindoan kale eta zidor estuetan barrena, ziurtasuna entseatuz. Etxaurre kalamastretan, arropak zintzilik; leihoetan, antena parabolikoak; teilatuetan, ura biltzeko bidoiak; hamaika kablez zamaturiko elektrizitate-poste okerrak, uralitaz edo plastiko hutsez estaliriko txabolak, luiziek azpian harturikoak. Azpirakuntzaren konglomeratua. Petareko pobrezia bortitza zen, amorruz eraikia eta mantendua.

         Petare. Karibe hizkuntzako “pet” —aurpegia— eta “are” —ibaia— hitzekin osaturiko toponimoa zela irakurri nuen gidan. Guaire ibaiaren aurrean hiriko bazter-jendeak metatzeko ustiatua. Lehen aldiz Euskal Herritik urrutira alde egin, eta antipodetako Lasalderekin egin nuen topo.

         Agindutako helbidera iritsi nintzenean bi dobermanek egin zidan ongietorria. Urrunetik entzun nuen zaunka, etxetik irteten ikusi nuen, korrika bizian. Bidearen erdian tupustean gelditu, zaunkari utzi, burua jaitsi eta barrurantz egin zuen atzera, batere interesik piztu ez banio bezala. Haren atzetik atera zen moja, hirurogeiren bat urteko emakume zimur luzexka, suposatu nion abituaren ordez, galtzak eta alkandora urdina soinean.

         — Zuriei ez die zaunkarik egiten.

         Gabriela izena zuen moja yanomamiak, ez ziren gutxi katolizismoak doktrinaturiko indigenak. Jaiotze-izena ere aldatua izango zuen, ziur, amazoniarraren basati-konplexua gainetik kendu eta zibilizatuago azaltzeko. Zaintzapeko zeuzkan bi neska-mutilekin bizi zen: Alejandra, bederatzi urtekoa, eta Nandú, nire adinekoa.

         Etxera sartu eta motxila lurrean utzi orduko, goitik behera begiratu zidan mojak, eta atsekabezko hasperena egin zuen, batere disimulurik gabe. Une batez desagertu, eta mahuka luzeko zenbait kamisetarekin itzuli zen.

         — Hemen ezin duzu tatuajerik erakutsi, malandroa zarela pentsatuko dute.

         Alejandra ezpainetan eta sudurrean nituen piercingei begira gelditu zen.

         — Horiek ere kendu egin beharko dituzu.

         Mojak ekarritako elastikoarekin estali nituen besoko hiru izarrak.

         — Zer esan nahi dute? —galdetu zidan Alejandrak.

         — Nire hildakoak dira.

         Gabrielak arroza zerbitzatu zidan lapiko batetik.

         — Nandú, ekarri egiozu ura.

         Mutila segituan itzuli zen pitxar batekin, eta mahaian esertzeko keinua egin zion Gabrielak. 800.000 biztanleko “auzoan” egin beharko nuen lanaren jakinaren gainean jarri ninduen.

         — Arazo handia dugu haurdun gelditzen diren neska gazteekin. Asko euren etxeetan bertan bortxatzen dituzte, aitek, osabek, lehengusuek. Beste asko bikotekideek abandonatu egiten dituzte sabela hazten hasi orduko.

         Sexu-abusuak jasandako neskatoek, haur jaioberriekiko lanetan desesperatuek, haurdunaldia ezkutatu edo eten nahi zutenek Gabrielarengana jotzen zuten babes eske, eta ardura haietan laguntzea zegokidan niri.

         — Nandúk eskoltatuko zaitu.

         Gau hartan bertan aditu nituen lehenengo tiroketak. Hasieran ez nuen hotsa identifikatu. Benetako tiroak aditzen nituen estreinako aldia zen, eta gezurrezkoak iruditu zitzaizkidan, jostailuzkoak. Filmetakoen antzik ez. Eldarnio moduko batean hartu ninduen loak, auzoko zalapartak eta Gabrielak une oro piztuta izaten zuen irratiaren zurrumurrua ametsekin nahasian. Katakume baten marrakak esnatu ninduen zenbait aldiz, baina segituan errenditu nintzen bidaiaren nekera.

         Eguna argitu aurretik jaiki nintzen, goizeko seiak aldera, sukaldera jo nuen kafea egitera. Ordurako han zen Gabriela. Bizkarka ikusi nuen, fardel bat besoetan. Ni sumatu eta jiratu zenean, haur jaioberri bat kulunkatzen ari zela ikusi nuen.

         — Gauean utzi dute.

         Umea lo zegoen. Une batez eutsi niezaiola eskatu zidan Gabrielak.

         — Zilborra desinfektatu behar diogu.

         Beldurrez heldu nion zapietan bilduriko haurrari, ez zuen ia pisurik. Ilea gantzatsu eta umel zeukan, begiak handituta. Animalia usaina zerion. Ordu gutxi batzuk izango zituela kalkulatu nuen. Zimiko desatsegin batek estutu zidan zintzurra. Atzamar txikia eraman nion eskutxora, eta heldu egin zidan, senez. Azazkal luzeak zituen. Eguna argitzen hasi zen leihoen bestaldean. Haurrak, lo, keinu txiki bat egin zuen, irribarrearen antzekoa.

         Aste gogorrak izan ziren. Ia egunero eramaten nituen neskatoak auzoan Misión Barrio Adentro kanpainari esker muntatu zituzten osasun-etxoletara. Mediku kubatarrek artatzen zituzten. Batzuek gogor eusten zidaten, beren alde zerbait egin nezakeela sinetsita; askok begirada galdua izaten zuten, gorputza zurrun, osasun-zentrora bidean. Errudun sentitu nintzen nire azalaren koloreaz, eta laguntza eskaini izanaz lotsa; biolentziari boterearen goiko eskaileratik begiratzeaz, zikin. Ate-joka etorri zitzaigun hamalau urteko neskatila batek, Gabrielak bakarrik utzi gintuen orduko, abortatzeko laguntza eskatu zidan.

         — Quítamelo! —oihukatzen zuen.

         Angustiaz bizi izan nuen hura guztia, sekula ez bezala egin nuen negar; eta, kontrastean, gogotik barre egiteko inoiz baino premia handiagoa sentitu nuen. Barre egiteko urgentzia. Eskerrak Nandú beti inguruan nuen. Hark bazekien desgraziari ere umore-puntta ateratzen, artea zuen horretarako, entrenamendu luzea biziraupenaren sokan, eta nik biziki eskertzen nion.

         — Jendea salbatzera hentorrela uste huen? —burla egin zidan.

         Errukiz zuzendu zitzaidan. Min egin zidan hark nire kontraesanetan hazka egiteak, elkartasunez mozorroturiko harrokeria ageri-agerian jartzeak, baina nire haserrearen aurrean kikildu ordez, ukabila luzatu eta korrika hasi zen etxaurreko patioan, Supermanena eginez.

         — Gelditu hadi, baboa!

         Baina han jarraitu zuen, buelta eta buelta, aldian behin “Suuuuuper-Nagore!” oihukatzen eta jauziak egiten. Zakurra ere aztoratu zuen bere teatroarekin. Ez zen gelditu algaraka hasi nintzen arte.

         — Ergela —esan nion, karkailaka.

         Maitasun-istorio bat izan genuen, nahiko polita, Petareko bortizkeriaren erdian. Gauetan, Gabriela oheratzean, Nandúren logelara joaten nintzen ebaska, eta larrua jotzen genuen gauero, poliki eta leun. Gabrielaren zurrunga geldoa eta Alejandraren arnasa barea aditzen genituen ohetik. Gauak epelak izaten ziren, parez pare zabalik uzten genuen leihoa. Euskal Herritik eramandako biltzeko tabakotik erretzen genuen lastairaren gainean eserita. Tiroketak eta auzokoen liskarrak aditzen ziren kanpoan, eta guk elkarri eusten genion. Biluzik gelditzen ginen elkarren ondoan, nire izter zuriak haren izter beltzekin korapilatuta.

 

 

Abenduaren erdi aldera etorri zen Irantzu bisitan ospitalera. Okerrena pasata hots egin nion; makalalditxo bat izan nuela kontatu nion, errekuperatzen ari nintzela.

         — Alferrik galduta hago!

         Disimulua ez zen inoiz Irantzuren bertutea izan.

         Durangoko azokan erositako Joxe Azurmendiren Barkamena, kondena, tortura liburua ekarri zidan opari.

         — Ez zakinat egokiena den...

         — Hik ez dun errukirik.

         Ordurako ia sendatuta neuzkan ahoko zauriak, eta neure kasa hartzen nuen arnasa. Irantzuk izarak altxatu eta bistan utzi zizkidan izterrak.

         — Nolatan ez didan lehenago deitu?

         — Gauza asko gertatu ditun.

         — Zer daukan?

         — Pneumonia... eta konplikazio txiki batzuk.

         Oinez hasi zen gelaren alde batetik bestera. Txamarra erantzi eta ilea mototsean bildu zuen.

         — Baina hau —ahotsa jaitsi zuen—, hiesagatik al da?

         Bekokian itsatsita neukan ile-xerloa apartatu zidan.

         — Badakin niretzat korapilatsua dela erantzuna.

         Errezela korritu eta aldameneko atsoa lo zegoela egiaztatu zuen hizketan hasi aurretik.

         — Begira, Nagore, disidentziaren kontu horrekin urrunegi joan haizela uste dinat. Orain dela hiru urte hiesa heukala esan higun, eta goizetik gauera, hiesa ez zela existitzen. Eta akabo kontua. Ezer gertatu ez balitz bezala jokatu dun, eta guk jokoa egin dinagu.

         Tantaz tantakoari heldu zion.

         — Zer da?

         — Antibiotikoa, ustez.

         — Horixe zunan errazena! Ez daukanala ezer? Ba, denok pozik!

         Esajeratuki ireki zituen begiak.

         — Benetan uste dun hiesa ez dela existitzen?

         Zehar-begiratua egin zion atsoari.

         — Lasai, egun osoa lo pasatzen din.

         — Uste dinat kasu honetan ez daukanala arrazoirik.

         Barre egin nuen.

         — Zer gertatzen zain?

         — Kontra egitera ausartu haiz.

         — Zer erremedio.

         — Jende oso gutxik egiten zidan kontra.

         Eskua eman nion.

         — Harro ustel bat haizelako.

         — Medikatzea onartu dinat.

         — Antirretrobiralekin?

         — Errenditu egin naun: urtarrilaren lehenean hasiko naun, pneumoniatik errekuperatutakoan.

         — Suposatzen dinat gaixotzeko arriskua asko txikituko dela botikekin.

         — Auskalo.

         — Ez dun federik?

         — Nik ez dinat kaka horretan sinesten, are gehiago, izua zionat, azta hartu zuten ia denak zuloan zauden. Baina esker ona antzeztu beharra zaukanat. Nire egiak zuenarekin talka egitean sortzen zaidan konfliktoa latzagoa dun teatro honek sortzen didana baino.

         — Ez ditun gauza bera errenditzea eta noiz gelditu jakitea.

         — Nik ez dinat alderik ikusten. Zalantzarik gabe, amore eman dinat, ezin nuelako besterik egin. Antirretrobiralak hartzea erabaki nuenean nire pentsamendua ez zunan “horrela sendatu egingo naun” izan, “horrela borrokatzeari utziko zionat” baizik. Barrua arintzen didana ez dun itxaropena, atsedena baino. Nire usteen eta autoritatearen artean borrokan jarraitzeak hilko nindinan. Ahalegin handiegia zunan.

         — Hire mugak onartu ditun.

         — Gaixotasunek beren kabuz hitz egiten diten.

         — Gaitzen sinbologiaz ari haiz? Gorroto dinat belarriko minez hagoenean “zer da entzun nahi ez duzuna?” galdetzen duen jende tipoa. Medikuen autoritatea birrintzen diten, zer eta denok sasimediku bihurtzeko. Harriak giltzurrunean? Beldurrez hagoen seinale. Anginak? Zerbait ezin irentsita habil... Ikustekoa dun azken urteotan zenbat mediku eta psikoanalista graduatu den unibertsitaterik zapaldu gabe!

         — Ba, nire ustez ez zaien arrazoirik falta... Onar dezagun gaixotasuna existitzen dela, baina bazauden faktore gehiago. Ez dun alderdi emozionalaz hitz egiten, eta gaitz guztietan, baina hiesarenean bereziki, zerikusi erabatekoa din. Baina horrek bost axola orain.

         — Sekta horretakoa egin al haiz? —purrustada egin zuen—. Esan, zer esan nahi din pneumoniak?

         — Heriotzari beldurra.

         — Eta hiesak?

         — Gehiegizko erresistentziaren ondorioz defentsa eta babes falta; desbalorizazio konflikto latza; defentsa psikikoaren hipergarapena babes immunologikoaren kaltean; kulpa sexuala, maitasun erreprimitua...

         — Ondo ikasita daukan. Zer dion, orduan, birusaz?

         — Demagun baietz, birusa existitzen dela. Nik ez dinat sinesten harekin kontaktuan egote hutsagatik kutsatzen garenik, kontaktu konfliktibo bat izan dugulako baizik.

         — Ja. Eta nola neurtzen da hori? Zer den konfliktiboa eta zer ez?

         — Uztan. Ez dun garrantzitsua. Zerbait ulertu badut, zera dun: nire gorputzean gertatzen dena ezin dudala buruaren bidez kontrolatu. Disidentzia modu batetik edo bestetik, arrazoia izan nahi ninan. Ezta arrazoia izateak heriotzatik libratuko bagintu ere! Lizuna iruditzen zaidan arrazonatzea bera. Nahiago dinat drogatu egingo naizela onartu eta gatazka neutralizatu.

         — Ez zakinat zer esan.

         — Emozionalki, ez naun disidentzian bizirauteko gauza.

         — Ez naun harritzen.

         — Baina ezin dinat jasan medikuekiko subordinazio infantila.

         — Hi umetzeko botererik ezean, ezingo hindukete sendatu. Gurasoekin bezala dun: seme-alaben gainetik egon behar diten derrigor; azpitik jartzean guraso izateari uzten zioten.

         Amarengan pentsatu nuen.

         — Zein dun hire salbatzaile ideala?

         Erridikulua zen ideia bera.

         — Zahartzeko premia sentitzen dinat, errenditzearen plazera dastatzeko.

         Txistuka hasi zen tantaz tantakoa.

         — Ez haut sekula aditu horrela hizketan.

         — Ezinezkoa dun errenditu gabe zahartzea. Pentsatu al dun horretan? Edo alderantziz dun, agian: errendi al daiteke zahartu gabe?

         Azurmendiren liburuarekin bekokia kolpatu zuen Irantzuk propio:

         — Seguru hago tantaz tantakoan dagoena ez dela aiahuaska?

         Barre egin genuen.

         — Gauza bat izan din ona hire erorialdiak: behin bada ere, militantzia, mutilak, familia, lana eta kristo guztiak albora utzi eta heure buruari begira jarri haiz.

         Erizain bat etorri zen antibiotikoaren poltsa erretiratzera.

         — Sukarra hartu dizute?

         — Ez.

         Termometroa jarri zidan. 37. Ondo.

         — Garaipena eta porrota kontzeptu erlatiboak direla esaten din Azurmendik.

         — Gauza bera esan zidanan Lukak.

         Eskura eman zidan liburua.

         — Ez dun hain aukera desegokia izango, azkenean.

         Aliritzira ireki nuen:

         — Garaipena nahi duenak gerra nahi du —irakurri nuen­—; bakea nahi bada, aldiz, ezin da garaipenik nahi izan.

