Odolaren usaina
Odolaren usaina
1987, ipuinak
120 orrialde
84-86766-01-X
azala: Joxean Muņoz
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1985, antzerkia
1985, ipuinak
 

 

Eranskinak

 

06:33

Iratzargailuak jo zuen, karkail-zotin errepikatua gelako lau hormen kontra projektatuz, berorietan errebotatu ondoren X.ren belarri zuloetan barrena abiatzeko. Hotsak plazer ezkutua hartzen zion nonbait gizaki gizarajo eta lokartu baten tinpanoa mailukatzeari. Eta X. iratzargailuaren intentzio aitortezinei jaramonik egin gabe, iratzargailuaren ustezko gurasoez oroitu zen modu ez aski gizabidetsuz, iratzargailuek batere gurasorik ez dutela kontuan hartzen hadugu.

        Esnatzerakoan izan ohi den kalkulurako trebezia ezari jarraikiz, eskukada itsuak bota zituen X.k bere mesanotxerantz, bidean hautsontzia, edalontzi bat, betaurrekoak, hamargarren orrialdean abandonatu zuen nobela poliziakoa, tabakoa eta han egoteko batere obligaziorik ez zuen beste zenbait traste, kolore susmagarriko moketa musukatzera bidali zituen. Bienbitartean iratzargailuaren esfera fosforezentea berataz trufatzen zen armairu tzarraren gainean ongi asko babesturik. Zalantzarik gabe X.k hobeki ezagutzen zuen bere burua oheratzerakoan esnatzeko orduan baino. Makarren sarea ez apurtzeko esfortzu pribilejiatuak eginez jeiki zen, bi urrats t'erdiz hurbildu zen armairura, eskua luzatu zuen, eta behingoz, baina ez behin betirako, isilerazi zuen iratzargailu alua. Zer arraiotarako ezarri zuen iratzargailua goizaldeko sei t'erdietan, minutu batzu lehenago ezin askatu ibili zen arazo bera izaten jarraitzen zuen. Ez zen horratio etsipenaren zantzurik marraztu X.ren ariman. Aitzitik, bi urrats t'erdiak desibili zituen, eta loaren epela xuhurki gordetzen zuten izeren artean murgildu zen ostera, maskuriaren dei larri eta zorionez isilei jaramonik egiteke.

        Bost minutukoa iruditu zitzaion, baina egiazki orduerdikoa izan zen epearen buruan tximista traidore batek jota bezala eseri zen X. ohean. Oroitu zuen! «Kakaputza!», «Ostia!» eta «Zotz!» aldarrikatu zuen bezperako oheratze alkoholikoa salatzen zuen ahots luto batez komunera lasterka abiatzen zenarekin batera. Komuneko estalkia altxata zegoela esker xorrotadaren ehuneko hirurogeitamabosta komunzuloan zirauen gernu zaharrarekin batu zen, beste ehuneko hogeitabostak, objetibotik kanpo isuriz pijamaren galtzak zipriztindu zizkion.

        Txilibitua astintzerakoan eguneko lehen pentsamendu koherentziazkoa iruditu zitzaiona izan zuen, jeikitzeak berak ez zuela merezi, alegia. Eta, loak, maltzurki, bere begien ertzetan itsatsirik jarraitzeko deliberoa hartua zuen. Gelara itzulirik armairu gainean, orain mutu zirauen iratzargailuari begirada ez oso maitekorrez so egin zion armairuaren ispiluzko ateak zabaldu aurretik. Bertan eskegita zeuden arropen artean xerka hasi zen. Hau ez, eta hori ere ez, zein ote jantzirik egokiena.

        Exekutibo jaka eta galtzak hautatu ostean fantasiazko ator laranja-berde bat erreskatatu zuen, batere ez zihoakion korbata hori-more batekin. Ausnartze une batetan eskua okotzera eraman eta bisaia zikintzen zion hiru egunetako bizarrari desegoki eritziz komunera abiatu zen ostera bizarra egiteko asmo sakonak gidaturik.

