Beltzaren koloreak
Beltzaren koloreak
2016, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-80-5
azala: Unai Iturriaga
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Beltzaren koloreak
2016, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-80-5
aurkibidea
 

 

Jatorria

 

 

HAMMETTEN DETEKTIBEAK

 

      Dashiell Hammettek ere aurrekariak eduki zituen (Carroll John Daly, eta beste), baina badauka abantaila handi bat liburu honi hasiera emateko: aho batez aitortua da nobela beltzaren aita, gehienez ere Raymond Chandlerrekin batera. Eta bere liburuetako bi, Uzta gorria (1929) eta Maltako belatza (1930), dira, nolabait esan, generoaren paradigma.[1]

      Sinplifikazio bat da, baina sinplifikazio horretatik abiatuko gara.

      Uzta gorria-n Continentaleko agentea da protagonista. Continental agentziako detektibe bat da. Ez dakigu bere izena. Eraginkorra da eta eskrupulurik gabea, badaezpadako bat. Maltako belatza-n Sam Spade detektibe pribatu ezaguna da protagonista, gehienok ez bada askok Humphrey Bogarten irudiarekin lotzen duguna, eta antzeko ezaugarriak dituena.

      Bi detektibe hauen ezaugarri garrantzizkoenetako bat Poliziari dioten mesfidantza eta gorrotoa da. Mesfidantza, nobela horietako poliziak muinetaraino ustelduta daudelako; gorrotoa, elkarren lehian dabiltzalako, ehizaki beraren bila dabiltzan bi harrapari direlako.

      Mesfidantza eta gorroto hauen adibideak etengabeak dira bi nobela hauetan.

      Uzta gorria-n etengabeak dira Personvilleko polizien gaineko komentario mespretxagarriak; zakarrak, zozoak, alferrak eta ustelak dira, Personvillen agindu nahi duten gangsterren bandei salduak, poliziaburutik hasita azkenenganaino; delitua egin dutenei ihes egiten laguntzen diete, inolako disimulurik gabe; hiltzaileak, lapurrak ustelak eta ustel-eragileak dira; tortura erabiltzen dute...[2]

      Maltako belatza-n, Spaderen sozioa, Archer, hil egin dute, eta Poliziak Spade jotzen du susmagarri nagusi. Bi polizia joaten zaizkio bisitan; Spade, hala edo nola bada ere, moldatu egiten da horietako batekin, Tomekin. Bestea, Dundy, ezin du ikusi.

      Polizien eta detektibearen harremanaren ikuspuntutik antologikoa den eszena bat, bospasei orrialdetakoa, kontatzen da. Dundyk nork kontratatu duen Spade jakin nahi du:

 

    — Nor da bezeroa?

    Baretasuna itzuli zen Spaderen aurpegi eta ahotsera. Errieta emanez esan zuen:

    — Badakizu ezin dizudala esan bezeroarekin horretaz hitz egin arte.

    — Beharko esan. Hementxe bertan niri, edo bestela auzitegian —esan zuen Dundyk suturik—. Hemen hilketa izan da. Ez ahaztu hori.

    — Baliteke. Eta hona hemen zuk, polit horrek, ahaztu behar ez duzun beste zerbait. Esango dizut nor den, potroetan jartzen bazait. Poliziak maite ez ninduelako negarrez hasteari aspaldi utzi nion.

 

      Bien arteko tirabira in crescendo doa, argi dago afera ezin dela ongi amaitu. Spadek zera esaten dio Tomi, bigarren poliziari:

 

    — Zer du hire laguntxo honek orain?

    Dundyk jauzi egin, eta bi hatz okertuen muturrekin Spaderen bularra jo zuen.

    — Hauxe —esan zuen hitz bakoitza ondo ebakiz ahoskatzeko eginahalak eginez eta haien indarra hatz muturren kolpeez azpimarratuz—: Thursby bere hotelaren sarreran zuk Burritt Streetetik alde egin eta handik hogeita hamabost minutura hil dute.

    Spadek hitzak ebakitzean besteak adinako lanak hartuz esan zion:

    — Ken itzazu atzapar zikin horiek nire gainetik.

 

      Muturka hasteko puntuan. Zakurra eta katua bezala.

      Harreman honek islatzen duen hondo ideologikoari dagokionez, erraza da analisi txiki bat egitea: egia jakitera iritsiko bagara, ez dago fio izaterik Polizia ustel eta parte baten interesen aldekoarekin. Sistemaren barruan egonda ere, sistemaren ertzean bizi den kanpo-begirada bat behar da bertsio ofizialak zer ezkutatzen duen jakitera iristeko.

      Horixe da nobela beltzeko detektibearen perspektiba ideologikoa, bere jatorrian.

 

 

CHANDLERREN MARLOWE - 1

 

      Kaliforniako goi-burgesiaren txantxulloak ikertzen ibili ohi da Marlowe, eta harentzat diskrezioa pistola baino lanabes beharrezkoagoa da. Diskrezioa gorde beharrak mokokaldi gogoangarria dakar, Ez adiorik nobelaren 5. kapituluan[3], Marloweren eta bi poliziaren artean, Green sarjentua eta Dayton detektibea.

 

    — Galderak erantzun eta kitto, Marlowe. Errutinako ikerketa bat egiten ari gaituk. Ez duk beste ezer jakin beharrik.

 

      Hori Dayton detektibeak dio. Marloweri ez zaio gustatzen, “Kafetegi handi bateko beste puntan ikusi hutsarekin aski izango nuen hortzetan ostikoa emateko gogoa izateko”, dioskunez.

 

    Mantso-mantso jaiki eta liburu-apaletara hurbildu nintzen. Kaliforniako Kode Penalaren ale enkoadernatua hartu nuen. Daytoni luzatu nion.

    — Erakutsiko al didazu, mesedez, galderak erantzutera behartua nagoela esaten duen atala?

 

      Legeari buruzko halako eztabaida mamitsu bat dator ondoren, hiritar guztiak behartuta daudela Poliziarekin elkarlanean aritzeko, Daytonek, obligaziorik ez dagoela eta Poliziak koakzioa erabiltzen duela, Marlowek. Daytonek barre egiten dio:

 

    — Ez dik ezer esango, sarjentua. Lege liburu hori irakurri dik. Beste askok bezala lege liburu bat irakurri eta legea hori dela uste dik.

 

      Probokazioa gorantz doa eta gertatu behar zena gertatzen da.

 

    Zutitzen hasi nintzen. Ez nengoen orekan oraindik hark jo ninduenean. Ezkerkada zuzen bat erantsi eta aurpegia jirarazi zidan. Zintzarri hotsa entzun nuen baina ez afaritakoa. Balantzak eginez eseri eta burua astindu nuen. Dayton han zen artean. Orain barrez ari zen.

