Odolaren usaina
Odolaren usaina
1987, ipuinak
120 orrialde
84-86766-01-X
azala: Joxean Muņoz
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1985, antzerkia
1985, ipuinak
 

 

Komix

(edo Catty, Joddy, Slide,
Bucks eta William G. izenekoa
hanburgeserian elkartu ziren)

 

Autobidea eskubitarantz utzi eta komertzialgune bat dago, hirirainoko bidean dauden beste hainbat bezalakoxea, berrogeitamar, ehun kilometrotan behin. Supermerkatua, gasolinategia, bungalow batzu eta hanburgeseria. Depresioaldi batek jo eta bertan bizitzera, edo irautera, geratzeko aukera ematen dute. Whiskya erosi daiteke supermerkatuan, hanburgesak eta patata frijituak jan hanburgeserian, alde egin nahi izanez gero ez dago gasolinarik gabe geratzeko arriskurik, eta ohe latz bana dute bungalow-ek. Ohean etzan, telebista piztu eta urrutirako gailuarekin kateak aldatu. Dollarrak xahutu artean. Zirrosiak gibela birrindu bitartean. Edota almohada azpiko smith & wenson-ak bungalow-eko horma nardagarriki papereztatuak norberaren garunez apainduko dituen unearen zain.

 

 

Supermerkatuan neskatxa ile-blonda bat egon ohi da, irrifartsu, uniforme azpian bularrak preso dauzkala, txiklea mastekatuz. Desertuko asperrak kirioak jan izan balizkio bezala mugitzen da, hasperen luzeen artean, kateme geldo bat bezala, laka larregiz zamatutako ile adatsak binbili-banbalaka.

        Diru-kutxa enfokatuz video-kamara bat. Eta neskatxa ile-horaila bazkaloste berunetan apur bat artista sentitzen da. Lapurretaren bat gertatuz gero video-banda ikuskatuko lukeen polizia-gizon segaila irudikatzen du gela ilun eta lanbro batetan, sonbreroa apur bat atzekalderatua, lepokalde eta eskumuturretan izerdiak eta zikinkeriak beztutako kamisa txuritan, galtzarbeko kartutxera agerian, zigarro txustar mendiska hautsontzia betez, alboan.

        Polizia-gizonak, Slide-k, behin eta berriro ikuskatzen du video-banda. Ez, ongi kaputxaturik, eta beraz identifika ezin den ohoinaren imintziotan giza-etsai ezagunen bat susmatu asmoz; baizik eta Catty-ren —Catty bait da neskatxa ile-blondaren izena, alboan utzi duen informean irakur daitekeenez— keinu eta mugimenduak begiz urrupatuz. Catty-ren gorputza mirestuz, esku bat, ezkerrekoa (eskubikoak piztu berri duen zigarroa sostengatzen du), galtza barnera darama, zakil sendo eta izerditsua sentitzeko. Ferekatzen du, astintzen du. Masturbatzen da, lapurrak Catty mostradore gainean etzanarazi eta bortxatu duen bitartean.

        Catty-k, horrelakorik gertatuko balitz, gero norbaitek ikusiko lukeela jakingo lukeela pentsatu du. Ikusiko lukeela nola bortxatzen duten. Catty-k, keinu zehazkaitza egin eta pentsamendua kanporatu du, txikle zaporegabetua ahotik bezala, burutik.

 

 

Hanburgeserian Joddy dago, mutiko beltzaran eta flakoa. Joddy potroetaraino eginda dago benetan. Goizeko seietan hasten da lanean. Berak hartzen du lehen kafea. Gero erreskadan jartzen ditu tomatea, gazta-xaflak, letxuga, arraultze egosiak, mostaza, ketchup-a. Alde batetara jadanik erditik zabaldurik iristen diren ogi borobilak; eta bestera haragi-xehetuzko hanburgesak, bata bestearen gainean, hogeinaka. Plantxa piztu du, olioa berotzen jarri, eta hozkailutik frijitzeko prest dauden patata poltsak aterako ditu. Jadanik atean ditu kamioizaleak protestaka, ordua delaka. Eskuak mantalean igurtzi eta marmarka zabaltzen die. Haragia erretzen du plantxan, patatak frijitzen oliotan, hanburgesak prestatzen ditu eta garagardoa zerbitzatzen die. Musika-makina martxan dago modaz pasatutako baladak isuriz.