        Bisaia ur epelez busti zuen, ezkerreko eskuan zabaldu zuen xaboia enbaseari hogeitalauren bat aldiz eragin ondoren, eta xuabeki aplikatu zuen. Gero, erdoiltzear zeuden xilet bildumatik dexenteena aukeratu, eta esku dardartiz matrailera hurbildu zuen. Lehen pasadan ile urri batzu baino ez zuen moztu nahi izan xilet alferrak. Bigarrenerako indartsuagoki itsatsi zuen xiletaren aho kamutsa bere haragi lotira. Ondorioa askozaz ere hobea. Ez telebistako anuntzio gezurtien parekoa, baina tira! Hirugarren, laugarren eta bostgarren pasadak, bigarrenaren gisa, goitik beherakoak izan ziren. Lanaren laurdena burutua zeukala pentsatuko zukeen, pentsatze hutsak bere zereginetik desbidera zezakeela inkoszienteki ikasia izan ez balu. Ezkerraldeko masailari ekin zion, eta jadanik iletxoz beteta zeuden xiletaren bi hostoek —batak moztu, bigarrenak findu— oztopoa topatu zuten. Indar egin zuen X.k beherantza, iletxoak garbitzeko nagiegi bait zen, baina oztopoak hor zirauen: mekaguenzotz eta tira fuerteago beherantza babo arraioa, sekulako sarraskia egin zuen masailean, xaboi xuriaren azpian odol eta haragi bizizko autopista baten diseinu gorri dekoratiboa osatzen hasi zelarik.

        Urez garbitu zuen bisaia X.k. Erre egiten zion zauria ispiluan konprobatzeko adina indar ez zuen. Kanila itxi, komuneko paper mordoa jarri zuen masail zaurituan. Telefonoa deseskegi zuen, eta etsituki ohean sartu zen. Ezeren esperantza zehazkaitz batek gidaturik. Edo auskalo.

 

 

11:59

Eguzki galdak bertikalki jotzen zuen zezen-plazaren gainetik. Eleizako erloju urrunak eguerdia jo zuen eta kanpai hotsak patxaran pausaturik zegoen uso aldra haizatu zuen. Anjelusaren ondotik, zezen-plazan isiltasun eutsiak agurtu zuen desafioa. Ezpalak kupidagabeki saltatzen ziren aizkoraren grinaren pean.

        Kanaerdikoena amaitu ondoren, kanakoen lanari ekin zion Mielanjelek. Ordurako Gorriti IV.ak enbor baten aldea kentzen zion. Ez zen bere aurpegian estuasunaren trazarik antzematen. Kolpe bakoitzean bere giharreak urteek emandako trinkotasunaz tenkatzen ziren. Hurrengo kolperako tartean gorputza elastikoki luzatzen zen, goitik beherako kolpe berria behar adinako indarrez ematearren. Bere botileroaren begiradan ikusten zuen kontrarioa larri zebilkiola. Baserriko atarian ariko balitz bezala egiten zion lanari. Mielanjelen kopeta berriz, begibista iluntzen zizkion iturrien sorburu zen. Mankarik gabeko kamiseta deportiboaren urdinean mapa ezezagunak nabarmentzen ziren; izerdia praketatik behera nabari zezakeen, pisa egin izan balu bezala. Kolpekada bizia zeukan, besteak baino indar gehiago galtzen zuen kolpekada bakoitzean, eta enborrak ez zion berak nahi adina eskertzen. Enborra samurra zela, gurinezkoa zela, pentsatzen egiten zituen esfortzuak Mielanjelek, begi ertzarekin bestearen bizkarra galdu gabe. Gorriti IV.ak amaitu zuen kanako bigarren enborra. Arin salto egin eta aizkora askatu gabe lurrean pausatu zuen, beste eskuan botila hartu eta eztarria freskatuz. Erreportero grafikoak argazkiaren perspektiban Mielanjelen esfortzua enkuadratzen saiatu ziren.

