Camembert helburu
Camembert helburu
1998, saiakera - nobela
292 orrialde
84-86766-87-7
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1995, nobela
 

 

Sarrera

 

Nobelaz mozorrotu den saiakera bat duzu esku artean, irakurle, eta komeni zaizu hau jakitea irakurtzeari ekin baino lehen, espektatiba faltsuak saihestu ahal izateko, arreta zertan jarri behar duzun hasiera-hasieratik jakiteko, saiakeraren edukia biltzeko asmaturiko tramak engaina ez zaitzan.

        Zergatik Lautrec? Arrazoi asko aipa nitzake, eta fundamentuzko bakar bat ere ez; hainbat eragilek izan du zerikusirik aukera, seguru asko, bitxi samar honetan; bi baizik ez aipatzeagatik, hurbiltasun geografikoa —izan ere, Euskal Herriko punturik urrunenetik Albira abiatzen denak sei orduko bidea baizik ez du—, eta, batez ere, Henri Toulouse-Lautrecen obraren erakustoki finko handienak, hau da, Albiko Museoak, nigan sortu zuen zirrara edo hunkipen, esan dezagun, estetikoa.

        Esan dezagun, beraz, azalpen luze eta aspergarria egin behar ez izateko, kasualidadea, kasualidade hutsa izan dela ni margolari honetaz arduratzea. Zehatzago esanda, kasualidade hutsak eraman nau Albiko Museoan sentitu zirrara estetiko horri erantzuna —ezen ez azalpena— ematera. Horixe duzu liburu hau: Toulouse-Lautrecen arteak nigan eragindako emozioari emandako erantzuna.

        Erantzun honen barruan gauza batzuk sartzen dira. Badago, esatera, Lautrec hil eta ia ehun urte geroago, bere gaurko izena errespetagarri bihurtzen eta finkatzen hasi zen kritikaren berrikusketa, eguneratzeko saio bat. Badago, horren ondorioz, artista eta bere obra jakin eta zehatzetik harantzago eginiko beste saio bat, orokorragoa, artea deitzen dugun horretaz arduratzen garenean benetan zertaz arduratzen garen atzemateko; beste hitzetan esanda, artea etxe handi bat da, eta gutxienekoa da, ia, bertan sartzeko erabiltzen duzun sarrera; izan daiteke Picasso deitzen den atea, izan liteke, pinturari baizik ez begiratzearren, artearen historia guztietan agertzen den izen ospetsu horietako edozein, izan daiteke, halaber, Toulouse-Lautrec izeneko leihoa, eta horixe da nik aukeratu dudana. Edozein kasutan, hau da, edozein sarrera aukeraturik ere, ondorioa beti berbera da, berbera behar du: zehatzetik orokorrera pasatzea, edota, gutxienez, orokor-asmo duten ondorioetara, ondorio batzuetara, iristea. Badago, azkenik, oinarri-oinarrizkoa izan gabe betierekoa eta erabatekoa den behar baten —artearen— inguruan eraikitzen den munduari buruzko gogoeta-nahi bat.

        Hasieran esan bezala, horri guztiari nobela baten jantzia eman zaio, eta hortaz, fikzioak dituen ezaugarriak, ezaugarri guztiak aurkituko ditu irakurleak. Bereziki azpimarratu nahi nuke, puntu honetara iritsirik, errealitate hitz labainkorrarekin bataiatzen dugun horretan sartzen diren gertaerak, pertsonak eta liburuak behar bezain identifikaturik datozela, oharren bidez, eta, aldiz, fikzioari dagozkion pertsonaiak eta gertaerak guztiz asmatuak direla; guztiz gezurrezkoak, hori segurua da, baina guztiz sinesgarriak, ustez. Irakurle azkarrak jakingo du, noski, bata eta bestea bereizten.

        Hemen argitaratutako irudi guztiek beren tokia dute liburuko pasarte jakin batean. Irudi bakoitzak goian du erreferentzia hori.

        Euskalgintza Elkarlanean Fundazioari eman nahi dizkiot eskerrak, liburu hau gauzatzeko eman didan laguntzarengatik. Baina, behin eskerrak ematen hasiz gero, ez dut ahaztu nahi liburu honek Gerardo Hurtado Jauregiri zor diona. Ezta Silbia Alonso, Juan Luis Etxaburu, Anuntxi Etxetxipia eta Carlos Estauni zor diena ere. Eta, nola ez, eskertu nahi ditut Miguel Angel Asiain Osioren aholkuak. Eskerrik asko, halaber, Camemberten marrazkiak egin dituzten lagunei: Vero Petit, Jokin Larrea, Ernesto Murillo Simonides, Xabi Alonso, Absurde.

        Beste jende mordo batek ere eman dit bere laguntza, modu batean edo bestean. Toki oso luzea hartuko luke hemen denen izenak aipatzeak, eta, barkaezina izango litzatekeena, bat edo beste ahaztu egingo litzaidake, agian. Hortaz, mila esker liburu hau egiten lagundu didazuen guztioi.

Iruñean, 1998ko irailaren 16an