         — Arrazoia ematen din Azurmendik ere!

         Algaraka egin genuen barre. Itomenak gelditu ninduen.

         — Kontuz, hala ere —ohartarazi zidan Irantzuk—. Modan zagon porrotak garaipen itxuraz kapitalizatzea.

         — Galtzailearen azken jokaldia dun. Funtzionatzen din batzuetan.

 

 

Loezinak lehengoan jarraitzen zuen, baina desesperaziotik onarpenerako urratsa eman nuen. Suspertzen hasi nintzenean, Luka, nirekin afaldu ostean etxera erretiratzen hasi zen, balda-balda eginda uzten baitzuten infekziosoen saileko gauek. Ia gau osoa esna igarotzen nuen. Drogen eraginpean, ez nintzen lasai etzanda edo patxadaz irakurtzen egoteko gai. Speed-gauak ziruditen. Urte hasieran estreinatu zen Utopia telesailera kakotu nintzen. Aitak utzitako Ipadari kaskoak lotuta ikusten nuen dramatismo esponentzialeko thriller politiko-paranoiko bikaina. “Utopia ikustea gominolak jatea bezala izatea nahi nuke: gozoa, kolorez betea... baina goragalea sortzen duena”, irakurri nion zuzendariari.

         Egunsentia baino lehen, seiak aldean, dutxatu, eta bisitarien aulkian eserita itxaroten nion erizainen lehen errondari. Tentsioa eta tenperatura hartzen zizkidaten.

         — Ez zenuke bakarrik dutxatu behar: tentsio honekin edozein momentutan zorabia zaitezke.

         Zazpietan aitaren mezua iristen zitzaidan zer moduz lo egin nuen galdezka. Partea bidaltzen nion: “Bi ordu eta sukarrik gabe”.

         Bederatziak alderako etortzen zen, El País besapean. Ohitura bihurtu zitzaigun gurutzegrama elkarrekin osatzea. Behin errenditzen hasita, nik baino laukitxo gehiago bete zitzan uzten nion apropos. Gustua hartu nion galtzera jolasteari; gero eta gutxiago kostatzen zitzaidan.

         Aitak korridorean paseatzera behartzen ninduen: goizero osteratxo bat, bezperakoa baino metro batzuk luzeagoa. Gogoz kontra ateratzen nintzen gelatik. Lehenengo ibilaldietan, gorputzaren ahulezia baino are eramangaitzagoa zitzaidan oxigeno falta. Metro gutxi batzuk egin orduko eseri beharra izaten nuen. Beste gaixoek eta haien senideek ni hain argal ikusteak ere lotsatu egiten ninduen.

         — Zer duzu, ume? Anorexia? —galdetu zidan kamisoidun atso batek, aitaren besotik nindoala—. Janik ez zenean denok gose, eta jana soberan dagoenean, jan nahi ez...

         Aurrera tira zidan aitak.

         Nire bizitzan diziplina ezartzen zidan lehen aldia zen, eta horretara jarrita, ez zen inola ere malgua.

         — Bihar haraino —agintzen zidan.

         Eztabaidatu egiten genuen, dueluaren eta sedukzioaren artean beti.

         — Damu dinat Karmen azken etapan albora utzi izana —aitortu zidan—. Ihes egin ninan, eta hi utzi berarekin. Ez nindunan arreba hiltzen ikusteko gauza, eta hiregan delegatu ninan hari heriotzaraino laguntzeko ardura.

         Aitaren “une sakonek” ez zuten inoiz bi minututik gora irauten.

         Logelan grazia egiten ziguten bideoak eta gustatzen zitzaizkigun kantak jartzen genizkion elkarri. Amy Winehouserekin txoratuta zebilen: 27rekin hildako emakumeen fana zen.

         Erorketa absurdoen bideo baten ostean Ipada eskatu zidan.

         — Kanta bat jarriko dinat.

         Antonio Molinaren ahotsa ezagutu nuen. Aitak gustuko zuen gurasoen iragana gogora ekartzen zion musika. Abisurik eta aurreprestaketarik gabe jarri zidan La hija de Juan Simón abestia, eta gitarra arraspariaren gainetik, negarraren antzeko kantu hura:

 

                  Cuando acabé mi condena

                  Viví muy solo y perdido

                  Ella se murió de pena y yo

                  Que la causa he sido sé que murió siendo buena

                  Ella se murió de pena y yo

                  Que la causa he sido sé que murió siendo buena.

 

                  La enterraron por la tarde

                  A la hija de Juan Simón

                  Y era Simón en el pueblo

                  Y era Simón en el pueblo ay

                  El único enterraor

 

                  Él mismo a su propia hija

                  Al cementerio llevó

                  Y él mismo cavó la fosa

                  Y él mismo cavó la fosa murmurando una oración.

 

                  Y como en una mano llevaba la pala

                  Y en el hombro el azadón

                  Sus amigos le preguntan

                  Y todos le preguntaban ay

                  De dónde vienes Juan Simón

 

                  Soy enterraor y vengo

                  Soy enterraor y vengo

                  Soy enterraor y vengo ay

                  De enterrar mi corazón.

 

         “Ella se murió de pena y yo, que la causa he sido, sé que murió siendo buena”. Arnasa bera ere ebatsi zidan. Aitaren bularrean ezkutatu nuen burua, eta halaxe egon nintzen abestia amaitu zen arte.

         Zotina kontrolatzea lortu nuenean, nire burua haren paparretik apartatu eta esku bat jarri zidan sorbaldan.

         — Drogek blandiblu jartzen haute, Jenisjoplin.

 

 

Petaren, Gina izeneko neska baten lagun egin nintzen. Gurearen aldameneko txabolan bizi zen, harekin igarotzen nituen eguneko ordu hilak. Ni baino zaharxeagoa zen, hogeita lau urte, eta oihal-puskekin panpinak egiten zituen auzoko merkatuan saltzeko.

         — Ze pena, hi neska izatea —esan zidan arratsalde batean—. Mutila bahintz, ni haurdun uzteko eskatuko ninake.

         Arraza hobetu nahi zuen. Beltz-beltza zen Gina, eta Gabrielaren dobermanak ez zuen bakean uzten. Zaunka hasten zen neska usaindu orduko. Txantxetan ari zela pentsatu nuen, baina ez, bene-benetan ari zen arrazaren kontuarekin. Adarrik ez jotzeko agindu nion.

         — Utziko al didan hire azala usaintzen?

         Bere sudur zapala nire lepora gerturatu eta usnaka hasi zitzaidan.

         — Ikusten?

         Nire usaina berea baino askoz hobea zela sinetsita zegoen.

         — Zurion izerdi-usaina desatsegina zitzaizuela uste ninan nik.

         — Nik nahiago dinat zuri-usaina.

         — Xaboiarengatik izango dun.

         Sinesgogor begiratu zidan. Etxera igo eta nire xaboi-potoa jaitsi nion.

         — Hiretzat.

         Ume bat bezala hasi zen pozez saltoka. Baina ez zion luzaz iraun. Biharamunean burumakur hurbildu zitzaidan potoa eskuan. Dutxa hartu berria zen.

         — Ez dun gauza bera. Beltz-kiratsa dinat oraindik.

         Aste Santuan, Euskal Herrira itzuli aurretik, Choroníra joateko gonbidapena neukan. Euskal errefuxiatu batzuk bizi ziren han, eta haien etxera joateko asmoa nuen egun batzuk pasatzera. Nirekin etortzeko animatu nahi izan nuen Gina. Banekien zer erantzungo zidan, ez zeukala kuleroak erosteko ere dirurik; baina musutruk ostatu emango zigutela eta gainerako gastuak neuk ordainduko nituela agindu nion.

         Urduri igo zen autobusera, leihotik begira egin zuen bidaia osoa. Lehen aldia zen jaio zen auzotik ateratzen zena. Choroníra iritsi ginenean, etxean hartuko gintuzten lagunentzat, esker onez, opariren bat erostea erabaki nuen, baina motxilan sartu nituen ehun dolarrak desagertu zirela ohartu nintzen.

         — Ez naun ni izan.

         Eskuak altxa zituen Ginak.

         — Bazakinat —erantzun nion haserre.

         Esku-hutsik jo genuen aberrikideen atea. Etxe dotorea zen, aurrealdean lorategi eta guzti. Beso zabalik hartu gintuzten Ramonek —ez zen haren benetako izena izango— eta Almak. Diruarekin gertatu zitzaidana kontatu nien, eta buruarekin ezezka eta eskua aurpegiaren aurrean astinduz adierazi zidaten trankil egoteko, ahazteko kontua.

         — Hemen ez duzue dirurik behar.

         Gina txunditurik zegoen. Ez zuen ulertzen bikote hark etxean nolatan hartu gintuen, trukean ezer eskatu gabe eta nahi adina denborarako, lehenago sekula elkar ikusi ez bagenuen.

         — Herri bitxia, hirea.

         Laurok elkarrekin bazkaldu genuen: marmitakoa eta cachapak, talo venezuelarrak. Ardoa ere atera zuten. Galdera batzuk egiteko aprobetxatu nuen eta ohar batzuk zirriborratu nituen.

         — Nik ez dut edaten —uko egin zion Ginak Ramonen eskaintzari.

         Kaferako, Fernan izeneko beste euskaldun bat bildu zitzaigun, Ramon baino gazteagoa. Gauez hondartza aldera joateko gonbita egin zigun, itsasertzeko taberna batean aritzen zen zerbitzari, eta bertako gaugiroa goraipatu zuen.

         — Etorri behar duzue, dantza pixka bat egitera.

         Handik bi egunera egin genuen joateko plana. Iluntze aldera dutxa hartu, gorputzak nire xaboiarekin goitik behera igurtzi, eta festarako prestatu ginen. Soineko zuri bat utzi nion Ginari.

         — Ez al da laburregia?

         Niri belaunak estaltzen zizkidan, baina Ginari izterren erdialdera iristen zitzaion.

         — Bai zera! —animatu nuen.

         Txirikordak egin nizkion ilean, eta buruaren gainean bildu.

         Taberna hondartzaren gain-gainean zegoen, oholez osaturiko egitura zabal baten gainean. Ertz batera, barra, aurrean, terraza, zintzilikako argi txikiz inguratua. Terrazaren albo batean mahai batzuk, eta bertan eserita jendea, daikiriak eta kremazko pontxeak edaten. Beste aldean, dantza-pista. Iritsi ginenean bikote pare bat baino ez zen ari dantzan, mahaietako batean jesartzea proposatu zigun Ramonek. Fernan ere gurekin eseri zen. Ron botila eta edalontzi bana atera zituen anfitrioiak. Gina alde guztietara begira ari zen, liluratuta. Zer edango zuen galdetu zioten.

         — Tira! Behingoagatik!

         Azkenean chicha pixka bat onartu zuen. Bitartean, ron-botila hustu ahala, Euskal Herriko egoera politikoaz aritu ginen hizketan Ramon, Fernan eta hirurok, egoera hartan soinu erabat erridikulua zuten hitzak harilkatuz: hitzarmena, negoziazioa, prozesua, konponbidea... Bigarren ron-botila ireki zuen Fernanek, hitzak mingainean itsatsi zitzaizkigun: eszenategia, bake-akordioa...

         Niri ziztuan igaroak zitzaizkidan, baina aise paseak izango ziren bizpahiru ordu isildu gabe berriketan. Gina gogaitzen hasia zela ohartu nintzen.

         — Horrela dibertitzen zarete benetan?

         Ahapeka galdetu zidan, baina entzun egin zioten, eta algaraka hasi ziren denak. Almak, Ginarekin bat eginez, baietz argitu zion, horrela dibertitzen ginela. Fernanek, berriketari utzi, eta dantza egitera atera zuen Gina. Ramonek eta Almak erretiratzeko ordua zutela esan zuten.

         — Gelditu lasai. Aprobetxatu!

         Gaua pixka bat luzatzea erabaki genuen. Fernan lanera itzuli zen, eta Gina, nirekin errukituta, dantza-pistatik mahaira itzuli zen. Barraren ertzean zegoen mutil bat jo nuen begiz.

         — Ikusten dun?

         Bizkar zabaleko mutil gihartsu bat zen, beltzarana. Ile luze nahasiak ukitu basatia ematen zion. Adoretuta, gugana hurbiltzeko keinua egin nion. Mahaipetik ostiko jo zidan Ginak.

         — Gurekin edan nahi al duk? —gonbidatu nuen.

         Ron pixka bat onartu zidan, aldamenean eseri zitzaidan.

         — Alex —aurkeztu zuen bere burua.

         Gina lotsatuta sentitu nuen, eta dibertitu egin ninduen horrek. Beste mutil bat ere albora etorri zitzaigun. Alexen laguna zela pentsatu nuen. Ginaren ondoan eseri zen, hizketan hasi zitzaion. Ginak gustura zirudien. Ni ere sorginduta bezala nengoen ronaren kulunkapean eta gero eta gertuago neukan mutil eder haren konpainian. Ginari belarrira hitz egiteko jiratu zen batean, sorbaldaren atzealdean tatuaturik svastika bat ikusi nion haren solaskideari.

         — Eta hori? —galdetu nion zakar.

         Damu-aurpegia jarri zuen.

         — Gaztetan, badakin...

         Sinetsi egin nahi izan nion. Petaren, umeek svastikak margotzen zituzten paretetan eta lurrean. Askotan hurbildu nintzaien zer arraiotan ari ziren galdezka, eta zer pintatzen zuten arrastorik ere ez zutela jabetu nintzen. “Erria, Nagore!”, esan nion neure buruari, “lasaitu...”. Nekatuta nengoen une oro dena kontrolpean eduki beharraz. Beti atezuan, beti erne. Aroak ere, bero, umel, biguntzeko eskatzen zuen; ronaren usainak, zer esanik ez. Gozatu. Utzi gozatzen. Etxera gonbidatu gintuen Ginaren lagun berriak. Ginari iritzia eskatu nion begiradarekin, baiezkoa egin zidan.

         Txoko hura paradisua zen. Itsasondoan zegoen, olatuak entzuteko bezain gertu. Terrazan, kokondoak; enbor batetik bestera hedatuta, hamakak. Edanean eta barrez jarraitu genuen. Musukatu egin ninduen Alexek. Mowgly deitu nion. Tarzan. Bero-beroa zuen hatsa, fruta-zaporekoa. Arbolapeko koko bat hautsi zuen aihotz batekin, eta edatera eman zidan. Halako batean, aparte hartu ninduen Ginak.

         — Birjina naun.

         Besoetatik heldu eta lasai egoteko eskatu nion, nahi zuenean alde egingo genuela handik, une hartantxe bertan, nahi bazuen. Ez zeukala ezer egin beharrik.

         — Ondo nagon.

         Alex eta biok gero eta beroago geunden, koko-esnea nire sabelera isuri eta bertatik edaten hasi zen. Zorabio karibetarra. Lika. Azukrea azalpean. Giharrak deseginda. Eztia. Berriro hurbildu zitzaidan Gina.

         — Honekin noan.

         Zain zeukan etxejabea.

         — Seguru? —galdetu nion.

         Baietz egin zidan buruaz. Alexen mihia sentitu nuen zilborrean. Alde egin zuten.