        Bat, bi, hiru kolpetan amaitu zuen Mielanjelek bere enborrarekin. Laguntzaileak, arnas hartzeko betarik eman gabe bultzatu zuen hurrengora, Gorritiren lasaitasunak ez zezan desmoralizatu. Hasi ziren biak berriro ere txalaparta kamusturen baten erritmoa markatuz. Mielanjelek bestearen bi halako emanez. Eta Gorriti, apostuari emozioa erantsi nahi izango balio bezala, erritmoa motelduz.

        Gaztearen enborra gogorragoa zen. Ahurreko lazturak ireki zitzaizkion azkenerako eta odolez busti zen euskarria. Odola eta izerdia nahastu ziren zurarekin, aizkorak eskapo egin nahi ziola nabaritzen zuela Mielanjelek. «Ez etsi! Jo! Benga! Emaiok!». Eta klak!, eta klak!

        Laugarren enborra elkarrekin hasi zuten. Gorriti ere sufritzen hasia zen. Baina apostuak bere alde zeuden, ikuslegoak zaharraren jakindurian gaztearen ahaleginean baino konfidantza gehiago agertzen zuelarik. Ia batera altxatzen zuten aizkora, pendulo bero baten modura astunki erortzen uzteko, indarrez, bortxaz, enborraren mamia bilatuz.

        Oihua altxa zen zeru urdinera. Zezen-plazan garraisi ttipiak eta hasperen gordeak nagusitu ziren. Aizkolaria hondarrean etzan zen aizkora oinean inkatuta. Deportibo txuria gorritzen hasi zen aizkoraren ahoa sarturik zegoen inguruan. Erdi ebakitako enborra zipriztindua zegoen. Botikinekoak korrika zetozen. Argazkilariek lehen planoak hartzen zituzten, oinetik sufrimenduzko aurpegira txandakatuz. Gorriti lurretik, mina hortzen artean gordez, beragana hurbildu zen Mielanjeli mintzatu zitzaion:

        —Segi ezak, motell! Hirea duk apostua eta!!

 

 

17:42

Sentimendu gaizto batek trabeskatzen zuen Lorenzo «El puntilla»ren kopeta. Arratsaldeko hirugarrena eta seigarrena egokitu zitzaizkion, eta bere lehen zezenak burua nola okertzen zuen ikusi bezain pronto arratsalde beltza izango zela asmatu zuen. Kapotazotan kapotea zezenaren adarretan eskegi zitzaion; banderilla parea jartzen zuzendu nahi izan zuen faena, eta bizkarretik baino begitik hurbilago sartu zen banderilla bakarra ezartzea lortzeaz gain, burladerora abiatzerakoan, estropuz egin eta arkakuso eta zorriz betetako harea musukatu zuen, koadrilakoek kapotazoka urrundu behar izan zutelarik zezen amorratua. Pikatzailearen txanda ere ez zen hobea izan, zezenak bitan bota zituen lurrera zaldi eta zalduna, publikoaren artean algara eta trufa sortuz. Lana azkar amaitzeko agindu zuen presidentziak, apika Lorenzo «El puntilla»ren espezialitatea dastatzeko irrika ezkutuak bultzaturik. Lautan saiatu zen ezpatarekin lana amaitzen, eta ikuslego dibertituaren eskabideari jaramon eginez, puntilaz akabatu zuen zezena. Okerrago oraindik, heriotzaren dardar artetik zezenak irri egiten ziola iruditu zitzaion Lorenzori.

        Maisuaren kopeta iluna erreparatuz, koadrilako batek kontsolatu nahi izan zuen zezen toreatzailea:

        —Ez arduratu, maeztro. Ongi aterako da faena.

        Ternako bigarrena ohorezko itzulia amaitzen ari zen, buztana eta belarri biak eskutan, jendeak botatzen zizkion traste, zahato eta loreak jaso eta keinu airosoz bueltatuz.

