Bake Zibila
Zenbait egile
Bake Zibila
Zenbait egile
itzulpena: elkar lanean
1989, narratiba
112 orrialde
84-86766-20-6
azala: Mattin
Bake Zibila
Zenbait egile
itzulpena: elkar lanean
1989, narratiba
112 orrialde
84-86766-20-6
aurkibidea

Aurkibidea

  • Bake zibila...

    Mustur gogorra
    Arturo Ambrogi

    Sorpresa
    Pedro Rivera

    Centerfielderra
    Sergio Ramirez

    Aintzazko minutuak
    Ngugi wa Thiong'o

    Bake zibila
    Chinua Achebe

    Kafea biderako
    Alex La Guma

    Uzta
    Bui Hien

    Kabareta
    Nguyen Sang

  • Erosi: 7,60

    Aurkibidea

  • Bake zibila...

    Mustur gogorra
    Arturo Ambrogi

    Sorpresa
    Pedro Rivera

    Centerfielderra
    Sergio Ramirez

    Aintzazko minutuak
    Ngugi wa Thiong'o

    Bake zibila
    Chinua Achebe

    Kafea biderako
    Alex La Guma

    Uzta
    Bui Hien

    Kabareta
    Nguyen Sang

  •  

     

    KABARETA

     

    Nguyen Sang

     

    Euskaratzailea (frantsesetik): Jon Arzallus

     

            1933an jaio zen Nguyen Sang, Long Xuyen-en, hegoaldeko Vietnamen. 1949an herri armadan alistatu zen, eta liberaturiko Nam Bo eskualdean lan politikoa egin zuen. Ipuin hau lehengoa baino geroxeagokoa da, 1965 ingurukoa hain xuxen ere. Amerikarrak —milioi erdi bat amerikar, zernahizko bonbaztaketak— daude Vietnamen orain.

            Bui Hien-en hari berari darraio Nguyen Sang-ek: «herri literatura» egiten du, konprometitutakoa... Nahita aukeratu ditugu noski inbaditzaileen erasoari kopeta eman zioten autore bi. Alabaina, jakingarri da vietnamdar intelektualen artean sekulako borrokak eman izan direla hamarkada hauetan, eta oraindik ere eman egiten direla, azken batez eta alde batetik zein bestetik «askatasun indibidualak» eta «askatasun kolektiboak» kontrajartzen dituztenen artean. Egun atzerriratuta dauden idazle batzuen ustez, esate batera, Vietnamgo botereak, politikaren zerbitzuan ipiniz literatura, «Pobretuarazi, tristetuarazi egin du» (Tran Thanh Hiep), munduko korronteetatik isolarazi... Azken hori egia da (nahiz ez izan hura motibu bakarra): badira egun idazle on batzuk erbestean, mendebaldean zerbait publikatu arren beren herriak ezagutzen ez dituenak, eta aldiz Vietnamen bertan produzitzen den literaturaz guk ez dezakegu deus ere jakin. Hala behintzat, guri dagokiguna hori baita, herri hark jasan (eta gainditu ez) dituen borroka gogor haien beste erakusgarri txiki bat dakarkizuegu ondoren.

     

    Presondegi batean —Hego Vietnamen ehunka ziren horietako batean— mutu bilakatu zen gizon bat, 1956an jasan zituen torturengatik. Ba Hoanh zuen izena. Jiratuak zituen berrogei urteak. Frantziar kolonialismoaren aurkako Erresistentzian, bere komunako Laborari Batasuneko batzordeko partaidea zen. Erasotzaile yankee eta beren basailuek atxilotu egin zuten, laborarien artean partitzeko zeuden lurrak neurtu zituelako eta hiru «jornale-lur» gorde zituelako beretzat.

            Gisa guztietako torturetara jarri zuten hiru hilabete luzez; zeinak hitzik esan gabe jasan baitzituen.