         Nik ere etxera sartu nahi ote nuen galdetu zidan Alexek. Zalantza egin nuen, hamakan bertan, gauaren azpian biluzik larrua jotzeak erakarrita, baina baietz esan nion azkenean, erosotasunaren alde. Nahikoa edanda nengoen, hobe nuen ohean luze etzatea. Eskaileretatik aditu genituen lehenengo oihuak eta kolpeak. Korrika hasi nintzen garrasiak zetozen lekurantz, estropezuka, Alexi begiratu ere egin gabe. Lehenengo pisuko gela bat zen. Atea krisketaz itxia zuten.

         — Kabroia! Ireki!

         Ateari ostikoka hasi nintzen; Ginak oihuka jarraitzen zuen. Alexek, nire ondora etorri, eta indarrez bota zuen atea. Ohol eraitsiaren aurrean tente ikusi nuen Gina. Odoletan zegoen. Ezkerreko eskuarekin eskuinekoari eusten zion, turrustaka ari zitzaion odola soineko zuria zikintzen. Begiratu egin zidan. Heldu egin nion. Tipoak aiztoa eskuan zeukan oraindik. Alexek morroiaren kontra egiteko keinua egin zuen, pistola batekin apuntatu zion hark. Korrika jaitsi genituen eskailerak; gure atzetik etorri zen Alex ere. Terrazara atera ginen, etxaurreko hesia itxita zegoen. Ezin ginen atera jabeak ireki ezean. Hesia gainetik pasatzen ahalegindu nintzen; altuegia zen, Ginak ezin zuen eskua erabili. Erdi biluzik nengoen, amorruak eta beldurrak gorputz-adarrak tenkatzen zizkidaten. Atalondoan ikusi nuen Ginaren erasotzailea, esku batean aiztoa eta bestean pistola.

         — Ireki atea! —garrasi egin nion.

         Nire aurreikuspen guztien kontra, poliki eta zaratatsu, hesia zabaltzen hasi zen.

         Besotik heldu nion Ginari. Lasterka atera ginen handik, noraezean. Eskuinera hartzeko aholkatu zigun Alexek; ezkerrera, aurrerago. Han ez zen osasun-etxerik.

         — Utz gaitzak bakarrik!

         Bidearen erdian gelditu zen, kamisetarik gabe eta beso gihartsuak soinaren alde banatara zintzilik. Gu urrundu egin ginen. Zerbait bilatu behar nuen, ospitale bat, laguntza-zentro bat, komentu bat, komisaria, zerbait. Anbulatorio txiki batekin topo egin genuen, zortez.

         Ginak odol asko galdu zuen, zorabiatzen hasia zegoen, zurbil. Zauria josi zioten, esku-ahurrean alderik alde. Ebaki sakona zeukan. Mutilak aiztoarekin mehatxu egin zionean, bere burua defendatu nahian, erreflexuz, sorbatzari eutsi zion.

         Hurrengo egunean itzuli ginen Petarera. Ez nuen errefuxiatuei buruzko erreportajerik idatziko, ez nion inori Choronín izan nintzenik aipatu ere egingo. Autobusean hala adosturik, lapurreta egin zigutela kontatu genuen, eta ni babestearren zauritu zutela Gina. Maingu, ezin izan zuen, hilabetetan, panpinarik josi; eta uko egin behar izan zion bere diru-iturri bakarrari. Ginak bazekien bere burua babesten: hogeita lau urtean ez zuen inork bortxatu, ez kolpatu. Nire gurasokeria zuria izan zen hura pobreziaren eta bere buruarekiko gorrotoaren eskaileran maila bat beherago jaitsarazi zuena. Biharamunean itzulerako hegazkina hartu nuen.

 

 

Egunkaria ekarriko ote zidan eskatu nion goizeko errondako erizain atsegin bati. Ohituraz, gurutzegrama egin nuen lehenbizi, ia osorik, bi hitzen faltan.

         Abenduaren 15a igandea zen. Luka Madrilen zegoen bezperatik bere amarekin. Elkarrekin eman zuten izena James C. Scottek Menderatuak eta erresistentziaren artea liburuan oinarrituta eman behar zuen hitzaldirako, kitzikatuta zeuden. Euren lagunen etxean hartu zuten ostatu eta mintzaldiaren ondoren afaltzera joango ziren gustuko jatetxe thailandiar batera. Gurasoek ere planak zituzten: biek hots egin zidaten konpromisoak bertan behera utziko zituztela esateko, baina uko egin nien.

         Korridoreko osteratxoa egitera jaiki ala ez zalantza egin nuen, baina, entrenatzailearen faltan, Utopiaren bosgarren kapitulua ikustea erabaki nuen. Argi-ilunetan, soinu-bandaren lehen notek erne jarri ninduten.

         Gela ilun bat: oholez estalitako leihoen zirrikituetatik, eguzki-izpiak eta, aurrean, argi kontra, konspirazioaren buruetako bat. Musika txistu bat, burmuinean instalatzen zena.

         — Honezkero zazpi mila milioi gizaki bagara planeta honetan. Ni jaio nintzenean ez ginen bi mila milioira iristen. Elikagaien prezioa gora doa, petrolioa ahitzen ari da. 20 urte barru gure baliabideak amaitzen direnean, eta gure espezieaz dakiguna jakinda, benetan uste duzue elkarbanatu egingo ditugula?

         Wilson, Becky eta Ian daude gelan. Becky ari da galdezka:

         — Eta horren aurrean, genozidioa da zure erantzuna?

         — Ez. Ez da genozidioa. Gure erantzuna Janus da.

         Planoa ixten ari da.

         — Janus proteina batez eta aminoazido batez osatuta dago. Elkarrengandik aparte, kaltegabeak dira. Baina subjektu berean batzen direnean kromosomak bereiztea eragozten duen prozesu genetiko bat abiarazten dute. Zelula hautatua ezin da bitan zatitu eta alferrikako bihurtzen da. Aldaketa behin betikoa da. Eta hereditarioa.

         — Eta... zeintzuk dira hautaturiko zelulak?

         — Ugalkortasuna kontrolatzen dutenak, Becky. Janusen helburua giza arraza antzutzea da.

         Planoa aldatu da. Etxaurrea eguzkitan. Ahotsak jarraitu du:

         — Janusek hogeitik bat baino ez du ugalkor utziko.

         Barruan, berriro: aitorlea eserita, argi kontra. Zutik, bizkarrez, beste hirurak:

         — 100 urte baino gutxiagoan populazioa 500 milioi biztanletan egonkortuko dela uste dugu. Ordurako, jaiotza-tasak leheneratuta behar luke... baina hutsik sentituko den planeta batean.

         — Erotuta zaude!

         — Ba al dakizu nor izan zen ingurugiroan eragin positiboena izan zuen morroia? Gengis Khan: 40 milioi pertsona masakratu zituelako. Lurra lantzeko inor gabe, basoak hazi ziren berriro, atmosferako karbono dioxidoak behera egin zuen. Munstro hura existitu izan ez balitz, gutako bilioi bat gehiago ginatekeen orain, planeta honetan espazio minimo bat lortzearren elkarri bultzaka.

         Puertas doktorea sartu zen gelan.

         — Zurekin hitz egin behar dut.

         Irudia gelditu nuen.

         — Transfusioa egin beharko dizugu, Nagore.

         — Ez! —aurka egin nion tinko.

         — Beharrezkoa da, anemia handiegia duzu.

         — Ez dut transfusiorik nahi, esan nizun.

         Ez nekien arrazionalki argumentatzen, ez nengoen beste baten odola onartzeko prest. Gainerako bataila guztiak galduta, egoskor, erabaki nuen ez niela nire zainetan sartzen utziko. Nire odolean, ez. Konbikzio guztiak eraitsita, ideiak birrinduta eta gorputza botika arrotzez beteta, nire odolarekin identifikatu nintzen. Azken tantaraino zukutu nahi nindutela sentitzen nuen. Nire-nirea zen guztia kendu nahi zidatela. Odolari eustea lurralde konkistatuan azken eremu askea defendatzea zen. Ekintza ia espirituala. Nire azken borrokatxoa.

         Pantailari begiratu zion.

         — Paranoia larregi ikusten dituzu.

         — Itxaron bihar arte, mesedez, ea emaitzak hobetzen diren.

         Leihora joan zen. Lo zetzan atsoari begiratu zion. Bizkarka esan zidan:

         — Janus ez da existitzen.

         Ipadari begiratu nion. Conran bilauaren bisaje begi-zulotsua.

         — Bihar arte itxarongo dugu; emaitzak hobetzen ez badira, ez dizut beste aukerarik emango.

         Konbentzitu egin nuen, mirariz.

         Joan zenean, itzarrik, hizketan hasi zitzaidan aldamenekoa.

         — Gaixoa... Beldurra ematen al dizute transfusioek? —oinak bistan zituen—. Niri ere bai. Edozer kutsatzeko ere... Pentsa hiesdun baten odola sartzen dizutela!

         — Zuri, honezkero, berdintsu litzaizuke.

         Egunkariarekin orri-pasan baretu nahi izan nuen amorrua.

         Espero ez nuen albiste batekin topo egin nuen: egun hartan bertan ari zen jokatzen Euskal Herriko bertsolari txapelketako finala, nengoen ospitaleko gelatik kilometro eskasera, hain zuzen. Ilusioa egin zidan. Ez nintzen bertsozale porrokatua, horretan ere ez nintzen sartzen abertzale inbentariatuaren soslaian, baina ospitaleko igande anestesiatu baterako plan hoberik ez zitzaidan bururatzen. etb1en zuzenean emango zuten buruz burukoa.

         Eguerdian, Irantzuri deitu nion:

         — becen al hago?

         Bertsolariak aditu nituen atzean. Eskegi egin zidan.

         Antzutzearen gaiaz hausnarrean aritu nintzen. Ustekabeko durduza eragin zidan jendartea propio antzutzeko konspirazioarenak. Banekien sarritan praktikatu izan zirela antzutze behartuak: Alemanian eskizofrenikoak, epileptikoak, itsuak, gorrak eta alkoholikoak antzutu zituen Hitlerrek; Suedian ijitoak izan ziren jomuga eta Perun emakume indigenak. aebetan ere, “akats” fisiko eta mentalen bat zutenez gain, amerindiarrei eta andre afroamerikarrei erauzi zieten ugaltzeko gaitasuna. Bistakoa zen kartzeletan eta psikiatrikoetan itxita zeuzkatenei ere ez zietela ondorengoak izatea errazten.

         Jakin-mina piztu zitzaidan, eta susmoa, gibarekin kutsaturiko jendea inon, inoiz behartuta antzutu ote zuten. Ez zitzaidan asko kosta aierua baieztatzea: Mexikoko hainbat emakume seropositibok tronpen lotura egitera hertsatu zituztela salatzen zuen. Hondurasen, El Salvadorren eta Nikaraguan ere ugalkortasuna eragotzi edo estuki mugatu zieten gib eramaileei.

         Luzea zen, eta harrigarria, halako praktikak eginarazi zituzten estatuen zerrenda: Australia, Norvegia, Finlandia, Estonia, Islandia, Suitza, Erresuma Batua, Errumania, Errusia...

         Aparailua itzali nuen.

         Nik ez nuen sekula ama izaterik desiratu. Pentsatu ere ez nuen egin. Baina datu haiek giza zaborraren kategorian sailkatzen ninduten. Ugaltzea galarazi behar litzaiekeenen taldean. Diagnostikoaz geroztik inork ez lidake haurdunaldirik aholkatuko eta, posible izatera, oztopatu egingo lidakete ugalkortasuna. gib positiboa nintzela esan zidatenetik genitaletan eta obulutegietan pairaturiko arazo amaigabeek izango zuten zerikusirik antzutze sinbolikoarekin ere.

         Eguneko bigarren dutxa hartzea erabaki nuen.

         Bazkalostean, ohetik jaiki eta armairuan zintzilik zegoen berokia jantzi nuen pijamaren gainetik.

         — Alta eman dizute? —galdetu zidan atsoak.

         Errukitu egin nintzen. Ez zitzaion asko gelditzen.

         — Ez, kafetegira noa. Nahi al duzu zerbait ekartzea?

         — Txokolatezko madalenarik balego...

         Arazorik gabe iritsi nintzen igogailura. Hormari helduta egin nuen kafetegirainoko bidea. Hatsanka iritsi nintzen. Madalenak, patata frijituak, goxokiak eta alkoholik gabeko zerbezak erosi nituen.

         — Gela-zerbitzurik baduzue? —galdetu nion txantxetan zerbitzariari.

         Ahul ikusiko ninduen, gelaraino laguntzeko eskaini baitzidan bere burua.

         — Igogailura bakarrik —onartu nion.

         Poltsa esku batean hartu eta beste besoa eskaini zidan.

         — Zer duzu?

         — Pneumonia.

         Poliki-poliki joan ginen igogailuen aretora. Estraperloko fardela entregatu zidan. Ezin nuen pisuarekin.

         — Goraino lagunduko dizut.

         — Konforme.

         — Zer ospatuko da?

         — Txanpionsa.

         Harritu egin zen, baina ez nion azalpenik eman.

         — Onenak irabaz dezala —esan zidan.

         Armairuan sartu zuen poltsa.

         — Azkar osatu.

         Zurrungaka ari zen nire gelakidea. Gau-mahaian utzi nion madalena. Nekatuta, etzan egin nintzen ni ere. Begiak itxi eta arnasa bere onera etorri zain gelditu nintzen.

         Erizainak antibiotikoa jartzeko iratzarri ninduenean ohartu nintzen lo hartu nuela.

         — Zer ordu da?

         — Zazpiak.

         Ordurako iluna zen kanpoan.

         — Nola ez nauzue lehenago esnatu?

         Mespretxuz begiratu zidan.

         Telebista piztu nuen. Hastear zen buruz burukoa. Alkoholik gabeko bat eta patatak ireki nituen. Gatzak erre egin zidan eztarrian. Zaborretara bota nituen. Lujanbioren lehen plano itxi bat erakutsi zuen kamerak. Kontzentrazioaren begitarte beltzuria.

         — Nork irabaziko du? —galdetu zidan atsoak.

         Beste madalena bat eskaini nion.

         Bederatzietan, txapelduna izendatu baino lehenago, telebista itzalarazi zidan erizainak, hainbeste irudirekin atsoa urduritzen hasia zela eta.

         Handik gutxira atea ireki zen berriz.

         — Zer gertatzen da orain? —kexatu nintzen erretxinduta.

         — Nagore, esna al hago?

         Agondu egin nintzen.

         — Zer egiten dun hemen?

         Isilka sartu zen Irantzu.

         — Ospitalea etxera bidean gelditzen zitzaidanan eta gabon esatera pasatzea otu zaidan.

         Txispatuta zegoela iruditu zitzaidan.

         — Nork irabazi du?

         — Ametsek.

         — Ondo egon da?

         — Itzel. Erromak heroiak maite ditin.

         Bekokian musu eman zidan, eta alde egin zuen.

 

 

Diagnostikoarekin sexualitatea, erotika eta sedukzioa kastratu zizkidaten kolpez. Puertas doktoreak 2010ean haren berri eman zidan unean bertan ulertu nuen sexua niretzat amaitua zela. Lortuko nuen, akaso, hartara jarriz gero, saiatuta, mekanikoki orgasmora iristea, baina jolasa, axolagabetasuna eta, batez ere, espontaneitatea ez nituen berreskuratuko. Ez zen gehiago naturalki, gauza batek bestera eramanda, ia ohartu gabe larrutarako okasiorik sortuko. Ez ninduen begirada bihurri batek etzango. Ez nuen ezezagunik limurtuko. Are gutxiago lagunik: diagnostikoaren berri zekitenentzat ez nintzen jada ohekide posible bat. Errukiak ezinbestean hilko zuen eszitazioa. Azala azalaren kontra igurzteko jaidura basa iraganeko kontua bihurtu zen. Ezingo nuen sexua erabili maitasun, onespen, autoestimu, konplizitate, abentura, dibertsio bila. Sexuak beharko zuen izan planifikatua, kontu handiz egina, mugatua eta problematikoa.