        Ez zion inori konfesatu, baina Amabirjinari zin egin zion (norbaiti egin behar bait zion zin) hurrengo zezena ere puntilaz akabatu behar bazuen, ofizioa utzi eta gurasoen tabernan hasiko zela lanean, toreoa eta zezen plazak behin betirako abandonatuz.

        Jo zuen abisua orkestak, barrabilak ondo kokatu zituen Lorenzok; ikuslegoaren artean nabari zen prestuago zeudela zirkoko pailazoen emanaldi batetarako, zezena eta gizonaren arteko borroka desberdin eta mitikorako baino. Lorenzo «El puntilla»ri eskeinitako txalo zaparradaren azpitik antzematen zen irri-karkaila itoa.

        Behar bezalako pase parea egindakoan bularrean konfidantza kimua hazten sentitu zuen toreroak. Jendeak hasieran trufaz botatako «oleee»ak, mirespenerantz aldatu ziren. Eta banderilak egoki ezarri zizkiotela ikusiz, eta pikadoreak sekulako zaztadak eman zizkiola konprobatuz, bere zinegitea berritu zuen Lorenzok.

        Burladerotik ezpata luzatu ziotenean xuxurlatu zion koadrilako batek:

        —Hirea duk arratsaldea, maeztro!

        Eta Lorenzo «El puntilla»k irribarre egin zion. Itzalaldera jo zuen ongi gaztigaturiko zezenak, eta toreroak muturraren aurrean zabaldu zion oihala. Irakurlearen hipnotismoz behatzen zuen zezen odolustuak beherantz, bere odolaren kolorea zuen oihalean enigma ezkuturen bat idoro nahi bailuen, toreroari bere lana patxara ederrean bete zezan aukera eskeiniz. Ezpata eskumuturreraino sartzearen plazerea ezagutzerakoan, ametsetan ari zela pentsatu zuen Lorenzok. Mutu zirauen ikuslegoak pentsatu bide zuen bezala.

        Baina ez zen erori zezena. Herio berandututzen ari zen. Txaloka hasi zen jendeak erdibidean geldiarazi zituen eskuak, torero eta zezenak osatutako estatua taurinoa kontenplatzeko. Urrats bat eman zuen Lorenzok zezenaren muturrerantz, «Arratsaldea izorratzen badidak akatuko haut» pentsatuz. Bapatean zezenak buruaz balantza mugimendu behetik gorako bat egin zuen eskubiko adarra toreroaren eskubiko iztarrean sartuz. Batera erori ziren biak lurrera. Lorenzok, minaren minez juramentuka, zezenaren muturrean irribarre sarkastiko baten keinua ikusi uste izan zuen, publikoaren algaren oihartzuna belarrietatik aldenduz konortea galdu baino lehen.

 

 

20:49

Zinema parrokialeko ataria jendez gainezka ageri zen. Ikuskizunak zortzi t'erdietan hasi behar omen zuen, baina ateak itxirik zeuden. Txartelak erosteko leihatila ere itxirik zegoen, ohar batetan «ez dago txartelik» irakur zitekeelarik. Izan ere, sekulako propaganda egin zitzaion udaleko irratitik kapitaletik zetorren komediante tropari: obra primerakoa, antzesle ezin hobeak, eta horiek ikusteko aukera bakarra abuztuaren zortzian, arratsaldeko zortzi t'erdietan, zinema parrokialean. Gainera, herriko gazteen artean figurante lana egiteko boluntarioak eskatu zituzten. «Blood Smell Antzerki Talde Krudela»k William Shakespeareren «Titus Andronicus» lana eskeini behar zuen, kultur kontseilaritza, diputazio eta udaletxearen babesean. Estraineko aldiz eman behar zuten, eta antzerkizalea zelako oso aukeratu zuten herri hura lehen emanaldi horretarako.

