Odolaren usaina
Odolaren usaina
1987, ipuinak
120 orrialde
84-86766-01-X
azala: Joxean Muņoz
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Biolentziaren erresumena

 

        Ezaguna da narradore hasiberrien truko erabiliena: krimena. Hilketa baten inguruan narrazio irakurgarririk sortzea erraza da. Agian errazegia, esaldiak merezi duen erlatibizazioa aurretik aitortuta. Zailena bortxa transzenditzea da, eta alde horretatik ipuin-liburu honek ihes egin dio errazkeriaren tentazioari. Haatik zorretan gaude Mikelekin. Trukean arreta zor diogu bederen.

        Euskal komunikabideek biolentzia «indarkeria»rekin hain arinki identifikatzera eraman nahi gaituztenean, kazetarien lan alienantearen konplize izan daiteke literaturgilea. Areago gurea bezalako literatura nobatoetan. Bortxak saldu egiten du, eta kazetari gehienak hortik bizi dira, manikeismo sozialaren arabera «keria» guztiak erasten badizkiote ere. Arlo horretan kontrainformazio mota bat izan liteke literatura.

        Narratiba-liburu bateko izenburuak baldintza bat bete behar du gutxienik: filme batenak adineko erakargarritasuna bere baitan izan, eta hortik aurrera hasierako sujestioa transzenditu. Hori behintzat badute elkarrekin narratibak eta zinemak. Baina ezin izenburuan gelditu.

        Liburuak atzetik aurrera begiztatzeko ohitura dutenak honez gero konturako ziren liburuko azken partean ezarri diren oharretaz, ia osorik egunkarietatik hartutako zatiek osatuta. Azala pasa eta sarritan hain literarioak diren oharrak irakurrita zer edo zer ulertu duela pentsatzen duenak hobe du beste nonbaitetik hasi. Oharretan ageri diren gertaera beridikoak espreski daude dauden tokian, esan nahi baita bildumaren bukaeran, eta beren funtzioa hauxe baino ez da: ipuinok irakurri eta gero guztioi burura datozkigun erreferentzia errealak paperean jartzea. Ez alderantziz.

        Pisu berezia hartzen du liburu honetan narratzailearen ikuspegi-hautaketa. Biktimaren begietan ala hiltzailearenetan aritzea ez da gauza bera, eta esanguratsua gertatzen da kasuan kasuko Mikelen aukera zein izan den ikustea. Horrek ematen digu hurbilketarako aurreneko datua. Baina segi dezagun hurreratze-saioarekin.

        Liburuari izena ematen dion ipuinarekin hasiko gara. «Odolaren usaina» dugu, hain zuzen, odol-isurketarik gabeko ipuin bakarra, eta horixe dela kausa, ikaragarritasunak goia jotzen du liburuko azken ipuinean. Herri hau ez da tontoa, badu bere subkonsziente kolektiboa, eta ipuin honen irakurketak Euskal Herriak bizi izan dituen krimen sentituenen oroitzapena dakarkigu. Luzia Urigoitia hil zuzen biharamunean irakurri genuenontzat hotzikarazlea izan zen «Odolaren usaina». Baina bada besterik.

        «Hamalau heriotzena» bertsio ofizialak desmontatu beharraren aldarrikapena da. Amodioaren inpotentziak dira «Elur eternalen...» ipuinaren motorra. EEBBetatik iristen zaigun biolentziaren ikusmoldeari zuzendutako mendeku ironikotzat jo genezake «Komix». Arrazakeriaren agerpenik monstruosoenak azaltzen zaizkigu «Zurrumurrua oinetan» izenekoan. Azkenik, «Bederatzigarren biktima» deritzonak guztiok barruan lozorroan daramagun hiltzaile txikia desenmaskaratzen du. «Eranskinek» kontrapuntu umoretsua ekarri nahi lukete, algara batzu ere botatzeko parada, zergatik ez.

        Narratzaile iaioa zela jadanik frogatua zuen Mikel Antzak duela hiru bat urte argitaratutako «Lehen Bilbuma 82-84»ean. Oraingoan, trapezioarekin jauzi luzea eman nahi izan du «Bigarren Bilduma» honekin, sarerik gabe, eta ziur gaude ez duela ekilibrioa galdu aintzineratze horretan. Jauzi mortalez airean dagoelarik, biolentziaren munduaren erretrato bat egin nahi izan digu egileak, eta orain irakurlearen txanda da, hain mortala ez den jauzia egiteko. Biolentziaren erresuman zehar.

 

Josu Landa