         Sekula inork desiratuko ez ninduen izuak hartu ninduen: nire egoeraren berri zekitenentzat erotikarik gabeko lagun jatorren multzo hitsera igaro nintzen eta desiratuko nindutenei ezingo nien desiraz erantzun.

         Ezezagunen irritsezko begiradez gozatu nahi banuen, hurkoa berotzeko gaitasun primitiboaz plazer hartzeko asmo hutsez, ezkutuan mantendu beharko nuen nire egoera. Larrua jotzeko intentziorik gabe seduzitzea zen egin nezakeen gehiena. Ingurukoek ezeren berririk ez zuten bitartean, jolasten jarraitu ahal izango nuen, fribolitatea bizitzen ez baina arinkeria antzezten. Emakume erakargarriaren gudu-zelaian gau-jantziz paseatu ahalko nuen kontua isilpekoa zen bitartean. Kontrara, territorio hori galduko nuke. Kastrazio erdia bazen diagnostikoa, hura publiko egitea, kastrazio osoa.

         Sexua alde batera utzita sozializatzen ez nekiela ohartzea izan zen bigarren kolpea. Besteekiko harremanetan bazegoela nigan beti sexualetik zerbait. Larruaren bidez iristen nintzen samurtasunera, batasun-sentimendura, eta are onarpen intelektualera. Tabernetara sartzean igartzen nuen, gizonezkoen bileretara azaltzean, begiz begiko elkarrizketa hutsalenean. Indar sexuala itzalita, ez nekien nola jokatu. Horregatik bakartu nintzen, eta itxi. Mundu txiki bat osatu nuen Lukarekin, non sexu problematikoaren bidez maitasuna eta intimitatea trukatzea posible zen.

         Espero gabe, emakumeengana ireki ninduen egoera berriak. Gizonezkoen begiradentzat, gizonezkoen iritzientzat, haien presentziarentzat eta oniritziarentzat gorde izan nuen gainezkako arretak ez zidan ahizpatasun apurrik praktikatzen utzi. Bortxaz fokua aldatuta, lehen lehiakideak edo, presentzia kasik ikusezinak hautematen nituen lekuan konplizeak ikusten hasi ahal izan nuen. Urteetan jaramonik egin ez nienengana nola gerturatu ezin nuen asmatu, ordea.

         Lehen ehizari eskaintzen nion dedikazioa neuretzat hartzea ahalbidetu zidan kastrazioak. Konkistan xahutzen nuen indarra neure burua zaintzeko erabiltzea. Inor sorgintzeko lanak albora utzita, energia-soberakin dezentekoa gelditu zitzaidan, nire gorputz hebainduarentzat hil edo bizikoa. Beti erne egon beharraren zamaz, harrapariaren alerta-egoeraz libratu nintzen eta, lehenago ez bezala, harreman monogamo egonkor samar bat elikatzen ausartu nintzen. Leialtasunaren berme irreala, interdependentziazko oreka eta bidean aurrera egiteko bidaide eta emozio-kide baten babesa sentitu ahal izan nituen.

         Geroztik saiatu naiz pausa, baretasuna, patxada eta androfiliatik askatu izana ospatzen. Gutxien espero dudanean, baina, azalaren azpian sentitzen dut, taupaka, erpeka, otsemearen inertzia.

 

 

Goizeko seietan, dutxa hartu aurretik, eskura neukan guztia jaten nuen analitikak hobetze aldera. Bitaminak eta barratxo energetikoak ekartzeko eskatu nion amari; banana eta ahuakatearekin batera gosaltzen nituen. Egunero ateratzen zidaten odola plaketa-kopurua aztertzeko.

         Eszeptiko zegoen Puertas doktorea.

         — Apur bat hobeto daude. Oraindik oso baxu.

         Abenduaren 20an berriro etorri zen Irantzu. Transfusioaren gerra irabazi nuela kontatu nion, ukabila goratuz.

         — Hire bulkada belizistek ez diten mugarik! —asaldatu zen.

         — Zer moduz iritsi hintzen etxera?

         — Someran gelditu nindunan zerbait hartzen beste bertsozale batzuekin. Saio osteko komentarioak eta... oheratzerako goizeko bostak.

         — Zer moduzko saioa joan zen?

         — Interesatzen zain, ala?

         — Ni ere finalari begira egon nindunan. Heroiei buruzko zerbait esan hidan gauean.

         Poltsan ekarri zuen fardel bat eman zidan. Kartoizko liburu eder bat, Nire sekretuen zuhaitza. Musu eman nion.

         — Oraindik kultura epikora kakotuta gauden. Guardia zibilak, presoak, Sarri, ama totala... Geure heroiak eta bilauak behar ditinagu. “Aro berrian” ere epikaren inertzia hor zagon. Maialenekin deskolokatu xamar egon nindunan: hozka egiteko grina falta zuela iruditu zitzaidanan hasieran, amorrua eskas, baina, hain zuzen, aipatutako epika horretatik ihesi ez ote zebilen... Ez zitinan gaiak gertaera heroikoak balira bezala abordatu, txikitik aritu zunan. Baina hori dun joera oro har, ezta? Ez bertsolarietan bakarrik. Interesgarria dun epikaren kulturarena: hamarkada batean ikuspegi belizista nola diluitu den. Orain dela gutxi belaxkatzat hartzen zunan epikara hurbiltzen ez zena, eta orain boladaz kanpo zagon guztiz, zabar irizten zionagu edo, okerrago, kitsch, purpura. Begira, bestela, musikariei. Baina egiaren ordua iristen denean... hiletetan, adibidez, epika behar dinagu. Arbuiatu ditinagu ikuspegi erromantikoa eta gerrazalea, baina besterik eraikitzea kostatzen ari zaigun...

         — Ni ere halaxe nabilen.

         — Ahaztu egin al zain transfusioaren gerrarena?

         — Guztiz demode nagon, bai.

         Armairua seinalatu nion.

         — Zerbezak eta litxarreria batzuk dauzkan, nahi badun.

         Lata bat ireki zuen.

         — Teoria berriak ari ditun sortzen: ahultasunaren kultura defendatzen hasi ditun batzuk. Zaurgarritasunaren aitortza defendatzen diten, bai pertsonalki bai kolektiboki; baina, aldi berean, azpimarratzen ditizten gatazkaren kudeaketa, askatasunaren aprendizajea, disidentziarako eskubidea...

         — Disidentziarako eskubidea esan dun? Niri ez didazue, ba, aitortzen.

         — Disidentzia estilo heroikoan praktikatu dunalako: etsitzeko edo zalantzarako tarterik gabe, eta beti bakarka, autosufizientzia hutsez. Geure buruarekin mesfidati izatea dun zaurgarritasunaren kulturaren ardatzetako bat.

         Aldameneko atsoa iratzarri egin zen.

         — Ez duzu beste madalena bat edukiko, ezta?

         Bat eman zion Irantzuk.

         — Jainkoak bedeinka zaitzala, ume.

         — Hauentzat errazagoa dun —esan zidan—. Jainkoak betetzen zien hutsune existentziala. Guk geure jainkotxoak fabrikatu behar izan ditinagu. Erlijioaren faltan ideologietan hartu dinagu babesa.

         Pentsamendu haren norabidearen arriskuaz jabetu nintzen.

         — Baina, joder, zein da alternatiba: bertan goxo egitea? —Irantzu ere mesfidati zegoen—. Terapiara joan eta norberaren traumak aztertuz zirkulu zentripetuak egiten bizitzea? Orekan egongo dun gakoa... Ezin dun ukatu norberaren ezinetatik ideologia egitea kontu zabaldua denik, ezinen analisitik doktore-tesi freudiar reichiar gestaltiar homeopatikoak egitea bezain zabaldua bai behintzat. Edozeren alde edo kontra sutsuen aritzen diren pertsonengan antzeman liteken errazen zehar-eskaria. Normalean, arrazoia eskatzen diten, eta arrazoiaren bitartez maitasun apur bat.

         — Ezagutzen dinat dinamika.

         — Ez nindunan zuzenean hitaz ari... Baina bazagon amorru bakoitzarentzat ideologia bana. Hutsune bakoitzaren neurriko pentsamendua. Umezurtz bakoitzarentzako lider ideologikoa. Hala ere —erakuslea altxa zuen—, guk ideiak geure faboretan erabiltzeak ez zien ideiei berezko funtsik kentzen, ala? Norbaitek defendatu beharko ditin!

         Isiltasun une labur bat egin zuen. Tonua baretu zuen.

         — Kontua izango dun nork defendatzen duen zer: pertsonak ideia ala ideiak pertsona. Hik... —tragoa jo zion zerbezari— benetan medikuntzaren kontra hagoelako egin dun borroka ala borroka egiteko beharra huelako egin dun medikuntzaren kontra?

         — Bietatik zerbait, suposatzen dinat.

         — Zaurgarritasunaren kulturaz ari direnek identitate finkoak desegin eta identitate estrategikoak eraikitzeko deia egiten diten. Jantzi-erantziko identitateak.

         — Barruko arropa ondo hautatzea inportantea izango dun.

         — Dudarik ez.

         Korridorera atera ginen. Solairuaren hegal bateko itxarongelara joatea proposatu nion. Eguneko bigarren paseoa.

         — Lehendabiziko aldian honaino iritsi nindunan.

         Nire gelatik hamar metro eskasera zegoen atea seinalatu nion.

         — Asko aurreratu dun.

         Itxarongelan, igogailuko botoiari sakatu nion.

         — Nora joan nahi dun?

         — Kafetxo bat hartzera.

         — Uzten al dute?

         — Emadan berokia.

         Igogailuan sartu ginen. Berokiaz gain lepoko zapia ere utzi zidan Irantzuk, eta buruan jarri nuen turbante eran.

         — Dotore.

         Barran eseri ginen. Keinu egin nion zerbitzariari.

         — Ez haut ezagutu! —barran makurtu zen hitz egiteko—. Zer moduz doa pneumonia hori?

         — Hobetzen.

         Eskatutakoak atera zizkigun. Harrituta begiratzen zigun Irantzuk. Finalaren egunean ezagutu nuela kontatu nion.

         — Gelaraino lagundu zidanan.

         — Badaki zer daukanan, ala?

         — Pneumonia. Entzun dion.

         — Ja, baina...

         — Ez dinat inork jakiterik nahi. Nire ahultasuna onartzen ez dakidalako izango dun.

         — Ezkutatu nahia aitortzea badun aski onarpen.

         Katilua bi eskuen artean helduta, kafetegiko mahaietan eserita zegoen jendeari begira jarri nintzen.

         — Pertsona elbarriak, herrenak, begi-okerrak, mainguak... ergelagoak edo gaiztoagoak direla uste din jendeak, eta hiesaz diagnostikatuak alferrik galduak direla, giza hondakinak. Guk geuk ere bai. Merezitako zigorra pairatzen ari direla pentsatzen dinagu, drogazale izateagatik, behar ez zutenekin behar ez zuten moduan endredatzeagatik, zoriaren beste aldera erortzeagatik, gu baino pobreagoak, biziotsuagoak, txortara emanagoak, gautarragoak izateagatik.

         Ontzi-garbigailua ireki zuen zerbitzariak, lurrun bero desatseginak eten zidan jarioa.

         — Erridikulua dun: beti aritu naun borrokan baztertuen alde, baina ni bazterrean kokatzen nautenen aurka oldartzen naun.

         — Lehen heure bizitzaren gaineko kontrola handitzera eramaten hinduten jarrerek berek eramaten haute orain kontrola galtzera. Jarrera bati luzaroegi eusteak maskaldu egiten gaitin. Norberaren ahultasunarekin zintzo izatearen prezioa ditun kontraesanak.

         — Aitzakia ederra, hipokrisiarako.

         Ezpain-gaina seinalatu nion, aparrez zikindua zuen.

         — Diagnostikoa zenbat eta jende gehiagok jakin, orduan eta errealago bilakatzen dun, bazirudin besteek jakiteak egiten duela egiazko.

         — Hala dun, nolabait.

         — Nik ez dinat horrela begira diezadaten nahi. Kutreena dun neure burua ikusten dudala normalitatearen baitan ustez dagokidan tokia defendatzen —eserita nengoen tabureteari heldu nion—; kritikatzen dudan gizartearen parte izateko eginahalean nabilen, giza kategoria defendaezin horren barruan ahalik eta denbora gehien iraun nahian.

         — Eta nor ez da horretan saiatzen? Periferiakoek ere normalak izan nahi diten periferian.

         Barraren beste ertzean tea hartzen ari zen rastadun bikoteari begiratu eta bekainak makotu zituen.

         — Estigmak lehengoan jarraitzen duela uste dun?

         — Egin aproba: aukeratu kafetegi honetako pertsona bat, edozein, eta begiratu ongi.

         Ingurua miatu zuen Irantzuk.

         — Orain pentsatu pertsona horrek hiesa duela, eta begiratu berriz. Ez al da ezer aldatu?

         — Nik lehen bezala ikusten haut.

         — Ez.

         — Jakina baietz.

         — Orain kontra egiten didan, aholkuak ematen dizkidan, zaindu egiten naun.

         — Hori ona dun.

         — Baina nire gainetik jarri haiz.

         — Baita zera ere.

         — Eta gustatu egiten zain.

 

 

Loaren zain egoteaz aspertzen nintzenean egunsentiaren zain igarotzen nuen gaua. Zenbat eta indartsuago ni, orduan eta itogarriago ospitalea. Kortikoideek ez zidaten hiruzpalau ordutik gora lo egiten uzten, luzea eta ernegagarria zen denbora. Alfonsina Storniren obra irentsi nuen. Itsasoaren mira eta heriotza limurtzeko obsesio zoroa. Emakume burutsuei iragartzen zien maitasun-porrot ekidinezina.

         Youtubeko bideoak kateatuz iristen nintzen argi-begira. Adikzioa bideoarekin egin nuen topo goizaldeko hiruretan. Atsoa ahoz gora lo. Aurikularrak jantzi nituen.

         “Zerk sortzen du heroinarekiko adikzioa? Galdera inozoa dirudi. Heroina da heroinarekiko adikzioa sortzen duena. Hogei egunean heroina kontsumitzen duenari hogeita batgarrenerako gorputzak basatiki eskatuko dio droga, abstinentzia-sindromea izango du, substantziak berak kontsumitzailea hartara katigatzeko gako kimikoak baititu. Horixe da adikzioa. Eta... hala ez balitz?

         “Demagun aldaka puskatu dugula. Ospitalera eramango gaituzte eta diamorfina mordoa zaineratuko digute zenbait astez. Diamorfina heroina da. Izan, jonki batek kalean aurkitu lezakeena baino askozaz heroina puruagoa. Une honetan bertan hainbat lagun ari dira, gugandik gertu, luxuzko heroina kontsumitzen. Beraz, adikzioari buruz aurresuposaturikoa zuzena balitz, haietako batzuek, gutxienez, substantziarekiko menpekotasuna garatu behar lukete... Baina ez da gertatzen. Zergatik ez?