        Zabaldu zituzten ateak. Lehen erreskadetan, palkorik ez bait zegoen, alkatea, diputatu orokorra, kultur diputatua eta kultur kontseilaria zegozkien emazteekin eseri ziren. Okasiorako berritua izan zen zinema salaren itxurak azken bi hilabeteetan bertaratu ezin izan zuten herritarrengan mirespena sortu zuen. Oihalaren artetik gizon ilezuri bat eta erromatarrez jantzirik egon arren korbata zeraman gazte bat agertu ziren. Ingelesa zen zuzendaria, eta gazteak ahal bezala, trabatuz eta horrela itzuli zuen haren espitxa. Zoriontsu sentitzen zela euskaldunen artean, zeren euskaldunek bazuten zerbait, berak oraindik zehatz ez zezakeen zerbait, eta espero zuela berak eta antzesle gazteek buruturiko lana guztien gustokoa izanen zela. Adaptazio libre samarra burutu zutela, eta obraren ezagutza sakona zuten ikusleek erraz igarriko zutela adierazi zuen gazteak. Hautetsiek disimuluzko begiradak gurutzatu zituzten elkarren artean. Jendea urduri zegoen, ez ote zen obra sekulan hasiko. Amaitzeko, zuzendari ingelesak esan zuen bihotzeko eritasunik zuenik baldin bazen ikusleen artean, hobe zukeela telebistan ematen ari ziren telesaila ikustera etxeratzea.

        Besterik gabe itzali ziren argiak, oihala zabaltzen zela entzun zuen jendeak. Bost argi fokoz argitu zen eszenatokia, hondoan, lantza bana sabelean sartuta zuten herriko gazte bi ikusi ahal izan zituen ikuslego harrituak. Efektu berezien errealismoa benetan itzela iruditu zitzaion alkateari, baina ez zuen molestatu nahi izan bere alboan zegoen ministraria obraren lehen pasartetatik hasita.

        Hasi ziren antzesleen hitzaldiak, eta Titus Andronicus eta Tamora gotoen erregina eztabaidan sartu ziren. Ondorio gisa, lehenak heriotzera kondenatu zuen bigarrenaren semeetariko bat. Herriko alkatearen semeak jokatzen zuen Tamora erregin gotoaren semearena. Alkatearen ezpainetan urguilozko irribarrea marraztu zen. Agertu zen beste antzesle bat eta Tamoraren semearen oinetara oihal xuri bat zabaldu zuen. Kultur kontseilari-ordeak satisfazioz erreparatu zuen detailea Zuberoako pastoraletik hartua izan zela. Bienbitartean Titusek ezpata atera eta bere hitzaldia eten gabe, alde batetik bestera trabeskatu zuen alkatearen semearen gorputza. «Errediola! balio dik teatrorako!» pentsatu zuen alkateak; bere emazteak halabaina ez zuen gauza bera pentsatu, iruditu bait zitzaion efektu berezietako kargudunak tinta gehiegi jarri zuela, zipriztinek estreinaldirako propio erosi zuen soineko horia orbaindu zioten eta. Erretiratu zuten Tamoraren semea oholtzan arrasto gorri bat utziz, erregina negarretan ari zen bitartean.

        Ikuskizuna hasi eta ordubeteren buruan, lehen erreskadetan eseririk zeuden hautetsiek tanta eta zipriztin gorriez zikindurik zituzten jazkiak. Deserosotasuna disimulatzen zuten ahopeka elkarri zuzentzen zizkioten obrari buruzko komentario laudagarriak eginez. Atzekaldeko erreskadetan berriz gero eta hutsune gehiago zegoen, jendeak nahiago zuen antza, telebistako tele-saileko tirokatzea ikusi.

        Hiru orduren buruan, obra amaitzear zegoen. Figurante gisa kontratatu zituzten herriko gazte guztiek egin zuten jadanik beren lana. Atera eta sartu, labana, lantza, aizkora edo beste ezein gailu zorrotzez trabeskatuak izan ondoren. Titusen hitzek aditzera eman zuten trajediaren azken aktoa hastera zihoala.