            Atxilotu batek iruzur egin zien egun batez, haren erlaziobide zen hamasei urteko neskatxa zitatuz. Preso hartu zuten neska eta, beste kamaradek bezala, gogor eraman zuen tortura. Gizonen gelara aldatu zuten, konfrontaketa bat izateko. Zitatzailea erakutsi zion poliziak behatzez, zera galdegiten ziola:

            — Badakizu nor den?

            Burua astindu zuen neska gazteak.

            — Ez!

            Txinparta boteaz begiratu zion poliziak eta keinu egin zion oinaz traidoreari:

            — Ta, zer diok hik?

            Traidoreak ez zeukan neska gazteari begiratzeko kemenik, burua makurtu eta ulertezinezko hitz batzuk murmurikatu zituen. Oraingoan bota-muturra ezarri zion poliziak kokozpean eta bortxaz altxarazi zion burua:

            — Orduan, atzo egindakoa errepikatzea nahi duk?

            Bezperan agerian burua eta oinak besterik uzten ez zizkion tubo batean zuten sartu tortzionariek. Eta hau esan zioten:

            — Banbuaren barnean hazten den ahatea bezalakoa izango haiz: gorputza murriztu eta izterrak puztu egingo zaizkik. Beraz, nahi duk aitortu?

            Burua astindu zuen. Orduan porlanezko tuboa mailukadaka apurtu zioten poliziek eta atxilotuen gelara bidali zuten.

            Eta orain suplizioaren aipamena entzutean, izerdia sentitu zuen isurtzen gorputz guztira. Jaso zituen begiak neska gaztearengana eta murdukatu zuen:

            — Aaa... i... tortu ezazu, neska...

            Haren hitzak bukatu bezala imajinaezinezko gertakizun bat jazo zen. Atzealdera bota zituen neska gazteak kopetan behera zetozkion tximak, eta honela esan zuen hortzak estutuz:

            — Osaba Hai! Beldur zara hiltzeko? Begira, begira niri!

            Atera zuen mihia, eta begiak dirdiran, ukabilkada bat jo zuen bere kokospean. Mihi punta lurrera erori zen. Neska gaztea atzealdera jausi zen, ahotik odola zeriola. Haren heriotza harrigarriak matxinatu egin zituen atxilotuak. Kateaturik zeuzkaten oinak baina tortzionarienganaino arrastatu zituzten ukabilak jasota. Elkarri bultzaz ihesari eman zioten poliziek, burdin-hesia bota eta presoen kontra zuzendu zituzten errebolberrak.

            Ba Hoanhek jaso zuen neska gaztearen mihi punta eta tu egin zion salatzaileari. Gero bere eskutzar zabalduan mihi punta zeukala, presorik preso joan zen astiro-astiro hura erakutsiz. Dardara batean zegoen, negarra zeriola bi begietatik.

            Hiru egun berantago, hondora joan zen, polizia torlojutzar batekin lepagainean ematen ari zitzaiola, dardarka egon zen une batez, eta gero ahoa zabaldu zuen mintzo atalgabeko batzuk jaulkitzeko.

            Inozo plantarekin beheko matela doi-doi mugituz eta beti ulertezinezko soinu berak aletuz erantzuten zion tortzionarien galdera bakoitzari.

            Atxilotuen gelara igorri zuten atzera poliziek eta segeretuki ikuskarazi. Joera ber-bera eta soinu atalgabeko berak erabili zituen preso lagunekin. Etsaiek orduan torturara eraman zuten berriro. Hiru saiotan, mutu totala bilakatu zen. Bidali zuten enfermeriara etsaminak egiteko. Era guztietako arteziak entsegatu zituzten eta medikuek mota guztietako botikak erabili, eta benetako mututzat emanda utzi zuten. Azkenik inolako informazionerik nola atera ezin zioten zabalerakoa eman zioten.

            Gizon sendoa zen Ba Hoanh eta famatua, zuen arroztietako belarra mozteko trebeziagatik. Eta orain, espetxetik itzultzean, ez zitzaion hezurra eta azala besterik geratzen, eta ez zen sega erabiltzeko gauza. Ordea, baldin indarrik izan balu ere artean ez ziokeen ezertarako balioko, piratek hiru jornale-lurrak baitzizkioten lapurtu.