 

      Azkenean eskuburdinak jarri eta atxilotuta daramate, Gregorius kapitaina izeneko baten aurrera:

 

    Giza hilketako Burua urte hartan Gregorius kapitaina zen, gero eta bakanago bihurtzen ari zen txakur klasea, baina inolaz ere ez erabat ezkutatua, delituak argitzen dituena argi fokoa eta porrak erabiliz, eta giltzurdinetako ostikoak, belaunkadak hankatartean, ukabilkadak plexo solarrean eta ipurtxuntxurrean makilkadak emanez.

 

      Koadroa aski argi geratzen da. Interesgarria da, puntu honi dagokionez, azpimarratzea Chandler oso zehatza eta arduratsua zela detektibeen egiazko gorabeherei buruz: eskubideak eta betebeharrak legearen aurrean, bezeroarekiko deontologia, lizentziak eskuratzeko eta armak eramateko baimenak, eta abar.[4]

 

 

CHANDLERREN MARLOWE - 2

 

      Spade Bogarten irudiarekin identifikatzen badugu, Philip Marlowe Robert Mitchum ohi da gure iruditerian (nahiz eta beste hainbat aktorek ere jokatu zuen Marloweren papera, Elliott Gouldek, eta bestek). Ez adiorik nobelan (1953), Philip Marlowek bere burua aurkezten du, eta beste zertzelada bat gaineratzen dio detektibe-polizia harremanari, gorrotoaz aparte, detektibeak, mendekoa izanik eta sistemaren barruan autoritaterik ez duenez, Poliziaren laguntza behar izaten baitu noiz edo noiz, hala ere, eta gogoz kontra izan arren:

 

    — Ikertzaile pribatua naiz eta bada denbora puska bat naizela. Otso bakartia naiz, ezkongaia, heldutasunera hurbiltzen hasia eta aberastu gabea. Behin baino gehiagotan izan naiz espetxean eta ez naiz dibortzio kontuetan lanean aritzen. Edari biziak, emakumeak, xakea eta beste zenbait gauza gustatzen zaizkit. Txakurrek ez naute oso gogoko, baina ezagutzen dut ondo konpontzen naizen pare bat...

 

      Txakurrek ez dute oso gogoko, baina pare batekin konpontzen da. Beharko.

      Chandler, izatez, zaharrena da idazle hauen guztien artean, 1888an jaio zelako; alabaina, 1939. urtera arte ez zuen argitaratu bere lehen nobela, Betiko loa, non Marlowe agertu baitzen lehen aldiz.

 

 

HAMMETT ETA EPAILEAK

 

      Uzta gorria-n ez dira poliziak ustelak eta inutilak diren bakarrak. Epaileak eta sistema judiziala ere ez daude oso aparte. Continentaleko agentearen estrategia hiriko gangsterrak elkarren aurka jartzea da. Horretarako informatzaile bat lortu du, Dinah Brand. Ezin esan Continentalekoa aingeru bat denik, preseski, baina gauzak argi ditu:

 

    Badut Dinah Brandi zaborreria gehiago lote berean erosteko aukera. Baina edozein epaileren aurrera eramatea alferlana da, leporatzeko edozein gauza edukita ere. Epaitegiak erosita dauzkate eta horrez gain epaitegiak guretzat mantsoegiak dira.

 

      Gutako zenbatek izenpetuko genuke esaldia, orain, 85 urte geroago? Hammettek, azken batez, sistema salatzen du.

 

 

HAMMETT, McCARTHY ETA SORGIN EHIZA

 

      Dashiell Hammett Amerikako Alderdi Komunistako militantea izan zen, eta hori dela eta Jardun Antiamerikarren Batzordearen aurrean deklaratzera deitu zuten, jakina denez.

      Liburu batek biltzen ditu bere deklarazioak (Interrogatorios, Errata naturae editores, 2011, Madril).

      Hammett bitan deitu zuten McCarthyren Jardun Antiamerikarren Batzordera deklaratzera. Lehena, 1951ko uztailaren 9an izan zen. Deklarazioak ez dauka ezer apartekorik: Hammettek eta beste hainbatek preso egondako komunista batzuen baldintzapeko askatasunerako fidantza ordaindu zuten; komunista presoek, behin kalean, ospa egin omen dute eta epaileak fidantza ordaindu zietenak kartzelatu nahi ditu. Interrogatorioan Hammettek ukatu egiten du, behin eta berriz, fidantzen dokumentuan dauden izenpeak ezagutzen dituela, formula errepikakor bat erabiliz: “Uko egiten diot galdera erantzuteari, Estatu Batuetako Konstituzioaren bosgarren zuzenketak ematen dituen eskubideen babesean, erantzunak inkriminatzen ahal nauelako”. Deklarazioak ez dauka ezer apartekorik Hammetten tinkotasuna ez bada: eutsi egin zion eta kartzelara eraman zuten interrogatorio honen ondorioz, sei hilabeterako.

      Bi urte geroago, 1953ko martxoaren 26an, berriz deitu zuten. Oraingoan McCarthyk berak ere parte hartu zuen interrogatorioan, eta galdera-erantzunak askoz interesgarriagoak dira. McCarthyk eta enparauek presionatu egiten dute bere militantzia onar dezan, sistema komunista hobe dela uste duela aitor dezan, komunismoaren propaganda egiten duela onar dezan; egile eskubideengatik zenbat kobratzen duen esan dezan eskatzen diote; aurpegiratzen diote Estatu Departamentuak haren liburuak erosi dituela, eta orduan galdetzen diote ea egile eskubideengatik kobratu duen dirua Alderdi Komunistaren kutxara iritsi ote den. Ahal duen moduan defenditzen da Hammett, Konstituzioak ematen dizkion eskubideen babesa inbokatuz, batzuetan, halako hitzezko esgrima-saio bitxiak eginez, beste batzuetan. Honetan bezala (testua aipatu Interrogatorios liburu horretatik moldatu dut):

 

    McCarthy: Beste galdera bat egingo dizut, Hammett jauna: zuk gastatu izan bazenitu urtean ehun milioi dolar baino gehiago, guk gastatu ditugun bezala komunismoaren aurka borroka egiteko programa batean, eta zu bazina programa horretako burua, erosiko al zenituzke hirurogeita hamabost egile komunistaren obrak, eta mundutik zehar zabalduko zenituzke, gure zigilu ofizialarekin, onespena emanez? Edo nahiago duzu galderari ez erantzun?