 

 

Bucks zaharrak betetzen ditu komertzialgunean suertatzen diren ibilgailu guztien depositoak. Bucks zaharrak begi ttipiak ditu, ttipituak, aurpegia tolesten dioten ximurretan hondoratuak. Kokotzean ateratzen zaizkion hiru ileak alanbretsuak dira aspaldion. Eskuetan gasolina usain sarkorra itsatsi zaio betirako, baina bera ez da ohartzen. Behin eta berriz igarotzen du esku-gaina sudurretik etengabe irristatzen zaion muki urtsua xukatzeko. Bucks zaharra asko ikusia dago mundu honetan, hau da, desertuaren erdian galdurik dagoen gasolinategi horretan. Hantxe zegoen bera supermerkatua eraiki aurretik, eta hanburgeseria eraiki aurretik ere. Berak ikusi zuen nola suntsitzen zuten buldozerrek hotel zaharra, eta nola ekarri zituzten kamioietan bungalow aurre-fabrikatuak. Eta zuhaitz aldaskak balira bezala prantatu zituzten, hantxe, orain dauden leku horretantxe. Makina bat aldiz ikusi ditu makinak galtzada berriztatzeko galipota garraiatzen; eta frangotan ikusi du galtzada berria zulatzen.

        Ostiral gauetan komertzialgunera hurbildu ohi diren hiruzpalau putak ere ongi ezagutzen ditu. Bistaz besterik ez bada ere. Baina hauen aurretik etorri zirenak berdin ezagutu zituen; eta lehenago etorritakoak. Bera ezagutu zutenak ere ezagutu zituen, nola ez. Eta, hori bai, oraingoak ez dira lehenagokoak bezain onak. Hori ziur. Edo, agian, oraingo gizonak dira lehenagokoak bezain onak ez direnak. Dena dela, berari bost axola. Petroleoaren salneurria gorantz doa. Eta kotxe eta kamioiek, gauza jakina da, petroleoa behar dute mugitzeko. Ez hori bakarrik, baina bai hori gutxienez.

 

 

Larunbatetan mundua biltzen da komertzialgunera. Famelia osoak, bikoteak, gazteak. Supermerkatua bete egiten da. Eta hanburgeseria leporaino egiten da. Catty umore txarrez egoten da; Joddy lehertzeko zorian; eta Bucks izerdi patsetan.

        Bungalow batetan Slide dago, polizia, brigada berezikoa, bart gauean lorik egiteke, topatu lehen parajean gelditu eta deskantsatzea erabaki du gaur goizean. Supermerkatuan whisky botila bat erosi du. Arranopola, pentsatu bide du, Catty-ri dirua luzatzerakoan. Eta irribarre amoltsu bat eskeini dio Catty-k txiklea mastekatzeari utzi gabe. Gerorako plan zehatzgabeak biribilkatu dira poliziaren buruan. Hanburgeserian hanburgesa bi eskatu du. Bata erreegia, eta bestea gordinegia zerbitzatu dizkio txikano putakumeak, pentsatu bide du Slide-k. Eta Joddy-k, madero usaina dario bere ama galduaren seme deskarriatu zakil makal honi. Gasolinategiko zaharrari kotxea begiratzeko agindu dio, presarik gabe. Bucks zaharrak kotxea begiratu du, begirada patxaratsua izan da, eta, gero begiratuko dugu, pentsatu du. Slide ohean etzan da eta erromatarrez ari den filme bat jarri du telebistan, hotsik gabe.

        Botilaren erdikaldean, etengabeko kotxe burrundak pittinik eragozten ez diolarik, lokartu da, Slide, korbata guztiz kendu gabe, pistola mesanotxean utzita.

 

 

William G.k Viet-Nam-ekoa egin zuen. Ez du batere maite horretaz mintzatzea. Ez behintzat edangabe dagoenean. Edaten duenetan berriz horiak dakusatza alde guztietatik. Emaztea lehengusu batzuren etxera joan zaio asteburua igarotzera. Eta bakarrik geratu da. Pozik hastapenean, besaulki malguan jezarri da, lurrean, ez oso urrun garagardo botila kaxa duelarik, eta magalean sandwich oparo bat. Telebistan, halabaina, bere taldekoak galtzen ari dira match-a. Galtzen ari dira, irabazteko batere esperantzarik gabe gainera. Txarto jokatzen ari dira, sekula baino txartoago. Haserratu da William G. biraoka hasiz, banan-bana iraindu ditu jokalariak. Garagardo botila hustua bota du telebista pantailaren kontra.

        Armairu batetan kainoi errekortatuzko remington bat dauka William G.k. Garbitzeko asmoz atera du, olioa eskuzabalki barreiatu du burnian, zapi batez distira ateratzeko ondoren. Kaxoi batetan balen kutxa dago. Postaz kargatu du eskupeta. Logelara abiatu da, eta ohe alboko mahaitxoko kaxoietik errebolberra erreskatatu du. Ez du inork ikusi sarjentu-ohia etxetik ateratzen ez kotxeko atzeko partean remingtona sartzen. Kotxea burrundaraz partitu da, auzuneko bizpahiruren bazkalosteko loalditxoa izorratuz.