         “Gaur egun hedatuena dagoen adikzioari buruzko teorizazioa, neurri handi batean, xx. mende hasieran eginiko zenbait esperimenturi zor zaie. Sagu bat sartzen zuten kaiola baten barruan bi ur-botilarekin: botiletako batean ura zegoen; bestean, heroinarekin nahasturiko ura. Esperimentu hau egin zen ia kasu guztietan sagua heroinadun urarekin obsesionatu zen, gehiago eta gehiago edan zuen zerraldo geratu arte. Baina 70eko hamarkadan Bruce Alexander izeneko Psikologia irakasleak esperimentuaren ezaugarri jakin bati erreparatu zion: sagua beti bakar-bakarrik sartzen zuten kaiola hutsaren barruan, ur pozoitua edan beste zereginik gabe.

         “Sagu-parkea eraiki zuen: luxuzko kaiola bat, koloretako pilotaz, tunelez, pasabidez eta, batez ere, sagu gehiagoz hornitua, elkarrekin jolas egin eta nahi adina sexu izan zezaten. Aurreko esperimentuetan bezala, bi ur-botila jarri zizkien: heroinaduna eta ur hutsezkoa. Emaitza: sagu-parkeko saguek oso gutxitan hautatu zuten heroinadun ura; sagu bakar batek ere ez zuen konpultsiboki edan hartatik; bakar bat ere ez zen gaindosiz hil”.

         Tantaz tantakoari begiratu nion: eskerrak nik ez nuen aukeratu beharrik. Nire sagu-parkea ez zen ez Woodstock ez bbk Live, esku bakarreko hatzekin zenbatu zitezkeen bisitan zetozen lagunak, sexuaz zer esan, eta drogak, medikuek aukeratuak, zainetik.

         Bederatzi eta erdietan iritsi zen aita gurutzegramarekin. Hamar minutuan osatuta geneukan. Errutinazko osteratxorako jaikiarazi ninduen. Kale usaina zerion.

         — Autoz etorri zara?

         — Bai.

         Txapazko kapsula ia indibiduala. Ihes egiteko makina perfektua.

         — Eraman nazazu buelta bat ematera.

         — Erotuta hago?

         — Gutxi falta zait. Arnasa hartu behar dut. Ez dakit zenbat egun daramatzadan hemen sartuta —alkandoratik heldu nion—: Gauzak ikusteko beharra daukat.

         Erizainen gelaren aurretik igaro ginen.

         — Gauzak? Zer gauza? Nahi dun El Corte Inglesera eramatea soinekoak begiratzera? Ala nahiago dun Someran poteatzera joan?

         — Autotik atera gabe: buelta bat. Ordu-erdi eta itzuli.

         Arrastaka zetorren agure bat, serum-poltsari lotuta.

         — Ahaztu, Jenisjoplin.

         — Zubi esekiraino.

         Begira gelditu zitzaidan. Amarekin batera zeharkatu genuen umetan, autoz, oraindik oinezkoentzako pasabiderik ez zenean. Inpresio ikaragarria egin zidan, nerabetan Eiffel Dorreak eragin zidana baino handiagoa.

         — Hartu berokia, hotz egiten din.

         Korridorean itxaron zidan. Ohiko martxan egin genuen igogailura arteko paseoa, elkarren aldamenean oinez. Barruan jantzi nuen txamarra. Hamabigarren pisutik seigarrenera ez ginen inorekin gurutzatu. Seigarrenean bi erizain sartu ziren. Diosal egin zidaten. Ez nengoen ziur artatu nindutenetakoak ote ziren. Zorionez, laugarren pisuan jaitsi ziren. Hilabete batzuk lehenago egin zuten parkingerako sarbide zuzena, eta ataria zapaldu gabe jaitsi ginen aparkalekura. Segituan aurkitu genuen aitaren auto zaharra. Kalatu egin zitzaion lehen saiakeran. Bigarrengoan arrankatu zuen. Kalean ginen.

         Etxebizitza-blokeen artetik gidatu genuen. Dendariek ataurreetara aterata zeuzkaten salgaiak, arrandegiak eta harategiak mukuru zeuden. Gizon bat agirika ari zitzaion patinetearekin zebra-bidea alboetara begiratu gabe zeharkatu zuen haur bati. Erosketa-poltsekin zamaturiko emakumeak bizi-bizi zebiltzan, aldamioan gizon beltzaranak lohihartzekoa jantzita. Gonbitoka ari zen metroaren ahoa. Loteriako azken dezimoak erosteko ilaran jubilatuak eta langabeturen bat. Bi ile-apaintzaile kafea zutik hartzen. Semaforo batean gelditu ginen. Zirrikitu bat zabaldu nuen leihatilan.

         — Itxi hori.

         Obeditu egin nion. Pozik zihoan, bolanteari heltzeko moduan nabaritzen nion, gorputza atzerantz etzanda, besoa luze.

         — Itsututa ere gidatuko niken hemendik.

         Lanerako bidea zuen. Sekula elkarrekin egin gabeak ginen bide hura.

         Sestao gurutzatu eta erriberara atera ginen. Ibaiertzean paseatzen zakur-jabeak eta korrikalariak. Eskuinetara, beste garai batekoa zirudien paisaia: ontziratu gabeko hondakin solidoak deskargatzeko garabi herdoilduak, txatarra-mendi gorrixkak, txirbil metalikoa ketan, burdinazko hagak eta zilindroak. Ibaizabalen beste aldean Areetako etxeak. Ezkerrera hartu zuen.

         — Itxi begiak.

         Abiadura moteldu zuen. Motorraren eta berogailuaren burrunba. Eskuinera. Autoa gelditu zuen.

         — Orain.

         Begiak ireki nituen. Ezustekoa hartu nuen, ibaia espero bainuen parez pare. Maria Diaz de Haroko etxarte ilunean geunden, zubia zeharkatzeko auto-ilararen aldamenean aparkatuta. Bizkaia Zubiak munstro bat zirudien etxe-blokeen artean, burdinazko egituratzar gorrixka, kableetatik pendulua bezala eskegitzen zitzaion plataformarekin.

         — Ezin dinagu zeharkatu.

         Zubiaren oinetaraino hurbildu zuen autoa. Gora begiratu nuen. Behetik ere bertigoa sortzen zuen haga gurutzatuz eraikitako estrukturak. Lau zangoko animalia kolosala, burdinazkoa bezainbat airezkoa. Erraldoiari begira gelditu ginen isilik.

         — Egunen batean oinez igaroko dinagu. Orain ospitalera.

 

 

Ikasketak amaitu eta urtebetera, 2005ean jarri genuen Libre martxan. Karra zen irratian esperientzia zeukan bakarra. Saio internazionalista bat gidatu zuen zenbait urtez beste irrati libre batean esatari, gidoigile eta teknikari lanak bere kasa eginez. Zuzendari izendatu genuen: berak kontrolatzen zituen parrila eta beste irrati batzuekin elkarlanean osatzen genuen albistegia. Irantzuk kultur saioa eta tertulia politikoa gidatzen zituen, eta ni kanpo-erreportari lanetan hasi nintzen han-hemenkako protesten, greben eta itxialdien albiste ematen. Ildo ideologikoa hiruron artean eztabaidatzen genuen txiklea bezala luzatzen ziren asanbladetan.

         2006ko urtarrilean grebara jo zuten Bilboko Portuko zamaketariek. Ontzi-enpresa handiei merkantzien karga eta deskarga euren kabuz antolatzea ahalbidetuko zien zuzentarau berriak iritsi ziren Europatik, portuetako aktibitate-maila arriskuan zegoen, ehunka kaleratze espero zituzten zamaketarien artean. Espainiako 5.000 zamaketarietatik 1.700 Estrasburgon izanak ziren protestetan, aita haien artean.

         Ez ginen gertakariak unean bertan jasotzeko bezain azti ibili, ihesi joaten zitzaigun ia beti egunerokotasuna, baina liskarrak apaldu ostean bazen ere, portuko zamaketarien lana ezagutarazteko erreportaje bat egitea adostu genuen.

         Aitaren bitartez lortu nituen portura sartu ahal izateko baimenak. Haren izaera ihardukitzaileak izango zuen zerikusirik izapide haiek behin eta berriz atzeratzean. Azkenean, otsaileko goiz baterako eman zidaten hitzordua.

         Autoz joan nintzen kontainerren terminalera. Identifikazioa eta akreditazioa aurkeztu nituen sarrera-kontroleko leihatiletako batean. Nire datuak eta autoaren matrikula erregistratu zituzten. Handik metro gutxira, Guardia Zibilen aduana-kontrola igaro behar izan nuen. Zokoratuta eduki ninduten autoa miatzen zuten bitartean.

         Etengabea zen joan-etorria. Sarreran, kamioi-ilarak eskanerretik eta material erradioaktiboen detektagailutik igarotzeko zain. Baimendurikoak nasa erraldoirantz abiatzen ziren kontainer-multzo eskergen artean. Portutik ateratzeko ere kamioi-lerroak aduanaren beste aldean. Ezkerretara, merkantzia-tren bat kargatzen ari ziren. Dena zen handia, pisutsua, zaratatsua.

         Kontrola atzean utzita, agindutako lekuan aparkatu nuen. Langile-etxola bateko erregistroan nire izena egiaztatu eta txaleko islatzailea eta kaskoa eman zizkidan bulegariak. Dei bat egin zuen. Nasarako ate automatikoa zabaldu zidan. Hantxe neukan aita zain.

         Lan-jantzi laranja soinean ikusten nuen aurreneko aldia zen. Ezagutzen ez nion itxuraren atzean ezagutzen ez nituen kideak, kezkak eta egitekoak. Pausajea ere aldatua sumatu nion, apalagoa. Barman-arima —trebea, lotsagabea, korbidoa— erori zitzaion. Nasako trafikoa eta makina mugikorrak kontrolatzen egiten zuen lan, hiru errelebotara.

         Kaskoa erantzi zuen diosal egiteko. Ikaragarria zen terminaleko burrunba. Ordu-erdi eman zioten niri portuko instalazioak erakusteko. Kontainerren arteko etorbide batean zehar gidatu ninduen. Albo bietara, elkarren gainean pilaturiko koloretako edukiontziek hiru eta lau pisuko blokeak osatzen zituzten. Lurreko errailetan atzera-aurrera, portiko-garabi higikor batek alde batetik bestera lekualdatzen zituen lego-pieza eskergak. Orga jasotzaileek pilatik hartu eta kamioien bizkarraldean zamatzen zituzten banaka. Makinen txistuek langileak ohartarazten zituzten. Oinez jarraitu genuen. Grabagailua piztu nuen portuko hotsak jasotzeko. Aurrerago, zamalanetarako kaian, bi garabi erraldoi Conmar Gulf ontzia deskargatzen ari ziren, 121 metro luzeko munstrotzarra. 20 metroko garaieran zintzilikaturiko kontainerren azpian, bi langile ñimiño oinez. Garabi guztiak pertsonek kontrolatzen zituztela azaldu zidan aitak. Zortzi orduz aritzen ziren kabina barrutik edukiontziak jasotzeko eta zegokien tokian kokatzeko aginduak ematen.

         — Portuko langileok ez zakinagu edukiontzietan zer datorren. Zama antolatzea dun gure lana.

         Kontainer arruntek 25 eta 28 tona artean pisatzen zuten, milatik gora garraiatzen zituen merkantzia-ontzi bakoitzak. Gai kimikoak eta siderurgikoak, kontserbak, etxetresnak, ardoa, erregaiak, eraikuntza-materiala, papera... Askotarikoa zen deklaraturiko merkantzia-sorta. Urtean 800.000 edukiontzi deskargatzen zituzten Bilboko portuan.

         Segurtasun-sistemez eta azken istripuez hitz egin zidan. Bi egun lehenago langile bat hil zen zamaketako makina frontal batek zanpatuta.

         — Vargas, zure tokira.

         Arduradunak hatzaz seinalatu zion tokira zuzendu zen aita, esaneko. Langilezaina arduratu zen ni irteerara laguntzeaz. Terminalaren bikaintasuna goraipatu zidan, eta sekula porturaturiko zamaontzirik handienaren tamaina asmarazi. Urrutitik begiztatu nuen aita bloketzarren artean zamaturiko kamioiei bidea erakusten. Kontainer urdin bat igaro zitzaion gainetik.

         Aztoramen apur bat sumatu nuen aduanan. Txalekoa eta kaskoa itzultzera joandakoan jakinarazi zidan bulegariak 50 kilo kokaina atzitu zituztela atun-lataz beteriko hondo bikoitzeko kontainer batean. Pabiloi bat seinalatu zidan: nazionalak droga-fardelak antolatzen ari ziren.

         Portuko tabernan bazkaltzekotan gelditu nintzen aitarekin. Ordubete zeukaten gosea berdindu eta euren postura itzultzeko. Barran eserita egon nintzen zain, zurito bat edaten eta koadernoan erreportajerako oharrak hartzen. Ordu batean hasi zen jantokia betetzen. Lohihartzeko laranjaz jantzitako hamarnaka gizon sartu ziren zalaparta batean. Kaskoak eta lan-jantzien zamarrak aulkien bizkarraldeetan utzi, mahaietara eseri, pitxarreko ardoa zerbitzatu eta zigarroak piztu zituzten. Bigarren tropelean iritsi zen aita.

         Beste bi zamaketarirekin partekatu genuen mahaia. Ardo merkearekin nahasteko gaseosa pixka bat eskatu nuen. Leka-patatak sardexkarekin txiki-txiki egiten zituzten bitartean lan-baldintzei buruzkoak izan zituzten mintzagai: errelebo traketsen kalte-galera pertsonalak, azpikontraten miseria, patronalaren tratu mespretxuzkoa... Telebista ozenegi jarrita zegoen, pantailara begira ari ziren batzuk, distraituta. Ke-lainotan bilduta geunden. Ehun langile inguru ari ziren bazkaltzen, gizonak denak. Mahaikideek Estrasburgora eramandako eskakizunen berri eman zidaten etsitu antzean. Hitz batzuk grabatu nizkien jantokiko gizon-ahotsezko marmar guturalaren gainean.

         Kafearekin, zutitu egin zen aita.

         — Mutilak, hauxe da nire alaba!

         Harrabotsaren erdian, besoarekin bizkarra inguratu eta sorbaldatik helduta musu eman zidan masailean. Iskanbila sortu zuen. Edalontziak jaso zituzten airera eta barre tristeak trukatu zituzten.

         — Ez genekian alaba bat heukanik —kasu egin zidaten erretiroaren atarian behar zuten bik.

         Sirena-hotsarekin jaiki egin ziren denak. Trago bakarrean hustu zituzten kafeak eta txupitoak. Samaldan atera ziren, tabako eta izerdi lehorraren usainarekin. Zerbitzari gona estukoek platerak biltzeari ekin zioten. Bazihoazen buzodunak nasarantz. Langile pila bat kontainerrak pilatzera. Martxan jarri zen merkantzia-trena. Gainerako zamaketarien artean bistatik galdu nuen aita.

 

 

Gabon egunez hil zen aldameneko oheko emakumea. Bezperan sedatu egin zuten eta lozorro eman zituen azken orduak. Bi seme izan zituen alboan, buruan laztan egin eta azken hatsean eskutik heldu ziotenak.

         Hutsik gelditu zen ohera aldatu ninduten, leiho ondora. Hotzikara eragin zidan atsoa hil berri zen ohean etzateak. Bisitarien aulkian eseri nintzen irakurtzera. Amak lurrindegitik ekarritako eukalipto-tanta batzuk jarri nituen lurrin-barreiatzailean. Ospitaleko ohatze gehienetan hil izango zen norbait: izara-aldaketa batez uxatzen zen gorpuaren memoria.