    Hammett: Komunismoaren aurka borrokatzen ariko banintz, ez nion jendeari libururik irakurtzen utziko, ez egile horienik, ezta beste inorenik ere.

 

      Erantzun zorrotzak literaturaren idealismoarekiko fede eder bat erakusten du, segurutik guk —ia denok— galdu egin duguna.

      Frances Stonor Saundersek esaten duenez, bigarren galdeketa hartan ere ez zuen izenik esan, ez zuen inor salatu.

 

    Cohnek eta Schinek exijitu zuten, orduan, haren liburu guztiak kentzeko Estatu Departamentuko liburutegi guztietatik. NBCk The Adventures of Sam Spade izeneko irrati-emisioak eten zituen, eta orduan Hammettek bere diru-iturri nagusia galdu zuen. Bi gerratan Estatu Batuen alde borrokatu eta gero, pobrezian hil zen, 1961ean.[5]

 

 

HORACE McCOY

ZALDIAK AKATZEN DITUGU, BA...

 

      Chandler baino bederatzi urte gazteagoa zen Horace McCoy eta Hammett baino hiru gazteagoa, apenas. Bere nobela entzutetsuenetako bat, Zaldiak akatzen ditugu, ba, 1935ekoa da, Hammetten lehenak baino 5-6 urte geroagokoa bakarrik. McCoy, beraz, nobela beltzaren lehen belaunaldi horretakoa da, bete-betean. Zaldiak... horretan, miseria ekonomikoa eta abusua da indarkeriaren jatorria eta krimena eragiten duena. Protagonista ez da detektibea, ezta polizia ere, hiltzera kondenatu duten gizajo bat baizik, Robert Syverten.

 

 

HORACE McCOY

HOBE NUEN ETXEAN GELDITU

 

      1931ko martxoaren 25ean, immigrante zuri eta beltz batzuen taldea klandestinoki bidaiatzen ari zen Chattanoogatik Memphisera. Bidaia hauek klandestinoak baino toleratuak omen ziren. Gazte zuri batzuek salto egin zuten trenetik zelai baten erdian, eta gazte beltz batzuen erasoa salatu zuten autoritateen aurrean. Paint Rock izeneko herrian (Alabama), poliziek trena geldiarazi zuten, eta bi neska gazte zuri topatu zituzten bagoi baten barruan, Ruby Bates eta Victoria Price. Neskek salatu zuten beltzek taldean bortxatu zituztela. Gazte beltzak atxilotu, juzgatu eta heriotza-kondena jaso zuten.

      Estatu Batuetako Alderdi Komunistaren eta besteren presioari esker, epaiketa deuseztatu eta errepikatu egin zen.

      Neskak prostitutak omen ziren, eta haien jarduna delitua zenez, beltzak akusatzea besterik ez omen zitzaien bururatu.

      Luze jo zuen prozesu korapilatsu eta aurreiritziz beteriko baten ondoren, gazte beltzak, errugabeak zirenak, heriotza-kondenatik libratu ziren, baina kartzelara joan ziren. Clarence Norris 1975ean indultatu zuten, treneko gertaera jazo eta 45 urte geroago. Bera izan zen kartzelatik ateratzen azkena.

      Gertaera hau oso ezaguna eta aipatua izan zen Estatu Batuetan. Scottsboroko mutilak izenarekin egin ziren ezagunak bederatzi gazte horiek.

      Scottsboroko mutilen aldeko jai batean hasten da ezagutzen Ralph Carston, Hobe nuen etxean geratu nobelako protagonista, Hollywoodeko giroa.

      Jai horretan bertan, Carston inozoak bi gidoilari drogosoren arteko solasa entzuten du. Itxuraz baizik ez direla anti-naziak leporatzen diote elkarri; itxuraz, produktore judutarren lobbyari gustua emateko.

      Itxurakeria, gezurra, hipokresia, sal-eroskeria eta klase guztietako ustelkeria moralak dira nobela horren gaiak.

      Eta frakasoa. Eta inozokeria. Eta sekula erantzulerik ez duen berezko krudelkeria eta indarkeria. Izen hoberik ezean “sistema” deitzen dugun horrenak.

      Ordea, nobela osoan ez dago detektiberik, ez poliziarik.

      Ez dago armarik.

      Ez dago krimenik.

      Ez dago egiazko pelearik, ez indarkeriazko eszenarik.

      Are, ez dago intrigarik; krimenik ez dagoenez, ez dago krimena nork egin duen jakitera bideratutako tramarik.

      Nobela I should have stayed home izenarekin argitaratu zen 1938an.

      Gaztelaniaz Luces de Hollywood izena ipini zioten, eta 1970ean argitaratu zuten Argentinan Tiempo Contemporáneo argitaletxekoek, haien “Serie negra”ren barruan; eta 1980an Espainian Bruguerak, “Novela negra” bildumaren baitan. Euskaraz Igelak argitaratu zuen, 2002an, “Sail Beltza” bilduman.

 

 

JAMES M. CAIN

 

      Cain ere hasierako belaunaldi horretako partaidea da. 1892an jaioa, Hammett baino bi urte zaharragoa zen eta Chandler baino lau gazteagoa. Bere lehen nobela, ausaz ezagunena, Postariak beti deitzen du bi aldiz da, 1934koa. Double Indemnity 1936koa da. Bietan, hala edo nola, eskema errepikatzen da. Gizonezko batek, badaezpadako bat lehenaren kasuan, aseguru-agente bat bigarrenean, krimen bat egiten du, femme fatale batek eragindako grinaren ondorioz. Adulterioa eta asesinatoa, sexuak eta motibazio ekonomikoak eragindakoak.

      Berez, gizon-emakume horiek ez dira kriminal profesionalak, egoerak eta zirkunstantziek hartaratuak baizik, eta haien ikuspegietatik kontatzen zaizkigu gertaerak.

 

 

XX. MENDEAN JAIOTAKOAK

 

      Zaharrenetik gazteenera sailkatuak, Jim Thompson, Chester Himes, Ross Macdonald eta Patricia Highsmith, denak XX. mendean jaiotakoak dira, eta grosso modo esanda, aurrekoak —denak XIX. mendearen bukaeran jaiotakoak—, baino hamarkada bat geroago argitaratzen hasiak.

      Irizpidea aski zalantzazkoa da, nahi bada (jaio zireneko mendea), bereizketa bat egiteko, idazleak eta haien obrak jarraitutasunean etortzen direlako, baina onar dezagun aipatu ditudan lau idazle horiek direla, nolabait esan, nobela beltzaren bigarren idazleen uholdearen erakusgarri gorenak.[6]

      Beste bat izan liteke, hobea ausaz (baina aski antzekoa, hala ere), II. Mundu Gerra baino lehen, depresio garaian, argitaratzen hasi zirenak eta ondoren hasi zirenak bereiztea, baina orduan beharbada liburuez hitz egin behar litzateke, idazleez baino gehiago.