            Mutu bilakatu zen eta akiturik zeukan gorputza, baina bizirik zirauen; bere emaztea eta hiru haurrentzako bizi zen eta ez jakin zer gehiagotarako. Bai, bizirik zegoen eta nahi ere halaxe nahi zuen. Beraz, bizitarako behar zuen zerbait bilatu eta familia biziarazteko. Pobre izaki, berandu ezkondua zen. Maite izan zuen gaztetan. Arroztiak eta baratza zituen familia eroso bateko neska gazte lirain bat zen. Bera, ordea, txiroa baitzen eta jornalekotzan aritzen zena. Baina buru ematen zuen. Ausartu egiten zen harekin hitz egitera, agitzera eta libertitzera. Honek bultza zuen agian neska gazte hark maite zezan. Berak ez zekien ezer. Neskak maite zuela zekien bakarrik. Esana zioten «ez dutela pobreek beren txirotasunean baino pentsatu behar eta ez zitezela iganketan jolas: ez zutela eta goragotik erortzea baizik lortuko». Baina gazte izaki eta ez zien aholku haiei jaramonik egin. Eta gainera neska zen bezalakoa zelako maite zuen, haren izakeragatik. Zera esan ohi zion bere buruari, ezkontzean etxola txikira eramango zuela bizitzera. Indarrez beste batekin —bulego enplegatu batekin— ezkontarazi zutenean, orduan jabetu zen supituki, pobre zela. Eta tristealdietan aspaldiko aire bat gogoan kantatzeari ematen zion:

     

                    «Ezer ahoratzeko ez izateraino txiro

                    Hezurrak urratzeraino txiro

                    Arrozik ere ez ukaiteraino txiro

                    Jade-ko enperadorea samurtzeraino..».

     

            Ez zen 1950a arte ezkondu. Hogeita hamar urteko andereñoa hartu zuen. Neska solte aurkitzen zen artean, ez abenturarik gertatu zitzaiolako edota itsusia zelako, baizen bere senargaia Erresistentzian aritu zelako eta frantziar kolonialismoaren aurka hil zelako. Ba Hoanhek 36 urte zituen orduan. Bost urteren buruan hiru haur eman zizkion emazteak. Atxilotu zutenean bost urte zituen zaharrenak eta jaio berria zen azkenengoa. Jornalaritzako lanari heldu zion emazteak, jorraketak, landaketak eta sasoi-lanak egiteari. Baina ez zitekeen bera bakarrik familia mantentzera iritsi. Eta espetxetik itzuli zenean, botikaren beharrean zegoen gizona. Ezin zuen atsedenik hartu, baina zertarako zen gauza? Komertzio koskor bati heltzea otu zitzaion. Diru pixar bat mailegutan hartu eta kabareta ireki zuen. Mutu batentzat ez zen erosoa!

            Zorionez, lehengo Erresistentzia denboran, komunako Laborari Batasuneko batzordeko partaide zelarik, irakurtzen eta izkiriatzen ikasia zegoen. Poliziak, beren zomorrokeriak eta guzti, ez ziren detaile hartaz jabetu.

            Orain, hor dauka bere kabareta, ordea, etsaiek ere ez dute ahantzia.

            Ezinak ezin, ailegatzen zen bizitzeko lain. Ibaiaren ertzean zeukan kabareta jasoa. Kokondoaren ostoz eraturiko estalia zuen etxolatxar bat zen. Mostradorea, bezeroentzat bi aulki eta mahai tatar bat ageri ziren barnean. Bi aldetatik zeukan irispidea: edo kokondoen itzalean kanoa eta sanpanentzako enbarkalekutik, edo auzoko ibilbide handira ematen zuen eta azukre kanaberen artean pasatzen zen bide zidorretik.

            Kabaret tipi bat zen, txiroki eratua, non halere edozein motatako eta lurraldean sonatu bilakatu ziren likore gozoak aurki baitzitezkeen.