         Leihoa ireki nuen. Barne-patio heze batera ematen zuela jakin nuen ia hogei egunen ostean. Oraindik mantentzen zituen 80ko hamarkadan jonkiek beren buruaz beste egin ez zezaten ezarritako barroteak. Patioan solasean ari ziren bi erizain gazte.

         Egun hartan ez zuten beste gaixorik ekarri, Lukak ordura arte nirea izandako ohean igaro ahal izan zuen Gabon gaua. Atun eta arrautzazko sandwichak eta txokolatezko tarta afaldu genituen. Lokartu aurretik, Utopiaren lehen denboraldia amaitu genuen. Gominola-poltsa okaztagarri brutala.

         Eguberri egunean bazkalaurretik igaro zen Puertas doktorea. Astebete bakarrik falta zen antirretrobiralen tratamenduarekin hasteko adostu genuen egunerako.

         — Bi farmako hauen artean hautatu beharko duzu.

         Lehen aldia zen medikazioa aukeran ematen zidatena. Albo-ondorioak irakurtzera jo nuen zuzenean, bi koartilatan zerrendatu nituen. A: goragalea, beherakoa, buruko mina, giharretako mina, zorabioak, amesgaiztoak. B: nekea, loezina, depresiorako joera, suizidiorako tendentzia.

         — Ongi pentsatu —aholkatu zidan.

         Ez nuen erabakia geroratu. Arriskutsua iruditzen zitzaidan barrua jan ziezadakeen tristeziaren erantzule medikazioa egitea. Bajualdietan utzikeriaren errudun botika eginez gero, neure burua salbuetsiko nuen zoriona edo haren suzedaneo ohikoagoak bilatzeko lan neketsutik. Etsipena albokaltetzat onartzen banuen, ez nion iskin egingo. Gainera, banuen loezinetik nahikoa. Fisikoagoak ziruditen kalteak hobetsi nituen.

         “Opari” haren kontraprestazio modura, ezustekorik ezean, Urtezaharretarako alta emango zidala zin egin zidan Puertasek.

         Gurasoei deitu nien.

         Josuneren baserrian zegoen aita, atarira ihes eginda harrapatu nuen.

         — Barraskiloak jaten ari ditun: nazkagarria.

         Josuneren familia osoa urteroko barakuilu-zurrupan ari zen.

         — Eskerrak deitu didanan.

         Menua kantatu zidan:

         — Baratxuri-zopa, karakolak, aza, intxaur-saltsa, konpota.

         Konbentzituta zegoen markaketa gastronomikoa propio egina zela euskaldunak eta maketoak ongi bereizteko.

         Ama bainuetxe batean zegoen Patxirekin, kostata konbentzitu genuen pare bat egun libre hartzeko. Igerileku klimatizatuko hamaka batetik hitz egin zidan. Masajea ematen ari zitzaizkion oinetan. Umetako zigorrek eta urteetako zutikako lanak itsusturiko amaren zango meharrak irudikatu nituen. Hunkitu egin ninduen esku ezezagun batzuk oin haiek goxatzen irudikatzeak.

         Egun gutxi barru alta emango zidatela jakinarazi nien. Beharrezko ausardia bildu nuen ospitaletik aterako nintzela jakin nuenetik desio nuena eskatzeko: Urtezaharra elkarrekin igaro genezan nahi nuen. Lehen eta azken aldiz nire bizitzan. Antirretrobiralen teatroa onartu nuen nik; gau baterako jokaleku faltsua presta ziezadatela eskatu nien haiei.

         Nire gaixoaldira arte aldenduta egon ziren gurasoak, baina izu komunak eta kezka partekatuek, medikuekin izaniko elkarrizketek eta ospitaleko korridoreko larritasun-uneek samurtasun minimo bat erne zien elkarrenganako.

         Errieta egin zidan Lukak.

         — Familia batuaren ameskeriak gainditurik behar hituzke.

         Neurea lortu nuen, egoskor.

         Abenduaren 30eko goizean baldintzapeko askatasuna eman zidan Puertas doktoreak: sukarra igotzen bazitzaidan, dezima gutxi batzuk izanagatik ere, ospitalera itzuliko nintzela hitzeman behar izan nion.

         Ospitaleratu ninduten eguneko arropak jantzi nituen: beste batenak ziruditen. Kalean arrotz nintzen. Jendea azkar zebilen ospitale-atarian, bazen eskailerak korrika igotzen zituenik. Autoek bigarren ilaran aparkatzen zuten, autobusek ziztuan uzten eta jasotzen zituzten bidaiari presatuak. Lurpean baretu nintzen, aparkalekuko sabaiak sosegatuta. Babestuta sentitu nintzen espazio mugatu estalian. Autoan eseri eta irratia piztean ezin izan nion emozioari eutsi. Istant hartan irrati-kate hura entzuten ari ginen milaka herritarren artean bat gehiago izatea zen, adibidez, normalitatea.

         Gabonetako argiak, saltokiak, erosketa-poltsak, banatzaileen kamioien joan-etorria..., karranka bisual desatsegina zitzaizkidan. Ez nengoen kanpoko munduan lur hartzeko tenplean.

         Aitaren etxera gidatu zuen Lukak. Negua zen eta gure pisua hotz egongo zen, ez zeukan igogailurik eta, batez ere, nik ez neukan hara itzultzeko barrurik.

         Aitak etxeko atea zabaldu zigunean zoriontasun-kolpe itzela sentitu nuen. Josunek baserrian igaroko zuen Urtezaharra ere. Bakarrik egongo ginen.

         Sofara lagundu eta tapaki iletsu bat ekarri zidan Lukak. Laranja-lore usaina zeukan. Etzan egin nintzen. Lo-suma, etxeko isiltasunean eta giro lasaian atsegin hartu nuen. Ez zen ate-hotsik. Ez zegoen gutaz aparte inor. Aitaren eta Lukaren ahotsak sumatzen nituen sukaldean. Euria kalean. Laztan bat ilean.

         Lotarako bere ohea utzi zigun aitak, eta ospitalean ezinezkoa zen intimitatean uzkurtu nintzen Lukaren kontra.

         Goizeko bederatzi eta erdietan esnatu gintuen. Atea jo zuen, kolpez igo zituen pertsianak. Egunkariarekin zetorren. Kamiseta jantzi eta zutitu egin zen Luka. Gauerako erosketak egitera bidali zuen aitak. Nire ondoan eseri zen. Boligrafoa txandaka elkarri pasatuz osatu genuen gurutzegrama.

         — Orain, txukundu hadi.

         Ahaztuta neukan aitaren mania: ez zitzaion inor etxean pijametan ibiltzea gustatzen. Gorroto zituen etxeko zapatilak eta sinbolizatzen zuten biguntasuna eta erosotasuna.

         Irakurtzen eta telebista ikusten igaro nuen eguna. Gosetzen nintzenean hozkailura jaiki eta gogoak emandakoa hartzen nuen. Zazpiak aldera dutxatu eta ospitaletik Internetez erositako soineko berria jantzi nuen. Metro eta hirurogeita hamahiruan zekenki banaturiko 50 kilo eskas nintzen.

         Zortzietan iritsi zen ama. Ez zitzaion erosoa gertatuko aitaren eta haren neska-lagunaren pisura etortzea. Hallean gelditu zen aitak sukaldera pasarazi zuen arte. Zeharka begiratzen zien hormetako argazkiei. Sukaldeko mahaian pronto zeuden sarrerakoak. Zerbeza-botilak ireki zituen aitak. Egongelan edan genituen, amak eta biok sofan eserita eta bi gizonek zutik.

         Banekien ama jeloskor zegoela ospitaletik irten berritan aitaren etxean babes hartzea erabaki nuelako, baina errealitatea zena zen: amak Patxirekin partekatzen zuen teilatupean ez zegoen niretzako logelarik.

         Mahaira eseri ginen, Luka eta biok alde batean eta aita eta ama aurrez aurre. Jertse baten bila jaiki nintzen. Lukak segituan sumatu zuen sukarra igotzen hasi zitzaidala. Irribarre egin nion lasai zedin, baina komunera jaiki nintzenean nire atzetik etorri zen. Bekokia ukitu zidan.

         — Sukarra daukan.

         Komunean eseri nintzenean zeramika hotzak azala oilo-larrutu zidan. Dardarizoak neuzkan. Tenperatura igotzen ari zitzaidan.

         — Oraintxe hartu diat antibiotikoa. Itxaron eragina egin arte.

         Mahaira itzuli ginen. Arrautza beteak atera zituen aitak. Ardoa zerbitzatu zigun. Zoriontsua nintzen. Zoratzen nengoen. Maite nituela esateko beharra neukan, eta antibiotikoaren ostean irentsitako kortikoide-pilularen bultzadatxoarekin esan egin nien. Aitak adeitsu hartu zuen ama, momentu batez dibertitzen ari zirela iruditu zitzaidan. Atakako irudiak berritu zitzaizkidan, Hertzainak-en kamiseta tarratatuekin eskuz esku lanean aritzen zirenekoak, nik barraren bestaldean eskolako lanak egiten nituen bitartean. Hantxe zeuden hogei urteren ondoren: berrogeita hamarretik hirurogeira bitarteko aroan, gainbeheraren hasieran duin; aita farfail eta kalpartsu, ama, serio eta eder. Bikote ona egiten zuten oraindik.

         — Diz-diz egiten dinate begiek —ohartarazi zidan aitak.

         Ardo kopa ia betea seinalatu nion. Komunera jaiki nintzen berriz aurpegia freskatzera. Tenperatura hartu nuen. 39,2.

         Bizkaitarren erara prestaturiko bakailaoa afaldu genuen. Ondoren, limoizko sorbetea.

         Aita eta ama balkoira atera ziren erretzera. Aitak seinalatzen zion puntu urrun batera begira ari zen ama.

         — Ikusten al dituk bi horiek?

         Gaitzespen-keinua egin zidan Lukak. Musu eman nion.

         — Sutan dauzkan ezpainak!

         — Ondo nagok, benetan.

         Aitak mahats-aleak balkoian jatea proposatu zigun, auzoko elizako kanpaikadekin. Mahats-platertxoak prestatu zituen amak. Elizako ordulariari begira ari zen.

         — Orain!

         Lehen kanpai-hotsa entzun genuen. Bigarrena. Aurreneko aleak irentsi genituen. Inguruko pisuetan gero eta handiagoa zen harrabotsa, bolumen ozenean jarrita zeuden telebistak. Laster hasi zitzaizkigun mahats-aleak ahoan pilatzen. Elkarri begira, barrez ahoratu genituen azkenak. Aitak irentsi zituen denak lehenbizi. Harro erakutsi zigun mingaina.

         — Urte berri on! —esan nien ahoa beteta.

         Pareko etxebizitzatik su artifizialak jaurtitzeari ekin zioten, ia balkoiraino iritsi zitzaizkigun txinpartak. Suziri, petardo eta kantuen zalaparta lehertu zen. Inguruetako terrazaren batetik tronpeta-doinuak zetozen. Xanpain-botila ireki zuen aitak, aparretan geunden.

 

 

Sukartsu eseri nintzen aitaren etxeko sukaldeko mahaira. Isilik zegoen pisua, isilik kalea. Aita eta Luka lo zeuden, ama bezperan joana zen, taxia eskatu genion goizeko ordu biak aldera. Harraskaren ondoan pilatutako xanpain, ardo eta zerbeza botila hutsak, edukirik gabeko edukitzaileak, xahututako pozaren bodegoia izan zitezkeen. 2014ko egutegi estreinatu berria horman zintzilik.

         Ospitaleko farmaziako poltsa opakotik hiru kutxa atera nituen. Banaka zabaldu, txiki-txiki egin, eta zaborretara bota nituen azalpen-orriak. Erabakita neukan botikak sustantzia neutro gisa hartzea, haien mesede eta kalteekiko esperantzarik eta kezkarik gabe. Mahai gainera baso bete ur atera eta edalontziaren aldamenean kokatu nituen lerroan: Truvada urdina, Novir zuria, Precista gorria. Liberté, égalité, fraternité. Kortikoide-pilula eta pneumoniarentzako antibiotiko likidoa gehitu nizkion ilarari. Denak irentsi, txabusina lotu eta balkoira atera nintzen.

         On egin zidan haize hotzak. Eguna argitzen ari zuen, zaborren kamioia euforiaren hondakinak biltzen ari zen gainezka egindako kontainerretatik, agure bat urte berriari urrats nekatuak lapurtzen taka-takari bultzaka. Barrura itzuli nintzen.

         — Hasi haiz —aitak eskuetan zerabilzkien antirretrobiralen kutxak—. Ongi egina.

         Galtza bakeroak soinean, kamisetarik gabe zutik zegoen sukalde erdian. Bezperako egunkaria atera zuen mahai gainera. Interes handirik gabe orriztatu zuen.

         — Hoa etzatera, baliteken hasieran desatsegina izatea.

         Atzetik segi zidan egongelara. Leonard Cohenen disko bat jarri zuen, kantua aukeratu: Chelsea Hotel.

         Tapaki bat eman zidan eskura, eta sofaren aldameneko besaulkian eseri zen.

         — Janis Joplini eginikoa dun, ba al hekien?

         Musikarien abenturen zalea zen, haien istorio idealizatuetan zapore berezia hartzen zien amodioari, sexuari, heriotzari.

         — Ongi gogoratzen haut Chelsea Hotelean / hain ausart eta gozo hitz egiten hidan / zakila miaztu bitartean ohe deseginean / eta limusina hire zain kalean...

         Irribarre nostalgikoa egin zuen.

         — 1968an elkartu zitunan Chelsea Hoteleko igogailuan, goizeko hiruretan. 424. gelan zegonan Cohen; 411.ean Joplin. White Horse Tavernetik zetorrenan Cohen, Dylan Thomasen bila joan omen zunan, hura hila zela jakin arren. Joplin nondik zetorren, auskalo.

         Bere lagunak balira bezala mintzo zen.

         — “Norbaiten bila al habil?”, galdetu zionan Cohenek. “Kris Kristoffersonen bila”, erantzun Joplinek. “Zorteko hago, neska txiki: neu naun Kris Kristofferson”. Grazia egin zionan neskari. Elkarrekin igaro zitenan gaua.

         Atsegina zen aitari istorio hura aditzea Cohenen ahotsak hondotik oihartzun egiten zuen bitartean.

         — Handik 20 urtera kontatu zinan kontzertu batean —Cohenen ahotsa itxuratu zuen—: “Bera ez zebilen nire bila, Kris Kristoffersonen bila baizik; ni ez nenbilen haren bila, Brigitte Bardoten bila baizik. Baina elkarren besoetan amaitu genuen halako eliminazio-ariketa baten bidez”. Gizon ederrak maite zituela esan zionan Joplinek, baina berarekin salbuespena egingo zuela.

         — Zenbat urte zituzten?

         — Leonardek 33, Janisek 25.

         Begiak itxi nituen.

         — Goragalea?

         — Bai.

         — Laster ohituko haiz.

         Luka jaiki zenean aita zaborra jaistera atera zen. Sukarra hartu zidan.

         — Ez zaidak jaisten, arraroa duk.

         — Ospitalera joan behar dinagu.

         Ezetz egin nion.

         — Gaur jaieguna duk, Puertas ez duk egongo. Itxaron egingo diagu.