      Jim Thompsonek, beste batzuek bezala, ez zuen arrakasta askorik ezagutu, frantziarrek 70eko hamarkadaren bukaeran berriz deskubritu zuten arte. Thompsonen nobelagintzan beren krimenak lehen pertsonan kontatzen dizkiguten hiltzaile patologikoak edo pertsonaia anormalak eta ankerrak nabarmentzen dira, askotan zehazten ez den trauma baten ondorioz erailketa, indarkeria edo intzestura iritsi direnak. Nire ustez nabarmena da Freuden eragina haren nobeletan.

      Chester Himesek indarkeria eta arrazismoa salatzen ditu. Lehen atal honetan aztertzen ari garen idazleen artean, poliziei protagonismo erlatiboki positiboa ematen dien idazle bakarra da —gero edukiko dugu denbora baieztapen hau matizatzeko—: Coffin Ed Johnson edo Grave Digger Jones Harlemgo polizia beltzak.

      Ross Mcdonaldek, Hammetten eta Chandlerren bidetik, Lew Archer detektibea baliatu zuen bere proiektu literarioan (bere detektibearen izena Sam Spaderen laguntzailea den Miles Archer detektibearenetik eratorria dela ematen du).

      Patricia Highsmithen pertsonaia famatuena Tom Ripley da, tipo ankerra, anbiguoa, iruzurgilea, homosexuala beharbada, hiltzaile patologikoa eta buruz azkarra.

 

 

JIM THOMPSON - 1

 

      Neurri handi batean, frantziarrei zor omen die Jim Thompsonen obrak egilea hil eta gero lortu duen fama; ia guztiz ezezaguna omen zen; 1970. urtean Parisera joan zen bizitzera, eta han zegoela, Marcel Duhamelen eskutik, Gallimard argitaletxeak erabaki omen zuen 1280 arima nobela argitaletxearen Série noire bildumaren 1.000. titulua izatea.[7]

      Geroztik gero eta ezagunagoa egin da Thompson, eta ospe postumo hau (1977an hil zen) Euskal Herrira ere iritsi da, Igela argitaletxearen eskutik, eta Juantxo Ziganda, Xabier Olarra, Idoia Gillenea eta Migel A. Elustondoren itzulpenei esker. Hemen sartutako pasarteak euren itzulpenetatik hartuak dira.

      Arte obra bere testuinguru historikotik aparte ez dagoela ulertzeko aukera ezin hobea eduki zuen Thompsonek. Haren biografoek azaltzen dute aita sheriff ustela eduki zuela, eta aitaren abentura eta gorabehera ekonomikoen araberako bizimodua eraman behar izan zuela, bizitzaren lehenengo urteetan. Gazte-gaztetik hasi omen zen idazten, baina horrekin bakarrik familiaren beharrei aurre egin ezinik, makina bat ofiziotan aritu omen zen: eraikuntzan langile, oliobidean ere bai, hotel batean morroi, eta beste hamaika.

      Alkoholikoa izan omen zen, eta komunista militantea ere bai, aldi labur batean bederen, 1936tik 1938ra. McCarthyren sorgin ehizaren garaian salatu egin zuten, 1951. urtean.

      1955 aldera, 50 urte betetzear zegoela, hasi omen zen gidoilari, Stanley Kubrickekin (The Killing, Paths of Glory). Ironside serie ezagunaren ideia harena izan omen zen.

      Esaldi hau utzi zuen geroko garaietarako: “32 modu daude historia bat idazteko, eta nik denak erabili ditut, baina trama bat baino ez dago: ezer ez da dirudiena”.

 

 

JIM THOMPSON - 2

 

      Protagonistei dagokienez, Thompsonek, bere nobeletan, beste urrats bat gehiago ematen du. Protagonista ez da bertsio ofiziala zalantzan jarriko duen heroi bat (“antiheroi” bat), delitugilea baizik (Ihesa-ko Doc McCoy eta Carol bezala), edo hiltzaile patologikoen tipologian bete-betean sartzen diren sheriffak (1280 arima nobelako Nick Corey bezala, edo Hiltzailea nire baitan nobelako Lou Ford bezala); edo Allen Smith bezalako, bezalako... baina nola definitu Allen Smith?

      1280 arima eta Hiltzailea nire baitan nobeletan, ordena zaintzeko ardura dutenak moralik gabeko hiltzaile ankerrak dira, zuzen-zuzenean.

      Ihesa 1972an zinera eraman zuen Sam Peckinpah zuzendari estatubatuarrak. Franco garaiko zentsurak ezin eramanik, Docek eta Carolek, lapurrak eta hiltzaileak izanik, Mexikora ihes egitea lortzea (hala bukatzen baita nobela), ohar bat gaineratu zuten pantailaren gainean, filmaren amaieran, protagonistek ihesa burutzen dutenean: “Poliziak handik astebetera harrapatu zituen, eta epaiketaren ondoren, San Quintingo kartzelan daude bizitza osoko zigorra betetzen”.

 

 

JIM THOMPSON - 3

 

      Guztiarekin ere, niri deigarria egin zait Thompsonen literaturaren bigarren mailako, nahi bada, ezaugarri hau: pertsonaia eta talde baztertuen gaineko begiratu maitagarria.

      Hemen, adibidez, Juantxo Zigandak itzuli zuen Ihesa nobelan, Doc eta Caroli ihesean laguntzeko prest dagoen jende talde bat deskribatzen duenean, nekazari lanak, sasoiaren arabera, han eta hemen egiten dituen jende-talde bat da:

 

    Docek jende mota hura ezagutzen zuen; haien artean jaioa zen eta hagitz ongi ezagutzen zituen pertsona haiek. Bizimodua bizirik irautean zuten zentratua. Ez zuten esperantzarik eta ez zuten uste izan behar zutenik ere. Nolabait ere, haiek birrindu nahi zituen gizarte baten barrenean talde autonomo gisara funtzionatzen zuten. Legeak ez zituen babesten; haiendako, zirikatzeko tresna bat baizik ez zen, mugitu nahi ez zutenean mugiarazten zituena, edo gelditzea komeni ez zitzaienean geldiarazten zituena. Docek ongi ezagutzen zituen. Bazekien nola mintzatu haiekin.

 

      Antza denez, Thompsonek berak sustrai txerokiak zeuzkan, amaren aldetikoak. Ez ote da indiar edo mestizo talde bat, uzta biltzen-eta hor ibiltzen direnen talde hori?