            Mutua zen jabea, atsegina ordea eta zuzenak beti haren kontuak. Tragoska batzuk dohain eskaintzen zizkizun alditan, eta bezeroekin klinkatzen zuen. Mostradore gainean paper sorta bat eduki ohi zuen kalendario zaharren batetik edo takoren batetik askatutakoak, eta boligrafo bolatxoduna. Bezeroak kontsumizioa bukatzen zuenean, nagusiak nota presentatzen zion orri haietako batean.

            Nagusi honen berezitasuna zera zen, puntu batetik aurrera ez zuela gehiagorik saltzen. Ikusten zuelarik edale bat moxkortzen hasi zela irribarre maitekor bat eskaini, maitekortasun mutu bat harena, eta fitxa presentatzen zion zenbait soinu atalgabeko jaulkiz.

            Atsegin zitzaion jendeari han luzaro geratzea, ordu osoak ere bai. Bazekien nagusiak nola mainatu, kontsumitzaileak Mekong aldera begira edaten egoteko moduan jarri zituen aulki batzuk. Ikus zitezkeen zuhaitz lerradak lurmugan tenk eginik, untzibelak uretan kulunkan eta gandor zilartsuetako uhinak. Ur amantala gainean goratzen ziren, erregularki, dirdiratsu. Uhin tipiak ziren, baina sanpanak ezkutatu eta urbazterrera bultzatzeko bestekoak. Murmuilo monotono, melankoniatsu eta zabala zerien.

            Likoreen kalitateak, leku hartako erosotasunak, paisaiaren ederrak, zerk erakartzen zuen kabaret hartara? Ez jakin. Dena den, han biltzen ziren lekuko ia edarizale guztiak. Hirunaka ere elkarrenganatzea debekatua zen hirian. Hiru juntatzea aski zen bilkura komunistaren akusazioz zitatu ahal izateko, zeina nahikoa baitzen atxilotzeko gero. Ordea kabaretean hiru eta launaka ere aritzen ziren edaten, elkar zitezkeen mozkortzeko. Eta tristealdi eta sufrikario bolada hartan, emazteak ere eman ziren edateari. Neska gazteek ez zuten oraino ohiturarik, baina gertatzen zitzaien likore bila joatea. Eta «alkohola sartzen denean, hitzak irteten dira». Amerikanoek eta euren basailuek ez zezaketen eragotzi, halakorik. Nagusi gajoa belarri muturretaraino zegoen mozkor historiekin. Baina txanza ere bazen harentzat, zeren istorio egiati asko baitario hordiari. Dela beldurragatik, dela diskrezioagatik isilik gorde ohi dena, hordialdian esan egiten da. Eta kabaret hartan, hirian edo hiriaz kanpo jazorikakoak esan egiten dira.

            — Hai laguna atxilotu dute auzoz bestekaldean. Espetxean dago bera eta puesto burua emaztea bortxatzera joan omen da.

            — Mertzenariak Ba alarguntsaren etxea miatzera joan dira. Subterraneo bat topatu omen dute eta lehengo erresistentziako burrukalari bat izan. «Viet Cong» batekin esposatua bizkarreratu diote. Elkarrekin oherarazi nahi omen zituzten. Burrukalariak kontra egin. Biluzik etzanarazi omen dituzte bata bestearen ondoan. Argi indarra eman omen diote, gero. Eta hartatik hil omen da, Chi Ba. Hiru umezurtz utzi du.

            — Sau gure laguna, senarra Iparraldean duena, hartaraino estutu omen dute mertzenariek non kraneoa arrasera moztu eta bontzo sartu omen da emakumea.

            — Gauerdian ibai-kalan kanoa blindatu bat ertzeratu da. Emaztea bere haurrekin besterik ez zegoen etxe batean sartu dira indarrez. Kanoara jaitsarazi dituzte gero fusil muturrez bultzaka. Etxeari su eman eta familia eraman egin dute, nora ez baitakit.

            — Nam jauna, hirurogei urtetakoa, eta gainera sorra, atxilotu dute, ez dakit zergatik. Ez diote interrogatorioan fitsik ere atera. Harro dagoela, esan du zenbaitek. Beste batzuek berriz ezer esatekorik ere ez zuela esan dute.