         Sukartsu nengoen, baina ondo sentitzen nintzen. Gorputzari atseden ematen ari nintzaion, eroso eta babestuta nengoen aitaren etxean. Amak goiz-erdian deitu zidan, antirretrobiralekin hasi ote nintzen galdetzeko.

         — Zangoak sorgortzen zitzaizkiolako kexatzen zen Karmen.

         — Oraingoz ez dut ezer nabaritu.

         Arratsaldean etortzekotan gelditu zen ama. Tokia egin nion Lukari sofan. Haren izterretan etzan nuen burua.

         — Kontaidak zerbait.

         Aitak Janis Joplin eta Leonard Coheni buruz esanak berritu nizkion.

         — Chelsea Hotel-en hartu zitenan ostatu Bukowskik, Burroughsek, Arthur Millerrek eta Kerouacek ere. Hantxe mekanografiatu zinan On the road.

         Ez ditiat ezagutzen.

         — Sid Vicious?

         — Hori bai.

         — Chelsea Hoteleko 100. gelan hil zinan Nancy Spungen. Odolustuta aurkitu zitenan komunean erdi biluzik, Viciousen labana sabelean sastakatuta. Okerrena dun jende gehiagok egiten duela Nancy gajoa Sid heroinara lapatu izanaren eta Sex Pistols taldea banatu izanaren errudun, Sid Nancy erail izanaren hobendun baino.

         — Zenbat urte zituen?

         — 20.

         Inpresioa eta miresmen halako bat eragiten zidaten hain gazterik hildako emakume haiek.

         — Garaiko martiriak.

         Dardarka hasi nintzen, izerdi hotzez hezetu zitzaidan bekokia.

         — Antirretrobiralengatik duk.

         Lukak ospitalera deitzea erabaki zuen. Dardarak eta goragalea tratamenduaren ohiko albokalteak zirela esan zioten, baina sukarrarenak beste motiboren bat behar zuela. Hartzen ari nintzen antibiotikoarengatik izan omen zitekeen. Badaezpada, pneumoniaren tratamendua eteteko agindu zioten, eta handik hogeita lau ordura sukarrarekin jarraitzen banuen ospitalera eramateko zuzenean.

         Berrogeita zortzi ordu itxaron genuen, baina sukarra ez zen jaisten, hamarren batzuk igo zitzaidan. Animoz maitekor eta bare sentitzen nintzen, bigun.

         Urtarrilaren 3ko iluntzean bisitan etorri zen ama. Aitarekin hizketan sumatu nuen sukaldean. Musika zoragarria egiten zuen bien ahotsen konbinaketak.

         — Ospitalera eramango zaitugu —esan zidan amak albora etorrita.

         — Ados.

         Harrituta utzi nituen batere erresistentziarik gabe eta are gozoki eman nielako baiezkoa.

         Hirurek lagundu zidaten: aitak, amak eta Lukak. Erizainak atseginak izan ziren nirekin. Ahots apalez egin zizkidaten galderak, plakak egitera bidali ninduten. Kontsultara pertsona bakarrak lagun ziezadakeela esan zuen medikuak. Ama jaiki zen, eskua eman zidan eta barrura sartu ginen.

         — Pneumonia errepikatu duzu. Hutsetik hasi behar dugu berriro, Nagore. Beste 21 egunerako ingresatuko zaitugu, gutxienez.

         — Ondo da —erantzun nion.

         Gurpildun aulki batean eserarazi eta igogailuan sartu ninduten. Hilabete atzeragoko prozesua errepikatu zen: oxigeno-maskara, antibiotikoa eta kortikoideak zainetik. Erizainek alde egin zutenean sartu ziren gurasoak eta Luka gelan. Irribarre egin nien.

         — Ia-ia Cohenen gela eman didate Chelsea Hotelean.

         422.a zen.

 

 

Lehenengo ospitaleratzeak kartzelaldiaren traza izan bazuen, bigarrenak monasterio batekin izan zuen antzekotasun handiagoa. Pneumonia kontrolatu zidatenean sukarrak behera egin zuen, eta kortikoideen goraldia drogekin izan dudan esperientziarik liluragarrienetakoa izan zen. Barne-oreka gozatsuan nengoen, sekula ez bezalako irekitasun emozional eta buru-argitasun barearekin. Gertakari guztiak logika abstraktu baina, aldi berean, oso sinpleen arabera ordenatzen nituen ia ahaleginik egin gabe. Denari bilatzen nion zentzua, ordena kosmikoarekin bat eginda sentitzen nintzen, existentziaren sekretuetatik gertu. Denbora eta heriotza ulertzera irits nintekeela iruditzen zitzaidan. Azaltzen ez nekien hura guztia nire baitan zegoen instalatuta. Isilik eta ezer egin gabe egon nintekeen ordu luzetan, izatearen plazer hutsa dastatzen. Nire baitan zegoen dena. Ez zitzaidan arnasa hartzea baino ariketa atsegingarriagorik bururatzen.

         Arrazoia, ideologiak, eztabaida, teoriak, azalpenak... garatu gabeko gogoaren adierazle ziren, ezbairik gabe. Hala ere, ingurukoak arrazoitzen eta eztabaidatzen entzutean ez nuen odol txarrik egiten; alderantziz: giza ahuleziaren ederra kontenplatzen nuen nire ohetik. Loezina opari bilakatu zen: gauez, zentzumenak zorrozten zitzaizkidan eta, mundua lo zegoela, bat egiten nuen haren pultsuarekin. Ez neukan hitz egiteko premiarik, maite nituenen presentziak biltzen ninduen, ez nuen harmonia hura hitzez kirrinkatu nahi.

         — Sartzen dinaten horretatik pixka bat eman behar didan —esaten zidan aitak.

         Imajina gozagarriak, emeki mugitzen zirenak, eratzen ziren nire baitan. Haizeak laztanduriko belar-soro bat izan zitekeen, zehaztasun sinesgaitzez ikus nezakeena kulunka, eta begi eman nola argi-tonua hotzetik berora mudatzen zen eguzkia beheratu ahala. Irudi errepikariak izaten ziren, ez berdin-berdinak, imajina biziak izaki, bariazio sotilak izaten baitzituzten, edo aurrez erreparatu gabeko xehetasunen batek bereganatzen baitzidan arreta. Haietako batean igerilekuan ikusten nuen neure burua. Ur urdin argiz betetzen zitzaidan gogoa, argi-izpiak iragazten ziren bristada azkarretan, eta irudiaren erdian igerian ni. Luzaz eusten nion plano bakarreko filma zirudien begitazio hari. Sentsazio guztiak erregistratzen nituen: uraren tenperatura doia; besoen inklinazioa, erritmoa eta indarra; argiaren distira; hatz-puntaz ur-azala zeharkatzearen sentsazioa; giharren berotasuna; uraren pisua; urak bilduriko soinaren osotasuna eta gorputz atal bakoitzaren sentipen partikularra; soinua; plano osoaren kadentzia; perfektuki koordinaturiko gorputzaren eta desplazaturiko likidoaren mugimendua; oxigeno-burbuilen ihesa... Ospitaletik ateratakoan igeri egiten hasiko nintzela erabaki nuen.

         Izeba Karmenekiko loturak bigarren ospitaleratzean jo zuen goia. Ahaztutako edo sekula oroitu gabeko eszenak gogoratu nituen, akordu txiki eta politak, irribarre egiten zuenean betertzean sortzen zitzaizkion izurren forma zehatza edo haren barrearen soinua bezalakoak. Garbi-garbi entzuten nuen. Izebaren usaina aditzera iritsi nintzen, haren azalarena, eta haren ilearen ukipena berbizitzera.

         Itzarrik baina begiak itxita nengoen gau batean betazalak kolpez zabalarazi zizkidan nire baitan ustekabean sorturiko eszena batek. Imajinan, besoetatik zintzilik nindukan Karmenek, bere ardatzaren bueltan biratzen ninduen bizi-bizi. Hegan ari nintzen. Irudi argia zen, kasik errea. Nire barreak aditzen nituen bueltak eta bueltak ematen nituen bitartean. Ez zen ikusten, baina banekien gure atzean trenbidea zegoela, errailen herdoila usaindu nezakeen. Izebaren eskuen presioa sentitzen nuen nire esku txikietan, airea zangoetan, soineko hegaldatuaren azpitik. Bat-batean, biratzeari utzi eta besoetan hartzen ninduen Karmenek. Une horretan garbi aditu nuen nire ahotsa: “ama!”. Agondu egin nintzen. Begiak itxi nituen atzera. Karmenek airean biratzen ninduen, soinekoa neraman nik eta gerri altuko galtza bakeroak berak. Ile harroa biok, nik solte eta motots altuan bilduta izebak. Besoetan hartzen ninduen: “Ama!”.

         Eldarnio moduko hartan, joaten utzi nion irudimenari: beti esan izan zidaten nire ama haurdun gelditu berritan sartu zutela Karmen desintoxikazio-zentroan, eta Valentziako Cortijo de Santa Elenan ingresatuta zegoela jaio nintzela ni 1982ko martxoan. Nire jaiotza eta izebaren desintoxikazioa bat eginda egon ziren familiaren errelatoan, batak bestea eragin zuela ere iradoki izan zidaten...

         Karmen Vargas haurdun zegoen kartzelatu zutenean. Haur baten esperoan zegoela jakin zuenean erabaki zuen desintoxikatzea, eta erditu berritan eraman zuten El Patriarcara. Etengabe galdetzen zuen jaioberriaz bere gutunetan, eta niniak bizitzeko indarra ematen ziola adierazten. Bitarte horretan Karmenen anaia Rafa Vargas eta haren emaztea egin ziren jaioberriaren kargu. Nola-hala moldatzen ziren tabernako ordutegi traketsekin, baina zor zion hainbeste Rafak arreba gazteari. Heroina utzi eta garbi itzuli orduko itzuliko ziren gauzak bere onera: amak alaba berreskuratuko zuen, alabak ama. Haurrak bi urte betetzerako bueltan zen Karmen. Hemezortzi urte zituen. Umea besotan hartu eta negar egin zuen lehortu arte. Distiratsu zegoen ama gaztea, garbi eta osasuntsu. Zaintza-lan guztien ardura hartu zuen: jaten eman eta jantzi egiten zuen, egurastera atera, loarazi. Baina gauzak okertu egin ziren: Karmeni hiesa diagnostikatu zioten laster, eta hur-hurreko heriotzara kondenatu. Zetorkienaren aurrean, ez zituzten ama-alabak bereizi, elkarrekin utzi zituzten azken unera arte, baina egia isilpean gordetzea adostu zuten denen artean. Nagore Vargas, Rafa Vargas eta Arantzazu Alkortaren alaba izango zen handik aurrera. Zorte pixka batekin, amak ez zion giba transmititu izango, kutsatze-bideen inguruko ikerketak garatu gabe zeuden oraindik. Osasuntsu eta babestuta haziko zen izeba hilaren gomuta triste baina heroikoarekin.

 

 

Loak hartu ninduen, eta bestondoaren antzeko gorputzaldiarekin esnatu nintzen handik gutxira.

         Goizean, nire gustuko ogi integrala eskuetan zuela sartu zen ama gelan. Begiratu egin nion: igual-igualak ginen. Amarenak nituen zango luze argalak eta metro eta hirurogeita hamarretik gorako soina. Begi urdin handiak, ia identikoak, ederragoak harenak.

         Lehenengo ospitaleratzean izuak hartuta egon zen gajoa, erreakzionatzeko giharrik gabe. Urtezahar gauaz geroztik, ordea, gertuko eta zaintzaile izan nuen.

         — Haluzinazioak dauzkat.

         — Dosia jaisteko agindu behar diegu.

         Gauean kortikoideen eraginpean izandako ameskeria kontatu nion. Txundituta entzun zidan.

         — Zesarearen orbana erakutsi behar al dizut?

         — Barkatu, ama, oso kolokatuta nago.

         — Utzidazu zatitxo bat, neska.

         Errudun sentitu nintzen. Aitaren eta bion artean osatu genuen mundu zentrokide-gatazkatsu-edipikotik kanpo utzi izan genuen beti.

         — Kutsatu izanaren arduraz libratzeko koartada ideala zen.

         Ilea laztandu zidan. Beti isilik baina metro gutxiko distantziara, eskua luzatu eta atzitzeko moduan izan nuen emakumeari begiratu nion. Haren presentzia lausoari. Haren begi urdin tristeei. Haren izatearen arintasuna jasanezinari. Gurasotasun difuminatu samarreko andrea, ahizpa, pisukidea, sozioa, bidaidea, laguna. Ama.

         Alta eman zidaten egunean penaz hartu nuen albistea. Ospitalean seguru sentitzera iritsia nintzen. Bertigoa ematen zidan handik irteteak.

         Agurtzera etorri zitzaidan Puertas doktorea.

         — Asko arriskatu dut.

         Pneumonia ondo sendatu gabe antirretrobiral-tratamendua hasteaz ari zen, besteak beste.

         — Nork bere eran arriskatzen du.

         26 egun eman nituen ospitalean. Aita, ama eta Luka ondoan izan nituen. Inoiz ez ditut hainbeste egun segidan igaro deus ere faltan sumatu gabe.

 

 

Balkoiko egurrezko leihateak zabaldu nituen parez pare eta etxeraino sartu zitzaidan itsasoa. Teilatuen gainetik hedatzen zen apar eta argi bristadekin. Igeldoko gaztelua urrunean; atzean, Jaizkibel. Etxaurreetan zintzilikaturiko maindireak kulunkatzen zituen brisak, hondartzako toallak lehortzera jarrita zeuden eskudeletan. Hareharrizko eliz dorreko pinakuluetan, kaioak eguzkitan.

         Irantzuren amonarena izandako etxea hutsik zegoen ia. Altzari zaharrak erretiratu zituen, zuriz margotu hormak.

         — Formentera behar dunanean, eskatu giltzak —esana zidan.

         Itsasaldeko gelako ohe zabala, desegina, ipar-ukituko haizearekin egurasten ari zen. Arrain errearen usaina zetorren kaletik. Elizpeko tuneletik irteten ikusi nuen Luka, egunkaria besapean. Txistu egin nion goitik.

         — Buongiorno mio caro amico!

         Mantso igo zituen eskailerak, binaka eta hirunaka igotzen zituen ez hain aspaldi. Gertuko bebarru batetik etxepeko jatetxera mihi-arrain garraio zihoan emakumearekin egin zuen topo. Sorbaldan kanabera zeraman neska kozkor bat agurtu zuen alaiki. Elizaren kontrako plazatxoan eseri zen nire zain.

         — Zer moduz lo egin dun?

         — Hamar ordu jarraian. Ez zakiat noiz izan zen azken aldia.

         Kalean behera abiatu ginen. Itsaski-haztegiko arduradunarekin hitzordua lotu zigun Irantzuk han lan egiten zuen osaba baten bitartez. Irrikan zegoen Luka, gero eta gehiago gustatzen zitzaizkion plan gastronomikoak.

         — Esnatzean izutu egin nauk pixka bat, falta hintzela-eta.

         — Nora joan nintekeela uste izan dun?

         Elizako kanpaiek hamabiak jo zituzten.

         — Gramsci irakurtzen aritu haiz?

         — “Arrazoiaren ezkortasunez pentsatu behar da, baina borondatearen baikortasunez jokatu”.

         — Horretara etorri gaituk, bigarren partea praktikatzera.

         — Itzela izan dun egunsentia: itsasoak ez zinan izur bakar bat ere.

         Kizkurrago zegoen ordurako, haize-olatu zurixkek zipriztindua.

         — Dena bare dagoenean urduri jartzen hasten nauk.