      Ber nobelan, Ma Santis da iheslariei laguntzen dien beste pertsonaia bat. Pertsonaia moldakaitza, moldatu gabekoen saga baten lehena. Beste hainbat nobelatako sheriffak hiltzaileak diren bezala, hau da, ordena bermatu behar luketenak arau-hausle nagusiak diren bezala, hemen Ma Santis, gaizkilea alegia, da elkartasunaren eta ohorearen zentzua gorde duen leinu baten ordezkaria:

 

    Ma Santis. Gaizkile baten alaba, gaizkile baten emaztea eta sei gaizkileren ama. Maren semeetako bi poliziarekin izandako tiroketetan hil ziren; beste bi —aita bezalaxe— aulki elektrikoan. Bi gelditzen ziren: bat presondegian eta bestea, Earl, libre. Santistarrak ez ziren gaizkile-gaizkileak, hitzaren erranahi arruntean, jende basa, hezigaitz eta bazterreratuak baizik. Ez zuten sekula mesede bat ahazten, ezta irain bat ere. Benetako ohorearen zentzua zuen jendea. Gaizkileen munduko perla arraroa ziren: beste garai batean bizi izan balira, itsaslapur, kortsario edo sari-soldaduak izanen ziren. Haien zorigaitza, eta akaso nazioarena ere, inoren arrazoi eta beharrak kontuan hartu gabe ezarritako ordenamenduarekiko adostasuna bultzatzen zituen zibilizazio batean jaiotzea zen.

 

      Alegia, nazioaren zorigaitza, ordenamendu injustu bati men egin beharra, edo gaizki ulertu dut?

      Sakonki politikoa da Thompson, honelakoetan.

 

 

JIM THOMPSON - 4

 

    Kaliforniako estatu handian, Estatu Batuetako aberatsena eta populatuena seguru askorik, buruko gaixotasuna duten instituzioko eriek hilean gehienez hogei edo hogeita hamar minutuz ikusten dute medikua —batere ikusten badute, behintzat—, eta komunak hain dira gutxi non lurrean egin behar izaten dituzten txizak eta kakak. Aitzitik, gobernadorea lekua “ikuskatzera” joan behin, eta zelaiak berdez pintatuta zeuden —bai, pintatuta, benetan—, haren begietara atseginago gerta zedin. Eta lekua hain egoera onean zegoela iritzi zion, are gehiago murriztu baitzuen aurrekontua!

 

      Buru osasunaren arloko erizain edo profesional ezkertiar baten salaketa lirudike, baina Thompsonen Amorruaren ume nobelaren pasarte bat da; bestela ere gordin askoa den nobela, ezin beltzagoa, heriotzarik ez dagoen arren.

 

 

CHESTER HIMES - 1

 

    Hudson ibaiaren ertz altuetan dauden unibertsitateko eraikinen erdian kokaturik dagoen Riversideko Elizatik ekialdera begiratuz, ibar bat ikusten da, non etxegain grisek olatuak eginez perspektiba nahasten baitute itsas azalaren itxura emanez. Azal horren azpian, bizileku kirastunak diren ur zikin haietan alegia, bizimodu desesperatu eta bakerik gabea egiten duen herri bat dago, beltzez osatua, milioikada piraña goseti dabilen haztegi aseezinaren parekoa. Beren barrenak jaten dituzten aho itsuak. Hor eskua sartzen duena, eskumotz bihurtzen da.

    Horixe da Harlem.

 

      Aspaldi dela euskaratu zuen Jexux Izagirrek Harlem deskribatzen duen pasarte ezaguna, Imabelleren amodioz liburuko ezagunenetakoa (bon, pasartea ez ezik, liburua osorik). Merezi du pasartea arretaz irakurtzea, sen poetiko indartsua dariolako: itsasoa diruditen teilatuen azpian herri bat dago, beltzena dena, baita beren burua ere, ñanpa-zanpa irensten duten pirañen ur azpi bat, azpimundu bat, Himesen historien jokalekua. Harlem.

      Esango nuke Estatu Batuetako gizartearen arrazismoa dela Himesen gai nagusia. Beltzen bizi-baldintzen deskribapenean gupidagabe, zorrotz, zitalki poetikoa eta are umoretsua da, trenak etxeetatik zer hurbil pasatzen diren deskribatzen duen pasarte honetan bezala:

 

    Goldyren oihua nahastu egin zen lokomotoraren uluarekin, haien buruen gainetik trena zarata handiz, auzo osoa astinduz, pasa zenean. Han astindu zituen zorriz betetako oheetan lotan zeuden beltzak. Han astindu zituen hezur zaharrak, gihar ahituak, tisiak jotako birikak, neska ezkongabeen umegai bare ezinak. Han astindu zituen sabaietako igeltsua eta adreiluzko hormen masa. Han astindu zituen horma tartean habia egiten duten arratoiak, sukaldeko harraskan arrastaka dabiltzan labezomorroak eta janari hondarrak. Han astindu zituen, leihoen markoetan, erleen pare pilaturik hibernazioan izaten diren euliak. Han astindu zituen, larru beltza ikertzen ibiltzen diren odolez asetutako zimitx lodiak. Han astindu zituen arkakusoak, baita saltoka jarri ere. Han astindu zituen krakaz betetako estera gainean lotan zeuden zakurrak eta lokartutako katuak. Han astindu zituen ataskatutako komunak harik eta libratu arte.

 

 

CHESTER HIMES - 2

 

      Himes da poliziak protagonista izateko aukeratzen dituen bakarra, lehen garaietako nobela beltz amerikarrean behintzat. Coffin (hilkutxa) Ed Johnson eta Grave Digger (lur-emailea) Jones dira.

      Lehen aldiz Imabelleren amodioz nobelan agertu ziren, 1957an. Himesen lehen nobela 1945ekoa zen, eta hau, Imabelleren amodioz, alegia, egilea jada Parisen bizitzen jarri zenean argitaratu omen zen. Thompsonen kasuan bezala, esaten dute Marcel Duhamelek bultzatuta idatzi zuela lehen nobela beltz hori.