            — Chin, jada ezkonduta dagoena eta guraso dena, bere iloba tentatzen aritu omen da. Honek haizatu egin eta osaba orduan neskagatik asmahalak esanez mendekatu omen da. Eta orain jazarrian hartu dute Ator beltzek neska. Chin marrajo horrekin kontuz ibili behar da.

            — Tu saldu egin omen dela. Erresistentziakoak saldu eta salatzailea dela. Betaurreko beltzak omen dabil paseoan, autobusen geltokian. Arrestarazi omen du berriki emakume bat.

            — Azpizulo bat aurkitu dute Tam jaunaren etxean. Zulo ahoan jarri zaie hau, bularraz fusilen muturra estalita. Erresistentziakoak ihes egin ahal izan du. Tam jauna balek txikitu dute bertan.

            Gisako istorioak zebiltzan egunero herrian, zirkunskripzioan, probintzian eta Hego Vietnam osoan. Egunero eta dozenaka jazotzen ziren istorio mingarriak.

            Ileharro zerabilen burua nagusi mutuak, tximak belarri gainean behera, mehats begitartea, lehor gorputza, ajeaturiko jantzi beltzez estalia. Entzun egiten zuen berak, aurpegia goraka antzean, sorreria duen jendearen inozo plantarekin. Bezeroek hitz egiten zuten edanaz. Laidoka aritzen ziren eta ukabilak estutzen zituzten ukaldi batez mahai txikia apurtu nahi bailuten. Edo hasperenka bestela eta itolarritzen ziren frasearen erdian. Halere nagusiak, entzun arren, ez zirudien ulertzen zuenik fitsik. Ez zuen inolako barne-zimikoren zinurik kanporatzen eta goraka begiratu ohi zuen, noraezean bezala. Ez ote zen gero sor-mutua izango? Ez jakin hala bazen ere. Inoiz, burua makurtu eta paper bat hartzen zuen idazten hasteko. Bezeroren baten kontuak egiten ote zituen edo istorioak, amorrua sorrarazten edo irri garratzak eragiten zituzten istorioak idazten —ez zekien inork. Eta alferrik zen jakin nahia. Jende mutua zozo baitaiteke bilaka. Ba Hoanhek bere buru ileharroa makurtzen zuenean mostradore gainerantz, aurpegia albora jiratuz apur bat eta ahoa irekirik, bazirudien tontotasunak atxemanik zegoela.

            Bezeroak joaten zirelarik, nagusiak, bakardadea lagun, basokada bat zerbitzatzen zuen berarentzat, begiratzeke, utziz batzuetan likorea mostradore gainean gainezkatzen. Ez zen edarizaleak bezala dastatzen aritzen, ukaldi batean husten zuen basoa ahoa zabal-zabal eginez, begiak zerurantz zituela. Ez zirudien mihia ukitzen zionik ere alkoholak, baizik eta zintzurrean behera ixurtzen zitzaiola zuzen-zuzenki urdailera jausteko.

            Gisa horretan edan ondoren, gorria ez baina zurbila bilakatzen zitzaion aurpegia. Eta higitu gabe egoten zen, begiak galduta, ibaira beha. Mekong uhinez estalia egon ohi da beti. Gaineko ur geruzak bare badirudi ere, ez badaezpada uste olaturik ez dagoenik. Hondotik igaten zaizkio, zola-zolako zaflak dira. Eta aspertzen zaizkionean begiak ibaiari begira, mostradore gainera uzten du burua erortzera.

            Sartzen delarik tupustean bezeroren bat, eta ikusirik hala abailduta, sorbaldak dardaran, negarrez ari dela joko du eta bizkarreko lagunkoi batzuk emango. Ba Hoanh orduan jauzika tenkatuko zaio. Eta besteak galde:

            — Zer duzu horrela negarrez aritzeko?

            Ba Hoanhek burua astintzen du ahoskagabeko soinuez, eta eriaz begiak erakusten lehor, esan nahiaz bezala: Bai zera, ez nauzu negarrez ari!