         — Horregatik atera al haiz balkoira? —gerritik heldu zidan—. Eta ni zeruertzari begira hengoelakoan.

         — Tira, bide batez.

         Adokinezko aldapan barrena beste tunel bat igaro eta ezkerretan aurkitu genuen haztegia. Dendan elkartu ginen Pedrorekin, une hartan ez zegoen bezerorik. Karga-jasogailuan jaitsi ginen pabiloietara. Izterretarainoko katiuskak eta uretako eskularruak zeramatzaten langileek, oinetarainoko amantalak. Zorua blai eginda zegoen, labainkor, hormetan behera ur-tantak. Jertsea janzteko aholkatu zigun. Oxigenazio- eta hozte-sistemen motorren hotsa aditzen zen.

         Krustazeoak eta moluskuak espezieka sailkatuta zeuden asketan: otarrainak, abakandoak, izkirak eta zigalak; txangurroak, buiak eta nekorak; lanpernak, txirlak, ostrak eta karrakelak.

         Karrakelen bahe-sistema azaldu zigun.

         — Lurrean barreiatzen ditugu denak. Panel bertikal batzuk jarri, aska itxi eta hiru aldiz igotzen eta jaisten dugu ur-maila. Itsasgora eta itsasbehera artifizialak eragiten dizkiegu eta magurio onak paneletara itsasten dira. Lurrean gelditzen direnak zaborretara botatzen ditugu.

         Otarrainen putzura hurbildu nintzen.

         — Halako bat jan genian Formenteran —esan nion Lukari.

         Irri egin zuen Pedrok.

         — Hori hutsik dago.

         Eskua putzuan sartu eta otarrain-oskol hutsa atera zuen.

         — Oraintxe ari da amaitzen emeen muda-garaia.

         Oxigenazioaren pasoko giltza itxi zuen urak baretzeko.

         — Zortea izan duzue; normalean gauez egiten dute. Begira han.

         Otarrain ertain bat seinalatu zigun, ezer arrarorik nabaritu ez geniona. Urrats txikiekin mugitzen ari zen aurrera eta atzera. Saiheska etzan eta zangoak eta antenak inarrosi zituen. Hala iraun zuen tarte batean. Pixkanaka irekidura bat egin zitzaion bizkarraldean. Oskolaren kontra bultzaka ari zen zomorroa, uzkurduraka, erditze itogarrian, armadura zaharra utzi nahian. Estura eragiten zuen. Aurreko hankak eta burua oskoletik askatzea lortu zuenean, bizkarreko irekiduratik atera zen animalia, eta azal zaharraren aldamenean gelditu zen akituta. Salabardoarekin harrapatu eta beste putzu batera aldatu zuen Pedrok.

         — Arriskutsua da besteekin uztea: eraso egin diezaiokete.

         Mudatu berritan mami biguneko otarrainaren aurka oldartu ohi dira gainerakoak.

         Txangurro hankabakarren aska erakutsi zigun.

         — Horiek, merkeago.

         Konpartimentu txikitan banatutako kutxetatik pintzekin zigalak ateratzen ari ziren bi langile. Hiru zentimetro karratuko gelaxkatik atera, bizirik zeudela egiaztatu eta lehengo tokira itzultzen zituzten.

         Moluskuen pabiloira sartu ginen. Ostren konpartimentura eraman gintuen. Sastakai txiki batekin bi kusku zabaldu eta probatzera eman zizkigun.

         — Ez limoi ez piperbeltz ez ezer. Hauek gordinik jan behar dira.

         Tolestura delikatuko mami zuri-ubela ahoratu genuen guri. Ostren aska aurrea ez zen ostrak dastatzeko tokirik egokiena: bakantasunaren xarma galtzen zuten.

         Bisita amaitutzat jo zuen Pedrok. Egositako karrakela poltsa bat erosi genuen dendan, orratz txiki bana eman ziguten, haztegitik magurioak janez irten ginen.

         Arrantzaleen lonjen artetik igaro ginen, itzaletik. Usain sarkor batek erdi irekitako ate batera eraman gintuen. Lurrean, hamar kiloko latetan, gatzetan jarritako antxoak. Gizon txiki bat begiztatu genuen bizkarka. Antxoa poto batzuk zeuzkan apaletan.

         — Kontrabandokoak dira —ohartarazi zigun jiratu gabe—. Etiketadunak nahi badituzue, delicatessen dendetan begiratu, badira lauzpabost.

         Bi poto erosi genizkion. Hautsa kendu zien trapu batekin.

         Bazkaritarako leku bat aholkatzeko eskatu genion. Moila zaharraren aldameneko etxabe zahar bat seinalatu zigun begiak ñarrotuta:

         — Fidatzekoak. Hemendik dena ikusten da.

         Arraunlari talde bat itsasoratu aurreko berotze-ariketak egiten ari zen korroan jarrita. Gorputz gazte sendoak. Dozena bat neskamotzen artean trainerua sorbalda gainera jaso eta moila txikira eraman zuten. Arranplan utzi, ur-botilak eta toallak tostartean gorde eta uretara arrastatu zuten. Nola itsasoratzen ziren begira gelditu ginen.

         Kontserbagile xaharrak gomendaturiko etxabera gerturatu ginen. Portuko jatetxe familiar eta abegikorra iruditu zitzaigun. Itzalpeko mahaia eskaini ziguten. Kartarekin hurbildu zen zerbitzaria.

         — Eska ezak hik, ni nahastu egiten nauk eta gaizki aukeratzen diat.

         — Ez dun hain zaila, ba.

         — Aukera zabalegia.

         Karta ireki zuen.

         — Plater nagusiarekin asmatzea dun gakoa. Zer arrain jan nahi dun?

         — Hik argi daukak?

         — Erreboiloa.

         Ardo-karta eskuratu zuen.

         — Arrainarekin zuria gomendatzen diten, baina niri beltza gustatzen zaidan.

         — Aristokrata dirudik.

         — Ni gutxi eskatzearen aldekoa naun.

         — Entsalada?

         Zerbitzaria etorri zen. Eskaria egin genion.

         — Ez dizuet esan: sarrerarako, kokotxak eta txibiak ere gelditzen dira.

         Lukari begiratu nion, zalantzati.

         — Entsalada eta erreboiloa birentzat, eskerrik asko.

         Ardoa ekarri ziguten.

         — Txibiak freskoak izango zituan hemen.

         — Dena batera ezin dun. Probatu ardoa.

         — Ederra.

         Entsalada-plater hutsa erretiratu zigun zerbitzariak.

         — Lasai zagok herria.

         Kofradiarako igarobidea itxita zegoen, portuan urria zen autoen joan-etorria.

         — Uda aurreko azken asteburu baketsua zela esan zinan Irantzuk.

         Erreboilo-erretilua ekarri eta zati bana zerbitzatu ziguten. Kopa bete zidan Lukak.

         — Jende atseginarekin egon, toki ederrak ikusi, jan, poliki bizi...

         Eroso jarri zen aulkian.

         — Eta sozialismoa?

         — Plazerari uko egin gabe.

         Erreboiloaren masailak bereizi zizkidan.

         — Dastatu, xamurrena dun.

         — Bai gozoa.

         — Zer esan nahi du hiretzat ondo bizitzeak?

         — Batez ere, hargatik errudun ez sentitzea.

         — Saiatu zehatzago izaten.

         — Arropa gutxi eta denbora libre asko izatea.

         — Gustatzen zaidan.

         — Lan ere egin beharko diagu.

         — Ahalik eta gutxien.

         Mahaitik altxa ginenerako arratsaldeko bostak ziren.

         Mutil kozkorrak saihetsak bistan ari ziren altxirrian bainatzen, bularralde oraindik infantilekin elkarren kontra tope egin eta atzerantz erortzen ziren beso zabalik. Hirunaka eta launaka jauzi egiten zuten uretara, airean elkarri bultzaka, uretan elkar zapalduz. Batzuk besteei itolarriak egitera eta galtzak jaistera jolasten ari ziren, erotikaren eta borrokaren artean. Ikusi gintuztenean txanpon bat botatzeko eskatu ziguten uretatik. Ahalik eta urrunen jaurti zien Lukak hogei xentimokoa. Lepoak biratu zituzten denek batera. Ziztuan atera ziren igerian sardan. Murgiltzen ikusi genituen.

         Erretegi zaharraren aldameneko eskaileretan gora, San Anton mendirako bidea hartu genuen. Udaberriari eroritako loreak galtzadan maskalduta, umotzen ari ziren pikuen usaina airean. Itsasotik, kresala eta goroldioa.

         — Oraintxe ditun egunak luzeen.

         — Txibitara zoazak batelak.

         — Lehen honaino iristen zituan baleak.

         Garaiera irabazi ahala, ikusgarria zen Getariako bista. Mahasti berdeen magalean alde zahar txikia: teilatu gorrien artean lau kale, eta bi aldeetara hondartzak eta itsasoa. Nahita ere gehiago hazi ezin zen herria. Etxeek zintzilik ziruditen labarraren gainean.

         Cenere, acero, nocciola, agrifoglio, lauro... Luka bideko zuhaitzak izendatzen ari zen amak mutikotan erakutsi eta ordutik esan gabeko hitzekin, nire haurtzaro industrialean existitzen ez zirenekin. Bidezidor usaintsuetan galdu ginen, bideko bankuetan eseri. Haizea aditzen zen hostoetan.

         Oinez jarraitu genuen itsasargiraino. Iparraldeko mazelan, begiralekuko barandan amildegirantz okertu genuen soina. Han behean, olatuak lehertzen ziren hormatik gertu, hegan ari ziren kaioak. Goian espero dena behean aurkitzearen zirrara.

         Mendiko talaiarik altuenera iritsi arte paseatu ginen. Egitura abandonatu bat topatu genuen, talaieroaren txabola edo gerra-begiralekua izandakoa. Pintadaz josita zegoen barrualdea: Sonia eta David (2013-07-16); Amnistia osoa; Hemen jo zuten larrua Anek eta Martinek.

         Handik irten eta belarretan etzan ginen itsasoaren eta zeruaren artean.

         — Bertakoek jakingo al dute hau estimatzen? Drama lukek edertasunera ohitzea.

         — Saihetsezina: denera egiten dun bat.

         Azkura egin zitzaidan bizkarrean.

         — Hatz egidak.

         Ahuspez etzan nintzen. Kamisetaren azpitik sartu zidan eskua. Gerri aldean hasi zitzaidan hazka.

         — Gorago —eskatu nion—, eskuinera, pixka bat beherago, ezkerrera... Hortxe.

         Hasperen egin nuen.

         — Puntu horretan hatz egitea behar nian zehazki.

         Hodei altuei begira gelditu ginen.

         — Zaila izango duk orain baino hobeto egotea.

         Hegazkin bat igaro zen hegoalderantz. Lukari begiratu nion:

         — Isilik hago.

         Mendiaren beste aldetik jaitsi ginen herrira. Arbolak izendatzen jarraitu zuen: betulle, ciliegio, pino marittimo...

         Abiatzeko prestatzen ari ziren baporeak portuan. Sareginak lurrean eguzkitakopean lanean; ezkata solteak, arrain zatiak eta itsasbelar lehorrak sarean kateatuta. Gizon buruzuri bat bost urte eskaseko bilobarekin eskuko aparejuarekin arrantzan ari zen. Moila ertzean zutik, hatz erakusletik zintzilik zuen pitari begiratzen zion kontzentratuta. Biloba bere amuan york urdaiazpiko zati bat lotu nahian zebilen.

         — Heldu dio!

         Ertzera arrimatu zen neskatoa.

         — Zer da?

         — Lapatxa.

         Amutik askatu eta aitonak plastikozko poltsan sartu zuen astinaldika ari zen arraina. Eskua jarri zion gainean bilobak.

         — Gelditu da.

         Nerabe-kuadrilla bat ikusi genuen kai ertzean jolasean: amarratutako arrantzontzi batera igarotzen ari ziren natural-natural, moilatik karelerako saltoan segundo erdirik galdu gabe. Mutil kaskailu bat brankako mastara igo zen arin-arin, eta besaurretik eskailerara zintzilikatuta, karkaxa bota zion kubiertan geldirik zegoen lodikote bati. Kaioak madarikatu zituen mutiko gizenak.

         — Zahatoa!hots egin zion goikoak.

         Beti Piedad, irakurri nuen barkuaren izena.

         Bi morroiengandik apartatu genuen bista: neska bat zutik zegoen brankan. Oinak eta izterrak itxita, gerria doi bat atzerantz tolestuta, begirada zuzen finko. Txaloka hasi ziren denak. Besoak zabaldu zituen. Kokotsa goratu zuen doi bat. Zin egingo nukeen segundo batez airean geldirik iraun zuela. Aingeruaren jauzi perfektua.

         Pantalaira jaitsi ginen. Behera zetorren eguzkia. Bi ume zaparro txalupa zahar bat txikatzen ari ziren. Tostapeko panelak altxatu eta gilan pilaturiko ura ateratzen zuten Cola-cao poto banarekin. Euri-ura ala itsasokoa ote zen eztabaidan ari ziren. Ahora eraman zuen nagusienak potoa.

         — Euria.

         Portu gaineko etxe zuri-urdinak seinalatu zizkidan Lukak.

         — Biziko al hintzateke han?

         — Eta nor ez. Teilatupea gustatzen zaidak gehien. Hiri?

         — Lehenengo pisua, balkoi luzeduna.

         Zerbeza bana hartu genuen etxeratu aurretik. Bi botilatxo erosi eta mendebaldeko talaiara eraman genituen. Ortzimugara hurbiltzen ari zen eguzkia handi eta gorri. Hondartzan hiru haitz-lerro gelditu ziren bistan itsasbeheran, balea erraldoi baten hezurdura iluna antzo. Karramarroak zebiltzan haitzartean. Harea, heze eta leun. Itsasoan surflari bat taula gainean eserita, iristen ez ziren olatuen zain. Igerilari bat begiztatu genuen urrunean, kostako lerroari jarraika.

         — Balkoian afalduko dugu?

         Gazpatxoa prestatu nuen. Sukaldeko mahaia ez zen balkoian kabitzen, eta hiru aulki eraman genituen, bat mahai gisa. Foku indartsuek argitzen zuten elizaren hareharrizko horma. Antxoak oliotan atera zituen Lukak.

         — Ez zaukanagu ardorik —esan zidan.

         Txakolin-botila erakutsi nion.

         — Irantzuk utzi zian guretzat.

         Ardoa eta kopak atera genituen balkoira. Gaugiro zegoen. Etxepean bi gaztetxo ari ziren, trakets eta eder, ezkutuan elkar haztatzen.

         — Igandea, bihar.

         Urrunera begiratu nuen. Farola bakanak uretan islatzen ziren dardarti. Hegazti bat pausatu zen terraza batean. Luka zen galdezka:

         — Zer egingo dugu hemendik aurrera?

         — Beleen trebezia nahi nikek etorkizunarekin.

         Teilatuek ebakitzen zuten zeru zatiari erreparatu nion.

         — Ez duk ia izarrik ikusten.

         — Nik buruz zakizkinat hire azaleko konstelazioak.

         Haize epelak laztandu gintuen. Han nonbait kantuz ari zen jendea. Txalupen klin-klin hotsa aditzen zen portu aldean. Baporeak itsasoan ziren. Ura ilun. Lasai eta bakarti zegoen hondartza. Txibitara ateratako batelak portura zetozen, izarren antzeko argitxoekin. Laster izango ziren denak etxean.