      Gero beste bost gehiago idatzi zituen pertsonaia horiekin, azkena 1969an. Johnson eta Jones pertsonaiek bilakaera nabarmena eduki zuten. Hasieran, Imabelleren amodioz horretan, bigarren mailako pertsonaiak baino ez dira. Poliziarik, eta batez ere polizia zuririk, batere errespetatzen ez duen Harlem batean (“Txakur zuriaren aurrean gezurra sartzeko garaian anaia batek besteari laguntzea zen Harlemgo legea”), polizia beltz hiperbiolentoak dira (“lehenbizi tiro egin, eta gero hilotzei galde egiten zieten horietakoak ziren beltz horiek”), ez bereziki sinpatikoak:

 

    Harlemen esaten zenez, Coffin Eden pistolak harria ere garbituko zukeen, eta Grave Diggerrenak hari lur emango. Beren zerga jasotzen zuten, bestela ez ziren benetako txakurrak izango, jendearen funtsezko beharrak asetzeko ofizioetan aritzen zen nagusi-jendearen eskutik, alegia: joko-zuloen jabeenetik, eta putetxe, legez kanpoko loteria saltzaile eta loteria antolatzaileenetik. Ordainetan, karterazale, lapur, eskuluze, bostekoa egiteko asmotan zetozen arrotz guztiei, hortzak erakutsi behar izaten zizkieten bi zakur beltz haiek. Bi haiek ez zuten inongo oilarren kukurrukurik ametitzen beraiek jotzen zutena ez bazen.

 

 

CHESTER HIMES - 3

 

      Alde batera, Harlemen ordena pixka bat —ordena pixka bat edo— jartzen ahal duten bakarra bi polizia beltz izateak kolonizazioaren ondorengo Afrikako gobernuak ekartzen ditu gogora. Kolonizatzaileek, Afrikako herrialdeetatik erretiratuta, bertako beltzen gobernu ustel eta ankerren bidez nola kontrolatu duten egoera haien interesen alde, halako zerbait egiten bide dute polizia zuriek Harlemen, Jones eta Johnson mediante.

      Interpretazio apur bat bortxatua da, badakit.

      Bestalde, Jones eta Johnson egoki eta erabilgarri izango zitzaizkion ordurako Frantziatik idazten zuen Himesentzat.

      Nobelatik nobelara protagonismoa hartzearekin bat, haien umore kaustikoa eta kritikoa ere hobetzen doa.

      Hau 1969ko Blind Man with a Pistol (Itsua pistola batekin) nobelakoa da. Zaintza lanean ari dira autoan, eta gizon beltz bat ikusi dute ondotik pasatzen, korrika, eskuan praka gris batzuk dituela. Ez doaz lapurraren atzetik, ez horixe, eta horren ordez, beste hau esaten diote elkarri:

 

    — Putetara joanez gero, ikasi behar den lehena da zer egin diruarekin txortan ari zaren bitartean.

    — Erraza da —esan zuen Grave Diggerrek—. Behar ez duzuna etxean utzi.

 

      Hau ere ber liburutik hartua da. Anderson beren jefe zuriarekin ari dira:

 

    — Suposatzen dut ikasi duzuela nork sortu zuen iskanbila —esan zuen Andersonek.

    — Betitik jakin izan dugu nor izan zen —esan zuen Grave Diggerrek.

    — Baina ezin dugu ezer egin —gaineratu zuen Coffin Edek.

    — Eta zergatik ez?

    — Hilik dagoelako —erantzun zuen Coffin Edek.

    — Nor zen?

    — Lincoln —arrapostu zuen Grave Diggerrek.

    — Ez gintuen askatu behar, ez bazuen guri jaten emateko asmorik —esan zuen Coffin Edek.

 

 

CHESTER HIMES - 4

 

      Izan ere, kritika ezin zorrotzagoarekin, poesia ankerrarekin eta miseriaren erretratu naturalistarekin batera, sarkasmo dosi handiago edo txikiagoarekin, umorea da Himesen nobelagintzako beste indargune bat, Imabelleren amodioz nobelako pasarte honetan bezala. Jacksonek, protagonistak, lehen delituak egin ditu Imabelleren amodioz, txikiak oraindik, eta apaizaren laguntza eskatzen du; ministro anabaptista bat, Gaines agurgarria:

 

    — Jauna, lagundu gure anaia honi, dituen estuasunak gaindi ditzan.

    — Amen —Jacksonek.

    — Lagundu, Jauna, behar duen dirua lege onez lortu dezan.

    — Amen.

    — Lagundu, Jauna, bere andreak lehengo senarra aurkitu dezan, dibortziatu eta biak zuzen bizi ahal izateko.

    — Amen.

    — Bedeinka itzazu, Jauna, diru eta emakumeen erruz hainbeste arrisku igaro behar izaten dituzten Harlemgo pekatariak.

    — Amen.

    Gaines agurgarriaren neskameak atea jo eta burua atera zuen.

    — Afaria pronto dago, jauna —esan zuen—. Gaines andrea mahaira eserita duzu.

    — Amen —Gaines agurgarriak.

    Eta Jacksonek oihartzunaren antzera “amen” errepikatzea baino ez zuen izan.

    — Jainkoak elkarri laguntzen dietenei laguntzen ziek, Jackson anaia —Gaines agurgarriak, afaltzera presaka ateraz.

 

 

ROSS MACDONALD

LEW ARCHER - 1

 

      Ross Macdonald 27 urte gazteagoa zen Chandler baino. Lew Archer detektibea sortu zuen. Ordurako Marlowek 10 urte zeuzkan.

      Macdonald Chandlerren jarraitzaile peto-petoa da. Archer Kaliforniako goi burgesiaren trapu zikin zaharrak garbitzeaz arduratzen da. Beren nobeletan, usu, milioidunak, alkoholikoak eta hiltzaileak nahasten dira, urte asko lehenago gertatu eta gaizki itxi den istorio birjaio baten eszenatokian, zeinetan ez baitago jakiterik, benetan, nor noren semea edo alaba den, non krimenik aberranteenak interesezko geruza batek estaltzen baititu. Archerrek ere topaketa gogorra dauka poliziarekin Galton kasua-n, esaterako; baina gehiago da poliziak okertu direlako, eta detektibeak tontotzat hartu eta adarra jotzen dielako, Conger delako bati bezala:

 

    Congerrek kupidaz begiratu zidan. Drogazale bat nintzen. Poliki-poliki zalantza erakutsi zuen kupidaren ordez. Konturatzen hasia zen ziria sartu ziotela. Bat-batean, lotsagorritu egin zitzaion aurpegi beltzaran hura. Pilota bat egin zuen ukabilaz belaunaren gainean. Ikusi nuen nola tenkatu zitzaizkion gihar sendoak alkondararen sorbaldaren azpitik. Okotsa estutu nuen, ukabilkada jasotzeko prest. Alabaina, ez ninduen jo.