     

                   

    Herrian, hegoalde osoan, familia orok zeukan pertsonaren bat espetxean edo hila —edo ez baldin bazuen oraino ezbehar horrek joa, edonoiz iritsi zain bizi ziren. Ez zitekeen nehor bizi baketan. Ez zitzaien matxinatzea beste erremediorik geratzen: bat aurrena, hamar gero, ehun, mila, herri osoa azkenerako. Emakumezkoak ziren batipat agintelekura, lurraldeko hiri nagusira, probintziakora edo Saigon-gora aldran abiatzen. Etsaiak gizalegez bizi ahal izateko zeukan eskubidea ezagutu ziezaion altxatzen zen populua. Manifestariak sanpanez, kanoaz edo txalupaz zihoazenean jabe mutuaren kabareteko kalaren aurretik pasatzen ziren eta uhinek etengabe zafrailatzen zuela egoten zen kala. Manifestazioa oinezkoa bazen, atzealdeko bidezidorretik pasatzen zen. Mutua zen jabea, baina ikusi ikusten zuen, entzuten eta ulertzen ere. Itzuleran, han geratzen ziren pausaldi bat egitera, edozein tenore zelarik ere, egunezko edo gauezko, gauerdiaz gero ere bai inoiz. Tragoxka bat hartuz elkarrekin diskutitzera sartu ohi ziren. Nola jende asko biltzen zen, azetilenozko kriseilua pizten zuen nagusiak. Eta bezeroak zerbitzen zituenarekin batean, solasketak entzuten zituen. Nahiz eta etsaiak tiro egin, nola gizaosteak aitzina jotzen zuen eta, aritzen ziren kontatzen. Manifestari bat atxilotzen zutelarik, milaka beste joaten zen distrituko buruaren etxea inguratu eta atxilotu zutena aska zezaten arte oihuka aritzera. Bazekien etsaiak, emakumezkoak altxakatzen baziren, ez zituztela ikusiko atzera egiten inolako oztoporen aurrean. Beldur zieten, baina ezagutzen zituzten hauen alde debilak ere: presondegiak, fusilak, heriotzak ez zitzaketen ikara, lotsak bai ordea. Eta etsaiak agintzen zien mertzenariei prakak kentzeko. Azkar aurkitu zioten honi trikimailua: aski zitzaien prakak ongi loturik eramatea. Orduan etsaiak tximak arraso mozteari eman zion. Baina emakumea borrokan sartzen delarik, ez dio edertasuna galtzeari beldurrik. Senarrek ere borroka jarraitzera bultzatzen zituzten orduan. Askatasuna, independentzia eta bizitzeko eskubideagatik edozer emateko prest egoten dira. Eta arerioak modu are makurrago bati heldu behar izan zion. Mertzenariek behin, beren fusilen muturraz bultzaka bilarazi zituzten merkatuan manifestariak. Eta indarrez biluzi nahian zebiltzan gero ihes egingo zutelakoan. Tupustean haietako batek, Betel deitzen zitzaionak, beti betela maskatzen aritzen baitzen, galtzak erantzi zituen. Eta gauza bera egin zuten besteek ere: amona izan, ezkondua edo neska gaztea. Ilaretan jarri eta bere hartan manifestatu ziren, hotz-hotz, etsaiaren aurrean. Jantzirik eta armaturik zeuden piratak, baina berek egin behar izan zuten ihes.

            Historia hau kontatu zutenean kabaretean, baso bat bete zuen jabeak likore gorriaz, eta Betel andrearen ohorean jaso zuen handiro. Eta gauza bera egin zuen bertan aurkitzen ziren emazteki eta neska gazteentzako ere. Denek hustu zuten beren basoa. Nagusiak bereziki emakume bezeroentzat atonduriko edari fruituez eginikoa zen: likore gozo eta mozkortzen ez zuena.

     

                   

    Gillotina bat ekarri zuten etsaiek. Betel andrea eta beste zenbait pertsona hil zituzten. Umezurtz berriak izan ziren herrian.