        Hautetsiek ez zuten ondo ulertu antzesle guztiak armez horniturik beren aurrean lerroan ezarri zirenean. Txalo egin behar ote zuten ez zekiten. Horrela eginez gero jarraituko zien inongo herritarrik ez zegoela salan ez zekiten bezala. Antzesleek salto egin eta obra akabatu zuten. Zuzendari ingelesak txalorik itxaron gabe agindu zien tramoistei dekoratuak jasotzen hasteko.

 

 

02:59

Ateko sarrailan giltza sartu, bi bira eman eta etxean sartu zen. Ez zion eskumuturreko erloju dijitalari begiratu, baina berant izan behar zuela bazekien. Gaueko hamabiak inguru zirenean atera zen kalera, berak ere zer ote zitekeen ez zekien zerbaiten bila. Aldian behin kotxe bat iragaten zen: emakume bakarti bat, bikote amoltsuak, gazte alaiak barruan. Kalea ostera isiltzen zen.

        Kanposantu paretik igarotzerakoan burnizko atea zabalik zegoela ikusiz barrura sartu zen. Hodei artetatik argitzen zuen ilargiaren argitan hilarrietan idatziriko izen eta datak errepasatzen igaro zuen denbora apur bat. Gudetan hildakoak eta ohetan hildakoak zeuden han. Tristura eta alaitasuna ezagutu zutenak. Une batez zoriona lortu izan zutela uste izan zutenak, eta horretaz arduratu gabe une batez zoriontsu izan zirenak.

        Guztia argituko lukeen arrazoiak nonbait egon behar zuela iruditu zitzaion. Baina ez zuen horretan gehiegi pentsatu nahi. Atera zen kanposantutik eta bere ibilbideari jarraiki zitzaion. Polizia kotxeak eta suhiltzaileen kamioiak igarotzen ziren, anbulantzia presatuak. Gero, kalea ostera isiltzen zen.

        Galdera batetik bestera ibiltzera kondenaturik zegoela zekien, inork ez ziola behin betirako erantzunik emanen. Eta, halere, zeinen gustora etzanen zukeen burua maite zuen emakumeren baten sabelean. Tregoa baten bila. Ordu beranta izanagatik jendez gainezka zegoen kale batetara iritsi zen. Puten ditiei begiratu zien. Haien keinu eta proposamenei entzungor kalean gora segitu zuen. Eta amaierara iristean, kalean behera. Jadanik, eskaratzetako erdi itzalean zeuden putak ez ziren une batzu lehenago berak ikusitako berak; edo haien gorputzetan soilik erreparatu izanagatik, orain ez zen haien bisaia ezagutzeko gai.

        Taberna bat zabalik zegoen izkina batetan. Bertan sartu eta edari bat eskatu zion barmanari. Ordaindu zuen, eta itzulitako diru xehea makina elektroniko batetan xahutu zuen, sabelean zeukan amodioari jaramonik egiteke. Makinak beti irabazten zion, baina berak aurreko partidan lortutako puntuazioa gainditzea zuen helburu.

        Etxerantzako bidean ez zen ostera kanposantuan sartu. Katuak entzun zituen hormaz bestaldean. Berriro isildu egin zen kalea.

        Etxean gelako mahai gainean amaitu gabeko lana zeukan zain. Keinu batez muzin egin zion lanari eta jantzirik oheratu zen. Zein ordu izan zitekeen ez zekien oraindik ez bait zion eskumuturreko erloju dijitalari begiratu. Burua etzan, eta sudurretatik behera itukin bero bat isurtzen zitzaiola nabaritu zuen. Lasterka abiatu zen komunera, burua gorantza mantenduz. Odol tantak lababo horituan erortzen ziren, kanilatik isurtzen zen urarekin nahastu aurretik. Ur hotzez igurtzi zuen garondoa. Gero ispilura begiratu zuen eta bere begietan ezagun egin zitzaion zerbait zegoela iruditu zitzaion.