 

      Baina, bai Galton kasua delakoan (1959koa) nola Hil aurreko begirada-n (1969)[8], detektibearen eta poliziaren arteko talka bigunago da; gehiago dago lotuta bezeroarekiko leialtasunarekin eta konfidentzialtasunarekin, erabateko errefusa batekin baino. Eta detektibearen eta, gutxienez, zenbait poliziaren arteko lankidetza ez da hain petrala. Uste izatekoa da II. Mundu Gerran garaile atera eta gero, gizarte giroa apur bat lasaituko zela Estatu Batuetan. Chandlerrek Gregorius aurkeztean egindako oharra ere, lehen aipatu duguna (“gero eta bakanago bihurtzen ari zen txakur klasea, baina inolaz ere ez erabat ezkutatua”), norabide horretan doala ematen du.

      Hil aurreko begirada nobelan ere, Lackland kapitainaren eta Archerren artekoek ez dute laztasun falta, informazio ezkutatzeak, legearen interpretazioak eta beste, baina topaketak bigunagoak dira.

 

    — Lackland naiz, detektibe kapitaina. Entzun dudanez, gorriak ikusarazi dizkiezu gure mutilei.

    — Alderantziz zela uste nuen.

    Aurpegia aztertu zidan.

    — Ez dizut inolako aztarnarik ikusten aurpegian.

    — Abokatuari deitzeko eskubidea daukat.

    — Zure laguntza jasotzeko eskubidea daukagu. Saia zaitez guri ziria sartzen, eta ipurdiz gora amaituko duzu, lizentziarik gabe.

 

      Chandlerrekin konparatu, eta ostia pare batean dago aldea.

 

 

ESTATU BATUAK 1929 - ESTATU BATUAK 1950

 

      Eric Toussaint ekonomialariak eta bestek[9] egindako txosten baten arabera, 1929an Estatu Batuetan populazioaren %10 —aberatsenak, noski— errenta guztiaren %40-50en jabe zen; 1950ean ehuneko hori %35etik azpikoa izatera pasatu zen.

      Beharbada ez legoke gaizki detektibeen jokabidea eta polizien eta detektibeen arteko harreman gatazkatsuak errentaren banaketaren arabera epaitzea. Orain xelebrekeria bat dirudi, ia; garai batean ikuspegi hau azterketa serio guztien osagarria zen.

      Toussaintek eta enparauek diote, lan berean, 2007-2008. urteetan Estatu Batuetan %10 aberatsena iristen ari zela 1929ko errenta mailetara. Beharbada Estatu Batuetako literaturan egon daitezke gaur, argitaletxe handiek promozionatzen dituzten egile ospetsuen azpian ezkutatuta, etorkizuneko maisuak.

 

 

ROSS MACDONALD

LEW ARCHER - 2

 

      Diruaren eta ongizatearen gorakadarekin, eta Poliziaren hala-nolako biguntzearekin, kezka politikoak ere beste modu batez ikusten dira. Ikusi, esaterako, zaletasun literarioak zituen, Rimbaud eta Baudelaire miresten zituen eta desagertu zen Tony Galtoni buruzko elkarrizketa hau:

 

    Tonyk teoria bat zeukan, hots, herria beste gerra zibil batean murgilduta zegoela, aberatsen eta pobreen arteko gerra.

 

      Alabaina,

 

    — Tonyk ez zuen sinesten indarkerian. (...). Tonyk ez zituen gogoko Ameriketatik kanpo bizi ziren amerikarrak. Beti esan ohi zuen hurbilago egon nahi zuela Ameriketatik. Depresio garaian izan zen, gogoratu. Tonyk sutsuki defenditzen zituen langileen eskubideak.

    — Ezker muturrekoa zen?

    — Zuk hala deituko zenion, nonbait. Baina ez zen komunista, hori adierazi nahi baduzu. Tonyk uste zuen dirua edukitzeak bizitzatik kanpo atxikitzen zuela. Gorroto zuen esnobismoa; horregatik, besteak beste, ez zegoen batere pozik unibertsitatean. Askotan esaten zuen jende arrunta bezala bizi nahi zuela, eta jendartean galdu.

 

      Idealista bat, baina ez komunista, otoi. Segurutik amerikarren bizi-baldintza materialak askoz hobeak izango ziren depresioaren garaian baino, ordea gerra hotza eta antikomunismoa hor zeuden. Bestalde, hippyen mugimenduaren eta Vietnamen aurkako protestaren bezperan gaude.

      Horrek sortu gizarte polarizazioaren aztarnak ere badaude nobelan, Trask jaunaren honetan ikusten den bezala:

 

    — Gaur gauean atxilotzea espero dute. Hala espero dut, eta harrapatzen dutenean, gas-ganbaran sartzea. Badakigu guk biok zergatik dabilen hain zabalduta krimena eta hilketa. Epaitegiek ez dute inor zigortzen, eta zigortzen dutenean, ez dute heriotza zigorra ezartzen. Eta heriotza zigorra ezarrita ere, legea ez da inolaz betetzen. Epaileek kondenatutako hiltzaileak aske ibiltzen dira, jadanik ez diote inori gasa ematen, ez da harritzekoa legea eta ordena guztiz lur jota egotea.

 

 

ROSS MACDONALD

LEW ARCHER - 3

 

      Baina dirua da Hil aurreko begirada nobelako egiazko protagonista, kontatzen den peripezia kiribilduaren gainetik. Zehatzago esateko, diru gose alimale eta neurrigabea, nobelako pertsonaia eta egoera guztiak zeharkatzen dituena, motibazio bakarra. Denak dabiltza hainbat urte lehenago iruzurgile batek bankuari ostu zion milioi erdi dolarren atzetik. Pertsonaien ahotan askotan ageri da diruaren kezka. Adibideak oso ugari dira.

      “Ez dago jendeak diruaren truke egingo ez duenik”, dio Williams andreak.

      “Badirudi dena beti diruarengatik dela, ezta? Batzuetan nahiago nuke berriro pobre izatea!”. Baina batzuetan, bakarrik. Hau Irene Chalmersek dio, zerbitzarien alabak, gizarte eskalafoian gora egindakoak.

      Swain andreak ere dirua nahi du:

 

    Baina Swain andreak dirua nahi du argazkien truke.

    — Zenbat diru?

    — Diru piloa. Mila dolarretan edo aterako nizkioke.

    — Horixe barregarria! Zoratuta egon behar du emakume horrek.

 

      Eta denak antzera. Dirua protagonista nagusi. Horrek ematen dio liburuari erabateko gaurkotasuna.

 

 

PATRICIA HIGHSMITH

RIPLEY - 1

 

      Ripleyren trebetasunak beste gainerako guztien zozokeria du oinarri: aski liteke Tom Ripley aurrez aurre jartzea Ripley eta Dickie Greenleaf, biak, ezagutu dituen norbaiten aurrean, iruzur kolosala agerian uzteko. Baina ez zaio horrelakorik egiterik bururatzen, ez Italiako Poliziari, ez Frantziakoari, ez Greenleaf aitak kontratatzen duen detektibeari, ez Marge maiteminduari, ez Dickieren aita koitaduari... Inori ere ez.