            Isilago bilakatu zen kabareta. Baina etortzen ziren edarizaleak beti ere.

            Gero, halako batean, ez zen gehiago bezerorik izan. Bidezidorra bera ere hutsik egon zen. Ez sanpanik, ez kanoarik kalan. Ez nagusi mutuak ere soinu ahoskagabeko gehiago. Ez zen herrian ibaiko uhinen planta hotsa besterik entzuten. Isiltasun hark gauerdira arte edo iraun zuen. Gero, bat-batean, luzeegi eutsi zaion arnasa irteten den bezala, bortizki, herri osoa altxakatu zen. Elizetako kanpaiek dunda larriak jotzen zituzten. Joarazi zuen pagodak ere bere ezkila nagusia. Danborrak erauntsika, banbu makiletan panpaka, latoizko barrika, kaxola eta eskutara zetorren eta zarata egin zezakeen guztia jo zen. Oihu egiten zen eta fusila bizkarrean zuela ibiltzen zen jendea. Elkarri deitu eta berri handia iragartzen zen: Dong khoi! Giza saldoa zerien herriko kale eta zidor guztiei. Biderkatu egin zela, esango zen, populua. Eta hala zurrunbiloak, inbaditu zuen etsaiaren agintelekua. Sekulako eztandak entzuten ziren. Eta izuak atxiki zuen etsaia. Danbatekoak, tan-tan hotsak eta harramantza gero baino gero bortitzagoak bilakatu ziren. Ekaitz ikaragarri baten erdian dabilen uruntzi tatarra iruditu zitzaien piratei beren agintetxea. Hil zituztenak, atxilotuak, torturatuak, birrindu zituzten familiak zetozkien burura. Eta jende huraxe zetorkien orain konta ahalako tropelean gainera. Ehunka hil zitzaketen armaz, baina ez ziren berak ere geratuko bizirik, munizioa ahitutakoan. Beraz, bota armak eta besoak altxa zituzten askok, edo ihesean aurkitu nahi izan zuten salbazioa.

            Honela hartu zieten herritarrek arma-lekua, tan-tan, kanpaien arramantza artean, petardo eta azetilenoaren leher soinuen artean.

            Arma-lekua suntsitu zuenean alorretara jo zuen populuak podio bat jasotzera.

            Tribuna aldera begiratzen zuen jende guztiak altxamendua nork gidatu zuen jakin nahirik.

            Geldi-geldi zeuden denak, suziria eskutan zutela. Ez zen isiltasun orokor haren ospean txinparta hotsa baizik entzuten. Buruzagiaren izenik ez zekien ia inork. Eta nolakoa ote zitekeen irudika nahian zebilen bakoitza bere irudimen ahalmenen arabera.

            Agertu zen buruzagia, baina beren burutan egina zeukaten irudiaren ondoan oso zen bestelakoa. Txundituta zegoen jendea, baina ez dezepzionatuta. Ez zeukan eurek imajinatu zutenaren antzik, baina euren gisakoagoa zen. Harrimenaren ondoren aupa hotsen txanda iritsi zen eta elkarri bultzaten zioten podiotik hurbilago egoteagatik. Han zegoen buruzagia, suzirien argitan ikusgarri. Traje zahar beltz batez jantziriko gizon garai mehar bat, zima harroak belarri gainetan behera zituela. Ba Hoanh, kabareteko nagusi mutua bera.

            Herritarrak agurtzeko okertu egin zen aurrena, gero tentetu zuen hanka muturretan jartzeraino urrutienekoei esku keinu bat egiteko. Azkenik, ahotsa altxatuz:

            — Ez dut lau urtetan hitzik egin: ez da izan mutu nintzelakoz. Isilik egon naiz, ez besterik. Baina heldu da momentua gehiago isilik egon ez gaitezkeena. Heldu da momentua non...

            Ez zeukan lau urtetan kukuturik egon zen ahots hark mikrofono beharrik. Berez burrunbatzen hura hangoen bihotzetan aurkitzen zuen oihartzunean.

            Milaka garrek, zirudien, zutela gauaren zola sutua.