Beltzaren koloreak
Beltzaren koloreak
2016, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-80-5
azala: Unai Iturriaga
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Beltzaren koloreak
2016, saiakera
120 orrialde
978-84-92468-80-5
aurkibidea
 

 

      Demagun nobela beltza gertaera kriminal bat, hilketa bat gehienetan (baina ez beti), ikertzen eta argitzen duen narrazio bat dela.

      Demagun pertsonaia berezi batek (baina ez beti) hartzen duela gertaera hori ikertzeko lana.

      Demagun gertaera eta ikerketak hiri espazio batean gertatzen direla (baina ez beti).

      Demagun ikerketak azkenean krimena argitzen duela (baina ez beti), eta krimena argitzearekin batera, gertatu den gizarteari buruzko zertzelada kritikoak ematen dituela. Azken hau, ia beti; baina hain orokorra da esaldia (“gizarteari buruzko zertzelada kritikoak”), ze hor ia edozer sartzen den: introspekzio freudiarretik espioitzara, klase baxuen bizimodutik eta politikatik pasatuz, besteak beste. Eta ikuspuntu guztietatik begiraturik.

      Demagun definizio hau, kasik, indefinizio bat dela.

      Nobela beltzaz ari garenean bere osotasunean ezin besarkatzen ahal den eta nekez sailkatzen ahal den, are gutxiago definitzen, genero edo azpigenero bati buruz ari gara.

      Beraz, zentzuzkoena litzateke gauzak dauden bezala uztea eta bazterrak nahasten ez ibiltzea, eta “genero beltza” etiketaren azpian iristen zaigun guztiari ongietorria ematea, hor konpon esanda; alegia, irakurle bakoitzak nahi duena pentsa dezala.

      Baina, bistan da, zentzuzkoena denari begira biziko bagina, ez ginateke papera zirriborratzen ibiliko.

      Genero beltza ezin dela osotasunean besarkatu, sailkatu edo definitu uste izateak ez du esan nahi, ordea, genero beltzaz hitz egin edo idatzi ezin denik. Gertatzen dena da hala uste duenak badakiela, kasurik onenean ere, egin dezakeena hurbilpen pertsonal bat izatetik ez dela pasatuko.

      Hurbilpen pertsonalak, kritikaren ikuspuntu akademiko batetik, balio gutxikoak dira. Ezinbestez partzialak eta interesatuak direlako. Erredukzionistak.

      Saiakera txiki hau ere partziala eta interesatua da, noski. Denera irakurri ditudan 25 bat idazlez hitz egiten dut, eta irakurri ditudan haien liburuak, hemen aipatu edo ez, ez dira 100 edo 150 baino askoz gehiago izango. Huskeria bat, ttantta bat baino ez nobela beltzaren itsasoan.

      Nik, batez ere, nobela beltzeko nazioarteko idazleak hartu ditut aintzat, ezagutzen ditudanak, noski, denbora-perspektiba batean: 20-30eko hamarkadetako hasiera horietatik gaur egunera arte, 70eko hamarkada zentzu askotan giltzarri izan zela ahaztu gabe. Eta nobela beltzari atxiki ohi zaizkion ezaugarrietarik inportanteenetako bat delakoan, protagonistaren berezitasunak hartuko ditut aintzat, batez ere, bilakabide historiko horretan: protagonista nor den, errealitatearekiko begirada nondik egiten duen, ikuspegia... ardatz horri jarraituz bestelakorik ere aterako den arren.

      Euskal literaturakoak alde batera utziko ditut, ez zaidalako gisakoa iruditzen epailea eta parte izatea, aldi berean. Ez dakit ba, beste batek egiteko geratzen da hori, edo beste une batean.

      Bestalde, egia da ez dela batere zaila hemen aipatzen diren jokabideak eta joerak euskal idazleenekin alderatzea.

      Ez naiz korapilatuko, ezta ere, gaia lantzen ikuspegi feminista batetik, behar-beharrezkoa den arren. Asko legoke esateko, baina ni ez naiz egokiena horretarako.

      Badakit nire iritziak, batzuetan, harrigarriak eta are probokatzaileak ere izan daitezkeela. Ez diot zama horri uko egin nahi izan.

      Zer esango dut ba, besterik. Datozela nobela beltzari buruzko beste ikuspegi partzial eta interesatuak, alde horretatik nirea bezalakoak, baina ezberdinak, eta osa dezagun horrela inork horren erraz botako ez duen corpus teoriko moduko bat, denon irizpidea findu dadin. Orain arteko “nobela beltza da” soil eta lakonikoari gehitu ahal diezaiogun atzetik beste zer edo zer.

      Apalarrotasun guztiarekin esanda.

      Azkenik, esan dezadan liburu hau ez zela sortuko Baztango literaturazaleek antolatzen duten (H)ilbeltza izeneko astearengatik ez balitz, eta Gotzon Barandiaranen akuiluarengatik izan ez balitz. Izan ere, saiakera honen jatorrian Elizondon 2015eko urtarrilean izan zen mahai-inguru baterako prestatu nuen materiala dago; eta material hura osatu eta argitaratzeko bultzada Gotzonengandik eta Susako lagunengandik etorri zen. Eskerrik asko haiei guztiei, beraz.

      Eta eskerrak Igela argitaletxeari, haien ahaleginik gabe ezer ez zelako berdin izango.