      Ez dio halakorik aurpegiratu kritikak sekula, nik dakidala. Eta nik ere ez diot bene-benetan aurpegiratzen: liburuaren beste bertute batzuk daude xehetasun horren gainetik; batez ere, psikopata baten erretratua hain zorrotz eta hain natural egitea. Eta nik ez diodala Patricia Highsmithi ukatuko literaturak ekarri ohi duen errealitatearen etenaz gozatzeko pribilegioa, azken-azkenik nire probetxuan ere bada-eta.

      Dena den, psikopatak protagonista izate horretan, bada, nire ustez, Highsmith baino lehenagokorik, eta handiagorik igual: Jim Thompson, alegia. Hiltzailea nire baitan 1952koa da, esaterako, eta Ripley trebea, 1955ekoa.

 

 

PATRICIA HIGHSMITH

RIPLEY - 2

 

      Irakurri dut nonbait Patricia Highsmithek ez zuela maite bere obra ikustea nobela beltzaren barruan sailkatua, lehen ere idatzi dudan bezala.

      Hala ere, askotan sailkatu dute etiketa horren pean, dela erosotasunez, dela merkataritza-helburuz.

      Niri Ripleyren gorabehera psikologikoek beti ekarri didate gogora, ezagutzen dudan apurrean, Henry Jamesen narraziogintza.

      Ez alferrik Ripleyk, Europarako bidaia hasten denean Greenleaf-en semearen bila, aitaren negoziora berriz ekartzeko mandatuarekin, itsasontziko liburutegian Jamesen Enbaxadoreak liburua eskatzen du.

      Enbaxadoreak 1903ko liburua da, Jamesek 60 urte inguru zituenean idatzitakoa, eta haren nobela onenetako bat, kritikari gehienen arabera. Bi nobeletako hasiera oso antzekoa da: protagonistaren bidaia bat Europara, negozio gizon baten premua, Europan dagoena, Estatu Batuetara, aitaren negozioetara itzul dadin konbentzitzeko.

      Beraz, arrazoi zeukan Highsmithek. Bere nobelak ezin daitezke epaitu ohiko nobela beltzaren ildoen arabera.

 

 

BERAZ...

 

      Nobela beltzak, hasiera batean, jatorrian, gizartearen gaineko begirada kritiko bat proposatzen du, nolabait esan gizartearen ertzean dagoen pertsonaia baten ikuspegiaren bidez; pertsonaia hori, askotan detektibe bat da, baina salbuespenez ez bada, inola ere ez da polizia; are, begirada hori proposatzen duen pertsonaia hori, edozein izanik ere, poliziaren antagonista da, horixe da bere ezaugarri garrantzizkoenetakoa, jatorrian helburuetako bat baita ordena zaintzeaz arduratzen direnen ustelkeria, gehiegikeria eta moral eskasa ikusaraztea eta azpimarratzea, bertsio ofiziala egia estaltzeko erabiltzen den iruzurra baino ez dela nabarmentzea.

      Hau dena, Bigarren Mundu Gerra baino lehenagoko garaiari dagokiona da, depresio handiaren garaian.

      Aurrerago, gerra irabazi eta gero, eta jatorrizko ezaugarri hau galdu gabe bada ere, protagonistaren eta Poliziaren arteko antagonismoa pixka bat leuntzen hasten denean, gaiaren gordinak markatzen du nobelaren paisaia eta giroa: miseria ekonomikoa, boteretsuen gehiegikeria eta abusua, hipokresia, itxurakeria, sal-eroskeria, adulterioa, intzestua, talde batzuen marjinazioa, arrazismoa, diru-gose neurrigabea...

      Protagonistak, detektibeak ez direnean, krimenak egiten dituzten polizia perbertsoak dira, edo miseriak eta egoerak krimenera bidali dituzten gizon-emakume arruntak, edo buru-gaixo patologikoak.

      Bestalde, nobela hauek, irakurleari eskatzen dioten jarreraren aldetik errealistak dira salbuespenik gabe; hau da, errealitatea den bezala islatzeko pretentsioa daukate, eta irakurleari konbentzio horretan sar dadin eskatzen diote.

      Nobela beltza, jatorrian, horixe zen.

 

 

 

[1] “Hammett bat izan zen talde baten erdian. Kritikaren aitortza lortu zuen bakarra, baina ez misteriozko nobela errealistak idatzi zituen edo idazten saiatu zen bakarra. Mugimendu literario guztietan berdin gertatzen da: bat aukeratzen da mugimendu osoaren ordezkari, normalean mugimenduaren gailurra dena”. (Raymond Chandler, El simple arte de matar).

[2] Uzta gorria, Igela, Iruñea, 1996. Ikus, esaterako, 10., 48., 56., 67., 77., 85., 88., 118., 121., 134., 150. orrialdeetan esaten direnak.

[3] Ez adiorik, Raymond Chandler, Igela argitaletxea, Iruñea,1991. Itzultzailea: Xabier Olarra. Pasarteak handik hartuak dira, hitzez hitz.

[4] Honetaz interesa duenak ikus dezala El simple arte de escribir, cartas y ensayos escogidos, Raymond Chandler, Emecé, Bartzelona, 2004; esaterako Carta a Leroy Wrigth, 167. orrialdea.

[5] Frances Stonor Saunders, La CIA y la guerra fría cultural, 227. orrialdea, Debate, 2001, Madril.

[6] Patricia Highsmithek ez omen zuen batere maite nobela beltzaren sailean ikustea bere burua, baina tira.

[7] Duhamelek hala aurkeztu omen zuen serie beltza: “Que le lecteur non prévenu se méfie: les volumes de la Série noire ne peuvent pas sans danger être mis entre toutes les mains. L’amateur d’énigmes à la Sherlock Holmes n’y trouvera pas souvent son compte [...] On y voit des policiers plus corrompus que les malfaiteurs qu’ils poursuivent. Le détective sympathique ne résout pas toujours le mystère. Parfois, il n’y a pas de mystère. Et quelques fois pas de détective du tout... Mais alors. Alors, il reste de l'action, de l’angoisse, de la violence”.

[8] Galton kasua, Igela argitaletxea, Iruñea, 2006, Javi Cilleroren itzulpena; Hil aurreko begirada, Igela argitaletxea, Iruñea, 1997, Javi Cilleroren itzulpena.

[9] Las cifras de la deuda 2015, Pierre Gottiniaux, Daniel Munevar, Antonio Sanabria & Éric Toussaint.