 

 

Slide-k sekulako kaskazurreko mina zeukan esnatu denean. Biharamona iritsi aurreko biharamona. Irudirik gabeko telebista amata eta jaka eta sonbrerua jantzirik atera da bungalow-etik. Une horretantxe ari da Catty supermerkatuko ate nagusia isten. Catty ere, Slide bezala, hanburgeseriara doa. Bera Joddyren bila, bere mutilaguna bait da; datorren urtean ezkontzeko asmotan dabiltza, edo lehenago diskuratuz gero. Polizia, atxurra gainditzen laguntzeko dosi berri baten bila doa, garagardo batzuren edatera. Bucks zaharrak berriz, oraintxe eskegi du gasolinategia hertsirik dagoela adierazten duen karteltxoa. Eta ongi merezi duela erizten duen cognac bat edan nahi du hanburgeserian.

        Arratsa gauarekin nahaspilatu da ortzean bezala desertuko paraje galdu horretan. Haizeak hondar aletxoak garraiatzen ditu nekoso, landareren bat ere bai. Zakur batek igarotzen du farolen eta neoi argien pean agertzen den esplanada. Hiru giza-irudi abiatzen dira itzalak arrastaka.

 

 

Hirurak, bata bestearen atzetik, baina ez elkarrekin, sartu dira kanpoko freskotik barneko giro kutsatura. Hanburgeserian Joddy-z gain, beste hogeiren bat bezero dago. Hiru mozkor, bikote pare bat, famelia jendetsu bat, bost kamioizale, bi puta eta William G. izena duen gizon bat.

        Mozkorretako bat kantari ari zaio Joddy-ri belarrira ardo botila berri bat eman diezaion konbentzitu nahian. William G.k begirada tinkoz so egiten du jendeaganantza, baina inori bereziki begiratu gabe. Puta biak kamioizaleekin ari dira algara eta olgetan. Haurrek ez dute hanburgesarik jan nahi; haurren ama sekulako burukominez dago; aitak begizulo sakonak ditu, eta etsituki parte hartzen du amaren errietan. Bikoteak muxu eta xirrietan ari dira; edo agian haserraturik daude.

        Catty, arin, ipurdi mugimendu maltzurrez hurbildu zaio Joddy-ri. Slide-ren begirada ez da sobera aldentzen gonen azpian ere mamitsu antzematen den Catty-ren ipurditik. Polizia William G. izena duen gizonaren mahaitik ez oso urruti eseri da. Bucks zaharra barran pausaturik mutilari mintzo zaio:

        —Utzi kontuak gerorako. Betikoa, Joddy!

        Azkar gertatu da guztia. William G. madarikatuz jeiki da, inork nondik atera duen ez dakien remington kainoi errekortatuzkoa eskuan. Slide ere instintiboki jeiki da, polizia bait da, mundu guztia isildu denarekin batera, bere polizia-plaka erakutsi dio eskupeta eskuan duela jeiki den gizonari. Gizonak, horiek ez dutela irabaziko oihu egin du eta lehen postakada Slideren sabelaldera zuzendu da. Bucks zaharrak oraino horrelakorik ez zuela ikusi pentsatu du bigarren tiroa bereganantz abiatu baino segundu laurden bat lehenago. Joddy-k Catty-ri zemaion musua izozturik geratu da polbora usainez kutsatu aurretik. Kamioizaleak garraisika hasi dira, putak lurrera etzan dira. Haurrek filme bat zela pentsatu bide dute hasieran. Amari burukomina errotik kendu zaio. Aitak ez du helbururarte falta zitzaizkien miliekin gehiago pentsatu, errebolberra eskuan berari begira zegoen gizona ikusi duenean. Detonazioen erritmora hautsi dira bikoteak. Eta erreganbarako azken bala bere ahorako gorde du William G.k.

        Azkar gertatu da guztia. Geroxeago mutil bat altxa da besoa odoletan, negarrez, dardarka. Musika-makinan ari den country-a soilik entzuten da min-oihuen gainetik. Sukaldean frijituraren zarata. Telefonoa hartu du mutilak eta poliziari hots egin dio. Hogei minuturen buruan hasi da komertzialgunea polizia kotxe, su-hiltzaile eta anbulantzien argi koloretsuez betetzen, gaua estrainoki tindatuz. Kazetariek beren lehen hipotesiak idatzi dituzte kaiera ttipietan. Polizia lerro batek eragotzi die argazkilariei beren lana.